Orrialde:Garoa (1912).pdf/237

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

aurrean, lapikoak gargar, kaxuelak pil-pil, tanboliña[1] plist eta plaust eta, azken orduan, zartagi ta arranparrillak txir txir txir Zazpiretako dana zegoan gertu: aza zuria ederki bigunduta, bakallaoa salsa gorrian, besiguak erreta, txitxardiñak[2] oliotan berotuta, sagar zatiak azukreakin egosita, kanela ta guzti, ai gozoa pertzean lagatzetik dindilizka, gaztañak esku-zapi garbian zapaldurik, maia zamau zuriz estalduta.
Pozak etzuan lokarririk Zabaletan. Apari onaren ustean alai, denak zeuden izketan, berriketan, jolasketan, gauza guztiak usaika, eltzeai estalkia kentzen, eskuak igortzitzen, etxekoandre zarraren gaitasunak goren gorenean jartzen. Juanitok berak lasai ta askatuago zirudian.
Alako baten:
—Bakoitza bere tokira! —agindu zuan Ana Josepak, eltzekada bat aza izugarrizko platerean itzuliaz.

Jarri ziran danak. Joanes maia bedeinkatzen asi zan... ta baita ere parrez Juanito ta Martin.

  1. Padera.
  2. Angulak.