Orrialde:Garoa (1912).pdf/90

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

bat; biltzen dira gero sagardotegi edo ardangeletan albiste berriak entzun ta esatera; jartzen dira orkoaren edo emengoaren aide, aide, auzo edo ezagunak diralako bakarrik edo apostularien indar, mendu ta almenak obeto dakizkitelako; jasotzen du batak bere gizon autua Ernio baño gorago ta jetxitzen du besteak itxasoko ondarretaraño; asten dira mingarrizko itzak alkarri esaten; berotzen dira ezta-baida zitalean irri ta ziri dabiltzala; suak artzen ditu geiegizko jardun garratz amaigabean; jokatzen dituzte bero beroan aldean dituzten txanpon guztiak; ipintzen dituzte urlia edo sandiaren eskuetan dema egin arteraño,

ta ainbeste bidar gogoratu zaieten txango aldia datorrenean, apostu jakin orretako egun andi alaia zabaltzen danean, goiztxoago jaiki, etxeko lanak zerbait egin, igandietako jantziak soñean jarri, aidiran diru apurrak sakelean sartu emakumien ixillik, eta badijoaz onelako edo alako errira gazteak eta zarkoteak, erkiñak eta kankalluak, jolas-naikoak eta jokalariak, burutsuak eta buru gabeak, alderdi bateko ta besteko gaitasaunak neurtzen dakizkitenak eta biotzak dion aidera itxu itxuan daudenak, bide za-