Orrialde:Garoa (1912).pdf/300

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

tu, ezin geiagoan minberatu Neskatxa ura, neskatxarik argiena, maratzena; egundaño oker bat egin etzuan neskatxa, erantzuera gaizto bat eman etzion umea, zitalkeri bat zer zan etzekiana; eskurik garbienekoa, biotzik biguñenekoa, elurrezko azal ta izar-begien jabea; alaba ederra, alaba zogia, alaba liraña, alaba kutuna, zartzaroko itxaropen gozoa, orma itzalen ostean sartu bear zitzaiola! Jeesus! Ainbeste txera ta palaguz seaskan ta magalean aurra euki; ainbeste arazo ta neke norbere umea norberetzat azitzen artu; amaren ondasuna ume ura izango zalata ainbeste ames egin; bere begietan bizitza edateko, etxean ezin bazan etxe inguruan lotu nai, ta onik onenean, goizetik gabera, bazijoala, burni-sare baten atzean ikusi bearko zuala, noizean bein, besteren batzuk utzitzen ziotenean. A! Ori etzan lege ona! Benetan, orrenbeste ta geiago opa zion Jaungoikoari, baño, sartu zitezela bestien alabak; egiaz, aingerutzat azi zuan Malentxo ta Bidaurretan zegoan aingerutegia, baño Jesus ba, Jesus!
—Jose Ramon, zer egin bear degu?
—Jaunaren oldea izan dedilla.