Orrialde:Garoa (1912).pdf/348

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

Eta Moxolok:
¡Sentellas! Gure txanda etorriko aldek. Orduan ik ez, Martin, neuk erreko diat Bidaurreta, neuk, arraioak ezpaituk.
Elizara sartu diranak, zelaikoen arreta lageaz, gogamen ta begiak Malentxogan jarrita dauzkate.
Berariz Kataliñek. Orduaren zai, mojen bizitzako atarian zutik, lerden ta ixil, bero ta ikara, larri ta legor, bere alabatxoari begira, biotzaren taupadak ezin geratuaz, zer egin eztaki, zer esanik eztauka, erotua dirudi, zentzungabea ematen du. Baña barren aldetik norbaiten ibillera sumatzean, giltz ta morrolloen burni otsa garbiro entzun duanean, mojategiko ate zabal astuna intzirika ireki danean, bere altzoan limurki azitako ume kutuna agur, amatxo esanda barrura dijoala ikustean, ernaitzen da Katalin, alaba maitaeri lepotik eltzen dio, il zorikoak bizitzari bezela eutsitzen dio, jartzen bere bular gañean estu oso estu! ta euki ta igortzi, eragin ta astindu, negar ta musu, laztan bekokian, laztan begietan, laztan ezpañetan, erraietara biurtu nai luke berriz, erraien erdian gorde nai luke beretzat, beretzat bakarrik... Ai ene