Orrialde:Garoa (1912).pdf/70

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

kar, argi, bizi, asmutsu ta erkin samarra zan; Otsoko, lodi, lotu, baldar, narras, bizartsua. Axerik asmatzen zituan egundañoko gaiztakeriak, eta Otsokok adiskidearen asmo danak beti ontzat eman eta guztietan pozik eta biotzez lagundu; arrek lapurtu inguruetan lenbizi azten ziran keriza, piko, sagar, udare, aran ta matsak; onek lagunari orman gora bultza, ta baratz barruan edo zugaitz gañean zebillen bitartean auzoetako bideak zaintu. Oso maiz egin oizuten ezbearren bat: gaur, nunbaiteko erleai eztia kendu; biar, astoren bati buztana ebaki; bein eskale arrotzari arrika eman; urrengoan garometaren bat erre. Etengabe zegoan mutil aiekatik zer esana».
«Gazte ziran artean, nekez ta egun bat edo bestean bada ere, eraman oizituzten irakastolara, baño alperrik. Otsoko buru gogorrekoa zan, nagi ta motzegia ezer gauza onik ikasteko, ta Axerik, ikastetxean zegoan bitartean, iñoren esana entzun ta zerbait ikasi baño naiago zuan irakasleari ziñuka egon, edo lagun guztiai zirika, edo burura zetorzkion ames gaiztoai jarraika, etxe artatik ertetzeko orduaren zain, iñoren bildur gabe nai zuan guztia egiteko».