Orrialde:Garoa (1912).pdf/379

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

berriztatua, urre lerroz iguraturik daukate, beste gauza polit batzuen erdian Eznuan asko uste garai batean! Igarle txarra ni. Nola ordea erosokeri oiek? Nondik orrelako altasunak? Itxaron gabeko lekutik. Joanes obiratu zan egunean bertan jakin zuten Pedro Migelen ilberria. Aberats ilzala ta bere ondasun guztiak Oñatiko aidientzat utzi zituala! Gizonaren zoria! Berriz ere jaiki orratik, berriz ere burua jaso. Zertarako baña? Onik onenean dana utzitzeko, ainbeste izerdiren saria iñori eskeintzeko, aideak ondo izan zitezen. Norberak lana ta besteak jana, norberak nekea ta besteak epea, norbera zamari ta ondorengoak zaldun... eskerrikasko esaten eztakitenak agian. Orrela oida.
Martiñi beintzat eskerrik ematea etzitzaion bururatu. Zeñi? Lurpean zegoanak etzuan eskerrik bear, ta etxekoai zer diete zor? Zegokiona kendu zien, azkar gero kendu ere. Donosti alderuntz iges egin zuan, ta or emen dakuste nasaikerietan kirastua, aragiaren era ta nai guztiak aseaz, osasuna ta dirua banatuaz, animarik ezpalu bezela, biotz gaiztoko, ao txarreko, zeru