The Wealth of Nations

Wikitekatik

Bi printzipioak ezarri ondoren, hots, aberastasuna urreak eta zilarrak osatzen dutela, eta meategiak ez dituzten herrialdeek bakarrik lortu ahal dituztela merkataritza- balantzaren bidez, edo inportatzen dena baino gehiago esportatuz, politika ekonomikoaren helburu nagusia bihurtu zen nahita nahi ez barne-kontsumorako ondasun atzerritarrak murriztea eta produkzio nazionalaren esportazioa ahal zen guztia handitzea. Herrialdea aberasteko bi makinak, beraz, inportazioei jarritako mugak eta esportaziorako pizgarriak izan ziren. Inportazioei jarritako mugak bi motatakoak izan ziren.

Lehenengoa, bertan kontsumitzen ziren eta bertan ekoiztu ahal zitezkeen produktuen edozein herrialdetako inportazioari jarritako oztopoak.

Bigarrena, merkataritza-balantza aurkakoa zela uste zen herrialdeetatik inportatzen zen ia edozein motatako ondasuni jarritako oztopoak.

Oztopo hauek, batzuetan, mugasari altuek eta, beste batzuetan, orotariko debekuek osatzen zituzten.

Esportazioa suspertzen zen batzuetan diru-itzultzeekin, beste batzuetan sariekin, besteetan atzerriko estatuekin sinaturiko merkataritza-itun onuragarrien bidez, eta besteetan urruneko herrialdeetan koloniak ezarriz (...). Aipatu inportaziorako bi oztopoak eta esportazioak pizteko lau bideak merkataritza-sistemak edozein herrialdetan urre eta zilar kopurua handitzeko proposatzen dituen sei era nagusiak ditugu, merkataritza-balantza alde okertzen baitute. (...)

Herrialdean ekoiztu daitezkeen ondasunen inportazioa mugasari altuen zein debekuen bidez mugatzean, hein batean produktu horien industria nazionalari monopolioa ziurtatzen zaio (...).

Zalantza barik, lekuko merkatuaren monopolio honek beronetaz gozatzen duen jarduera pizten du askotan, eta behin baino gehiagotan gizartearen lan eta kapital kuota handiagoak bultzatzen ditu jarduera horretarantz, beste edozein kasutan gertatuko litzatekeena baino gehiago. Ez da hain nabarmena, ordea, gizartearen jarduera maila handitzeko joera lortzen denik, ezta norabide egokienera bideratzen denik ere.

Gizarte baten jarduerak ezin du inoiz gainditu gizarte horren kapitalak mugimenduan jar dezakeena. Pertsona batek enplegatu dezakeen langile kopuruak bere kapitalarekiko nolabaiteko neurrian egon behar duen bezala, gizarteko partaide guztiek enplegatu dezaketenen kopuruak ere gizarte horren kapital osoaren neurrikoa izan behar du. Merkataritzaren inongo arautzeak ezin du jarduera zabaldu bere kapitalak permititzen duenaz haraindi. Beste kasu batean hartuko ez zukeen norabide batera desbideratzea baino ez du lortuko; eta ez dago batere argi ea norabide artifizial hori gizartearentzako probetxugarriagoa izango den, berez jarraituko zukeena baino.

Norbanako bakoitza betiere ahalegintzen da duen kapital ororentzako inbertsiorik etekingarriena aurkitzen. Nabarmena denez, bere mozkinak bultzatzen du, eta ez gizartearenak. Hala ere, bere interes propioaren jazarpenak bultzatzen du naturalki, edo, hobeto esanda, halabeharrez, nahiago izatera azken finean gizartearentzako etekingarriena suertatzen den inbertsioa.

Lehenengo, norbanako bakoitza bere kapitala etxetik ahalik eta gertuen erabiltzen saiatzen da eta, horregatik, ahal den heinean jarduera nazionalaren aldekoa dugu, kapitalaren ohiko mozkina lortzerik badu edo, gutxienez ohikoa baino askoz ere txikiagoa ez den bat.

Beraz, etekinak antzekoak izanda, handizkako merkatari orok nahiago du barne¬merkataritza atzerri-merkataritza baino, eta atzerri-merkataritza iragaite-merkataritza baino. Barne-merkataritzan ez dio sekulan bere kapitalak begien bistatik alde egiten, atzerri-merkataritzan gertatu ohi den legez. (...)

Bigarren, jarduera nazionalean inbertitzen duen norbanako bakoitza halabeharrez jarduera zuzentzen saiatzen da produkzioak baliorik handiena lortzeko helburuarekin (...).

Norbanako oro ahal duen heinean saiatzen denez bere kapitalak jarduera nazionalean inbertitzen eta jarduera horren produkzioak ahalik eta baliorik handiena har dezan zuzentzen, norbanako orok lan egiten du gizartearen urteko sarrera handiena izan dadin. Egia da normalean ez duela onura orokorra sustatzen, ezta jakin ere zein neurritan sustatzen duen. Jarduera nazionala atzerrikoa baino gehiago nahiago izatean bere segurtasun propioa baino ez du bilatzen; eta jarduera horrek baliorik handiena produzitzera bideratzen duenean bere mozkina baino ez du bilatzen, baina kasu honetan bezala beste batzuetan ere, esku ikustezin batek bere nahietan agertzen ez zen helburu bat sustatzera eramaten du. Hala izatea ez da berez gizartearentzat txarra. Bere onura propioa bilatzerakoan askotan gizartearena sustatuko du, batzuetan hala nahi izango balu baina modu eraginkorragoan. Herriaren onuraren alde lanean ari direla esaten dutenek egindako gauza on askorik ez dut sekulan ikusi (...).

Lekuko zein jardueratan inbertitu eta zeinetan lortuko duen produkzioak baliorik handiena, pertsona bakoitzak erabakiko du, bere baldintzen arabera, edozein politikok edo legegilek baino askoz ere hobeto alegia. Pertsona pribatuak bere kapitalak inbertitzeko moduari dagokionez zuzendu nahi dituen politikoak ez du bakarrik gutxien behar duen ardura bat bere gain hartzen, baizik eta inolaz ere pertsona, batzar edo senatu batean delegatu ezinezkoa izan beharko litzatekeen aginte bat hartzen duela (...).

Merkatu nazionalaren monopolioa produkzio nazionalari ematea, edozein arte edo industriari dagokionez, nolabait hiritar partikularrei beren kapitalak nola erabili behar dituzten agintzearen parekoa da, hein batean behintzat, eta kasu guztietan alferrikako edo kalterako eskuhartze bihurtzen da. Produkzio nazionala merkatura atzerrikoa bezain merke hel badaiteke, eskuhartzea alferrikakoa dela nabaria da. Ezin badu, gehienetan kalterako izango da. Edozein familiburu zuhurren araua kalean erostea baino garestiago aterako litzaiokeen gauzarik etxean ez egiten saiatzea izan ohi da. Jostunak ez ditu bere oinetakoak egiten, zapatariari erosten dizkio. Zapatariak ez ditu bere jantziak egiten, jostunarengana jotzen du. Baserritarrak ez ditu ez bata ez bestea egiten, eskulangile hauengana jotzen du. Guztiek ulertzen dute komenigarriagoa zaiela euren ahalegina erabiltzea auzokoen gaineko abantailaren bat lortzeko, eta ahalegin horren produktuaren zati batekin behar dutena erostea (...).

Familia baten portaeran zuhurra dena ez da inoiz erokeria izango erresuma

Adam Smith, 1776


Lehen iturria: ZZEE (1998): Historia testu bidez, Arabako Foru Aldundia - EHU, Gasteiz. (Itzulpenaren arduradun den Iban Zalduaren baimenaz).

Bigarren iturria: kondaira.eus


Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License.