Orrialde:Garoa (1912).pdf/236

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

andiena, ta Euskalerrian, eztaukagu zer esanik, iñun baño ere andiagoa.
Eztago euskaldun semerik, euskalduntasuna galdu ezpadu, edozein tokitik, gau orretarako makilla bat sorbaldan, pardeltxoa makillan, bakallaoa pardelean, gurasoen irudia buruan ta pozik neurrigabiena biotzen duala, bere lur maitea joko eztuanik, eta bere lurrean jaioterria ta jaioterrian sortetxeko ate kutuna. Eztago euskaldun etxekoandrarik, estuen ta larrien bizi dana bada ere, seme senar gurasoentzat, ortik edo emetik, janari gozo ugaria lortuko eztuanik gau orretarako, naiz ta beste gau asko baratxuri salda utsez igaro.
Errukarria Gabon gabean bere etxetik urruti dagoan euskal semea! Kupida zazute gau orretan bere maitientzat nai aña janari idoro eztuan euskaldun etxekoandrea!
Bidezko gauza da, bada, Joanesek, azkenengo egunetan, seme, illoba ta aide guztiak Gabon gaberako bere sukaldean bitu nai izatea, ta baita ere Zabaletako emakumeak gau orretarako aparia ondo jartzen alegiñak egitea. Goizean goizetik ekarri zituzten jaki ta gozagarriak uritik, eta arratsalde osoan euki zituzten su andiaren