Orrialde:Garoa (1912).pdf/291

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

tarin, burubeltx, karnaba, txantxangorriak, egun guztiko ibillera ta txio jotzez nekaturik, sasi-zugazti barruan zeuden, lumapean mokoa gordeta, tuntun jotzalleak bere txistua zorroan gordetzen duan irudira; saguzar itxusi baldarrak, enaiz-banaizko ega txepeletan, batera ta bestera zebiltzan eiztari, eltxo ta samorro billa; lenbiziko izar gozoak, ozkarbi urdin sakonean, agertu zuan bere argi atsegiña, urre ale biziaren gisa, ta osiñetako igeltxoak, klin klon, klin klon, asi zuten baserrietako gau soñu berdin ta iraunkorra.
Joanes ta Malentxo, ezpañik zabaldu gabe, izadiari begira gelditu ziran.
—Guri entzuten iñor balego... —mintzatu zan Joanes, bat batera.
—Eztaukazu zer esanik, Malentxo?
—Ez, ba.
—Aspaldietan goibel zabiltzala nago.
—Egia da.
—Zer dezu, enetxoa?
—Zer? Gauza bat, gogo bat, ioran bat...
—Ezin iritxi diteke?
—Iritxi bai, denok batera etorriko bagiña.