Orrialde:Garoa (1912).pdf/228

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

adiskidien txaloak txit narotu zioten uste dollor ori erraien erdi erdian.
Arrezkero ogi bedeinkatua bezela irakurri oizuan, igandietan, kertenkeriz ornituriko paper purtzil bat eta baita bere buruari esan ere: «Oñatin eztute onelako gauzarik egundaño ikasi, oso itxutuak eta atzereak daude ango gizonak».
Utzi dezagun orain gure mutil zentzugabea, ta Zabaletako gertaerak jarraitu baño len, jakin ditzagun gure galizitarren albiste batzuek geiago. Juan Andresek, semea irakastoletan erabiltzeagatik eta emazteak nai zualako, Santiagon bota zituan sustraiak. Uri ospetsu artan bizi zan, aberats bezela, andiki antzean, zeregin astunetatik zerbait aldendua, baña, oraindik, alderdi askotako lanetan zer ikusi ta zer irabazi politak zerabilzkiala. Ondo ezagutzen zuten euskaldun gizena urreko ta urrutietako etxe, bide ta nasagilleak eta bazekiten bere berri Jijon, Abiles, Prabia, Ribadeo, Ferrol, Koruña ta beste ainbat lekutan. Tenpraneiro deritzon karrika batean zeukan etxea, bere berea, ederrenetakoa, ta etxe artan, goi-beak maizterrai utzirik, bigarrengo bizitzan arautu zuan