Orrialde:Garoa (1912).pdf/65

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

ezin geiagoan, ia estanda eragin artean, baño etzan iñor lertu. Ez, etzuten oker andirik izan: gizonen batzuk, iñoiz baño geiago ta adiskidetasun andiagoan itz egin bearra, lenbizi; dantzan egiteko gogoa edo ezkonberrien alde itz neurtuak esan naia, urrengo; toteltasun apur bat geroxeago; zuzen ibilli eziña illunabarrean: neurriak gañez egitea, etxerako bidean; ta lo ederra, azkenez, oia arrapatu zutenak oian, ta Peru Odolki Goienetxe aldeko soro ertzean.
Bazan gizon bat, ala ere, gau artan lo andirik egin etzuana: Joanes. Jarkar, nakar ta zurbil igaro zuan egun guztia gizagaixoak; ardoa bakarrik artu zuan, ardo pixka bat, bere animako mikaztasuna itotzeagatik; baña etzitzaion ito, azalean zebilkion, igarian bezela, biotzaren erdian atzamarka egiñaz. Oi eder garbia jarri zioten Joanesi Azkarragan bertan, baño ezin zuan ezertara lorik erakarri: esna zegoan, esna ta larri, bero ta kixkal, beingotik beingora buru, anka ta besoak aruntz ta onuntz aldatuaz, eta beti ere gogamen bat zetorkion biotzetik aora:
—Mutillaren burubidea! Nora ta Burgos aldera!