Edukira joan

Orrialde:Tropismoak nathalie sarraute.djvu/47

Wikitekatik
Orri hau balidatu da

zinen, gauzez beteriko esklabo zitala, astuna eta tristea, etengabe zelatan edukia, haiek inguratua.

Gauzak. Objektuak. Txirrinaren deiak. Ahantzi behar ez ziren gauzak. Itxaronarazi behar ez ziren pertsonak. Horretaz baliatzen zen, etengabe txistuka ariko zitzaion oralde batez bezala: «Deika ari dira! Deika ari dira! Mugi zaitezte, bizkor, bizkor, itxaroten zaituztete.»

Baita ezkutatzen zirenean ere, euren gelaren barruan itxiak, eraso egiten zien: «Deitzen zaituztete. Ez al duzue aditzen? Telefonoa. Atea. Gela honetan haizea dabil. Ez duzue atea itxi, sarrerako atea!» Ate batek panpakada emana zuen. Leiho batek kolpe bat. Haize bolada batek zeharkatua zuen gela. Laster ibili behar zen, bizkor, bizkor, astindua, kolpatua, lehiatsua, bertan dena utzi eta oldartu, zerbitzatzeko prest.