Orrialde:Zohardia - Oinarri ideologikoak.pdf/16

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da
  1. Sortuk defendatu egiten du, pertsona guztientzat, bigarren aukerarako eta birgaitzerako eskubidea, eta gaitzesten du, ondorioz, norberak birgizarteratzeko eta bere bizitza berregiteko daukan eskubide hori aintzat hartuko ez lukeen zigor-mota oro. Herri honek bizi duen salbuespen juridikoak eta kartzelarekin izan dugun harreman komunitarioak zuzenbidearen eta justiziaren ikuspegi mendekuzko eta zigortzaileak kuestionatzeko balio behar du.
  2. Sortuk laikotasun-printzipioa sustatuko du esparru guztietan, eta, pertsona guztien kultu- eta kontzientzia-askatasuna errespetatuz betiere, ez du inoiz ezein intolerantziamota onartuko (kristianofobia, islamofobia...), ezta erlijio-kredo jakin bat edo beste hobesteko ezein saiakera ere. Beraz, ezetsiko ditu erlijioa pertsonen barne-eremutik atera eta espazio publikora hedarazteko ahaleginak oro.
  3. Sortuk bere burua hitzematen du bakearen, desarmearen eta gatazken ebazpen hitzartuaren alde. Sortuk uste du desmilitarizazioaren aldeko politika orokor bat bultzatu behar dela eta bakearen aldeko kultura sustatu behar dela, moralismoan eta historiaren zein gizadiaren ikuspegi naif batean erori gabe.
  4. Sortuk ezin arbuiagarriago deritze ustelkeria politikoari, eraginen trafikoari, iheskeria fiskalari eta, oro har, eginkizun publikoaren, bizitza politikoaren eta bizitza ekonomikoaren edozein esparrutako lausokeriari. Halakoak gaitzetsiz, gardentasuna du Sortuk bere balio goiburu.

SORTUREN ERRONKA

  1. Sorturen erronka, fase historiko honetan, prozesu independentista bat lantzea eta dinamizatzea da, Euskal Errepublika eraikitzearren. Horretarako, lehenik, behar adinako gehiengo independentista eta aurrerazalea artikulatzen lagundu behar du.
  2. Helburu horri begira, Euskal Herriaren errealitate juridiko-administratiboa kontuan harturik, baita errealitate hori gaur egun banatua dagoen hiru espazio berezituetariko bakoitzean gehiengo independentista bana artikulatu beharra ere, eta beti euskal lurralde guztiak lehenbailehen birbateratzea helburutzat zedarriturik, Sortuk taxukera asimetriko eta konfederaleko estrategia independentista eta eraldatzaile bat garatzearen aldeko apustua dagi, estrategia bat, zeinak elkartuko duen hiru prozesu eratzaile berezitu horien garapena – non espazio horietako bakoitzak bere erritmo propioan gauzatu ahal izanen baitu independentziarainoko eta beste bi espazioekiko birbateratzerainoko ibilbidea – trinkotze nazionaleko prozesu amankomun batekin, honek, paraleloki, ahalbideratuko duelarik hiru espazioen arteko lotura sozialak, politikoak, ekonomikoak, instituzionalak eta kulturalak indartzea.