Orrialde:Garoa (1912).pdf/301

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

—Orixen da gizonaren baretasun.
—Zer nai zenduke ba? Baimena ukatzea?
—Ez, baña.
—Jaungoikoari gogor egitea?
—Ez, baña...
Etxekoak beren elean utzita, Manuel Azkarragaruntz atera zan. Goibeletik trumoira, euritik erasoaldira.
Paula ta Martin agiraka zebiltzala, ta gogor ala ere, urruti aldetik ezagutu zuan Manuelek.
Atean sartu baño len ekin zion Paulak, oiez bezela, beretik ertenda, deadarrez, estanda egin bearrean:
—Borreruak zerate zuek, biotzgabeak, gizagaizkiñak. Egin lana Zabaletan, urkatu arte lan egin, ondo erantzungo dizueta. Bear zaitut eta geldi zaite, bear etzaitut eta ken zaite. Orrelakorik ezta iñun ikusi. Baño auzotegiak zuen egintza jakiten duanean, erriak jakiten duanean, lotsatuta gelditu bearko dezute. Neu izango naiz gaiztoen gaiztoena zuen nabarmenkeria zabaltzen.
Martiñek:
—Ago ixillik, txotxiña.