Orrialde:Garoa (1912).pdf/53

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

sasitik zelaira ta zelaitik zuaitzera, nagi nagi, ta motel motel; ta erle pitin langilleak, lantegi billa edo lore gozuen kolkoan sartuta, bakartadean, ixillik eta arlotsu, beren arazoari ezergatik utzi nai ezta.
Tuntuna ta gurdien soñua aditzean, sorolanetan zeuden auzoetako nekazariak, gizon ta emakume, beren besoak atxur kertenaren gañean tolestatuta, eztaietakoai begira gelditu ziran danak, urruti aldetik; batzuk zer gizadi zijoan ikusi naian, beste norbaitzuk, batez ere neskatxak, ondamuz eztaietakoakgatik zerbait esateko gogo andiarekin.
Sorotik sorora asi zuten izketartea, deadarka:
—Jas! Ori gizadiz dijoa!
—Larogei baño geiago omendira bazkaitan.
—Eztaramate iskanbilla makala! Oiek parre algarak!
—Zein da, an aurrean, besoak zabalik eta bira-biraka, goru-ardatzaren irudira dabillen ura?
—Zein izango da? Peru Odolki.
—Ai, alper, trakets, ardozalea! Billatuko du bai orrek ardoa ta jolasa non dagoan.