Edukira joan

Teologia eta politika/1540an, Frantzes Xabierkoak, Lisboatik, Martin Azpilkuetakoari Coimbrara bidali bi gutunak

Wikitekatik
Teologia eta politika  (1540)  Frantzisko Xabierkoa
1540an, Frantzes Xabierkoak, Lisboatik, Martin Azpilkuetakoari Coimbrara bidali bi gutunak
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

1540an, Frantzes Xabierkoak, Lisboatik, Martin Azpilkuetakoari Coimbrara bidali bi gutunak

I. Gutuna

[aldatu]

Lisboatik 1540ko Irailaren 28a

Jhs.

Ene jaun agurgarria!

Hiri honetara helduz geroz eskuratu ditut zuk bidali dizkidazu bi gutunak, biak enetzat atxikimenduz eta maitasunez beteak. Agian eni idaztera bultzatu zaituen Jesu Kristo gure Jaunaren amodioak ordainduko du horrelako borondate ona eta karitatea, zeren nik, nahirik ere, ez baitut nehondik ene zorra betetzen ahal, ez ihardesten ahal zuk zure aldetik erakusten didazun borondate onari! Eta beraz ezagutzen baitut ene ahulezia, eta Jainkoaren bihotz onari esker baitakit, hain baliogabea izanagatik, ene buruaren zerbait argi edo bederen itzal badudala, saiatzen naiz Jainkoa baitan ezartzen ene fidantzia osoa, ezen ikusten dut ez diezaiokedala nehori hari zor diodan bezainbat esker bihur, eta beste gauza honek izigarri soleitzen nau, hots, jakiteak Jainko onak baduela aski indar zure arima sainduaren eta zure idurien nasaiki sariztatzeko ene ordez.

Gero, gure gauzez mintzatzeko eta bereziki ene bizimoldeaz, atsegin handia nuke biok elkar ikusteko zortea etor balekigu, zeren gai honetaz nehork ez zaitu nihonek baino hobeki argituko. Agian gure Jainko Jaunak nahiko du, haren bihotz onak orain arte eman dizkidan grazia guztien ondotik, bizi honetan gareno, biok elkar ikus dezagun, ene laguna eta ni Indietara partitu aitzin. Eta orduan mintzatuko natzaizu xeheki, zuk zure eskutitzetan galdatzen dizkidazunez, zeren ez baita erraz gutunen bidez xehetasunetan sartzea, oro nahasi gabe. Bestalde, zure gutun batean erraten baitzenidan, gizartean ohi den bezala, anitz mintzo direla gure Lagundiaren bizimoldeaz, ez du biziki munta, Doktor agurgarria, jendek gu geu judika gaitzaten, bereziki deus zuzen jakin gabe jujatzen baldin bagaituzte.

Eskutitz hau eskuratzen dizuna Blas Gomez duzu; zure zerbitzari ona eta zure ikaslea nahi dena izan. Ene adiskide handia da eta ni ere bai harena. Ene aldetik, galdatzen dizut beraz, zure ikasle izateko eta zure zerbitzatzeko duen borondatea onar dezazun, ene otoitzek zerbait erdiesten ahal badute zureganik eta, zure bihotz onari esker, zernahi egin dezaketelakotz. Bestalde, zure zerbitzuko hartuz gazte hori zerbitzu egiten diozu Jainko Jaunari eta zuregain hartuz haren ikasketak atsegin handia nihoni; zeren gazte horrek letretan nahi du higatu bere gaztaroa. Badakizu gure Jainko Jaunak hainbeste jakitate talentu eman dizkizunaz geroz, eginbide duzula horietaz baliatzea, ez bakarrik zuretzat baina beste anitzentzat.

Izan bedi beti Jainko gure Jauna, zure begirale, halabiz!

Lisboatik, 1540ko Irailaren 28an, bizi izanen deno, Kristo baitan zure semea, Frantzes Xabierkoa

II. Gutuna

[aldatu]

Lisboatik 1540ko Azaroarenean Azpilkuetako Martin Doktoreari

Ene Jaun noble eta agurgarria!

Urriaren 25ean zuk idatzi eskutitzak hainbeste atsegin eta gozo eman dit, non deusek ez baininduen gehiago pozten ahal nola hain aspaldian igurikatzen nuen gutun haren eskuratzeak. Hor ikusi dut alabaina, zer neke eta arta sainduz behar zaren arduratu eta zein gartsuki irakasten ahal diezun Jesu Kristo gure Jaunaren zerbitzatzea baizik ikasi nahi ez duten ikasleei. Ez natzaizu beraz urrikariz ondotik ibiltzen, egin nezakeen bezala iduritzen balitzait Jesu Kristo gure Jaunak eman dizkizun talentu miragarri horiek ez dituzula baliatzen ebanjelioko zerbitzari leialak bezala; baina zuk badakizu ongi, zenbat eta handiago izan baita irabazteko jasan den nekea, hainbat eta ederrago dela lanaren saria. Zeren anitz ontasunen jabe izanen baita, gutirekin leial izan dena.

Eta behin gerta baledi ohi duzun baino lan gehiago egin behar izatea, zure gain hartuko duzu gogotik lan hori, menturaz oroituz beste behin ez duzula hainbeste behartu zure izpirituaren argi paregabea. Horrela zure ongiaz bozkariatzen garenok, atseginekin ikusten dugu betetzen dituzula zuhonek zure zorrak eta ez zure ondokoen gain uzten; ezen gaztigu garratzak jasanen dituzte beste munduan, beren ordenuan behar baino gehiago beren ondokoei fida izan direnek, horrengatik beldur izateko baita Jainko bizidunaren eskutara erortzea, bereziki kontuen emateko ordua etortzen denean.

Jainkoak nahi izan dizuenaz geroz eman hain nasaiki besteekin partekatzeko bere irakaspenaren ezagutzeko grazia, egin dezala ere zuhonek berdin nasaiki helaraz diezaiezun bestei, hots, hau soilik behar dutela jakin zerbitzatzen beren Kreatzailea eta gauza guztien Jaun eta Jabea, begien aitzinean atxikiz Jainkoaren loria eta haren ospea; ez da ezen dudarik Jainko legeak eginen duela, bai egiazki, Doktor jakintsua, mundu honetan elkarren lagun izan garenok pairamenetan, elkarren kide izan gaitezen ere beste munduko gozamenetan.

Gainera zuk erran bezala, eskutitz bat bidaliko diot Orreagako Jaun Prioreari, Motiloako Frantziskoren bitartez, Nafarrarat joanen delarik, hogei bat egun barne, menturaz. Beste errateko guztiak uzten ditut, gutien ustean, buruz buru mintzatzen ahal garen eguneko, zeren eta zure gutunetan erakutsi didazun atxikimendu handiak behartzen bainau, ene aldetik, ahal bezain ongi zure deiari ihardestera. Nihonek ordea, zure aldera dudan atxikimendua ez dut aipatuko; Jainko Jaunak baitaki, berak bakarrik ezagutzen dituelakotz gure bion bihotzak, zein barna den finkatua gure bihotzean.

Izan ontsa, Doktor ona eta, maita nazazu, egiten duzun bezala!

Lisboatik, 1540ko azaroaren 4ko arrastirian,
Jainkoa baitan zure zerbitzari apala, Frantzes.