Orrialde:Garoa (1912).pdf/79

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

Aiton-amandre biak jetxi ziran Oñatiko eleiza nagusira aurtxoaren aitabitxi[1] bezela. Ta nola gero jetxi! Ana Josepa bizi bizi, txit orraztua, soñekorik onena arro erakutsiaz, buruko estalkiaren txiztanak iñoiz baño tenteago zituala ta aspaldian gordeta iduki zuan zortzi egiko oial andi loretua[2] lepotik bera egokiro ipiñita; Joanes ederki bizarra kendurik, ezkontzarako egin zitzaion jantziz antolaturik, ia oñetarañoko kapa lodi luze tolestua sorbalda gañean jasoaz ta eun bigunezko alkondara zuri garbia paparrean agiri zitzaiola. Biak zijoazen edertuta, gaztetuta, alaituta, lekaio bana egiteko gogoetan; biak usai gozodun: gizonak eriñotz[3] usaia zeraman, andreak alkanfor usaia. Bazituen lagunak: auzoko emakume gazte apain bat, aita Jose Ramon ta seme Manueltxo, au, eliz-kandela ta apaiz-opillarekin.
Bidean, Manueltxok begi-onez begiratzen zion opil gozoari. Bazekian eleizan eskeñi bakarrik, apaizari erakutsi, eutsi ta tati egin ta etxera biurtzen zala opilla, ta

  1. Aitabitzi, aita ponteko, aitabesuetako. = Padrino.
  2. Zortzi egiko oiala. = Zortzi puntako mantoia.
  3. Erramu.