Orrialde:Garoa (1912).pdf/92

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

raka ernai; leio burnietan lotutako beiak ausnarrean, kalearen erdia berentzat bear zutela, idisko edo biantxa gazte izutiak, atzeraka ta alboraka zalaparta gogorrean, enparantzaruntz iñola ere joan nai ezik; patxadako asto zamatuak, nunbaitetik sartu bearrean, aldemenetako guztiai bultzaka; txerrikume pizkor urduriak, beren taldetatik arrapaladan iges eginda, gizatartean edo aberien anketan usaika... nik eztakit zenbat tresna, ele, gizadi ta lazka ikusi nituan enparantzarako bidean. Edonun zegoan traba, esia ta eragozketa; non-nai adarkada edo ostikada baten arriskua; bazter guztietatik entzuten zan oo ta aida, arre ta iso, jeup ta kaixo, alajaña ta arraiopola, aspaldikoa, ta lagun zarra, txintxarria, kurrinka, orroa, marrua, arrana ta arrantza.
Lan aundiak izan nituan enparantzara igarotzen.
Antxen zegoan azoka. Bertan zeuden salgai baserritarrak ekarritako edo baserrietan geienbat bear izaten diran gauzak. Alderdi batean, arto ta gari, baba beltz, zuri ta gorri, intxaur ta gaztañak zorroetan; udare, sagar, azi, landare, urdai, urdaiazpiko, lukainka, gaztai, arrautz, ollo, ollar