Orrialde:Garoa (1912).pdf/293

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

—Baiña Jesusi bai, aitona; Jesusi bai, ezta?
—Jesusek berea zaitu... Alabatxoa; nere begi gandotuak, ia ezer ikusi ezin duten begi auek, ordua datorkitanean, laster, zeuk itxiko zeunztalata nengoan... Zu zera, ez bakarrik nere samiñen eztia, baita ere nere luzapena, Zabaletako zuaitz zarraren kimu berri maitea... Baño neuk ere, nere antzera, Jaungoikoari eskenita zauzkat eta Jaungoikoak ondo artu bear izan du nere oparia. Bere oldea egin bedi! ... Nai dezunean, bada, berbertatik joan zindezke. Ni ilda gero joango baziña, neuk utzitakoa emango nioke Jesusi, ta eznuke orrela nai: eztiot neuk utzitakoa eman bear; neuk daukatana, neuk lurrean geien geien maite detan izatea emango diot, naiz ta, zuk etxetik ertetzean, nere biotza zauriturik odola dariola gelditu... Ta Joserena? Jose gizagaixoa! Jaungoikozkoa da mutilla ta orri eskerrak. Etsiko aldu... Zoazkit, Malen, Martiñek alde auetatik iges egin dezan; zoazkit ainbat lasterren Jose gurea nolabait artetu dedin. Bera ta Manuel izango dira nere azken orduetako lagunak, zure ordez, zure izenean.