Orrialde:Garoa (1912).pdf/378

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

—Eskutitz au irakurtzean, Zabaletako guztiak, Manuel aurrengo zala, Juanitogatik egundañokoak esan zituzten: «Orra prestutasunak! Orra jakituriak! Banekian nik ezagun zuan arrek, txotxolo andia, txitxare likitsa, pizti arroa, Junkeirotar burugabea, or konpon dedilla, ukalondoa jan dezala, adiskideak eman daiotela...» baño, azkenean, denak kupitsu, osabari laguntzekotan gelditu ziran.
—Bai, Azkarragakoakin bat eginda, lagundu egin bearko.
Azkarragakoakin? ... Izan ere, zer egin zuten Azkarragakoak? O! Azkarraga baserriak, bi urte auetan, izugarrizko aldaketea izan du. Ikustea baño eztago bide ta soro bazterretan txukuntasuna, etxeak daukan arpegi garbia, atari aurreko loreontziak, sukalde barruko urdai-lukainkak, geletan jarri dituen oe bigunak, leioetan dauden oial sareak, gizategirako erosi diran jarleku berriak, ispilluak, doneak eta pitxiak. Oroitzen da irakurlea nola erakutsi nion Pedro Migelen gizantza, ori, pekatsu, pipi zuloz, autsez ta amaraunez betea? Orain beste gauza bat ematen du. Egoki ta apaña, lengotik eskuz trebero