1. salmoa
[aldatu]Bi bideak
1 Zorionekoa gaiztoen egitasmoei jarraitzen ez diena, bekatarien bidetik ez dabilena, lotsagabeekin batera esertzen ez dena, 2 baizik eta Jainkoaren hitza atsegin duena eta hitz hori gau eta egun gogoan darabilena! 3 Ur-xirripen ondoan landaturiko zuhaitzaren antzeko da: bere sasoian fruitua dakar, eta ez zaio hostorik ihartzen; egiten duen guztia ongi zaio ateratzen.
4 Ez da hori, ez, gaiztoen zoria: haizeak daraman orbelaren antzeko dira. 5 Auzi-egunean gaiztoek ez dute zutik iraungo; zintzoen batzarrean ez da bekataririk izango.
6 Jaunak zaintzen du zintzoen bidea; gaiztoena, berriz, hutsean galtzen da.
2. salmoa
[aldatu]Jainkoak bere erregea hautatu
1 Zer dabiltza nazioak asaldaturik? Zergatik darabiltzate asmo hutsal horiek gogoan? 2 Jaunaren aurka eta hark aukeraturiko erregearen aurka altxatzen dira mundu honetako erregeak, elkar hartzen dute agintedunek: 3 «Hauts dezagun haien nagusigoa, eten ditzagun haien lokarriak!»
4 Zeruko tronuan dagoenak irri egiten du, Jaunak iseka haien lepotik. 5 Haserre mintzo zaie, bere suminaz ikara ematen die: 6 «Nik neuk sagaratu dut erregea Sionen, neure mendi santuan».
7 Jaunaren erabakia iragarriko dut. Hau esan dit: «Nire seme zara zu; gaur zaitut nik sortu. 8 Eskatu niri, eta nazioak emango dizkizut ondare, lur osoaren jabe egingo zaitut. 9 Burdinazko makilaz hautsiko dituzu, buztinezko ontzia bezala puskatuko».
10 Jokatu, beraz, zentzu onez, erregeok; zentza zaitezte, munduko agintariok. 11 Zerbitzatu Jauna begirunez, bizi ikaraz, 12 oi gizaki hilkorrok, bera sumindu eta zuen nagusigoa gal ez dadin, bat-batean pizten baitzaio haserrea.
Zorionekoak harengan babesten direnak!
3. salmoa
[aldatu]Fededun erasotuaren oihua
1 Daviden salmoa. Bere seme Absalomengandik ihesi zebilenekoa.
2 Zein ugari, Jauna, nire etsaiak! Zein ugari aurka altxa zaizkidanak! 3 Zein ugari nitaz esaka ari direnak: «Jainkoak ere ez du salbatzen!»
4 Baina zu zara, Jauna, nire babeski, zu nire ohore. Zuk didazu burua jasotzen. 5 Oihuka egiten diot dei Jaunari, eta erantzuten dit bere mendi santutik.
6 Oheratzen naiz eta lokartzen, eta berriro esnatzen, Jauna baitut euskarri. 7 Milaka etsaik inguratzen banau ere, nik beldurrik ez.
8 Jaiki zaitez, Jauna! Salba nazazu, ene Jainko! Nire etsaiak masailean jotzen dituzu, gaizkileei hortzak hausten dizkiezu. 9 Zuregandik, Jauna, salbamena, zure herriarentzat bedeinkapena.
4. salmoa
[aldatu]Jauna poz-emaile
1 Koru-zuzendariarentzat. Harizko musika-tresnaz. Daviden salmoa.
2 Deitzen dizudanean, erantzun, Jainko, ene defendatzaile! Estualdian, emadazu lasapide! Erruki zakizkit eta entzun nire otoitza!
3 Zuek, handikiok, noiz arte iraindu behar duzue Jainkoa, nire Ohorea, jainko hutsalak maitatuz, sasijainkoen atzetik ibiliz? 4 Jakizue Jaunak harrigarriro jokatzen duela bere fededunaren alde, entzun egiten didala deitzen diodanean. 5 Ikara zaitezte eta ez egin bekaturik, aztertu zeuen barruak, egin negar ohe gainean. 6 Eskaini bidezko sakrifizioak eta izan Jaunarengan uste on.
7 Asko ari dira esaten: «Nork eman guri zoriona? Aldendu egin ote duzu guregandik, Jauna, zeure aurpegi argitsua?» 8 Niri, ordea, Jauna, poz handia eman didazu, horiek gari eta ardo ugariz dutena baino handiagoa. 9 Bakean etzaten naiz eta berehala lokartzen, zuk bakarrik bainauzu, Jauna, lasai biziarazten.
5. salmoa
[aldatu]Goizeko otoitza
1 Koru-zuzendariarentzat. Txirulaz. Daviden salmoa.
2 Entzun, Jauna, nire hitzok, jaso nire intziria. 3 Zaude adi nire deiadarrari, ene errege, ene Jainko, zuri ari bainatzaizu otoizka; 4 entzun goizetik nire mintzoa; goizean neure auzia azaltzen dizut eta zain gelditzen natzaizu.
5 Zu ez zara gaiztakeriaz gozatzen den Jainkoa. Gaiztoak ez du harrerarik zuregan, 6 harroputza ez daiteke zure begi-bistan egon; gaizkile guztiak gorroto dituzu, 7 gezurra diotenak suntsitzen; hiltzaile eta maltzurrak higuingarri zaizkizu, Jauna.
8 Ni, aldiz, zure maitasun handiari esker, zure etxean sartuko naiz, zure tenplu santuan ahozpeztuko begirunez beterik. 9 Gida nazazu, Jauna, zeure nahiaren bidetik, etsaiak zelatan baititut. Berdindu zeure bidea nire aurrean.
10 Horien ahoan ezer ez fidagarririk, horien barrena leize-zuloa, eztarria hilobi zabaldua, mihia, berriz, leun eta labaina. 11 Jainko, ordain bezate beren hobena! Lur jo bezate beren egitasmoengatik! Bota itzazu kanpora beren txarkeria neurrigabeagatik, zure aurka jaiki baitira.
12 Horrela, zuregan babesten direnak alaitu egingo dira, eta etengabe pozez oihuka ariko. Zuk zainduko dituzu maite zaituzten guztiak, salto egingo dute pozez. 13 Zuk bedeinkatzen baituzu zintzoa, Jauna, onginahiz inguratzen babeskiz bezala.
6. salmoa
[aldatu]Erasotuaren negarra
1 Koru-zuzendariarentzat. Zortzi hariko musika-tresnaz. Daviden salmoa.
2 Jauna, ez ni zigortu haserre, ez ni zentzatu sumindurik. 3 Erruki zakizkit, Jauna, makaldua bainago; senda nazazu, Jauna, hezur guztiak koloka baititut, 4 ikara bizian barrua. Eta zu, Jauna, noiz arte geldi?
5 Arren, Jauna, libra nazazu, salba heriotzatik, onbera zara eta. 6 Hilda gero, ez da inor oroitzen zutaz; Hilen Egoitzan, nork goretsi zu?
7 Akitua nago aieneka. Gauero malkoz bustitzen dut ohea, blai eginda uzten etzalekua. 8 Begiak nahigabez lausotuak ditut, horrenbeste zorigaitzez ahulduak.
9 Alde niregandik, gaizkileok, entzun baitu Jaunak nire zotina. 10 Bai, entzun du nire erregua, onartu du Jaunak nire otoitza. 11 Lotsa bitez eta izutu nire etsaiak! Egin bezate atzera, bat-batean lotsaturik!
7. salmoa
[aldatu]Jaunari, epaile zuzenari, deika
1 Erosta-doinuan. Davidena. Kux benjamindarra zela eta, Jaunari abestu ziona.
2 Jauna, ene Jainkoa, zuregan babesten naiz. Salba nazazu erasotzen didatenengandik, libra nazazu! 3 Bestela, lehoiak bezala harrapatu eta zati-zati egingo naute, eta ezin izango nau inork libratu.
4 Jauna, ene Jainkoa, zerbaitetan huts egin badut, neure eskuz bidegabekeriarik egin badut, 5 lagunari ordain txarra eman eta etsai zuzengabeari barkatu badiot, 6 pertsegitu eta harrapa nazala etsaiak, zanpa nazala bizirik lurraren kontra eta barreia nire erraiak hautsetan!
7 Jaiki zaitez haserre, Jauna! Altxa nire etsaien amorruaren aurka! Ekin, ene Jainko, antolatu epaiketa! 8 Bil bitez herri guztiak zure inguruan, eta jar zaitez, Goi-goiko hori, haien batzarburu.
9 Jauna da herrien epaile! Aitortu, Jauna, zuzen eta errugabe naizela. 10 Bukarazi gaiztoen gaiztakeria, eutsi sendo zintzoari, bihotz-barruak aztertzen dituzun Jainko zuzen horrek.
11 Jainkoa dut babeski, bihotz zuzenekoen salbatzaile dena. 12 Epaile zuzena da Jainkoa, gaizkilea zigorrik gabe uzten ez duena. 13 Onbideratzen ez badira, ezpata zorrozten du, uztaia teinkatu eta botatzeko prestatzen; 14 hiltzeko tresnak gertatzen ditu, suzko geziak pizten. 15 Horra, gaiztakeriaz beteak daude: okerra sortzen dute barruan, iruzurra ematen argitara. 16 Zuloa egin dute, sakon egin ere, eta egindako zuloan erortzen dira. 17 Buru gainera jausten zaie beren okerra, kaxkarrean jotzen ditu bidegabekeriak.
18 Goretsiko dut Jauna, zuzena delako. Kantatuko diot Goi-goikoari.
8. salmoa
[aldatu]Jainkoaren handitasuna eta gizakiaren duintasuna
1 Koru-zuzendariarentzat. «Dolareak» doinuan. Daviden salmoa.
2 Jauna, gure Jauna, bai harrigarria zure izena mundu osoan!
Zeruak baino garaiago den zure ospea kantatuko dut, 3 umetxoen eta bularreko haurtxoen hizkeraz. Sendo oinarritu duzu zeure gaztelua etsaien aurka, etsai mendekuzaleak isilarazteko.
4 Zeure behatzez eratu duzun ortzia eta ezarri dituzun ilargi-izarrak ikusita, 5 zer da gizona, zu hartaz oroitzeko? Zer gizakia, zu hartaz arduratzeko?
6 Ia jainko baten pareko egin duzu, ohorez eta aintzaz koroatu; 7 zeure eskulan guztien buru egin duzu, denak haren menpean jarri: 8 ardi eta idiak, bai eta basapiztiak ere; 9 zeruko hegaztiak eta itsasoko arrainak, itsasoan zehar dabilen guztia.
10 Jauna, gure Jauna, bai harrigarria zure izena mundu osoan!
9. salmoa
[aldatu]Zapalduaren babesle den Jainkoari gorespen-kanta
1 Koru-zuzendariarentzat. Almut labben. Daviden salmoa.
2 Jauna, bihotz-bihotzez nahi zaitut goretsi, zure egintza miragarriak kontatu, 3 zure ohorez pozik dantzan egin, zu, Goi-goiko hori, kantuz ospatu.
4 Nire etsaiak, atzera egitean, zure aurrean oztopatu eta galdu egin dira. 5 Epaile zuzen horrek, epaimahaian eseririk, nire eskubidea eta auzia defendatu dituzu. 6 Nazioei mehatxu egin diezu, gaiztoak hondatu, haien izena betiko ezereztu. 7 Akabo etsaia, betiko hondaturik: haien hiriak porrokatuak, oroitzapena ere galdua.
8 Errege da Jauna betidanik, sendo du aulkia auzitarako: 9 justiziaz gobernatzen du mundua, zuzenbidez epaitzen herriak.
10 Jauna ihesleku da zapalduarentzat, ihesleku larrialdian. 11 Uste on dute zuregan ezagutzen zaituztenek, zuregana jotzen duenik ez baituzu, Jauna, bazterrean uzten.
12 Egin kantu Jaunari, Siongo erregeari, iragarri herrien artean haren egintza bikainak! 13 Hiltzailea zigor gabe uzten ez duenak ez du ahazten errukarrien garrasia.
14 Erruki nitaz, Jauna, begira nola atsekabetzen nauten etsaiek. Atera nazazu heriotzako sarreratik, 15 zure goralpenak kontatu ahal ditzadan Sion hiri ederreko sarreran, alaitu ahal nadin zuk emaniko garaipenaz.
16 Berek egin zulora jausi dira nazioak; berek jarritako sarean trabatu zaie oina. 17 Jauna agertu da, justizia ezarri du: gaiztoa, berak egindako gaiztakeriak harrapatu.
18 Bihoaz Herio Leizera gaiztoak, Jainkoaz ahazten diren nazio guztiak. 19 Ez, Jainkoak ez du ahazten behartsua; errukarrien itxaropenak ezin huts egin.
20 Jaiki, Jauna! Ez bedi harro gizakia! Epaitu nazioak zeure aurrean! 21 Bete itzazu beldur-ikaraz, Jauna; kontura bitez nazioak gizaki huts direla.
10. salmoa
[aldatu]Gaizkileez Jainkoarekin elkarrizketa
1 Jauna, zergatik gelditzen zara urrun? Zergatik ezkutatzen larrialdian?
2 Gaiztoak harrokeriaz erasotzen dio errukarriari,
asmatzen dituen azpikeriez dauka harrapatua.
3 Nahi zuena lortu duela-eta, harro dabil;
bidegabez irabazten du
eta Jauna bedeinkatu ustean mesprezatu egiten.
4 Bekokia altxaturik, ez da arduratzen:
«Ez da Jainkorik», pentsatzen du.
5 Egiten duen guztiak arrakasta du;
Jainkoaren erabakiak altuegi daude harentzat;
etsaiak ez zaizkio axola.
6 «Ez naiz kolokatuko
-dio bere baitan
-;
zoriontsu izango naiz beti, ezbeharrik gabe».
7 Betea du ahoa madarikazioz, maltzurkeriaz eta gogorkeriaz; okerra eta gaiztakeria ditu mihian gordeak. 8 Hiri-inguruetan zelatan egoten da, ezkutuan errugabea hiltzen du, gizagaixoari begirik kentzen ez. 9 Zelatan dago ezkutuan, lehoia bere zuloan bezala; zelatan, dohakabea harrapatzeko: bere sarera erakarriz harrapatzen du. 10 Kuzkurturik, narraska joan eta gizagaixoaren gainera erortzen da. 11 Honela dio bere baitan: «Jainkoa ez da ohartzen, begiak ixten ditu, ez du inoiz ezer ikusten».
12 Jaiki, Jainko Jauna! Ekin! Ez ahaztu errukarriez! 13 Nolatan du gaiztoak Jainkoa mesprezatzen? Konturik eskatzen ez duzulakoan dago.
14 Ikusten dituzu, bai, neke eta nahigabeak, ikusi eta zeure gain hartzen. Zuregan uzten du gizagaixoak bere zoria, zu zaitu umezurtzak laguntzaile. 15 Hautsi gaiztoaren indarra, eskatu hari gaiztakeriaren kontu, ez utzi ezer aztertzeke.
16 Jauna errege da betidanik betidaino! Desager bitez sinesgabeak haren lurraldetik! 17 Entzun, Jauna, errukarrien desioak, emaiezu adore, adi izan belarria haiengana, 18 umezurtz eta zapalduaren eskubideak babesteko. Ez beza gehiago beldurrik eman buztinez eginiko gizakiak!
11. salmoa
[aldatu]Jainkoaren justizian uste ona
1 Koru-zuzendariarentzat. Davidena.
Jaunarengan babesten naiz. Nolatan esaten didazue: «Alde mendira, hegaztiak bezala! 2 Gaiztoek uztaia teinkatu baitute eta gezia uztai-harian jarri, bihotz zuzenekoak ilunpean jotzeko. 3 Oinarriek huts egitean, zintzoak zer egin?»
4 Jauna bere tenplu santuan dago, zeruan du tronua: begira-begira dago munduari, gizakiak ditu aztertzen. 5 Jaunak zintzoa du aztertzen, gaiztoa eta gogorkeriazalea bihotzez gorrotatzen. 6 Bidal dezala txingarra eta sufre-euria horien gainera! Izan bedi haize kiskalgarria horien zoria!
7 Zintzoa da, izan ere, Jauna; zuzen jokatzea du maite: zuzenek ikusiko dute haren aurpegia.
12. salmoa
[aldatu]Mundu galduaren erdian erregua
1 Koru-zuzendariarentzat. Zortzi hariko musika-tresnaz. Daviden salmoa.
2 Salba gaitzazu, Jauna! Bukatu dira fededunak, galdu da leialtasuna gizartean! 3 Faltsukeriaz hitz egiten diote elkarri, ezpainez lausengari, bihotzez maltzur.
4 Ebaki beza Jaunak ezpain lausengari oro, handikeriaz mintzo diren mihiak. 5 Honela baitiote: «Mihiak egiten gaitu indartsu; geure ezpainez baliatzen garelarik, nor nagusitu guri?»
6 Baina Jaunak dio: «Errukarriak zapaltzen dituztelako, behartsuak intzirika ari direlako, oraintxe jaikiko naiz eta salbatuko dut hasperenka ari dena». 7 Jaunaren hitzak jatorrak dira, zilar garbia, zazpitan birfindua. 8 Zeuk, Jauna, zeuk babestuko gaituzu beti, zeuk babestuko horrelako jendearengandik: 9 jira-biran dabiltzan gaiztoengandik, gizartean nagusi den gaiztakeriatik.
13. salmoa
[aldatu]Atsekabetuaren deiadarra
1 Koru-zuzendariarentzat. Daviden salmoa.
2 Noiz arte, Jauna? Betiko ahaztu behar ote nauzu? Noiz arte gorde behar didazu zeure aurpegia? 3 Noiz arte egon behar dut kezkaturik, bihotza etengabe penaturik? Noiz arte etsaiaren menpe?
4 Begira, erantzun, Jauna, ene Jainko! Egin argi nire begioi, ez nazan herio-loak har, 5 ez dezan etsaiak esan: «Garaitu dut». Ez bedi nire arerioa nire hondamendiaz poztu!
6 Zure maitasunean dut konfiantza; poz nadila barru-barrutik zure garaipenaz. Orduan, kantuz ekingo diot Jaunari, egin didan onarengatik.
14. salmoa
[aldatu]Sinesgabearen burugabekeria (Sal 53)
1 Koru-zuzendariarentzat. Davidena.
Hau dio eroak bere baitan: «Ez da Jainkorik». Ustelduak daude, gauza higuingarriak egiten dituzte, ez da inor on dagienik.
2 Baina Jauna gizakiei begira dago zerutik, ba ote den zentzu onekorik, Jainkoa bilatzen saiatzen denik. 3 Denak okertu dira, bat egin dute galdukerian; ez da inor on dagienik, bat bera ere ez.
4 Ez ote dute ikasiko gaiztaginek, nire herria ogia bezala irensten duten eta Jaunaz arduratzen ez diren horiek? 5 Ba, beldurrez dardar geldituko dira, zintzoen elkartean baitago Jauna. 6 Errukarriaren asmoez barre egiten duzue, baina Jaunak du hura babesten.
7 Ai baletor Siondik Israelen salbazioa! Jaunak bere herriaren zoria aldatzean, poztuko da Jakob, alaituko Israel.
15. salmoa
[aldatu]Tenpluan sartzeko baldintzak
1 Daviden salmoa.
Jauna, nor egon daiteke zure etxean? Nor bizi zure mendi santuan?
2 Jokaera prestua duena, justiziaren arabera ari dena, bihotz barrutik egia dioena; 3 mihiluze ez dena, lagun hurkoari kalterik egiten ez diona, auzokoa iraintzen ez duena; 4 mesprezagarria bere aurretik bota eta jainkozaleak ohoratzen dituena; bere kaltetan izanik ere, emandako hitzari eusten diona; 5 mailegu-dirua lukurreriaz ematen ez eta errugabearen kaltetan eskupekorik hartzen ez duena. Horrela jokatzen duena ez da sekula kolokatuko.
16. salmoa
[aldatu]Jauna nire on guztia
1 Miktam. Davidena.
Gorde nazazu, Jauna, zuregan baitut babesa. 2 Hau diot: «Oi Jauna, zu zaitut ene Jaun, zuregan baizik ez dut zorionik».
3 Lurralde honetako jainkoak, «ahalmen» deitu horiek, nituen behinola atsegin. 4 Ugal bitez ezbeharrak horien atzetik lehiatzen direnen gainera! Nik ez diet sakrifizioen odolik eskainiko, ez ezpainetan haien izenik hartuko.
5 Zu zaitut, Jauna, neure on guztia, neure kopa, bedeinkapenez betea; zure esku nire zoria! 6 Zoragarria suertatu zaidan alorra, ezin ederragoa nire ondarea!
7 Bedeinkatu nahi dut Jauna, berak baitit aholku ematen, gauez ere ene barrua berak hezitzen. 8 Begi aurrean dut Jauna etengabe; bera ondoan dudala, ez naiteke koloka.
9 Horregatik, alai daukat bihotza, pozez jauzika erraiak, atsedenean lasai gorputza. 10 Ez bainauzu Herio Leizera botako, zure fededuna ez duzu hilobian galtzen utziko. 11 Bizirako bidea erakutsiko didazu: alaitasun betea zure aurrean, betiko zoriona zure ondoan.
17. salmoa
[aldatu]Errugabea justizia eske
1 Daviden otoitza.
Entzun, Jauna! Justizia eske nator! Zaude adi nire deiadarrari, makur belarria nire otoitzari: ez dut engainurik ezpainetan. 2 Emazu nire aldeko epaia, ikus nire zuzentasuna.
3 Aztertu nire barrua, ikertu gauez ere, probatu suaz: ez duzu niregan okerrik aurkituko; nire ahoak ez du huts egin, 4 jendeak ohi duen bezala; gorde dut zure hitza, 5 bide latzetan sendo ezarri ditut oinak; zure arrastotik ez dira aldendu nire urratsak.
6 Deika nauzu, Jainko; erantzungo al didazu! Itzul niregana belarria, entzun nire mintzoa. 7 Erakuts zeure maitasun harrigarria, erasotzaileengandik salbatzen baitituzu zure esku ahaltsuan babesten direnak. 8 Zaindu nazazu zeure begininia bezala, gorde ni zeure hegalen itzalpean, 9 larrutu nahi nauten gaizkileengandik, inguratzen nauten etsai amorratuengandik.
10 Harropuzturik daude; haien ahotik harrokeria besterik ez. 11 Gainean ditut, inguratua naute, ni lurrera botatzeko beti prest, 12 ehiza-irrikaz dagoen lehoiaren antzera, ezkutuan dagoen lehoikumearen antzera.
13 Jaiki, Jauna! Egiezu aurre, bota lurrera! Salba nazazu zeure ezpataz gaizkileengandik! 14 Garbi itzazu zeure eskuz, Jauna, garbitu mundutik! Gal bitez bizidunen artetik! Zuk zaintzen dituzunei, ordea, bete sabela; ase itzazu horien seme-alabak, eta utz bezate sobera dutena beren haurrentzat.
15 Nik, auzi-egunean, zure aurpegia ikusiko dut; piztean, zure izateaz aseko naiz.
18. salmoa
[aldatu]Errege garailearen gorazarrea (2 Sm 22)
1 Koru-zuzendariarentzat. David Jaunaren zerbitzariarena. Jaunak bere etsai guztietatik eta Saulen eskuetatik askatu zuenean, gorazarre hau kantatu zion Davidek.
2 Maite zaitut, Jauna, nire indar! 3 Jauna da nire haitza, nire geriza, bera nire askatzailea; ene Jainko, nire harkaitz babesgarria, nire babeski eta indar salbatzailea, nire gotorlekua. 4 Goretsia zu! Dei egin nion Jaunari, eta etsaiengandik salbatu ninduen. 5 Herio-lokarriek estutu ninduten, uholde gaiztoek ikaratu; 6 Herio Leizeko lokarriek ninduten lotu, herio-sareek harrapatu.
7 Larrialdian dei egin nion Jaunari, deiadar ene Jainkoari. Eta aditu zuen bere tenplutik nire oihua, haren belarrietaraino heldu zen nire deiadarra.
8 Ikaratu zen lurra eta dardaratu, mendien oinarriak mugitu, Jainkoaren haserreak baitzituen astindu. 9 Kea zerion sudurretik, su kiskalgarria, ikatz goriak ahotik. 10 Ireki zuen zerua eta jaitsi zen, oinpean hodei-lainoa zekarren. 11 Hegan zihoan hegadun izakien gainean, haize-hegaletan agertu zen. 12 Gordelekutzat hartu zituen ilunpeak, etxola gisa bere inguruan hodei-laino euritsuak. 13 Haren aurreko distiraz, tximist eta sugarrezko ikatz gori bihurtzen ziren hodeiak. 14 Ortzitik trumoia joarazi zuen Jaunak, deiadar egin Goi-goikoak: tximista eta ikatz goriak sugarretan! 15 Geziak jaurtikiz sakabanatu zituen, tximista eginez ihes eragin. 16 Itsas hondoa agertu zen, lurraren oinarriak agerian jarri Jaunaren orroaz, haren haserre-ziztuaz.
17 Goitik eskua luzatuz hartu ninduen eta uholdetik atera. 18 Etsai indartsuagandik salbatu ninduen, ni baino indartsuago ziren arerioengandik. 19 Lur joa nengoenean eraso zidaten, baina Jauna izan nuen euskarri. 20 Zabaldira atera ninduen, maite nauelako libratu.
21 Neure zuzentasunaren ordaina eman dit Jaunak, neure jokabide garbiaren saria. 22 Jaunaren bideari jarraitu baitiot, ez naiz Jainkoarengandik urrundu. 23 Haren aginduak oro aurrean izan ditut beti, ez naiz saihestu haren arauetatik. 24 Haren aurrean zintzo izan naiz, ez dut batere bekaturik egin. 25 Neure zuzentasunaren ordaina eman dit Jaunak, beraren begietan garbi jokatu dut eta.
26 Leialarentzat leial zara, zintzoarentzat zintzo, 27 asmo garbikoarentzat garbi, asmo txarrekoarentzat zorrotz. 28 Zuk duzu herri zapaldua salbatzen eta harroputzen handikeria makurrarazten. 29 Zuk egiten didazu argi, zuk, Jauna, ene argi-zuzi horrek; ene Jainko, zuk argitzen duzu nire ilunpea. 30 Zure laguntzaz ihes eragiten diot gudu-taldeari, zurekin, ene Jainko, harresiak igarotzen gainetik.
31 Jainkoaren bidea on-ona, Jaunaren hitza sinesgarria. Bera da harengana jotzen dutenen babesa. 32 Nor Jainko, Jauna izan ezik? Nor harkaitz babesle, gure Jainkoa izan ezik? 33 Jainkoak indarrez janzten nau, bide zuzenetik ibilarazten. 34 Oreinarenak bezain arin dizkit oinak egin, eta neure tontorretan sendo nau ezarri. 35 Trebatzen dizkit eskuak gudurako, eta besoak brontzezko uztaia teinkatzeko. 36 Babeskiak bezala gorde nauzu eta salbatu, zure eskuak eutsi dit; erantzun didazu eta indartsu egin. 37 Bidea zabalagotu didazu eta nire oinak ez dira oztopatu.
38 Etsaiak pertsegitu nituen eta harrapatu, eta ez nintzen itzuli denak suntsitu arte. 39 Desegin nituen, ezin izan ziren berriro jaiki, nire oinazpira erori ziren. 40 Indarrez jantzi ninduzun gudurako, menpean jarri zenizkidan arerioak. 41 Nire etsaiak ihesi jarri zenituen, gorroto nindutenak hondatu nituen. 42 Deiadar egin zuten, baina inork salbatu ez; Jaunarengana jo, baina hark entzun ez. 43 Haizeak daraman hautsa bezala xehatu nituen, kaleko lokatza bezala oinpean zapaldu.
44 Ene herriaren liskarretatik atera ninduzun, atzerritarren buruzagi izendatu. Herri ezezaguna jarri zitzaidan zerbitzari, 45 entzuten zidaten eta esana betetzen, arrotzek lausengatzen ninduten. 46 Atzerritarrak kikildu egin ziren, eta beren gordelekuetatik dardaraka irten.
47 Gora Jauna, bedeinkatua ene harkaitza! Goretsia ene Jainko salbatzailea! 48 Ene Jainko, zuk mendekatu nauzu, herriak menpean jarri dizkidazu. 49 Etsaiengandik libratu nauzu, oldartzen zaizkidanen gainetik jaso, gizon zakarrarengandik askatu. 50 Horregatik, Jauna, atzerritarren artean goresten zaitut, zure omenez kantatzen dut.
51 Garaipen handiak eman dizkio bere erregeari, maitasunez jokatu du bere gantzutuarekin, Davidekin eta beraren ondorengoekin betiko.
19. salmoa
[aldatu]Jainkoaren aintza kreazioan eta legean
1 Koru-zuzendariarentzat. Daviden salmoa.
2 Zeruek Jainkoaren aintza kontatzen dute, ortziak haren eskuen lana adierazten. 3 Egun batek besteari mezua ematen dio, gau batek besteari jakinarazten, 4 mintzorik eta hitzik gabe: entzunezinekoa da haien ahotsa. 5 Lurbira guztira zabaltzen da haien hotsa, munduaren bazterreraino haien hizkera.
Han ipini dio Jainkoak egoitza eguzkiari. 6 Senarra ezkongelatik bezala irteten da, atleta gisa, bere lasterketa egitera pozik; 7 zeru-ertz batetik irten eta beste ertzeraino haren itzulbira: haren berotik ezin libratu ezer!
8 Jaunaren hitza ezin hobea: gizakia arnasberritzen du; Jaunaren manamendua fidagarria: heldugabea zuhurrarazten du; 9 Jaunaren legeak zuzenak, bihotzaren pozgarri; Jaunaren agindua distiratsua, begien argigarri. 10 Jaunaren promes garbia: betiko dirau; Jaunaren erabakiak egiazkoak: den-denak bidezkoak; 11 urrea baino desiragarriago, urre araztua baino ere bai; eztia baino gozoago, ezti berria baino ere bai. 12 Zure morroi honek haietan du argia, benetan onuragarri haiek betetzea.
13 Nork ezagutu bere hutsegiteak? Aska nazazu oharkabeko erruetatik. 14 Zaindu nazazu harrokeriatik: ez dakidala nagusitu; horrela, akasgabe izango naiz, bekatu larritik libre. 15 Har itzazu atseginez nire gogoeta eta hitzak, oi Jauna, ene harkaitz eta babesle!
20. salmoa
[aldatu]Erregearen garaipenerako eskaria
1 Koru-zuzendariarentzat. Daviden Salmoa.
2 Entzun zaitzala Jaunak arrisku-egunean, jar zaitzala toki seguruan Jakoben Jainkoak! 3 Bidal diezazula laguntza bere santutegitik, eutsi zuri Sion menditik! 4 Gogora bitza zure eskaintza guztiak eta onar atseginez zure erre-oparia! 5 Eman diezazula nahi duzuna, bete ditzala zure egitasmo guztiak! 6 Ospatu ahal dezagula poz-oihuz zure garaipena, banderak zabalduz gure Jainkoaren izenean! Bete ditzala Jaunak zure eskari guztiak!
7 Orain bai, badakit: Jaunak garaipena ematen dio berak gantzuturiko erregeari; bere zeru santutik erantzuten dio, bere ahalmen handiz garaipena ematen. 8 Batzuk bizkor gudu-gurdiekin, beste batzuk zaldiekin; gu, berriz, Jaunarekin, geure Jainkoarekin. 9 Haiek okertu, erori egiten dira; guk, berriz, zutik eta sendo irauten.
10 Jauna, emaiozu erregeari garaipena! Erantzun, dei egiten dizugunean!
21. salmoa
[aldatu]Garaipen-kantua
1 Koru-zuzendariarentzat. Daviden salmoa.
2 Jauna, pozik dago erregea zure indarrarengatik! Benetan alai, garaipena eman diozulako! 3 Desiratzen zuena eman diozu eta eskatua ez diozu ukatu. 4 Bedeinkapenez eta mesedez bete duzu, urre garbizko koroa ezarri. 5 Bizia eskatu dizu, eta zuk eman, amaigabeko egun luzeetan. 6 Zure garaipenaz, handia da haren ohorea; aintzaz eta ospez estali duzu. 7 Izan ere, betiko bedeinkazioa ematen diozu, zeure presentziaz pozarren jartzen. 8 Bai, Jaunarengan du erregeak konfiantza; Goi-goikoak maite duelako, ez da kolokatuko.
9 Zeure eskuaz atzemango dituzu etsai guztiak, gorroto zaituztenak. 10 Labe gorira botako dituzu, zure haserrea agertzean; bere suminaz irentsiko ditu Jaunak, suaz kiskaliko. 11 Suntsituko duzu lurretik haien ondorengotza, gizakien artetik haien seme-alabak. 12 Zuri hondamena ekarri nahian, azpikeriak asmatzen badituzte ere, ez dute ezer lortuko. 13 Ihes eragingo diezu guztiei, zeure uztaia haien kontra teinkatuz.
14 Izan garaile, Jauna, zeure indarrarengatik! Kantuz eta soinuz ospatuko dugu zure ahalmena.
22. salmoa
[aldatu]Larrialdiko deiadarra eta esker onezko kantua
1 Koru-zuzendariarentzat. «Egunsentiko basahuntza» doinuan. Daviden salmoa.
2 Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu? Zergatik ez duzu entzuten nire deiadarra eta kexua? 3 Egunez deika ari natzaizu, ene Jainko, eta zuk erantzunik ez; bai eta gauez ere, eta bakerik ez dut.
4 Zu, ordea, santutegian bizi zara, Israelen gorespenak hartuz. 5 Gure gurasoak zurekin fidatu ziren; fidatu ziren, eta zuk libratu. 6 Deiadar egin zizuten eta zuk askatu; zurekin fidatu, eta ez zien usteak huts egin.
7 Ni, berriz, har naiz eta ez gizaki, jendeak iraindua, herriak mesprezatua. 8 Ikusten nautenek burla egiten didate, keinuka eta zeinuka. 9 «Jaunarengana jo du; libra dezala, bada! Salba dezala, hainbeste maite badu!»
10 Zuk atera nauzu amaren sabeletik, lasai eduki haren bularrean. 11 Zure esku nago jaiotzatik, zu zaitut Jainko amaren sabeletik.
12 Ez egon niregandik urrun, hurbil baitut arriskua, eta ez dut nork lagundurik. 13 Etsaiek inguratzen naute, zezen-talde handia bailiran, basabere izugarriak bailiran; 14 ahoa zabalik dute nire kontra, lehoi harraparien gisa orroaka. 15 Badoaz nire indarrak, ur isuria irudi; koloka ditut hezur guztiak, urtzen ari zait bihotza, argizaria irudi. 16 Indargabe nago, teila bezain lehor, ahosabaiari itsatsia dut mihia, hilobi-hautsetaraino ekarri naute.
17 Gaizkile-taldeak inguratu nau, zakur-tropelak erdian hartu, esku-oinak zulatu dizkidate. 18 Hezur eta azal gelditu naiz! Haiek adi-adi begiratzen didate. 19 Nire jantziak banatzen dituzte, nire soinekoa zotz egiten. 20 Baina zu, Jauna, ez egon urrun! Ene indar, lagundu! Ez luzatu! 21 Libra nazazu ezpataz hila izatetik, atera nire bizi hau zakur horien atzaparretatik. 22 Salba nazazu lehoiaren ahotik, bufaloen adarretatik.
Erantzun didazu! 23 Hitz egingo diet zutaz neure senideei, goretsiko zaitut batzarraren erdian. 24 Goretsazue Jauna, begirune diozuenok! Emaiozue ohore, Jakoben ondorengo guztiok! Adora ezazue, israeldarrok! 25 Jaunak ez du mesprezatu, ez du gutxietsi gizagaixoaren zorigaitza, ez du harengandik aurpegia saihestu: entzun dio deiadarra. 26 Zeuk eraginik, goretsiko zaitut batzar handian, neure promesak beteko ditut begirune dizutenen aurrean. 27 Asetzeraino jango dute behartsuek, Jauna goretsiko haren bila saiatzen direnek. Ez galdu adorea sekula!
28 Jaunaz oroituko dira lurreko herri guztiak eta harengana itzuliko; haren aurrean ahozpeztuko dira herrietako familia guztiak. 29 Jauna errege da, herri guztien nagusi! 30 Hari ahozpeztuko zaizkio lurpean lo daudenak, haren aurrean makurtuko hilobira jaitsiak, Jainko garaileak biziberritu egiten baitu.
31 Nire ondorengoek Jauna gurtuko dute, Jaunaz hitz egingo diete ondorengo gizaldiei, 32 haren egintza salbagarria adieraziko sortzeko dagoen herriari.
23. salmoa
[aldatu]Uste onezko otoitza
1 Daviden salmoa.
Jauna dut artzain: ez zait ezer falta. 2 Larre guritan etzanarazten nau, ur baretara eramaten, 3 eta indarrak berritzen; bide egokitik narama, leiala delako.
4 Ibar beltz-ilunetan banabil ere, ez dut inolako gaitzen beldurrik, zu nirekin baitzaude: zure artzain-makilak lasaitzen nau.
5 Zuk atontzen didazu mahaia etsaien begi aurrean, ukenduz gantzutzen didazu burua; gainezka dut kopa. 6 Bai, zorionak eta leialtasunak inguratuko naute bizitzako egun guztietan; Jaunaren etxean biziko naiz amaigabeko egunetan.
24. salmoa
[aldatu]Tenplu aurreko liturgi elkarrizketa
1 Daviden salmoa.
Jaunarena da lurra eta bertan dagoena, mundua eta bertan bizi direnak; 2 berak ezarri baitzuen sendo itsasoen gainean, lur azpiko urlasterren gainean.
3 Nor igo Jaunaren mendira? Nor egon hark sagaraturiko tokian? 4 Eskuak errugabe eta bihotza garbi dituena, gezurrezko jainkoetara jotzen ez duena, engainatzeko zinik egiten ez duena. 5 Horrelakoa bedeinkatuko du Jaunak, justizia egingo dio Jainko salbatzaileak. 6 Horiek dira haren bila saiatzen direnak, Jakoben Jainkoa aurkitu nahi dutenak.
7 Ateak, zabal zaitezte! Antzinako ateak, zaudete zabalik, badator-eta erregea, aintzaz betea! 8 Nor da aintzaz beteriko errege hori? Jauna da, indartsu eta ahaltsua, Jauna, guduan ahaltsua!
9 Ateak, zabal zaitezte! Antzinako ateak, zaudete zabalik, badator-eta erregea, aintzaz betea! 10 Nor da aintzaz beteriko errege hori? Jaun ahalguztiduna, bera da aintzaz beteriko erregea!
25. salmoa
[aldatu]Jainkoaren gidaritza eskatzeko otoitza
1 Davidena.
Jauna, zuregana jasotzen dut gogoa. 2 Ene Jainko, zuregan dut konfiantza: ez diezadala usteak huts egin! Ez daitezela etsaiak nitaz poztu! 3 Zuregan itxaron dutenei ez die inoiz usteak huts egingo; bai, ordea, arrazoirik gabe baztertzen zaituztenei!
4 Azaldu niri, Jauna, zeure bideak, erakutsi ni nondik ibiltzea nahi duzun. 5 Zuzen nazazu, zurekiko leial izan nadin, irakats niri, zu baitzara salbatzen nauen Jainkoa; zuregan itxaron dut etengabe. 6 Ekarri gogora, Jauna, zeure errukia eta maitasuna: betidanikoak dituzu. 7 Ez gogoratu, ordea, Jauna, nire gaztetako bekatuak eta nire errebeldiak. Gogora nazazu zeure maitasunaz, zure ontasunari dagokionez.
8 Ona eta zuzena da Jauna, eta bidea jakinarazten die bekatariei. 9 Apalak zuzenbidetik daramatza, bere bidea erakusten die apalei. 10 Jaunak beti maitasunez eta leialtasunez jokatzen du beraren ituna eta manamenduak gordetzen dituztenekin.
11 Zarena zarelako, barka nire errua, Jauna, hain handia den arren! 12 Jakinarazten dio Jaunak begirune dionari zein jokabide behar duen hautatu. 13 Zoriontsu biziko da eta haren ondorengoak lurraz jabetuko. 14 Adiskide ditu Jaunak begirune diotenak, ezagutarazten die bere ituna. 15 Jaunarengan ditut beti neure begiak, nire oinak erortzeko arriskutik gordetzen baititu.
16 Itzul niregana eta erruki zakizkit, bakarrik bainago eta dohakabe! 17 Larritasunak hertsia dut bihotza, atera nazazu estuasun hauetatik. 18 Ikus nire atsekabea eta pena, barka nire bekatu guztiak. 19 Ikus zein ugari diren nire etsaiak, zein gogor nauten gorrotatzen. 20 Gorde nazazu bizirik, libratu! Ez hutsik utzi nire ustea, zuregan baitut babesa! 21 Prestutasunak eta zuzentasunak zainduko naute, zuregan itxaron baitut.
22 Ene Jainko, askatu Israel zoritxar guztietatik!
26. salmoa
[aldatu]Errugabearen otoitza
1 Davidena.
Egidazu justizia, Jauna, nire jokaera prestua baita. Sendo eutsi diot zureganako konfiantzari. 2 Azter nazazu, Jauna, proba nazazu, ikertu nire buru-bihotzak.
3 Begi aurrean dut beti zure maitasuna eta leial jokatu dut zurekiko; 4 ez naiz gezurtien mahaikide izan, ez eta itxuratiekin batera ibili; 5 gorroto dut gaizkileen lagunartea, ez naiz gaiztoen mahaikide izan.
6 Errugabe naizela agertzeko eskuak garbiturik, zure aldarea inguratzen dut, Jauna, 7 zure gorespena ozenki hots eginez, zure egintza miragarriak kontatuz.
8 Maite dut, Jauna, zu bizi zaren tenplua, zure aintzaren egoitza. 9 Ez nazazu egin bekatarien zori bereko, ez nazazu bihur hiltzaileen kideko, 10 eskuak makurkeriaz eta azpidiruz beteak dituzten horien kideko.
11 Nire jokabidea, berriz, prestua da: aska nazazu, erruki zakizkit! 12 Tinko ezarriak ditut oinak; Jauna bedeinkatuko dut batzarrean!
27. salmoa
[aldatu]Jaunaren aterpean beldurrik ez
1 Davidena.
Jauna dut argi eta salbamen: nork ni beldurtu? Jaunak dit bizia babesten: nork ni ikaratu? 2 Gaizkileek ni suntsitzeko asmoz erasotzen badidate, beraiek, ene etsaiak, dira labaindu eta eroriko. 3 Gudaroste batek inguraturik ere, nire bihotzak ikararik ez; nire aurka borrokan hasita ere, nik konfiantza galtzen ez.
4 Gauza bakarra diot Jaunari eskatu, horixe bakarrik dut irrika: Jaunaren etxean bizi nadila bizitza guztian, Jaunaren edertasunari begira eta haren tenpluaren zaindari.
5 Bere aterpean gordeko nau zoritxar-garaian, bere etxolako txokoan ezkutatuko, bere harkaitz gainera jasoko. 6 Horrela, burua tente eramango dut inguratzen nauten etsaien aurrean. Sakrifizioak eskainiko ditut haren etxolan poz-irrintziz, kantatu eta soinua joko diot Jaunari.
7 Entzun, Jauna, dei degizut! Erruki nitaz eta erantzun! 8 Bihotzak esaten dit: «Ea, bila ezazu Jaunaren aurpegia». Zure aurpegiaren bila nator, bai, Jauna. 9 Ez gorde niri zeure aurpegia! Ez baztertu zeure morroi hau haserrez, zu baitzaitut laguntza bakarra! Ez ni bertan behera utzi, ez zapuztu, salbatzaile zaitudan ene Jainko horrek! 10 Aitamek zapuzten banaute ere, Jaunak berekin hartuko nau.
11 Erakustazu, Jauna, zeure bidea, eraman nazazu bide zuzenetik, etsaiak ugari baititut. 12 Ez utzi ni etsaien gogara, lekuko gezurtiak altxatu baitira nire aurka, indarkeria dariela. 13 Ziur nago ni: Jaunaren ontasuna gozatuko dut bizien lurraldean.
14 Itxaron Jaunarengan! Eutsi gogor, izan kemen! Itxaron Jaunarengan!
28. salmoa
[aldatu]Erregu-oihua eta esker onezko kanta
1 Davidena.
Jauna, zuri degizut dei! Ene harkaitz, ez egin entzungor! Erantzuten ez badidazu, hilobira jaisten direnen antzeko izango naiz. 2 Entzun nire erregu-oihua, laguntza eskatzen dizudanean, eskuok zure santutegirantz luzatzen ditudanean.
3 Ez nazazu eraman gaiztoekin batera, gaizkile horiekin batera: besteren aurrean bakezko hitzak dituzte, baina barruan txarkeria. 4 Emaiezu beren egintzen ordaina, beren gaiztakerien ordaina. Emaiezu egin dutenaren saria, itzuli merezi dutena. 5 Ez diete kontu egin Jaunaren egintzei, hark egindakoei: bota ditzala, beraz, lurrera eta jaso ez sekula!
6 Bedeinkatua Jauna, nire erregu-oihua entzun du eta! 7 Jauna dut indar eta babeski. Berarengan izan dut konfiantza; laguntza jaso dut eta pozarren dut bihotza: eskerrak emango dizkiot kantari. 8 Jauna da bere herriaren indar, berak gantzuturiko erregearen babes eta salbamen.
9 Salba, Jauna, zeure herria, bedeinka zeure ondarea. Izan zaitez haien artzain eta gidari beti.
29. salmoa
[aldatu]Ekaitzean ahaltsu ageri den Jaunari gorazarrea
1 Davidena.
Goretsi Jauna, zeruko izakiok, goretsi Jaunaren ospea eta indarra, 2 goretsi Jaunaren izen ospetsua! Ahozpeztu Jaunaren aurrean, bere santutasunez agertzean!
3 Jaunaren ahotsak ur gainean durunda: Jainko aintzatsuak trumoia jo du. Jauna ur handien gainean garai. 4 Jaunaren ahotsa indartsu, Jaunaren ahotsa arranditsu. 5 Jaunaren ahotsak zedroak ditu apurtzen, Jaunak Libanoko zedroak txikitzen. 6 Jaunaren ahotsak ditu tximistez zartatzen. 7 Zekorren antzera salto eragiten die Libanoko mendiei, bufalokumearen antzera Sirion mendiari. 8 Jaunaren ahotsak basamortua du dardararazten, Jaunak Kadex basamortua dardararazten. 9 Jaunaren ahotsak arteak bihurritzen, basoak zuritzen.
Haren zeruko tenpluan denek oihu: «Gora!» 10 Jauna eseria dago ur handien gainetik, Jauna tronuan eseria, betiko errege. 11 Jaunak bere herria indar dezala! Jaunak bere herria bakeaz bedeinka dezala!
30. salmoa
[aldatu]Heriotza-arriskutik sendatuaren esker onezko kanta
1 Tenpluaren sagarapenerako kanta. Daviden Salmoa.
2 Goratua zu, Jauna, onik atera bainauzu! Nire etsaiei ez diezu nire lepotik pozten utzi. 3 Jauna, ene Jainkoa, oihuz laguntza eskatu dizut, eta sendatu nauzu. 4 Jauna, Herio Leizetik atera nauzu; hilobira jaistear nengoela, biziberritu.
5 Kanta Jaunari, haren fededunok, goretsazue, santua dela gogoratuz. 6 Haren haserrea une baterako, haren onginahia bizi guztirako. Arratsean negarrez bagaude ere, goizean berriro poz-oihuz.
7 Lasaialdian hau pentsatu nuen: «Ez naiz sekula kolokatuko». 8 Zeure onginahiaz, Jauna, mendia bezain tinko ezarria ninduzun.
Baina aurpegia gorde zenidan, eta larritu egin nintzen. 9 Zuri dei egin nizun, Jauna, zuri erregu: 10 «Zer irabazten duzu ni hilda, ni hilobira sartuta? Hautsak zu goretsiko ote? Zure leialtasuna iragarriko ote? 11 Entzun, Jauna! Erruki nitaz! Jauna, zatozkit lagun!»
12 Negarra dantza bihurtu didazu, dolu-jantzia festa-jantzi. 13 Nire barruak isildu gabe kantatuko dizu; Jauna, ene Jainkoa, eskerrak emango dizkizut beti.
31. salmoa
[aldatu]Uste onezko otoitza probaldian
1 Koru-zuzendariarentzat. Daviden salmoa.
2 Jauna, zuregan dut babesa: ez dakidala inoiz neure ustea huts gerta! Zuzena baitzara, atera nazazu onik. 3 Entzun, arren, niri! Libra nazazu, ez luza! Izan zakizkit harkaitz babesle, gaztelu salbatzaile. 4 Zu zara, izan ere, nire haitz eta gotorleku. Eraman nazazu eta gidatu, zarena zarelako. 5 Atera nazazu jarri didaten tranpatik, zu baitzaitut gotorleku. 6 Zure eskuetan jartzen dut bizia: aska nazazu, Jauna, Jainko leiala!
7 Gorroto ditut sasijainkozaleak; nik Jaunarengan konfiantza. 8 Pozaren pozez jauzi egingo dut zure maitasunagatik, ikusi baituzu nire atsekabea, arduratu baitzara nire larrialdiaz, 9 ez nauzu utzi etsaiaren eskuetan, lasaialdia eman didazu.
10 Erruki, Jauna, larri naiz eta: saminaren saminez erretzen dauzkat begiak, eztarria, gorputz osoa. 11 Bizitza tristuraz akitzen ari zait, urteak negarrez doazkit. Minaren minez, indarrak galtzen ari zaizkit, hezurrak hausten. 12 Iseka egiten didate etsaiek; areago, neure auzokoek. Beldurra ematen diet adiskideei: ni kalean ikustean, ihesi doaz. 13 Ahaztua naute erabat, hildakoa bezala, alferreko tresna bainintzan. 14 Jendearen marmarra entzuten dut, izu-ikara edonondik. Denek nire aurka elkar hartu dute, niri bizia nola kenduko.
15 Baina nik, Jauna, zuregan dut konfiantza eta etengabe diotsut: «Zu nire Jainko». 16 Zure eskuetan nire zoria: libra nazazu pertsegitzen nauten etsaiongandik! 17 Erakutsi aurpegi argia zerbitzari honi, salba nazazu zeure maitasunaz.
18 Jauna, zuri dei egitean, ez dakidala neure ustea huts gerta! Huts egin biezaie, ordea, beren usteak gaiztoei, gal bitez Herio Leizeko isilpean! 19 Geldi bitez mutu ezpain gezurtiak, zintzoaren aurka ari baitira jardunean lotsagabe, harrokeriaz eta mesprezioz. 20 Bai handiak, Jauna, begirune dizutenentzat gordeak dituzun ondasunak! Denen bistan ematen dizkiezu zuregan babesa dutenei. 21 Zeure begiradapean gordetzen dituzu, giza azpikerietatik urrun. Zeure gerizpean babesten dituzu, borroka eta liskarretatik urrun.
22 Bedeinkatua Jauna, mirariak egin baitizkit haren maitasunak, estualdian nengoela. 23 Ikararen ikaraz, hau pentsatu nuen: «Bere begi-bistatik bota egin nau Jaunak». Zuk, ordea, entzun zenuen nire erregua, laguntza eske deiadar egin nizunean.
24 Maita ezazue Jauna, haren fededun guztiok! Leial zaizkionak Jaunak babesten ditu, harroei, berriz, ordain gogorra ematen. 25 Eutsi sendo, izan bihotz, Jaunarengan itxaron duzuenok!
32. salmoa
[aldatu]Bekatuak aitortzeko deia
1 Daviden poema.
Zoriontsua Jainkoak hobena kendu eta bekatua barkatu diona! 2 Zoriontsua Jaunak errurik egozten ez diona eta bere barruan makurkeriarik ez duena!
3 Isilik egon nintzen bitartean, jota nuen gorputza, egun osoan aieneka. 4 Gau eta egun gainean nuen zure esku gogorra, indarrak makaltzen ari zitzaizkidan, udako sargoritan bezala.
5 Orduan, aitortu nizun bekatua, ez nizun gorde errua. Hobenak zuri aitortzea erabaki nuen, Jauna, eta barkatu zenizkidan erru eta bekatuak.
6 Otoitz egin biezazu, beraz, fededunak, larri denean: uholde handia izanik ere, ez du harrapatuko. 7 Zu niretzat babesleku: arriskutik gordetzen nauzu, askapen-kantaz inguratzen.
8 «Irakatsi egingo dizut eta jarraibidea erakutsiko; aholku emango dizut eta zure ardura izango. 9 Ez izan zaldi eta mando adimengabeen antzeko: galgaz eta ahokoz eutsi behar zaio haien indarrari; bestela, ezin zara hurbildu».
10 Gaiztoentzat oinaze ugari; Jaunarengan konfiantza duena, berriz, haren maitasunak inguratzen.
11 Poztu eta alaitu Jaunarekin, zintzoak! Egin poz-oihu, bihotz zuzeneko guztiok!
33. salmoa
[aldatu]Jainko kreatzaile eta zaintzaileari laudorioa
1 Egin poz-oihu Jaunari, zintzook! Zuzenek behar dute Jainkoa goretsi. 2 Goraipa Jauna zitaraz, jo harentzat hamar hariko harpa; 3 kanta hari kantu berria, jo trebeki eta egin irrintzi.
4 Jaunaren hitza zuzen-zuzena baita, haren egintza guztiak fidagarriak. 5 Justizia eta zuzenbidea maite ditu; Jaunaren maitasunaz betea da lurra. 6 Jaunak bere hitzaz egin du ortzia, bere aho-arnasaz astro guztiak. 7 Itsas urak pilatzen ditu eta hesi barruan biltzen, ozeanoak multzotan batzen. 8 Errespeta beza Jauna lur osoak, ikara bitez haren aurrean munduko biztanle guztiak. 9 Berak esan, eta dena egin zen; berak agindu, eta dena izaten hasi.
10 Nazioen egitasmoak Jaunak ditu desegiten, herrien asmoak hutsean galtzen. 11 Jaunaren egitasmoak, berriz, betiko dirau, haren barne-asmoak menderen mende. 12 Zorionekoa Jauna Jainko duen nazioa! Zorionekoa hark beretzat aukeratu duen herria!
13 Jaunak, zerutik begira, gizaki guztiak ikusten ditu; 14 bere bizilekutik jarriak ditu begiak munduko biztanle guztiengan; 15 berak egin zituen haien bihotzak, eta adi dago haien egintza guztiei. 16 Erregea ez du gudaroste handiak salbatzen, ez eta gudaria ere indar handiak libratzen. 17 Alferrik dira zaldiak garaipena lortzeko, gudaroste handia aski ez, onik ateratzeko. 18 Jaunak ditu zaintzen begirune diotenak, haren maitasunean itxaropen dutenak, 19 heriotzatik libratu eta gosetean bizirik gordetzeko.
20 Guk Jaunarengan dugu itxaropena: bera dugu laguntzaile eta babesle! 21 Harengandik datorkigu bihotzeko poza, santua den harengan gure konfiantza. 22 Betor gurekin, Jauna, zure maitasun leiala, zuregan jarria baitugu esperantza!
34. salmoa
[aldatu]Meditazioa. Jaunak zintzoa zaintzen
1 Davidena. Abimeleken aurrean eroarena egin zuelarik, hark David bota eta honek alde egin zuenekoa.
2 Bedeinkatuko dut Jauna une oroz, etengabe goretsiko ene ezpainez. 3 Harro nago Jaunaz; entzun bezate apalek eta poztu. 4 Handietsi nirekin batera Jauna, gora dezagun elkarrekin haren izena.
5 Jaunarengana jo nuen eta hark erantzun, beldur guztietatik libratu ninduen. 6 Hari begiratzen diotenak argi-argi egongo dira, ez zaie aurpegia lotsaz gorrituko. 7 Dohakabe honek dei egitean, Jaunak entzun eta larrialdi guztietatik atera zuen. 8 Zaindari dago Jaunaren aingerua begirune diotenen inguruan, arriskuetatik ateratzeko.
9 Dasta eta ikus zein ona den Jauna: zorionekoa berarengan babesa duena! 10 Izan Jaunari begirune zuek, hari sagaratuok, ez baitzaie ezer faltako begirune diotenei. 11 Aberatsek ere badakite zer den beharra eta gosea, Jaunarengana jotzen dutenei ez zaie ezer falta.
12 Ene haurrok, zatozte entzutera! Jauna errespetatzen erakutsiko dizuet. 13 Nork ez du maite bizia? Nork ez du nahi luzaroan bizi eta zoriontsu izan? 14 Gorde ezazu mihia gaitzetik eta ezpainak engainutik. 15 Alde gaitzetik, egin on dena, bila bakea eta jarrai haren bidetik.
16 Zintzoengana ditu Jaunak begiak, haien deiak entzuteko adi belarriak. 17 Aurpegi ematen die Jaunak gaizkileei, lurgainetik ezabatzeko haien oroitzapena. 18 Deiadar egitean, Jaunak entzun egiten du eta larrialdi guztietatik libratzen. 19 Hurbil dago Jauna bihotz-hautsiengandik eta salbatzen ditu etsita daudenak.
20 Zoritxar asko izaten du zintzoak, baina guztietatik libratzen Jaunak. 21 Hezur guztiak zaintzen dizkio, bat bakarra ere ez diote hautsiko. 22 Gaiztakeriak hilko du gaiztoa, zintzoari gorroto diotenek zigorra izango.
23 Jaunak gordetzen du bere zerbitzarien bizia, ez dute zigorrik harengan babesa dutenek.
35. salmoa
[aldatu]Erasotzaileen kontra justizia eske
1 Davidena.
Salatu, Jauna, salatzen nautenak; borrokatu, borrokatzen nautenak. 2 Hartu ezkutua eta koraza, eta zatozkit laguntzera. 3 Atera lantza eta azkona, pertsegitzen nautenei aurre egiteko, eta esadazu: «Neu nauzu salbatzaile!» 4 Huts egiezu eta lotsarazi ni hiltzeko dabiltzanak. Atzera egin bezate, lotsagorritan, ni nondik hondatuko dabiltzanek. 5 Izan bitez haizeak daraman lastoaren antzeko, zure aingeruak kanpora jaurtikitzean! 6 Izan bedi ilun eta labain haien bidea, zure aingeruak pertsegitzean!
7 Arrazoirik gabe, tranpa jarri didate; motiborik gabe, zuloa zabaldu. 8 Betorkie gainera ustekabeko hondamena! Harrapa bitza jarri duten tranpak eta eror bitez hondamendian!
9 Orduan, Jaunarekin alaituko naiz, salbatu nauelako poz-pozik izango. 10 Bihotz-bihotzetik esango dut: «Nor zu bezalakorik, Jauna? Dohakabea askatzen duzu indartsuagoaren eskutik; errukarri eta behartsua, zapaltzaileagandik».
11 Lekuko bihozgabeak altxatzen zaizkit, eta jakin ere ez dakizkidanak leporatzen. 12 Onaren ordain gaitza ematen didate, eta lur jorik uzten. 13 Ni, ordea, haiek gaixo zeudenean, dolu-jantzitan ibili ohi nintzen, neure burua barauaz zigortzen nuen eta neure barruan otoitz eta otoitz egiten. 14 Adiskide eta senideak bezala nituen, eta kopetilun eta burumakur ibili ohi nintzen, amaren hiletak banitu bezala. 15 Baina nik estropezu egitean, pozik bildu dira, nire kontra bildu dira joka, zergatik ez dakidala larrutzen naute, etengabe irainduz. 16 Inguruan ditudan isekariek hortzak erakusten dizkidate.
17 Jauna, noiz arte egon behar duzu begira? Askatu nire bizia haien tranpetatik! Libra nazazu lehoi horiengandik! 18 Eskerrak emango dizkizut batzar nagusian, jendetzaren aurrean zaitut goretsiko.
19 Ez dezatela nire lepotik barre egin nire etsai maltzurrek! Ez dezatela begi-keinuka jardun arrazoirik gabe gorroto didatenek! 20 Ez dute inoiz bakezko hitzik; lurraldeko jende baketsuaren aurka makurkeriak asmatzen dituzte. 21 Nire aurka aho zabal, honela diote: «Hara, guk geuk ikusi dugu!»
22 Ikusi duzu, Jauna! Ez isildu! Jauna, ez egon niregandik urrun! 23 Esnatu eta zatoz nire eskubidearen alde, jokatu auzian nire alde, ene Jaun eta Jainko! 24 Egidazu justizia zeure justiziari dagokionez, ene Jainko Jauna! Ez dezatela nire lepotik barre egin! 25 Ez dezatela pentsa: «A zer gozamena!» Ez dezatela esan: «Horrenak egin ditugu!» 26 Lotsagorritan geldi bitez, denak batera, nire zoritxarraz pozten direnak! Lotsaz eta laidoz estali bitez nire aurka harro dabiltzanak!
27 Alai bitez eta poz-oihuka ekin nire eskubideen alde daudenek! Behin eta berriz esan bezate: «Handia da Jauna! Bere morroiari zoriona opa izan dio». 28 Eta nire mihiak zure justizia iragarriko du, egunero zu goratuko!
36. salmoa
[aldatu]Meditazioa. Jaunaren probidentzia bizi-emailea
1 Koru-zuzendariarentzat. Jaunaren zerbitzari Davidena.
2 Gaiztakeria mintzo zaio gaiztoari barruan. Harengan ez da Jainkoarenganako beldurrik. 3 Hain baitu leun hartzen bere burua, ez da gauza errua ikusteko, ez gorrotatzeko. 4 Okerra eta engainua besterik ez du ahoan, galdua du onerako sena. 5 Ohean ere, okerra darabil gogoan; bide txarrean setati, ez du gaizkia utzi nahi.
6 Jauna, zure maitasuna zeru zabala adinakoa, zure leialtasuna hodeietarainokoa. 7 Zure justizia mendirik handienak bezalakoa, zure probidentzia ozeano mugagabea adinakoa: gizaki eta abereak zuk biziarazten dituzu. 8 Bai zoragarria zure maitasuna, oi Jainko! Zure hegalpera biltzen dira gizakiak. 9 Zeure etxeko janari guriz asetzen dituzu, zeure atseginen ibaian edanarazten. 10 Zuregan da biziaren iturria eta zure argiaz ikusten dugu argia.
11 Luza zeure maitasuna aintzat hartzen zaituztenei, zeure justizia bihotz-zuzenei. 12 Ez nazala zapal harroaren oinak, ez eta kanpora bota gaiztoaren eskuak! 13 Horra hor gaizkileak erori: lur jota daude, jaikiezinik.
37. salmoa
[aldatu]Zintzoen eta gaiztoen zoriari buruz irakaspena
1 Davidena.
Ez zaitez gaiztoengatik haserretu, ez eta gaizkileen inbidiatan egon ere, 2 belarra bezain bizkor ihartzen baitira eta berehalaxe zimeltzen.
3 Izan konfiantza Jaunarengan eta egin on dena, zeure herrialdean bizi eta bertako aberastasunaz gozatzeko. 4 Izan bedi Jauna zure atsegina, eta berak emango dizu bihotzak eskatzen dizuna.
5 Utzi Jaunaren esku zeure zoria, izan konfiantza harengan: berak ekingo dio zure alde; 6 goizeko argia bezain distiratsu egingo du zure zuzentasuna, eguerdiko eguzkia bezain argitsu zure zuzenbidea.
7 Egon lasai Jaunarengan, itxaron berarengan; ez zaitez sutu arrakasta duenaren aurka, maltzurkeriaz dabilenaren kontra.
8 Utzi haserrea, baztertu sumina, ez zaitez sutu, kalterako izango duzu eta; 9 izan ere, kanporatu egingo dituzte gaizkileak; herrialdeaz jabetuko dira, ordea, Jaunaz fio direnak.
10 Itxaron pixka bat, eta kito gaiztoa, bilatu arren, ez duzu gehiago aurkituko. 11 Apalak izango dira herrialdearen jabe, bake osoaz gozatuko dira.
12 Zintzoaren kontra gaiztoa azpijokoan, beraren aurka erakusten ditu hortzak. 13 Baina Jaunak barre egiten du halakoaz, bai baitaki ordua datorkiola.
14 Ezpata atera eta uztaia teinkatzen dute gaiztoek dohakabea eta behartsua eraisteko, zuzen dabiltzanak hiltzeko. 15 Baina ezpata beren bihotzean sartuko zaie eta uztaiak apurtuko.
16 Gehiago balio du zuzenaren apurrak aberats gaiztoaren ugaritasunak baino, 17 ahuldu egingo baitira gaiztoen besoak; zintzoei, ordea, Jaunak eutsiko.
18 Jauna arduratzen da prestuen bizitzaz eta beren ondarearen jabe izango dira betiko. 19 Zoritxar-egunetan ez dute porrot egingo, gose-egunetan asebeteak izango dira. 20 Galdu egingo dira gaiztoak; Jaunaren etsaiak, zelaietako belar ondua bezala, su hartu eta ketan joango dira.
21 Gaiztoak maileguan hartu eta ez du itzultzen, zintzoak errukitu eta eman egiten du. 22 Jaunak bedeinkatuak izango dira herrialdearen jabe; hark madarikatuak, berriz, betiko hondatuak.
23 Jaunak segurtatzen ditu gizakiaren pausoak eta atsegin duen bidetik eramaten. 24 Estropezu egiten badu ere, ez da erortzen, eskutik heltzen baitio Jaunak.
25 Gazte izan nintzen, orain zaharturik nago: ez dut sekula ikusi zintzoa bertan behera utzia, ez eta haren ondorengorik ere ogi eskean. 26 Zintzoa beti da errukitsu eta eskuzabal, bedeinkatuak dira haren seme-alabak.
27 Alde gaitzetik, egin on dena, eta beti izango duzu non bizi, 28 zuzenbidea maite baitu Jaunak eta ez ditu bere fededunak bertan behera uzten.
Beti izango dute babesa; gaiztoaren ondorengotza, berriz, suntsitua izango da. 29 Herrialdearen jabe izango dira zintzoak, eta beti bertan biziko.
30 Zuzenak jakinduriaz hitz egiten du, bidezko dena esaten. 31 Bere Jainkoaren hitza du bihotzean, haren oinek ez dute huts egingo.
32 Gaiztoak zelatan egoten zaizkio zintzoari, nola hilko asmatzen. 33 Baina Jaunak ez du haien eskuetan lagako, epaitzen badute ere, ez du kondenatzen utziko.
34 Itxaron Jaunarengan eta jarrai haren bideari; berak altxatuko zaitu herrialdearen jabe izateraino eta zeuk ikusiko duzu gaiztoaren suntsipena.
35 Ikusi dut gaiztoa bere indarraz harropuztua, zuhaitz mardula bezala zabaldua. 36 Baina desagertu da, ez da jadanik, bila ibili eta ezin izan dut aurkitu.
37 Begira gizaki prestuari, so egin zuzenari: badu etorkizunik bakezaleak. 38 Errebeldeak denak batera suntsituko dituzte, gaiztoen geroa hondatua dago.
39 Zintzoen salbamena Jaunarengandik dator: hura dute gotorleku arrisku-garaian. 40 Jaunak laguntzen die eta onik ateratzen, onik ateratzen gaiztoengandik eta salbatzen, berarengan baitira babestu.
38. salmoa
[aldatu]Gaixo eta errudunaren laguntza-eskaria
1 Daviden salmoa. Oroigarritzat.
2 Jauna, ez ni zigortu haserre, ez ni zentzatu sumindurik. 3 Josia naukate zure geziek, gainean jo nau zure eskuak. 4 Gorputz osoa dut mindua, zure haserre-zigorrarengatik, hezurrik ere ez sano, neure bekatuagatik. 5 Buruz gain ditut neure erruak, azpian hartua naute, zama astunegiak legez. 6 Nire zauriak gaiztotuak daude eta zornatan, nire zorakeriaren ondorioz. 7 Okerturik eta makur nabil, egun osoan kopetilun. 8 Sukarrak hartua nau hondoraino, gorputz osoa dut mindua. 9 Leher eginda nago, guztiz lur jota, garrasika eta aieneka barru-barrutik.
10 Ezagunak dituzu, Jauna, nire irrika guztiak, nire intziriak ez daude zuretzat ezkutuan. 11 Taupada bizian dut bihotza, huts egin didate indarrek, alde egin dit begietako argiak ere. 12 Nire zauriak direla-eta, urrun doazkit adiskide eta lagunak, urrun gelditzen senitartekoak ere. 13 Bizia kendu nahi didatenek tranpak jarri dizkidate, kalte egin nahi didatenak egun osoan ari zaizkit mehatxuka eta makurkeriak asmatzen.
14 Baina nik gorrarena egiten dut, entzungo ez banu bezala, ez dut ahorik zabaltzen, mutua banintz bezala. 15 Eta hala bihurtu naiz, entzuten ez duen eta erantzunezin duenaren antzeko.
16 Jauna, zuregan dut itxaropen: zuk erantzungo didazu, Jauna, ene Jainko! 17 Hona nire eskaria: ez dezatela barre egin nire lepotik, ez daitezela nire kontra harro, koloka naizenean. 18 Izan ere, erortzeko zorian nago, minak ez dit alde egiten.
19 Bai, aitortzen dut errua, larritua nauka neure bekatuak. 20 Indartsu dira nire biziaren etsaiak, ugari, bidegabez gorroto nautenak, 21 onaren ordain gaitza ematen eta on egiten saiatzen naizelako salatzen nautenak.
22 Jauna, ez utzi ni! Ene Jainko, ez geldi urruti! 23 Lagundu berandu gabe, ene Jaun, ene salbatzaile horrek!
39. salmoa
[aldatu]Bizitzaren galkortasunagatik deitorea
1 Koru-zuzendariarentzat. «Jedutun»en doinuaz. Daviden salmoa.
2 Neure buruari esana nion: «Zainduko dut neure jarduera, mihiaz huts egin ez dezadan; ezpainak josirik gordeko ditut, aurrean gaizkilerik dudan bitartean». 3 Mutu gelditu nintzen, behar baino ere gehiago isildu. Baina nire mina gero eta biziagoa; 4 erretzen neukan bihotza bularrean, gogoan nerabilela, sua pizten zitzaidan, ezpainak ireki nituen arte eta hitz egin: 5 «Jauna, emadazu ezagutzera neure azkena eta neure bizitzaren luzera, zeinen galkorra naizen jakin dezadan. 6 Unetxo bateko bizia eman didazu; zure aurrean hutsa da bizitzaren iraupena. Arnasaldi bat besterik ez da gizakia! 7 Ametsetan bezala dabil harat-honat, haizea bezain hutsala haren zalaparta; ondasunak pilatu eta norentzat jakin ez».
8 Zer itxaron dezaket, beraz, Jauna? Zuregan nire itxaropen bakarra! 9 Libra nazazu neure bekatu guztietatik, ez egin ni eroaren barregarri. 10 Isilik nago, ahorik zabaldu gabe, dena zeuk egina baita. 11 Urrundu niregandik zeure zigorra, zure kolpeez akiturik bainago. 12 Erruak zigortuz zentzarazten duzu gizakia, eta sitsak jantzia bezala hauts bihurtzen hark maiteen duena. Arnasaldi bat besterik ez da gizakia!
13 Entzun nire otoitza, Jauna! Jaso nire deiadarra! Ez egin entzungor nire negarrari! Izan ere, gonbidatu bat besterik ez naiz zurean, ostatuz naukazu, arbasoak bezala. 14 Ken niregandik begirada zorrotz hori, noizbait ere irribarre egin ahal dezadan, hemendik joan eta izateari utzi baino lehen.
40. salmoa
[aldatu]Salbazioa jendaurrean iragarri. Laguntza eske oihu larria
1 Koru-zuzendariarentzat. Daviden salmoa.
2 Jaunarengan jarria nuen itxaropen guztia: makurtu eta entzun du nire deiadarra. 3 Herio Leize sakonetik nau atera. Haitz gainean tinko jarri ditu nire oinak, seguruak egin nire pausoak. 4 Kantu berria ipini dit ezpainetan, gure Jainkoarentzat gorespen-kanta. Askok ikusiko dute hau eta, ikaraturik, Jaunarengan konfiantza izango. 5 Zorionekoa Jaunarengan fidatzen dena, idolo eta sasijainkoetara jotzen ez duena!
6 Jauna, ene Jainko, bai ugari egin dituzula mirariak! Zenbat egitasmo gure alde! Ez da zure parekorik! Aldarrikatu nahi ditut eta hots egin, baina konta ahala baino gehiago dira.
7 Ez duzu nahi izan sakrifizio eta eskaintzarik, ez erre-opari, ez bekatuen barkamen-oparirik; baizik eta belarriak ireki dizkidazu, zuri entzuteko. 8 Horregatik diot: «Hemen nauzu». Liburuan agintzen zait 9 zure nahia betetzeko. Ene Jainko, atsegin dut zure legea neure barne-muinetan. 10 Batzar nagusian iragarri dut zure salbazioa, ez ditut ezpainak itxi, ongi dakizu, Jauna! 11 Zure salbazioa ez dut golkorako gorde, zure leialtasun eta salbamenaren berri eman dut, zure maitasun eta fintasuna ez ditut batzar nagusian isildu. 12 Jauna, ez ukatu niri zeure errukia! Zure maitasun eta leialtasunak gorde nazatela beti!
13 Ezin konta ahalako zoritxarretan murgildua nago. Neure erruek inguratua naukate, ihesbiderik gabe: ezin ditut denak ikusi ere egin! Buruko ileak baino ugariago dira, bihozgabeturik nago.
14 Jauna, zatoz agudo ni askatzera! Jauna, zatoz laster laguntzera! 15 Lotsagorritan geldi bitez, denak batera, ni hil nahian dabiltzanak! Atzera egin bezate, barregarri, zoritxarra opa didatenek! 16 Lotsaz nahasturik geldi bitez burla egiten didatenak! 17 Poz eta alai bitez zurekin zuregana jotzen dutenak! «Handia da Jauna!», esan bezate etengabe zure salbamena maite dutenek! 18 Behartsu eta dohakabe naiz, baina Jauna da nitaz arduratzen. Zu zara nire laguntzaile eta askatzaile, ene Jainko, ez luza!
41. salmoa
[aldatu]Gaixotasun larrian egon denaren otoitza
1 Koru-zuzendariarentzat. Daviden salmoa.
2 Zorionekoa gizagaixoaz arduratzen dena! Onik aterako du Jaunak zoritxar-garaian. 3 Bizirik gordeko du eta zoriontsu egingo lurrean, ez du utziko etsaien gogara. 4 Ohean minez dagoela, Jaunak lagunduko dio, eta gaixoaldian oneratuko.
5 Nik hau esan nuen: «Erruki, Jauna! Senda nazazu, zure aurka bekatu egin dudan arren». 6 Etsaiak gaizki-esaka ari zaizkit: «Noiz hil behar ote du? Noiz galduko ote honen izena?» 7 Ikustera datorkidana, faltsukeriaz mintzo da: txarkeria du barruan gordeta eta kanpora irtetean zabaltzen. 8 Gorroto didatenak, elkar harturik, nire aurka marmarrean ari dira, burutazio okerrak dituzte niretzat: 9 «Eritasun gaiztoak harrapatu du, ez da gehiago ohetik jaikiko!» 10 Nire adiskiderik minena ere, konfiantza osoko eta mahaikide nuena, kontra jarri zait. 11 Baina zu, Jauna, erruki nitaz, altxa nazazu, beren ordaina eman diezaiedan!
12 Honetantxe dakit maite nauzuna: etsaiak ez duela garaipen-oihurik egin nire bizkarretik. 13 Osasuntsu iraunaraziko nauzu, zutik eutsiko zeure aurrean betiko.
14 Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa, betidanik betidaino! Amen. Amen.
42. salmoa
[aldatu]Jainkoarengandik urruti dagoenaren otoitza
1 Koru-zuzendariarentzat. Koreren semeen poema.
2 Basahuntza irrikaz errekara bezala, halaxe ni zuregana, ene Jainko. 3 Jainkoaren egarri naiz, Jainko biziaren egarri: noiz iritsiko ni Jainkoaren aurpegia ikustera?
4 Gau eta egun malkoak ditut janari, jendea uneoro galdezka ari zaidala: «Non duk Jainkoa?» 5 Bihotza urtzen zait barruan, gogora ekarriz nola joaten nintzen tenplura, Jainkoaren etxera, poz-oihuz eta gora-goraka, jai-giroan jendetzaren artean.
6 Zergatik zaude, ene barrena, hain goibel? Zergatik hain urduri? Itxaron Jainkoarengan! Goretsiko dut, bai, berriz ere, haren presentzia salbatzailea.
7 Ene Jainko, triste dut bihotza; horregatik zakartzat gogora Jordan aldetik, Hermon gainetik, Mitzar menditik. 8 Zure urjauzien burrunbadaren oihartzuna leizerik leize: zure uhin eta olatu oldartsuak gainetik igaro zaizkit. 9 Jaunak bere maitasuna bidaliko dit egunez eta gorespen eta otoitz egingo diot gauez nire bizia den Jainkoari. 10 Hauxe esango diot: «Ene haitz, zergatik ahaztu nauzu? Zergatik behar dut goibel ibili, etsaiak estuturik?» 11 Hezurrak ere mailatuak ditut, etsaiek iseka egiten didate, etengabe ari zaizkidala: «Non duk Jainkoa?»
12 Zergatik zaude, ene barrena, hain goibel? Zergatik hain urduri? Itxaron Jainkoarengan! Goretsiko dut, bai, berriz ere, haren presentzia salbatzailea.
43. SALMOA
[aldatu]1 Egidazu justizia, ene Jainko, defenda nire auzia sinesgabeen aurka. Libra nazazu maltzur-gaiztoaren eskutik. 2 Ene Jainko babesle horrek, zergatik baztertu nauzu? Zergatik behar dut goibel ibili, etsaiak estuturik?
3 Bidali zure argia eta zure egia: gida nazatela, eraman nazatela zure mendi santura, zure bizilekura. 4 Eta zure aldarera iritsiko naiz, oi Jainko, nire poz betea zaren Jainko horrengana. Zitara joz goretsiko zaitut, Jainko, ene Jainko.
5 Zergatik zaude, ene barrena, hain goibel? Zergatik hain urduri? Itxaron Jainkoarengan! Goretsiko dut, bai, berriz ere, haren presentzia salbatzailea.
44. salmoa
[aldatu]Herri zapalduaren deitorea
1 Koru-zuzendariarentzat. Koreren semeen poema.
2 Oi Jainko, geure belarriz entzuna dugu, gurasoek kontaturik, zuk haien garaian, aspaldi hartan, eginaren berri. 3 Zeure eskuaz kanpora bota zenituen beste nazioak, gure gurasoak bertan landatzeko; beste herriak gogor jo zenituen, gure gurasoak bertan hazarazteko. 4 Ez ziren beren armei esker nagusitu lurraldeaz, ez zuten beren indarrari esker lortu garaipena, zure ahalmenari eta indarrari eta presentzia argitsuari esker baizik, maite zenituelako.
5 Zuk, ene Jainko eta ene errege, zuk eskuratzen diozu Israeli garaipena! 6 Zuri esker jo ditugu etsaiak, zure bidez zapaldu erasotzaileak. 7 Konfiantza ez geneukan uztaian jarria, garaipena ez zigun ezpatak ematen. 8 Zuk egin gintuzun etsaien garaile, zuk utzi zenituen gorroto digutenak lotsagarri. 9 Zu goresten zintugun egunero, Jainko, zu ospatzen etengabe.
10 Orain, ordea, baztertu egin gaituzu eta lotsarazi, ez zara jadanik joaten gure gudarostearekin gudura. 11 Etsaien aurrean ihes eragin diguzu, eta gorroto digutenek larrutu egiten gaituzte. 12 Hiltzeko ardiak bezala eman gaituzu, beste nazioen artean sakabanatu. 13 Zeure herria hutsean saldu duzu, irabazirik gabe saldu ere. 14 Auzoko herrien isekagai egin gaituzu, ingurukoen burla eta barregarri. 15 Nazioen irri-lelo egin gaituzu, herrien ahogozagarri. 16 Begi aurrean dut beti neure desohorea, lotsaz gorri aurpegia, 17 mesprezio eta irainak direla eta, mendeku bila dabilen etsaia dela eta.
18 Hori guztia gertatu zaigu, zu ahaztu ez zaitugun arren, zure itunari huts egin ez diogun arren. 19 Gure bihotza ez da zuregandik urrundu, ez gure pausoak zuregandik okertu. 20 Eta hala ere, basa txakurren artera bota gaituzu eta herio-itzalean murgildu. 21 Geure Jainkoa ahaztu bagenu eta beste jainkoengana besoak luzatu, 22 konturatuko zen, bai, Jainkoa, bihotz-zoko ezkutuenak ere ezagutzen dituena. 23 Baina ez, zuregatik egunoro hilzorian gauzkate, hiltzeko ardiak bezala garabiltzate.
24 Esnatu, Jauna! Zergatik zaude lo? Ekin! Ez gu betiko zapuztu! 25 Zergatik ezkutatzen diguzu aurpegia eta gure zoritxarra eta zapalkuntza ahazten? 26 Lur jota gaude, hautsetan narraska.
27 Jaiki eta zatoz laguntzera! Aska gaitzazu zeure maitasun leialarengatik!
45. salmoa
[aldatu]Eztei-kanta
1 Koru-zuzendariarentzat. «Liliak» doinuan. Koreren semeen poema. Amodio-kanta.
2 Hitz ederrez barrua gainezka, erregeari opa diot neure olerkia. Idazle trebearen luma da nire mihia.
3 Gizasemeetan ederrena zara, ezpainetatik xarma darizu, Jainkoak betidanik bedeinkatu baitzaitu! 4 Lotu gerrian ezpata, gudari ausart horrek, zeure aintza eta ospea agertuz. 5 Zeure ospez, izan garaile egia eta justiziaren aldeko borrokan. Jaurtiki zeure eskuaz 6 gezi zorrotz ikaragarri horiek: herriak menpean jarriko zaizkizu, erregearen etsaiak adoregabe geldituko. 7 Betiereko Jainkoak ezarri zaitu errege; zure erregetza zuzentasun-erregetza. 8 Zuzen dena behar duzu maite, oker dena gorrotatu, Jainkoak, zeure Jainkoak, baitzaitu gantzutu, jai-giro pozgarrian, lagunen artean aukeraturik. 9 Mirra, aloe eta kanela usaizkoak zure jantziak, harpa-soinua marfilezko jauregietan zure alaigarri. 10 Errege-alabak dituzu inguruan, zure eskuinean erregina, urrefinez apaindurik.
11 Entzun, alaba! Zaude erne eta adi! Ahaztu zeure herria eta aitaren etxea. 12 Zoraturik dago erregea zure edertasunaz. Bera da zure jaun; egiozu agur. 13 Tiro hiria erregaliekin datorkizu, herriko handikiak zure abegi onaren bila. 14 Guztiz ospetsu dago printzesa, urrez apain bordaturiko jantzitan. 15 Erregeagana daramate; neskatxa gazteak, bere adiskideak, ondoren doazkio. 16 Jai-giro pozgarrian sartzen dira erregearen jauregira.
17 Gurasoen tronuan semeak jarriko dituzu eta mundu osoaren agintari egingo. 18 Zure oroitzapena bizirik gordeko dut gizaldiz gizaldi, eta herriek menderen mende goratuko zaituzte.
46. SALMOA
[aldatu]"Munduaren gain dagoen eta Jerusalemen bizi den Jainkoari laudorioa"
1 Koru-zuzendariarentzat. Koreren semeena. Oboez. Kanta.
2 Jainkoa dugu babesleku eta indar, larrialdian laguntzaile seguru. 3 Ez dugu, beraz, beldurrik, nahiz eta lurrak dardara egin edota mendiak itsas hondora amildu, 4 nahiz eta olatuek apar-bitsetan orroa egin edota mendiak itsasoaren oldarrez ikaratu.
5 Ibai baten adarrek alaitzen dute Jainkoaren hiria. Goi-goikoak bere bizilekua sagaratu du. 6 Jainkoa erdian duela, ez du koloka egiten, goiz-goizetik laguntzen dio Jainkoak. 7 Nazioek ikara, erreinuek koloka: Jainkoa mintzatu eta lurra irauli.
8 Jaun ahalguztiduna gurekin! Jakoben Jainkoa gure gotorleku!
9 Zatozte, ikus Jaunaren egintzak, lurrean egin duen iraulketa: 10 mundu osoan guduak geldiarazi, uztaiak puskatu, lantzak apurtu, babeskiak sutan erre.
11 «Utzi armak! Aitor ezazue Jainkoa naizela, herrien gain eta lurraren gain nagoela».
12 Jaun ahalguztiduna gurekin! Jakoben Jainkoa gure gotorleku!
47. salmoa
[aldatu]Munduaren eta Israelen erregeari gorazarrea
1 Koru-zuzendariarentzat. Koreren semeen salmoa.
2 Herri guztiok, egin txalo, egin pozez oihu eta irrintzi Jainkoari. 3 Izugarria baita Jauna, Goi-goikoa, mundu osoaren errege handia. 4 Herriak menpean ipintzen dizkigu, nazioak oinpean jartzen. 5 Guretzat lurralde bat aukeratu du, bere maitea duen Jakoben harrobide.
6 Irrintzi artean igo da Jainkoa, turuta-soinuz Jauna. 7 Kanta Jainkoari, kanta! Kanta gure erregeari, kanta! 8 Jainkoa mundu osoaren errege: kanta hari trebeki! 9 Jainkoa nazioen errege da, bere tronu santuan eseria dago. 10 Herrietako printzeak elkartu zaizkio Abrahamen Jainkoaren herriari, munduko ahaltsuak Jainkoarenak baitira. Bera guztien gainetik garai!
48. salmoa
[aldatu]Sion mendiari eta Jainkoaren hiriari paudorioa
1 Kanta. Koreren semeen salmoa.
2 Handi da Jauna, guztiz goresgarri gure Jainkoaren hirian, bere mendi santuan! 3 Muino eder, lur osoaren pozgarri! Sion mendi, Jainkoaren egoitza, errege handiaren hiri! 4 Bertako jauregien artean, gotorleku seguru ageri da Jainkoa.
5 Hara, erregeek elkar hartu zuten eta denak batera haren aurka oldartu. 6 Baina Sion ikustean, izutu egin ziren eta ihesi joan ikaraz. 7 Orduan, dardarak hartu zituen, oinaze larriak, emakumea erdiminetan bezala, 8 ekialdeko haizeak ur handietako ontziak puskatzen dituenean bezala. 9 Entzun izan duguna geuk ikusi dugu Jaun ahalguztidunaren hirian, geure Jainkoaren hirian: sendo ezarri duela Jainkoak betiko!
10 Oi Jainko, zure maitasuna gogoratzen dugu zure tenpluaren erdian. 11 Zure omena bezala zure gorespena ere, oi Jainko, mundu zabal osora iristen da. Eskuzabal zara, Jauna, benetan! 12 Pozik da Sion mendia, poz-pozik Judako hiriak, zure probidentzia dela eta.
13 Egizue Sionen jira-bira, zenbatu bertako dorreak, 14 ikusi hango harresiak, ikertu jauregiak, hurrengo gizaldiari esateko: 15 «Hauxe da gure Jainkoa, gure Jainkoa sekulako: berak gidatuko gaitu beti».
49. salmoa
[aldatu]Heriotzan amaitzen den aberastasunari buruzko gogoetak
1 Koru-zuzendariarentzat. Koreren semeen salmoa.
2 Entzun hau, herri guztiok, egon adi, munduko biztanleok, 3 jende xehe eta handikiok, aberats eta behartsuok! 4 Jakinduriazko hitzak esango ditu nire ahoak, zentzuzko gogoetak isuriko ene bihotzak. 5 Esaera zaharrak adi entzungo ditut, zentzu ezkutua azalduko ene zitararekin.
6 Egun txarretan, zergatik izan beldur inguratzen nauten maltzurren maleziari? 7 Horiek beren ondasunetan oinarritzen dira eta beren aberastasun handiaz harrotzen.
8 Horra! Gizakiak ezin du bere burua salbatu, ez eta Jainkoari bere biziaren erospen-saria ordaindu ere. 9 Garestiegia da biziaren erospen-saria noizbait ordaindu ahal izateko. 10 Amaigabe biziko al da, bada? Ez al du inoiz hilobia ikusiko? 11 Jakina da jakintsuak ere hiltzen direla, zentzugabe eta inozoak bezalaxe desagertzen, beren ondasunak besterentzat utziz. 12 Lurrei ere beren izenak eman zizkieten arren, hilobia izango dute betiko etxe, han egongo dira amairik gabe.
13 Bere ohore guztiekin ere, gizakiak ez du irauten, akabatu egiten da, animalien antzera. 14 Hona hemen beren buruaz fio direnen zoria, asebeterik bizi direnen azkena: 15 Hilen Egoitzara eramango dituzte ardiak bezala, Herio izango dute artzain. Zuzen-zuzenean jaitsiko dira hilobira, haien arrastoa ezabatu egingo da eta Hilen Egoitza izango dute bizileku.
16 Baina Jaunak bizirik askatuko nau ni Herioren eskupetik, eta berekin eramango.
17 Ez beldur izan norbait aberasten bada, bere etxeko ondasunak areagotzen baditu; 18 hiltzean, ez du ezer berekin eramango, aberastasunak ez dio jarraituko. 19 Bizi zenean, hala ederresten zion bere buruari: «Txaloka ari zaizkit, dena ongi doakidalako!» 20 Bere arbasoen artera joango da, sekula berriro argirik ikusiko ez dutenengana.
21 Gizaki aberatsa eta zentzugabea akabatzen diren animalien antzeko da.
50. salmoa
[aldatu]Jainkoak gogoko duen sakrifizioa
1 Asafen Salmoa.
Jauna, jainkoen Jainkoa, mintzo da, mundu osoari egiten dio batzarrera dei eguzkiaren sorlekutik sarlekura. 2 Siondik, edertasun beteko menditik, Jainkoa distiraz ageri da. 3 Badator gure Jainkoa, eta ez isilean: su irenskorra aurretik, erauntsi zakarra inguruan. 4 Goitik dei egin die zeru-lurrei bere herriarekin duen auzian lekuko izatera: 5 «Bildu nire fededunak, sakrifizioa eskainiz nirekin ituna egin dutenak». 6 Iragar beza zeruak Jainkoaren justizia. Jainkoa bera da epaile!
7 «Entzun, Israel, ene herri, zure kontra egingo dudan aitorpena. Neu naiz Jainkoa, zure Jainkoa! 8 Ez zaitut salatzen zeure sakrifizio eta erre-opariengatik: aurrean ditut beti. 9 Baina ez dizut eskatzen zeure ikuiluko zekorrik, ez zeure eskortako akerrik, 10 neureak baititut basoetako piztiak eta mendi garaietako animaliak. 11 Mendiko hegazti guztiak ezagutzen ditut, landan bizi den oro neurea dut. 12 Gose banintz, ez nizuke zuri eskatuko, neurea baitut mundua eta bertako guztia. 13 Zekorren okela jaten dudala uste al duzu, edota akerren odola edaten? 14 Eskaini gorespena sakrifiziotzat Jainkoari, bete zeure promesak Goi-goikoari. 15 Dei egidazu larrialdian: libratu egingo zaitut eta ohoratu egingo nauzu».
16 Gaiztoari, berriz, hau diotso Jainkoak: «Nola aipa ditzakezu nire arauak, nola ahotan hartu nirekiko ituna, 17 nire zentzarazpenari gorroto badiozu eta nire hitzei bizkar ematen? 18 Lapurra ikustean, harekin bat egiten duzu, adulteriogileekin elkartzen zara. 19 Gaiztakeriarako arin duzu ahoa, engainua asmatzeko bizkor mihia. 20 Zeure senideaz gaizki-esaka diharduzu, zeure amaren semea belzten. 21 Zuk hauek egin, eta ni isildu? Zu bezalakoa naizela uste al duzu? Ez, salatu egingo zaitut, dena aurpegira botako. 22 Aditu, beraz, ongi, Jainkoaz ahaztuok! Bestela, harrapatu egingo zaituztet eta ezin izango zaituzte inork ere libratu. 23 Sakrifiziotzat gorespena eskaintzen didanak, horrek ematen dit ohore. Nire bidean tinko irauten duenari neure salbamena erakutsiko diot».
51. salmoa
[aldatu]Bekatuaren barkamena eta bihotz berriaren eskea
1 Koru-zuzendariarentzat. Daviden salmoa. 2 David Betsaberekin elkartu ondoren, Natan profeta Davidengana joan zenekoa.
3 Erruki nitaz, ene Jainko, zeure maitasunaz, suntsitu nire hobena, zeure neurrigabeko gupidaz. 4 Garbi nazazu oso-osorik neure errutik, garbitu neure bekatutik.
5 Aitortzen dut, bai, neure hobena, begi aurrean dut etengabe neure bekatua. 6 Zure aurka, zure aurka bakarrik, egin dut bekatu, zure borondatearen kontra jokatu. Horregatik, arrazoi izango duzu salatzean, errugabe izango zara epaia ematean. 7 Hara, errudun jaio nintzen, bekatari sortu ninduen amak. 8 Zuk, ordea, bihotz leiala duzu atsegin, barru-barruan jakinduria didazu irakasten.
9 Kendu nire bekatua, eta urbizia baino gardenago izango naiz; garbi nazazu, eta elurra baino zuriago izango. 10 Senti ditzadala berriro poza eta alaitasuna, susper dadila zuk jotako gizaki hau. 11 Aldendu begiak nire bekatutik, suntsitu nire erru guztiak.
12 Ene Jainko, sortu bihotz garbia niregan, espiritu berri sendoa nire baitan. 13 Ez nazazu bota zeure aurretik, ez utzi ni zeure espiritu santurik gabe. 14 Poz nazazu berriro zeure salbamenaz, sendotu zeure espiritu handi-zabalaz.
15 Zure bideak erakutsiko dizkiet gaiztoei, eta zuregana bihurtuko dira bekatariak. 16 Libra nazazu heriotza-zigorretik, ene Jainko, ene Jainko salbatzailea! Eta nire ezpainek poz-oihuz ospatuko dute zure salbazioa. 17 Ireki, Jauna, nire ezpainak eta nire ahoak zure gorespena iragarriko du. 18 Sakrifizioak ez dituzu atsegin; erre-oparia eskainiko banizu, ez zenuke onartuko. 19 Sakrifiziorik bikainena, damuz hautsiriko espiritua; zuk ez duzu gutxiesten, ene Jainko, bihotz hautsi eta umildua.
20 Edertu Sion zeure mesedeaz, eraiki berriro Jerusalemgo harresiak. 21 Orduan, atsegin izango dituzu legezko sakrifizioak, oso-osorik erretzeko opariak; zure aldarean zekorrak eskainiko dira.
52. salmoa
[aldatu]Gaiztakerizalearekin eztabaida
1 Koru-zuzendariarentzat. Daviden poema. 2 Doeg edomdarra Saulengana etorri eta David Ahimeleken etxera joana zela adierazi zionekoa.
3 Zergatik harrotzen zara gaiztakeriaz eta jainkozalearen aurka oilartzen? 4 Makurkeriak asmatzen diharduzu etengabe; zure mihia labana zorrotza, maltzurkerizalea. 5 Maiteago duzu gaizkia ongia baino, gezurra hizketa jatorra baino. 6 Hitz galgarri oro duzu maite, mihi-maltzur horrek! 7 Jainkoak berak suntsituko zaitu betiko, zeure bizilekutik botako, zure sustraiak bizidunen lurretik aterako.
8 Hori ikustean, harritu egingo dira zintzoak eta barre egingo diote, esanez: 9 «Horra Jainkoa euskarritzat hartu ez zuena, konfiantza bere aberastasunetan jarri eta bere makurkerietan oinarritua!»
10 Nik, berriz, Jainkoaren etxean olibondo hezearen antzeko, haren maitasunean dut konfiantza beti-betiko! 11 Beti goretsiko zaitut, ene Jainko, egin duzunarengatik; beti ospatuko zaitut, zeure fededunentzat hain ona zarelako.
53. salmoa
[aldatu]Sinesgabearen burugabekeria (Sal 14)
1 Koru-zuzendariarentzat. Gaixoaldirako. Daviden poema.
2 Hau dio eroak bere baitan: «Ez da Jainkorik». Ustelduak daude, gauza higuingarriak egiten dituzte, ez da inor on dagienik.
3 Baina Jainkoa gizakiei begira dago zerutik, ba ote den zentzu onekorik, Jainkoa bilatzen saiatzen denik. 4 Denak okertu dira, bat egin dute galdukerian, ez da inor on dagienik, bat bera ere ez.
5 Ez ote dute ikasiko gaiztaginek, nire herria ogia bezala irensten duten eta Jainkoaz arduratzen ez diren horiek? 6 Ba, beldurrez dardar geldituko dira, beldurtzeko arrazoirik izan ez arren, Jainkoak hautsi egiten baitu erasotzaileen indarra. Lotsagarri geldituko dira, Jainkoak zapuztu egiten baititu.
7 Ai baletor Siondik Israelen salbazioa! Jainkoak bere herriaren zoria aldatzean, poztuko da Jakob, alaituko Israel.
54. salmoa
[aldatu]Eraso larrian Jainko babesleari oihu
1 Koru-zuzendariarentzat. Harizko musika-tresnaz. Daviden poema. 2 Zifdarrak David beraien artean ezkutatua zela Sauli esatera joan zirenekoa.
3 Salba nazazu, ene Jainko, zarena zarelako!
Defenda nazazu zeure ahalmenaz!
4 Entzun, ene Jainko, nire otoitza,
makur belarria nire eskarietara.
5 Arrotzek eraso baitidate, gogorzaleak ni hil nahian dabiltza, Jainkoaren ardurarik gabe. 6 Baina nik Jainkoa dut lagun, Jauna biziaren benetako babes. 7 Bihur beza gaitza nire etsaiengana! Honda bitza zeharo, bere maitasunagatik!
8 Sakrifizioak eskainiko dizkizut bihotz-bihotzez, goretsi egingo zaitut, Jauna, ona zarelako.
9 Larrialdi guztietatik libratu nau Jaunak, eta etsaien porrotaz alaitzen naiz.
55. salmoa
[aldatu]Gizarteko injustiziaz eta lagunen saldukeriaz kexua
1 Koru-zuzendariarentzat. Harizko musika-tresnaz. Daviden poema.
2 Ene Jainko, makur belarria nire otoitzari, ez egin entzungor nire erreguari. 3 Kasu egidazu eta erantzun. Urduri nago, kexu batean eta dardaraz, 4 etsaiaren oihua dela eta, gaiztoaren begirada zorrotza dela eta. Ezbeharrak botatzen dizkidate gainera, amorruz erasotzen.
5 Taupaka dut bihotza bularrean, herio-larriak hartua nago. 6 Beldurra eta ikara jabetu zaizkit, dardara batean nago.
7 Neure baitan diot: «Ai uso-hegalak banitu! Hegan egingo nuke, beste nonbait pausatzeko. 8 Urrun bai urrun egingo nuke ihes, basamortuan jarriko bizitzen. 9 Berehala aurkituko nuke babesa ekaitzaren haize-burrunbatik».
10 Nahastu, Jauna, horien mihi maltzurra. Gogorkeria eta haserrea besterik ez baitut ikusten hirian, 11 gau eta egun harresietan jiraka. Hiri barruan okerkeria eta injustizia, 12 hiri barruan makurkeriak, zapalketa eta azpikeriaz gainezka kaleak.
13 Ez nau etsaiak iraintzen: hori jasan nezake. Ez nau gorroto didanak mesprezatzen: horrengandik gorde ninteke; 14 baizik eta zuk, nire kidekoak, nire adiskide samur eta minak, zuk nauzu mesprezatzen. 15 Solaskide gozo zintudan, elkarrekin joaten ginen jendartean Jainkoaren etxera.
16 Betorkie bat-batean heriotza, jaits bitez bizi-bizirik Herio Leizera, gaiztakeriaz bete-beteak baitaude!
17 Nik Jainkoari egin nion dei eta Jaunak salbatu egin ninduen. 18 Arrats, goiz eta eguerdi, kexu eta intzirika nengoela, entzun zuen hark nire ahotsa. 19 Onik atera zuen nire bizia izan nituen erasoetatik, etsaiak hain ugari izan arren. 20 Niri entzun eta haiek makurrarazi zituen Jainkoak, betidanik errege denak, sekula aldatzen ez denak. Baina haiek ez ziren Jainkoaren beldur!
21 Adiskidearen aurka altxatu du eskua, ituna hautsiz. 22 Gurina baino bigunago du ahoa, baina borroka-gose bihotza. Olioa baino leunago ditu hitzak, baina ezpata zorrotz dira izan. 23 Jar zaitez Jaunaren eskuetan; sendo eutsiko dizu, bai, Ongileak. Ez dio sekula zintzoari erortzen utziko.
24 Zuk, ene Jainko, herio-zulora botako dituzu odolzale eta maltzurrak; bizitzaren erdira ere ez dira iritsiko. Nik, ordea, zuregan dut konfiantza.
56. salmoa
[aldatu]Jainkoarengan dut konfiantza, ez naiz beldur
1 Koru-zuzendariarentzat. «Urruneko jainkoen usoa» doinuan. Davidena. Miktam. Filistearrek Gaten David preso hartu zutenekoa.
2 Erruki nitaz, ene Jainko, segika ari zaizkit eta, egun osoan erasotzen eta zapaltzen naute. 3 Egun osoan segika ditut etsaiak; ugari dira, Goi-goiko, erasotzen didatenak.
4 Beldur naizenean, zuregan dut konfiantza. 5 Jainkoaren promesaz nago harro, Jainkoarengan dut konfiantza, ez naiz ezeren beldur: zer egingo dit gizaki hutsak?
6 Egun osoan sufriarazten didate iraintzaileek, nire kaltea beste asmorik ez dute. 7 Ezkututik daude zelatan, nondik nora nabilen begira, niri bizia kentzeko zain.
8 Gaiztakeria honen zigorrari ihes egingo ote diote? Ene Jainko, eraitsi jende hori zeure haserreaz!
9 Idatz ezazu nire kexua, jaso zeure pergaminoan nire negar-malkoak, zeure liburuan nire nekeak. 10 Nik laguntza eske dei egin eta etsaiek atzera egitean, jakingo dut neure alde dudala Jainkoa.
11 Jainkoaren promesaz nago harro, Jaunaren agintzariaz harro, 12 Jainkoarengan dut konfiantza, ez naiz ezeren beldur: zer egingo dit gizakiak?
13 Eman nizun hitzari eutsiko diot, ene Jainko, eta esker onez beteko. 14 Bizia libratu baitidazu heriotzatik, oinak erortzetik, zure aurrean ibil nadin, oi Jainko, biziaren argitan.
57. salmoa
[aldatu]Iraintzaileengandik babesteko eskaria eta gorespen-kanta
1 Koru-zuzendariarentzat. «Ez suntsitu» doinuan. Davidena. Mitkam. Davidek Saulengandik haitzulora ihes egin zuenekoa.
2 Erruki nitaz, ene Jainko, erruki nitaz, zuregan dut babesa eta; zure hegalen itzalpean babesten naiz, ezbeharra igaro artean. 3 Jainkoari degiot dei, Goi-goikoari, nire alde mendeku hartzen duen Jainkoari. 4 Zerutik bidaliko du norbait, erasotzaileen laidotik ni salbatzera. Jainkoak bere maitasun eta leialtasuna bidaliko dizkit.
5 Lehoien artean natza, gizaki-gose diren horien artean; horien hortzak lantza eta gezi, mihia ezpata zorrotz.
6 Zerua baino handiagoa zara, ene Jainko! Zure ospea mundu osoaren gain!
7 Sarea zabaldu didate bidean, niri lur joarazteko. Zuloa egin didate aurrean; eror bitez beraiek bertan.
8 Adoretsu nago, ene Jainko, adoretsu. Kantatu eta soinua joko dizut. 9 Esna zaitez, ene bihotza, esnatu, harpa eta zitara; esna dezadan egunsentia. 10 Herrien artean goretsiko zaitut, Jauna, nazioen artean kantatuko.
11 Bai, zure maitasuna zeru zabala baino handiagoa, zure leialtasuna hodeietarainokoa. 12 Zerua baino handiagoa zara, ene Jainko! Zure ospea mundu osoaren gain!
58. salmoa
[aldatu]Gobernari bidegabeak suntsitzeko Jainkoari eske
1 Koru-zuzendariarentzat. «Ez suntsitu» doinuan. Davidena. Mitkam.
2 Agintariok, epai zuzenak ematen al dituzue? Gizakiok, zuzen gobernatzen ote duzue? 3 Bai zera! Bihotz makurrez jokatzen duzue, zeuen egiteez lurraldean bidegabekeriak zabaltzen.
4 Gaiztoak sortzetik oker, maltzurrak jaiotzatik galduak. 5 Pozoia dute, sugegorriek bezala; belarriak ixten dituzten suge gorren antzeko dira, 6 liluratzaileen, zoratzailerik trebeenaren, soinua entzuten ez dutenen antzeko. 7 Oi Jainko, hautsi horiei hortzak ahoan! Jauna, puskatu lehoion haginak! 8 Gal bitez ur isuria bezala, zimel bitez belar zapaldua bezala. 9 Desager bitez lingirda darion barea bezala, ez bezate eguzki-argirik ikus, haur galduak bezala. 10 Sasien antzera arantzak bota baino lehen eraman bitza haize-erauntsiak heze daudenean, iharturik baleude bezala.
11 Mendekua ikustean, zintzoak poz hartuko du, gaizkileen odola oinetatik garbituko. 12 Eta jendeak esango du: «Merezi du, bai, zintzo izateak! Bada benetan mundua gobernatzen duen Jainkoa!»
59. salmoa
[aldatu]Errugabea erasotzaileengandik libratzeko eske
1 Koru-zuzendariarentzat. «Ez suntsitu» doinuan. Davidena. Mitkam. Saulek, David hiltzeko asmotan, honen etxea zelatatzeko agindu zuenekoa.
2 Ene Jainko, libra nazazu etsaiengandik, gorde seguru erasotzaileengandik. 3 Libra nazazu gaizkileengandik, salba hiltzaileengandik.
4 Begira, zelatan daude nire kontra, ahaltsuak azpijokoan ari zaizkit. Jauna, ez dut hobenik, ez bekaturik egin. 5 Errugabe naizen arren, bizkor datoz erasotzera. Esnatu, Jauna! Zatoz eta ikus! 6 Jauna, Jainko ahalguztiduna, Israelen Jainkoa, susper zaitez sinesgabeok zigortzeko, ez izan traidore zital horien gupidarik.
7 Hor dabiltza arratsero, zakurrak bezala zaunkaka, hiriaren inguru-minguru. 8 Hor dabiltza aho zabalik, ezpainetatik hitz zorrotzak darizkiela, inork entzuten ez dielakoan.
9 Baina zuk, Jauna, barre egiten diezu, iseka sinesgabe horiei. 10 Zuregana jo dut, ene indar, zu baitzaitut gotorleku, ene Jainko. 11 Jainko maitalea niregana etorriko da eta etsaien porrotaz alaiaraziko nau. 12 Oi Jainko, hil itzazu, nire herria kordoka ez dadin; sakabana itzazu eta eraitsi zeure indarraz, Jauna, gure babeski horrek! 13 Harrapa bitza azpian beren harrokeriak, beren ahoko bekatu eta esamesek, zabaldu dituzten madarikazio eta gezurrek. 14 Akaba itzazu zeure haserreaz, akabatu, arrastorik ere utzi gabe! Jakin bezate Jainkoa dela nagusi Jakoben lurraldetik munduaren azken mugetaraino.
15 Hor dabiltza arratsero, zakurrak bezala zaunkaka, hiriaren inguru-minguru. 16 Janaren bila dabiltza harat-honat; asetzen ez badira, ez dira erretiratzen.
17 Nik, ordea, zure indarra dut kantatuko, goizean zure maitasuna poz-oihuz ospatuko; zu izan zaitut gotorleku, larrialdian ihesleku. 18 Zuri kantatuko dizut, ene indar horri, zu baitzaitut neure gotorlekua, zu neure Jainko leiala!
60. salmoa
[aldatu]Herriaren negar-kanta. Porrotaldian laguntza-eskaria
1 Koru-zuzendariarentzat. «Liliak» doinuan. Miktam.
Davidena. Irakaspenerako.
2 David Mesopotamiako eta Tzobako
aramearren kontra borrokan ari izan zenekoa eta, itzultzean,
Joabek Gatz haranean edomdarrak
-hamabi mila gizon
- garaitu
zituenekoa.
3 Baztertu egin gaituzu, oi Jainko, eta hautsi, haserreturik, aldendu egin zara guregandik. 4 Lurraldea dardararazi duzu eta zartatu; konpondu haren pitzadurak, honda ez dadin! 5 Gorriak ikusarazi dizkiozu zeure herriari, zorabiozko ardoa edanarazi diguzu.
6 Eman ezaugarri bat begirune dizutenei, arkulariengandik ihes egin ahal izateko. 7 Emaguzu garaipena zeure ahalmenaz, eta erantzun, hain maite dituzunok libra daitezen.
8 Jainkoak bere santutegitik esan zuen: «Sikem hiria poz-pozik neureganatuko dut, Sukot haranaz jabetuko. 9 Neurea dut Galaad, neurea Manases, nire buru-babeskia da Efraim, nire aginte-makila Juda, 10 garbiketarako ontzia Moab; oina ezarriko diot gainean Edomi, garaipen-oihu egingo Filisteari».
11 Baina nork gidatuko nau hiri gotortura, nork eramango Edomera, 12 zuk izan ezik, zapuztuak gaituzun Jainko horrek, jadanik gure gudarostearekin gudura joaten ez zaren horrek? 13 Emaguzu laguntza etsaien kontra, giza laguntza alferrik baita. 14 Jainkoarekin gauza handiak egingo ditugu, berak zapalduko dizkigu etsaiak.
61. salmoa
[aldatu]Tenplutik urrun dagoenaren erregua. Erregearen alde eskaria
1 Koru-zuzendariarentzat. Harizko musika-tresnaz. Davidena.
2 Entzun, ene Jainko, nire garrasia, zaude adi nire otoitzari. 3 Leize-ertzetik dei degizut bihotz larriz. Eraman nazazu harkaitz garaira. 4 Zu baitzaitut babesleku, etsaien kontra dorretxe sendo.
5 Zure etxean bizi nahi nuke betiko, zure hegalen aterpean gorderik. 6 Onartu, ene Jainko, nire promesak, emadazu begirune dizutenentzat daukazun herentzia.
7 Luza itzazu erregearen bizitzako egunak, iraun bezate haren urteek gizaldiz gizaldi! 8 Izan bedi beti errege zure begiradapean! Izan bitza zure maitasun eta leialtasuna zaindari!
9 Horrela, zure izenaren ohorez kantatuko dut etengabe eta promesak beteko dizkizut egunero.
62. salmoa
[aldatu]Jainkoaz bakarrik fidatzeko deia
1 Koru-zuzendariarentzat. «Jedutun»en doinuaz. Daviden salmoa.
2 Jainkoarengan bakarrik atseden nire barruak, harengandik nire salbamena. 3 Bera bakarrik nire harkaitz eta salbamen, nire gotorleku: inola ere ez naiz eroriko.
4 Noiz arte oldartu behar duzue gizakiaren kontra, hau akabatu nahian? Pareta okertua, hesi koloka zarete guztiok! 5 Azpikeria beste asmorik ez dute, gezurra zaie atsegin, hondatzeko: hitzez bedeinkatu, eta barrutik madarikatu.
6 Ene barrena, Jainkoarengan bakarrik izan atseden, harengandik baitator nire esperantza. 7 Bera bakarrik nire harkaitz eta salbamen, nire gotorleku: ez naiz eroriko. 8 Jainkoarengan nire salbamena eta ohorea, Jainkoa nire harkaitz sendo eta babesleku. 9 Izan beti harengan konfiantza, haren herri zaretenok! Zabaldu hari zeuen bihotza! Jainkoa dugu babesleku!
10 Haizea eta itxura besterik ez dira gizakiak, jende xehe nahiz handiki: denak batera pisuan jarrita, haizea baino arinago igoko lirateke. 11 Ez izan konfiantzarik zapalkuntzan, ez jarri usterik lapurretan. Ondasunak ugalduta ere, ez eman haiei bihotza.
12 Jainkoak esan du
-behin eta berriro entzun diot
-
berari dagokiola ahalmena.
13 Bai, zuri dagokizu, Jauna, leialtasuna;
bakoitzari bere egintzen arabera ordaintzen diozu.
63. salmoa
[aldatu]Jainkoaren irrikaz gau eta egun
1 Daviden salmoa. Judako basamortuan zegoenekoa.
2 Jainko, ene Jainko, lehia biziz nabilkizu bila, zure egarri da nire barrena, zure irrika naizen guztia, lur lehor, agor, urgabea bezala. 3 Egon nadila horrela santutegian zuri begira, zure indarra eta ospea ikusiz.
4 Bizia baino ederrago zure maitasuna! Nire ahoak ospatuko zaitu; 5 bai, bizitza guztian bedeinkatuko zaitut, zuri dei eginez altxatuko eskuak. 6 Jakirik gozoenez bezala aseko naiz, eta nire ezpainek poz-oihuka goretsiko zaituzte.
7 Gauez ohean zuregan dut gogoa, zuri otoitzean igarotzen ditut orduak. 8 Bai, zu izan zaitut laguntzaile; kantuz ariko naiz pozik zure hegalen itzalean. 9 Zuri itsatsia nago oso-osorik, eta zure eskuinak eusten niri.
10 Nire hondamen bila dabiltzanak, ordea, bihoaz lurpe sakonera! 11 Hil bitez ezpataz, bihur azerien janari! 12 Erregea Jainkoarekin poztuko da. Haren izenarengatik zin egiten duena harro izango da; gezurtiei, berriz, ahoa itxiko diete.
64. salmoa
[aldatu]Jainkoak iraintzaileak zigortu
1 Koru-zuzendariarentzat. Daviden salmoa.
2 Entzun, ene Jainko, nire kexa, zaindu nire bizia etsai beldurgarriongandik. 3 Gorde nazazu makurren azpilanetik, elkar hartu duten gaizkileengandik; 4 ezpata bezain zorrotza dute mihia, geziak bailiran botatzen hitz pozoitsuak: 5 ezkututik jaurtikitzen diote errugabeari, bat-batean eta ezeren beldurrik gabe.
6 Gaitz egiteko elkar berotzen dute, tranpa ezkutuak nola jarriko dabiltza, esanez: «Nor konturatuko da? 7 Nork ikertuko gure makurkeria biribilak?» Ikertzen ditu, bai, gizakiaren barrena bihotz-hondoraino ikertzen duenak. 8 Jainkoak geziak jaurtiki eta zauriz beteak dira bat-batean. 9 Beren mihia bihurtzen zaie erorbide, eta begira daudenek irri dagite buru-keinuka.
10 Jende guztia beldurrak hartu du, Jainkoaren egintzak iragartzen dituzte, hark egina hausnartzen. 11 Alai bedi zintzoa Jaunarekin, babes bedi harengan eta harro bitez horretaz bihotz zuzenekoak.
65. salmoa
[aldatu]Jainko ongileari gorazarrea
1 Koru-zuzendariarentzat. Daviden salmoa. Kanta.
2 Oi Sionen zauden Jainkoa, zuri zor zaizu gorespena, zuri bete behar promesak, 3 otoitzak entzuten dituzun horri. Zuregana datoz gizakiak oro. 4 Ezin konta ahala dira gure erruak, baina zuk barkatu egiten dizkiguzu hobenak.
5 Zorionekoa zuk aukeratu eta gonbidatzen duzuna zeure santutegian bizitzera. Ase gaitezela zure etxeko ondasunez, zure tenpluko dohain santuz! 6 Salbaziozko egintza harrigarriz erantzuten diguzu, Jainko gure salbatzaile horrek, munduko bazter guztien, urrutieneko itsasoen itxaropide horrek.
7 Zuk ezarri dituzu mendiak tinko zeure indarraz: ahalmenez zaude jantzia! 8 Zuk baretzen duzu itsas olatuen burrunba, zuk baretzen herrien zalaparta. 9 Mundu-bazterretako biztanleak harri eta zur daude zure mirarien aurrean. Bai sortaldeari, bai sartaldeari, pozez oihu eragiten diezu.
10 Zuk zaintzen duzu lurra, urez ase eta oparo aberasten; gainezka doa urez zeruko ubidea, zuk ematen diozu gizakiari garia, zuk prestatzen lurra: 11 ildoak ureztatu, zokorrak berdindu, euri-zaparradaz harrotu, ernamuinak bedeinkatu. 12 Urtea ondasunez mukurutzen duzu, zure lautadak joritasunez janzten. 13 Heze eta jori daude landazabalak, pozez apaindurik mendi-muinoak. 14 Zelaiak artaldez jantzi dira, ibarrak gariz estali. Denek irrintzi eta kantu!
66. salmoa
[aldatu]Jainko mirarigileari esker onezko liturgia
1 Koru-zuzendariarentzat. Kanta. Salmoa.
Egin irrintzi Jainkoari, lurtar guztiok, 2 kanta haren omenez, eman ohore hari gorespenez. 3 Esan Jainkoari: «Zu bai izugarria zeure egintzetan! Zure indar handiaren aurrean, makurtu egiten dira zure etsaiak. 4 Mundu osoa ahozpezten da zure aurrean, kantu degizute, abestiz zaituzte ospatzen».
5 Zatozte, ikus Jainkoak eginak, izugarriak gizakientzat haren ekintzak: 6 itsasoa lehor bihurtu zuen, oinez igaro ziren bertatik. Poz gaitezen, beraz, Jainkoarekin! 7 Nagusi da betidanik bere ahalmenaz; erne ditu begiak herrien gain, errebeldeak aurka altxa ez dakizkion. 8 Bedeinkatu, herriok, gure Jainkoa, oihukatu goraki haren gorespena. 9 Bizirik eutsi baitzigun eta gure oinei erortzen utzi ez.
10 Probatu gaituzu, bai, gure Jainko horrek, zilarra bezala garbitu, 11 estuasun larrian jarri, zama astuna bizkarrera bota, 12 zamariak bagina bezala zapal gaitzaten utzi. Suari eta urei aurre egin behar izan diegu. Baina, azkenik, eman diguzu arnasa.
13 Zure etxean sartuko naiz erre-oparirako eta horrela beteko dizut promesa, 14 larrialdian neure ahoz hitz emana. 15 Abere gizenak opalduko dizkizut, ahariak erreko, zezen eta akerrak eskainiko.
16 Jainkoari begirune diozuenok, zatozte eta entzun: hark nire alde egina kontatuko dizuet. 17 Nire ahoak hari dei egin orduko, prest zegoen nire mihian gorazarrea. 18 Asmo okerrak izan banitu, Jaunak ez zidakeen entzungo. 19 Baina Jainkoak entzun egin zidan, nire otoitz-oihua aditu.
20 Bedeinkatua Jainkoa! Ez du baztertu nire otoitza, ez eta aldendu ere niregandik bere maitasuna.
67. salmoa
[aldatu]Jainkoari bedeinkazio-eskaria
1 Koru-zuzendariarentzat. Harizko musika-tresnaz. Salmoa. Kanta.
2 Erruki gutaz, oi Jainko, bedeinka gaitzazu, erakutsi guri aurpegi argia, 3 ezagut dezan munduak zure nagusitza, jentil-herriek zure garaipena.
4 Goraipa zaitzatela herriek, oi Jainko, goraipa zaitzatela herri guztiek! 5 Kanta bezate nazioek pozaren pozez, herriak justiziaz gobernatzen baitituzu, nazioak munduan zuk gidatzen. 6 Goraipa zaitzatela herriek, oi Jainko, goraipa zaitzatela herri guztiek!
7 Eman beza lurrak bere fruitua, bedeinka gaitzala Jainkoak, gure Jainkoak. 8 Bedeinka gaitzala Jainkoak, izan biezaio begirune mundu osoak!
68. salmoa
[aldatu]Jainkoaren garaipenak ospatuz gorazarrea
1 Koru-zuzendariarentzat. Daviden salmoa. Kanta.
2 Jainkoa jaiki eta haren etsaiak sakabanatu! Gorroto diotenak ihesi doaz haren aurretik. 3 Kea desegiten den bezala desegiten dira; nola urtzen argizaria sutan, halaxe galtzen gaiztoak Jainkoaren aurrean. 4 Zintzoak, berriz, pozik dira, Jainkoaren aurrean dantzan, bozkarioz gainezka.
5 Kanta Jainkoari, jo soinua haren omenez, presta bidea «hodei gainean zaldiz doanari». Goza Jaunarekin, haren aurrean poz-oihuka. 6 Umezurtzen aita, alargunen defendatzaile da Jainkoa bere bizileku santutik. 7 Baztertuei etxea ematen die Jainkoak, preso zeudenak kanta artean askatzen; errebeldeak bakarrik basamortuan gelditzen.
8 Oi Jainko, zeure herriaren gidari atera zinenean, basamortuan zehar zindoazela, 9 dardara egin zuen lurrak, urtu egin zen Jainkoaren aurrean zerua, Sinaiko Jainkoaren, Israelen Jainkoaren aurrean. 10 Euria ugari bota zenuen, oi Jainko, zeure lurralde eta jabegoa indarberritu. 11 Hantxe kokatu zen zure herria; behartsuen ardura duzu, oi Jainko, zeure ontasunean.
12 Jaunak iragarpena egin du, ugaria da mezularien taldea: 13 «Ihesi doaz, ihesi, erregeak eta gudarosteak!» Lurraldeko larreak harrapakin gisa banatuak dira, 14 zuek artegian atsedenean zaudetelarik. Usoaren hegalak zilarrez estaltzen dira, lumak urre gorriz. 15 Ahaltsuak erregeak sakabanatzean, Mendi-ospelean elurra ari zuen.
16 Baxango mendi, mendi gorena, gailur garaidun Baxango mendia, 17 zergatik zaudete, gailur garaiok, inbidiaz begira Jainkoak bizitzeko desiratu duen mendiari, Jaunak betiko bizileku egin duenari?
18 Jainkoaren gudu-gurdiak milaka eta milaka, ezin konta ahalakoa haren gudarostea: horien artean aintzaz beterik dago Jauna santutegian. 19 Gorenera igo zinen, gatibuak harturik; zerga ordaindu zizuten gizakiek, bai eta errebeldeek ere, Jainko Jaun horrek bizilekua izan zenezan.
20 Bedeinkatua egunero Jauna: bere gain hartu gaitu geure Jainko salbatzaileak. 21 Jainko salbatzaile dugu Jainkoa, Jainko Jaunari esker libratu gara heriotzatik. 22 Izan ere, Jaunak xehatzen ditu etsaien buruak, errudunen buru-hezurrak.
23 Jaunak esan du: «Baxandik ekarriko ditut, itsas hondotik aterako, 24 etsaiak odoletan zapal ditzazun; zure txakurren mihiek ere izango dute partea».
25 Hor ageri da, ene Jainko, zure gorteiua, ene Jainko eta erregearen gorteiua santutegirantz: 26 kantariak aurrean, musikariak atzean, neskatxak tartean, panderoa joz. 27 Bedeinka ezazue Jainkoa batzarrean, bedeinka Jauna Israelgo elkartean. 28 Horra hor aurrena Benjaminen, gazteenaren, leinua, eta ondoren Judaren buruzagiak, Zabulon eta Neftaliren buruzagiak.
29 Azaldu, ene Jainko, zeure indarra, egiaztatu, ene Jainko, gure alde egin duzuna. 30 Opariak dakarzkizute erregeek Jerusalemgo zeure tenplura; 31 bertatik, egiozu mehatxu Egiptori, kanaberadiko piztiari, haren zezen- eta zekor-tropelari, zilarraren irrikaz herriak zanpatzen dituzten horiei! Sakabana itzazu herri guduzaleok! 32 Betoz opari bikainak Egiptotik, dakarzkiola arin Etiopiak eskuerakutsiak Jainkoari. 33 Munduko erresumok, kanta Jainkoari, jo soinua Jaunari. 34 Hara, zeruetan, antzinako zeruetan, zaldiz doanak oihu egin du bere ahotsaz, bere ahots indartsuaz.
35 Eman aintza Jainkoari! Haren ospea Israelen gain dago, haren ahalmena hodeiez gora. 36 Ikaragarria Jainkoa santutegian: bera da Israelen Jainkoa, bere herriari indar eta kemen ematen diona! Bedeinkatua Jainkoa!
69. salmoa
[aldatu]Jainkozale atsekabetu eta erasotuaren otoitz larria
1 Koru-zuzendariarentzat. «Liliak» doinuan. Davidena.
2 Salba nazazu, ene Jainko: leporaino ditut urak. 3 Istinga sakonean murgiltzen ari naiz, eta oinak non tinkaturik ez. Ur handietan nago sartua, eta korronteak narama. 4 Akitua nago deiadarka, errea daukat eztarria, lausoturik begiak, ene Jainkoaren zain eta zain. 5 Buruko ileak baino gehiago dira arrazoirik gabe gorroto didatenak, nire tximak baino ugariago nire erasotzaileak, nire etsai gezurtiak. Lapurtu ez dudana itzuli behar ote dut?
6 Ene Jainko, ezagutzen duzu nire zabarkeria, ez daude zuretzat ezkutuan nire hutsegiteak. 7 Jauna, Jaun ahalguztiduna, ez biezaie nire erruz usteak huts egin zuregan konfiantza dutenei; ez nadila lotsabide gerta zuregana jotzen dutenentzat, oi Israelen Jainkoa! 8 Zuregatik jasan ditut irainak, zuregatik estali dit lotsak aurpegia. 9 Arrotz gertatua naiz neure senideentzat, ezezagun neure amaren seme-alabentzat.
10 Zure tenpluaren maiteminak erretzen nau, zure kontrako irainak datozkit gainera. 11 Barau eginez penatzen banaiz, iraina besterik ez dut jasotzen; 12 dolu-jantzia hartzen badut, irri-lelo bihurtzen naiz. 13 Plazan eserita, marmarka ari zaizkit, mozkorrek koplak ateratzen dizkidate.
14 Jauna, zuri degizut otoitz: Jauna, egidazu orain mesede! Erantzun, ene Jainko, zeure maitasun handiaz, zeure egiazko salbamenaz. 15 Atera nazazu lokatzetik, ez nadila murgil; libra nazazu gorroto didatenengandik eta ur handietatik! 16 Ez nazala ur-korronteak eraman, ez nazala zurrunbiloak irentsi, ez nadila putzuan itxita geldi!
17 Erantzun, Jauna, zeure maitasun zoragarriaz, bihur niregana begiak zeure erruki handiaz. 18 Ez ezkuta aurpegia zeure morroi honi, erantzun laster, larri naiz eta. 19 Hurbil zakizkit, defenda nazazu, askatu etsaien eskutik.
20 Badakizu nola iraintzen nauten, nola desohoratu eta lotsarazten; ongi ezagunak dituzu nire etsaiak. 21 Irainek bihotza urratu didate, guztiz adoregabe nago. Ezbeharrean laguntza espero nuen, baina alferrik; kontsolatzaileak, baina ez ditut aurkitu. 22 Janaritan pozoia jarri didate, egarriarentzat ozpina edaten eman.
23 Gerta bekie beren otordua tranpa, beren segurtasuna sare. 24 Lauso bitez haien begiak eta itsutu, ahul bekie gerria betiko! 25 Hustu zeure sumina haien gainera, jo bitza zure haserre-suak! 26 Bihur bedi haien kanpalekua basamortu, geldi bitez inor gabe haien bizilekuak! 27 Zuk jo duzunari eraso egiten baitiote, zuk zaurituaren oinazeaz hitz eta berba.
28 Ordainarazi beren erruak banan-banan, ez bezate sekula zure barkamenik ikus! 29 Ezaba itzazu biziaren liburutik, ez sailkatu zintzoen zerrendan!
30 Ni, berriz, gizagaixo atsekabetu hau, indarberri nazala, oi Jainko, zure salbazioak. 31 Orduan, Jainkoaren izena kantuz goretsiko dut, esker onez handietsiko. 32 Atseginago izango zaio Jaunari zezena baino, adardun eta azkazaldun zekorra baino.
33 Ikusazue, apalok, eta poztu; izan bihotz, Jainkoarengana jotzen duzuenok! 34 Entzuten baitie Jaunak bere behartsuei, ez ditu baztertzen berari atxikiak daudenak.
35 Gorets bezate zeru-lur eta itsasoek eta bertan bizi diren guztiek. 36 Bai, Jainkoak salbatuko du Sion, berriro eraikiko Judako hiriak. Beraietan biziko dira eta haien jabe izango. 37 Jainkoaren zerbitzarien ondorengoak izango dira oinordeko, hura maite dutenak biziko bertan.
70. salmoa
[aldatu]Laguntza eske oihu larria
1 Koru-zuzendariarentzat. Davidena. Oroigarritzat.
2 Ene Jainko, zatoz ni libratzera! Jauna, zatoz laster laguntzera! 3 Lotsagorritan geldi bitez ni hil nahian dabiltzanak! Atzera egin bezate, barregarri, zoritxarra opa didatenek! 4 Itzul bitez lotsaren lotsaz burla egiten didatenak! 5 Poz eta alai bitez zurekin zuregana jotzen dutenak! «Handia da Jainkoa!», esan bezate etengabe zure salbamena maite dutenek!
6 Behartsu eta dohakabe naiz: zatozkit laster, ene Jainko! Zu zara nire laguntzaile eta askatzaile, Jauna, ez luza!
71. salmoa
[aldatu]Zahartu eta ahulduaren otoitza
1 Jauna, zuregan dut babesa: ez diezadala inoiz usteak huts egin! 2 Zuzena baitzara, libra nazazu, askatu, makur belarria niregana eta salba nazazu. 3 Izan zakizkit harkaitz babesle; agindua duzu noiznahi etorriko zarela ni salbatzera. Bai, zu zara nire haitz eta gotorleku.
4 Aska nazazu, ene Jainko, gaiztoaren eskutik, bidegabezko eta gogorzaleen ukabiletik. 5 Jainko Jauna, zu zaitut itxaropen, zu gaztetatik neure segurtasun. 6 Zu izan zaitut euskarri amaren sabeletik, zuk atera nauzu amaren erraietatik. Zuri etengabe nire gorespena!
7 Mirari bat bezala gertatu nintzen askorentzat, zu zintudan neure babesleku seguru. 8 Zure gorespenez eta ekintza ospetsuez betea nuen ahoa egun osoan.
9 Ez ni baztertu zahartu naizen honetan, ez eskutik utzi indarrak ahuldu zaizkidanean. 10 Etsaiak begira ditut, niri zelatan daudenek elkar hartu dute. 11 Hau diote: «Jainkoak bertan behera utzia du: segi atzetik, harrapatu, ez du inor izango libratzeko». 12 Jainkoa, ez gelditu niregandik urrun, ene Jainko, zatoz laster laguntzera! 13 Gal bitez lotsagarri nire salatzaileak! Irainak eta desohoreak estal bitza nire zoritxarraren bila dabiltzanak!
14 Nik, berriz, itxaroten jarraituko dut, gero eta areago zu goretsiko. 15 Nire ezpainek egun osoan emango dute zure salbamen-asmo eta ekintzen berri, nik kontatu ahal baino gehiago diren arren. 16 Zure tenplu bikainean sartuko naiz, Jainko Jauna, leiala zu bakarrik zarela iragarriko. 17 Ene Jainko, gaztetatik irakatsi didazu, eta zure egintza miragarriak iragartzen ari izan naiz gaur arte. 18 Orain, zahar eta ile-zuri naizenean, ez nazazu bertan behera utz, ene Jainko, zure indarra elkarteari iragar diezaiodan, zure tenplura datorkeen edonori. 19 Zure salbamen-asmoa, oi Jainko, zerurainokoa da, gauza handiak egin baitituzu. Nor zu adinakorik, oi Jainko?
20 Hamaika larrialdi eta zoritxar pasarazi didazu. Baina berriro biziaraziko nauzu, Herio Leize sakonetik altxatuko. 21 Lehen baino izen handiagoa emango didazu, berriro kontsolatuko.
22 Orduan, harpa-soinuz goretsiko zaitut, ene Jainko, leiala zarelako; zitaraz kantatuko dizut, oi Israelgo Santu. 23 Bai, zuri kantatuko dizut, poz-oihuz ospatuko zaitu nire ahoak, zuk salbatu duzun nire izate osoak. 24 Nire mihiak zure salbamen-asmoa iragarriko du egun osoan, lotsaz eta irainez gelditu baitira nire zoritxarraren bila zebiltzanak.
72. salmoa
[aldatu]Errege berriaren erregua
1 Salomonena.
Ene Jainko, emaiozu zeure zuzentasuna erregeari, zeure justizia erregearen semeari. 2 Goberna beza zure herria justiziaz, zure dohakabeak zuzenbidez. 3 Ekar bezate mendi eta muinoek herriarentzat justiziazko bakea! 4 Egin biezaie justizia herriko dohakabeei, salba bitza behartsuak, apurtu zapaltzaileak!
5 Iraun beza eguzkia eta ilargia direino, munduaren azkenerarte! 6 Jaits bedi euria belardira bezala, lurra asetzen duen lanbroa bezala. 7 Haren egunetan, lora bedi justizia, ugaldu bakea eta ongizatea, ilargia itzali arte! 8 Izan bedi nagusi itsasotik itsasora, lurraren bazter batetik bestera. 9 Makur bekizkio itsas herriak, jan bezate hautsa haren etsaiek! 10 Ekar biezaizkiote erregaliak Tarsiseko eta urrutiko herrietako erregeek, ordaindu zergak Saba eta Sebako erregeek. 11 Agur bezate ahozpezturik errege guztiek, jar bekizkio menpean nazio guztiak!
12 Berak libratuko du laguntza eske oihuka ari den behartsua, nork defendaturik ez duen dohakabea. 13 Gupida izango die gizagaixo eta pobreei, bizia salbatuko behartsuei. 14 Berak babestuko ditu gogorkeria eta bidegakeriatik. Balio handia izango du haien biziak berarentzat!
15 Bizi bedi luzaro! Eman biezaiote Sabako urrea, egin bezate otoitz haren alde etengabe, bedeinka bezate egunero! 16 Izan bedi gari ugari lurraldean, mendi gainetan kulunkan; sor beza fruitua Libanok bezala, zelaiko belarra bezain ugari!
17 Iraun beza haren izenak betiko, eguzkiak adina! Bedeinkatuak bitez harengan ondorengoak, zoriontsu nazio guztiak!
18 Bedeinkatua Jainko Jauna, Israelen Jainkoa, mirarigile bakarra! 19 Bedeinkatua betiko haren izen ospetsua! Haren aintzak bete beza lur osoa! Amen. Amen.
20 Hemen amaitzen dira Jeseren seme Daviden otoitzak.
73. salmoa
[aldatu]Meditazioa. Gaiztoaren eta zintzoaren azken zoria
1 Asafen salmoa
Bai ona dela Jainkoa, Israel, bihotz-garbientzat!
2 Baina ozta-ozta ez dut nik estropezu egin, ia-ia erori nintzen. 3 Izan ere, gaiztoen arrakasta ikusirik, harroputz horien inbidiaz nengoen. 4 Ez dute inongo problemarik, osasuntsu eta ongi aseak daude. 5 Ez dute giza nekerik, ez besteek bezala oinazeak eraman beharrik.
6 Harrokeria dute lepoko, bidegabekeria soineko. 7 Begiak dirdira egiten die gantz artetik, barruko gutizia kanporatuz. 8 Iseka ari dira eta zitalkeriak esaten, goitik behera begira, jendea nola larrutuko hitz egiten. 9 Haien ahoak zeruari erronka, haien mihia lur osoan barrena.
10 Horregatik, Jainkoaren herria haiengana bihurtzen da, haien hitz guztiak ura bezala irentsiz. 11 Hau diote: «Nola jakin Jainkoak? Ba al du ohartzerik Goi-goikoak?» 12 Horra hor gaiztoak: lasai asko beti, ondasunak pilatzen.
13 Beraz, alferrik gorde dut bihotza garbi eta errugabe naizela agertzeko eskuak garbitu, 14 egunero oinazeak eraman behar baditut eta goizero zigorra jasan. 15 Baina haiek bezala jardutea erabakiko banu, zure jatorriaz arnegatu egingo nuke.
16 Saiatu nintzen ulertzen begi aurreko arazo hori, 17 Jainkoaren santutegian sartu nintzen arte; orduan ulertu nuen zein den haien atarramendua. 18 Hara, irristalekuan jarriak dituzu eta hondamendira amiltzen. 19 Bat-batean, nolako hondamena! Haienak egin du, ikaragarrizko azkenaz. 20 Esnatutakoan ametsa bezala, gutxietsi egingo dituzu, Jauna, mamuen erreinuan.
21 Bihotz-mindurik nengoen, barrua gogorturik, 22 eta hala, inozo eta ezjakin nintzen, abere baten pareko zure begietan.
23 Baina ni zurekin izango naiz beti: eskutik hartua naukazu; 24 zeure aholkuz nauzu gidatuko eta, azkenik, ospez zeureganatuko. 25 Ez zaitut, bada, zu zeruan? Ez dut beste pozik lurrean! 26 Gorputz eta espirituz, indargaltzen ari banaiz ere, zu zara nire adorearen euskarri, oi Jainko, zu nire betiko ondasun.
27 Bai, zuregandik urrun doazenak galduak dira, desleial zaizkizunak suntsitu egingo dituzu. 28 Nire zoriona, berriz, Jainkoaren ondoan egotea da, Jainko Jaunarengan babestea, eta haren egintza guztiak ospatzea.
74. salmoa
[aldatu]Tenpluko hondakinen gain deitorea
1 Asafen poema.
Oi Jainko, zergatik baztertu gaituzu betiko? Zergatik zaude haserre-sutan zeure larreko ardien kontra? 2 Oroit zaitez betidanik zeuretzat hartu zenuen artaldeaz, zeure artzain-makilaz askatu zenuen ondareaz, zeure bizileku egin zenuen Sion mendiaz.
3 Jaso zeure herria azkenik gabeko hondakin hauetatik: etsaiak den-dena erraustu du santutegian. 4 Zure etsaiek zure elkartearen erdian orroak egin zituzten, beren banderak ehunka ezarri. 5 Baso itsuan aizkoran ari den egurgina ziruditen: 6 aizkoraz eta mailuz bota zituzten zurlandu guztiak. 7 Gero, zure santutegiari su eman zioten, zure egoitza santua bota eta profanatu. 8 Hau zuten helburu: erabat erraustea arraza eta herrialdeko batzar santu guztiak.
9 Ez dugu ikusten jadanik zure presentziaren ezaugarririk, ez dago profetarik, eta inork ez dakigu noiz arte. 10 Noiz arte ari behar du, oi Jainko, etsaiak irainka? Amaigabe mesprezatu behar ote du zure izena? 11 Zergatik ezkutatzen duzu zeure indarra? Zergatik zaude besoak tolestaturik?
12 Zu zara, oi Jainko, zu betidanik nire errege. Zuk lortu zenuen lurrean garaipena: 13 zuk suntsitu zenuen zeure indarraz itsasoa, zuk apurtu itsas herensugeen buruak, 14 zuk zanpatu zenizkion itsas munstroari buruak eta itsas herriei jaten eman. 15 Zuk sortarazi dituzu iturri eta errekak, zuk agorrarazi inoiz lehortu gabeko ibaiak. 16 Zureak dira gau-egunak, zuk eratuak eguzki-ilargiak; 17 zuk ezarri dituzu munduaren mugak, zuk moldatu uda-neguak.
18 Gogoan har, Jauna: etsaiak irain egiten dizu, herri burugabeak zure izenari mesprezio. 19 Ez eman piztiei zeure usapala, ez ahaztu betiko zeure dohakabeen bizia! 20 Gogora ezazu zeure ituna, beteak baitaude herrialdeko bazterrak gogorkeriaz. 21 Ez bedi zapaldua desohoraturik gera, gorets bezate zure izena dohakabe eta behartsuek. 22 Jaiki zaitez, Jainko hori, defenda zeure auzia! Har gogoan burugabeon etengabeko irainak. 23 Ez ahaztu zeure arerioen eupadak, zure kontra altxatuen gero eta iskanbila handiagoak.
75. salmoa
[aldatu]Jainkoak zuzenbidez epaituko mundua
1 Koru-zuzendariarentzat. «Ez suntsitu» doinuan. Asafen salmoa. Kanta.
2 Eskerrak zuri, Jainkoa, eskerrak zuri, hain hurbil zaitugun horri!
Zeruak zure egintza miragarriak ditu iragartzen. 3 Hau dio Jainkoak: «Neuk erabakiko dudan unean, zuzenbidez epaituko dut mundua. 4 Nahiz eta lurrak bizilagun guztiekin ikara egin, nik dauzkat tinko haren zutoinak».
5 Hau diotset handiputzei: «Ez harrotu!» Eta gaiztoei: «Ez ibili indarrak erakusten! 6 Ez ibili arrandiz indarrak erakusten, ez hitz egin horrela buru-harro». 7 Ez ekialdetik eta ez mendebaldetik, ez basamortutik ere, ez dator goraldia: 8 Jainkoak bakarrik du boterea; nahi duena eraisten du, nahi duena goratzen.
9 Eskuan du Jaunak kopa, ardo bizi nahastuz gainezka; bertatik isuriko die, eta lurreko gaizto guztiek edan beharko dute, hondar eta guzti zurrupatu beharko. 10 Ni, ordea, betiko poztuko naiz, Jakoben Jainkoaren omenez kantari.
11 «Gaiztoen indarra hautsiko dut; zintzoen indarra, berriz, areago egingo».
76. salmoa
[aldatu]Jainko ikaragarriari kanta
1 Koru-zuzendariarentzat. Harizko musika-tresnaz. Asafen salmoa. Kanta.
2 Jainkoa Judan agertu da, handia da haren izena Israelen. 3 Jerusalemen du egoitza, Sionen bizilekua. 4 Han hautsi ditu gudu-armak: arkuaren gezi, babeski eta ezpatak.
5 Distiratsua zu, handi-ederra, antzinako mendiak baino areago. 6 Dena lapurtu diete bulartsuenei ere, azken loak hartu ditu gudari adoretsuak, besoak mugitzeko ere ez dira gauza. 7 Zeure mehatxuaz, Jakoben Jainkoa, zurrun utzi dituzu gurdi eta zaldiak.
8 Ikaragarria zara: nork iraun zutik zure aurrean, zure haserrealdian? 9 Zerutik adierazten duzu zeure epaia; lurra beldurrez mutu gelditzen da, 10 zu, oi Jainko, epaia ematera jaikitzean, munduko dohakabeak salbatzera.
11 Gizakirik amorratuenak ere goretsi beharko zaitu, zure zigorretik bizirik geldituak inguruan bilduko zaizkizu. 12 Egin promesak Jaunari, zeuen Jainkoari, eta bete; haren inguruan bilduok, ekarri emaitzak Jainko beldurgarriari, 13 handikiak arnasarik gabe uzten eta munduko erregeei ikara ematen dienari.
77. salmoa
[aldatu]Iraganeko mirariez oroituz, oraingo egoeraz negar-kanta
1 Koru-zuzendariarentzat. «Jedutun»en doinuaz. Asafen salmoa.
2 Goraki degiot Jainkoari deiadar, goraki deiadar, entzun diezadan. 3 Nire larrialdian, Jaunarengana jotzen dut, gauez aspergabe besoak luzatzen, pozbide orori uko eginez.
4 Jainkoaz oroiturik, intziri dagit, hartaz pentsatzean, adorea galtzen dut. 5 Ez didazu uzten, Jauna, begirik biltzen, nahasturik nago, ez dakit zer esan. 6 Aspaldiko garaiez gogoratzen naiz, antzinako urteez oroitzen; 7 gauez kantu-leloa datorkit gogora, barrutik hausnarrean eta neurekiko galdezka ari naizela: 8 «Jaunak betiko baztertuko ote gaitu? Ez ote digu sekula berriz mesede egingo? 9 Amaitu ote erabat haren maitasuna? Bukatu ote betiko haren agintzaria? 10 Jainkoa bere gupidaz ahaztu ote da? Haserrez bihotza itxia ote du?» 11 Eta neurekiko diot: «Hauxe nire gaitza: Goi-goikoaren jokabidea aldatu egin dela».
12 Gogoan ditut, Jauna, zure egintza handiak, gogoan, bai, zure aspaldiko mirariak. 13 Zuk egindako guztiak buruan darabiltzat, zure egintza handiak hausnartzen ditut. 14 Santua da, oi Jainko, zure jarduera! Zein jainko zu bezain handi? 15 Zu zara mirariak egin dituen Jainko bakarra, zuk erakutsi diezu herriei zeure indarra. 16 Zeure indarraz askatu zenuen herria, Jakoben eta Joseren ondorengoak.
17 Itsasoak zu ikusi orduko, oi Jainko, itsasoak zu ikusi orduko, dardara egin zuen, itsas leizeak ikara. 18 Hodeiek euri-jasak bota zituzten, lainoek trumoia jo, zure geziak han-hemen bristaka. 19 Zure trumoi-burrunbak zeruan jotzean, oinaztargiek mundua argitu zuten, lur-barrenak ikara eta dardara egin. 20 Itsasoan zehar igaro zinen, ur handien artetik oinez, baina inork zure aztarnarik aurkiezin. 21 Artaldea bezala eraman zenuen zeure herria, Moises eta Aaronen eskutik.
78. salmoa
[aldatu]Historiaren ikasbideak
1 Asafen poema.
Entzun, ene herri, nire irakaspena, makur belarria nire esanetara. 2 Alegia bidez mintzatuko naiz, lehengo garaien ikasbideak azalduz. 3 Guk entzun eta jakindakoak, gurasoek kontatu zigutena, 4 Jaunaren egintza goresgarriak, haren garaipena eta egin dituen mirariak ez dizkiegu ezkutatuko geure haurrei, baizik eta datorren belaunaldiari kontatuko.
5 Xedapenak ezarri zizkion Jakoben herriari, legea eman Israeli: hauek beren haurrei irakasteko agindu zien gure gurasoei, 6 hurrengo gizaldiek, geroko haurrek, jakin zitzaten; eta hauek, beren aldetik, beren ondorengoei kontatuko zieten. 7 Horrela, Jainkoarengan jarriko zuten konfiantza; haren egintza handiak ahaztu gabe, haren aginduak beteko zituzten. 8 Ez ziren izango beren gurasoen antzeko: jende ez-esaneko eta errebeldea, gizaldi bihotz-arina, Jainkoarekiko barru desleialekoa.
9 Efraimen leinuko arkulariek, ongi armaturik egon arren, bizkarra erakutsi zuten gudu-egunean; 10 izan ere, Jainkoaren ituna ez zuten gorde, ez zioten haren legeari jarraitu nahi izan; 11 ahaztu egin zituzten haren egintza handiak, hark erakutsi zizkien mirariak.
12 Mirariak eginak zituen haien gurasoen begi aurrean Egipton, Tanisko lurraldean. 13 Itsasoa erdi bi egin zuen haiek pasatzeko, horma bat bezala urei tinko eutsiz. 14 Lainoaz gidatu zituen egunez, sutargiz gauez. 15 Basamortuan harkaitza zulatu zuen, lurpeko uretatik edanarazteko. 16 Harkaitzetik urlasterrak atera zituen, ura ibaika isurarazi.
17 Baina haiek Jainkoaren kontra bekatuan jarraitu zuten, basamortuan Goi-goikoaren aurka altxatu ziren. 18 Jainkoa probatu nahi izan zuten, gogoak ematen zien jatekoa eskatuz. 19 Jainkoaren aurka hitz egin zuten: «Gauza ote da Jainkoa guri basamortuan otordua emateko? 20 Egia, harkaitza jo eta ibaika isuri du ura; baina gauza ote da ogia emateko, bere herriari okela eskaintzeko?»
21 Hori entzutean, Jauna biziki haserretu zen: sumina piztu zitzaion Jakoben herriaren aurka, Israelen aurka; 22 ez baitzuten sinesten beren Jainkoarengan, ez ziren fio haren salbamen-asmoaz. 23 Orduan, goi-lainoei agindua eman eta zeruko ateak ireki zituen; 24 mana isuri zien janari, zeruko garia eman: 25 aingeruen ogia jan zuten gizakiek, Jainkoak janariz ase zituen. 26 Gero, eguzki-haizea aterarazi zuen zerutik eta hegohaizea bidali bere gotorlekutik. 27 Okela isuri zien hautsa bezain ugari, hegaztiak itsas hondarra bezain oparo, 28 kanpalekura bertara erorarazi zituen, oihal-etxolen ingurura. 29 Asebetean jan zuten; eman zien Jainkoak irrika zutena. 30 Baina beren irrika ase orduko, artean janaria hagin artean zutela, 31 Jainkoaren haserreak eraso zien, haietako indartsuenak hil zituen, Israelgo hoberenak eraitsi.
32 Hala eta guztiz ere, bekatuan jarraitu zuten; mirariak eta guzti, ez zuten Jainkoarengan sinetsi. 33 Beraz, lurruna bezala itzali zuen haien bizia, amets-irudipena bezain arin. 34 Baina Jainkoak haiek hiltzea erabakitzen zuen orduko, harengana jotzen zuten, damutu eta hura bilatzen saiatzen ziren, 35 Jainkoa zutela beren harkaitza oroituz, goi-goiko Jainkoa zutela beren askatzailea; 36 baina ahoan zurikeria besterik ez zuten, mihiaz engainatu egiten zuten; 37 ez zeuden bihotzez hari atxikiak, ez zioten haren itunari fede ematen.
38 Jainkoak, hala ere, bihozbera izaki eta, errua barkatzen zien, eta suntsitzen ez. Sarri eutsi zion haserreari, bere sumin guztiari jaregin gabe. 39 Oroitzen baitzen gizaki huts zirela, airean galtzen den arnasa baino ez.
40 Zenbat aldiz altxatu zitzaizkion kontra basamortuan, zenbat aldiz atsekabetu zuten bakarlekuan! 41 Behin eta berriro zuten Jainkoa probatzen, Israelen Santua zirikatzen. 42 Ez zuten gogoratzen haren eskuak egina, etsaiarengandik askatu zituenekoa: 43 nolako mirariak egin zituen Egipton, nolako egintza harrigarriak Tanisko lurraldean; 44 hango ibai-errekak odol bihurtu zituen, eta egiptoarrek bertatik edan ezin; 45 ezpateuliak bidali zituen haiek irensteko, igelak dena hondatzeko; 46 haien uztak matxinsaltoei eman zizkien, lanaren fruituak larrapoteei; 47 haien mahastiak kazkabarraz suntsitu zituen, pikuondoak izotzaz; 48 haien abelgorriak harriaz galdu zituen, artaldeak tximistaz; 49 gainera hustu zien bere haserre-sua, bere sumin, amorru eta suntsipena: zoritxar-mandatari taldea, 50 bere haserreari bidea libre uzteko. Ez zituen heriotzatik gorde, haien bizia izurriaren menpe utzi zuen. 51 Egiptoko lehen-seme guztiak jo zituen, egiptoarren gizontasunaren lehen fruituak.
52 Orduan, artzainak ardiak bezala aterarazi zuen bere herria, artaldea bailiran eraman basamortuan zehar. 53 Seguru gidatu zituen, beldurrik gabe; haien etsaiak, berriz, itsasoak estali zituen. 54 Bere lurralde santura eraman zituen, berak eskuratutako mendiraino. 55 Beste herriak bota egin zituen haiek iristean, eta lurraldea Israelgo leinuei banatu zien ondaretzat, bertan bizi zitezen.
56 Haiek, ostera, goi-goiko Jainkoa probatu zuten, haren kontra altxatuz; haren xedapenak ez zituzten gorde. 57 Alde batera utzi zuten eta traizio egin, gurasoek bezala; uztai txarrak bezala huts egin. 58 Muinoetako sasikultuekin sumindu egin zuten, beren sasijainkoekin jeloskor jarri. 59 Hargatik, Jainkoa haserretu egin zen eta Israel erabat zapuztu; 60 bertan behera utzi zuen Xiloko egoitza, gizartean bizitzeko eraiki zuen etxola. 61 Etsaien esku utzi zuen kutxa santua, Israelek bere indar eta ospe zuena. 62 Ezpataren menpe utzi zuen bere herria, bere ondaretzat aukeratua zuenarekin haserre. 63 Mutilak suak irentsi zituen, neskatxentzat eztei-kantarik ez. 64 Apaizak ezpataz erori ziren, eta alargunek hiletarik jo ez.
65 Halako batean, esnatu zen Jauna lotatik bezala, ardoaren eraginpean egondako gudariaren antzera. 66 Etsaiak atzetik harrapatu eta jo egin zituen eta behin betiko porrokatu. 67 Joseren familia baztertu egin zuen, Efraimen leinua alde batera utzi; 68 Judaren leinua aukeratu zuen, Sion mendia, bere maitea. 69 Zeru garaiaren antzeko eraiki zuen bere santutegia eta lurra bezala sendo oinarritu betiko.
70 David aukeratu zuen zerbitzari, artegitik harturik; 71 ardien artzain zena, bere herri Jakoben, bere ondare Israelen artzain egin zuen. 72 Bihotz zintzoz zaindu zituen, esku trebez eraman.
79. salmoa
[aldatu]Jainkoaren herria suntsitua. Negar-kanta eta erregu-oihua
1 Asafen salmoa.
Ene Jainko, jentil-herriak zure ondarean sartu dira, zure tenplu santua profanatu dute eta Jerusalem hondakin-pila bihurtu. 2 Zure zerbitzarien gorpuak zeruko hegaztiei eman dizkiete janari, zure fededunen haragia basapiztiei. 3 Haien odola palastaka isuri dute Jerusalem inguruan, eta lur emateko inor ez. 4 Auzoko herrien isekagai bihurtu gara, ingurukoen burla eta barregarri.
5 Noiz arte, Jauna? Amaigabekoa ote zure haserrea? Noiz arte zure maitasun mindua, sua bezala, gure aurka pizturik? 6 Hustu zeure sumina ezagutzen ez zaituzten nazioen gain, zuri dei egiten ez dizuten erresumen gain, 7 Jakoben herria irentsi baitute, haren lurraldea hondatu. 8 Ez leporatu guri aurrekoen erruak! Betor laster gureganaino zure gupida, lur jota baikaude erabat! 9 Lagundu, gure Jainko salbatzaile horrek; zeure izenaren ohoreagatik, libra gaitzazu, barkatu gure bekatuak. 10 Zergatik esan behar dute jentil-herriek: «Non dute Jainkoa?» Erakuts iezaiezu, gure begien aurrean, nola mendekatzen duzun zeure zerbitzarien odola.
11 Irits bedi zureganaino presoen intziria, libra zeure indar handiaz heriotzara kondenatuak. 12 Ordaindu, Jauna, auzoko herriei zazpi halakoz zuri egin dizkizuten iraina eta isekak.
13 Eta guk, zure herriak, zuk zainduriko artaldeak, eskerrak emango dizkizugu beti, zure gorespenak kantatuko mendez mende.
80. salmoa
[aldatu]Herri hondatuaren erregua: «Eraberri gaitzazu!»
1 Koru-zuzendariarentzat. «Liliak» doinuan. Aitorpena. Asafen salmoa.
2 Entzun, Israelen artzain, zeure herria artaldea bezala daramazun horrek! Hegadun izakien arteko tronuan zauden hori, ager zakizkie distiraz 3 Efraim, Benjamin eta Manases leinuei! Suspertu zeure ahalmena eta zatozkigu salbatzera!
4 Oi Jainko, eraberri gaitzazu, erakutsi guri aurpegi argia, salba gaitezen!
5 Jauna, Jainko ahalguztiduna, noiz arte egon behar duzu haserre, herria otoizka duzun bitartean? 6 Negarra eman diguzu janari, malkoak erruz edari. 7 Auzokoen hizpide egin gaituzu, etsaiak burlaka ari zaizkigu.
8 Oi Jainko ahalguztidun, eraberri gaitzazu, erakutsi guri aurpegi argia, salba gaitezen!
9 Egiptotik mahatsondo bat atera zenuen eta landatu, jentil-herriak kanpora botaz, 10 aurreko biztanleak lurraldetik garbituz. Sustraiak bota zituen eta lurraldea bete. 11 Bere itzalaz estali zituen mendiak, bere aihenez zedrorik garaienak. 12 Itsasoraino luzatu zituen adarrak, Eufrates ibairaino muskilak.
13 Zergatik zulatu diozu inguruko hesia? Bidaztiek fruitua lapurtzen diote, 14 basurdeek triskatzen, basapiztiek murrizten.
15 Jainko ahalguztiduna, itzuli, arren! Begira zerutik, ikus! Hartzazu zeure mahastiaren ardura, 16 zaindu zeure eskuz landatu duzuna.
17 Begiratu zorrotz eta gal itzazu mahastia moztu eta su eman diotenak. 18 Zure eskuak babes beza zuk aukeraturiko erregea, zeure indarraz jantzi duzun gizasemea. 19 Ez gara zuregandik inoiz aldenduko; bizia emango diguzu eta guk zuri dei egingo.
20 iOi Jauna, Jainko ahalguztiduna, eraberri gaitzazu, erakutsi guri aurpegi argia, salba gaitezen!
81. salmoa
[aldatu]Herriari deia Etxola Jaiaren ospakizunean
1 Koru-zuzendariarentzat. «Dolareak» doinuan. Asafen salmoa.
2 Egin poz-oihu Jainkoari, gure indarrari, egin irrintzi Jakoben Jainkoari! 3 Ekin soinuari, jo danbolina, zitara gozoa eta harpa. 4 Jo turuta ilargi berrian, eta ilargi beteko gure jaiegunean. 5 Horixe da Israelen legea, Jakoben Jainkoak erabakia, 6 Joseren familiari ezarritako araua Egiptotik irten zenean.
Mintzo ezezaguna entzuten dut: 7 «Bizkarretik zama kendu nizun, zure besoak lan astunetatik askatu. 8 Zapaldurik zeundela, deiadar egin zenidan, eta libratu zintudan. Ekaitzaren erditik erantzun nizun, Meribako iturrian probatu ninduzun arren.
9 «Entzun, ene herri, ohar degizut! Behingoz entzungo al didazu, Israel: 10 Ez izan zeure baitan beste jainkorik, ez dezazula adora jainko arrotzik. 11 Neu naiz Jauna, zure Jainkoa, Egiptotik atera zintuena. Ez duzu ahoa zabaldu besterik, eta aseko zaitut.
12 «Baina nire herriak ez zidan kasurik egin, Israelek ez zuen nirekin ezer nahi. 13 Orduan, zapuztu egin nuen bere burugogorkeriagatik: bizi zedila bere gogara.
14 «Ai neure herriak entzungo balit! Ai Israel nire bidetik balebil! 15 Bat-batean makurtuko nituzke haren etsaiak, zapaltzaileen aurka besoa altxatuko. 16 Azpian jarriko nizkioke gorroto didatenak: horra hauen zoria betiko. 17 Neure herria garirik onenaz janarituko nuke, eztirik gozoenaz aseko».
82. salmoa
[aldatu]Munduko zuzendarien gaitzespena
1 Asafen salmoa.
Jainkoa zerutar izakien batzarrean jaiki da, herri-agintarien aurka epaia emateko: 2 «Noiz arte eman behar dituzue bidegabeko epaiak, errudunen alde jarriz? 3 Defendatu gizagaixo eta umezurtzak, egin justizia dohakabe eta behartsuei! 4 Askatu gizagaixo eta behartsuak, libratu gaizkileen eskutik!»
5 Baina haiei ez zaie buruan sartzen, ez dute ulertu nahi, ilunpetan dabiltza, eta lurraren oinarriak koloka dira. 6 Hona nik esan: «Denok jainko, Goi-goikoaren seme zareten arren, 7 gizaki bezala hilko zarete, edozein handiki bezala eroriko».
8 Altxa, Jainkoa, eta goberna mundua, zu baitzara herri guztien jabe!
83. salmoa
[aldatu]Israel suntsitu nahi duten etsaientzat mendeku-eskea
1 Kanta. Asafen salmoa.
2 Jauna, ez egon isilik, ez egon geldi eta mutu! 3 Horra zure etsaiak asaldaturik, gorroto dizutenak burua jasorik.
4 Zure herriaren kontra egitasmo maltzurrak dituzte, zuk babestuen kontra elkar hartu dute. 5 Hau diote: «Ea, suntsi ditzagun herri gisa! Ez bedi aipa gehiago Israelen izenik!» 6 Denek azpikerian bat egin dute, zure kontra hitzartu: 7 edomdar eta ismaeldarrek, moabdar eta hagartarrek, 8 Gebal, Amon eta Amalekek, filistear eta tirotarrek. 9 Asiriarrak ere elkartu zaizkie, Loten ondorengoei laguntza eskainiz.
10 Egiezu madiandarrei egina bera, Sisera eta Jabini egina, Kixon erreka ondoan. 11 Endorren suntsitu zituzten, eta lurrarentzat simaur bihurtu ziren. 12 Trata itzazu haien handikiak Oreb eta Zeeb bezala, haien buruzagiak Zebah eta Tzalmuna bezala. 13 Honela zioten: «Har ditzagun geuretzat Jainkoaren lurraldeak!» 14 Ene Jainko, eraman itzazu zurrunbiloan hautsa bezala, haize-boladak lastoa bezala. 15 Basoa erretzen duen suaren antzera, mendiak kiskaltzen dituen sugarraren antzera, 16 pertsegi itzazu zeure ekaitzaz, izutu zeure haize-erauntsiaz. 17 Bete haien aurpegia lotsagorriz, zeure burua mendekatuz, Jauna. 18 Betiko izu-ikaraz eta lotsaz beterik, gal bitez desohorez! 19 Jakin bezate zu, zu bakarrik, zarela Jauna, zu bakarrik lur guztiaren gain Goi-goikoa.
84. salmoa
[aldatu]Jainkoarekin bizitzeko irrika. Erromes-kanta.
1 Koru-zuzendariarentzat. «Dolareak» doinuan. Koreren semeen salmoa.
2 Bai maitagarria zure egoitza, Jaun ahalguztiduna! 3 Urtzen daukat barrena zure tenpluko atarien irrikaz. Bihotza eta naizen guztia poz-oihuz ari zait, oi Jainko, Jainko bizia.
4 Txolarreak badu etxea, bai enarak ere kumeentzat habia, zure aldareen ondoan, Jaun ahalguztiduna, ene errege eta ene Jainko! 5 Zorionekoak zure etxean bizi direnak, etengabe zu goresten!
6 Zorionekoak zuregan dutenak beren indarra eta bihotz barruko konfiantza!
7 Ibar lehorra igarotzean, iturburutik edaten dute: lehen euriek urbegiz baitute estaltzen. 8 Gero eta kementsuago doaz, Jainkoa Sionen ikusi arte.
9 Jauna, Jainko ahalguztiduna, entzun nire otoitza, makur belarria, Jakoben Jainkoa! 10 Oi Jainko, begira onez gure babeskiari, zeuk aukeraturiko erregeari. 11 Hobe da egun bat zure atarietan mila egun beste edonon baino; nahiago dut zure tenpluko ate ondoan egon gaiztoen etxapean bizi baino.
12 Bai, Jainko Jauna dugu eguzki eta babeski, Jaunak egiten mesede eta ohore, hark ez zoriona ukatzen prestu jokatzen dutenei. 13 Jaun ahalguztiduna, zorionekoa zuregan konfiantza duena!
85. salmoa
[aldatu]Justizia eta bakearen alde otoitza eta agintzaria
1 Koru-zuzendariarentzat. Koreren semeen salmoa.
2 Jauna, izan onbera zeure herrialdearekin, aldatu Jakoben ondorengoen zoria; 3 barkatu zeure herriaren erruak, estali bekatu guztiak. 4 Baretu beroaldi hori, itzali zeure haserre-sua!
5 Eraberri gaitzazu, Jainko gure salbatzaile, ken gure kontra duzun sumina! 6 Beti haserre egon behar al duzu gurekin, menderik mende kopetilun? 7 Ez al diguzu berriro bizia emango, zure herria zurekin poz dadin? 8 Erakutsi guri, Jauna, zeure maitasuna, eman zeure salbamena!
9 Jainko Jaunak dioena iragarriko dut: bakea agintzen die bere herri eta fededunei, berari berriro konfiantza agertzen diotenei. 10 Gertu dago, begirune diotenak salbatzeko; bai, haren ospea gure lurraldean kokatuko da. 11 Maitasunak eta leialtasunak topo egiten dute, justiziak eta bakeak elkar besarkatzen; 12 leialtasuna lurretik ernetzen da, justizia zerutik jaisten. 13 Egiaz, Jaunak euria emango du, eta gure lurrak uzta ekarriko. 14 Jaunaren aurretik joango da justizia, haren urratsei jarraituko ongizateak.
86. salmoa
[aldatu]Jainkozalearen otoitz lehiatsu eta uste onekoa
1 Daviden otoitza.
Makurtu belarria, Jauna, erantzun, dohakabe eta behartsu bainaiz! 2 Babestu nire bizia, zuri atxikia bainago. Zu zara ene Jainko: salba ezazu zerbitzari hau, zuregan baitut uste on.
3 Erruki nitaz, Jauna: zuri deika ari naiz egun osoan. 4 Alaitu zerbitzari honen bihotza: zuregana jasoa dut gogoa, Jauna. 5 Ona zara zu, Jauna, eta barkabera, dei egiten dizutenentzat onginahiz betea.
6 Makurtu belarria nire otoitzera, Jauna, egin kasu nire erregu-oihuari! 7 Larrialdian dei degizut: erantzungo didazu!
8 Ez dago, Jauna, zu bezalako jainkorik; zure egintzak paregabeak. 9 Herri guztiak zuk eginak: adoratzera etorriko zaizkizu, zuri, Jauna, ohore ematera. 10 Handia zara, mirarigilea, zu bakarrik Jainkoa!
11 Erakustazu, Jauna, zeure bidea, zurekiko leial joka dezadan. Batu nire bihotza barnean, zureganako begirunean bizi nadin. 12 Jauna, ene Jainkoa, bihotz-bihotzez goretsiko zaitut, beti-beti ospatuko. 13 Bai handia niretzat duzun maitasuna: Herio Leize sakonetik libratu nauzu!
14 Oi Jainko, harroputzek eraso didate, gogorzaleak ni hil nahian dabiltza, zure ardurarik gabe. 15 Baina zu, Jauna, Jainko bihozbera eta errukiorra, haserregaitza, onginahiz eta leialtasunez betea: 16 itzul niregana, erruki zakizkit, eman indar zeure zerbitzari honi, salba zeure zerbitzari apala. 17 Emadazu zeure ontasunaren ezaugarria! Lotsaturik geldituko dira nire etsaiak, zuk, Jauna, kontsolatzen eta laguntzen nauzula ikustean.
87. salmoa
[aldatu]Sion, herrien sorleku
1 Koreren semeen salmoa. Kanta.
Oi zu, mendi santuaren gainean Jaunak sendo oinarritua! 2 Sion hiri, Jaunak zu maiteago Israelgo herri guztiak baino.
3 Bai ospetsua, Jainkoaren hiri, Jaunak zutaz dioena: 4 «Nire sinesleen arteko aitortuko ditut Egipto eta Babilonia. Hara Filistea, Tiro eta Etiopia: herri bakoitzak bere sorlekua; 5 baina Sion hiriari esango zaio: <Bai batak, bai besteak zeu zaitu sorleku! Goi-goikoak tinko ezarri zaitu!> »
6 Hona Jaunak herrien zerrendan idatzi: «Halako herrik halako sorlekua». 7 Baina dantzan eginez kantatuko dute: «Denok, Sion, zuregan bizilekua!»
88. salmoa
[aldatu]Etsitakoaren deiadarra
1 Kanta. Koreren semeen salmoa. Koru-zuzendariarentzat. Gaixoaldirako, atsekaberako. Heman ezratarraren poema.
2 Jauna, ene Jainko salbatzailea! Gau eta egun laguntza eske deiadar degizut. 3 Hel bekizu nire otoitza, makur belarria nire garrasira!
4 Zoritxarrez josia nago, Herio Leize ertzean nire bizia. 5 Zulora doazenekin bat egina naukate, hain nago indargabetua. 6 Herioren esku utzia nago, erail eta hilobian sartuak bezala: ez dituzu gehiago gogoan izango, zurekiko lokarriak moztuak baitituzte. 7 Zulo sakonera jaurtiki nauzu, barren-barreneko ilunpetara.
8 Zama astun dut gainean zure haserrea, zure atsekabe-itsasoan murgildurik. 9 Ezagunak urrundu egin dizkidazu, haientzat higuingarri bihurtu nauzu. Preso nago, irtenbiderik gabe, 10 atsekabearen atsekabez begiak akiturik.
Egun osoan zuri deika nago, Jauna, eskuak zuregana luzaturik. 11 Hildakoen alde egingo ote duzu miraririk? Haien arimak jaikiko ote zu gorestera? 12 Iragartzen ote hilobian zure maitasuna, hondamen-leizean zure leialtasuna? 13 Ezagutzen ote zure mirariak ilunpetan, zure salbamen-asmoa oroitzapenik gabeko herrialdean?
14 Baina nik, Jauna, deiadar degizut laguntza eske, zuregana doa nire otoitza goiz-goizetik. 15 Jauna, zergatik baztertzen nauzu, zergatik gordetzen aurpegia? 16 Haurtzarotik, dohakabe naiz eta gaixo, zure izu-ikaren zamapean lehertua. 17 Zure sumina gainetik igaro zait, zure ikara larriak galdu nau. 18 Uholdeak bezala murgildua naukate egun osoan, alde guztietatik inguratua. 19 Adiskide eta lagunak urrundu egin dizkidazu: ilunpeak ditut lagunarte bakar.
89. salmoa
[aldatu]Jaun ahaltsuari gorazarrea. Davidi eginiko agintzariaren oroitzapena
1 Etan ezratarraren poema.
2 Jauna, beti kantatuko ditut zure maitasun-egintzak, gizaldiz gizaldi iragarriko leial zarela. 3 Bai, ziur nago: zure maitasunak eratu zuen zerua, zerua bezain tinko ezarria da zure leialtasuna.
(Jaunak) 4 «Neure aukeratuarekin ituna egin nuen, David neure zerbitzariari zin eginez: 5 <Tinko ezarriko dut betiko zure errege-jatorria, sendo sekulako zure tronua> ».
(Jainko paregabeari gorazarrea) 6 Zeruetan zure agintzari miragarria goresten dute, Jauna, aingeruen batzarrean zure leialtasuna. 7 Nor han goian Jaunaren pareko? Nor jainkoen artean Jauna bezalako? 8 Beldurgarri da Jainkoa aingeruen kontseiluan, handi eta ikaragarri inguruko guztientzat. 9 Jauna, Jainko ahalguztiduna, nor zu bezalakorik? Ahaltsu da Jauna, leialtasunez jantzia! 10 Zuk menperatzen duzu itsaso arranditsua, zuk baretzen uhin harrotuak. 11 Zuk zulatu zenuen eta sarraskitu itsas munstroa, zuk sakabanatu beso bizkorrez etsaiak. 12 Zeurea duzu zerua, zeurea lurra, zuk ezarri zenuen sendo mundua eta bertako guztia. 13 Zuk egin zenituen Iparra eta Hegoa; Tabor eta Hermon mendiek poz-oihu dagite zure aurrean. 14 Indartsua da zure ezkerra, garailea zure eskuina. 15 Justizia eta zuzenbidea zure erregetzaren oinarri, maitasuna eta leialtasuna doaz zure aurretik.
16 Zoriontsua zu pozik goresten dakien herria! Zure argitan ibiliko da, Jauna: 17 zure aurrean alaitzen da egunero, zure justizia du bozkario. 18 Bai, zu zaitugu ospe eta indar, zure onginahiak egiten gaitu garaile. 19 Bai, Jauna da gure babeski, Israelgo santua gure errege!
(Jaunak Davidi agintzaria) 20 Behinola, ikuskari bidez mintzatuz, zeure fededunei esan zenien: «Gerlariaren ordez mutikoa jarri dut errege, gudarostearen gainetik gaztea jaso. 21 David neure zerbitzaria aurkitu dut eta neure olio santuaz sagaratu. 22 Nire eskuak sendo eutsiko dio, nire besoak indartsu egingo.
23 «Etsaiak ez du engainatuko, ez gizatxarrak makurtuko. 24 Bere aurrean zapalduko dizkiot etsaiak eta gorroto diotenak joko. 25 Nire leialtasun eta maitasuna berekin izango ditu, nire laguntzak garaile egingo du. 26 Itsasoraino zabalduko dut haren aginpidea, Eufrates ibairaino haren boterea.
27 «Hark esango dit: <Zu nire aita, nire Jainko, nire harkaitz salbatzailea!> 28 Eta nik neure lehen-seme egingo dut, munduko erregerik handien. 29 Leial izango natzaio betiko, harekin dudan itunari sendo eutsiko. 30 Betiko ezarriko dut haren errege-jatorria, zerua bezain iraunkor egingo haren tronua.
31 «Haren semeek nire irakaspena bazterrera uzten badute eta nire zuzenbideari jarraitzen ez, 32 nire arauak hausten badituzte eta nire aginduak gordetzen ez, 33 makilaz zigortuko dut haien errebeldia, esku zorrotzez haien erruak. 34 Baina ez diot kenduko Davidi neure maitasuna, ez eta ukatuko ere neure leialtasuna. 35 Ez dut urratuko neure ituna, ez eta jango ere eman nuen hitza. 36 Behin betiko egin dut zin neure buruarengatik, eta ez natzaio sekula Davidi desleial izango. 37 Haren errege-jatorriak betiko iraungo du, haren tronuak nire aurrean eguzkiak adina, 38 zeruan lekuko hutsezin bezala ezarririk betiko dirauen ilargiak adina».
(Erregearen hondamenagatik deitorea) 39 Orain, ordea, zeure sagaratuarekin haserreturik, baztertu egin duzu eta mesprezatu. 40 Zeure zerbitzariarekin zenuen ituna ukatu egin duzu, haren koroa hankapean zanpatu, 41 haren harresi guztiak zulatu, gotorlekuak hondakin bihurtu. 42 Handik igarotzen direnek lapurreta degiote, auzoko guztiek iseka. 43 Haren etsaiei indarra bizkortu diezu eta garaipena eman. 44 Hari, berriz, ezpata-ahoa ere kamustu, eta borrokan eutsi ez; 45 errege-makila distiratsua kendu diozu eta tronua lurrera irauli. 46 Haren gaztaroko urteak laburtu eta lotsagorriz bete duzu.
47 Noiz arte, Jauna? Betiko al zaude ezkutuan? Betiko al da zure haserrea su eta gar? 48 Oroit zaitez nire ezbeharraz, nire bizitzako egun laburrez! Zeinen huts egin dituzun gizakiak! 49 Nor biziko da heriotzarik ikusi gabe? Nork ihes egin Herio Leizearen atzaparretatik?
50 Non dira, Jauna, antzinako zure maitasun-egintzak, Davidi zin eginez hitz eman zenion leialtasuna? 51 Gogoan har, Jauna, zeure zerbitzari iraindua, herriengandik jasan behar ditudan hainbat eztenkada! 52 Zure etsaiak irainka ari dira, Jauna, zuk errege sagaratuari nonahi irainka.
53 Bedeinkatua Jauna beti! Amen. Amen.
90. salmoa
[aldatu]Bizitzaren iheskortasuna. Gogoeta eta otoitz itxaropentsua
1 Moises, Jainkoaren gizonaren otoitza.
Jauna, zu izan zaitugu babesleku gizaldiz gizaldi. 2 Mendiak jaio baino lehen, lurra eta mundua sortu baino lehen, Jainko zara zu betidanik eta betiko.
3 Gizakia hauts bihurtzen duzu, esanez: «Itzul lehenera, gizakiok!» 4 Bai, mila urte zuretzat atzo igaro zen egunaren pareko, gau-ordu baten pareko. 5 Hor daramatzazu gizakiak, goizaldean ametsak bezala; belarra bezala ernetzen dira: 6 goizean erne eta loratzen, arratsaldean, berriz, zimeldu eta ihartzen.
7 Zure haserreak akiturik gauzka, zure suminak ikara bizian. 8 Zeure aurrean ipini dituzu gure erruak, zeure begi-argitan gure bekatu ezkutuak. 9 Zure suminez akitzen dira gure egun guztiak, hasperen batean amaitzen gure urteak. 10 Gure bizitza hirurogeita hamar urte, onenean ere laurogei: gure bizi-lehia neke eta atsekabe huts; bizitza arin doa, hegan goaz!
11 Nork ezagutzen du zure haserrearen indarra? Nork dio aski beldur zure suminari? 12 Erakutsiguzu geure egunen kontua eramaten, jakinduriaren erdimuinaz jabe gaitezen.
13 Itzul zakizkigu, Jauna! Noiz arte haserre? Erruki zeure zerbitzarioi! 14 Ase gaitzazu goizero zeure maitasunaz, bizitza guztia poz-oihuz zorionean igaro dezagun. 15 Eman zoriona orain arteko egun estuen ordez, ikusi ditugun urte gorrien ordez. 16 Zure zerbitzariok ikus dezagula zure ekintza, eta gure seme-alabek zure nagusitza!
17 Guregana bedi Jaunaren, gure Jainkoaren gozoa! Burutu bitza ongi gure eginbeharrak, burutu ongi gure eginbehar guztiak!
91. salmoa
[aldatu]Jaunaren hegalpean seguru
1 Goi-goikoaren aterpean bizi zaren horrek, gaua Ahaltsuaren itzalpean ematen duzun horrek, 2 esazu: «Oi Jauna, zu ene babesleku eta gaztelu; ene Jainko, zuregan dut uste on!»
3 Berak libratuko zaitu ehiztariaren saretik eta izurri galgarritik. 4 Bere hegalpean emango dizu gerizpe, haren lumapea izango duzu babesleku, haren besoak babeski eta koraza. 5 Ez diozu beldurrik izango gauaren izuari, ez egunez jaurtikitako geziari; 6 ez ilunpetan zabaltzen den izurriari, ez egun-argitan jotzen duen gaitzari. 7 Zure ezkerraldean mila, zure eskuinaldean hamar mila erorita ere, zu ez zaitu joko. 8 Begiak zabaldu orduko ikusiko duzu gaiztoen zigor-ordaina, 9 Jauna hartu baituzu babesleku, Goi-goikoa bizileku. 10 Ez zaizu zoritxarrik gertatuko, ez da zure etxera hondamenik iritsiko. 11 Bere aingeruei aginduko die zu nonahi ere zaintzeko. 12 Besoetan eramango zaituzte, harriekin estropezu egin ez dezazun. 13 Suge pozoitsuen gainean ibiliko zara, basapiztiak oinazpian hartuko.
14 «Niri atxikia dagoenez gero, onik aterako dut, toki seguruan jarriko, aitortzen nauelako. 15 Dei egitean, erantzun egingo diot. Berekin izango nau larrialdian: libratu egingo dut eta ohorez jantziko. 16 Bizitza luze eta betea emango diot eta neure salbamena gozaraziko».
92. salmoa
[aldatu]Zintzoa Jaunaren ondoan beti mardul. Jaunarekin zoriontsu denaren gorazarrea
1 Salmoa. Larunbaterako kanta.
2 Bai eder, Jauna, zu gorestea eta Goi-goiko hori kantuz ospatzea, 3 goizean zure maitasuna iragartzea, gau osoan zure leialtasuna, 4 hamar hariko harpaz, zitara-soinuz!
5 Pozarren nauka, Jauna, zure ekintzak, poz-oihuka zuk egindakoak.
6 Bai handiak, Jauna, zuk eginak! Zeinen sakonak zure egitasmoak! 7 Ergela ez da jabetzen, zentzugabeak ez du ulertzen.
8 Erne daitezela belarra bezain ugari gaiztoak, garatu gaizkile guztiak: betiko hondatuak izango dira! 9 Zu, Jauna, diren guztien gainetik betierean! 10 Zure etsaiak, ordea, Jauna, bai, zure etsaiak galdu egingo dira, gaizkile guztiak sakabanatuko.
11 Bufalo baten indarrak eman dizkidazu, usain-gozoko olio berriz gantzutu. 12 Gaizkileak nire kontra altxatzen direnean, etsaiak ikusi eta zera entzuten dut: 13 «Zintzoa palmondoa bezala garatuko da, Libanoko zedroa bezala haziko; 14 Jaunaren etxean landaturik, gure Jainkoaren ondoan garatuko da. 15 Zaharturik ere fruitu emango du, mardul eta heze iraungo beti, 16 Jauna zuzena dela iragartzeko, nire harkaitza, gaiztakeriarik gabea».
93. salmoa
[aldatu]Jaunari, errege ahaltsuari, gorazarrea
1 Jauna errege da, ospez jantzia, Jauna indarrez inguratua!
Sendo ezarria dago mundua, ez da kolokatuko. 2 Betikoa zara zu, Jauna! Zure tronua betidanik sendo ezarria!
3 Ozendu dute itsas urek, Jauna, ozendu itsas urek orroa, ozendu itsas urek olatu-burrunba! 4 Baina itsas orroa baino bizkorrago, itsas uhinak baino ahaltsuago, ahaltsu da Jauna zeru goietan.
5 Zure erabakiak fidagarri dira, zure etxea santutasunez eder, Jauna, egun eta beti.
94. salmoa
[aldatu]Munduaren epaileari dei larria eta uste oneko aitorpena
1 Jauna, Jainko mendekatzaile! Ager zaitez, oi Jainko mendekatzaile! 2 Altxa, munduaren epaile hori, emaiezu harroei merezi dutena!
3 Noiz arte behar dute gaiztoek, Jauna, noiz arte behar dute gaiztoek garaile? 4 Noiz arte ahoberoak lotsagabe erronkan, gaizkile guztiak harropuzturik? 5 Zure herria hauts egiten dute, Jauna, zure ondarea zapaltzen, 6 alargun eta etorkinak hilarazi, umezurtzak txikitu. 7 Pentsatzen dute: «Jaunak ez du ikusten, Jakoben Jainkoa ez da konturatzen».
8 Kontura zaitezte, bada, ergelok! Zentzugabeok, noiz ulertu behar duzue? 9 Belarria ezarri duenak entzun ez? Begia eratu duenak ikusi ez? 10 Herrien hezitzaileak zigortu ez? Gizakiaren irakasleak jakin ez? 11 Badaki Jaunak giza asmoak hutsak direla.
12 Zorionekoa, Jauna, zuk hezitzen duzuna, zeure legean eskolatzen duzuna. 13 Aldi txarren ondoren, lasai biziarazten duzu, gaiztoentzat hilobia zulatzen duten bitartean. 14 Jaunak ez du bere herria zapuztuko, ez bere ondarea bertan behera utziko. 15 Justiziaren arabera emango dira epaiak, hari jarraiki ibiliko bihotz zuzenekoak.
16 Nork defendatu nau gaizto horien aurka? Nor alde atera gaizkile horien kontra? 17 Jaunak lagundu ez balit, herio-isilpean nengokeen dagoeneko. 18 Erortzear nagoela uste dudanean, zure maitasunak eusten dit, Jauna. 19 Bihotza kezkaz betea izan arren, zeure kontsolamenduaz gozatzen nauzu.
20 Lagun izango ote dituzu epaile makurrak, legea mesprezatuz zorigaitza sortzen dutenak? 21 Zintzoari erasotzen diote, hiltzeko, errugabea heriotzara kondenatzen. 22 Baina nik Jauna dut ihesleku, Jainkoa neure babes-harkaitz. 23 Beren bidegabekeriaren ordaina emango die, beren gaiztakeriengatik suntsituko ditu: gure Jainko Jaunak suntsituko ditu!
95. salmoa
[aldatu]Jauna gurtzera eta haren oharpena entzutera gonbidapena
1 Zatozte, egiogun poz-oihu Jaunari, poz-irrintzi salbatzen gaituen harkaitzari! 2 Aurkez gakizkion eskerrak emanez, poz-irrintzi eta kantuz. 3 Jauna Jainko handia baita, jainko guztien gain errege handia.
4 Bere esku dauzka lurpeko leizeak, bereak ditu mendi-gailurrak. 5 Berea du itsasoa, berak egina, eta lehorra, bere eskuz moldatua. 6 Zatozte, gurtu dezagun ahozpezturik, belaunika gaitezen egin gaituen Jaunaren aurrean! 7 Bera da gure Jainkoa, eta gu hark larraturiko herria, haren gidaritzapeko artaldea.
Egingo al diozue gaur kasu haren esanari: 8 «Ez gogortu bihotzak zuen gurasoek Meriban bezala, Masako egun hartan basamortuan bezala, 9 aurpegi eman eta probatu egin baininduten, nik haien alde egina ikusi arren. 10 Berrogei urtez, belaunaldi hark gogait eragin zidan, eta esan nuen: <Herri galdua da, bihotzez desleiala, nire bidetik ibili nahi ez duena>. 11 Orduan, zin egin nuen haserre: <Ez, ez dira sartuko atseden eman nahi nien lurraldean!> »
96. salmoa
[aldatu]Mundu osoak bere erregeari gorazarrea
1 Kanta Jaunari kantu berria, kanta Jaunari, lurtar guztiok, 2 kanta Jaunari, bedeinka haren izena!
Hots egin egunez egun salbatzaile dela, 3 zabaldu haren ospea atzerrietan, haren mirariak herri guztietan!
4 Handia baita Jauna, guztiz goresgarria, jainko guztien aldean beldurgarria. 5 Huts dira atzerritarren jainko guztiak; Jaunak, ordea, zeruak egin ditu. 6 Distira eta handitasuna ditu inguruan, indarra eta edertasuna haren santutegian.
7 Goretsi Jauna, munduko herriok, goretsi Jaunaren ospea eta indarra, 8 goretsi Jaunaren izen ospetsua! Sartu haren aurrera eskaintzak eramanez, 9 adora Jauna, bere santutasunez agertzean. Ikara zaitezte haren aurrean, lurtar guztiok!
10 Esan atzerrietan: «Errege da Jauna! Sendo ezarri du mundua, ez da kolokatuko; herriak zuzenbidez epaitzen ditu».
11 Poz bedi zerua, alaitu lurra, egin beza burrunba itsasoak eta bertako guztiak, 12 egin festa landazabalak eta bertan dagoenak, poz-oihu basoko zuhaitzek oro, 13 badatorren, lurra gobernatzera datorren Jaunaren aurrean. Justiziaz gobernatuko du mundua eta leialtasunez herriak.
97. salmoa
[aldatu]Jaunaren agerpena: epaiketa eta askapena
1 Errege da Jauna! Poz bedi lurra, alai bitez uharte eta kostaldeak!
2 Hodei beltz-ilunak haren inguruan, justizia eta zuzenbidea haren tronu-oinarri. 3 Sua doakio aurretik, inguruko etsaiak kiskaliz. 4 Haren tximistek munduan argi: ikustean, lurrak dardara. 5 Mendiak argizaria bezala urtzen dira Jaunaren aurrean, lur osoaren Jabearen aurrean. 6 Zeruek haren justizia iragartzen, herri guztiek haren ospea ikusten. 7 Lotsa dira idolozale guztiak, huskeria horiekin harro daudenak. Ahozpez Jaunaren aurrean beste jainko guztiak!
8 Entzutean, Sion poztu, Judako hiriak alaitu egiten dira zuk erabakiagatik, Jauna! 9 Izan ere, Jauna, goi-goikoa zara, lur osoaren gainetik gailen, jainko guztien gainetik garai. 10 Gaitzari gorroto diotenak maite ditu Jaunak, bere fededunen bizia zaintzen du: gaiztoen eskutik libratuko ditu! 11 Argia sortzen da zintzoaren barruan, poza bihotz zuzenekoengan.
12 Poz zaitezte Jaunarekin, zintzook, goretsi, santua dela gogoratuz!
98. salmoa
[aldatu]Kantu berria munduaren erregeari
1 Salmoa.
Kanta Jaunari kantu berria, egintza harrigarriak egin baititu: garaile egin du bere esku indartsu paregabeak. 2 Bere garaipena azaldu du Jaunak, bere salbamen-ekintza agertu nazioen aurrean. 3 Ez du ahaztu bere maitasuna, Israel herriari dion leialtasuna. Mundu-bazter guztiek ikusi dute gure Jainkoaren garaipena.
4 Egin irrintzi Jaunari, lurtar guztiok, egin poz-oihu eta kantu, jo soinua! 5 Ospatu Jauna zitaraz, zitaraz eta kantu ederrez! 6 Turuta eta adar-hotsez, egin irrintzi errege den Jaunari!
7 Egin beza orroa itsasoak eta bertako guztiak, munduak eta bertan bizi direnek! 8 Egin bezate txalo ibaiek, poz-oihu aho batez mendiek 9 Jaunaren aurrean, bai baitator lurra gobernatzera. Justiziaz gobernatuko du mundua, zuzenbidez herriak.
99. salmoa
[aldatu]Santua da Jauna: goretsi eta obeditu
1 Errege da Jauna: dardara bitez herriak! Hegadun izakien artean du tronua: ikara bedi lurra! 2 Handia da Jauna Sionen, herri guztien gainetik garai. 3 Gorets bezate haren izen handi eta ikaragarria! Santua da bera!
4 Errege ahaltsu zara, justiziazale: zuk ezarri duzu zuzenbidea munduan, zuk egiten justizia eta zuzenbidea Israelen.
5 Goratu Jauna, gure Jainkoa, ahozpeztu haren oinaulki aurrean! Santua da bera!
6 Haren apaizen artean ziren Moises eta Aaron, haren izenari dei zegiotenen artean Samuel: dei egiten zioten Jaunari, eta hark erantzun. 7 Laino-adarretik hitz egin zien, eta haiek gorde haren aginduak eta eman zien legea. 8 Jauna, gure Jainkoa, zuk erantzuten zenien, bai, Jainko barkabera izan zinen haientzat, beren gaiztakerietatik garbituz.
9 Goratu Jauna, gure Jainkoa, ahozpeztu haren mendi santuaren aurrean! Santua da Jauna, gure Jainkoa!
100. salmoa
[aldatu]Jainko-herriaren gorespena, tenplura sartzean
1 Gorespen-oparitarako salmoa.
Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari! 2 Zerbitza ezazue pozik Jauna, joan oihu alaiz haren aurrera.
3 Aitortu Jauna Jainko dela. Berak eginak eta bereak gaitu, bere herri eta berak larraturiko artalde.
4 Sartu haren tenpluko ateetatik eskerrak emanez, haren atarietan gorazarrez. Eman eskerrak, bedeinka haren izena!
5 Bai, ona da Jauna, haren maitasuna betikoa, haren leialtasuna mendez mendekoa.
101. salmoa
[aldatu]Erregearen programa
1 Daviden Salmoa.
Maitasuna eta justizia nahi ditut kantatu, zuretzat, Jauna, soinua jo. 2 Jokabide prestua nahi dut azaldu: noiz etorriko zu niregana?
Zintzo jokatuko dut jauregiko arazoetan. 3 Ez diot arretarik jarriko inolako zitalkeriari.
Gorroto izango dut idolozalekeria, ez zait itsatsiko. 4 Urruti niregandik bihotz makurrekoa! Gaiztoarekin ez dut ezer ere nahi.
5 Lagun hurkoaren izena ezkutuan belzten duena suntsitu egingo dut. Harroputz eta handizaleak ez ditut jasango.
6 Herritar fidagarriak aukeratuko ditut kontseilari, jokabide prestuko gizonak zerbitzari.
7 Engainatzailerik ez da nire jauregian biziko, gezurtiak ez du nire aurrean iraungo. 8 Abereak bailiran suntsituko ditut lurraldeko gaiztoak. Gaizkile guztiak garbituko ditut Jaunaren hiritik.
102. salmoa
[aldatu]Larrialdian otoitza
1 Lur jorik dagoen dohakabearen otoitza: Jaunaren aurrean husten du bere kexa.
2 Jauna, entzun nire otoitza, hel bekizu nire deiadarra! 3 Ez iezadazu larrialdian aurpegia ezkuta, makur belarria niregana, dei egitean: erantzun bizkor!
4 Badoaz nire egunak, kea bezala, erretzen dauzkat hezurrak, txingarrak bezala. 5 Belarra bezala zimeldu zait bihotza, jangartzu eta akiturik nago. 6 Intziriaren intziriz, hezur eta azal bihurtua nago.
7 Hontza-zuria basamortuan bezala nago, gau-hontza hiri-hondakinen artean bezala. 8 Loak harrezinik, hor nago txori bakartia teilatuan bezala. 9 Egun osoan etsaiak irainka ari zaizkit, amorru bizian madarikatzen. 10 Errautsa dut janari, malkoak edari. 11 Zeure haserre-suminez, gora jaso eta lurrera jaurtiki nauzu. 12 Badoaz nire egunak, arratseko itzalaren antzera desagertuz; zimeltzen ari naiz belarraren antzera. 13 Zu, ordea, Jauna, errege zara betiko, zure erregetza menderen mendetarako. 14 Gupida izango diozu Sioni berriro, bada-eta errukirako garaia; bai, heldu da garaia! 15 Maite dituzte zure zerbitzariek hango harriak, penaturik daude hango hondamendiaz. 16 Begirune izango diote nazioek Jaunaren izenari, lurreko errege guztiek haren aintzari, 17 Jaunak Sion berriz eraikiko duenean eta aintzaz beterik agertzean; 18 zapalduaren otoitza entzungo du, ez ditu baztertuko beronen eskariak.
19 Bego hau idatzirik hurrengo gizaldiarentzat, sortzeko dagoen herriak Jauna gorets dezan. 20 Jaunak bere santutegi gorenetik behera, zerutik lurrera begiratu du, 21 presoen intziriak entzuteko eta hiltzera kondenatuak askatzeko. 22 Jaunaren izen ahaltsua iragarriko dute Sionen, haren gorespena Jerusalemen, 23 herriak beren erregeekin batera Jauna gurtzera bilduko direnean.
24 Nire indarrak apaldu ditu bere ahalmenaz, nire egunak urritu. 25 Nik esan nuen: «Ene Jainko, ez nazazu eraman sasoirik onenean!»
Zure urteek gizaldiz gizaldi diraute. 26 Hasieratik sendo ezarri zenuen lurra, zure eskuek egina da zerua: 27 haiek galduko dira, baina zuk iraungo; jantzia bezala gastatuko dira, soinekoa bezala aldatuko dituzu, eta haiek desagertuko. 28 Zu, ordea, beti bera, zure urteak amaigabeak. 29 Zure zerbitzarien ondorengoak seguru biziko dira, haien askaziak zure aurrean iraungo.
103. salmoa
[aldatu]Jainko errukiorrari bedeinkapen-kanta
1 Daviden salmoa.
Bedeinka beza ene arimak Jauna, ene barren osoak haren izen santua! 2 Bedeinka beza ene arimak Jauna, ez bitza ahaztu haren mesedeak!
3 Erru guztiak barkatzen dizkit, gaitz guztiak sendatzen; 4 bizia Herio Leizetik ateratzen dit, maitasun eta errukiz inguratzen nau; 5 bizitza osoan bere edertasunez nau asetzen, beti arranoa bezain gazte gordetzen.
6 Jaunak justizia egiten du, zapalduen eskubideak defendatzen. 7 Bere egitasmoak adierazi zizkion Moisesi, bere egintza handiak israeldarrei. 8 Bihozbera eta errukiorra da Jauna, haserregaitza eta onginahiz betea. 9 Ez da beti agiraka ari, ez du haserrea luzaro gordetzen. 10 Ez gaitu erabiltzen gure bekatuek merezi bezala, ez digu ordaintzen geure erruen arabera.
11 Nola zerua lurraren gainean garai, hala haren maitasuna begirune diotenentzat handi. 12 Nola ekialdea mendebaldetik urruti, hala ditu hark gure hobenak beregandik urruntzen. 13 Nola aita seme-alabentzat errukior, hala Jauna begirune diotenentzat errukior. 14 Badaki ongi zerez garen eginak, gogoan du hautsa besterik ez garela. 15 Gizakiaren egunak belarraren pareko: zelaiko lorea bezala loratzen da 16 eta, haizeak jo orduko, bertan behera galtzen, zegoen tokian aztarnarik utzi gabe. 17 Baina Jaunaren maitasunak sekulako dirau begirune diotenentzat; haren salbamen-asmoa belaunalditik belaunaldira luzatzen da 18 haren ituna gordetzen eta legeak betetzen dituztenentzat. 19 Jaunak zeruan ezarri du bere tronua, eta mundu osora zabaltzen da haren errege-agintea. 20 Bedeinka ezazue Jauna, beraren aingeruok, haren esana entzun bezain laster betetzen duzuen izaki indartsuok! 21 Bedeinka Jauna, beraren gudari guztiok, haren nahia egiten duzuen zerbitzariok! 22 Bedeinka Jauna, beraren sorkari guztiok, menpeko dituen toki guztietan! Bedeinka beza ene arimak Jauna!
104. salmoa
[aldatu]Jainko kreatzaile eta zaindariari gorazarrea
1 Bedeinka beza ene arimak Jauna! Jauna, ene Jainko, bai handia zarela! Distiraz eta handitasunez zaude jantzia, 2 argiz inguratua soinekoz bezala. Oihal-etxola bezala zabaltzen duzu zerua, 3 zeure goi-geletan pilatzen ura; hodei gainean kokatzen duzu zeure karroza, haize-hegaletan zabiltza. 4 Haizeak dituzu mezulari, sugarrak zerbitzari.
5 Lurra sendo oinarritu zenuen eta ez du sekula kolokarik egingo. 6 Ozeanoz estali zenuen, jantziz bezala, eta mendiak azpian hartu zituzten urek; 7 baina zure mehatxuz ihes egin zuten, zure trumoi-hotsak uxaturik: 8 mendietan gora, ibarretan behera, zuk izendaturiko lekuraino. 9 Gaindiezineko muga ezarri diezu urei, berriro lurra estal ez dezaten.
10 Iturburuak eta errekak sortarazten dituzu, mendi artean doazela, 11 basapiztiek edan dezaten, basastoek egarria ase. 12 Ur-bazterretan bizi dira zeruko txoriak, hostapean kantari.
13 Bere goi-geletatik ditu mendiak ureztatzen, bere biltegietako emaitzez lurra asetzen. 14 Abereentzat belarra ernearazten du, lanerako animalientzat bazka. Lurretik laborea ateratzen du 15 eta gizakiaren bihotza alaitzen duen ardoa, aurpegia distirakor egiten duen olioa eta giza indarrak berritzen dituen ogia. 16 Urez ase dira Jaunaren zuhaitzak, hark landaturiko Libanoko zedroak; 17 bertan egiten dute txoriek habia, ipuruetan zikoinak etxea. 18 Mendi garaiak ahuntzentzat dira, harkaitzak azkonarren gordeleku.
19 Ilargiak urtaroak finkatzen ditu, eguzkiak badaki noiz ezkutatu. 20 Iluna zabaltzean, badator gaua: basapiztia denak harat-honat dabiltza. 21 Lehoikumeek orroa dagite harrapakin bila, Jainkoari janari eske. 22 Eguzkia irtetean, haiek barrura, beren gordelekuetan etzatera. 23 Orduan, gizakia bere eginkizunetara doa, arratserarte lanera.
24 Bai ugariak, Jauna, zuk eginak! Denak jakinduriaz egin dituzu, zure sorkariz betea da lurra. 25 Horra itsasoa, handi eta zabal: hor dabiltza borbor, ezin konta ahala, piztia txiki eta handiak. 26 Hor dabiltza ontziak batetik bestera, bai eta itsas munstroa ere, zuk berarekin jolasteko egina.
27 Denak zure zain daude, zuk bere garaian jaten emateko zain: 28 zuk eman eta haiek harrapatu, zuk eskua zabaldu eta haiek ondasunez ase. 29 Zuk aurpegia gordetzean, ikara dira, zuk arnasa kentzean, hil egiten eta hauts bihurtzen. 30 Zeure arnasa bidali eta berriro sortzen dituzu eta lurbira berritzen.
31 Betiko bedi Jaunaren ospea! Poz bedi Jauna berak eginekin! 32 Hark lurrari begiratu eta lurrak dardara, hark mendiak ukitu eta ketan jartzen dira.
33 Bizi naizen artean kantatuko diot Jaunari, naizen artean soinua joko neure Jainkoari. 34 Atsegin bekio nire kanta: Jaunarengan nik neure poza! 35 Gal bitez bekatariak munduan, ez bedi gaizkilerik gehiago!
Bedeinka beza ene arimak Jauna! Aleluia! Gora Jauna!
105. salmoa
[aldatu]Jaunaren egintza bikainak Israelen historian
1 Goretsazue Jauna, dei egin berari, jakinarazi herrien artean haren egintza bikainak! 2 Kanta iezaiozue, jo soinua berarentzat, konta haren egintza miragarriak! 3 Harro zaitezte hartaz, Jainko santuaz, poztu, Jaunaren bila zabiltzatenok! 4 Jo ezazue Jaunarengana, indartsuagana, bila etengabe haren aurpegia. 5 Izan gogoan hark egindako mirariak, haren egintza harrigarriak eta agindu zuzenak, 6 zuek, haren zerbitzari Abrahamen jatorrikook, Jakoben ondorengook, haren aukeratuok!
7 Bera da Jauna, gure Jainkoa, lur osoaren gobernaria. 8 Gogoan du etengabe bere ituna, mila gizalditarako hitz emana: 9 Abrahamekin eginiko ituna, Isaaki emaniko zin-hitza, 10 Jakobi legetzat ziurtatua, Israeli betiko ituntzat emana, 11 hau esatean: «Zuei dizuet emango Kanaan lurraldea, hauxe da zuen ondare-zatia».
12 Gutxi batzuk besterik ez ziren, etorkin-taldetxo bat besterik ez; 13 nazio batetik bestera ibili ziren, erreinuz erreinu. 14 Baina Jainkoak ez zuen utzi inork zapal zitzan, haiengatik erregeak mehatxatu zituen: 15 «Ez ukitu nire aukeratuak, ez egin kalterik nire profetei!» 16 Gosea erakarri zuen lurraldera, janari-hornidura oro kendu. 17 Baina gizon bat bidalia zuen aurretik, Jose, esklabotzat saldua. 18 Oinak katean lotu zizkioten, burdinazko lepokoa erantsi, 19 hark iragarria bete zen arte, Jaunaren hitzak haren errugabetasuna frogatu zuelarik. 20 Orduan, erregeak askarazi egin zuen, herrien nagusiak giltzapetik libre utzi. 21 Bere jauregiko buru egin zuen eta bere ondasun guztien administratzaile. 22 Berak behar zituen handikiak eskolatu eta kontseilariei jakinduria irakatsi.
23 Orduan, Jakob Egiptora joan zen eta Kamen lurraldean atzerritar gisa bizi izan. 24 Jainkoak bere herria erruz ugaldu zuen eta etsaiak baino indartsuago egin.
25 Egiptoarrei bihotza aldatu zien, Jakoben herria gorrota zezaten eta haren zerbitzariak maltzurki erabil.
26 Orduan, Moises bere zerbitzaria bidali zuen eta Aaron bere aukeratua. 27 Iragarritako mirariak egin zituzten egiptoarren kontra, egintza harrigarriak Kamen lurraldean. 28 Jaunak ilunpea bidali eta dena ilundu zen, baina haiek ez zituzten haren egintzak ulertu. 29 Urak odol bihurtu zizkien eta bertako arrainak hilarazi. 30 Lurraldean igelak agertu ziren borborka, bai eta erregearen logelan ere. 31 Jainkoak agindu eta ezpateuli eta eltxoak zabaldu ziren bazter guztietan. 32 Euriaren ordez, kazkabarra bidali zien eta tximistak beren lurraldera. 33 Mahasti eta pikuondoak hondatu zituen eta zuhaitz guztiak puskatu. 34 Hark agindu eta larrapoteak etorri ziren, matxinsaltoak ezin konta ahala; 35 lurraldeko landare guztiak garbitu zituzten, lurreko fruituak oro. 36 Egiptoko lehen-seme guztiak jo zituen, haien gizontasunaren lehen fruituak.
37 Zilar eta urrez beterik atera zituen israeldarrak, ez zuen haien leinuetako inork lur jo. 38 Poztu egin zen Egipto haiek irteteaz, haienganako beldur-ikarak hartuak baitzituen. 39 Lainoa zabaldu zuen haiek estaltzeko eta sua gauez argi egiteko. 40 Haiek eskatu eta galeperrak bidali zizkien, zeruko ogiz ase zituen. 41 Hark harkaitza zulatu eta ura atera zen, eta ibaika joan basamortuan barrena. 42 Gogoan izan zuen bere agintzari sakratua, Abraham bere zerbitzariari egina. 43 Beraz, bozkariotan atera zuen bere herria, poz-oihuka bere aukeratuak. 44 Nazio arrotzen lurraldeak eman zizkien eta herrien ondasunez jabetu ziren, 45 haren arauak bete eta legeak gorde zitzaten.
Aleluia! Gora Jauna!
106. salmoa
[aldatu]Herriaren bekatuzko historia eta Jaunaren eroapena
1 Aleluia! Gora Jauna!
Goretsazue Jauna, ona baita, haren maitasuna betikoa baita. 2 Nork azalduko Jaunaren egintza handiak? Nork aski goretsiko hura? 3 Zorionekoa zuzenbidea errespetatu eta etengabe justizia egiten duena!
4 Oroitu nitaz, Jauna, zeure herriarekiko onginahiagatik, zatozkit salbatzera! 5 Ikus dezadala zure aukeratuen zoriona, poz nadila zure herriaren pozarekin eta zure oinordeko izateaz harrotu.
6 Bekatu egin dugu gurasoen antzera, oker jokatu dugu, errudun gara. 7 Gure gurasoek, Egiptotik hasita, ez zituzten ulertu zure egintza harrigarriak, ahaztu egin zituzten zure maitasunaren ezaugarri ugariak. Errebelatu egin ziren, Itsaso Gorritik hasita, 8 Jaunak salbatu zituen arren, bere izenaren ohoreagatik eta bere ahalmena azaltzeko. 9 Mehatxu eginez, Itsaso Gorria lehortu egin zuen, basamortuan zehar bezala pasarazi zituen itsas hondotik. 10 Gorroto zietenen eskutik salbatu zituen, etsaien menpetik askatu. 11 Urak estali zituen haien erasotzaileak, bakar bat ere ez zen bizirik gelditu. 12 Orduan, Jaunaren hitzak sinetsi zituzten eta kantuz goretsi zuten.
13 Baina laster ahaztu zituzten haren egintzak eta ez zuten itxaropenik jarri haren egitasmoan. 14 Jan-irrika sartu zitzaien basamortuan, eta Jainkoa tentatu eremuan. 15 Eskatzen ziotena eman zien hark, baina beren janguragatik sabelmina bidali. 16 Moisesen eta Aaron Jainkoaren sagaratuaren inbidia izan zuten kanpalekuan. 17 Orduan, lurra zabaldu eta Datan irentsi zuen, Abiramen lagun-taldea azpian hartu. 18 Suak kiskali zuen haien taldea, garrak irentsi gaiztoak.
19 Horeb mendian zekorra egin zuten, metal urtuzko idoloaren aurrean ahozpeztu ziren. 20 Beren ospe zuten Jainkoaren ordez, belarra jaten duen zekorraren irudia jarri zuten. 21 Ahaztu egin zuten Jainkoa, beren salbatzailea, Egipton gauza ikusgarriak egina, 22 Kamen herrialdean egintza harrigarriak eta Itsaso Gorri aldean ikaragarriak egin zituena. 23 Haiek suntsitzeko asmotan zen Jainkoa, baina Moises haren aukeratua tartean sartu zen eta haren aurrean jarri, bere haserrea baretuz, suntsi ez zitzan.
24 Lurralde zoragarriari mesprezio egin zioten, Jainkoaren hitzaz fidatu ez zirelarik. 25 Beren oihal-etxoletan marmar egin zuten, Jaunaren esanera jarri gabe. 26 Hark, orduan, eskua jaso eta zin egin zuen basamortuan hilko zituela, 27 haien ondorengoak nazioetan sakabanatu eta jentilen artean barreiatuko zituela.
28 Peorko Baal jainkoarekin uztartu ziren eta jainko hilei eskainitako oparigaiak jan zituzten. 29 Horrelako jokabideaz Jauna haserrearazi zuten eta izurrite latza etorri zitzaien gainera. 30 Baina Pinhasek jaiki eta erruduna zigortu zuen, eta gelditu egin zen izurritea. 31 Horregatik, Jainkoak zuzenetsi egin zuen gizaldiz gizaldi betiko.
32 Meribako iturrian Jainkoa haserretu zuten, eta haien erruz Moisesek jasan zuen kaltea. 33 Izan ere, barrua samindu zioten, eta hark zentzugabe hitz egin.
34 Ez zituzten herriak suntsitu, Jaunak agindua zien bezala. 35 Jentilekin elkartu ziren ezkontzaz eta haien ohiturak berenganatu. 36 Gurtza eman zieten haien idoloei eta hauek galbide gertatu zitzaizkien. 37 Beren seme-alabak opari eskaini zizkieten deabruei. 38 Odol errugabea isuri zuten, beren seme-alaben odola kanaandar idoloei opari eskainiz: lurraldea odolez busti zuten eta profanatu. 39 Horrela jokatuz, beren buruak kutsatu eta Jainkoari desleial izan zitzaizkion.
40 Piztu zen Jaunaren haserrea bere herriaren aurka eta higuin izan zuen bere ondarea. 41 Nazioen eskuetara eman zituen, eta etsaiak nagusitu zitzaizkien. 42 Arerioek zapaldu egin zituzten eta menpean hartu. 43 Hamaika aldiz libratu zituen, baina haiek, beren jarreran setatsu, beren erruengatik galtzen ziren.
44 Baina ikusi zituen Jaunak beren larrialdian eta haien garrasiak entzun. 45 Oroitu zen haiekin egina zuen itunaz eta bere maitasun handiaz gidatu zituen. 46 Haiekiko gupida sortu zuen erbestera eraman zituztenengan.
47 Salba gaitzazu, Jauna, gure Jainkoa, bildu nazioen artetik, zure izen santuari eskerrak emanez, zure gorespena harro abes dezagun. 48 Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa, betidanik betidaino! (Herri osoak erantzun beza:) «Amen».
Aleluia! Gora Jauna!
107. salmoa
[aldatu]Larrialdian askatzaile eta mesedegile den Jauna goresteko deia
1 Goretsazue Jauna, ona baita, haren maitasuna betikoa baita.
2 Aldarrika bezate Jaunak askatuek zapaltzailearen eskutik askatu dituela 3 eta herrialde guztietatik bildu: ekialde eta mendebaldetik, iparralde eta hegoaldetik.
4 Nora-ezean zebiltzan basamortuan, bide bakartietan, bizitzeko hiririk aurkiezinik. 5 Gose-egarriz hilzorian zeuden, adorea galdurik. 6 Baina larrialdian Jaunari oihu egin eta libratu egin zituen estualditik. 7 Bide zuzenetik eraman zituen, bizitzeko hirira iritsi arte.
8 Gorets bezate Jauna bere maitasunagatik, gizakien alde egiten dituen gauza harrigarriengatik. 9 Egarriz larri zeudenak ase ditu, gosetuak ondasunez bete.
10 Ilunperik beltzenean zeutzan, burdinaz eta miseriaz loturik, 11 Jainkoaren aginduen kontra errebelatu baitziren eta Goi-goikoaren egitasmoa mesprezatu. 12 Nekepean umilarazi zituen, lur jo zuten, eta nork lagundurik ez. 13 Baina larrialdian Jaunari oihu egin eta salbatu egin zituen estualditik. 14 Ilunperik beltzenetik atera zituen eta haien lokarriak hautsi.
15 Gorets bezate Jauna bere maitasunagatik, gizakien alde egiten dituen gauza harrigarriengatik. 16 Brontzezko ateak puskatu zituen burdinazko morroiloak apurtu.
17 Beren jokaera txarrarengatik ahuldurik zeuden, beren erruengatik zirtzil bihurturik. 18 Janari guztiei nazka zieten, eta heriotzaren atarian zeuden. 19 Baina larrialdian Jaunari oihu egin eta salbatu egin zituen estualditik. 20 Bere hitza bidali zien sendagarri eta hondamenditik atera.
21 Gorets bezate Jauna bere maitasunagatik, gizakien alde egiten dituen gauza harrigarriengatik. 22 Eskain biezaiote gorespen-oparia eta haren egintzak poz-oihuz konta.
23 Itsasora jo zuten ontzietan, ur handietan zutelarik ogibidea. 24 Jaunaren egintzak ikusi zituzten, haren egintza harrigarriak itsaso zabalean. 25 Haren esanera, haizea altxatu zen, olatu handiak harrotu zituen ekaitza. 26 Zeruan gora, leizean behera ibili ziren, barruak dardaraz arriskuagatik. 27 Bueltaka eta balantzaka, mozkorraren antzera, beren trebetasun guztia alferrik zutela. 28 Baina larrialdian Jaunari oihu egin eta atera egin zituen estualditik. 29 Ekaitza haizekirri bihurtu zuen eta olatuen orroa isildu. 30 Poztu ziren barealdiaz eta beren gogoko portura eraman zituen Jainkoak.
31 Gorets bezate Jauna bere maitasunagatik, gizakien alde egiten dituen gauza harrigarriengatik. 32 Gora bezate herri-batzarrean, goretsi zaharren kontseiluan.
33 Ibaiak basamortu bihurtzen ditu, iturburuak lur lehor, 34 lur joriak gatzaga, tokiko jendearen gaiztakeria bide. 35 Basamortua, berriz, urtegi bihurtzen du eta landa lehorra iturburu. 36 Gosedunak biziarazten ditu bertan, eta bizitzeko hiriak eraikitzen dituzte, 37 soroak erein, mahastiak landatu eta uzta oparoak biltzen. 38 Jainkoak bedeinkatu eta erruz ugaltzen dira, haien abere-taldeei ez die urritzen uzten.
39 Zapalkuntzak, ezbehar eta atsekabeak gutxiturik eta apalduak zeuzkaten; 40 baina Jainkoak, handikiak mesprezatzen eta biderik gabeko basamortuan noragabe ibilarazten dituenak, 41 behartsuak miseriatik altxatzen ditu eta haien familiak artaldeak bezain ugari bihurtzen.
42 Gauza hauek ikustean, zuzenak poztu egiten dira, gaiztoak, berriz, mutu gelditzen. 43 Zuhurrak har bitza hauek guztiak gogoan eta saia bedi Jaunaren mesedeak ulertzen.
108. salmoa
[aldatu]Gorespen-kanta. Garaipenerako laguntza-eskaria (Sal 57,8-12 eta 60,7-14)
1 Kanta. Daviden salmoa.
2 Adoretsu nago, ene Jainko. Kantatu eta soinua joko dizut. Ea, ene bihotza! 3 Esnatu, harpa eta zitara; esna dezadan egunsentia. 4 Herrien artean goretsiko zaitut, Jauna, nazioen artean kantatuko. 5 Bai, zure maitasuna zeru zabala baino handiagoa, zure leialtasuna hodeietarainokoa. 6 Zerua baino handiago zara, ene Jainko! Zure ospea mundu osoaren gain!
7 Eman garaipena zeure ahalmenaz, erantzun niri, hain maite dituzunok libra daitezen.
8 Jainkoak bere santutegitik esan zuen: «Sikem hiria poz-pozik neureganatuko dut, Sukot haranaz jabetuko. 9 Neurea dut Galaad, neurea Manases, nire buru-babeskia da Efraim, nire aginte-makila Juda, 10 garbiketarako ontzia Moab; oina ezarriko diot gainean Edomi, garaipen-oihu egingo Filisteari».
11 Baina nork gidatuko nau hiri gotortura, nork eramango Edomera, 12 zuk izan ezik, zapuztuak gaituzun Jainko horrek, jadanik gure gudarostearekin gudura joaten ez zaren horrek? 13 Emaguzu laguntza etsaien kontra, giza laguntza alferrik baita. 14 Jainkoarekin gauza handiak egingo ditugu, berak zapalduko dizkigu etsaiak.
109. salmoa
[aldatu]Salatzaileen eta epaile maltzurraren kontra. Epaile nagusiari deia
1 Koru-zuzendariarentzat. Daviden salmoa.
Ene Jainko, ez egin entzungor nire gorespenari! 2 Jende gaizto eta maltzurrak ahoa zabaldu du nire aurka, gezurrez pertsegitzen naute, 3 gorroto-hitzez inguratzen, arrazoirik gabe erasotzen. 4 Neure maitasunaren ordainez, salatu egiten naute, eta nik, bitartean, haien alde otoitz. 5 On eginaren ordain gaitza bihurtzen didate, maitasunaren ordain gorrotoa.
6 Izenda ezazu gaiztoren bat haren kontra, bego salatzailea haren ondoan. 7 Atera bedi kondenatua auzian, huts egin biezaio bere goradeiak. 8 Urri bitez haren egunak, har beza beste batek haren kargua. 9 Geldi bitez umezurtz haren haurrak, alargun haren emaztea. 10 Ibil bitez haren haurrak harat-honat eskale, beren etxeak konfiskatu dizkietelarik. 11 Ken biezazkio hartzekodunak bere ondasunak, bere irabaziak arrotzek harrapa. 12 Ez bekio inor maitasunez hurbil, ez haren umezurtzen gupidarik izan. 13 Suntsituak bitez haren ondorengoak, gizaldi bakar batean galdua haren deitura. 14 Oroit bedi Jauna haren gurasoen erruaz, ez beza kendu amaren bekatua: 15 izan bitza beti Jaunak begi aurrean eta suntsi beza lurretik haien oroitzapena! 16 Izan ere, ez da saiatu maitasunez jokatzen, dohakabea eta behartsua pertsegitu eta bihotz-eroria hil nahi izan du. 17 Madarikazioa zuen gogoko: betorkio gainera! Bedeinkaziorik ez zuen opa: urrun bekio! 18 Madarikazioa zeraman soingaineko: sar bekio barruraino ura bezala, gorputz guztira zabaldu olioa bezala! 19 Estal beza, beraz, soinekoak bezala, lot beza etengabe gerrikoak bezala!
20 Bedi hori Jaunarengandiko zigorra nire salatzaileentzat, gaizki-esaka ari zaizkidanentzat. 21 Baina zuk, ene Jainko Jaun horrek, egizu mirari bat nire alde, zarena zarelako, guztiz ona zarelako; libra nazazu, zeure maitasunagatik. 22 Dohakabe eta behartsu bainaiz, urraturik baitut bihotza barruan. 23 Banoa ni, arratseko itzalaren antzera desagertuz, matxinsaltoak bezala uxatzen naute. 24 Barauaren barauz, zangoak koloka ditut, gorputza argal eta ihar. 25 Isekagai bihurtu natzaie, ni ikustean, buruari eragiten diote burlaz.
26 Lagundu, Jauna, ene Jainkoa! Salba nazazu, zeure maitasunari dagokionez! 27 Jakin bezate zure eskua dela, zu zeu, Jauna, nire alde ari dena. 28 Madarika nazatela: zuk ni bedeinka; altxa daitezela aurka: lotsagarri geldituko dira, eta zure zerbitzari hau poztuko. 29 Estal bitez laidoz nire salatzaileak, bil bitza lotsagorriak soingainekoak bezala!
30 Aho betean emango dizkiot eskerrak Jaunari, jendetzaren erdian goretsiko dut, 31 behartsuaren ondoan jarri baita, kondenatu nahi zutenen eskutik salbatzeko.
110. salmoa
[aldatu]Jaunak erregea ezarri
1 Daviden salmoa.
Hona Jaunak ene jaun erregeari esan: «Eseri tronuan nire eskuinean: etsaiak oinaulki jarriko dizkizut». 2 Siondik zabaltzen du Jaunak zure errege-aginpidea: menpera itzazu, bada, guduan etsaiak! 3 Zu nagusi garaipen-egunean; Santua agertzean, bera izango duzu adore-emaile, bera egunsenti eta gaztetasun-ihintz.
4 Zin egina du Jaunak eta ez da damutuko: «Betiko zara apaiz, nik esan bezala, nire legezko erregea».
5 Zeure eskuinean daukazu Jauna: bere haserre-egunean erregeak ditu suntsitu. 6 Nazioen aurka epaia eman du: gorpuak pilatu ditu eta lur zabalean buru-hezurrak hautsi. 7 Erregetza ematen duenak nagusi ezarri du; horregatik jaso du burua.
111. salmoa
[aldatu]Bere egintzetan handi den Jaunari gorespen-kanta
1 Aleluia! Gora Jauna!
Bihotz-bihotzez goretsiko dut Jauna, batzarrean zuzenekin elkarturik. 2 Handiak dira Jaunak eginak, gogoko dituzten guztientzat aztergai. 3 Haren egintzak ospez eta ederrez beteak, haren salbamen-asmoak betiko dirau. 4 Haren egintza harrigarriak gogora ditzagun nahi du: errukior eta bihozbera da Jauna. 5 Begirune diotenei janaria die ematen; bere ituna beti gogoan izan du. 6 Egintzetan agertu dio herriari bere indarra, beste nazioen lurraldeak berari emanez.
7 Haren egintzak leial eta zintzo, haren legeak fidagarri, 8 beti-betiko ezarriak, leialtasun eta zuzentasunez burutuak.
9 Bere herriari askatasuna eman dio, haiekin ituna finkatu betiko. Santua eta beldurgarria da bera! 10 Jaunarenganako begirunea da jakinduriaren oinarria: benetan zuhur honen arabera jokatzen dutenak. Jaunaren gorespenak betiko dirau.
112. salmoa
[aldatu]Zintzo eta ongile denaren zoriontasuna
1 Aleluia! Gora Jauna!
Zorionekoa Jaunari begirune diona eta haren aginduak biziki atsegin dituena. 2 Ahaltsua izango da lurraldean haren askazia, bedeinkatua zuzenaren ondorengotza. 3 Ondasunak ugari haren etxean, haren eskuzabaltasunak betiko dirau. 4 Ilunpetan argia ageri da zuzenentzat: Jainko errukiorra, bihozbera eta zintzoa. 5 Zorionekoa errukitu eta laguntzen duena, bere arazoak zuzen daramatzana. 6 Zintzoak ez du inoiz koloka egingo, haren oroitzapenak beti bizirik iraungo.
7 Ez du izango berri txarren beldurrik, adoretsu dago, Jaunarenganako konfiantzaz; 8 seguru sentitzen da, ezeren beldurrik gabe; azkenean, etsaien porrotaz alaituko da. 9 Eskua betean ematen die behartsuei, haren eskuzabaltasunak betiko dirau: ohorez jasoko du kopeta. 10 Hori ikusiz, amorruz dago gaiztoa, erremindurik eta urtzen; gaiztoen ametsek porrot egingo dute.
113. salmoa
[aldatu]Behartsuaz errukitzen den Jainko gorenari gorazarrea
1 Aleluia! Gora Jauna!
Goretsazue, Jaunaren zerbitzariok, goretsi Jaunaren izena! 2 Bedeinkatua bedi Jaunaren izena orain eta beti! 3 Eguzkiaren sorlekutik sarlekura, goretsia bedi Jaunaren izena! 4 Jauna nazio guztien gainean garai, haren ospea zeruak baino gorago.
5 Nor Jauna, gure Jainkoa, bezalakorik? Gorenean du jarria tronua, 6 baina makurtu egiten da, zerutik lurrera begiratzeko. 7 Gizagaixoa hautsetatik altxatzen du, behartsua zaborretatik ateratzen 8 eta handikien artean, bere herriko nagusien artean, jartzen. 9 Emakume agorrari ohore ematen dio etxean, haurrak eman eta ama zoriontsu egiten.
Aleluia! Gora Jauna!
114. salmoa
[aldatu]Jaunaren agerraldi ospetsua, herria lurraldean sartzean
1 Israel Egiptotik irten ondoren, Jakoben herria erbestetik, 2 Jaunaren santutegi bihurtu zen Juda, haren jabetza Israel.
3 Jainkoa ikustean, itsasoak ihes, Jordanek atzera egin zuen; 4 mendiek salto, ahariek bezala, eta muinoek, arkumeek bezala. 5 Zer zenuen, itsaso, ihesi? Eta zuk, Jordan, atzeraka? 6 Zer zenuten saltoka, mendiok, ahariak bezala, eta zuek, muinook, arkumeak bezala?
7 Egizu poz-ikara, oi lur, Jabearen aurrean, Jakoben Jainkoaren aurrean! 8 Haitza urtegi bihurtu zuen, sukarria iturburu.
115. SALMOA
[aldatu]Egiazko Jainko bakarrari bedeinkapen-eskea
1 Guregatik ez, Jauna, guregatik ez, baizik zeure izenaren ohoreagatik, erakutsi zeure ospea, zeure maitasun eta leialtasunagatik! 2 Zergatik esan behar dute jentil-herriek: «Non dute Jainkoa?»
3 Gure Jainkoa zeruan dago eta nahi duen guztia egiten du. 4 Haien idoloak, berriz, zilar eta urre dira, gizakien eskulan. 5 Ahoa bai, eta hitzik ez dute; begiak bai, eta ikusten ez; 6 belarriak bai, eta entzuten ez; sudurra bai, eta usaintzen ez; 7 eskuak bai, eta ukitzen ez; oinak bai, eta ibiltzen ez; eztarrian hotsik atera ezin. 8 Antzeko bihur bitez beraien egileak eta beraietan konfiantza dutenak!
9 Israeldarrok, izan konfiantza Jaunarengan: bera duzue laguntzaile eta babesle! 10 Aarondar apaizok, izan konfiantza Jaunarengan: bera duzue laguntzaile eta babesle! 11 Jaunari begirune diozuenok, izan konfiantza Jaunarengan: bera duzue laguntzaile eta babesle! 12 Oroit bedi gutaz Jauna, bedeinka gaitzala: bedeinka ditzala israeldarrak, bedeinka aarondar apaizak, 13 bedeinka berari begirune diotenak, txiki eta handi. 14 Ugal zaitzatela Jaunak, zuek eta zuen seme-alabak. 15 Bedeinka zaitzatela Jaunak, zeru-lurren egileak. 16 Zerua Jaunarena da; lurra, berriz, gizakien esku utzi du. 17 Jauna ez dute hildakoek goresten, herio-isilpera jaitsi direnek. 18 Guk goresten dugu Jauna, orain eta beti.
Aleluia! Gora Jauna!
116. salmoa
[aldatu]Esker on-kanta heriotza-arriskuaren ondoren
1 Maite nau Jaunak eta entzun egin du nire erregu-oihua;
2 bai, belarria makurtu du niregana, dei egin diodanean.
3 Herio-lokarriek estutu ninduten, Herio Leizearen mandatariek atzeman; estu eta larri nintzen, 4 baina Jaunari dei egin nion: «Arren, Jauna, libra nazazu!»
5 Errukiorra eta zintzoa da Jauna, gupidatsua gure Jainkoa. 6 Jaunak zaintzen ditu xumeak: lur jorik nengoen eta salbatu egin nau.
7 Zaude berriro bakean, ene arima, ona izan baita zurekin Jauna. 8 Bai, libratu dit bizia heriotzatik, begiak negarretik, oinak erortzetik. 9 Jaunaren aurrean ibiliko naiz, beraz, bizien lurraldean.
10 Sendo nengoen fedean, «Bai zoritxarreko naizela!» esatean ere. 11 Kinka larrian pentsatu nuen: «Ez dago inor fidagarririk!»
12 Nola ordainduko diot Jaunari egin didan on guztia? 13 Kopa altxatuko dut salbamenagatik esker onez, Jaunari dei eginez. 14 Beteko dizkiot Jaunari promesak, herri osoaren aurrean. 15 Mingarri zaio Jaunari bere fededunen heriotza. 16 Bai, zure zerbitzari naiz, Jauna, zure zerbitzari apal: askatu dituzu nire lokarriak!
17 Gorespen-oparia eskainiko diot, Jaunari dei eginez. 18 Beteko dizkiot Jaunari promesak, herri osoaren aurrean, 19 Jaunaren etxeko atarietan, Jerusalemen erdian.
Aleluia! Gora Jauna!
117. salmoa
[aldatu]Jauna goresteko deia
1 Goretsazue Jauna, nazio guztiok, ospa ezazue, herri guztiok! 2 Sendoa da guretzat haren maitasuna, beti-betikoa Jaunaren leialtasuna.
Aleluia! Gora Jauna!
118. salmoa
[aldatu]Garaipena ospatuz, tenplura prozesioan
1 Goretsazue Jauna, ona baita, haren maitasuna betikoa baita. 2 Esan bezate israeldarrek: «Haren maitasuna betikoa». 3 Esan bezate aarondar apaizek: «Haren maitasuna betikoa». 4 Esan bezate Jaunari begirune diotenek: «Haren maitasuna betikoa».
5 Estualdian Jaunari nion dei egin, eta lasapide emanez erantzun zidan. 6 Jauna nire alde, ez naiz beldur: zer egin dezake nire kontra gizakiak? 7 Jauna nire alde, nire sendogarri: etsaien porrotaz alaituko naiz. 8 Hobe da Jaunarengan babestea gizakiaz fidatzea baino. 9 Hobe da Jaunarengan babestea handikiez fidatzea baino.
10 Jentil-herriek inguratu ninduten: Jaunari esker erabat suntsitu nituen. 11 Inguratu ninduten, inguratu: Jaunari esker erabat suntsitu nituen. 12 Liztorrek bezala inguratu ninduten, sua sastrakan bezala zirtaka: Jaunari esker suntsitu nituen. 13 Gogor bultzatu ninduten botatzeko, baina Jaunak lagun egin zidan. 14 Jauna dut indar eta babes, bera salbatzaile.
15 Poz- eta garaipen-oihuak dira zintzoen etxoletan: «Jaunaren eskua garaile, 16 Jaunaren eskua bikain, Jaunaren eskua garaile».
17 Ez, ez naiz hilko, bizi baino, Jaunaren egintzak kontatzeko. 18 Bai, gogor zigortu nau Jaunak, baina heriotzara eraman ez. 19 Zabaldu niri garaileen ateak, Jauna gorestera sar nadin.
20 Hona Jaunaren atea: sar bitez hemendik garaileak!
21 Eskerrak zuri, Jauna, erantzun didazulako, nire salbatzaile izan zarelako.
22 Etxegileek bazterturiko harria giltzarri gertatu da. 23 Jaunak egin du hori, gure begien harrigarri. 24 Hauxe da Jaunaren ekintza-eguna: alai gaitezen eta poztu berarengan! 25 Otoi, Jauna, eman garaipena! Otoi, Jauna, eman arrakasta!
26 Bedeinkatua Jaunaren izenean sartzen dena! Jaunaren etxetik bedeinkatzen zaitugu. 27 Argi egin digu Jainko Jaunak egiaz. Egin prozesioa, abarrak eskuetan, aldarearen ertzetaraino.
28 Zu nire Jainko, eskerrak zuri! Ene Jainko, gora zu! 29 Goretsazue Jauna, ona baita, haren maitasuna betikoa baita.
119. salmoa
[aldatu]Legea, dohain zoragarria
1
1 Zorionekoak erabat zintzo jokatzen dutenak, Jaunaren legean dabiltzanak! 2 Zorionekoak, haren xedapenak betez, bihotz-bihotzez harengana jotzen dutenak! 3 Bidegabekeriarik egin gabe, haren bideetan dabiltzanak! 4 Jauna, zeure legeak ezarri dituzu, arretaz bete ditzagun. 5 Eman ditzadala urratsak tinko, zure arauak gordetzeko. 6 Orduan, ez naiz lotsa izango, zure agindu guztiei begira. 7 Bihotz zintzoz goretsiko zaitut, zure erabaki zuzenak ikasiz. 8 Zure arauak nahi ditut gorde: ez nazazu inoiz eskutik utz!
2
9 Nola gorde dezake gazteak bere burua garbi? Bere bizimodua zure hitzera egokituz. 10 Bihotz-bihotzez nabilkizu bila: ez utzi ni zure aginduetatik saihesten. 11 Gogoan jasotzen dut zuk hitz emana, zure aurka bekatu ez egiteko. 12 Bedeinkatua zu, Jauna! Irakats niri zeure arauak. 13 Neure ahotsez iragartzen ditut zuk emaniko erabaki guztiak. 14 Zure xedapenei jarraitzea niretzat pozgarriago aberastasun handienak baino. 15 Zure legeak nahi ditut hausnartu, zure bideak begi aurrean eduki. 16 Zure arauak ditut gozamen: zure hitzak ez ditut ahazten.
3
17 Egiozu on zeure zerbitzari honi: biziko naiz eta zure hitza gordeko dut. 18 Ireki nire begiak, ikus ahal ditzadan zure legearen dohain harrigarriak. 19 Atzerritar naiz munduan: ez ezkutatu niri zeure aginduak! 20 Akiturik ditut barne-indarrak, zure erabakien etengabeko irrikaz. 21 Egin agiraka harroputz madarikatuei, zure aginduetatik aldentzen direnei! 22 Urrundu niregandik iraina eta mesprezioa, gordetzen baititut zure xedapenak. 23 Nahiz eta jauntxoak nire aurka hitzartu, zerbitzari honek zure arauak hausnartzen ditu. 24 Bai, zure xedapenak ditut gozamen, horiek kontseilari!
4
25 Lur jorik nago: biziberri nazazu, zeure promesaren arabera! 26 Neure joan-etorrien berri eman dizut, eta erantzun egin didazu: irakats niri zeure arauak! 27 Ulertarazi niri zeure legeen bidea, eta zure dohain harrigarriak hausnartuko ditut. 28 Erortzen ari naiz nahigabez ahuldurik: jaso nazazu, zeure promesaren arabera! 29 Aldendu niregandik jokabide maltzurra eta emadazu zeure legea dohain. 30 Leialtasunaren bidea aukeratu dut, paregabetzat jotzen ditut zure erabakiak. 31 Zure xedapenei loturik nago: Jauna, ez ni lotsagarri utzi! 32 Zure aginduen bidetik lehiatuko naiz, barrua lasaitzen didazunez gero.
5
33 Erakutsi niri zeure arauen bidea, horri jarraitzea izango dut sari. 34 Ulertarazi zeure legea, eta gordeko dut, bihotz-bihotzez beteko. 35 Gida nazazu zeure aginduen bidetik, hori baitut atsegin. 36 Makurtu nire gogoa zeure xedapenetara eta ez beste irabazirik desiratzera. 37 Urrundu nire begiak huskerietatik, emadazu bizia zeure indarrez. 38 Bete zerbitzari honi zeure promesa, begirune dizutenei egina. 39 Baztertu niregandik iraina, beldur baitiot; zure erabakiak bakarrik dira on! 40 Begira zure legeak nola irrikatzen ditudan: zuzena zara, biziberri nazazu!
6
41 Atzeman nazala, Jauna, zure onginahiak, zure salbazioak, hitz eman duzunez. 42 Izango dut orduan iraintzaileari zer erantzun, zure hitzaz fidatzen bainaiz. 43 Nire mintzoa izan dadila beti egiazkoa, zure erabakietan baitut itxaropidea. 44 Etengabe jarraituko diot zure legeari, beti eta beti. 45 Bide zabaletik ibiliko naiz, zure legeak aztertzen saiatuz. 46 Zure legeak erregeen aurrean azalduko ditut lotsarik gabe. 47 Zure aginduetan gozatuko naiz, hain maite ditudan aginduetan. 48 Agindu maitagarri horiek ditut besarkatzen, zure arauak darabilzkit gogoan.
7
49 Gogora ezazu zeure zerbitzari honi emaniko hitza: horixe egin duzu nire itxaropide. 50 Horixe dut kontsolamendu atsekabean, zure promesak bainau biziberritzen. 51 Harroputzek gogor egin didate iseka, baina ni ez naiz zure legetik saihestu. 52 Antzinako zure erabakiak gogoratzean, erabat kontsolatzen naiz, Jauna. 53 Haserre-sutan jartzen naiz gaiztoengatik, zure legea bazter uzten dutenengatik. 54 Nik, ordea, babes ditut zure arauak erbestealdi honetan. 55 Gauez ere, zure izena dut gogoan, beila-orduetan, zure irakaspena. 56 Hona niri dagokidana: zure legeak betetzea.
8
57 Jauna, ene ondasun bakar, erabakia dut zure hitzak gordetzea. 58 Bihotz-bihotzez bilatzen dut zure mesedea: erruki nitaz, hitz emana duzunez! 59 Aztertu dut neure jokabidea, eta neure pausoak zure xedapenetara nahi ditut bideratu. 60 Gogotik lehiatzen naiz, zabarkeriarik gabe, zure aginduak gordetzen. 61 Gaiztoek lakioz inguratu nauten arren, ez dut zure irakaspena ahaztu. 62 Gauerdian jaikitzen naiz zu gorestera, zure erabakiak zuzenak direlako. 63 Begirune dizuten guztien lagun naiz, zure legeak betetzen dituztenen lagun. 64 Jauna, zure maitasunaz beterik dago mundua! Irakatsi niri zeure arauak!
9
65 On egiozu zeure zerbitzari honi, Jauna, zeure promesaren arabera! 66 Irakatsi niri ongi bereizten eta ezagutzen, zure aginduez fidatzen bainaiz. 67 Atsekabetua izan aurretik, desbideraturik nenbilen; orain, ordea, zure esana dut betetzen. 68 Ona zara zu eta ongilea: irakatsi niri zeure arauak! 69 Gezurrez josten naute harroputzek; nik bihotz-bihotzez betetzen ditut zure legeak. 70 Harria bezain gogorra dute bihotza; nik zure irakaspena dut gozamen. 71 Beharrezkoa nuen atsekabetua izatea, zure arauak ikasteko. 72 Zeinen ona niretzat zure irakaspena, urre-zilarrezko milaka txanpon baino baliotsuagoa!
10
73 Zure eskuek egin ninduten eta eratu: emadazu adimena, zure aginduak ikas ditzadan. 74 Poztu egingo dira, ni ikusiz, zure esaneko direnak, zure hitzean jarria dudalako itxaropena. 75 Badakit, Jauna, zuzena zarela zeure erabakietan, leiala zarelako atsekabetu nauzula. 76 Arren, kontsola nazazu zeure maitasunez, zeure zerbitzari honi hitz eman diozunez. 77 Zatozkit zeure gupidaz, biziberri nadin, zure irakaspena baitut gozamen! 78 Geldi bitez lotsaturik engainuz okertu gura nauten harroputzak; nik zure legeak ditut hausnartzen. 79 Betozkit, ordea, zure esaneko direnak, ezagutu ahal ditzaten zure xedapenak. 80 Bego nire gogoa zure arauei erabat emana; ez dut horrela lotsarik izango.
11
81 Urtzen daukat barrena zure salbazioaren irrikaz, zure hitzaren zain nago; 82 begiak erreak ditut zuk hitz emanaren zain: noiz kontsolatuko nauzu? 83 Larru zahar zimurra bezala nago; ez ditut, ordea, zure arauak ahaztu. 84 Zenbat egunez bizi naiteke oraindik? Noiz zigortuko dituzu nire pertsegitzaileak? 85 Harroputzek zuloak egin dizkidate bidean, zure legea aintzat hartu gabe. 86 Fidagarriak dira zure agindu guztiak; maltzurkeriaz pertsegitzen naute: zatozkit laguntzera! 87 Ia garbitu ninduten lurretik; baina nik ez nituen zure legeak bazter utzi. 88 Babestu nire bizia zeure maitasunez! Beteko ditut zuk emaniko xedapenak.
12
89 Zure hitza, Jauna, betierekoa da, zerua baino iraunkorragoa! 90 Zure leialtasunak belaunez belaun dirau, zeuk finkatu duzun lurrak baino areago! 91 Gaurdaino diraute zure erabakiz, gauza guztiak menpeko baitituzu. 92 Zure irakaspena izan ez banu gozamen, honezkero galdua nintzatekeen atsekabez. 93 Ez ditut, ez, zure legeak sekula ahaztuko, horien bidez bainauzu biziarazten. 94 Zeurea nauzu: salba nazazu, zure legeen bila saiatzen naiz eta! 95 Gaiztoak zelatan zegozkidan ni galtzeko, baina ni erne nengoen zure xedapenetara. 96 Gauzarik bikainenak ere badu bere muga, zure agindua bakarrik mugagabea.
13
97 Bai dudala maite zure irakaspena! Bera dut hausnargai egun osoan. 98 Zure aginduak etsaiak baino zuhurrago egiten nau, neurekin baitut aldioro. 99 Nire irakasle guztiak baino argiago naiz, zure xedapenak hausnartzen ditudalako. 100 Zaharrak baino trebeago naiz ulertzen, zure legeak gordetzen ditudalako. 101 Ez naiz inolako bide txarretatik abiatzen, zure hitza gordetzearren. 102 Ez naiz zure erabakietatik aldentzen, zeuk baitidazu irakasten. 103 A zein gozoa zuk hitz emana, eztia ahorako baino gozoagoa! 104 Zure legeek egiten naute ulertzeko gai; horregatik, gorroto dut jokabide maltzur oro.
14
105 Nire pausoentzat kriseilu da zure hitza, nire biderako argi. 106 Zin egin dut eta tinko nago zure erabaki zuzenak gordetzeko asmoan. 107 Biziki atsekabeturik nago, Jauna: babestu nire bizia, zeure promesaren arabera! 108 Har itzazu onez, Jauna, nire otoitzak eta ezagutarazi niri zeure erabakiak. 109 Nire bizia beti arriskuan dagoen arren, ez dut zure irakaspena ahazten. 110 Gaiztoek tranpa jarri didate; ni, ordea, ez naiz zure legeetatik okertu. 111 Zure xedapenak dira nire ondare betiko, beraiek baitidate barrua pozten. 112 Zure arauak betetzera makurtzen dut gogoa: nire sari dira betiko.
15
113 Fede gaiztokoak ditut gorroto, eta zure irakaspena maite. 114 Zu zaitut ene gordeleku eta babes, zure hitza ene itxaropen. 115 Alde niregandik, gaizkileok, neure Jainkoaren aginduak gorde ahal ditzadan. 116 Eutsi niri, zeuk hitz eman bezala, eta biziko naiz; ez dakidala neure esperantza huts gerta. 117 Emadazu eskua eta salbatuko naiz, begi aurrean izango ditut beti zure arauak. 118 Mesprezatu egiten dituzu zure arauetatik saihesten direnak, gezur huts baitira horien egitasmoak. 119 Zabortzat dauzkazu munduko gaizto guztiak; horregatik maite ditut zure xedapenak. 120 Dardara dagit zure beldur-ikaraz, eta begirune diet zure erabakiei.
16
121 Zuzenbidez eta justiziaz jokatu dut: ez utzi ni zapaltzaileen esku. 122 Segurtatu onbidean zeure zerbitzari hau, ez nazaten harroputzek zapal. 123 Erreak ditut begiak zure salbazioaren zain, zuk hitz emaniko justiziaren zain. 124 Jokatu zeure zerbitzari honekin, zure maitasunari dagokionez: irakatsi niri zeure arauak! 125 Zeure zerbitzari nauzu: emadazu adimena, zure xedapenak ezagut ditzadan. 126 Ekin, Jauna, ordua da: zure legea hautsi egin dute! 127 Nik, ordea, maite ditut zure aginduak, urrerik finena baino maiteago. 128 Zuzen-zuzenak iruditzen zaizkit zure xedapen guztiak, eta gorroto diot jokabide maltzur orori.
17
129 Harrigarriak dira zure xedapenak! Horregatik ditut gogoan gordetzen. 130 Azaldu zeure hitz argigarriak, eman ulermena heldugabeei. 131 Aho zabalik nago desiraz, zure aginduen irrika biziz. 132 Itzul niregana eta erruki zakizkit, zure izena maite dutenekin ohi duzun bezala. 133 Sendo beza zuk hitz emanak nire ibilbidea, ez nazala inolako txarkeriak menpera. 134 Aska nazazu zapaltzaileen eskutik eta beteko ditut zure legeak. 135 Erakutsi aurpegi argia zeure zerbitzari honi, irakatsi niri zeure arauak! 136 Ene begiek malko-errekak isurtzen dituzte, zure irakaspenari jarraitzen ez diotenengatik.
18
137 Zintzoa zara zu, Jauna, zuzena zeure erabakietan. 138 Xedapen zuzenak ezarri dituzu, zeharo fidagarriak. 139 Maitasun-garrak erretzen nau, nire etsaiak zure hitzaz ahazten direlako. 140 Ongi egiaztatua da zuk hitz emana; maite du, bai, zure zerbitzari honek. 141 Txikia naizen arren eta mesprezatua, ez ditut zure legeak ahazten. 142 Zure justizia behin betiko justizia da, zure irakaspena fidagarria. 143 Larriak eta zoritxarrak jota nagoelarik ere, gozamen ditut zure aginduak. 144 Zure xedapenak behin betiko zuzenak: ulertarazi haiek niri eta biziko naiz.
19
145 Bihotz-bihotzez egiten dizut dei: erantzun, Jauna, eta gordeko ditut zure arauak. 146 Dei degizut: salba nazazu, eta beteko ditut zure xedapenak. 147 Eguna argitu baino lehen, deiadar degizut laguntza eske: zure promesetan dut itxaropen! 148 Gau-beilan zuregana zuzentzen ditut begiak, zuk hitz emana hausnartuz. 149 Entzun nire ahotsa zeure maitasunez! Jauna, biziberri nazazu, erabaki duzun bezala! 150 Asmo txarrez pertsegitzen nautenak hurbiltzen ari zaizkit, urrun dira zure legetik. 151 Baina hurbil, zu zaitut nik, Jauna; zure agindu guztiak fidagarriak dira. 152 Aspalditik ezagutzen ditut zure xedapenak, betidanik baitituzu ezarriak.
20
153 Begira nire atsekabeari eta libra nazazu, ez baitut zure irakaspena ahaztu. 154 Defendatu nire auzia eta aska nazazu, babestu nire bizia, zeuk hitz emanaren arabera! 155 Urruti dago gaiztoengandik zure salbazioa, ez baitute jotzen zure arauetara. 156 Neurrigabe zara bihozbera, Jauna: biziberri nazazu, zeure erabakien arabera! 157 Asko dira pertsegitzen nauten etsaiak; ez naiz, hala ere, zure xedapenetatik okertzen. 158 Desleialak ikusi eta nazka ematen didate: ez dute zuk hitz emana gogoan hartzen. 159 Ikus zein maite ditudan zure legeak! Biziberri nazazu zeure maitasunez! 160 Zure hitzaren funtsa leialtasuna da, zure betiko erabakien muina justizia.
21
161 Jauntxoek arrazoi gabe pertsegitzen naute, baina zure hitzek bakarrik ikaratzen ni. 162 Pozik nago zuk hitz emanagatik, altxor galanta aurkitu duena baino pozikago. 163 Gorroto eta higuin diot maltzurkeriari, zure irakaspena dut maite. 164 Egunean zazpi aldiz goraipatzen zaitut, zeure erabaki zuzenengatik. 165 Bake-bakean bizi dira zure legea maite dutenak: ez da ezer eroraraz ditzakeenik. 166 Zure salbazioa espero dut, Jauna, eta zure aginduak betetzen. 167 Gogoan hartzen ditut zure xedapenak eta biziki maite. 168 Betetzen ditut zure lege eta xedapenak: begi aurrean dituzu nire ibilbide guztiak.
22
169 Hel bedi zureganaino, Jauna, nire deiadarra: egin nazazu ulertzeko gai, zeure promesaren arabera! 170 Irits dadila zure aitzinera nire erregua: libra nazazu, zeuk hitz eman bezala! 171 Isur bezate nire ezpainek zure gorespena, zeure arauak irakatsi baitizkidazu. 172 Iragar beza nire mihiak behin eta berriz zure promesa, zuzenak baitira zure agindu guztiak. 173 Luza eskua niri laguntzeko, zure legeak aukeratu ditudanez gero. 174 Zure salbazioaren irrikaz nago, Jauna, eta zure irakaspena dut gozamen. 175 Bizi nadila luzaro zu goresteko, lagun diezadatela zure erabakiek! 176 Ardi galduaren gisa desbideratuko banintz, bilatu zuk zeure zerbitzari hau, ez baititut zure aginduak ahazten.
120. salmoa
[aldatu]Borrokazaleek erasotuaren dei larria
1 Erromes-kanta.
Larrialdian Jaunari egin nion dei eta hark erantzun. 2 Jauna, libra nazazu ezpain gezurtietatik, mihi maltzurretik!
3 Zeinen gogor zigortuko zaituen Jaunak, mihi maltzur hori, 4 gudari-gezi zorrotzen, ipuru-ikatz gorien antzeko zaren hori!
5 Ai ene! Hobe nuen atzerrian urruti bizi izan banintz, Mexeken edo Kedarko oihal-etxoletan! 6 Luzaroegi bizi izan naiz hemen bakea gorroto dutenekin! 7 Nik bakea besterik ez ahoan; haiek, berriz, beti borrokan.
121. salmoa
[aldatu]Israelen zaintzailea
1 Erromes-kanta.
Begiak mendietara ditut jasotzen: nondik etorriko ote zait laguntza? 2 Jaunarengadik datorkit laguntza, zeru-lurrak egin zituenagandik.
3 Jaunak ez zaitu erortzen utziko, zure zaintzailea ez dago lo. 4 Ez, ez du sekula lorik egiten Israelen zaintzaileak. 5 Jauna duzu zaintzaile, Jauna gerizpe: alboan duzu beti. 6 Ez dizu kalterik egingo eguzkiak egunez, ez ilargiak ere gauez.
7 Jaunak zainduko zaitu gaitz orotatik, berak zuri bizia zainduko. 8 Jaunak zainduko ditu zure ibilera guztiak oraindanik eta betiko.
122. salmoa
[aldatu]Jerusalemi agurra
1 Erromes-kanta. Davidena.
Hura poza nirea, esan zidatenean: «Goazen Jaunaren etxera!»
2 Hona orain nire oinak geldi zure ateetan, Jerusalem! 3 Jerusalem, Jainkoak eraikitako hiria, den-dena tinko bildua!
4 Horra igo behar dute leinuek, Jaunaren leinuek, Israelen lege denez, Jaunaren izena gorestera; 5 hortxe esertzen baitira erregeak, Daviden jauregian, justizia egitera.
6 Opa biezaiote bakea Jerusalemi: «Lasai bizi bitez maite zaituztenak! 7 Bakea bedi zure harresi barruan, lasaitasuna jauregietan!»
8 Neure senide eta lagunen izenean ere, hauxe diot gartsuki: «Bakea zurekin!» 9 Jaunaren, gure Jainkoaren, etxearengatik, zoriona eskatzen dut zuretzat.
123. salmoa
[aldatu]Herri mesprezatuaren erruki-eskea
1 Erromes-kanta.
Begiak zuregana jasoak ditut, zeruan errege zaren horrengana. 2 Nola morroien begiak nagusien eskuetara, nola neskamearen begiak etxekoandrearen eskuetara, halaxe daude gure begiak Jaunarengana, gure Jainkoarengana, haren errukia iritsi zain.
3 Erruki, Jauna, erruki! Buruz gain gaude mesprezioz, 4 buruz gain ustetsuen burlaz, harroen mesprezioz.
124. salmoa
[aldatu]Esker ona arriskua pasa ondoren
1 Erromes-kanta.
Jauna gure alde izan ez balitz
-esan bezate israeldarrek
-,
2 Jauna gure alde izan ez balitz, etsaiek eraso zigutenean,
3 bizi-bizirik irentsiko gintuzketen:
hain haserre-suminduak zeuden gure kontra;
4 urek amilka eramango gintuzketen, uholdeek hondoratuko;
5 hondoratu egingo gintuzketen ur oldartsuek.
6 Bedeinkatua Jauna, haien hortzen harrapakin egin ez gaituena! 7 Txoriak ehiztarien tranpatik bezala gara libratu: tranpa hautsi egin da eta gu libre gelditu.
8 Jauna dugu laguntzaile, zeru-lurren egilea.
125. salmoa
[aldatu]Jaunak bereak gaitzetik gorde
1 Erromes-kanta.
Jaunarengan konfiantza dutenak Sion mendiaren antzeko dira; Jerusalemen errege denak ez du sekula kolokarik egingo.
2 Nola mendiek Jerusalem, hala du Jaunak bere herria inguratzen, oraindanik eta betiko. 3 Gaiztoen aginpideak ez du iraungo Jaunak zintzoei emandako lurraldean, zintzoak ere has ez daitezen bidegabekeria egiten.
4 Jauna, egiezu on zintzoei, bihotz zuzenekoei. 5 Bide okerretara makurtzen direnak, berriz, desagerraraz bitza Jaunak gaizkileekin batera!
Bakea Israeli!
126. salmoa
[aldatu]Jaunak herriaren zoria aldatu
1 Erromes-kanta.
Jaunak Sionen zoria aldatu zuenean, ametsetan ginela iruditzen zitzaigun. 2 Barrez bete zitzaigun ahoa, poz-oihuz ezpainak. Jentil-herriek ere hau ziotsaten: «Bikain jokatu du haien alde Jaunak!» 3 Bikain jokatu zuen gure alde Jaunak eta pozarren gaude. 4 Jaunak aldatu du gure zoria, euri-jasek basamortua bezala.
5 Malkotan erein zutenek pozetan dute biltzen! 6 Negarretan joan ziren, hazi-zorroa eramanez; poz-oihuka datoz, gari-balak ekarriz.
127. salmoa
[aldatu]Jaunarengandik dator dena
1 Erromes-kanta. Salomonena.
Etxea Jaunak eraikitzen ez badu, alferrik ari dira etxegileak. Hiria Jaunak zaintzen ez badu, alferrik daude erne hirizainak.
2 Alferrik duzue goizean goiz jaiki eta berandu oheratzea, nekearen nekez ogia irabaztea: bere adiskideei lotan daudela ematen die Jaunak!
3 Hara, seme-alabak dituzu Jaunaren ondare, sabeleko fruitua harengandiko sari. 4 Gudariaren eskuan geziak bezala, halaxe gaztetako seme-alabak.
5 Zorionekoa gezi-ontzia beraiekin betea duena! Ez du porrot egingo; atzera eragingo die etsaiei hiriko ateetatik.
128. salmoa
[aldatu]Jaunari begirune dionarentzat bedeinkapena
1 Erromes-kanta.
Zorionekoa Jaunari begirune diona eta haren bidetik dabilena!
2 Zeure lanaren fruituaz biziko zara eta zoriontsu izango, dena ongi zaizu joango. 3 Emaztea mahatsondo emankorraren antzeko izango duzu etxe-txokoan; seme-alabak olibondo gazteen pareko zeure mahai inguruan. 4 Horra Jaunari begirune dionarentzat zer bedeinkapen!
5 Bedeinka zaitzala Jaunak Siondik, goza zaitezela bizitza osoan Jerusalemen zorionaz, 6 ikus ditzazula zeure haurren haurrak!
Bakea Israeli!
129. salmoa
[aldatu]Herriaren zapaltzaileen kontra
1 Erromes-kanta.
«Zenbat gerra egin didaten gaztedanik
-aitor dezake Israelek
-,
2 zenbat gerra egin didaten gaztedanik!
Baina ez didate gaina hartu.
3 Goldeaz lurra bezala urratu didate bizkarra,
golde-arrasto luzeak eginez.
4 Baina Jaunak, zuzena baita,
hautsi egin du gaiztoen uztarria».
5 Jo bezate atzera, lotsaturik, Sion gorroto dutenek! 6 Izan bitez teilatuko belarraren pareko! Ebaki aurretik ihartzen da; 7 ez du egiten harekin igitariak eskutadarik, ez biltzaileak besakadarik; 8 ez die inork esaten, ondotik pasatzean: «Bedeinka zaitzatela Jaunak! Jaunaren izenean bedeinkatzen zaituztegu».
130. salmoa
[aldatu]Barru-barrutik Jaunari dei barkamen eske
1 Erromes-kanta.
Barru-barrutik egiten dizut dei, Jauna: 2 Entzun, Jauna, nire mintzoa! Beude erne zure belarriak nire erregu-oihura.
3 Erruak kontuan badituzu, Jauna, oi Jauna, nork iraun bizirik? 4 Baina zuri barkamena dagokizu eta, barkatuz, zeureganako begirunea pizten diguzu.
5 Jaunaren zain nago, zain bihotz-bihotzez, haren erantzuna dut itxaro. 6 Jaunaren esperoan nago, gau osoan esnai, goizerarte beilari.
7 Izan beza Israelek itxaropen Jaunarengan, Jaunarena baita maitasuna, Jaunarena askapen betea. 8 Berak askatuko du Israel erru guztietatik.
131. salmoa
[aldatu]Jaunaren eskuetan bakean
1 Erromes-kanta. Davidena.
Jauna, nire bihotza ez da handi-min, ez nire begiak gorazale; ez nabil gauza handien atzetik, ez neurriz gainekoen atzetik.
2 Isil eta bare dut barne-gogoa; haurtxoa amaren altzoan bezala, haurtxoa bezala dut barnean gogoa.
3 Israel, izan Jaunarengan itxaropen oraindanik eta betiko!
132. salmoa
[aldatu]Davidek Jaunari egoitza agindu, Jaunak Davidi betiko erregetza
1 Erromes-kanta.
Jauna, oroit zaitez Davidez, oroitu haren neke guztiez; 2 nola egin zion Jaunari zin, Jakoben Jainko indartsuari promes: 3 «Ez naiz etxapean sartuko, ez ohean etzango, 4 ez dut begirik itxiko, ez loak hartzen utziko, 5 Jaunari bizilekua, Jakoben Jainko indartsuari egoitza aurkitu bitartean».
6 Efratan entzun genuen kutxaren berri eta Jaar aldean aurkitu. 7 Eta esan: «Goazen Jaunaren egoitzara, ahozpez gaitezen haren oinaulki aurrean!
8 «Jaiki, Jauna, zatoz zeure egonlekura, zatoz zeure kutxa indartsuarekin! 9 Jantz bitez zure apaizak salbamen-indarrez, ekin biezaiote poz-oihuka zure fededunek. 10 David zeure zerbitzariaren maitasunagatik, ez bota zeure aurretik zeuk aukeraturiko erregea!»
11 Jaunak Davidi zin egin dio, inoiz hautsiko ez duen hitza eman: «Zure odoleko bat ezarriko dut zure tronuan. 12 Zure ondorengoak, nire ituna eta emango dizkiedan legeak gordetzen badituzte, betiko eseriko dira zure tronuan».
13 Izan ere, Jaunak Sion aukeratu du eta gogoko izan bertan bizitzea: 14 «Hauxe izango dut beti neure egoitza, hementxe biziko naiz, gogoko baitut.
15 «Oparo bedeinkatuko ditut bertako biltegiak, ogiz aseko behartsuak. 16 Apaizak salbamen-indarrez jantziko ditut eta fededunek poz-oihuka ekingo diote.
17 «Kimu indartsua sortaraziko diot Davidi, neuk aukeraturiko erregearentzat kriseilua piztuko. 18 Honen etsaiak lotsaz josiko ditut; honen buruan, aldiz, koroak dizdiz egingo».
133. salmoa
[aldatu]Anaitasunaren kanta
1 Erromes-kanta. Davidena.
Bai eder dela, bai gozo, senideak elkarturik bizitzea!
2 Gantzuketako olio bikaina bezala da, buruan isuri eta bizarrean behera, Aaronen bizarrean behera, soinekoraino jaisten den olio lurrintsua bezala; 3 Sion mendira jaisten den ihintza bezala, Hermon mendian bezain ugari.
Sionen ematen du Jaunak bedeinkazioa: bizia betiko!
134. salmoa
[aldatu]Gaueko gorespenerako deia
1 Erromes-kanta.
Bedeinka ezazue Jauna, Jaunaren zerbitzariok, gaua beraren etxean igarotzen duzuen guztiok! 2 Altxa eskuak santutegirantz eta bedeinka Jauna!
3 Bedeinka zaitzatela Siondik Jaunak, zeru-lurren egileak.
135. salmoa
[aldatu]Goizeko gorazarrea tenpluan
1 Aleluia! Gora Jauna!
Goretsazue Jaunaren izena, goretsazue, Jaunaren zerbitzariok, 2 Jaunaren tenpluan, gure Jainkoaren etxeko atarietan zaudetenok. 3 Goretsazue Jauna, ona baita, kanta berari, maitagarria baita. 4 Jaunak Jakoben herria aukeratu du, bere jabego berezi bihurtu Israel.
5 Badakit, bai, handia dela Jauna, jainko guztien aldean handia gure Jauna. 6 Nahi duen guztia egiten du Jaunak zeru eta lurrean, itsaso eta ozeanoetan. 7 Hodeiak zerumugan gora igoarazten ditu, erauntsiak tximistaka lehertarazten, haizea bere gordelekuetatik aterarazten.
8 Berak jo zituen Egiptoko lehen sortuak, gizaki eta abere. 9 Mirariak eta egintza harrigarriak egin zituen Egipton faraoiaren eta beronen funtzionarioen aurka. 10 Herri ugari suntsitu zuen, errege ahaltsuak hil: 11 Sihon, amortarren erregea, Og baxandarrena eta Kanaango errege guztiak. 12 Eta haien lurraldea ondare eman zion bere herri Israeli.
13 Jauna, zure izenak betiko dirau, Jauna, zure oroitzapenak belaunez belaun. 14 Zuk defendatzen baituzu, Jauna, zeure herria, eta zeure zerbitzariez gupidatzen zara. 15 Jentil-herrien idoloak zilar eta urre dira, gizakien eskulan. 16 Ahoa bai, eta hitzik ez dute; begiak bai, eta ikusten ez; 17 belarriak bai, eta entzuten ez; ez dute arnasarik ahoan. 18 Antzeko bihur bitez beraien egileak eta beraietan konfiantza dutenak!
19 Israeldarrok, bedeinkatu Jauna! Aarondar apaizok, bedeinkatu Jauna! 20 Lebitarrok, bedeinkatu Jauna! Jaunari begirune diozuenok, bedeinkatu Jauna! 21 Bedeinkatua izan bedi Siongo Jauna, Jerusalemen bizi dena!
Aleluia! Gora Jauna!
136. salmoa
[aldatu]«Jaunaren maitasuna betikoa da»
1 Eskerrak eman Jaunari, ona baita, haren maitasuna betikoa baita. 2 Eskerrak eman jainkoen Jainkoari, haren maitasuna betikoa baita. 3 Eskerrak eman jaunen Jaunari, haren maitasuna betikoa baita.
4 Bera bakarrik egintza miragarrien egile, haren maitasuna betikoa baita. 5 Jakinduriaz egin du zerua, haren maitasuna betikoa baita. 6 Uren gainean tinko ezarri lurra, haren maitasuna betikoa baita. 7 Argizagi handiak egin ditu, haren maitasuna betikoa baita; 8 eguzkia, egunaren gain jartzeko, haren maitasuna betikoa baita; 9 ilargia eta izarrak, gauaren gain jartzeko, haren maitasuna betikoa baita.
10 Egiptoko lehen-semeak jo zituen, haren maitasuna betikoa baita. 11 Israel handik irtenarazi zuen, haren maitasuna betikoa baita; 12 ahalmen handiz, esku indartsuz, haren maitasuna betikoa baita. 13 Itsaso Gorria erdi bi egin zuen, haren maitasuna betikoa baita; 14 eta Israel herria erditik pasarazi, haren maitasuna betikoa baita; 15 faraoia eta honen gudarostea Itsaso Gorrian amildu zituen, haren maitasuna betikoa baita.
16 Basamortuan zehar gidatu zuen bere herria, haren maitasuna betikoa baita. 17 Errege handiak jo zituen, haren maitasuna betikoa baita; 18 errege ospetsuak hil, haren maitasuna betikoa baita: 19 Sihon, amortarren erregea, haren maitasuna betikoa baita; 20 eta Og, Baxango erregea, haren maitasuna betikoa baita. 21 Eta haien lurraldea bere herriari eman zion, haren maitasuna betikoa baita; 22 bere zerbitzari Israeli eman zion ondare, haren maitasuna betikoa baita. 23 Oroitu zen gutaz gure eroraldian, haren maitasuna betikoa baita; 24 eta etsaiengandik gintuen askatu, haren maitasuna betikoa baita. 25 Bizidun guztiak janaritzen ditu, haren maitasuna betikoa baita.
26 Eskerrak eman zeruko Jainkoari, haren maitasuna betikoa baita.
137. salmoa
[aldatu]Erbestean Jerusalem-minez
1 Babiloniako ibai bazterretan eseriak geunden negarrez, oi Sion, zutaz oroituz. 2 Urondoko sahatsetan utziak genituen zitarak zintzilik.
3 Eta han, guri kantu eske zeuden erbesteratu gintuztenak, kanta alai eske gure zapaltzaileak: «Kantatu guretzat Siongo kantak».
4 Nola kantatu Jaunaren kanturik atzerriko lurraldean? 5 Zutaz ahaztu banendi, Jerusalem, geldi bekit eskua elbarri. 6 Geldi bekit mihia ahosabaian itsatsirik, beti gogoan ez bazaitut, zu, Jerusalem, neure pozik handiena ez bazaitut.
7 Jauna, ez ahaztu edomdarrek egina, honela baitziotsoten elkarri Jerusalem erori zen egun hartan: «Erraustu, erraustu hondoraino!»
8 Babilonia, hiriburu kriminal hori! Bejondeiola, zuk guri eginaren ordaina emango dizunari! 9 Bejondeiola, zure haurtxoak hartu eta harkaitzaren kontra lehertuko dituenari!
138. salmoa
[aldatu]Jainko salbatzaileari esker onezko kanta
1 Davidena.
Eskerrak ematen dizkizut, Jauna, bihotz-bihotzez, beste jainkoen aurrean zu kantuz ospatzen. 2 Zure tenplu santura begira ahozpezten naiz, zuri eskerrak emanez: zeure maitasun eta leialtasunaz, paregabe handi egin dituzu zeure izena eta promesa. 3 Dei egin nizunean, entzun egin zenidan, bihotzean kemena bizkortu.
4 Eskerrak emango dizkizute, Jauna, munduko errege guztiek, zure promesaren berri jakitean. 5 Zure nagusigoa dela eta, kantatuko dute: «Handia da Jaunaren ospea!» 6 Bai, gorena da Jauna, baina apalari arretaz dio begiratzen; harroari, berriz, urrutitik igartzen.
7 Arriskuz inguraturik aurkitzean, babestu nire bizia etsai amorratuengandik, luzatu eskua eta salba nazazu. 8 Dena egingo du Jaunak nire alde. Jauna, zure maitasuna betikoa! Ez utzi bertan behera hasi duzun lana.
139. salmoa
[aldatu]Meditazioa. Jaunak dena ikusi eta jakin
1 Koru-zuzendariarentzat. Davidena.
Jauna, zuk ikertzen nauzu eta ezagutzen: 2 badakizu noiz esertzen naizen eta noiz jaikitzen. Urrutitik sumatzen dituzu nire burutapenak. 3 Ohartzen zara noiz nabilen eta noiz nagoen geldi. Zehatz dakizu nire pauso guztien berri. 4 Oraindik ez dut hitza mihian eta zuk, Jauna, badakizu esango dudana. 5 Atze eta aurre, estu bildua naukazu, zeure eskua nire gain ezarrita. 6 Miragarria zure ezagutza, nitaz gaindikoa, nik atzemateko garaiegia.
7 Nora joan zure espiritutik urruti? Nora ihes egin zure aurretik? 8 Zerura igota ere, zu hantxe! Hilen Egoitzara jaitsita ere, zu bertan! 9 Nahiz argiaren sorlekurantz hegaldatu, nahiz mendebaldeko itsas mugetan kokatu, 10 han ere zure ezkerra gainean izango dut, zure eskuinak helduko dit. 11 Nahiz nik esan: «Ilunpeak estaliko ahal nau, egun-argia gau bihurtuko ahal zait inguruan!», 12 ilunpea ere ez da zuretzat ilun, gaua ere eguna bezain argi: ilunpea eta argia zuretzat berdin!
13 Zuk eratu didazu gorputza, zuk zaindu nauzu amaren sabeletik. 14 Eskerrak zuri, hain izugarria zarelako, zeure egintza miragarrietan nabarmena! Barru-barruraino ezagutzen ninduzun, 15 nire hezur-mamiak ez ziren zuretzat ezkutu, isilpean eratzen ari nintzela, lurraren barruan ehunduz nindoala. 16 Zure begiek nire bizi-aroak ikusten zituzten, idatziak zeuden denak zure liburuan; eratuak zenituen nire egunak, bat bakarra ere izatera iritsi baino lehen. 17 Oi Jainko, bai paregabeak niretzat zure burutapenak, bai sakona haien barne-muina! 18 Kontatzen hasten banaiz, hondarra baino ugariago dira. Berpiztu nadila eta jarrai dezadala beti zurekin!
19 Oi Jainko, gaiztoak hilko bazenitu! Urrun niregandik, odolzaleok! 20 Maltzurkeriaz mintzo dira zutaz eta zure kontra alferrik altxatzen. 21 Gorroto dizutenei, Jauna, nola ez nik gorroto izan? Kontra altxatzen zaizkizunei nola ez higuin izan? 22 Gorroto biziz gorroto izan ditut, niretzat ere etsai bihurtu dira.
23 Oi Jainko, iker nazazu eta ezagutu nire bihotza, proba nazazu eta ezagutu nire ardurak. 24 Ikusi galbidetik ote nabilen, gidatu ni zeure betiko bidetik.
140. salmoa
[aldatu]Pertsegituaren erregua justizia eske
1 Koru-zuzendariarentzat. Daviden salmoa.
2 Libra nazazu, Jauna, gaiztoengandik, zaindu indarzaleengandik: 3 gaiztakeriak asmatzen ari dira eta egunero borrokak sortzen; 4 sugeak bezain mihi zorrotza dute, sugegorriaren pozoia ezpainetan.
5 Gorde nazazu, Jauna, gaizkileengandik, zaindu indarzaleengandik, nondik estropezu eragingo baitabilzkit. 6 Harroek tranpak jartzen dizkidate ezkutuan, gizatxarrek sarea hedatzen, bidean lakioak ipintzen.
7 Jaunari diotsot: «Zu nire Jainkoa!» Jauna, entzun onez nire erregu-oihua. 8 Jauna, ene Jainkoa, zu nire indar salbatzailea, guduan burua babesten didazuna.
9-10 Jauna, ez eman amore gaiztoen gogoei, ez utzi beren asmo maltzurrak betetzen. Ez bezate bururik jaso ni inguratzen nautenek; murgil bitza beren ezpainetako makurkeriak! 11 Betozkie gainera txingar goriak, amil bitez leize sakonera, eta gehiago jaiki ez! 12 Gaizki-esaleek ez bezate iraun herrialdean, zoritxarrak harrapa eta gal beza indarkeriazalea!
13 Badakit Jaunak dohakabeari justizia egiten eta behartsuen eskubideak defendatzen dituela. 14 Bai, zintzoek goretsiko zaituzte, Jauna, zuzenak zure aurrean biziko dira.
141. salmoa
[aldatu]Idolatriak tentaturiko jainkozalearen erregu-otoitza
1 Daviden salmoa.
Jauna, deika naukazu, zatozkit bizkor! Entzun nire ahotsa, nik dei egitean. 2 Nire otoitza izan bedi zure aurrean intsentsua bezala, nire esku altxatuak arrats-oparia bezala.
3 Ipini, Jauna, jagolea nire ahoari, zaindu nire ezpainetako atea. 4 Ez utzi nire bihotzari sineste okerretara jotzen, ez utzi niri txarkerietan gaiztoen lagun izaten: ez nadila gaizkileekin banketeetan partaide izan.
5 Zigor nazala Jainko zuzenak, zentzarazi Jainko onberak, baina ez dezala nire buruak gaiztoen olioz distira egin. Otoitzean iraungo dut nik, haien ohitura okerren kontra. 6 Epaile duten Harkaitzaren kontra amildu dira, atsegin hartu baitzuten niri entzutean: 7 «Nire hezurrak Herio Leizearen ertzean zabaldurik daude, errotarri hautsia lurrean bezala».
8 Zuregan ditut begiak, ene Jaun eta Jainko, zuregan naiz babesten, ez ni hiltzen utzi. 9 Gorde nazazu ipini didaten tranpatik, gaizkileen erasotik.
10 Eror bitez banan-banan beren sareetan, nik libre ihes egiten dudan bitartean.
142. salmoa
[aldatu]Egoera larrian Jaunari deiadarra
1 Daviden poema. Haitzuloan zegoeneko otoitza.
2 Oihuka degiot Jaunari deiadar, oihuka degiot Jaunari erregu. 3 Haren aurrean husten dut neure kexa, haren aurrean agertzen neure egoera larria, 4 arnasa galtzen ari bainaiz.
Zuk ezagutzen duzu nire ibilbidea, Jauna; badakizu, nabilen bidean tranpa jarri didatela. 5 Begira inguruan eta ikus: ez nau inork aintzat hartzen, ez dut ihespiderik, ez da inor nitaz ardura.
6 Zuri degizut deiadar, Jauna, zuri diotsut: «Zu nire babesleku, nire ondasun bizien lurraldean!» 7 Zaude adi nire deiadarrari, lur jota bainago erabat! Libra nazazu pertsegitzaileengandik, ni baino indartsuagoak baitira. 8 Atera nazazu presondegitik, eta eskerrak emango dizkizut. Bil dakizkidala fededunak inguruan, on egingo didazunean.
143. salmoa
[aldatu]Jainkoaren zerbitzariaren eskaria larrialdian
1 Daviden salmoa.
Jauna, entzun nire otoitza, makurtu belarria nire erregura! Zuzena zarelako eta leiala, erantzun niri! 2 Ez jo auzitara zeure zerbitzari honekin, ez baita bizidunik zure aurrean errugabe.
3 Etsaiak gogor pertsegitzen nau, bizirik zanpatzen lurraren kontra; ilunpetan biziarazten nau, behin betiko hildakoak bezala. 4 Arnasa galtzen ari naiz, bihotza barruan lehor.
5 Aspaldiko garaiez oroitzen naiz, zure egintza guztiak buruan darabiltzat, zuk egindakoak hausnartzen ditut. 6 Zuregana jasorik ditut eskuak, zure egarri naiz, lur lehorra bezala.
7 Erantzun laster, Jauna, arnasarik gabe bainago. Ez ezkutatu niri zeure aurpegia, zulora doazenekin bat egin ez dezadan.
8 Emadazu goizean goiz zeure maitasunaren berri, zuregan baitut uste on. Erakustazu jarraitu behar dudan bidea, zuregana jasoa baitut gogoa. 9 Libra nazazu, Jauna, etsaiengandik, zuregan babesten bainaiz. 10 Erakustazu zure nahia betetzen, zu baitzara nire Jainkoa. Zeure espiritu ongileaz gida nazazu toki egokitik.
11 Zarena zarelako, Jauna, gorde nazazu bizirik; zeure justiziagatik, atera ni larrialditik; 12 zeure maitasunagatik, suntsi itzazu nire etsaiak, hondatu nire erasotzaileak, zeure zerbitzari nauzunez gero.
144. salmoa
[aldatu]Garaipena eta ongizatea eskatzeko otoitza
1 Davidena.
Bedeinkatua Jauna, nire harkaitza, eskuak gudurako, ukabilak borrokarako trebatzen dizkidana; 2 ene lagun eta gaztelua, ene gotorleku eta askatzailea, ene babeski eta geriza. Berak dizkit herriak menperatzen.
3 Zer da gizakia, zu hartaz arduratzeko, zer gizasemea, zuk harengan pentsatzeko? 4 Gizakia arnasaldi baten antzeko da, haren egunak itzal iheskorraren antzeko.
5 Ireki zerua, Jauna, eta jaitsi, ukitu mendiak eta jar bitez ketan. 6 Jaurtiki tximistak, eta sakabanatu etsaiak, bidali zeure geziak, eta barreia itzazu. 7 Luzatu eskua goitik, aska nazazu, libratu uholdetik, atzerritarren eskutik! 8 Haien ahoari faltsukeria dario, haien eskuinak gezurrezko zina dagi.
9 Kantu berria kantatuko dizut, ene Jainko, hamar hariko harpa joko zuretzat: 10 zuk eman zenion erregeari garaipena, zuk askatu zenuen David, zeure zerbitzaria. 11 Aska nazazu ezpata zitaletik, libratu atzerritarren eskutik! Haien ahoari faltsukeria dario, haien eskuinak gezurrezko zina dagi.
12 Izan bitez gure semeak landareen antzeko, gaztedanik ongi haziak; gure alabak zutabeen antzeko, jauregiaren euskarri landuak. 13 Beterik beude gure bihitegiak, denetariko fruituz hornituak; ugal bitez artaldeak milaka eta milaka gure zelaietan; 14 mardul bitez gure abereak. Ez bedi izan inbasiorik, ez erbesteratzerik, ez eta gure plazetan garrasirik ere. 15 Zorionekoa hauek guztiak dituen herria! Zorionekoa Jauna Jainko duen herria!
145. salmoa
[aldatu]Jainko erregeari, Jaun ongileari, gorespen-kanta
1 Daviden gorespen-kanta.
Goratuko zaitut, ene Jainko, ene errege, zure izena betierean bedeinkatuko. 2 Egunero bedeinkatuko zaitut, zure izena betierean goretsiko. 3 Handia da Jauna, guztiz goresgarria, ulermenaz gaindikoa haren handitasuna.
4 Belaunaldi batek besteari zure egintzak goraipatzen dizkio, zure egite ahaltsuak iragartzen. 5 Zure aintza eta ospe distiratsua aldarrikatzen dute, eta nik zure egintza harrigarriak adierazten. 6 Zure balentria ikaragarriak aipatzen dituzte, eta nik zure egintza handiak kontatzen. 7 Zure ontasun neurrigabearen berri zabaltzen dute eta zure salbamena pozik oihukatzen.
8 Errukiorra eta bihozbera da Jauna, haserregaitza eta onginahi handikoa. 9 Ona da Jauna guztientzat, gupidaz betea bere sorkari guztientzat.
10 Gorets zaitzatela, Jauna, zeure sorkari guztiek, bedeinka zeure fededunek. 11 Aipa bezate zure erregetza ospetsua, mintza bitez zure ahalmenaz, 12 gizakiei agertuz zure egite ahaltsuak, zure erregetza ospetsua. 13 Zure erregetzak beti irauten du, zure aginteak menderen mendetan. Fidagarria da Jauna bere hitz guztietan, leiala bere egintza guztietan. 14 Erortzear direnei Jaunak die eusten, lur joak ditu altxatzen. 15 Zuri begira daude denak zain, eta zuk jaten ematen diezu bere garaian; 16 eskua zabaldu eta bizidun oro onginahiz asetzen duzu. 17 Zuzena da Jauna jokabide guztietan, leiala egintza guztietan. 18 Hurbil da Jauna dei egiten diotenengandik, benetan dei egiten diotenengandik. 19 Begirune diotenen nahia betetzen du, haien oihuak entzun eta salbatu egiten ditu. 20 Maite dutenak gordetzen ditu Jaunak, gaizto guztiak suntsitzen. 21 Egin beza nire ahoak Jaunaren gorespena eta bedeinka bezate izaki guztiek haren izen santua betiren beti!
146. salmoa
[aldatu]Jainko ahaltsu eta ongileari gorazarrea: zorionekoa harengan itxaropen duena!
1 Aleluia! Gora Jauna!
Gorets beza ene arimak Jauna! 2 Goretsiko dut Jauna bizi naizen artean, soinua joko neure Jainkoari naizen artean.
3 Ez izan konfiantzarik handikiengan, salbatzeko gauza ez diren gizakiengan: 4 azken arnasa emanik, hauts bihurtzen dira, eta akabo orduan haien egitasmoak. 5 Zorionekoa Jakoben Jainkoa lagun duena, bere Jainko Jauna itxaropen duena!
6 Jaunak egin ditu zeru-lurrak eta itsasoa, eta horietan dagoen guztia; betierean eusten dio bere hitzari. 7 Zapalduen eskubideak defendatzen ditu, gose direnei ogia ematen. Jaunak askatzen ditu presoak, 8 Jaunak zabaltzen itsuen begiak, Jaunak altxatzen lur jota daudenak. Jaunak maitatzen zintzoak, 9 Jaunak ditu etorkinak zaintzen, umezurtz eta alargunei zutik eusten, baina gaiztoen nagusigoa iraultzen.
10 Jauna errege da betiko, errege zure Jainkoa, Sion, menderen mendetan!
Aleluia! Gora Jauna!
147. salmoa
[aldatu]Jerusalem berriztatzen duen Jainkoari gorazarrea
1 Aleluia! Gora Jauna!
Bai eder, gure Jainkoa kantuz ospatzea, bai gozo, bera doinu eztiz gorestea! 2 Jaunak du Jerusalem berreraikitzen, Israelgo erbesteratuak biltzen. 3 Bihotz-hautsiak sendatzen ditu, haien zauriak osatzen.
4 Izarren kopurua finkatzen du eta bakoitzari bere izena ematen. 5 Handia da gure Jauna, guztiz indartsua, haren jakinduria neurrigabea. 6 Jaunak zutik eusten die umilei, lurreraino eraisten ditu gaiztoak.
7 Kanta esker onez Jaunari, jo zitara gure Jainkoari: 8 zerua hodeiz estaltzen du, lurrarentzat euria prestatzen eta mendietan larrea ernearazten. 9 Janaria ematen die abereei eta karranka ari zaizkion belakumeei.
10 Ez du maite zaldiaren indarra, ez du estimatzen gizakiaren bizkortasuna. 11 Begirune diotenak estimatzen ditu Jaunak, haren maitasunean itxaropen dutenak.
12 Ospatu Jauna, Jerusalem! Goretsi zeure Jainkoa, Sion! 13 Zure ate-morroiloak sendotu baititu eta seme-alabak zure baitan bedeinkatu. 14 Zeure lurraldera bakea ekarri dizu, garirik onenaz asetzen zaitu. 15 Hark bere hitza lurrera bidali eta arin lehiatzen da bere helburura. 16 Artilea bezala erorarazten du elurra, hautsa bezala zabaltzen antzigarra. 17 Ogi-apurrak bailiran botatzen du izotza; nork jasan haren hotza? 18 Hark agindu eta urtu egiten da izotza, haizeari joarazi eta isurian doaz urak.
19 Bere hitza iragartzen dio Jakoben herriari, bere erabaki eta legeak Israeli. 20 Beste herriei ez die horrelakorik egin, bere erabakirik ez die ezagutarazi.
Aleluia! Gora Jauna!
148. salmoa
[aldatu]Jaunari gorespen zeru-lurretan
1 Aleluia! Gora Jauna!
Goretsazue Jauna zerutik, goretsi zeru goienetik! 2 Goretsazue, bere aingeru guztiok, goretsi, bere gudari guztiok! 3 Goretsazue, eguzki eta ilargi, goretsi, izar argitsu! 4 Goretsazue, zeru zabalok eta zeru gaineko urok! 5 Gorets bezate Jaunaren izena, hark agindurik sortu baitziren; 6 betidanik betidaino ezarri zituen, balioa inoiz galduko ez duen legea emanez.
7 Goretsazue Jauna lurretik, herensuge eta leize. 8 Goretsazue, su eta kazkabar, elur eta laino, eta haren esanera zaudeten haize-erauntsiok; 9 mendi eta muino guztiok, fruta-arbola eta zedro guztiok, 10 basabere eta etxabere, narrasti eta hegazti. 11 Goretsazue, munduko errege eta herriok, buruzagi eta gobernari guztiok, 12 mutil eta neskatxa, agure eta haur.
13 Gorets bezate Jaunaren izena, izen goren bakarra. Haren ospea zeru-lurren gainetik garai: 14 bere herriari garaipena ematen dio. Gorespena zor diote fededun guztiek, gorespena Israelek, bere-berea duen herriak.
Aleluia! Gora Jauna!
149. salmoa
[aldatu]Garaipen-kantua
1 Aleluia! Gora Jauna!
Kanta Jaunari kantu berria, goretsazue fededunen batzarrean! 2 Poz bedi Israel bere Egileaz, alaitu siondarrak beren Erregeaz.
3 Gorets bezate haren izena dantzan eginez, danbolina eta zitara berarentzat joz. 4 Jaunak bere herria maite baitu, umilak garaipenez jantziko ditu.
5 Alai bitez fededunak beren Jainko ospetsuaz, egin bezate poz-oihu beren etzalekuetan. 6 Izan bezate Jainkoaren goralpena ahoan, aho-biko ezpata ere bai eskuan: 7 beste nazioei mendeku egin eta jentil-herriak zigortzeko, 8 haien erregeak katez eta handikiak girgiluz lotzeko. 9 Jainkoak idatziriko epaia betetzea ohoragarri da haren fededun guztientzat!
Aleluia! Gora Jauna!
150. salmoa
[aldatu]Amaierako gorespen-kanta
1 Aleluia! Gora Jauna!
Goretsazue Jainkoa bere santutegian, goretsi bere zeru-sabai tinkoan. 2 Goretsazue bere egite ahaltsuengatik, goretsi bere neurrigabeko handitasunagatik.
3 Goretsazue adar-soinuz, goretsi harpa eta zitaraz. 4 Goretsazue danbolin eta dantzaz, goretsi hari-soinuz eta txirulaz. 5 Goretsazue txilin ozenez, goretsi txilin durundariz.
6 Gorets beza Jauna arnasadun orok!
Aleluia! Gora Jauna!