←1 Erregeak | Biblia 2 Erregeak |
Isaias→ |
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea |
1. atala
[aldatu]1 Akab erregea hil zenean, Israelen kontra jaiki ziren
moabdarrak.
2 Akazias Samarian zuen etxeko goiko gelako barandatik amildu zen eta larriki zauritu. Mezulariak bidali zituen mandatu honekin: «Zoazte eta galdetu Ekrongo jainko Baal-Zebubi ea onik aterako naizen zauri hauetatik».
3 Jaunaren aingeruak, ordea, esan zion Tixbeko Eliasi: «Zoaz Samariako erregeak bidali dituen mezularien bila eta esaiezu: <Ez al duzue Jainkoa Israelen, Ekrongo jainko Baal-Zebubi kontsulta egitera joan behar izateko?>
4 Hona, bada, Jaunak esan: <Ez zara jaikiko etzana zauden ohetik; hil eginen zara> ». Eta joan egin zen Elias.
5 Mezulariak itzuli zirenean, erregeak galdetu zien:
-Zergatik itzuli zarete?
6 Haiek erantzun:
-Gizon bat atera zaigu bidera eta esan digu: «Tira, itzul zaitezte bidali zaituzten erregeagana eta esaiozue: Hau dio Jaunak: <Ez al duzue Israelen Jainkoa, Ekrongo jainko Baal-Zebubi kontsulta egitera hauek bidali beharra izateko? Hara, ez zara jaikiko etzana zauden ohetik; hil eginen zara> ».
7 Erregeak galdetu zien:
-Nolako itxura zuen bidera atera eta horrelakoak esan dizkizuen gizon horrek?
8 Haiek erantzun:
-Larruz jantzia zegoen eta gerria larruzko uhalez lotua zeraman.
Orduan, erregeak:
-Tixbeko Elias!
9 Erregeak buruzagi bat bidali zuen, berrogeita hamar gizonekin, Eliasengana. Igo zen buruzagia Eliasen bila eta mendi tontorrean eseria aurkitzean, esan zion:
-Jainkoaren gizon, jaisteko agintzen dizu erregeak.
10 Baina Eliasek erantzun zion buruzagiari:
-Jainkoaren gizona baldin banaiz, jaitsi dadila sua zerutik eta kiskal zaitzatela zeu eta zeure berrogeita hamar gizonak!
Bat-batean sua zerutik jaitsi eta kiskali egin zituen buruzagia eta berrogeita hamar gizonak.
11 Erregeak berriro beste buruzagi bat bidali zuen Eliasengana, beste berrogeita hamar gizonekin. Buruzagiak esan zion Eliasi:
-Jainkoaren gizon, berehala jaisteko agintzen dizu erregeak.
12 Eliasek berriro ere:
-Jainkoaren gizona baldin banaiz, jaitsi dadila sua zerutik eta kiskal zaitzatela zeu eta zeure berrogeita hamar gizonak.
Bat-batean zerutik sua jaitsi eta kiskali egin zituen beste buruzagi hura eta berrogeita hamar gizonak.
13 Erregeak, hirugarrenez, beste buruzagi bat bidali zuen, berrogeita hamar gizonekin. Hirugarren buruzagi hau ere igo zen Eliasengana; baina, heldu zenean, belaunikatu egin zen haren aitzinean eta honela erregutu zion:
-Jainkoaren gizon, utz gaitzazu bizirik, bai ni, bai zeure berrogeita hamar zerbitzariok.
14 Badakit zerutik jaitsitako suak kiskali dituela beste bi buruzagiak eta beren gizonak; baina ni utz nazazu bizirik.
15 Jaunaren aingeruak esan zion Eliasi:
-Jaitsi zaitez horrekin. Ez izan horren beldur.
Horrela, bada, Elias buruzagi harekin jaitsi zen erregeagana.
16 Eta esan zion:
-Hau dio Jaunak: «Mezulariak bidali dituzu Ekrongo jainko Baal-Zebubi kontsulta egitera. Ez ote duzue Israelen arazo horretaz kontsulta egin dakiokeen Jainkoa? Horregatik, beraz, ez zara jaikiko etzana zauden ohetik; hil eginen zara».
17 Eta hil egin zen Akazias, Jaunak Eliasen bidez esan bezala. Eta ez baitzuen semerik ukan, haren anaia Joram hasi zen errege izaten beraren ondoren, Judako errege Joramen, Josafaten semearen, erregealdiko bigarren urtean.
18 Akaziasen gainerako jardunak eta egin zuen guztia «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.
BI ERREINUAK ELISEO PROFETAREN GARAIAN
Elias zerura eramana. Eliseo profeta
2. atala
[aldatu]1 Jaunak haize-zurrunbiloan eraman zuen Elias zerura. Hona nola gertatu zen: Elias eta Eliseo Gilgaldik abiatuak zirelarik,
2 Eliasek esan zion Eliseori:
-Gelditu hemen, Jaunak ni Betelera bidaltzen bainau.
Eliseok erantzun:
-Ala Jauna, ala zu! Ez zaitut bakarrik utziko!
Eta biak jaitsi ziren Betelera.
3 Betelen zegoen profeta-taldea bidera atera eta honela mintzatu zitzaion Eliseori:
-Ba al dakizu maisua gaur airean eramango dizula Jaunak?
Eliseok erantzun:
-Bai, badakit, baina egon isilik!
4 Eliasek, orduan, Eliseori:
-Gelditu hemen, Jaunak ni Jerikora bidaltzen bainau.
Eliseok erantzun:
-Ala Jauna, ala zu! Ez zaitut bakarrik utziko!
Eta Jerikora joan ziren.
5 Jerikon zegoen profeta-taldea Eliseorengana hurbildu eta honela mintzatu zitzaion:
-Ba al dakizu gaur maisua airean eramango dizula Jaunak?
Eliseok erantzun:
-Bai, badakit, baina egon isilik!
6 Eliasek berriro Eliseori:
-Gelditu hemen; Jaunak ni Jordanera bidaltzen nau.
Eliseok erantzun:
-Ala Jauna, ala zu! Ez zaitut bakarrik utziko.
Eta biak joan ziren.
7 Profeta-taldeko berrogeita hamar lagun ere joan eta urrutian gelditu ziren begira; Elias eta Eliseo, berriz, Jordan ibai ondoan gelditu ziren.
8 Eliasek bere soingainekoa hartu, biribilkatu eta urak jo zituen harekin. Urak erdiz erdi banandurik, biak lehorrean igaro ziren.
9 Igaro zirenean, esan zion Eliasek Eliseori:
-Esadazu zer nahi duzun nik zure alde egitea, Jaunak zure ondotik eraman nazan baino lehen.
Eliseok erantzun:
-Izan nadila, otoi, zure profeta-espirituaren oinordeko.
10 Eliasek ihardetsi zion:
-Gauza zaila eskatzen duzu. Jaunak zure ondotik eramango nauenean ikusten banauzu, hala izango zara; bestela, ez.
11 Biak bidean aurrera hizketan zihoazelarik, suzko zaldiek zeramaten suzko gudu-gurdi batek bereizi egin zituen bat-batean bata bestearengandik. Elias zerurantz igo zen haize-zurrunbiloan.
12 Eliseo begira zegoen, eta oihuka zioen:
-Ene aita! Ene aita! Israelen zaintzaile indartsua!
Ez zuen gehiago ikusi. Orduan, bere jantziak hartu eta erdibi egin zituen.
13 Gero, Eliasi soinetik jausi zitzaion soingainekoa jaso, Jordanera itzuli eta ibai ondoan gelditu zen.
14 Ondoren, Eliasi soinetik jausia zitzaion soingainekoa hartu eta urak jo zituen, esanez:
-Jauna, Eliasen Jainkoa, non zara?
Eliseok urak jo orduko, erdiz erdi banandu ziren eta Eliseo bestaldera igaro zen.
15 Jerikoko profeta-taldea aurrez aurre zegoen eta, hori ikusirik, esan zuten: «Eliasen espiritua Eliseorengan kokatu da!» Bila joan, aurrean ahozpeztu eta
16 esan zioten:
-Badira zure zerbitzarion artean berrogeita hamar gizon kementsu. Utziezu zure nagusiaren bila joaten. Baliteke Jaunaren espirituak eraman eta mendi nahiz haranen batean hura bota izatea.
Eliseok erantzun zien:
-Ez bidali inor ere!
17 Haiek, ordea, baietz eta baietz ari zitzaizkionez, azkenean esan zien:
-Bidal itzazue, bada.
Bidali zituzten, beraz, berrogeita hamar gizonak; baina, hiru egunez Eliasen bila ibili arren, ez zuten aurkitu.
18 Orduan, Jerikora Eliseorengana itzuli ziren. Honek esan zien:
-Ez al nizuen esan ez joateko?
Eliseoren mirariak
19 Jerikoko bizilagunak honela mintzatu zitzaizkion Eliseori:
-Zeuk, gure jaun horrek, ikus dezakezunez, gure hiri hau toki ederrean egina dago; baina ura txarra dugu eta lurraldea agorra.
20 Eliseok erantzun zien:
-Ekardazue katilu berri bat eta ipini gatza bertan.
Eta ekarri zioten.
21 Joan zen Eliseo ur-xirripa ateratzen zen tokira eta gatza bota zuen, esanez: «Hau dio Jaunak: <Nik ontzen dut ur hau; aurrerantzean ez du ekarriko heriotzarik, ez agortasunik> ».
22 Hala, ura ondu egin zen gaurdaino, Eliseok esan bezala.
23 Handik Betelera igo zen. Bidean gora zihoala, hiritik ateratako mutiko batzuk iseka hasi zitzaizkion esanez: «Tira, burusoil! Tira! Eutsi, burusoil!»
24 Eliseok, itzulirik, begiratu eta madarikatu egin zituen Jaunaren izenean. Orduan, bi hartzek oihanetik atera eta mutiko haietarik berrogeita bi txikiturik utzi zituzten.
25 Handik Karmel mendira joan zen eta gero Samariara itzuli.
Joram, Israelgo errege
3. atala
[aldatu]1 Judako Josafaten erregealdiko hemezortzigarren urtean hasi zen Akaben seme Joram Israelgo errege izaten Samarian, eta hamabi urtez izan zen errege. 2 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen; ez, ordea, aitamek bezainbat, berak kendu baitzuen aitak Baali eraikia zion zutarri sakratua. 3 Hala ere, Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatu berak egiten jarraitu zuen.
Israeldar eta moabdarren artean borroka
4 Moabeko errege Mexa abeltzaina zen. Ehun mila bildots eta ehun mila ahari, bere ile eta guzti, eman behar zizkion Israelgo erregeari zergatzat.
5 Akab hil zenean, ordea, Moabeko erregea Israelgoaren kontra jaiki zen.
6 Egun hartan bertan, Joram erregeak Samariatik irten eta israeldar gudari guztiak zenbatu zituen.
7 Ondoren, mezu hau bidali zion Judako errege Josafati: «Moabeko erregea kontra jarri zait. Etorriko al zara moabdarrak borrokatzera?» Hark erantzun: «Joango naiz. Biok bat gara; nire gudarostea eta zurea, nire zalditeria eta zurea bat dira».
8 Eta galdetu zuen: «Zein bidetatik joango gara?» Israelgo erregeak erantzun: «Edomgo basamortuko bidetik».
9 Abiatu ziren, bada, Israelgo erregea, Judakoa eta Edomgoa. Zazpi eguneko itzulingurua egin ondoren, urik gabe gelditu ziren, bai gudarostearentzat, bai atzetik zituzten zamarientzat.
10 Israelgo erregeak esan zuen:
-Gureak egin du! Moabdarren eskuetan eror gaitezen bildu gaitu hemen Jaunak.
11 Josafatek esan zuen:
-Ez ote da hemen Jaunaren profetarik, beraren bidez Jaunari galdegin ahal izateko?
Israelgo erregearen zerbitzarietako batek esan zuen:
-Hemen dugu Xafaten seme Eliseo. Eliasen laguntzaile izana da.
12 Josafatek, orduan:
-Horren bidez hitz egingo digu Jaunak.
Eta berarengana jaitsi ziren Israelgo erregea, Josafat eta Edomgo erregea.
13 Eliseok esan zion Israelgo erregeari:
-Utz nazazu bakean! Galdegiezu zeure aitamen profetei.
Israelgo erregeak ihardetsi zion:
-Ez! Moabdarren eskuetan uzteko bildu gaitu Jaunak hiru erregeok.
14 Eliseok, orduan:
-Ala Jaun ahalguztiduna, bere zerbitzari nauena! Judako errege Josafaten begirunez izan ez balitz, ez nizukeen inolako kasurik egingo, ez eta begiratu ere.
15 Tira! Ekardazue harpa-jole bat.
Eta harpa-jolea jotzen ari zela, Jaunaren indarrak hartu zuen Eliseo,
16 eta esan zuen:
-Hau dio Jaunak: «Egizue erreten ugari haran honetan.
17 Izan ere, nahiz eta zuek haizerik ez sumatu, ez euririk ikusi, urez beteko da haran hau eta edan ahal izanen duzue bai zeuek, bai zuen abere eta zamariek».
18 Hori ez ezik, eskuetara emango dizkizue Jaunak moabdarrak.
19 Hiri gotortu eta hiri nagusi guztiak xehatuko dituzue, fruta-arbolak ebakiko, iturburu guztiak itxiko eta lur landuak hondatuko harriz betez.
20 Biharamun goizean, oparia eskaintzeko orduan, uholdea etorri zen Edom aldetik, eta lurralde hura urez bete zen.
21 Moabdarrek, beren aldetik, errege haiek erasotzera zetozkiela jakitean, armak hartzeko adinean zeuden guztiak eta zaharragoak ere bildu eta mugetan kokatu zituzten.
22 Goiz hartan, jaikitzean, eguzkiak dizdiz egiten zuen uraren gainean. Moabdarrei beren aurreko ura odola bezala gorri zegoela iruditu zitzaien,
23 eta esan zuten: «Odola da hori! Errege horiek borroka egin dute eta elkar hil. Ea, moabdarrok, harrapakinetara!»
24 Moabdarrak israeldarren kanpalekura hurbildu zirenean, ordea, israeldarrek eraso egin zieten moabdarrei. Hauek ihesari eman zioten, eta israeldarrek, Moaben sartuz,
25 dena hondatu zuten: hiriak xehatu, lur landuak harriz bete, iturburuak itxi eta fruta-arbolak ebaki. Kir-Hareset hiriburua besterik ez zen gelditu; hiri honi ere, setiatu ondoren, eraso egin zioten habailariek.
26 Moabeko erregeak, gudua galtzeko zorian zegoela ikusirik, zazpiehun gizon hartu zituen, beren ezpata eta guzti, Edomgo erregearen taldea banatzeko; baina ez zuen deus egin ahal izan.
27 Orduan, hartu zuen Moabeko erregeak beraren ondoren errege izatekoa zen bere seme zaharrena eta erre-oparitzat eskaini zuen harresi gainean. Ikaragarrizko beldurra sartu zitzaien israeldarrei. Handik alde egin eta beren lurraldera itzuli ziren.
Eliseok alargun behartsu bati lagundu
4. atala
[aldatu]1 Behin batez, profeta-taldeko baten emazteak esan zion garrasika Eliseori:
-Hil egin zait senarra, zure zerbitzari zena. Badakizu Jaunari begirune ziola. Zorrak zituen batekin eta honek neure bi semeak eraman nahi dizkit orain esklabo.
2 Eliseok galdetu zion:
-Zer egin dezaket zure alde? Esadazu zer duzun etxean.
Emakumeak erantzun:
-Ez dut olio pittin bat besterik neure burua gantzutzeko.
3 Orduan, Eliseok:
-Zoaz eta eskatu auzoko guztiei ontziak, ontzi hutsak, ahal dituzun guztiak. }}
4 Sar zaitez gero etxean zeure semeekin eta itxi atea. Isuri olioa ontzi guztietara eta, bete ahala, eraman denak bazterrera.
5 Emakumea, Eliseogandik alde eginik, bere semeekin etxean sartu zen eta atea itxi. Semeek ontziak ekarri ahala, amak olioa isurtzen zuen barrura.
6 Bete zituenean, esan zion semeetako bati:
-Ekarri beste ontzi bat.
Semeak erantzun:
-Ez dago besterik.
Eta gelditu egin zen olio-jarioa.
7 Emakumea gertatuaren berri Jainkoaren gizonari ematera joan zenean, esan zion honek:
-Saldu olioa, ordaindu zorra, eta gaineratikoaz bizi zaitezte semeak eta hirurok.
Eliseo eta Xunemgo emakumea
8 Egun batez, Eliseo Xunemdik igaro zen. Bazen han etxekoandre ospetsu bat, eta bere etxean bazkaltzera sarrarazi zuen Eliseo. Harrezkero, handik igarotzen zen bakoitzean, bertan gelditu ohi zen bazkaltzera.
9 Behinola, esan zion emakumeak senarrari:
-Hara, badakit gure etxera etorri ohi den hori Jainkoaren gizon santu bat dela.
10 Egin diezaiogun goian gelatxo bat, horma batzuk jasoz; ohea, mahaia, aulkia eta argiontzia ipiniko dizkiogu bertan. Horrela, etxera etortzean, geldi dadila bertan.
11 Heldu zen, bada, behin Eliseo eta, goiko gelara sarturik, oheratu egin zen.
12 Gero agindu zion Gehazi bere morroiari:
-Deitu emakume xunemdar horri.
Egin zion dei eta etorri zen emakumea morroiarengana.
13 Eliseok agindua zion hau esateko: «Honenbeste lan hartu duzu guregatik! Zer egin dezakegu zure alde? Nahi al duzu erregeari nahiz gudalburuari zure alde hitz egitea?»
Emakumeak erantzun zuen:
-Ez! Ongi bizi naiz neure herritarren artean.
14 Eliseok berriro morroiari:
-Zer egin beraren alde?
Gehazik erantzun zion:
-Hara, ez du haurrik eta senarra zahartua du.
15 Eliseok morroiari:
-Dei egiozu.
Egin zion dei eta emakumea ate ondora etorri zen.
16 Eliseok esan zion:
-Datorren urtean garai honetan semea izanen duzu altzoan.
Emakumeak ihardetsi:
-Ez, ene jauna, Jainkoaren gizon hori, ez esan gezurrik zeure mirabe honi.
17 Alabaina, emakumea haurdun gertatu zen eta hurrengo urtean, garai berean, semea izan zuen, Eliseok esana zionez.
Xunemgo emakumearen semea hil
18 Hazi zen haurra. Baina egun batez, bere aita igitariekin ari zen tokira joan eta
19 honela hasi zitzaion aitari:
-Hau buruko mina! Hau buruko mina!
Aitak agindu zion morroi bati:
-Eramazu amarengana!
20 Morroiak eraman zion mutikoa amari eta honek magalean hartu zuen haurra; baina eguerdian hil egin zitzaion.
21 Amak gora eraman eta Jainkoaren gizonaren ohean etzan zuen; gero, gelatik irten eta atea itxi zuen.
22 Eta bere senarrari dei egin eta esan zion:
-Bidal iezazkidazu, arren, morroi bat eta asto bat. Jainkoaren gizonarengana joan behar dut bizkor. Berehala nator.
23 Senarrak, orduan:
-Zer dela-eta joan behar duzu gaur bertan? Ez da ilberri-jaia, ez eta larunbat-jaia ere.
Emazteak erantzun:
-Ez axolatu!
24 Txalmatu zuen astoa eta esan zion morroiari:
-Eraman astoa uhaletik eta ez gelditu bidean nik esan arte.
25 Abiatu eta heldu zen Karmel mendira, Jainkoaren gizonarengana. Jainkoaren gizonak, emakumea urrutitik ikusi zuenean, esan zion Gehazi bere mutilari:
-Hara, emakume xunemdarra!
26 Irten agudo bidera eta galdetu ongi den, eta senarra eta semea ere ongi dituen.
Emakumeak erantzun zuen:
-Bai, ongi.
27 Emakumeak, mendira Jainkoaren gizonarengana heldu zenean, oinak besarkatu zizkion Eliseori. Hurbildu zen Gehazi emakumea apartatzeko, baina Jainkoaren gizonak esan zion:
-Utzi, atsekabetua baitago. Hala ere, Jaunak ez dit agertu zergatik; ez dit deus ere jakinarazi.
28 Emakumeak, orduan, Eliseori:
-Eskatu al nizun nik semerik? Ez al nizun esan ez engainatzeko?
29 Eliseok agindu zion Gehaziri:
-Lotu gerrikoa, hartu nire makila eskuan eta zoaz! Norbait ikusten baduzu, ez agurtu; eta norbaitek agurtzen bazaitu, ez erantzun. Ipini haurrari nire makila aurpegi gainean.
30 Haurraren amak, ordea, esan zuen:
-Ala Jauna, ala zu! Ez dut alde egingo zu gabe!
Eliseok, orduan, emakumeari jarraitu zion.
31 Aurretik joana zen Gehazi. Ipini zuen makila haurraren aurpegi gainean, baina haurrak ez zuen hitzik egin, ez eta zirkinik ere. Itzuli zen orduan Gehazi Eliseoren bila eta esan zion:
-Haurra ez da esnatu.
32 Eliseok, etxera heltzean, haurra hila aurkitu zuen bere ohe gainean.
33 Gelara sartu, atea itxi eta otoitz egin zion Jaunari.
34 Gero, haurraren gainean etzan zen, bere ahoa haurraren aho gainean, begiak begi gainean eta eskuak esku gainean ezarriz. Horrela, haurraren gainean etzana zegoelarik, berotzen hasi zen haurraren gorputza.
35 Eliseo jaiki eta harat-honat ibili zen etxean barrena. Gero, berriro etzan zen haurraren gainean. Mutikoak eztul egin zuen zazpi aldiz eta begiak ireki zituen.
36 Eliseok Gehaziri dei egin eta agindu zion:
-Esan emakume xunemdarrari etortzeko.
Deitu eta etorri zenean, Eliseok esan zion emakumeari:
-Tori semea!
37 Emakumea Eliseoren oinetaraino ahozpeztu zen. Gero, semea hartu eta alde egin zuen.
Eltzekari pozoitua
38 Eliseo Gilgalera itzuli zen. Gosete handia zegoen lurralde hartan. Behin, profeta-taldea aurrean zuela, agindu zion Eliseok bere mutilari:
-Ipini sutan eltze handia eta egin eltzekaria profeta-taldearentzat.
39 Profeta haietariko bat landara atera zen belarren batzuk biltzera. Basa mahatsondo-tankerako bat aurkitu eta golkoa bete basafruitu hartu zuen handik. Zer ziren jakin ez arren, itzuli zenean, zatitu eta eltzera sartu zituen.
40 Atera zieten gero eltzekaria gizonei, baina, dastatu bezain agudo, esan zuten garrasika:
-Honek pozoia du, Jainkoaren gizon!
Eta ezin izan zuten jan.
41 Jainkoaren gizonak agindu zuen:
-Ekardazue irina!
Eltzera bota eta esan zuen:
-Atera jendeari eta jan dezatela.
Ez zegoen ezer txarrik eltzean.
Ogi-ugalketa
42 Etorri zen behin Baal-Xalixako gizaseme bat, ogi-hasikinak Jainkoaren gizonari ekarriz: hogei garagar-opil eta gari berria bide-zorroan. Eliseok esan zuen:
-Banatu jendeari, jan dezaten.
43 Morroiak galdetu zion:
-Nola banatuko dut hau ehun gizonen artean?
Eliseok erantzun:
-Banatu jendeari, eta jan dezatela. Hau baitio Jaunak: «Jango dute eta soberan geldituko da».
44 Banatu zuen, beraz, morroiak ogia jende artean, jan zuten eta soberan gelditu zen, Jaunak esan bezala.
Naaman sendatu
5. atala
[aldatu]1 Naaman Siriako erregearen gudalburu nagusia zen. Gizon handitzat zuen bere nagusiak eta oso begiko, haren bidez Jaunak aramearrei garaipena eman zielako. Baina gizon kementsu eta adoretsu hark gaitz bat zuen: legena.
2 Siriarrek, erasoa egin zuten batean, Israelgo neskato bat eraman zuten gatibu. Naamanen emazteak bere mirabe egin zuen.
3 Egun batez esan zion neskak etxekoandreari:
-Nire nagusiari, Samariako profetarengana joango balitz, hark sendatuko lioke legena.
4 Naamanek bere jaunari adierazi zion hori:
-Hau eta hau dio Israelgo neskato hark.
5 Siriako erregeak erantzun zion:
-Tira, zoaz, bada! Gutuna emango dizut Israelgo erregearentzat.
Abiatu zen, beraz, Naaman hirurehun eta berrogeita hamarren bat kilo zilar, urrezko sei mila txanpon eta hamar jantzi-sorta berekin zeramatzala.
6 Naamanek Israelgo erregeari eman zion gutunak hau zioen: «Gutun hau eramanez Naaman neure gudalburua bidaltzen dizut, legena senda diezaiozun».
7 Israelgo erregeak, gutuna irakurtzean, jantziak urratu eta esan zuen:
-Jainkoa ote naiz, bada, ni, heriotza nahiz bizia emateko? Legenarra senda diezaiodan igorri omen dit gizon hau. Ikusazue nola dabilen aitzakia bila nire kontra oldartzeko.
8 Eliseok, Jainkoaren gizonak, jakin zuen Israelgo erregeak jantziak urratu zituela eta mandatu hau bidali zion: «Zergatik urratu dituzu jantziak? Datorrela niregana gizon hori eta jakinen du badela profetarik Israelen».
9 Joan zen, beraz, Naaman bere zaldi, gudu-gurdi eta guzti, eta Eliseoren etxeko ate aurrean gelditu zen.
10 Eliseok mandataria bidali zion esatera: «Zoaz eta busti zaitez zazpi aldiz Jordan ibaian, gaitza sendatu eta garbi geldituko zara».
11 Naamanek, haserreturik, alde egiteko asmoz esan zuen:
-Uste nuen bera aterako zela eta, zutik, Jaunari, bere Jainkoari, otoitz egingo ziola, gaixorik dudan alderdia eskuz igurtzi eta sendatuko zidala legena.
12 Damaskoko Abana eta Parpar ibaiak ez ote dira, bada, Israelgo ur guztiak baino hobeak? Ez ote nintekeen horietan busti, gaitza sendatzeko?
Eta alde egin zuen handik haserre.
13 Morroiak, ordea, hurbildu eta honela mintzatu zitzaizkion:
-Ene aita, profetak gauza zailen bat agindu izan balizu ere, ez al zenukeen egingo? «Busti zaitez eta garbi geldituko zara» besterik ez dizu esan. Zergatik ez egin?
14 Horrela, beraz, murgildu zen Naaman Jordan ibaian zazpi aldiz, Jainkoaren gizonak agindu bezala. Azala haur txikiarena bezalakoa bihurtu zitzaion. Erabat sendatu zen Naaman.
15 Orduan, Jainkoaren gizonarengana itzuli zen bere talde osoarekin; profetagana heltzean, zutik gelditu eta esan zion:
-Orain badakit ez dela lur osoan Jainkorik Israelena baizik. Otoi, onar ezazu zerbitzari honen eskuerakutsia.
16 Eliseok ihardetsi zion:
-Ala Jauna, bere zerbitzari nauena! Ez dut ezer ere hartuko.
Naamanek hartzeko eta hartzeko esan arren, Eliseok ez zuen hartu nahi izan.
17 Naamanek, orduan:
-Deus ere hartu nahi ez duzunez, emadazu bederen bi mandok eraman dezaketen bezainbat lur; ez baitiot erre-oparirik, ez sakrifiziorik inolako jainkori eskainiko Jaunari baizik.
18 Baina barkatuko al dit hauxe Jaunak: nire nagusia, niri besotik heldurik, Rimon jainkoa bere jauretxean gurtzera sartzean, nik ere harekin batera ahozpeztu beharra izatea. Barkatuko al dit Jaunak ekintza hori!
19 Eliseok erantzun:
-Zoaz bakean.
Eliseoren morroiak Naaman engainatu
Naaman Eliseogandik puska bat urrundu zelarik,
20 Gehazik, Jainkoaren gizon zen Eliseoren morroiak, hau zioen bere baitan: «Bigunegia izan da nire jauna Naaman siriar horrekin. Ez dio deus ere hartu nahi izan. Ala Jauna! Noan bizkor beraren atzetik, ea ematen didan zerbait».
21 Abiatu zen, beraz, bizkor Gehazi Naamanen ondoren eta hau, atzetik zetorkiola ikustean, gurditik salto batez jaitsi eta bila joan zitzaion, esanez:
-Zer dugu?
22 Gehazik:
-Hara, neure jaunak bidali nau zuregana esatera, oraintxe etorri zaizkiola Efraimgo menditik profeten taldeko bi mutil gazte, eta haientzat hogeita hamabost kilo zilar eta bi soineko berri emateko, mesedez.
23 Naamanek erantzun:
-Har itzazu, bai, hirurogeita hamar kilo zilar.
Eta hartzeko esaten zion behin eta berriro. Sartu zituen Naamanek bi zakutan hirurogeita hamar kilo zilar haiek eta bi soineko berri, eta bere bi morroiri eman zizkien Gehaziri eramateko.
24 Ofel zeritzan muinora heltzean, hartu zien dena Gehazik eta etxean gorde zuen. Gero, agur egin eta gizon haiek alde egin zuten.
25 Bera, berriz, Eliseogana joan zen. Orduan, Eliseok esan zion:
-Nondik hator, Gehazi?
Honek erantzun:
-Ez naiz inora joan.
26 Eliseok berriro:
-Zer uste duk, gizon hori gurditik jaitsi eta hiregana etortzean, ez nintzela ni han espirituz? Zilarra nahiz soinekoak, olibadiak, mahastiak, artalde eta behitaldeak eta neskame-morroiak hartzeko garaia dela uste al duk?
27 Hi heu eta hire ondorengoak Naamanen legenaz kutsatuko zarete.
Hala, legenaz kutsatua, elurra bezain zuri, joan zen Gehazi Eliseogandik.
Aizkora galdu eta aurkitu
6. atala
[aldatu]1 Behinola, profeta-taldeak esan zion Eliseori:
-Zurekin biltzeko dugun biltzartoki hau estuegia da guretzat.
2 Utz iezaguzu Jordaneraino joaten, bakoitzak haga bana hartu eta biltzartoki egokiagoa eraiki dezagun.
Eliseok erantzun zien:
-Zoazte, bada.
3 Haietarik batek, ordea, esan zion:
-Zatoz zu ere gurekin, mesedez.
Eta Eliseok:
-Joango naiz, bada.
4 Hala, haiekin joan zen. Jordanera heldu eta zuhaitzak botatzen hasi zirenean,
5 zuhaitza jotzen ari zen bati aizkora kirtenetik atera eta uretara jausi zitzaion. Garrasika hasi zen hura, esanez:
-Ai ene jauna! Bestek utzia nuen!
6 Jainkoaren gizonak galdetu zion:
-Nora jausi zaizu?
Erakutsi zion hark tokia, eta Eliseok adar bat moztu eta hara bota zuen; orduan, ur-azalean agertu zen aizkora.
7 Eliseok esan zion:
-Hartzazu.
Eskua luzatu eta hartu egin zuen.
Eliseok siriar gudari batzuk atzeman
8 Siriako erregea liskarretan zebilen Israelgo erregearen kontra. Bere gudalburuekin biltzarra egin zuen batean, esan zien:
-Ezar ditzagun guduetxolak halako tokian.
9 Jainkoaren gizonak, orduan, ohar hau bidali zion Israelgo erregeari: «Kontu! Ez igaro toki hartatik, hara jaitsi baitira aramearrak».
10 Israelgo erregeak gudariak igorri zituen Jainkoaren gizonak esandako tokira. Behin baino gehiagotan gertatu zen hau: Eliseok ohartarazten zuen erregea eta hau erne egoten zen.
11 Urduri zebilen Siriako erregea arazo horrengatik; hala, bere gudalburuei dei egin eta esan zien:
-Esadazue gure arteko zein dabilen Israelgo erregearen alde!
12 Gudalburu batek erantzun zion:
-Inor ere ez, errege jauna. Israelen bizi den Eliseo profetak jakinarazten dizkio Israelgo erregeari zuk esaniko guztiak, bai eta logelan esanikoak ere.
13 Erregeak agindu zuen:
-Jakizue non den eta harrapatzeko aginduko dut.
Dotanen zela adierazi ziotenean,
14 gudari-talde handi bat bidali zuen, zaldi, gudu-gurdi eta guzti; gauez heldu eta inguratu egin zuten hiria.
15 Goizean goiz jaiki zen Jainkoaren gizonaren morroia eta, gudariek beren zaldi, gudu-gurdi eta guzti hiria inguratua zutela ikustean, esan zion Eliseori:
-Ai, ene jauna, zer egin behar dugu orain?
16 Eliseok erantzun:
-Ez beldurtu! Ugariagoak ditugu guk geure aldekoak, horiek beren aldekoak baino.
17 Orduan, Eliseok otoitz egin zuen, esanez: «Jauna, ireki iezazkiozu begiak, ikus dezan».
Ireki zizkion Jaunak begiak mutilari eta mendi osoa Eliseoren inguruan suzko zaldi eta gudu-gurdiz josia zegoela ikusi zuen.
18 Siriarrak Eliseoren aurka abiatu zirenean, profetak otoitz egin zion Jaunari: «Itsutu jende hori!» Eta Jaunak itsutu egin zituen, Eliseok eskatu bezala.
19 Orduan, Eliseok esan zien:
-Ez duzue hau bidea, ez eta hiria ere. Jarraitu niri, nik gidatuko zaituztet bilatzen ari zareten gizonarengana.
Eta Samariara eraman zituen.
20 Samariara heltzean, Eliseok esan zuen:
-Ireki iezazkiezu begiak, Jauna, eta ikus dezatela.
Ireki zizkien, beraz, Jaunak begiak eta Samaria erdian zeudela ikusi zuten.
21 Israelgo erregeak, begiztatu zituenean, esan zion Eliseori:
-Ene aita, hilko al ditut?
22 Eliseok erantzun:
-Ez, ez hil! Ezpataz nahiz geziz hiltzen al dituzu, bada, preso hartzen dituzunak? Emaizkiezu ogia eta ura, jan eta edan dezaten. Eta doazela gero beren nagusiagana.
23 Otordu handia eman zien orduan erregeak. Jan eta edan zutenean, agurtu egin zituen eta haiek beren nagusiagana itzuli ziren. Aurrerantzean ez zen Israel lurraldean siriar talderik sartu.
Samaria setiatua
24 Beste batean, Siriako errege Ben-Hadadek, bere gudaroste osoa bildurik, setiatu egin zuen Samaria.
25 Hain gogor setiatu baitzuen, izugarrizko gosetea izan zen Samarian; astaburu bakar batek zilarrezko laurogei txanpon balio zuen, eta kilo erdi uso-zirinek zilarrezko bost txanpon.
26 Haietako egun batean, Israelgo erregea harresian zebilelarik, emakume batek honela egin zion oihu:
-Lagun iezadazu, ene errege jauna!
27
- Jaunak laguntzen ez badizu, zerez lagunduko dizut nik? Ez dut ogirik, ez ardorik.
28 Gero galdetu zion erregeak:
-Zer gertatzen zaizu, bada?
Emakumeak erantzun:
-Hara, emakume horrek lehengoan esan zidan: «Eman zeure semea gaur, jan dezagun; bihar nirea jango dugu».
29 Egosi genuen, beraz, nire semea eta jan. Biharamunean, berea emateko esan nion, jan egin behar genuela-eta. Baina gorde egin du.
30 Erregeak, emakume haren hitzak aditzean, urratu egin zituen jantziak. Harresian zebilenez, ikusi zuen herriak zaku-jantzia zeramala erregeak soinekoen azpitik, larru gainean.
31 Erregeak esan zuen:
-Zigor nazala gogor Jaunak, baldin eta Xafaten seme Eliseoren burua gaur lepo gainean gelditzen bada.
Eliseok gosetearen bukaera iragarri
32 Etxean zegoen Eliseo, hiriko arduradunekin bildua. Erregeak gizon bat bidali zuen aurretik; gizon hura Eliseorengana heldu baino lehen, ordea, honek esan zien arduradunei:
-Ikusten al duzue? Hiltzailekume horrek gizon bat bidali du, niri burua mozteko. Beraz, gizon hori heltzean, itxi atea eta ez utzi sartzen. Ez al dituzue sumatzen horren atzetik beraren jaunaren oin-otsak?
33 Eliseo hizketan ari zelarik, heldu zen mezularia eta esan zion:
-Begira, hondamendi hau Jaunak bidalia da. Zer itxaron dezaket Jaunarengandik?
7. atala
[aldatu]1 Eliseok erantzun zuen:
-Entzun Jaunak dioena! Hau dio Jaunak: «Bihar ordu honetan huskeria batean erosi ahal izango dituzue Samariako merkatuan zazpi kilo irin garbi nahiz hamalau kilo garagar».
2 Erregearen laguntzaile nagusiak, ordea, esan zion Jainkoaren gizonari:
-Jaunak zeruko atexkak irekiko balitu ere, gertatuko ote litzateke horrelakorik?
Eliseok ihardetsi zion:
-Zeuk ikusiko duzu zeure begiz, baina ez duzu hartatik jango.
Siriarrek Samariatik alde egin
3 Hiri-sarreran lau gizon lepradun zeuden elkarri esaten:
-Hemen egon behar al dugu hil arte?
4 Hirian sartzen bagara, hor gosea besterik ez dago eta hil egingo gara. Hemen gelditzen bagara ere, hil egingo gara. Goazen siriarren kanpalekura. Bizirik uzten bagaituzte, bizirik; hiltzen bagaituzte, hilik.
5 Ilunabarrean siriarren kanpalekura abiatu ziren. Kanpaleku ertzera heltzean, inor ere ez zegoela ikusi zuten.
6 Izan ere, Jaunak gurdi- eta zaldi-hotsa eta gudaroste handi batena bezalako burrunba entzunarazi zien siriarrei kanpalekuan, eta esan zioten elkarri: «Israelgo erregeak ordaindu egingo zien hitita eta egiptoar erregeei gure kontra oldartzeko».
7 Beraz, arrats hartan ihesi joanak ziren, beren oihal-etxola, zaldi, asto eta kanpalekua bera ere zegoen zegoenean utziz. Ihes egin zuten, bizia salbatzearren.
8 Lepradun haiek, kanpaleku-ertzera heltzean, oihal-etxola batean sartu eta bapo jan eta edan zuten. Gero, zilarra, urrea eta jantziak harturik, gorde egin zituzten. Berriro itzuli, beste oihal-etxola batean sartu eta handik ere gauza asko harturik, gorde egin zituzten.
9 Gero, esan zioten elkarri:
-Ez gara ongi ari. Berri ona izan dugu gaur eta gu hemen deus ere esan gabe. Eguna argitu arte isilik bagaude, Jainkoak zigortu egingo gaitu. Goazen, beraz, erregearen jauregira berri ematera.
10 Hirira heltzean, oihu egin zieten atezainei eta berri eman, esanez:
-Siriarren kanpalekuan izan gara, eta han ez dago inor; ez da giza hotsik aditzen. Zaldiak eta astoak lotuak eta oihal-etxolak zeuden zeudenean utziak besterik ez dago han.
11 Atezainek barnera oihu egin eta jauregiraino zabaldu zuten berria.
12 Erregeak, artean gaua zelarik, jaiki eta esan zien bere ministrariei:
-Nik adieraziko dizuet nolako azpikeria asmatu duten siriarrek gure kontra: goseak gaudela badakitenez, kanpalekutik irten eta landan gorde dira, gu hiritik aterako garelakoan. Orduan, gu bizirik harrapatu eta hirian sartzeko asmoa dute, inondik ere.
13 Ministrarietarik bat honela mintzatu zen:
-Har ditzagun hirian gelditzen diren zaldietarik bost, hirian gelditzen diren israeldar guztien bukaera bera izango baitute bestela ere. Bidal ditzagun eta ikusiko dugu.
14 Bi gudu-gurdi beren zaldiekin prestatu eta siriar gudarostearen aztarna bila bidali zituen erregeak, esanez:
-Zoazte eta ikus!
15 Abiatu ziren, beraz, eta Jordaneraino jarraitu zieten siriarren aztarnei; bide guztia siriarrek beren ihesi zalapartatsuan botatako jantzi eta gauzez josia zegoen. Mandatariak erregeari berri ematera itzuli ziren.
16 Orduan, jendeak atera eta harrapatu egin zituen siriarren kanpalekuko gauzak. Honela, huskeria batean eros zitezkeen zazpi kilo irin garbi nahiz hamalau kilo garagar, Jaunak esan bezala.
17 Erregeak bere laguntzaile nagusi hura bidali zuen hiri-sarrera zaintzera; baina jendeak zanpatu eta hil egin zuen bertan, Jainkoaren gizonak, erregea etortzean, esan bezala.
18 Izan ere, Jainkoaren gizonak esana zion erregeari: «Bihar, ordu honetan huskeria batean erosi ahal izango dituzue Samariako merkatuan zazpi kilo irin garbi nahiz hamalau kilo garagar».
19 Ofizialak, aldiz, galdetu zion Jainkoaren gizonari: «Jaunak zeruko atexkak irekiko balitu ere, gertatuko ote litzateke halakorik?» Eta Eliseok ihardetsia zion: «Zeuk ikusiko duzu zeure begiz, baina ez duzu hartatik jango».
20 Eta halaxe gertatu zitzaion: jendeak zanpatu eta hil egin zuen hiri-sarreran.
Xunemgo emakumearen istorioa bukatu
8. atala
[aldatu]1 Egun batez, esan zion Eliseok semea biziarazi zion emakumeari:
-Alde egizu hemendik zeure etxekoekin eta zoaz ahal duzun tokira, zazpi urteko gosetea bidaliko baitu Jaunak lurralde honetara.
2 Jainkoaren gizonak esan bezala egin zuen emakumeak, eta zazpi urtez filistearren lurraldean bizi izan zen, atzerritar gisa.
3 Zazpi urteren buruan, itzuli zen emakumea filistearren lurraldetik eta erregeagana jo zuen, bere etxea eta alorra itzultzeko eskatuz.
4 Une hartantxe ari zen hizketan erregea Gehazirekin, Jainkoaren gizonaren morroiarekin, Eliseok eginiko gauza harrigarri guztiei buruz.
5 Eliseok hildako bat piztu zuela Gehazi kontatzen ari zenean, han agertu zen Eliseok semea bizirik itzuli zion emakume huraxe, bere etxea eta alorra berriro emateko erregeari eskatzera. Gehazik esan zuen:
-Ene errege jauna, hauexek dituzu aipatzen ari nintzaizkizun emakumea eta Eliseok biziarazi zion semea.
6 Erregeak galderak egin zizkion emakumeari eta honek bere arazoa adierazi zion. Erregeak funtzionario bat izendatu zion, hau aginduz:
-Itzul diezaiotela emakume honi hemendik joatean berea zuen guztia, bai eta alorrak geroztik eman duen guztia ere.
Hazael, Siriako errege
7 Behinola, Eliseo Damaskora joan zen. Siriako errege Ben-Hadad gaixo zegoen. Jainkoaren gizona etorria zela jakinarazi ziotenean,
8 hau agindu zion erregeak Hazael zeritzan bati:
-Hartzazu eskuerakutsiren bat eta zoaz Jainkoaren gizonaren bila. Eta horren bitartez egin kontsulta Jaunari ea bizirik aterako naizen gaixoaldi honetatik.
9 Damaskoko gauza hoberenetarik erregaloak
-berrogei gameluk eraman zezaketen zama
- harturik, Eliseoren bila atera zen Hazael. Profetaren aitzinera agertuz, esan zion:
-Siriako errege Ben-Hadad zure zerbitzariak bidali nau zuregana, gaixoalditik bizirik aterako den galdetzera.
10 Eliseok erantzun:
-Joan eta esan baietz, sendatuko dela; egiaz, ordea, hil egingo dela jakinarazi dit Jaunak.
11 Bat-batean, Eliseo aurpegia gogor eta begirada zorrotz zituela gelditu zen luzaro; gero, negarrari eman zion Jainkoaren gizonak.
12 Hazaelek galdetu zion:
-Zergatik ari zara negarrez, ene jauna?
Eliseok erantzun:
-Badakidalako nolako kaltea eginen diezun israeldarrei: su emango diezu haien gotorlekuei, ezpataz hilko dituzu haien gazteak, harrien kontra botako haien haurtxoak, sabela irekiko diezu hango emakume haurdunei.
13 Hazaelek ihardetsi zuen:
-Zer naiz, bada, ni halakoak egiteko?
Eliseok, orduan:
-Siriako errege izanen zarela agertu dit Jaunak.
14 Hazael Eliseogandik alde egin eta bere jaunarengana joan zen. Erregeak galdetu zion:
-Zer esan dizu Eliseok?
Hazaelek erantzun:
-Baietz, sendatuko zarela.
15 Biharamunean, ordea, ohe-azal bat hartu, uretan busti eta aurpegian ezarri zion erregeari Hazaelek. Erregea hil egin zen, eta ondorengo erregea Hazael izan zen.
Joram, Judako errege
16 Akaben seme eta Israelgo errege Joramen erregealdiko bosgarren urtean, Judako errege Josafaten semea, Joram izenekoa hura ere, errege gertatu zen.
17 Hogeita hamabi urte zituen errege izaten hastean, eta zortzi urtez izan zen errege Jerusalemen.
18 Israelgo beste erregeen jokaera bera izan zuen, Akaben senitartekoen antzekoa, bere emaztea Akaben alaba baitzuen. Beraz, Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen.
19 Hala ere, Jaunak ez zuen Juda hondatu nahi izan, David bere zerbitzariagatik; hitz emana baitzion Davidi beronen ondorengoak izanen zirela beti errege Jerusalemen.
20 Joramen erregealdian Judaren agintearen aurka jaiki ziren edomdarrak, berentzat erregea izendatuz.
21 Joramek Tzairrera jo zuen bere gudu-gurdi guztiekin. Gauez jaiki eta setiatzen ari zitzaizkion edomdarrak eta hauen gudu-gurdietan zeuden buruzagiak garaitu zituen arren, gudari juduek ihes egin zuten nork bere etxolara.
22 Honela, edomdarrak Judaren agintepetik libratu egin ziren gaur arte. Libna hiria ere aldi hartan bertan libratu zen.
23 Joramen gainerako jardunak eta egintza guztiak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.
24 Hil zenean, Daviden Hirian ehortzi zuten Joram, bere arbasoen ondoan. Ondorengo erregea haren seme Akazias izan zen.
Akazias, Judako errege
25 Israelgo Akaben seme Joramen erregealdiko hamabigarren urtean hasi zen Judako errege Joramen seme Akazias errege izaten.
26 Hogeita hamabi urte zituen Akaziasek errege izaten hastean eta urtebetez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Atalia zuen izena eta Israelgo errege Omriren alaba zen.
27 Akaben senitartekoen jokabide bera hartu zuen Akaziasek, Jaunari atsegin ez zaiona eginez, Akaben senitartekoen antzera, haien ahaide baitzen, izan ere.
28 Galaadeko Ramot hirian Siriako errege Hazaelen kontra borrokatzera joan zen, Akaben seme Joramekin bat eginik. Baina aramearrek zauritu egin zuten Joram,
29 eta hau, atzera eginez, Izreelera joan zen, Hazaelen kontrako borrokan siriarrek Raman egin zizkioten zauriak sendatzera. Joramen seme eta Judako errege Akazias, Akaben seme Joram ikustatzera joan zen Izreelera, zauritua baitzegoen hau.
Jehu, Israelgo errege
9. atala
[aldatu]1 Egun batez, Eliseok profeta-taldeko bati dei egin eta esan zion:
-Presta zaitez biderako. Hartu eskuan olio-pitxer hau eta zoaz Galaadeko Ramotera.
2 Hara heltzean, aurkitu nola edo hala Josafaten seme eta Nimxiren biloba den Jehu. Orduan, jaikiarazi bere lagunen artetik eta eraman barneko gelaren batera.
3 Gero, hartu pitxerra eta isuri olioa haren buru gainera, esanez: «Hau dio Jaunak: Israelgo errege izateko gantzutzen zaitut». Ondoren, ireki atea eta egin ihes gelditu gabe.
4 Abiatu zen, beraz, profeta gaztea Galaadeko Ramoterantz.
5 Heldu zenean, bildurik zeuden gudalburuak. Profetak esan zion buruzagiari:
-Gauza bat dut esateko, jauna.
Jehuk galdetu zuen:
-Gutariko zeini?
Eta profetak:
-Zuri.
6 Jehu jaiki eta etxean sartu zen. Orduan, profetak olioa isuri zion buru gainera, esanez: «Hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: <Ene herri Israelgo errege gantzutzen zaitut>.
7 Akab zeure jaunaren senitartea hondatuko duzu; horrela mendekatuko dut Jezabelek isuritako neure profeten eta Jaunaren zerbitzari guztien odola.
8 Akaben senitarte osoa suntsituko da; Akaben ondorengoetariko gizaseme guztiak, libre nahiz esklabo, desagerraraziko baititut Israelen.
9 Nebaten seme Jeroboamen eta Ahiasen seme Baxaren senitarteak zigortu nituen bezalaxe zigortuko dut Akaben senitartea ere.
10 Jezabel, berriz, zakurrek irentsiko dute Izreelgo landan, eta ez du inork ehortziko».
Hau esanik, atea ireki eta ihes egin zuen.
11 Bere jaunaren buruzagiak bildurik zeuden gelara joan zenean, galdetu zioten Jehuri:
-Berri onak? Zertara etorri zaizu zoro hori?
Jehuk erantzun:
-Zeuek dakizue nor den gizon hori eta nolako kontuak izaten dituen.
12 Haiek esan zioten:
-Gezurra. Esaguzu zer zioen.
Jehuk, orduan:
-Tira, bada; hauxe esan dit: «Hau dio Jaunak: Israelgo errege gantzutzen zaitut».
13 Orduan, nork bere soingainekoa bizkor hartu eta haren oinazpian ipini zuen, eskailera-mailetan. Eta adarra joz, deiadar egin zuten: «Gora Jehu erregea!»
Jehu azpilanean Joramen kontra
14 Josafaten seme Nimxiren biloba zen Jehu azpilanean hasi zen Joramen kontra. Aldi hartan Joram, israeldar guztiekin, Galaadeko Ramot Siriako errege Hazaelengandik defendatzen ari zen.
15 Baina Izreelera joan beharrean gertatu zen Joram, Siriako errege Hazaelen kontrako borrokan siriarrek egin zizkioten zauriak sendatzera. Jehuk esan zien bere ofizialkideei:
-Nire alde baldin bazaudete, ez dezala inork ere ihes egin hiri honetatik, egin dugunaren berri Izreelera eramatera.
16 Jehu bere gudu-gurdira igo eta Izreelerantz abiatu zen. Han zegoen Joram oheratua, eta Judako errege Akazias ere bertan zen, Joram ikustatzera joana.
17 Izreelgo dorrean zegoen zelatariak, Jehuren gudari-taldea etortzen ikustean, esan zuen:
-Gudari-talde bat ageri da han!
Joramek agindu zuen:
-Bidali zaldizko bat eta galdegin dezala bakez datozen.
18 Hala, joan zen zaldizkoa gudari-taldearengana eta esan zuen:
-Erregeak bakez zatozten galdetzen du.
Jehuk, orduan:
-Zer axola dizu bakeak? Zatoz nire atzetik.
Zelatariak esan zuen:
-Heldu da haiengana mezularia, baina ez dator itzulian.
19 Joram erregeak beste zaldizko bat bidali zuen. Taldearengana hurbildu eta esan zuen:
-Erregeak bakez zatozten galdetzen du.
Jehuk erantzun:
-Zer axola dizu bakeak? Zatoz nire atzetik.
20 Zelatariak esan zuen:
-Heldu da haiengana mezularia, baina ez dator itzulian. Gudu-gurdia gidatzeko eran, Nimxiren biloba Jehu dela dirudi, eroak bezala gidatzen baitu.
21 Joramek agindu zuen:
-Prestatu gudu-gurdia!
Prestatu ziotenean, Israelgo errege Joram eta Judako errege Akazias Jehuren bila atera ziren, nor bere gudu-gurdian. Izreelgo Nabot zenaren landan aurkitu zuten.
Israelgo errege Joram hil
22 Joramek Jehu begiztatu zuenean, galdetu zion:
-Bakez al zatoz, Jehu?
Jehuk ihardetsi zuen:
-Izan ote daiteke bakerik, zuen ama Jezabel idolatrian eta hainbeste aztikeriatan dabilen bitartean?
23 Orduan, gudu-gurdia biratu eta ihesi abiatu zen Joram, esanez:
-Traizioa, Akazias!
24 Baina Jehuk uztaia eskuetan hartu, gezia jaurtiki eta bizkarraren erdian zauritu zuen Joram, bihotza zauritu eta aurretik ateraz. Hilik erori zen bere gudu-gurdian.
25 Jehuk esan zion Bidkar bere ezkutariari:
-Hartu eta bota ezazu Naboten landara. Oroit zaitez, honen aita Akaben taldean biok zaldiz gindoazelarik, Jaunak esan zuela:
26 «Ikusi nuen, ikusi, atzo arratsaldez Naboten eta beronen seme-alaben odola. Horregatik, diot nik, Jaun honek: Landa honetantxe emanen dizut merezia». Hartzazu, beraz, Joram eta bota landa horretara, Jaunak esan bezala.
Judako errege Akazias hil
27 Hori ikustean, Bet-Ganerako bidetik ihesi joan zen Judako errege Akazias. Baina Jehuk atzetik joan eta agindu zuen:
-Hil hori ere!
Eta zauritu egin zuten bere gudu-gurdian, Gur-eko aldapan, Ibleamdik hurbil. Akaziasek Megidora egin zuen ihes eta han hil zen.
28 Bere zerbitzariek gurdi batean hartu eta Jerusalemera eraman zuten, bere hilobian, arbasoen ondoan, lur emateko.
29 Akaben seme Joramen erregealdiko hamaikagarren urtean hasia zen Akazias Judako errege izaten.
Jezabel hil
30 Gero, Jehu Izreelera joan zen. Hau jakitean, Jezabel leihora atera zen, begiak margotu eta burua apaindurik.
31 Jehu hiriko atetik sartzean, Jezabelek esan zuen:
-Ongi al zara, Zimri zeure jaunaren hiltzaile hori?
32 Jehuk gora, leihora, begiratu eta esan zuen:
-Nor dut neure aldeko?
Bizpahiru zerbitzari atera ziren orduan leihora eta Jehuri begira jarri.
33 Honek esan zien:
-Bota hori behera!
Eta bota egin zuten; haren odol-zipriztinak hormaraino eta zaldietaraino zabaldu ziren, eta Jehuk bere zaldien hanka azpian erabili zuen.
34 Gero, Jehuk, jauregian sarturik, jan eta edan ondoren, agindu zuen:
-Zoazte eta emaiozue lur emakume madarikatu horri, errege-alaba denez gero.
35 Lur ematera joan zirenean, ordea, ez zuten haren buru-hezurra, oinak eta eskuak baizik aurkitu.
36 Itzuli eta Jehuri jakinarazi ziotenean, esan zuen honek:
-Horrela bete da Jaunak bere zerbitzari Elias tixbitarraren bidez esan zuena: zakurrek irentsiko zutela Izreelgo landan Jezabelen haragia,
37 eta haren gorpua simaur bihurtuko zela alorrean, Izreelgo landan; inork ere ezin izango zuela «Hau Jezabel da» esan.
Akaben senitartekoak hilarazi Jehuk
10. atala
[aldatu]1 Akabek hirurogeita hamar ondorengo zituen Samarian. Jehuk gutunak igorri zizkien Samariara Izreelgo buruzagi, arduradun eta Akaben ondorengo haien hezitzaileei, esanez:
2 «Gutun honen bidez, zeuen errege izanaren ondorengoak zeuen ardurapean dituzuela jakinarazten dizuet; bai eta gudu-gurdi, zaldi, hiri gotortua eta armak ere.
3 Begira ezazue zein den zuen errege izanaren ondorengoetarik egokiena eta zuzenena; ezar ezazue bere aitaren errege-aulkian eta borroka zaitezte errege-etxearen alde».
4 Biziki ikaratu ziren Izreelgo haiek eta esan zuten:
-Bi erregeek ezin izan diote horri aurre egin; nola egin diezaiokegu guk?
5 Orduan, jauregiko arduradunak, hiriko buruzagiak, arduradunek eta hezitzaileek erantzun hau bidali zioten Jehuri: «Zeure zerbitzari gaituzu eta zuk esana eginen dugu. Ez dugu inor ere errege izendatuko. Egizu egokien iruditzen zaizuna».
6 Jehuk beste gutun bat igorri zien, esanez: «Nirekin baldin bazaudete eta nire esana betetzeko prest, har itzazue zeuen nagusiaren ondorengoen buruak eta zatozkidate bihar ordu honetan Izreelera».
Akaben hirurogeita hamar ondorengoak hiriko handikiekin bizi ziren, hauek baitzituzten hezitzaile.
7 Gutuna jasotzean, erregearen hirurogeita hamar ondorengoei lepoa moztu zieten eta buruak, saskitan harturik, Izreelera bidali zizkioten Jehuri.
8 Mezulari batek esan zion Jehuri:
-Erregearen ondorengoen buruak ekarri dituzte.
Jehuk agindu zuen:
-Ezarri bi multzotan hiriko sarreran, bihar goizera arte.
9 Goizean atera zen Jehu kanpora eta, zutik, esan zion jendeari:
-Zuek errugabe zarete. Ni ibili nintzen azpilanean Israelgo errege Joramen aurka, eta nik hil nuen. Baina nork hil ditu hauek guztiak?
10 Ohar zaitezte, beraz, ez dela bete gabe gelditu Jaunak Akaben senitartearen kontra esaniko hitz bat ere. Bete du Jaunak bere zerbitzari Eliasen bitartez esana zuena.
11 Jehuk, orduan, Izreelen gelditzen ziren Akaben senitarteko guztiak hil zituen, bai handikiak, bai ahaideak eta bai eta apaizak ere, bizirik inor utzi gabe.
Akaziasen errege-etxea suntsitu Jehuk
12 Ondoren, Samariara abiatu zen Jehu. Bidean, Artzainen Bet-Eked zeritzan tokira heltzean,
13 Judako errege Akaziasen senideak aurkitu zituen. Jehuk galdetu zien:
-Nortzuk zarete?
Haiek erantzun:
-Akaziasen senide gaituzu. Erregearen eta ama-erreginaren seme-alabak agurtzera gatoz.
14 Orduan, Jehuk bere lagunei:
-Harrapa itzazue bizirik!
Bizirik harrapatu, baina Bet-Ekedeko putzu ondoan hil zituzten. Berrogeita bi gizaseme ziren, eta ez zen bat ere bizirik gelditu.
Akaben errege-etxea suntsitu Jehuk
15 Handik alde egin ondoren, Rekaben seme Jonadab aurkitu zuen Jehuk, berarengana zetorrela. Jehuk agurtu eta esan zion:
-Leiala al zaitut, ni leiala nauzun bezala?
Jonadabek erantzun:
-Bai.
Eta Jehuk:
-Hala baldin bada, eman eskua.
Eman zion eskua Jonadabek eta Jehuk bere gudu-gurdira igoarazi zuen,
16 esanez:
-Zatoz nirekin eta ikusi nolako maitemina diodan Jaunari.
Eta berekin hartu zuen gudu-gurdian Jehuk.
17 Samariara heltzean, hirian ziren Akaben gainerako ahaide guztiak hil zituen, denak suntsituz, Jaunak Eliasi esana zion bezala.
Baalen kultua desegin Jehuk
18 Jehuk Samariako herria bilarazi eta esan zuen:
-Akabek kultu txikia eman zion Baali; nik handia emango diot.
19 Bildu niregana Baalen profeta guztiak eta haren adoratzaile eta apaiz guztiak. Ez dadila bat ere geldi etorri gabe, opari handia eskaini behar baitiot Baali. Etortzen ez denak heriotza-zigorra izanen du.
Jehuren tranpa zen hau, Baalen adoratzaileak desagerrarazteko.
20 Jehuk agindu zuen:
-Dei ezazue jendea batzar santura, Baalen ohorez!
Hala, egin zuten deia
21 eta Jehuk Israel osora zabalarazi zuen. Baalen adoratzaile guztiak etorri ziren, ez zen bat ere gelditu etorri gabe. Sartu zirenean, Baalen jauretxea erabat bete zen.
22 Orduan, Jehuk agindu zion jantzi sakratuen arduradunari:
-Atera jantzi sakratuak Baalen adoratzaile guztientzat.
Eta atera zituen.
23 Gero, Jehu eta Rekaben seme Jonadab Baalen jauretxean sartu ziren. Jehuk esan zien Baalen adoratzaileei:
-Begira ezazue ongi hemen, zeuen artean, Jaunaren adoratzailerik ba ote dagoen, ala Baalenak bakarrik zaudeten.
24 Orduan, Jehu eta Jonadab sakrifizioak eta erre-opariak eskaintzera sartu ziren. Jehuk, ordea, ezarriak zituen kanpoan laurogei gizon, agindu honekin: «Zuen esku uzten ditut adoratzaile horiek. Zuetariko norbaitek horietako bakar bati ihes egiten uzten badio, bere biziaz ordainduko du».
25 Erre-opariaren eskaintza bukatu zuenean, Jehuk gudari eta buruzagiei agindu zien:
-Aurrera! Hil itzazue! Ez dezala inork ere ihes egin!
Ezpataz hil eta kanpora bota zituzten. Gero gudari eta buruzagiek, Baalen jauretxeko barne-gelara sartu,
26 jauretxeko zutarri sakratuak atera eta kiskali egin zituzten.
27 Baalen zutarri sakratuak desegin ondoren, jauretxea bera ere hondatu zuten eta simaurtegi bihurtu. Halaxe da gaurdaino.
Jehu, Israelgo errege
28 Jehuk, beraz, desagerrarazi egin zuen Baal Israeldik. 29 Hala ere, Jehu ez zen urrundu Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik, hau da, Betelgo eta Dango urrezko zekorrak gurtzetik. 30 Jaunak esan zion Jehuri: «Niri atsegin zaidana eginez ongi jokatu duzulako, eta Akaben errege-etxeari nik nahi nuena egin diozulako, zure ondorengoak jarriko dira, laugarren belaunaldiraino, Israelgo errege-aulkian». 31 Jehuk, ordea, ez zuen hartu bihotz osoz Jaunaren, Israelen Jainkoaren, legea; ez zen urrundu Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik.
Jehu hil
32 Aldi hartan, Jauna lurra murrizten hasi zitzaion Israeli; Hazaelek menperatu egin zituen israeldarrak lurraldeko muga guztietan. 33 Kendu egin zien Jordandik ekialdera eta Arnon erreka ondoko Aroertik iparraldera dagoen lurralde osoa, hau da, Galaad eta Baxan eskualdeak, Gad, Ruben eta Manasesen leinuak bizi zirenekoak. 34 Jehuren gainerako jardunak, egin zuen guztia eta ekintza bizkorrak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. 35 Hil zenean, Samarian ehortzi zuten. Hurrengo erregea haren seme Joakaz izan zen. 36 Hogeita zortzi urtez izan zen Jehu Israelgo errege Samarian.
Atalia Jerusalemgo aginteaz jabetu
11. atala
[aldatu]1 Akazias zenaren ama Ataliak, semea hila zuela jakitean, erregearen senitarteko guztiak hiltzea erabaki zuen. 2 Baina Judako errege izana zen Joramen alaba eta Akaziasen arreba Joxebak Akaziasen seme Joax hartu, hil behar zituzten errege-senitartekoen artetik atera eta, inudearekin batera, tenpluko logela batean sartu zuen. Horrela atera zuten Ataliaren hatzaparretatik, eta ez zuten hil. 3 Sei urtez egon ziren inudea eta biak Jaunaren etxean gorderik, Atalia lurralde hartan erregina izan zen bitartean.
Joax errege izateko gantzutua
4 Zazpigarren urtean, kariarren eta gudarien ehuntariak etorrarazi zituen Joiada apaizak bere aurrera, Jaunaren etxera. Haiekin hitzarmena burutu eta zin eragin zien Jaunaren etxean. Ondoren, errege-semea erakutsi zien,
5 eta agindu hau eman: «Hona zer egin behar duzuen: zuetarik jauregia zaintzera larunbatez sartzen den taldeak,
6 Sur deritzan atean guarda egiten duen taldeak eta gudari-toki atzeko atean egoten den taldeak txandaka zainduko duzue tenplua.
7 Zaintzaldia larunbatez bukatzen duten bi taldeek erregea dagoen tenpluko alderdia zainduko dute.
8 Nork bere armak eskuan dituela, erregearen inguruan jarriko zarete, eta norbaitek zuen tartetik harengana sartu nahi izango balu, hil ezazue. Lagundu erregeari toki guztietara».
9 Ehuntariek zehatz bete zuten Joiada apaizak agindu guztia: zaintzaldia larunbatez hasten nahiz bukatzen zuten gizonak hartu eta Joiadaren aurrera etorri ziren.
10 Orduan, apaizak David erregearen lantza eta babeskiak eman zizkien ehuntariei, arma haiek Jaunaren etxean baitzeuden jasoak.
11 Guardak, armak eskuetan, tenpluaren eskuinaldetik ezkerralderaino jarri ziren, aldare eta tenpluaren artean, erregea inguratzeko.
12 Orduan, Joiadak erregearen seme Joax aterarazi, koroa ezarri eta itunaren agiria eman zion, eta olioa isuriz, errege gantzutu zuen. Jende guztiak, txaloka, honela zioen oihuka: «Gora erregea!»
13 Han bildutako guarden eta jendearen zarata-hotsa entzutean, Jaunaren etxera jo zuen Ataliak, jendearengana.
14 Eta begiratzean, erregea ikusi zuen oholtza gainean zutik, ohi zen bezala. Buruzagiak eta turuta-joleak erregearen ondoan zeuden; herriko jendea, berriz, pozez beterik zebilen, turuten soinura. Ataliak, bere soinekoak urratuz, garrasi egin zuen:
-Traizioa! Traizioa!
15 Orduan, Joiada apaizak, ez baitzuen nahi Atalia Jaunaren etxean hil zezaten, hau agindu zien gudarostearen buruzagi ziren ehuntariei:
-Atera ezazue tenplutik, zeuen lerro artetik. Norbaitek jarraitzen badio, hil ezpataz.
16 Atzeman zuten, bada, Atalia, eta jauregira, zaldien atera heltzean, bertan hil zuten.
17 Gero, Joiadak ituna egin zuen Jaunaren eta errege eta herriaren artean, herri hura benetan Jaunaren herri izan zedin. Erregearen eta herriaren artean ere egin zuen ituna.
18 Ondoren, jendeak Baalen jauretxera joan eta lurrera bota zuen; xehe-xehe egin zituen hango aldare eta irudiak, eta Baalen apaiza zen Matan hil egin zuten aldarearen aitzinean. Joiada apaizak zaintzaileak ipini zituen Jaunaren etxean.
19 Gero, ehuntariak, kariarrak, guardak eta jende guztia bilaraziz, Jaunaren etxetik jaitsi eta guarden atetik sarrarazi zuen Joiadak erregea jauregian. Eta Joax errege-aulkian jarri zen.
20 Jende guztia bozkarioz bete zen eta hiria baretu, Atalia hila baitzuten jauregian ezpataz.
Joax, Judako errege
12. atala
[aldatu]1 Zazpi urte zituen Joaxek errege izaten hastean; 2 Jehuren erregealdiko zazpigarren urtea zen, eta berrogei urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Tzibia zuen izena eta Beer-Xebakoa zen. 3 Jaunari atsegin zaiona egin zuen Joaxek bere bizitza osoan, Joiada apaizak irakatsi zionaren arabera. 4 Hala ere, ez ziren muinoetako kultu-lekuak desagertu; jendeak jarraitu egiten zuen halako muinoetan opariak eskaintzen eta intsentsua erretzen.
Joaxek tenplua konponarazi
5 Joaxek agindu zien apaizei:
-Jaunaren etxerako biltzen den diru guztia, nahiz nork bere buruarengatik ordaindu beharrekoa, nahiz nork bere gogoz Jaunaren etxerako emana,
6 hartu zeuok, apaizok, laguntzaileen bidez, eta konpondu tenpluak dituen hondaketa guztiak.
Eztabaida Joax eta apaizen artean tenpluko konponketei buruz
7 Joaxen erregealdiko hogeita hirugarren urtean, ordea, oraino konpondu gabe zituzten apaizek tenpluko hondaketak.
8 Erregeak Joiada eta gainerako apaizei dei egin eta esan zien:
-Zergatik ez dituzue konpondu tenpluko hondaketak? Aurrerantzean ez duzue zeuen laguntzaile horiengandik dirurik hartuko; tenplua konpontzeko eman beharko duzue.
9 Apaizei ongi iruditu zitzaien jendearengandik zetorren dirurik ez hartzea; bai eta tenpluko hondaketak konpondu beharrik ez izatea ere.
10 Orduan, Joiada apaizak atabaka bat hartu, gainean zuloa egin eta aldare ondoan ezarri zuen, Jaunaren etxera sartu eta eskuinaldean. Atezain zeuden apaizek atabaka hartara botatzen zuten jendeak Jaunaren etxera ekarritako diru guztia.
11 Atabakan diru asko zegoela ikustean, erregearen idazkaria eta apaiz nagusia etorri ohi ziren Jaunaren etxean bilduriko dirua zenbatzera.
12 Zenbatu ondoren, Jaunaren etxean egiten ari ziren lanen arduradunei ematen zieten dirua, eta hauek Jaunaren etxea konpontzen ari ziren langileei ordaintzen: zurgin, etxegile,
13 igeltsero eta harginei. Orobat erosi ahal izan zituzten Jaunaren etxeko hondaketak konpontzeko behar ziren ohol eta harlanduak, bai eta ordaindu ere tenpluaren konponketako gastu guztiak.
14 Baina Jaunaren etxean sartzen zen diruaz ez zuten egiten zilarrezko erretilurik, ez labanarik, ez ur-ontzirik, ez turutarik, ez urrezko nahiz zilarrezko beste gauzarik.
15 Dirutza hura lan-arduradunei eman ohi zieten, eta hauek Jaunaren etxea konpontzeko erabiltzen zuten.
16 Langileei ordaintzeko dirua hartzen zuten arduradunei ez zien inork konturik ere eskatzen, jator jokatzen baitzuten. Baina,
17 ordain-opariengatik eta bekatuen barkamenerako opariengatik jendeak eman ohi zuen dirua ez zen Jaunaren etxerako izaten, apaizentzat baizik.
Siriarren erasoa. Joax hil
18 Aldi hartan, Siriako errege Hazaelek Gat hiriari eraso egin eta hartu zuen. Ondoren, Jerusalemen kontra jo zuen.
19 Judako errege Joaxek, ordea, bere aurretik Judan errege izaniko Josafat, Joram eta Akaziasek Jaunari sagaraturiko eskaintza guztiak Siriako errege Hazaeli igorri zizkion, bai eta Joaxek berak egindakoak eta Jaunaren etxeko nahiz erregearen jauregiko altxortegian zegoen urre guztia ere. Orduan, Hazaelek alde egin zuen Jerusalemdik.
20 Joaxen gainerako jardunak eta egin zuen guztia «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.
21 Ministrariek, azpilana eginez, hil egin zuten Joax Bet-Milon, Silara bidean zihoala.
22 Ximeaten seme Jozabad eta Xomerren seme Jehozabad ministrariak izan ziren erregea hil zutenak. Daviden Hirian ehortzi zuten, bere arbasoen ondoan. Ondorengo erregea haren seme Amatzias izan zen.
Joakaz, Israelgo erregea
13. atala
[aldatu]1 Judako errege Akaziasen seme Joaxen erregealdiko hogeita hirugarren urtean hasi zen Samarian Israelgo errege izaten Joakaz, Jehuren semea. Hamazazpi urtez izan zen errege. 2 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik aldendu gabe. 3 Horregatik, sutu egin zen Jaunaren haserrea Israelen kontra, eta luzaroan utzi zuen Israel herria Siriako errege Hazael eta honen seme Ben-Hadaden eskumendean. 4 Baina Joakazek otoitz egin zion Jaunari eta honek entzun; ikusi baitzuen zeinen gogor menperatzen zuen Siriako erregeak Israel. 5 Siriarren uztarpetik askatu zuen salbatzailea bidali zion orduan Jaunak Israeli, eta israeldarrek lehen bezain lasai bizi ahal izan ziren beren oihal-etxoletan. 6 Hala ere, israeldarrak ez ziren aldendu Jeroboamen senitarteak Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik, baizik eta bere horretan jarraitu zuten, zutoin sakratuak Samarian zutik mantenduz. 7 Horregatik, Jaunak Joakazi ez zion utzi berrogeita hamar zaldizko eta hamar mila oinezko gudari besterik; izan ere, gainerako gudarostea Siriako erregeak hondatu zuen eta oinpeko hauts bihurtu. 8 Joakazen gainerako jardunak, egintza guztiak eta ekintza bizkorrak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. 9 Hil zenean, Samarian ehortzi zuten. Ondorengo erregea haren seme Joax izan zen.
Joax, Israelgo errege
10 Judako Joaxen erregealdiko hogeita hamazazpigarren urtean hasi zen Israelgo errege izaten beste Joax hau, Joakazen semea; hamasei urtez izan zen errege Samarian. 11 Jainkoari atsegin ez zaiona egin zuen, Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik aldendu gabe, beraietan ibiliz baizik. 12 Joaxen gainerako jardunak, egin zuen guztia, ekintza bizkorrak eta Judako errege Amatziasen aurkako borroka «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. 13 Joax hil zenean, Jeroboam jarri zen errege-aulkian. Joax Samarian ehortzi zuten, Israelgo erregeen ondoan.
Siriarren menperatzea iragarri Eliseok Joaxi
14 Eliseo gaixotu zelarik, gero heriotzara eramango zuen eritasunez gaixotu ere, Israelgo errege Joaxek ikustera joan eta, haren aurrean negarrez, esan zion:
-Ene aita, ene aita, Israelen zaintzaile indartsua!
15 Eliseok agindu zion:
-Har itzazu uztaia eta geziak.
Hartu zituenean,
16 Eliseok berriro Israelgo erregeari:
-Teinka ezazu uztaia.
Erregeak uztaia teinkatu zuenean, Eliseok erregearen eskuen gainean bereak ezarri
17 eta esan zion:
-Ireki ekialdeko leihoa.
Erregeak leihoa irekitzean, Eliseok agindu zion:
-Jaurtiki!
Eta erregeak gezia jaurtiki zuenean, Eliseok esan zuen:
-Jaunaren garaipen-gezia! Siriarren kontrako garaipen-gezia! Suntsitzeraino hondatuko dituzu siriarrak Afeken.
18 Eta esan zion, gainera:
-Har itzazu geziak!
Hartu zituenean, Eliseok esan zion Israelgo erregeari:
-Jo orain lurra!
Hiru bider jo eta gelditu egin zen erregea.
19 Haserretu egin zitzaion Jainkoaren gizona, eta esan zion:
-Bospasei bider jo izan bazenu, zeharo desegiteraino hondatuko zenituzkeen siriarrak; baina hiru bider jo duzunez, hiru bider bakarrik menperatuko dituzu.
Eliseo hil
20 Hil zen Eliseo eta ehortzi zuten. Urtero lapur-talde moabdarrak Israelen sartu ohi ziren lapurretara. 21 Behinola, gizon bat hilobiratzen ari ziren batzuk, lapur-talde haietako bat ikustean, gizonaren gorpua Eliseoren hilobira bota eta ihesi joan ziren. Gorpuak Eliseoren hezurrak ukitzean, piztu egin zen gizona eta zutitu.
ELISEOREN HERIOTZATIK ISRAEL ERRESUMAREN BUKAERARAINO
Siriarren hondamena
22 Joakaz bizi izan zen bitartean, Siriako errege Hazaelek menpean izan zituen israeldarrak. 23 Baina Jauna errukitu egin zitzaien eta gupidatu, eta barkatu egin zien, Abraham, Isaak eta Jakobekin egina zuen itunarengatik. Ez zituen desegin nahi izan; oraino ez baitzituen beregandik urruti egotzi. 24 Siriako errege Hazael hil zenean, hurrengo erregea beraren seme Ben-Hadad izan zen. 25 Orduan, Joakazen seme Joaxek berreskuratu egin zituen, Ben-Hadadi kenduz, honen aita Hazaelek Joaxen aita Joakazi guduan kendutako hiriak. Hiru bider menperatu zuen Joaxek Ben-Hadad; horrela berreskuratu zituen Israelenak ziren hiriak.
Amatzias, Judako errege
14. atala
[aldatu]1 Israelgo errege Joakazen seme Joaxen erregealdiko bigarren urtean hasi zen Amatzias, Judako Joaxen semea, errege izaten. 2 Hogeita bost urte zituen orduan, eta hogeita bederatzi urtez izan zen errege Jerusalemen. Honen amak Joadan zuen izena eta Jerusalemgoa zen. 3 Jaunari atsegin zaiona egin zuen Amatziasek; ez, ordea, David bere arbasoak bezain zintzo. Bere aita Joaxen antzera jokatu zuen Amatziasek ere. 4 Baina ez ziren desagertu muinoetako kultu-lekuak; jendeak kultu-leku haietan opariak eskaintzen eta intsentsua erretzen jarraitu zuen. 5 Bere erregetzan sendotu zenean, bere aita Joax hil zuten ministrariak hilarazi egin zituen Amatziasek. 6 Hala ere, ez zituen hilarazi hiltzaile haien semeak, Moisesen legean Jaunaren agindu hau baitago idatzia: «Ez hil gurasoak seme-alaben erruengatik, ez eta seme-alabak ere gurasoen erruengatik. Nor bere erruengatik hilko da». 7 Amatziasek hamar mila gudari edomdar menperatu zituen Gesaltza haranean. Guduketa hartan Sela eskuratu zuen, eta Jokteel izena ezarri zion. Gaur arte dirau izen horrek.
Amatzias eta Joaxen arteko borroka
8 Orduan, Amatziasek mezulariak igorri zizkion Israelgo errege Joaxi, Joakazen seme eta Jehuren bilobari, esatera: «Zatoz, neurt ditzagun indarrak!» 9 Israelgo errege Joaxek, aldiz, beste erantzun hau bidali zion Judako errege Amatziasi: «Behin batez, garduak esan omen zion Libanoko zedroari: <Emaiok alaba nire semeari emaztetzat>. Baina Libanoko basabere batek hanka azpian hartu zuen gardua. 10 Egia da edomdarrak garaitu dituzula eta harro zaudela horregatik. Izan harro zeure ospeaz, baina egon geldi zeure etxean. Zergatik nahi duzu hasi zoritxarreko borroka? Zeure burua eta zeurekin batera Juda hondatzeko?» 11 Amatziasek, ordea, ez zuen entzun nahi izan. Orduan, Israelgo errege Joax igo eta Judako errege Amatziasek eta biek Judako hiri Bet-Xemexen neurtu zituzten indarrak elkarrekin. 12 Israel nagusitu egin zitzaion Judari eta gudariek ihes egin zuten nork bere etxolara. 13 Israelgo errege Joaxek preso hartu zuen Bet-Xemex hirian Judako errege Amatzias, Joaxen seme eta Akaziasen biloba. Ondoren, Jerusalemera jo eta hango harresietan berrehun metroko zuloa eginarazi zuen, Efraimen atetik kantoiko ateraino. 14 Gero, Jaunaren etxean zeuden urre, zilar eta tresna guztiak eta jauregiko altxortegikoak eta gatibuak bahituran harturik, Samariara itzuli zen. 15 Joaxen gainerako jardunak, egintza guztiak, ekintza bizkorrak eta Judako Amatziasen kontra eginiko borrokak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. 16 Hil zenean, Samarian ehortzi zuten Joax, Israelgo erregeen ondoan. Ondorengo erregea haren seme Jeroboam izan zen.
Amatziasen erregealdiaren bukaera
17 Israelgo errege Joax, Joakazen semea, hil eta gero, beste hamabost urtez bizi izan zen Judako errege Amatzias, Joaxen semea.
18 Amatziasen gainerako jardunak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.
19 Azpilana egin zuten batzuek Amatziasen aurka Jerusalemen. Erregeak Lakixera egin zuen ihes. Baina haren ondoren jendea Lakixeraino bidali eta bertan hil zuten.
20 Gero, zaldi gainean hartu, Jerusalemera eraman eta bere arbasoen ondoan Daviden Hirian ehortzi zuten.
21 Orduan, Judako herri osoak Azarias, hamasei urteko gaztea, izendatu zuen errege, bere aita Amatziasen ordez.
22 Hau hil zenean, Elat hiria Judarentzat berreskuratu eta berreraiki zuen Azariasek.
Jeroboam II.a, Israelgo errege
23 Judako errege Joaxen seme Amatziasen erregealdiko hamabosgarren urtean hasi zen Samarian errege izaten Jeroboam, Israelgo errege Joaxen semea. Berrogeita bat urtez izan zen errege. 24 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik aldendu gabe. 25 Hamateko sarreratik Araba itsasorainoko lurraldea berreskuratu zuen Israelentzat, Gat-Heferreko Amitairen seme Jonas bere zerbitzari profetaren bidez Jaunak, Israelen Jainkoak, esana zuen bezala. 26 Izan ere, ikusi zuen Jaunak israeldar guztien atsekabe garratza, ez baitzegoen inor ere Israeli lagunduko zionik. 27 Eta Jaunak ez zuen erabakia Israel zerupetik ezabatzea; horregatik salbatu zituen israeldarrak Joaxen seme Jeroboamen eskuz. 28 Jeroboamen gainerako jardunak, egintza guztiak, ekintza bizkorrak eta Judarenak izandako Damasko eta Hamat hiriak Israelentzat berreskuratzeko eginiko guduak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. 29 Hil zenean, Israelgo erregeen ondoan ehortzi zuten Jeroboam. Ondorengo erregea beroren seme Zakarias izan zen.
Azarias, Judako errege
15. atala
[aldatu]1 Israelgo Jeroboamen erregealdiko hogeita zazpigarren urtean hasi zen errege izaten Amatziasen seme Azarias. 2 Hamasei urte zituen errege izaten hastean, eta berrogeita hamabi urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Jekolias zuen izena eta Jerusalemgoa zen. 3 Jaunari atsegin zaiona egin zuen, beraren aita Amatziasek bezalaxe. 4 Hala ere, ez ziren muinoetako kultu-lekuak desagertu; jendeak kultu-leku haietan opariak eskaintzen eta intsentsua erretzen jarraitu zuen. 5 Jaunak gaixotasun larria eman zion Azariasi: legena. Hil arte egon zen legendun. Horregatik, etxe berezi batean bizi behar izan zuen. Bitartean, beraren seme Jotamek, jauregiko buru zenak, gobernatu zuen herria. 6 Azariasen gainerako jardunak eta egintza guztiak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. 7 Hil zenean, bere arbasoen ondoan ehortzi zuten Azarias, Daviden Hirian. Ondorengo erregea haren seme Jotam izan zen.
Zakarias, Israelgo errege
8 Judako Azariasen erregealdiko hogeita hemezortzigarren urtean hasi zen Israelgo errege izaten Jeroboamen seme Zakarias; sei hilabetez izan zen errege. 9 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, beraren arbasoek egina zuten bezala, Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik aldendu gabe. 10 Xalum zeritzan batek, Jabexen semeak, azpilana egin eta herriaren aurrean hil zuen Zakarias, eta bera jarri zen errege. 11 Zakariasen gainerako jardunak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. 12 Honela bete zen Jaunak Jehuri esaniko hura: «Hara, zure ondorengoak jarriko dira, laugarren belaunaldiraino, Israelgo errege-aulkian». Eta halaxe izan zen.
Xalum, Israelgo errege
13 Judako Uziasen hogeita hemeretzigarren urtean gertatu zen Jabexen seme Xalum Israelgo errege; hilabete batez izan zen errege Samarian. 14 Izan ere, Gadiren seme Menahem Tirtzatik igo eta Samarian sartu zen. Samarian, Jabexen seme Xalum hilarazi ondoren, bera jarri zen errege, haren ordez. 15 Xalumen gainerako jardunak eta egin zuen azpilana «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. 16 Ondoren, Menahemek Tifsah hiriari eraso zion, han ziren guztiak eta lurralde osoa, Tirtzatik hasirik, triskatuz, hiriko ateak ireki ez zizkiotelako, eta emakume haurdun guztiei sabela ireki zien.
Menahem, Israelgo errege
17 Judako Azariasen erregealdiko hogeita hemeretzigarren urtean hasi zen Israelgo errege izaten Samarian Menahem, Gadiren semea; hamar urtez izan zen errege. 18 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen; bere bizitza osoan ez zen aldendu Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik. 19 Asiriako errege Pul Israelgo lurraldean sartu zen; baina Menahemek hogeita bost mila kilo zilar eman zizkion Puli, erregetza bere eskuetan sendotzen lagun ziezaion. 20 Asiriako erregearentzat zilar kopuru hori bildu ahal izateko, Israelgo aberats guztiei zilarrezko berrogeita hamarna txanpon emanarazi zien, zergatzat. Asiriako erregea, Israelen gelditu gabe, bere erreinura itzuli zen. 21 Menahemen gainerako jardunak eta egintza guztiak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. 22 Hil zenean, haren seme Pekahias izan zen errege, beraren ordez.
Pekahias, Israelgo errege
23 Judako Azariasen erregealdiko berrogeita hamargarren urtean hasi zen Israelgo errege izaten Samarian Pekahias, Menahemen semea; bi urtez izan zen errege. 24 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen; ez zen aldendu Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik. 25 Erregearen ezkutari zen Pekahek, Ramaliasen semeak, azpilana egin zuen Pekahiasen kontra eta, berrogeita hamar gizon galaadtar harturik, hil egin zuen erregea Samarian, jauregiko dorrean, Argob eta Arie-rekin batera. Pekahias hiltzean, Pekah izan zen errege. 26 Pekahiasen gainerako jardunak eta egintza guztiak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.
Pekah, Israelgo errege
27 Judako Azariasen erregealdiko berrogeita hamargarren urtean hasi zen Israelgo errege izaten Samarian Pekah, Ramaliasen semea; hogei urtez izan zen errege. 28 Jaunaren begietan oker dena egin zuen, Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik aldendu gabe. 29 Israelgo errege Pekahen garaian, Asiriako errege Tiglat-Pileserrek honako hiri eta eskualde hauek hartu zituen: Ion, Abel-Bet-Maaka, Janoah, Kedex eta Hatzor hiriak, Galaad eta Galilea eskualdeak eta Neftaliren lurralde osoa. Hauetako guztietako bizilagunak Asiriara erbesteratu zituen. 30 Elaren seme Oseasek azpilana egin zuen Ramaliasen seme Pekahen kontra; zauritu eta hil ondoren, bera jarri zen errege. Uziasen seme Jotamen, Judako erregearen, erregealdiko hogeigarren urtea zen. 31 Pekahen gainerako jardunak eta egintza guztiak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.
Jotam, Judako errege
32 Ramaliasen seme zen Israelgo Pekahen erregealdiko bigarren urtean hasi zen errege izaten Judako Jotam, Uziasen semea.
33 Hogeita bost urte zituen errege izaten hastean, eta hamasei urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Jeruxa zuen izena eta Tzadoken alaba zen.
34 Jaunari atsegin zaiona egin zuen, beraren aita Uziasek bezalaxe.
35 Hala ere, ez ziren desagertu muinoetako kultu-lekuak, herriak halako kultu-lekuetan opariak eskaintzen eta intsentsua erretzen jarraitu zuen.
Jotam honek egina da Jaunaren etxeko ate garaia.
36 Jotamen gainerako jardunak eta egintza guztiak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.
37 Aldi honetan hasi zen Jauna Siriako errege Retzin eta Pekah, Ramaliasen semea, Judako erreinuaren kontra bidaltzen.
38 Hil zenean, bere arbasoen ondoan ehortzi zuten Jotam, David bere arbasoaren Hirian. Ondorengo erregea haren seme Akaz izan zen.
Akaz, Judako errege
16. atala
[aldatu]1 Ramaliasen seme Pekahen erregealdiko hamazazpigarren urtean hasi zen Judako errege izaten Akaz, Jotamen semea. 2 Hogei urte zituen Akazek orduan, eta hamasei urtez izan zen errege Jerusalemen. Ez zuen egin Jaunari, bere Jainkoari, atsegin zaiona, bere arbaso Davidek ez bezala. 3 Israelgo erregeen jokabidea hartu zuen; bere semeetako bat oparitzat erre ere egin zuen, Jaunak israeldarren aurretik egotziak zituen jentil haien ohitura higuingarriei jarraituz. 4 Muinoetako kultu-lekuetan eta edozein zuhaitz handiren azpian, opariak eskaini eta intsentsua erre ohi zuen. 5 Aldi hartan, Siriako errege Retzin eta Israelgo errege Pekah, Ramaliasen semea, Jerusalemen kontra borrokara igo ziren; Akaz setiatu zuten, baina ezin izan zuten hiria hartu. 6 Aldi berean, Siriako errege Retzinek Elat hiria berreskuratu zuen siriarrentzat; juduak Elatetik bota ondoren, edomdarrak kokatu ziren bertan, eta han bizi dira gaurdaino. 7 Orduan, Akazek mezulariak bidali zizkion Asiriako errege Tiglat-Pileserri mezu honekin: «Zeure zerbitzari eta menpeko nauzu; zatoz eta salba nazazu eraso didaten Siriako eta Israelgo erregeen eskuetatik». 8 Hartu zituen Akazek Jaunaren etxean eta jauregiko altxortegian zeuden urre-zilarrak eta Asiriako erregeari bidali zizkion eskuerakutsi bezala. 9 Asiriako erregeak, eskari hura entzunik, eraso eta hartu egin zuen Damasko; hango bizilagunak Kir-era deserriratu zituen, eta Retzin erregea hil. 10 Akaz Damaskora joan zen Asiriako errege Tiglat-Pileser ikustatzera. Orduan, ikusi zuen Damaskoko aldarea, eta beronen neurri-egiturak bidali zizkion Urias apaizari, nolakoa egin jakiteko. 11 Urias apaizak, beraz, Akaz erregeak Damaskotik bidali zion ereduaren arabera egin zuen aldarea, Akaz erregea itzuli baino lehen. 12 Damaskotik etorri eta aldarea ikustean, erregeak, aldarera igoz, 13 erre-opariak, eskaintzak eta isur-opariak egin zituen, eta bake-oparien odolaz zirtatu zuen aldarea. 14 Jaunaren aitzinean zegoen brontzezko aldarea, berriz, kendu egin zuen tenpluaren aurretik, hau da, aldare berriaren eta Jaunaren etxearen tartetik, eta aldamenean ezarri zuen, aldare berritik iparraldera. 15 Gero, agindu zion Akaz erregeak Urias apaizari: «Aldare handiaren gainean egin behar dituzu goizeko erre-oparia eta arratseko eskaintza, erregearen erre-oparia eta eskaintza, bai eta herriaren erre-opari, eskaintza eta isur-opariak ere. Orobat, aldare handiaren gaina zirtatuko duzu erre-oparietako eta sakrifizioetako odol guztiaz. Brontzezko aldareari buruzkoa neuk erabakiko dut». 16 Akaz erregeak agindu bezala egin zuen Urias apaizak. 17 Akaz erregeak orgetako markoak eta orgetan zeuden ur-ontziak kendu egin zituen; zezenen gainean zegoen brontzezko uraska eraitsi eta harrizko zoladura gainean kokatu zuen. 18 Asiriako erregeari atsegin emateko, aldatu egin zituen Akazek bai tenplu barruan egina zen larunbatetarako aterpea, bai kanpoan zegoen errege-sarrera. 19 Akazen gainerako jardunak eta egintza guztiak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. 20 Hil zenean, bere arbasoen ondoan ehortzi zuten Akaz, Daviden Hirian. Ondorengo erregea haren seme Ezekias izan zen.
Oseas, Israelgo azken erregea. Samaria menperatua
17. atala
[aldatu]1 Judako Akazen erregealdiko hamabigarren urtean hasi zen Elaren seme Oseas Israelgo errege izaten Samarian; bederatzi urtez izan zen errege. 2 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen; hala ere, ez beraren aurretik Israelgo errege izan zirenek bezainbat. 3 Asiriako errege Salmanasarrek eraso egin zion Israelgoari eta Oseasek haren menpeko egin behar izan zuen, zerga ordainduz. 4 Baina gerora, Asiriako erregea ohartu zen Oseas azpilanean ari zela, Egiptoko errege So-ri mandatariak bidaliz eta, gainera, urteroko zerga ordaindu gabe utziz. Orduan, Asiriako erregeak atxilotu egin zuen Oseas eta giltzapean sartu. 5 Ondoren, lurralde osoari eraso zion, bai eta Samaria hiriburuari ere, hiru urtez setiatuz. 6 Oseasen erregealdiko bederatzigarren urtean, Asiriako erregea Samariaz jabetu eta Asiriara erbesteratu zituen israeldarrak, Halah deritzan lurraldean, Gozango Habor ibaiaren ondoan eta Mediako hirietan kokaraziz.
Israel erreinuaren hodamendiaren zergatiak
7 Jaunak, beraien Jainkoak, atereak zituen israeldarrak Egipto lurraldetik eta hango errege faraoiaren menpetik. Baina bekatu egin zuten Jainkoaren kontra, jainko arrotzak adoratuz. Horregatik bidali zien Jainkoak israeldarrei halako hondamendia. 8 Izan ere, Jaunak beraien aurretik bota zituen herrien ohiturak eta Israelgo erregeek ezarritako arauak hartu zituzten israeldarrek. 9 Egin behar ez liratekeen gauzak egin zituzten israeldarrek Jaunaren, beren Jainkoaren aurka: sasikultuak antolatu zituzten hiri guztietan, bai eta zaintzaileen dorreetan eta gotorlekuetan ere. 10 Zutarri eta zutoin sakratuak ezarri zituzten muino guztietan eta zuhaitz handi guztien azpian; 11 eta halako kultu-lekuetan intsentsua erre zuten, Jaunak beraien aurretik egotziak zituen herrien antzera. 12 Gaizki jokatu zuten, Jauna haserretzeraino; Jaunak galarazi ziena egin baitzuten: idoloak gurtu. 13 Esana zien Jaunak, bere profeta eta ikusle guztien bidez, Israeli eta Judari: «Itzul zaitezte zeuen bide gaiztoetatik; bete itzazue nire agindu eta arauak, zuen arbasoei eman eta ene zerbitzari profeten bitartez adierazi dizuedan irakaspenaren arabera». 14 Haiek, ordea, ez zuten entzun; burugogor izan ziren, beraien gurasoak bezalaxe, ez baitzuten uste onik izan Jaunarengan, beren Jainkoarengan. 15 Gutxietsi egin zituzten bai beraien gurasoekin Jaunak egin zuen ituna, bai eman zizkien burubideak ere. Horrela, idolo hutsalen ondoren joanez, hutsal bihurtu ziren beraiek ere. Inguruko herrien antzeko egin ziren, Jainkoak haien antzera ez jokatzeko agindu zien arren. 16 Jaunaren, beren Jainkoaren, aginduak baztertuz, bi zekor-irudi egin zituzten, bai eta zutoin sakratua ere; izarren aurrean ahozpeztu ziren eta Baal jainkoa gurtu zuten. 17 Beren seme-alabak oparitzat eskaini zituzten, sutan errez; igarpenak eta aztikeriak egin zituzten eta Jaunari atsegin ez zaiona egitera emanak ibili ziren, Jauna haserrearaziz. 18 Biziki haserretu zen, bai, Jauna Israelen kontra, eta horregatik bota zituen bere begien aurretik. Judaren leinua baizik ez zen gelditu. 19 Judak ere, ordea, Jaunaren, bere Jainkoaren, aginduak bete ordez, Israelen erara jokatu zuen. 20 Horregatik, Jaunak zapuztu egin zuen Israelen jatorri osoa, makurrarazi, lapurren esku utziz eta, azkenean, bere begien aurretik bota. 21 Israelek, Daviden erreinutik bereizi zen hartan, Nebaten seme Jeroboam izendatu zuen errege, eta errege honek aldendu egin zuen Israel Jaunaren esanetatik, bekatu handia eginaraziz. 22 Jeroboamek eginiko bekatu guztiak egin zituzten israeldarrek ere, bekatu horietatik ezertan urrundu gabe. 23 Horregatik, bota egin zituen Jaunak bere aurretik, bere zerbitzari profeta guztien bidez esana zien bezala. Erbesteratu egin zuen Israel bere lurraldetik Asiriara gaurdaino.
Arrotzak ekarri Israelgo erreinura
24 Asiriako erregeak Babilonia, Kut, Aba, Hamat eta Sefarbaim hirietako jendea hartu eta Samariako hirietan kokarazi zuen, israeldarren tokian. Jende hura, Samariaz jabeturik, bertako hirietan bizi izan zen. 25 Samarian bizitzen hastean, arrotz haiek ez zuten Jauna gurtzen; orduan, Jaunak lehoiak bidali zizkien, jendea hiltzeko. 26 Jakinarazi zioten Asiriako erregeari, Samariako hirietara eraman eta bertan kokarazi zuen jende hark ez zekiela nola gurtu bertako jainkoa; horregatik, jainko hark lehoiak bidali eta hauek hil egiten zutela jendea, bertako jainkoa nola gurtu ez zekielako. 27 Orduan, Asiriako erregeak agindu zuen: «Eraman Samariara bertatik erbesteratu zenituzten apaizetarik bat; bizi dadila bertan eta irakats diezaiola jendeari bertako jainkoa gurtzen». 28 Etorri zen, beraz, Samariatik erbesteratu zituzten apaizetarik bat eta, Betelen finkatuz, Jauna nola gurtu irakasten zion jendeari. 29 Hala ere, jende arrotz hark, bizi zen hiri guztietan, nork bere jainkoen irudiak egin eta samariarrek muinoetan eraikitako jauretxeetan ezarri zituen. 30 Babiloniako jendeak Sukot-Benot bere jainkoaren irudia egin zuen, Kutekoek Nergal-ena, Hamatekoek Axima-rena, 31 Abakoek Nibhaz eta Tartak-enak, Sefarbaimgoek beren jainko Adram-Melek, eta Anam-Meleken ohoretan beren seme-alabak erre ohi zituzten sutan. 32 Denbora berean, Jauna ere gurtu ohi zuten. Kultu-lekuetako apaizak izendatu zituzten beren artetik, muinoetako jauretxeetan apaiz-zerbitzua egin zezaten. 33 Horrela, beraz, gurtzen zuten Jauna; baina, erbesteratu baino lehen beren jatorrizko hirietan zituzten kultuen arabera, beren jainkoak ere gurtu ohi zituzten.
Israel lurraldeko egoera erlijiosoa
34 Egundaino eutsi diete beren ohitura zaharrei; ez dute gurtzen Jauna, ez dituzte betetzen honen arauak, ez eta erabakiak ere; ez dute jokatzen Jaunak Jakoben ondorengoei emaniko lege eta aginduen arabera
-Jakobi ezarri zion Jaunak Israel izena
-.
35 Haiekin zuen egina Jaunak ituna eta haiei zien honako agindu hau emana: «Ez duzue beste jainkorik gurtuko; ez zarete halakoen aitzinean ahozpeztuko. Ez diezue kulturik emango, ez oparirik eskainiko.
36 Indar handiz eta beso ahaltsuz gurtuko duzue Egiptotik etorrarazi zintuzten Jauna eta honen aurrean ahozpeztuko zarete; berari eskainiko dizkiozue opariak.
37 Egunero bete behar dituzue berak zuentzat idatzi dituen arau, erabaki, lege eta aginduak. Eta ez duzue beste jainkorik gurtuko.
38 Ez ahaztu zuekin egin duen ituna. Ez duzue beste jainkorik gurtuko.
39 Jauna, zeuen Jainkoa, gurtuko duzue eta berak libratuko zaituzte etsai guztien eskuetatik».
40 Haiek, ordea, ez zuten entzun; alderantziz, antzinako beren usadioei eutsi zieten.
41 Jende hark, beraz, gurtu zuen Jauna, bai; baina bere idoloei ere eman zien kultua. Eta gurasoek bezalaxe egin zuten seme-alabek eta hauen ondorengoek ere; eta hori gaurdaino.
ISRAEL ERRESUMAREN BUKAERATIK JUDA ERREINUAREN BUKAERARA
Ezekias, Judako errege
18. atala
[aldatu]1 Israelgo Elaren seme Oseasen erregealdiko hirugarren urtean hasi zen Ezekias, Akazen semea, Judako errege izaten. 2 Hogeita bost urte zituen orduan eta hogeita bederatzi urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Abi zuen izena eta Zakariasen alaba zen. 3 Jaunari atsegin zaiona egin zuen Ezekiasek, bere arbaso Davidek bezalaxe. 4 Suntsitu zituen muinoetako kultu-lekuak, zutarri sakratuak hautsi, zutoin sakratuak bota, eta apurtu egin zuen Moisesek eginiko brontzezko sugea, ordurarte israeldarrek intsentsua erretzen baitzuten haren aurrean; Nehuxtan izena eman ohi zioten. 5 Jaunarengan, Israelen Jainkoarengan, ipini zuen bere ustea. Ez zen hura bezalako erregerik izan Judan, ez aurretik, ez ondoren. 6 Jaunari atxikia egon zen beti, harengandik aldendu gabe eta Jaunak Moisesi eman zizkion aginduak betez. 7 Jauna Ezekiasen alde egon zenez, onik atera zen hau bere egintza guztietan. Asiriako erregearen kontra jaiki eta haren menpeko izateari utzi zion. 8 Filistearrei ere oldartu zitzaien Gazaraino eta inguruetaraino, zaintzaileen dorrei eta gotorlekuei ere erasoz.
Samariaren hondamendia berriro aipatu
9 Ezekiasen erregealdiko laugarren urtean, hau da, Israelgo Elaren seme Oseasen erregealdiko zazpigarren urtean, Asiriako errege Salmanasarrek Samariari eraso eta setiatu egin zuen.
10 Hiru urteren buruan hartu zuten asiriarrek Samaria. Ezekiasen erregealdiko seigarren urtea eta Israelgo Oseasen erregealdiko bederatzigarren urtea zen Samaria hartu zutenean.
11 Asiriako erregeak Asiriara erbesteratu zituen israeldarrak, Halah deritzan lurraldean, Gozango Habor ibaiaren ondoan eta Mediako hirietan kokaraziz.
12 Izan ere, israeldarrek ez zuten aditu Jaunaren, beren Jainkoaren, ahotsa eta hautsi egin zuten haren ituna; ez zuten aditu, ez bete Jaunaren zerbitzari Moisesek agindu ziena.
Senakerib Judako erreinuaren aurka
13 Ezekiasen erregealdiko hamalaugarren urtean Asiriako errege Senakeribek Judako hiri-gotor guztiei eraso eta hartu egin zituen.
14 Judako errege Ezekiasek mezu hau bidali zion Lakix hirira Asiriako erregeari: «Huts egin dizut, bai; baina ez iezadazu eraso. Ezarri zergaren bat eta ordainduko dizut».
Hamar tonelada inguru zilar eta tonelada bat urre ordaindu beharra ezarri zion Asiriako erregeak Judako errege Ezekiasi.
15 Jaunaren etxean eta jauregiko altxortegietan zegoen zilar guztia eman zuen Ezekiasek.
16 Orduantxe kendu behar izan zituen Judako errege Ezekiasek, berak lehen urrez jantziak zituen Jaunaren tenpluko ateak eta ate-euskarriak, Asiriako erregeari emateko.
Senakeriben ordezkari nagusia mintzo
17 Asiriako erregeak gudalburu nagusia, ofizial nagusia eta ordezkari nagusia bidali zituen Lakixtik, gudaroste handi batekin, Jerusalemera Ezekias erregearen aurka. Jerusalemera heldu zirenean, goiko urtegirako ubide ondoan gelditu ziren, oihal-garbitzailearen sororako bidean,
18 eta dei egin zioten erregeari. Hilkiasen seme Eliakim jauregizaina, Xebna idazkaria eta Asafen seme Joah, erregearen bozeramailea, atera ziren haiengana.
19 Asiriar ordezkari nagusiak esan zien:
-Eramaiozue Ezekias erregeari Errege Handiaren, Asiriako erregearen, mezu hau: «Zer dela-eta zaude hain ziur?
20 Uste al duzu hitz hutsek gerrako planak eta ausardiak bezainbat balio dutela? Norengan duzu zeure ustea, nire kontra jaikitzeko?
21 Egiptorengan? Hara, kanabera printzatua bezala da Egipto: euskarritzat hartzen duenari eskua zulatzen dio alderik alde. Horrelakoxea da Egiptoko errege faraoia ustea berarengan duten guztientzat.
22 <Jaunarengan, geure Jainkoarengan, dugu ustea>, erantzungo didazu. Baina ez al ditu, bada, Jainko horren muinoetako kultu-leku eta aldareak kendu Ezekiasek, Juda eta Jerusalemgo jendeari Jauna Jerusalemgo aldarean bakarrik gurtzeko aginduz?
23 Ea, bada, egiozu desafio nire jaunari, Asiriako erregeari: bi mila zaldi emango dizkizut, beste hainbeste zaldun aurkitzeko gauza bazara.
24 Ezin diozu-eta atzera eragin nire ofizialik txikienetariko bati ere! Egiptok gudu-gurdiak eta zaldiak emango dizkizulakoan al zaude?
25 Gainera, uste al duzu Jaunaren baimenik gabe etorri naizela toki honi eraso egin eta hondatzera? Jaunak berak esan dit toki hau eraso eta hondatzeko!»
26 Orduan, Hilkiasen seme Eliakimek, Xebnak eta Joahek hau erantzun zioten asiriar ordezkari nagusiari:
-Mesedez, hitz egiguzu arameeraz, ulertzen baitugu. Ez
mintzatu hebreeraz, harresi gainean dagoen jendea entzuten ari
da eta.
27 Ordezkari nagusiak ihardetsi zuen:
-Zer uste duzu? Mezu hau zure erregeari eta zuri bakarrik esatera bidali nauela neure jaunak? Harresi gainean dagoen jende horrentzat ere bada, horiek ere beren kaka jan eta pixa edan beharko baitute, zuek bezalaxe.
28 Orduan, ordezkari nagusiak, zutiturik, deiadarka esan zuen hebreeraz mintzatuz:
-Entzun ezazue Errege Handiaren, Asiriako erregearen, mezua:
29 «Ez zaitzatela engaina Ezekiasek, ezin izango baitzaituzte libratu nire eskutik.
30 Ez diezazuela Ezekiasek ustea Jaunarengan jarrarazi, Jaunak libratuko zaituztelakoan eta hiri hau Asiriako erregearen menpean eroriko ez delakoan».
31 Ez aditu Ezekiasi; entzun Asiriako erregeak dioena: «Egin bakezkoak nirekin eta jar zaitezte nire menpe. Horrela nork bere mahatsondoaren eta pikuondoaren fruituak jan ahal izanen ditu eta bere putzuko ura edan.
32 Eta gero, zuena bezalako beste lurralde batera, garia eta ardoa, ogia eta mahastiak, olibondoak, olioa eta eztia dituen lurraldera, eramango zaituztet. Eta hil ordez, bizi egingo zarete. Ez entzun Ezekiasi; zuek engainatzen ari da, Jaunak libratuko zaituztela esanez.
33 Beste herrietako jainkoek libratu ote dituzte beren lurraldeak Asiriako erregearen eskutik?
34 Zer egin dute Hamat eta Arpadeko jainkoek? Zer Sefarbaim, Hena eta Ibako jainkoek? Libratu al dute Samaria nire eskutik?
35 Inongo jainkok ez du libratu bere lurraldea nire eskutik, eta Jaunak libratuko al du, bada, Jerusalem nire menpean erortzetik?»
36 Jendea isilik gelditu zen; ez zion hitzik ere erantzun, erregeak agindua baitzien ez erantzuteko.
37 Hilkiasen seme Eliakim jauregizainak, Xebna idazkariak eta Asafen seme Joah bozeramaileak, jantziak urraturik, Ezekiasengana joan eta ordezkari nagusiak esana adierazi zioten.
Ezekiasek Isaias profetari galde
19. atala
[aldatu]1 Ezekias erregeak ere, hori entzutean, jantziak urratu zituen eta, doluz jantzirik, Jaunaren etxera jo zuen. 2 Eta Amotzen seme Isaias profetagana bidali zituen Eliakim jauregizaina, Xebna idazkaria eta apaizik zaharrenak, doluz jantzirik, 3 esatera: «Hau dio Ezekiasek: Larritasun-, zigor- eta lotsa-eguna dugu gaurkoa. Haurra izateko zorian, eta egiteko indarrik gabe dagoen emakumearen antzeko gara. 4 Jainko bizia laidotzera bidali du Asiriako erregeak bere ordezkari nagusia. Entzungo al zituen Jaunak, zure Jainkoak, hark esan dituen irainak, eta zigortuko al du, entzun behar izan dituen irain guztiengatik! Eta zuk egizu otoitz oraindik bizirik dirautenen alde». 5 Hala, joan ziren Ezekias erregearen funtzionarioak Isaiasengana. 6 Isaiasek erantzun zien: «Emaiozue zeuen nagusiari Jaunaren mezu hau: <Ez beldurtu entzun dituzun hitzengatik; ni iraintzeko esan dituzte halakoak Asiriako erregearen ofizial horiek. 7 Hara, zurrumurruren bat helaraziko diot eta, orduan, bere lurraldera itzuliko da. Han hil egingo dute ezpataz> ».
Senakerib berriro mehatxuka
8 Ordezkari nagusiak, itzultzean, jakin zuen Asiriako erregea Lakixtik joana zela Libna hiriari erasotzera, eta han aurkitu zuen.
9 Handik, Etiopiako errege Tirhaka borrokatzeko asmoz zetorkiola jakin zuelarik, Senakeribek mezulariak bidali zizkion berriro Ezekiasi,
10 Judako erregeari, esatera: «Ustea berarengan duzun arren, ez zaitzala engaina zeure Jainko horrek, Jerusalem nire eskuetan ez dela eroriko esaten dizunean.
11 Zeuk entzun duzu zer egin dieten Asiriako erregeek herrialde guztiei: erabat hondatu. Eta zu libratuko zarelakoan al zaude?
12 Nire aurreko erregeek Gozan, Harran eta Retzef eta Telasarren bizi ziren edendarrak hondatu zituztenean, libratu al zituzten beren jainkoek?
13 Non dira Hamateko, Arpadeko, Lairreko, Sefarbaimgo, Henako eta Ibako erregeak?»
Ezekiasen otoitza
14 Hartu zuen Ezekiasek gutuna mandatarien eskutik eta, irakurri ondoren, Jaunaren etxera joan zen eta, gutuna Jaunaren aurrean zabaldurik,
15 honela egin zion otoitz: «Jauna, Israelen Jainkoa, hegadun izakien arteko tronuan eseria zauden hori, zu zara munduko erreinu guztien Jainko bakarra. Zuk eginak dira zeru-lurrak.
16 Itzul belarria niregana, Jauna, eta entzun. Zabaldu begiak, Jauna, eta ikusi. Entzun nolako irainak zuzendu dizkizun Senakeribek zuri, Jainko bizi horri.
17 Egia da, bai, Jauna, Asiriako erregeek birrindu egin dituztela herriak eta berauen lurraldeak,
18 eta suari eman dizkiotela berauen jainkoak; ez baitziren Jainko, zurezko nahiz harrizko irudi huts baizik, giza eskuek eginak. Horregatik xehatu ahal izan dituzte.
19 Zuk, ordea, Jauna, gure Jainko horrek, salba gaitzazu Senakeriben eskuetatik. Horrela, lurreko erreinu guztiek jakingo dute, Jauna, zu bakarrik zarela Jainkoa».
Isaiasek Ezekiasi Jaunaren erantzuna adierazi
20 Amotzen seme Isaiasek mezu hau bidali zion Ezekiasi: «Hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: Aditu dut Asiriako errege Senakerib dela-eta egin didazun otoitza.
21 Hona hemen zer diodan haren aurka:
«Mesprezio eta barre degizu, Senakerib, Sion neska gazte ederrak; buruaz keinuka ari zaizu atzetik Jerusalem hiri ederra. 22 Nori egin diozu irain eta iseka? Noren aurka jaso duzu ahotsa eta altxatu begiak harro? Nire aurka, Israelen Jainko santuaren aurka! 23 Ni, Jaun hau, iraindu nauzu zeure mezularien bidez. Hau esan duzu: <Neure gudu-gurdien oldarrez mendi-gailurretara igo naiz, Libanoko tontor hurbilgaitzetara. Hango zedrorik tantaienak eta zipresik bikainenak bota ditut. Tontorrik garaienetara eta basarterik itxienetara heldu naiz. 24 Atzerrietan putzuak egin ditut eta bertako ura edan; oinpean zapalduz lehortu egin ditut Egiptoko ubide guztiak>. 25 Baina ez al dakizu, Senakerib, aspalditik neuk prestatua nuela, antzinatik neuk erabakia orain burutzen ari naizen hau? Horregatik bihurtu dituzu hiri-gotorrak zabor-pila. 26 Haietako bizilagunak indarrik gabe, ikaraturik eta buru-makur utzi dituzu, larre-belarra bailiran, hazi baino lehen ihartua. 27 Badakit zure egintzen eta nondik norako guztien berri; badakit noiz zauden amorru bizitan nire kontra. 28 Nire kontra amorruz zaudelako eta zure harrokeria nireganaino iritsi delako, sudurrekoa eta ahokoa ezarriko dizkizut, etorri zaren bidetik itzularazteko».
29 Ondoren, hau esan zion Isaiasek Ezekiasi:
«Hauxe izanen duzu ezaugarri: aurten, alorrean utzitako hazitik sortua jango duzu; datorren urtean bere kasa erneko dena; baina hurrengo urtean, erein ahal izango duzue eta uzta bildu, mahatsondoak landatu eta mahatsa jan. 30 Judako erreinuan bizirik geldituak, lurrean sustraiak botatzen eta adarretan fruituak ematen dituzten zuhaitz izango dira berriro. 31 Izan ere, bakar batzuk bizirik geldituko dira Jerusalemen, onik aterako Sion mendian. Jaunaren maitemin sutsuak egingo du hori!
32 «Hau dio Jaunak Asiriako erregeaz: <Ez da hiri honetan sartuko, ez dio gezirik jaurtikiko, ez ezkutuen babespean erasoko, ez hiria hartzeko betelanik egingo. 33 Etorri den bidetik itzuliko da; ez da sartuko hiri honetan. Hala diot nik, Jaunak. 34 Neuk gerizatuko dut eta salbatuko hiri hau, naizena naizenagatik eta neure zerbitzari Davidengatik> ».
Asiriarrak ihesi
35 Gau hartan bertan, Jaunaren aingeruak ehun eta laurogeita bost mila gizon jo eta hil zituen asiriarren kanpalekuan; denak hilda aurkitu zituzten biharamun goizean, jaiki zirenean.
36 Asiriako errege Senakerib, orduan, guduetxolak jaso eta Ninivera itzuli zen eta bertan gelditu.
37 Egun batez, bere jainko Nisrok-en jauretxean ahozpeztua zegoelarik, Adramelek eta Saretzer bere semeek ezpataz jo eta hil egin zuten; gero, Ararat inguruko lurraldera egin zuten ihes hiltzaileek. Beste seme bat, Asarhadon, izan zen ondorengo erregea.
Ezekiasen gaixoaldia eta sendakuntza
20. atala
[aldatu]1 Egun batez, larriki gaixotu zen Ezekias. Amotzen seme Isaias profetak berarengana joan eta esan zion:
-Hau dio Jaunak: «Konpondu etxeko arazoak, hil egingo zara eta. Ez zara luzaro biziko».
2 Ezekiasek aurpegia paretari eman eta honela egin zion otoitz Jaunari:
3 «Arren, Jauna! Oroit zaitez leial eta zintzo jokatu izan dudala beti zurekin, atsegin zaizuna eginez». Eta negarrari eman zion saminki.
4 Orduan, esan zion Jaunak Isaiasi, hau jauregitik tenplura bitartean zelarik:
5 «Itzul zaitez eta esan ene herriaren buruzagi den Ezekiasi: <Hona zer dioen Jaunak, zure arbaso Daviden Jainkoak: Aditu dut zure eskaria eta ikusi ditut zure malkoak. Sendatu egingo zaitut. Hiru egun barru igo ahal izango zara Jaunaren etxera.
6 Beste hamabost urtez luzatuko dizut bizia. Libratuko zaituztet zu eta Jerusalem Asiriako erregearen eskuetatik eta babestuko dut hiri hau, naizena naizenagatik eta neure zerbitzari Davidengatik> ».
7 Orduan, Ezekiasi pikuz eginiko enplastoa ekartzeko agindu zuen Isaiasek eta, zauriaren gainean ezarri ziotelarik, sendatu egin zen.
8 Ezekiasek galdetu zion Isaiasi:
-Zein izango dut ezaugarria, Jaunak sendatuko nauela eta hiru egunen buruan Jaunaren etxera igo ahal izango naizela jakiteko?
9 Isaiasek erantzun:
-Hona hemen Jaunak emango dizun ezaugarria, agindutakoa beteko duela adierazteko: zer duzu nahiago, itzalak hamar maila gora ala behera egitea?
10 Ezekiasek esan zuen:
-Erraza da itzalak hamar maila behera egitea; ez, ordea, gora egitea.
11 Orduan, Isaias profetak otoitz egin zion Jaunari eta ordurako jaitsiak zituen hamar mailak berriro igoarazi zizkion Jaunak itzalari Akazen mailadian.
Ezekiasek babiloniar mandatariak hartu
12 Aldi hartan, Baladanen seme Merodak-Baladan Babiloniako erregeak, Ezekias gaixorik egona zela jakin zuelarik, gutuna eta erregaloak bidali zizkion.
13 Ezekiasek ongi hartu zituen mandatariak eta bere gordailu guztiak, hango zilar, urre, lurrin eta usain-gozoko olioak, erakutsi zizkien, bai eta bere armategia eta bere altxortegian zituen ondasun guztiak ere. Ez zien deus ere erakutsi gabe utzi, ez bere jauregian, ez erresuma osoan.
14 Orduan, Isaias profetak, Ezekiasengana joan eta galdetu zion:
-Zer esan dizute gizon horiek? Nondik etorri zaizkizu?
Ezekiasek erantzun:
-Urrutitik etorri dira, Babiloniatik.
15 Isaiasek, berriro:
-Zer ikusi dute zure jauregian?
Eta Ezekiasek erantzun:
-Etxean daukadan guztia ikusi dute. Ez diet neure altxortegiko deus ere erakutsi gabe utzi.
16 Isaiasek, orduan, Ezekiasi:
-Entzun Jaunak dioena:
17 «Egunen batean
-eta badator egun hori
-, etxean daukazun guztia, zure aurrekoek gaurdaino bildu duten guztia, Babiloniara eramango dute. Ez da ezer ere geldituko
-dio Jaunak
-.
18 Zuregandik jaio diren, zeuk sortu dituzun seme-alabetariko batzuk ere eraman egingo dituzte, Babiloniako erregearen jauregian zerbitzari izateko».
19 Ezekiasek, orduan, Isaiasi:
-Berri ederrak ekarri dizkidazu Jaunaren partetik.
Izan ere, bere garaian behintzat bakea eta segurtasuna izango zituela pentsatu zuen.
Ezekiasen erregealdiaren bukaera
20 Ezekiasen gainerako jardunak, egintza bizkorrak eta Jerusalemera urak ekartzeko urtegi eta ubideak egin zituela «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.
21 Ezekias hil zenean, haren seme Manases izan zen ondorengo erregea.
Manases, Judako errege
21. atala
[aldatu]1 Hamabi urte zituen Manasesek errege izaten hastean eta berrogeita hamabost urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Heftzi-Ba zuen izena. 2 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen Manasesek, Jaunak israeldarren aurretik bota zituen herrien ohitura higuingarrien arabera jokatuz. 3 Beraren aita Ezekiasek deseginak zituen muinoetako kultu-lekuak berreraiki zituen eta aldareak egin Baalen kulturako. Zutoin sakratua ere egin zuen, Israelgo errege Akabek garai batean bezala eta izar guztiei kultu eman zien, haien aurrean ahozpeztuz. 4 Aldareak ezarri zituen Jaunaren etxean jainko arrotzentzat, tenplu hartaz Jaunak hau esana zuen arren: «Jerusalem dut neure egoitza». 5 Izar guztien omenez aldareak egin zituen Jaunaren etxeko bi atarietan. 6 Bere semea oparitzat eskaini zuen, sutan errez. Sorginkeria eta aztikeriatan ibili zen; jarduteko aukera eman zien hilazti eta igarleei. Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen etengabe, Jauna haserrearaziz. 7 Gainera, Axera jainkosaren irudia ere egin zuen eta tenpluan ezarri, Jaunak tenplu hari buruz Davidi eta beronen seme Salomoni honako hau esana zien arren: «Tenplu hau eta Israelgo leinu guztien artean aukeratu dudan Jerusalem hiri hau izanen ditut betierean neure egoitza. 8 Ez dut Israel bere arbasoei eman nien lurraldetik urrun ibilaraziko, baldin eta agindu diedana eta ene zerbitzari Moisesek eman zien irakaspena osorik betetzen badute». 9 Haiek, aldiz, ez zuten aditu, eta Manasesek eginarazi zien okerra, antzina Jaunak israeldarren aurretik suntsitu zituen herriena baino askoz handiagoa izan zen. 10 Orduan, honela mintzatu zen Jauna bere zerbitzari profeten bidez: 11 «Judako errege Manasesek bere aurretiko amortarrek baino egintza higuingarriagoak egin dituenez eta, sasijainkoak direla-eta, judatarrei bekatu eginarazi dienez, 12 hona zer diodan nik, Jaunak, Israelen Jainko honek: Hondamen izugarria bidaliko dut Jerusalem eta Judaren kontra; entzun dezaten guztiei bi belarriek durundi egingo diete. 13 Samaria eta Akaben etxea neurtu nituen neurriz neurtuko dut Jerusalem ere; marruskatu egingo dut Jerusalem, garbitzeko alde batetik eta bestetik platera marruskatu ohi den bezala. 14 Ene herri Israelen azken zatia dudan Juda ere utzi egingo dut eta etsaien eskuetara emango, berauen harrapakin izan dadin. 15 Niri atsegin ez zaidana egin baitute eta, beraien gurasoak Egiptotik atera zirenetik gaurdaino, haserrearazi baizik ez didate egin». 16 Jaunari atsegin ez zaion bezala jokatzera behartuz Judari eginarazi zion bekatuaz gainera, Manasesek hainbeste lagun errugabe hilarazi zuen, ezen Jerusalem osoa, alderik alde, odolez bete baitzuen. 17 Manasesen gainerako jardunak, egintza guztiak eta egin zuen bekatua «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. 18 Hil zenean, bere etxeko lorategian, «Uzaren lorategia» zeritzan hartan, eman zioten lur Manasesi. Ondorengo erregea haren seme Amon izan zen.
Amon, Judako errege
19 Hogeita bi urte zituen Amonek errege izaten hastean, eta bi urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Mexulemet zuen izena eta Jotbako Harutzen alaba zen.
20 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, bere aita Manasesek bezala,
21 bere aitaren jokabidea hartuz eta bere aitak zerbitzatu zituen idoloak gurtuz.
22 Baztertu egin zuen Jauna, bere arbasoen Jainkoa, eta ez zen Jaunaren bidean ibili.
23 Amonen ofizialek, beraren kontra azpilana eginik, hil egin zuten jauregian bertan.
24 Baina Judako herriak hil egin zituen Amon erregearen aurka jaiki ziren guztiak, eta beraren seme Josias izendatu zuten errege, bere aitaren ordez.
25 Amonen gainerako jardunak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.
26 Bere hilobian, Uzaren lorategian, ehortzi zuten Amon. Ondorengo erregea haren seme Josias izan zen.
Josias, Judako errege
22. atala
[aldatu]1 Zortzi urte zituen Josiasek errege izaten hastean, eta hogeita hamaika urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Jedida zuen izena eta Botzkateko Adaiaren alaba zen. 2 Jaunari atsegin zaiona egin zuen Josiasek, bere arbaso Daviden jokabideari denetan jarraituz, ezertan ere okertu gabe.
Apaiz nagusiak lege-liburua aurkitu
3 Bere erregealdiko hemezortzigarren urtean, Josias erregeak Jaunaren etxera bidali zuen Xafan idazkaria, Atzaliasen seme eta Mexulamen biloba, mandatu honekin:
4
-Zoaz Hilkias apaiz nagusiagana. Zenbatu dezala, herriak Jaunaren etxera eraman eta atezainek bildu duten dirua. 5 Eman diezaietela dirua Jaunaren etxeko lan-arduradunei, hauek tenpluko hondaketak konpontzen ari diren langileei ordaintzeko: 6 zurginei, etxegileei eta igeltseroei. Eros ditzatela diru horrekin tenpluko hondaketak konpontzeko behar diren zura eta harlanduak ere. 7 Ez diezaietela eska lan-arduradunei beren esku utziriko diruaren konturik, zintzo jokatzen baitute.
8 Hilkias apaiz nagusiak esan zion Xafan idazkariari:
-Lege-liburua aurkitu dut Jaunaren etxean.
Eta Hilkiasek Xafani eman zion liburua. Xafanek, irakurri zuelarik, 9 Erregearen aurrera joan eta berriak eman zizkion:
-Bildu dute zure zerbitzariek tenpluan zuten dirua eta eman diete Jaunaren etxeko lan-arduradunei.
10 Gero, Xafan idazkariak aurkikuntzaren berri eman zion erregeari:
-Hilkias apaizak liburu hau eman dit.
Eta Xafanek irakurri egin zuen erregearen aurrean.
Josiasek Hulda profetesari galde
11 Lege-liburuak zioena entzutean, erregeak jantziak urratu eta 12 agindu zien Hilkias apaizari, Xafanen seme Ahikami, Mikeasen seme Akborri, Xafan idazkariari eta erregearen ministrari zen Asaiari:
13
-Zoazte eta kontsulta egin Jaunari, nire izenean eta Judako herri osoaren izenean, aurkitu duten liburu honek dioenaz. Izan ere, haserre bizitan egon behar du Jaunak gurekin, gure arbasoek liburu honetan esaten denari kasurik egin ez ziotelako eta hemen idatzia bete ez zutelako.
14 Orduan, Hulda profetesagana joan ziren Hilkias apaiza, Ahikam, Akbor, Xafan eta Asaia. Profetesa hura Jerusalemgo auzategi berrian bizi zen. Haren senar Xalum, Tikbaren seme eta Harhasen biloba, tenpluko jantzien arduraduna zen. Adierazi zioten arazoa 15 Hulda profetesari, eta honek Jaunaren, Israelen Jainkoaren, mezua jakinarazi zien mandatariei, erregeari esan ziezaioten: 16 «Hau dio Jaunak: <Judako erregearen aurrean irakurri dituzten hitzak betez, hondamena bidaliko dut Jerusalemera eta bertan bizi direnen gainera. 17 Baztertu nautelako, jainko arrotzei intsentsua erre dietelako eta idoloak eginez iraindu nautelako, sutu egin zait haserrea Jerusalemen kontra, eta ez zait itzaliko>. 18 Baina niri galde egitera bidali zaituzten Judako erregeari esan: Hau dio Jainkoak entzun dituzun hitzei buruz: 19 <Entzun duzu nik Jerusalemen eta bertan bizi direnen kontra esan dudana
-hondatu eta madarikatu egingo baitute etsaiek toki hau
-. Horregatik zure bihotza bigundu egin da eta apaldu egin zara nire aitzinean. Hara, bada, nik ere entzun dizut
-dio Jaunak
-. 20 Beraz, Jerusalemera bidaliko dudan hondamen hori ikusi baino lehen zeure gurasoengana bilduko zaitut, eta bakean ehortziko zaituzte zeure hilobian> ».
Hala, mandatariek eraman zioten erregeari erantzuna.
Josiasek eta herriak ituna egin Jainkoarekin
23. atala
[aldatu]1 Orduan, Judako eta Jerusalemgo arduradun guztiak bil zitezen agindu zuen erregeak. 2 Gero, erregea Jaunaren etxera igo zen, Judako eta Jerusalemgo bizilagun guztiak berekin zituela: apaizak, profetak eta jende guztia, txiki nahiz handi. Eta Jaunaren etxean aurkitutako itun-liburuak dioen guztia irakurri zien erregeak. 3 Ondoren, oholtzaren gainean zutik, Jaunarekiko ituna berritu zuen erregeak: jarraituko zioten Jaunari eta beteko zituzten bihotz-bihotzez eta gogo handiz haren agindu, burubide eta arauak; dena beteko zuten, hau da, liburu santu hartan idatzia zegoen guztia. Herri osoak onartu zuen ituna.
Josiasek Judan eginiko eraberrikuntzak
4 Orduan, Baal, Axera eta jainkotzat zituzten izar guztien kulturako eginak zeuden tresna guztiak tenplutik ateratzeko agindu zien erregeak Hilkias apaiz nagusiari, apaiz laguntzaileei eta atezainei. Eta, Jerusalemdik kanpora Zedron haraneko zelaietan erre ondoren, Betelera eramanarazi zituen errautsak.
5 Judako erregeek ezarriak zituzten sasiapaizak Judako hirixka eta Jerusalem inguruetako kultu-lekuetan, toki horietan intsentsua erre zezaten; Josiasek kendu egin zituen halakoak; bai eta Baali, eguzki nahiz ilargiari nahiz izar-multzo eta izar guztiei intsentsua erretzen zietenak ere.
6 Tenpluan zegoen zutoin sakratua Jerusalemdik kanpora aterarazi eta Zedron errekan erre zuen; erabat erraustu eta errautsak jende arruntaren hilobira bota zituen.
7 Tenpluan prostituzio sakraturako erabili ohi ziren gelak ere desegin zituen; gela haietan ehotzen zituzten emakumeek Axera jainkosaren irudiei aterpeak egiteko oihalak.
8 Ondoren, Judako hirixketan, Gebatik Beer-Xebaraino, muinoetako kultu-lekuetan intsentsua erretzen zuten apaizak Jerusalemera etorrarazi zituen, eta kultu-leku haiek profanatu. Jerusalemgo ateetan ziren kultu-lekuak ere desegin zituen, bereziki Joxua gobernariaren atetik hirian sartzean ezkerraldera zegoena.
9 Hala ere, kultu-lekuetako apaiz haiek ezin ziren igo Jaunaren aldarera Jerusalemgo tenpluan; baina jan zezaketen, gainerako apaizekin batera, legamigabeko ogia.
10 Ben-Hinom deritzan haranean zegoen Tofeteko erretegia ere profanatu zuen; horrela, ezin izango zion inork ere suari eman bere seme nahiz alabarik, Molok sasijainkoari eskaintzeko.
11 Era berean, kendu egin zituen Judako erregeek eguzkiaren kulturako ezarriak zituzten zaldi-irudiak; hauek Jaunaren etxeko sarreran zeuden, tenpluari erantsitako aterpe batzuetan, Netan-Melek zeritzan funtzionarioaren gela ondoan. Eta erre egin zituen eguzkiaren kulturako gurdiak.
12 Gainera, Judako erregeek Akazen goi-gelaren gainean eraikiak zituzten aldareak desegin zituen; orobat Jaunaren etxeko bi atarietan Manasesek eraikiak zituenak ere. Bertan hautsi eta Zedron errekara jaurtiki zituen puskak.
13 Jerusalemgo ekialdean eta Oliamendiko hegoaldera zeuden kultu-lekuak ere profanatu zituen Josiasek; kultu-leku haiek Israelgo errege Salomonek eraikiak ziren sidondarren jainkosa zen Astarteren irudi higuingarriari, moabdarren jainko zen Kemoxen irudi nazkagarriari eta amondarren jainko zen Milkomen irudi nardagarriari kultu emateko.
14 Zutarri sakratuak ere hautsi zituen, zutoin sakratuak puskatu eta giza hezurrez bete haiek utzitako zuloak.
Josiasek Israelen eginiko eraberrikuntzak
15 Betelen zegoen kultu-lekuko aldarea ere desegin zuen Josiasek; kultu-leku hau Israel herriari bekatu eginarazteko eraikia zuen Nebaten seme Jeroboamek. Josiasek su eman zion kultu-leku hari eta aldarea hautsi, dena errauts bihurtuz; zutoin sakratua ere erre egin zuen.
16 Itzultzean, mendian barrena zeuden hilobiak begiztatu zituen Josiasek, eta hilobi haietako hezurrak hartu eta aldare gainean erretzeko agindu zuen. Horrela profanatu zuen aldare hura. Hala agindua zuen Jaunak, gauza hauek hots egin zituen profetaren bidez.
17 Hortan, Josiasek galdetu zuen:
-Zer da ikusten ari naizen oroitarri hura?
Hiriko jendeak erantzun:
-Judatik etorri eta zuk Betelgo aldarearen kontra egindakoa iragarri zuen profetaren hilobia da.
18 Orduan, Josiasek agindu zuen:
-Utzi hori; ez ditzala inork ukitu hezur horiek!
Horrela, errespetatu egin zituzten hezur haiek, bai eta Samariatik etorria zen profetarenak ere.
19 Israelgo erregeek eraikiak zituzten muinoetako kultu-lekuak Samariako hirietan ere, Jainkoa haserrearaziz; Josiasek bota egin zituen halako eraikuntza guztiak ere, Betelgoa bezalaxe.
20 Kultu-leku haietako apaizei lepoa moztu zien aldare gainean eta giza hezurrak erre zituen aldare haien gainean.
Ondoren, Jerusalemera itzuli zen.
Judako herriak Pazkoa ospatu
21 Orduan, Josias erregeak agindu zion herri osoari:
-Ospa ezazue Pazko Jaia Jaunaren, zeuen Jainkoaren ohoretan, itun-liburu honetan idatzia dagoen bezala.
22 Epaileek Israel gobernatu zutenez geroztik, eta Israelgo nahiz Judako erregeen aldi osoan, ez zen hura bezalako Pazko Jairik ospatu izan.
23 Josiasen erregealdiko hemezortzigarren urtean ospatu zuen Pazko Jai hura Jerusalemen Jaunaren ohoretan.
Beste zenbait berri Josiasen erregealdiaz
24 Hilkias apaizak Jaunaren etxean aurkitu zuen lege-liburuko aginduak betez, Josiasek desagerrarazi egin zituen Jerusalemdik eta Juda lurralde osotik hilen espirituei dei egiten zieten guztiak eta igarleak; eta etxe-jainkoen irudiak, idoloak eta irudi nazkagarriak hautsi egin zituen.
25 Ez Josiasen aurretik, ez ondotik ez zen izan bere bihotz, gogo eta indar guztiaz Jaunarengana itzuli zen beste erregerik; denetan bete zituen Josiasek Moisesen irakaspenak.
26 Hala ere, Jaunari ez zitzaion baretu Judaren kontra zuen haserre bizia, Manasesek egin zizkion irain izugarriak zirela eta.
27 Esan zuen Jaunak: «Urrundu egingo dut neure aurretik Juda ere, Israel urrundu nuen bezala. Zapuztu egingo ditut aukeratu nuen Jerusalem hiria eta egonlekutzat hartua nuen tenplua».
28 Josiasen gainerako jardunak eta egintzak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.
29 Josiasen egunetan Egiptoko erregea, Neko faraoia, Asiriako erregeari laguntzera joan zen Eufrates ibai ingurura. Josiasek aurre egin zion faraoiari, baina honek, borrokan hasi orduko, hil egin zuen Josias Megidon.
30 Ofizialek Megidotik Jerusalemera gudu-gurdi batean gorpua eraman eta bere hilobian lur eman zioten Josiasi. Orduan, herriko jendeak Josiasen seme Joakaz gantzutu eta izendatu zuen errege, bere aitaren ordez.
Joakaz, Judako errege
31 Hogeita hiru urte zituen Joakazek errege izaten hastean, eta hiru hilabetez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Hamutal zuen izena eta Libnako Jeremiasen alaba zen.
32 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, bere aurrekoek bezala.
33 Neko faraoiak giltzaperatu egin zuen Hamat lurraldeko Ribla hirian, Jerusalemgo errege izatea kenduz. Gero, zerga ezarri zion Judari: hiru mila kilo zilar eta hogeita hamabost kilo urre ordaindu behar zuten.
34 Neko faraoiak Josiasen beste seme bat, Eliakim, ezarri zuen errege bere aitaren ordez; baina izena aldatu zion, Joiakim deituz. Joakaz, berriz, Egiptora eraman zuen eta han hil zen.
35 Joiakimek urre-zilarrak eman behar izan zizkion faraoiari. Honek eskatutako dirutza ordaindu ahal izateko, zergak ezarri zituen herrian; bakoitzak, zegokion heinean, urrea eta zilarra eman behar zituen, Neko faraoiari ordaintzeko.
Joiakim, Judako errege
36 Hogeita bost urte zituen Joiakimek errege izaten hastean, eta hamaika urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Zebida zuen izena eta Rumako Pedaiaren alaba zen.
37 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen Joiakimek ere, bere aurrekoek bezala.
24. atala
[aldatu]1 Joiakimen erregealdian gudu-ateraldi bat egin zuen Babiloniako errege Nabukodonosorrek, eta Joiakim hiru urtez haren menpeko izan zen; gero, hau berriro jaiki zen haren kontra. 2 Orduan, kaldear, aramear, moabdar eta amondar taldeak bidali zituen Jaunak Joiakim erregearen aurka, Juda desegin zezaten. Hala esana baitzuen Jaunak bere zerbitzari profeten bidez. 3 Jaunaren erabakiaz gertatu zitzaion hura Judari, Jaunak bere aurretik urrutiratu egin nahi baitzuen Manasesek egindako bekatuengatik 4 eta, bereziki, errugabeko jendea hilez Jerusalem osoa odolez bete zuelako. Jaunak ez zuen hau guztia barkatu nahi izan. 5 Joiakimen gainerako jardunak eta egintzak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. 6 Joiakim hil zenean, beraren seme Joiakin izan zen errege. 7 Egiptoko erregea ez zen aurrerantzean bere lurraldetik atera; izan ere, lehen, Egiptoko muga-errekatik Eufrates ibairaino, egiptoarren menpe egoniko guztia, orain Babiloniako erregearen menpe zegoen.
Joiakin, Judako errege
8 Hemezortzi urte zituen Joiakinek errege izaten hastean, eta hiru hilabetez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Nehuxta zuen izena eta Jerusalemgo Elnatanen alaba zen.
9 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen Joiakinek, gauza guztietan bere aitak bezalaxe jokatuz.
10 Aldi hartan, Babiloniako errege Nabukodonosorren ofizialek Jerusalemen kontra igo eta setiatu egin zuten.
11 Horretan ari zirela, Babiloniako errege Nabukodonosor bera heldu zen.
12 Orduan, Judako errege Joiakin Babiloniako erregeari menperatu egin zitzaion bere ama, ofizial, buruzagi eta funtzionarioekin batera, eta Babiloniako erregeak preso hartu zuen. Nabukodonosorren erregealdiko zortzigarren urtea zen.
13 Jaunak esana zuenez, Jaunaren etxeko eta jauregiko altxor guztiak eraman zituen Nabukodonosorrek, eta Israelgo errege Salomonek Jaunaren tenplurako egin zituen urrezko tresna guztiak hautsi.
14 Jerusalemgo jende guztia erbestera eraman zuen, buruzagi zein handiki. Guztira hamar mila erbesteratu. Errementari eta sarrailgileak ere eraman zituen. Herriko jende xehea bakarrik utzi zuen.
15 Joiakin erregea ere erbesteratu zuen Jerusalemdik Babiloniara, beraren ama, emazte, funtzionario eta Judako aitoren semeekin batera.
16 Zazpi mila handiki ere eraman zituen Babiloniako erregeak, bai eta mila errementari eta sarrailgile ere, denak gudari izateko gai. Babiloniara eraman zituen denak gatibu.
17 Ondoren, Nabukodonosorrek Joiakinen osaba Matanias izendatu zuen errege. Eta izena aldatu zion, Sedekias deituz.
Sedekias, Judako errege
18 Hogeita bat urte zituen Sedekiasek errege izaten hastean, eta hamaika urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Hamutal zuen izena eta Libnako Jeremiasen alaba zen.
19 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, Joiakimek bezalaxe.
20 Hain zegoen haserre Jauna Jerusalem eta Judaren kontra, ezen bere aurretik urruti bota baitzituen. Babiloniako errege Nabukodonosorren kontra jaiki zen Sedekias.
Jerusalemen hondamena
25. atala
[aldatu]1 Sedekiasen erregealdiko bederatzigarren urtean, hamargarren hilaren hamarrean, Babiloniako errege Nabukodonosor Jerusalemen kontra etorri zen gudaroste osoarekin eta setiatu egin zuen, inguru guztian harresia eraikiz. 2 Sedekias erregearen hamaikagarren urtera arte egon zen setiatua Jerusalem. 3 Urte hartan janaria ahitu zen hirian eta jendearen gosea izugarria zen. Laugarren hilaren bederatzian, 4 zuloa ireki zuten barrukoek harresian eta, gauez, hiriko gudari guztiek ihes egin zuten erregearen lorategi ondoan zegoen bi harresien arteko atetik, babiloniarrek setiaturik zeuden arren. Erregeak Araba aldera alde egin zuen. 5 Babiloniar gudarosteak, ordea, erregearen ondoren joan eta Jerikoko lautadan harrapatu zuen, beronekin ziren gudariak sakabanatu zirelarik. 6 Erregea atzeman ondoren, Riblara eraman zuten, Babiloniako erregearen aurrera. Honek epaia eman zion. 7 Sedekiasen semeei lepoa moztu zieten aitaren aurrean eta bera, begiak lehertarazi ondoren, Babiloniara eraman zuten, katez loturik.
Jaunaren etxea hondatu
8 Babiloniako Nabukodonosorren erregealdiko hemeretzigarren urtean, bosgarren hilaren zazpian, Nebuzaradan Babiloniako erregearen ministraria eta guardaburua etorri zen Jerusalemera.
9 Su eman zien Jaunaren etxeari, jauregiari eta Jerusalemgo etxeei, handikienei batez ere.
10 Eta guardaburuarekin batera zetorren babiloniar gudarosteak Jerusalemgo harresia bota egin zuen.
11 Ondoren, Nebuzaradan guardaburuak erbesteratu egin zituen hirian geldituak ziren bizilagunak, bai eta Babiloniako erregearen alde jarri zirenak eta gainerako jendea ere.
12 Herriko jende xehea baizik ez zuen utzi, alorrak eta mahastiak landu zitzaten.
13 Babiloniarrek zatikatu egin zituzten Jaunaren etxean zeuden brontzezko zutabeak, orgak eta uraska handia, eta Babiloniara eraman zuten brontzea.
14 Kulturako erabili ohi ziren brontzezko tresna guztiak ere hartu zituzten: eltzeak, palak, labanak, katiluak.
15 Guardaburuak, gainera, urre nahiz zilar hutsezko tresnak hartu zituen: intsentsu-ontziak eta ixipu-ontziak.
16 Ezin zen jakin zenbat pisatzen zuen Salomonek Jaunaren etxerako eginak ziren bi zutabeen, uraskaren eta orgen brontzeak.
17 Bi zutabeak berdinak ziren: bederatzina metro zuten gora, gainean metro eta erdiko kapitel bana, brontzezkoak, kapitel bakoitza brontzezko sare eta granadaz inguratua zelarik. Bi zutabeen apaingarriak ere berdinak ziren.
18 Guardaburuak atxilotu egin zituen Seraias apaizburua, Sofonias apaiz laguntzailea eta hiru atezainak.
19 Hirian, berriz, gudarien arduradun zen ofizial bat, erregearen zerbitzura zeuden bost gizon, gudarien izenak hartzen zituen gudari-idazkari bat eta beste hirurogei handiki atxilotu zituen, denak Jerusalemen gertatu baitziren.
20 Nebuzaradan guardaburuak hartu eta Riblara eraman zituen, Babiloniako erregeagana,
21 eta honek bertan hilarazi, Hamat eskualdean.
Honela erbesteratu zuten Judako jendea bere lurraldetik urruti.
Godalias, Judako gobernari
22 Babiloniako errege Nabukodonosorrek utziak zituen jende batzuk Judan; Ahikamen seme eta Xafanen biloba zen Godalias ezarri zien gobernari.
23 Judan gelditu ziren gudalburuak, Babiloniako erregeak Godalias gobernari ezarri zuela jakitean, honengana joan ziren Mitzpara beren gizon guztiekin. Hauek ziren gudalburuak: Netaniasen seme Ismael, Kareahen seme Johanan, Netofako Tanhumeten seme Seraias, eta Jaazanias, maakarra.
24 Godaliasek zin-hitz hau egin zien haiei eta haien gizonei: «Ez izan babiloniarrak zerbitzatzeko beldur. Gelditu herrialdean. Izan Babiloniako erregearen menpeko eta ongi joango zaizue».
25 Zazpigarren hilean, ordea, Netaniasen seme eta Elixamaren biloba Ismael, errege-jatorrikoa bera, Mitzpara joan zen hamar gizonekin eta hil egin zuen bertan Godalias, bai eta honekin ziren judatarrak eta babiloniarrak ere.
26 Orduan, jende guztia, txiki eta handi, eta gudalburuak Egiptora joan ziren ihesi, babiloniarren beldurrez.
Babiloniako erregeak Joiakini barkatu
27 Judako errege Joiakin, hogeita zazpi urtez gatibu egon ondoren, Ebil-Merodakek askatu egin zuen giltzapetik, Babiloniako errege egin zen urte berean, hamabigarren hilaren hogeita zazpian.
28 Onez hartu zuen Ebil-Merodakek Joiakin erregea eta Babilonian berekin zituen beste erregeak baino gorago jarri zuen.
29 Presondegiko jantziak erantzi eta, aurrerantzean, erregearen mahaian jan zuen beti, bere bizitza guztian.
30 Eguneroko janaria, beraz, erregeak eman zion bere bizitza guztian.