Orrialde:Garoa (1912).pdf/240

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

txok, bereak animan gordeta, aparia zerbait aurreratu zanean, eresi zituan Gabon eresirik bigun bigunenak, gertaera samiña aztu erazteko; alperrik ibilli zan aingeru-eztarri garbiz onela esaten:

Izarrik ezta
Goietan, baña
Argitan dago
Lur guztia.
Belenen Jesus
Jaio da eta
Jesus Bera da
Gure argia.
Gure argi ta
Gure zorion
Pake pozaren
Ekarlea.
Nola izan ez,
Biotz ta anima,
Jesus, ni Zure
Maitalea?
Illeak urre
Begiak urdin
Zerua bera
irudizu.
Ai, aur ederra!
Ai, aur gozoa!
Ai maitetuko
Baninduzu!

Gauza bat bakarra iritxi zuan Malentxok: bere lengusu Martiñek, edanez ausarditurik, neskatxari belarrira esatea:
—Neuk maitetuko zaitut iñork baño geiago ta obeto. Ikusiko dezu.
Autorrera onek etzion Maleni onik egin.
Ezta ere, iñori, Gabon gabeko apariak: denai mindu zitzaieten ai gozoa.
—Nerea da errua; —zion aitonak oerakoan— nere biotza kiskaltzeko egurrak biltzen ibilli naiz; eztia nekarrelakoan beaztuna ekarri det. Baño zeñi otuko zitzaion orrelakorik, zeñi?
........................................................................