Orrialde:Garoa (1912).pdf/52

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

jim... juim jim jim... grrast grrast ardatzari eragiñaz Soñu ori, baserritarrentzat, ezti leun ta atsegingarria izan oida, ta erritarrentzat, asunarekin lepoan ikutzea bezela.
Egun alaia zan. Zerua, batere odei gabe, osoro urdin zegoan; mendi gallurrak, elur-estalki ta laño-txapelak kendurik, garbi garbiro agiri ziran, ardi zuri otzanez ornituak; zelaiak, ezko, naro ta loretsu zeuden; zuaitz batzuek osto berri makalez jantziak, eta beste batzuk, jantzi naian, lertu-bearreko orri-buru berdez beteak; baratzetako baba landarak, elorriaren loreak eta sasietako arrosak usai on bigun biguna zabaltzen zuten; gari sail ederrak, aizetxoarekin jolasean bezela zabunean zebiltzan, beren buruakin alkarri mun egiñaz; txenara pizkor eguzki-zaleak, zeru aldean, iñoiz baño gorago ta azkarrago, txirrio txirrioka; txoriandra ego-txabalak, belardietan janari billa, noizean bein buruak jasoaz, ernai zaudela adierazi nairik; tarin, kardantxulo, txirriskillo ta berderoiak, bata bestearen atzetik jira-bira bizibizian, iñon ere gelditu ezinda; lenbiziko tximeletak, bada-ezpadako ibillera laburretan, egaka ikasten,