Orrialde:Garoa (1912).pdf/332

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

abelgorriak ematen duenetik bizi oidira, ta norbaitek iñoiz baserriko eskaratzean aterperik bear edo nai badu, nekazarien bazkari edo aparia etxerako dagoan eltzetik ematen zaio Etzan ostatua: gure ostatuak, txukun ta garbiak, tresna erosoz ta gela ederrez jantziak, ardo ta edari onez beteak, arrautz, aragi, arrai ta egaztiz ornituak, beti daukate zer jana ta zer edana, ta sarri gogoak eskatzen duan guztia.
Joseren ostatua (nolabait esan bearko) etxe txikia, etxe medarra, mendipe añubean, sailtxo elkorrean, ibiltari arlotien txanponak bildu nairik, bidearen albora ertenda zegoan. Makiña bat bizikera bada! Ez soro ta ez zelai, ez arto ta ez belar, ez bei ta ez txerri, arkaitza batetik, oiana bestetik, larreko auntzak esnea labur, ogei oñeko baratzatxoak sei baratzuri ta lau tipula ziztrin, etxe artakoen janaria non lortu zitekean etzan iñola ikusten.
Baña Lokatzako nagusiak, Joakin Arraio ta Antoni Txistu, senar emazteak, gazte samarrak, bata otarragillea ta bestea zirt edo zart egitekoa, borroka ere bai bear izan ezkero, etziran ain estu bizi. Oñezkoa zala edo zaldizkoa zala, gurdiduna edo