Orrialde:Garoa (1912).pdf/68

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

adiskide batzuen seme umezurtza, begi urdin gozodun, mutil koskor polita, beiak zaintzeko, itaurrean ibiltzeko edo erri ta mendira osterak egiteko morroitxo egokia.
Manueltxorekin ikastetxean ibilli zan, oso bere lagun artua, Jaungoikoaren bildurrean ondo azia, mazal ta pizkorra, ta umetxoa izanarren, garai batzuetan gizon batek aña on egiten zuan.
Pedro Anton morroi zarraren irudira etxekotzat zeukaten. Manueli txaloak jotzen zitzaizkonean txaloak izaten zituan Joxek ere, beti esaten zan biak zekitela berdin samar, biak zirala azkor ta ikastun, ta bientzat oiziran geienbat, Joanesek, sukaldeko ixillu gañean jarrita, zintzoro agertzen zituan erakustaldi ederrak.
Etzuan arrek gaztetxoai zerbait adierazteko mugaldirik beñere galtzen. Ara nik gau batean, Manueltxok lapur-ipui bat eskatu zualako, artzai zarrari entzun nion jarduna:
«Eztago gaur ipuirik. Egia zor dizuet, nere umeak, eta egi samiña aitortzera nua, naigabez bada ere. Badakizute: mendizalea naiz ni, beste mendizalerik iñor baldin bada. Askotan esan det be-aldietan dirala