Orrialde:Garoa (1912).pdf/26

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

berriz, gizategia, bost edo sei lo-gela, estutxoak, argi gutxikoak, baña garbiak oso, ur bedeinkatu ontziz ta Ama Maria ta beste done batzuen irudiz naikoa poliki apainduak;eta gorago, etxearen gallur ondoan, ganbara andi bat, mandio bezela, gari, arto, baburrun ta sagar umatuk gordetzeko.
Etxe orretan jaio zan gure artzaia, etxe orretan sortu ziran bere gurasoak eta gurasoen gurasoak, etxe orretara ekarri zuan, bear izan zan egunean, Garibaiko Ana Josepa, emakume maratz, pixkor ta begiratua, besterik iñor Garibain bazan.
Sei seme alaba eman zizkon Joanesi Ana Josepak, baña etxadi au guk ezagutu genduanean, iru bakarrik zeuden bizirik, semeak irurak. Lenbizikoa, Jose Ramon, nekazaritzari jarraitzeko etxera ezkondua, Manueltxoren aita, Araozko neskatxa on batekin senartua zegoan. Bigarrena, Inazio Mari, aizkolari trebea, ezkongaia oraindik, ikazkintzan ibilli oi zan luzaro Aralargo mendietan. Gaztienak, Juan Andres arri zulatzalle ospetsuak, Oñati ondoko arrobi baten zeukan irabazbidea, etxean lan andirik etzegoan eretietan.
Irurak ziran morrosko eder sendoak.