Edukira joan

Biblia/2 Kronikak

Wikitekatik
Biblia
2 Kronikak
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

1. atala

[aldatu]

1 Daviden seme Salomonek sendotu egin zuen bere erregetza. Berekin zuen Jauna, bere Jainkoa, eta Jainkoak goreneraino jaso zuen.

2 Salomonek dei egin zien israeldar guztiei, milako eta ehuneko gudari-taldeen buruzagiei, epaileei eta Israelen arduradun ziren familiaburu guztiei. 3 Eta batzarturiko guztiekin Gabaongo kultu-lekura joan zen, han baitzegoen Jainkoarekin elkartzeko etxola, Jaunaren zerbitzari Moisesek basamortuan egina. 4 Davidek Kiriat-Jearimdik Jerusalemen prestatua zuen tokira eraman zuen Jainkoaren kutxa; han zuen eraikia oihal-etxola kutxarentzat. 5 Baina bazen Gabaonen, Jaunaren egoitza aurrean, Uriren seme eta Hurren biloba Betzalelek egindako brontzezko aldare bat, eta bertan egin zioten kontsulta Jaunari Salomonek eta biltzar osoak. 6 Salomonek Elkarketa Etxolaren ondoan zegoen aldarera igo eta mila erre-opari eskaini zituen Jaunaren aurrean.

7 Gau hartan Jauna agertu zitzaion Salomoni eta esan zion:

-Eskatu nahi duzuna; emango dizut.

8 Salomonek erantzun zion Jainkoari:

-Onginahi handia izan zenuen gure aita Davidentzat, eta ni errege egin nauzu, haren ondoren. 9 Orain, bete ezazu, Jainko Jaun horrek, gure aita Davidi eman zenion hitza, zuk egin bainauzu lurreko hautsa baino ugariago den herri honen errege. 10 Emazkidazu, otoi, jakinduria eta adimena, herri hau egoki gobernatzeko. Bestela, nork goberna lezake hain handia den zure herri hau?

11 Jainkoak Salomoni:

-Hori nahi duzu, beraz. Ez didazu eskatu aberastasunik, ez ondasunik, ez osperik, ez zeure etsaien heriotzarik, ez eta zeuretzat bizitza luzerik. Nire herria gobernatzeko jakinduria eta adimena eskatu dizkidazu, beraren errege egin zaitudanez. 12 Hara, emango dizkizut, bada, jakinduria eta adimena eta, gainera, zure aurretik ezein erregek izan ez dituen eta zure ondoren ere izango ez dituen adinako aberastasunak, ondasunak eta ospea emango dizkizut.

13 Salomon Gabaongo kultu-lekutik, Elkarketa Etxolaren aurretik, Jerusalemera itzuli zen eta Israelgo errege izaten hasi.

Salomonen agintea eta aberastasunak


14 Salomonek, mila eta laurehun gudu-gurdi eta hamabi mila zaldi bildurik, hirietako gudari-tokietara eraman zituen, bai eta bere ondora ere, Jerusalemera. 15 Salomon erregeak zilarra eta urrea harriak bezain ugari bildu zituen Jerusalemerako, eta zedroak ere bai, Xefela itsas hegian hazten diren basapikuak bezain kopurutsu. 16 Salomonen zaldiak jatorriz Mutzri eta Kue-koak ziren; Kuen erosi ohi zituzten erregearen merkatariek. 17 Egiptotik ekarritako gudu-gurdi batek zilarrezko seiehun txanpon balio zuen eta zaldi batek ehun eta berrogeita hamar. Salomonen merkatariek hititen eta aramearren errege guztientzat ekarri ohi zituzten halakoak.

Salomonek tenplua eraikitzea erabaki


18 Jaunarentzat tenplua eta beretzat jauregia eraikitzea erabaki zuen Salomonek.


2. atala

[aldatu]

1 Horretarako, hirurogeita hamar mila zamaketari bildu zituen eta laurogei mila hargin mendian, hiru mila eta seiehun lan-arduradunen menpean.

2 Orduan, mezu hau igorri zion Salomonek Tiroko errege Hurami: «Zedro-zura bidali zenion gure aita Davidi, bere jauregia eraikitzeko. 3 Nik Jaunari, ene Jainkoari, tenplua eraiki nahi diot eta berari sagaratu. Han intsentsua eta usain-gozoak erreko ditugu Jaunaren aurrean, berari eskainitako ogiak jarriko ditugu etengabe eta egunero, goiz eta arratsalde; eta larunbatetan, ilberri-jaietan eta Jaunaren, gure Jainkoaren, jai nagusietan erre-opariak eskainiko ditugu. Hala eginen da betierean Israelen. 4 Eraikiko dudan tenpluak handia izan behar du, gure Jainkoa beste jainko guztiak baino handiagoa delako. 5 Egia esan, ba ote da Jainkoarentzat adinako tenplua eraiki dezakeenik, zeruek beraiek, hain handiak izanik ere, edukiezin dutelarik? Nor naiz, baina, ni Jainkoari tenplua eraikitzeko, beraren aurrean intsentsua erretzeko bakarrik bada ere?

6 «Hala ere, bidal iezadazu, urrea, zilarra, brontzea eta burdina lantzen eta ehuna gorriz, gorriminez eta morez tindatzen iaioa den gizonen bat, eta zizelkatzen dakiena. Judan eta Jerusalemen ditudan artisauekin batera jardungo du, hots, gure aita Davidek prestatu zituen haiekin batera. 7 Bidal iezadazu Libanoko zedro, zipres eta bestelako zur bikaina ere; badakit zure langileak trebeak direla zuhaitzak botatzen. Nire mutilek zureei lagunduko diete, 8 zura ugari presta dezaten. Eraiki nahi dudan tenpluak handia eta bikaina izan behar du. 9 Basoa botako duten mutilei sei mila tonelada gari xehetu, beste horrenbeste garagar, zortziehun mila litro ardo eta beste horrenbeste olio emango diet».

10 Tiroko errege Huramek idatzi hau bidaliz erantzun zion Salomoni: «Bere herria maite duelako egin zaitu Jaunak bere errege». 11 Eta honela jarraitzen zuen Huramek: «Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa. Berak egin zituen zeru-lurrak eta berak eman zion Davidi seme jakintsua, zuhurtziaz eta adimenez jantzia. Honek eraikiko ditu tenplua Jaunarentzat eta jauregia beretzat. 12 Gizon iaio eta aditua igortzen dizut: Huram-Abi, 13 Danen leinuko emakume baten eta Tiroko gizon baten semea. Badaki urrea, zilarra, brontzea, burdina, harribitxiak eta zura lantzen; bai eta ehuna purpura gorriz eta morez nahiz gorriminez tindatzen, bai eta lihoa ehotzen ere. Badaki zizelkatzen, bai eta emango diozuen beste edozein egitasmo burutzen ere. Zure artisauekin eta zuen aita David ene jaunaren artisauekin batera eginen du lan. 14 Bidali, beraz, ene jauna, zeure zerbitzarioi garia eta garagarra, olioa eta ardoa, zeuk esan bezala. 15 Zuk behar adina zur prestatuko dugu Libanoko oihanetan eta, almadiatan loturik, itsasoz bidaliko dizugu Jafaraino; gero, zeuk jasoko duzu Jerusalemeraino».

16 Zenbatu zituen Salomonek Israelen bizi ziren arrotzak, bere aita Davidek egina zuen erroldaz baliatuz. Ehun eta berrogeita hamahiru mila eta seiehun ziren. 17 Haietarik hirurogeita hamar mila zamaketari izendatu zituen, laurogei mila hargin mendian eta hiru mila eta seiehun lan-arduradun, jendeari lan eragiteko.

Tenpluaren eraikuntza


3. atala

[aldatu]

1 Jerusalemen, Moria mendian, hasi zen Salomon Jaunaren tenplua eraikitzen, Davidek prestatua zuen tokian, Ornan jebustarraren larrainean, han agertu baitzitzaion Jauna Salomonen aita Davidi. 2 Bere erregetzako laugarren urteko bigarren hilabetean hasi zuen eraikuntza.

3 Hona hemen Jainkoaren tenplua eraikitzeko Salomonek erabaki zituen neurriak: hogeita hamar metro luze eta hamar metro zabal. 4 Tenpluko sala handiaren aurreko atalondoa hamar metro zabal zen -tenpluaren zabalera bera-, eta hirurogei metro gora. Barrua urre garbiz jantzi zuen. 5 Sala handia zipres-zurez estali zuen eta gainetik urre garbiz jantzi; gero palmondo eta lore-xorta-irudiz apaindu zuen, 6 bai eta harribitxiz ere. Urrea Parbaimdik ekarria zen. 7 Sala guztia urrez jantzi zuen: habeak, ateburuak, hormak eta ateak. Hormetan hegadun izakiak zizelkatu zituen.

8 Gero, toki santu-santua egin zuen; hamar metro zen luze eta hamar metro zabal -tenpluaren zabalera bera-. Toki hura janzteko hogei tonelada urre baino gehiago erabili zuen. 9 Iltzeak ere urrezkoak ziren; bakoitzak kilo erdia pisatzen zuen. Goiko gelak ere urrez estali zituen.

10 Toki santu-santurako metalezko hegadun izaki bi egin zituen eta urrez jantzi. 11-13 Hegadun izaki haiek, hegoak zabalik, hamar metro ziren luze. Bataren kanpoaldeko hegoak alde bateko horma ukitzen zuen eta bestearenak bestaldekoa; erdialdeko bi hegoek, berriz, elkar ukitzen zuten. Hego bakoitza bi metro eta erdikoa zen. Hegadun izaki haiek zutik zeuden, sarrerara begira. 14 Kortina ere egin zuen, lihozkoa, more, gorri eta gorriminez tindatua eta bertan hegadun izakiak bordatu zituen.

15 Tenpluaren aurrealderako hamazazpi eta erdina metroko bi zutabe egin zituen; bakoitzak gainean bi metro eta erdiko kapitel bana zuen. 16 Kate-xortak ere egin zituen eta zutabeen goialdean ezarri; gero, ehun granada-fruitu egin zituen kate-xortetan ezartzeko. 17 Bi zutabe haiek tenpluaren aurrealdean ezarri zituen ezker-eskuin; eskuinekoari «Jakin» deitu zion, eta ezkerrekoari «Boaz».

Tenpluko tresnak


4. atala

[aldatu]

1 Brontzezko aldarea ere eginarazi zuen Salomonek; hamar metro zen luze-zabal eta bost metro gora. 2 Ondoren, brontzea urtu eta «Itsaso» deitu zuen uraska biribila eginarazi zuen; bost metroko diametroa zuen, bi metro eta erdiko sakona eta hamabost metroko ingurua. 3 Ertzaren azpialdean, inguru guztian, zezen-irudiak zituen, hogei zezen metro bakoitzeko, bi lerrotan jarriak, uraska egin zeneko urtzealdi berean eginak. 4 Hamabi zezenen gainean zegoen uraska; hiru zezen iparraldera begira zeuden, beste hiru mendebaldera, beste hiru hegoaldera eta beste hiru ekialdera; atzeak barnealdera zituzten. 5 Uraskaren lodiera esku-arra betekoa zen. Ezpainak lili-kaliza bezalakoak ziren. Ehun eta hogei mila litro hartzen zuen uraskak.

6 Hamar ur-ontzi eginarazi zituen eta uraskaren ezker-eskuin ezarri, bost alde batean eta bost bestean; haietan garbitu ohi zuten erre-oparietarako guztia. Brontzezko uraska handia, berriz, apaizen garbikuntzetarako izaten zen.

7 Urrezko hamar argimutil ere egin zituen, agindutako ereduaren arabera, tenpluko sala handian ezartzeko, bost eskuinaldean eta beste bostak ezkerraldean. 8 Hamar mahai egin zituen eta sala handian ipini, bost eskuinaldean eta bost ezkerraldean. Urrezko ehun ixipu-ontzi ere egin zituen. 9 Apaizen ataria eta beste atari handiagoa egin zituen, bere ate eta guzti; ateak brontzez jantzi zituen. 10 Brontzezko uraska handia tenpluaren eskuinaldean hego-ekialdera ezarri zuen. 11 Azkenik, pertzak, hauts-palak eta ixipu-ontziak egin zituen Huramek. Honela bukatu zituen Jainkoaren etxerako Salomonek agindu zizkion lanak.

Huramek tenplurako eginiko lanen zerrenda


Hona hemen lan horien zerrenda: 12 bi zutabe, zutabe horien buruetan zeuden kapiteletarako bola bana, zutabe-buruetako kapiteletan zeuden bola haiek apaintzeko sare bana, 13 laurehun granada-fruitu, bi sareetan ezartzeko, bina lerro sare bakoitzean, zutabe-buruetan zeuden kapiteletako bi bolak apaintzeko; 14 orgak eta hauetan ur-ontziak; 15 «Itsaso» zeritzan uraska -bat bakarra-, eta beroni eusteko hamabi zezen; 16 pertzak, hauts-palak eta sardexkak eta berauen tresneria.

Huram-Abik, Salomon erregearen aginduz, Jaunaren etxerako egin zituen tresna hauek guztiak brontze leunduzkoak ziren denak. 17 Jordango lautadan urtuarazi zuen erregeak brontze hura, lurra buztintsua zen tokian, Sukot eta Tzeredata artean. 18 Hain ugari eginarazi zituen Salomonek tresna haiek, ezen ezin baitzen jakin zenbat pisatzen zuen brontze-multzo hark.

19 Era berean, Jaunaren etxerako behar ziren beste gauza guztiak ere eginarazi zituen Salomonek: aldarea urrezkoa; eskainiriko ogiak jartzeko mahaiak; 20 santutegiaren aurrean, agindua dagoen bezala, argi egin behar zuten argimutilak beren kriseiluekin, urre garbizkoak; 21 loreak, kriseiluak eta su-hatzak, urre garbizkoak; 22 labanak, ixipu-ontziak, zaliak eta intsentsu-ontziak: urre garbizkoak hauek ere. Tenpluko ateak ere, nahiz toki santu-santurakoak nahiz sala handirakoak, urrezkoak ziren.


5. atala

[aldatu]

1 Salomonek, Jaunaren etxea eraikitzeko lan hauek guztiak bukatzean, beraren aita Davidek sagaratuak ziren zilarrezko eta urrezko gauza eta ontzi guztiak bertara eraman eta Jainkoaren etxeko altxortegian gorde zituen.

Itun-kutxa tenplura eraman


2 Orduan, Salomonek Jerusalemen bildu zituen Israelgo herri-arduradun guztiak, leinuburuak eta israeldar senitarteburuak. Jaunaren itun-kutxa igoarazi nahi zuen Daviden Hiritik, hau da, Siondik. 3 Israeldarrak zazpigarren hileko jaiegunean bildu ziren erregearen inguruan. 4 Israelgo herri-arduradun guztiak heldu zirenean, lebitarrek kutxa hartu eta 5 tenpluraino igo zuten, Elkarketa Etxola eta bertako gauza sakratu guztiekin. Apaiz lebitarrek eraman zuten. 6 Salomon erregeak eta beronekin kutxaren aitzinean bildua zegoen israeldar batzar osoak zenbatezin ahalako ardi- eta idi-multzo handia eskaini zuten oparitan. 7 Apaizek bere tokian ezarri zuten Jaunaren itun-kutxa, tenpluko santutegian, hau da, toki santu-santuan, hegadun izakien hegalpean. 8 Izan ere, kutxa zegoen tokiaren gainera zabalduak zituzten hegadun izaki haiek beren hegoak, kutxa eta beronen hagak gainetik estaliz. 9 Haga hauek luzeak zirenez, muturrak atera egiten ziren kutxatik, eta santutegi aurretik ere ikus zitezkeen, baina kanpotik ez. Han dago kutxa gaurdaino. 10 Kutxan ez zegoen Horeb mendian Moisesek bertan ipini zituen bi harlosak besterik, Egiptotik irten ondoren Jaunak israeldarrekin eginiko itunaren harlosak besterik ez, alegia.

11 Atera ziren apaizak santutegitik. Eginak zituzten denek garbikuntzak, bakoitzaren mailari begiratu gabe. 12 Asaf, Henan eta Jedutun lebitar kantariak, beren seme eta senideekin, liho finez jantziak, aldarearen ekialdean zeuden zutik, txilinak, harpak eta zitarak eskuetan. Haien ondoan ehun eta hogei apaiz zeuden turutak joz. 13 Turuta-joleak eta kantariak batera ari ziren Jauna goresten eta ospatzen. Turuta, txilin eta gainerako musika-tresnen laguntzaz, «Goretsi Jauna, ona baita, haren maitasuna betikoa baita» oihuka kantatzen ari zirenean, lainoak bete zuen tenplua, Jaunaren etxea. 14 Apaizak ezin izan ziren zutik egon beren eginkizuna betetzen, laino hura zela-eta. Izan ere, Jaunaren aintzak bete zuen Jainkoaren etxea.


6. atala

[aldatu]

1 Orduan, Salomonek esan zuen:

«Jauna, ilunpean biziko zinela esan zenuen. 2 Baina nik etxe bikaina eraiki dizut, betiereko zeure bizileku».

Salomonen hitzaldia


3 Israeldarren biltzar osoa zutik zegoen. Erregeak, haiengana itzulirik, biltzarra bedeinkatu zuen, 4 esanez: «Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa, bete baitu gure aita Davidi hitz emandako hura: 5 <Nire herri Israel Egiptotik atera nuen egunetik ez dut Israelgo leinu guztien artean inongo hiririk hautatu, nire egoitza izango zen etxea egin ziezadaten. Eta ez nuen ene herri Israelen buruzagi izango zen gizonik ere aukeratu. 6 Orain, ordea, Jerusalem hautatu dut neure bizileku eta David neure herri Israelen buruzagi>.

7 «Gure aita Davidek izan zuen Jaunarentzat, Israelen Jainkoarentzat, tenplua eraikitzeko asmoa. 8 Jaunak, ordea, esan zion gure aita Davidi: <Asmo ona izan duzu zeure bihotzean, niretzat etxea eraikitzekoa. 9 Alabaina, ez didazu zuk eraikiko etxea, zure erraietatik sorturiko semeak baizik>. 10 Horra, bada: bete du Jaunak emaniko hitza. Ni egin naiz errege gure aita Daviden ondoren, eta Israelgo errege-aulkian jarri, Jaunak esan bezala. Nik eraiki diot etxea Jaunari, Israelen Jainkoari, 11 eta bertan ezarri dut Jaunak israeldarrekin eginiko itunaren agiria daukan kutxa».

Salomonen otoitza


12 Salomonek, Jaunaren aldare aurrean zutik, israeldarren biltzar osoaren aitzinean, eskuak zerurantz luzatu zituen. 13 Eginarazia zuen brontzezko idulki bat eta atari erdian ezarria. Bi metro eta erdi luze zen, bi metro eta erdi zabal eta metro eta erdi gora. Idulkiaren gainera igorik, belaunikatu zen israeldarren batzar osoaren aitzinean eta, besoak zerurantz luzaturik, 14 otoitz hau egin zuen:

«Jauna, Israelen Jainkoa, ez da zu bezalako jainkorik, ez zeruan, ez lurrean. Betetzen duzu ituna eta onbera zara zure aurrean bihotz zintzoz dabiltzan zure mirabeentzat. 15 Bete duzu zeure zerbitzari Davidi, gure aitari, hitz eman zeniona; zeure ahoz hitz emana zeure eskuz bete duzu, gaur ikus dezakegunez. 16 Beraz, Jauna, Israelen Jainkoa, bete zeure zerbitzari Davidi, gure aitari, hitz eman zenion beste hau ere: <Ez zaizu faltako nire laguntzaz Israelgo errege-aulkian eseriko den ondorengorik, baldin eta zure ondorengoak nire legearen arabera ibiltzen badira, zu nire aurrean ibili zaren bezala>. 17 Beraz, Jauna, Israelen Jainkoa, bete zeure zerbitzari Davidi eman zenion hitza.

18 «Baina egia ote, Jainkoa lurrean biziko dela gizon-emakumeekin? Zeru eta ortziaren zabalak ezin zaitu eduki, eta nik eraiki dizudan tenplu honek eduki ote zaitzake, bada? 19 Hala ere, Jauna, ene Jainkoa, adi ezazu zeure zerbitzari honen otoitza eta eskaria; entzun, gaur zure aurrean egiten dudan oihua eta erregua. 20 Begira etxe honi gau eta egun, zure bizilekua hau izanen dela esan baituzu. Entzun, zure zerbitzariak toki honetarantz begira eginiko otoitza. 21 Entzun, arren, zure zerbitzari honek eta zure herri Israelek toki honetarantz begira zuzenduriko eskaria. Entzun, bizi zaren toki horretatik, zerutik; entzun eta barkatu.

22 «Baten batek bere lagun hurkoari kalte egin eta honek madarikaziopean zin egitera behartuko balu eta tenplu honetako zure aldarera etorriko balitz, 23 entzun zuk zerutik eta erabaki bien arteko auzia: gaitzetsi erruduna, jokabide okerra berari egotziz; agertu zein den zuzena, beraren jokabide zuzenaren arabera hartuz.

24 «Zure herri Israelek, zure aurka bekatu egiteagatik, etsairen batek menperatu, baina, damuturik eta zu goraipatuz, tenplu honetan zure aurrean otoitz eta eskari egiten badizu, 25 entzuiozu zerutik, barkatu zeure herri Israelen bekatua, eta itzularazi herria berari eta beraren arbasoei eman zenien lurraldera.

26 «Herriak zure kontra bekatu egin duelako ortzia itxi eta euririk egin ez dezanean, toki honetarantz begira otoitz egin eta zure izena goresten badu eta zuk emaniko zigorrarengatik bere bekatuaz damutzen bada, 27 entzuiozu zerutik. Barkatu zeure zerbitzarien eta zeure herri Israelen bekatua, erakutsi egin behar duen bide zuzena eta isuri euria ondare eman zenion lurrera.

28 «Lurralde honetan gosea edota izurritea izatean, gorrinak nahiz herdoilak, larrapoteak nahiz harrak jotzean, etsaiak hiriren batzuei erasotzean, edonolako ezbehar nahiz gaitzalditan, 29 norbaitek nahiz Israel zure herri osoak, bere okerraz eta atsekabeaz oharturik, tenplu honetarantz eskuak luzatuz, edozein otoitz nahiz eskari egiten badizu, 30 entzuiozu zerutik, bizi zaren toki horretatik, eta barkatu. Egizu nork bere jokaeraren ordaina har dezan, ongi baitakizu halakoaren barruaren berri; jakin ere, zuk bakarrik dakizu gizon-emakume guztien barruaren berri. 31 Horrela, begirune izanen dizute eta zure bideetan ibiliko dira, gure gurasoei eman zenien lurraldean biziko diren bitartean.

32 «Eta urrutiko lurraldetik, zure izen handiaren eta zure egintza ahaltsuen berri aditurik, zure herri Israelgoa ez den arrotzen bat tenplu honetara otoitz egitera etortzen bada, 33 entzuiozu zerutik, bizi zaren toki horretatik, eta egiozu atzerritar horri eskatuko dizun guztia. Horrela, herri guztiek jakingo dute zure izenaren berri eta begirune izanen dizute, zeure herri Israelek bezala. Eta, gainera, jakingo dute, nik eraiki dizudan tenplu honetan egiten zaiola dei zure izenari.

34 «Zure herriak, zuk agindutako bidetik etsaia borrokatzera joatean, zuk aukeratu duzun hiri honetarantz eta nik eraiki dizudan tenplu honetarantz begira otoitz egiten badizu, 35 entzuiozu zerutik bere otoitza eta eskaria, eta emaiozu garaipena.

36 «Zure kontra bekatu egitean -ez baita inor bekatu egiten ez duenik-, zuk, haien kontra haserreturik, etsaien esku utziko dituzu, eta menperatzaileen urrutiko nahiz hurbileko lurralderen batera eramango dituzte. 37 Orduan, eramango dituzten lurralde horretan, beren baitan hausnartuz, zuregana itzuli eta menperatzaileen lurraldean otoitz egingo dizute, esanez: <Bekatu egin dugu, gaiztakeria egin dugu, errudun gara!> 38 Horrela, etsaiek atzerriratuko dituzten lurralde horretan, beren bihotz osoz eta gogo guztiz zuregana itzuli eta beren gurasoei eman zenien lurralderantz begira, zuk hautatu duzun hirirantz eta nik eraiki dizudan tenplurantz begira, otoitz egiten badizute, 39 entzuiezu zerutik, bizi zaren toki horretatik, beren otoitza eta eskaria, eta egiezu zuzenbide. Barkatu zeure herriari zure kontra egin duen bekatua.

40 «Ene Jainko, begira onez eta entzun arretaz toki honetan eginiko otoitza.

41 «Jaiki zaitez, beraz, Jainko Jauna, zatoz zeure egoitza honetara zeure kutxarekin, hortik agertzen baituzu zeure ahalmena. Jainko Jauna, eraman bezate zure apaizek salbamena beren jantziak daramatzaten bezala; ager bezate zure zintzoek poza eta zoriona. 42 Jainko Jauna, ez zapuztu zeuk gantzutua; oroitu zeure zerbitzari Davidi izaniko onginahiaz».

Jaunari sakrifizioak eskaini


7. atala

[aldatu]

1 Salomonek otoitza bukatzean, zerutik jaitsitako suak kiskali egin zituen erre-opariak eta eskaintzak, eta Jaunaren aintzak bete zuen tenplua. 2 Apaizak ezin ziren Jaunaren etxean sartu, Jaunaren aintzak betetzen baitzuen tenplua. 3 Israeldar guztiek, sua jaitsi eta Jaunaren aintzak tenplua betetzen zuela ikustean, lurreraino makurturik, Jauna adoratu eta goretsi zuten, esanez: «Ona baita, haren maitasuna betikoa baita».

4 Erregeak, herri osoarekin, sakrifizioak eskaini zizkion Jaunari. 5 Hogeita bi mila idi eta ehun eta hogei mila ardi eskaini zituen Salomon erregeak. Horrela sagaratu zioten tenplua Jainkoari erregeak eta herri osoak. 6 Apaizak beren tokian zutik zeudelarik, lebitarrek, David erregeak Jauna goresteko egin zituen musika-tresnak eskuetan, Davidek berak asmaturiko kantua abesten zuten: «Haren maitasuna betikoa baita». Haien aurrez aurre, beste apaiz batzuek turutak jotzen zituzten. Israeldarrak zutik zeuden.

7 Salomonek Jaunaren etxe aurreko atariaren erdigunea sagaratu egin zuen, erre-opariak eta bake-oparietako gantzak bertan eskaintzeko. Izan ere, Salomonek eginiko brontzezko aldarea txikiegi gertatu zen hainbeste erre-opari, labore-opari eta gantz hartzeko.

8 Orduan, Salomonek, Israel osoarekin batera, Etxola Jaia ospatu zuen zazpi egunez. Jendetza handia batzartu zen, Hamateko sarreratik hasi eta Egiptoko errekara bitarteko lurralde guztietatik etorria. 9 Aldarea sagaratzeko jaia zazpi egunez egin ondoren, zortzigarrenean biltzar nagusia egin zuten; jaiak zazpi egun iraun zuen. 10 Ondoren, zazpigarren hilaren hogeita hiruan, Salomonek etxera bidali zuen jendea; hau, alai eta bihotza bozkarioz beterik joan zen, Davidi, Salomoni eta bere herri Israeli Jaunak egin zien onarengatik.

Jauna berriro agertu Salomoni


11 Salomonek Jaunaren etxea eta jauregia eta haietan egin nahi izan zuen guztia bukatu zituenean, 12 Jaunak gauez agertu eta esan zion: «Entzun dut zure otoitza, eta toki hau hautatu dut opariak bertan eskain diezazkidaten. 13 Nik ortzia itxi eta euririk ez egitean, larrapoteei lurralde hau irensteko agintzean edota nire herriari izurritea bidaltzean, 14 niretzat sagaratua den herriak apal-apal otoitz egiten badit, bere bide okerrak utzirik niregana jotzen badu, entzungo diot zerutik, barkatuko dizkiot bekatuak eta indarberrituko lurraldea. 15 Aurrerantzean onez ikusiko eta entzungo dut toki honetan eginiko otoitza. 16 Izan ere, tenplu hau hautatu eta sagaratu dut, betierean nire bizileku izan dadin. Hemen izanen ditut beti neure begi-bihotzak.

17 «Eta zu nire aurrean zuen aita David bezala, nik agindu dizudan guztiaren arabera, nire lege eta erabakiak betez, ibiltzen bazara, 18 iraunaraziko dut zure erregetza. Honako hau hitz eman bainion zuen aita Davidi: <Beti izanen duzu zeure ondorengoetako bat Israel gobernatzeko>.

19 «Baina urruntzen bazarete, nik emandako lege eta aginduak betetzen ez badituzue, beste jainko batzuk zerbitzatzera jo eta haien aurrean ahozpezten bazarete, 20 bota egingo zaituztet eman nizuen lurraldetik. Zapuztu egingo dut neuretzat sagaratu dudan etxe hau, eta koplak atera eta barre egingo diote herri guztiek. 21 Eta hain bikaina den tenplu honen aurretik igaroko diren guztiek, harriturik, esango dute: <Zergatik egin ote die hau Jaunak lurralde honi eta tenplu honi?> 22 Eta erantzungo diete: <Egiptotik atera zituen Jauna, beren gurasoen Jainkoa, utzi eta jainko arrotzengana jo dutelako, haien aurrean ahozpeztuz eta haiei kultua emanez. Horregatik ekarri die Jaunak honelako zoritxarra> ».

Salomonen beste zenbait lan



8. atala

[aldatu]

1 Hogei urte behar izan zituen Salomonek Jaunaren etxea eta bere jauregia eraikitzeko. 2 Gero, Huram erregeak emandako hiriak berreraiki zituen, israeldarrak beraietan bizi zitezen.

3 Ondoren, Hamat-Tzoba hiriari eraso eta hartaz jabetu zen. 4 Basamortuan Tadmor hiria eta Hamat lurraldean ere hiriak eraiki zituen, janari-biltegi izateko. 5 Bet-Horon Goikoa eta Bet-Horon Azpikoa ere berreraiki zituen; hiri gotortuak izan ziren hauek, harresi, ate, morroilo eta guzti. 6 Orobat, Baalat eta beronenak ziren biltegi-herrixkak berreraiki zituen, bai eta gudu-gurdi eta zaldiak gordetzekoak ere. Nahi izan zuen guztia eraiki zuen Salomonek, nola Jerusalemen hala Libanon eta bere menpeko lurralde osoan.

7 Israeldar ez ziren hitita, amortar, periztar, hibiar eta jebustarren artetik bizirik gelditu zirenak, 8 hau da, israeldarrek suntsituezinik herrialde hartan gelditu zirenen ondorengoak, lan egitera behartu zituen Salomonek, gaurdaino. 9 Israeldarren artetik, ordea, ez zuen inor esklabo izatera behartu; baizik eta bere gudari, ofizial eta gurditeriaren eta zalditeriaren arduradun egin zituen. 10 Salomonek antolatu zituen lanen arduradun-buruak, berriz, berrehun eta berrogeita hamar ziren; hauek gainbegiratzen zituzten langileak.

11 Salomonek, bere emazteetarik bat, faraoiaren alaba, Daviden Hiritik berarentzat eraikitako jauregira igoarazi zuen, bere baitan esanez: «Nire emazte honek ez du zilegi Israelgo errege Daviden jauregian bizitzea, santuak baitira Jaunaren kutxa egon deneko tokiak».

12 Salomonek erre-opariak eskaintzen zituen Jaunarentzat, atalondo aurrean eraikia zuen aldarean. 13 Moisesek aginduaren arabera, egunero eskaintzen zituen erre-opariak, bai eta larunbatetan, ilberri-jaietan eta urteko jai nagusietan ere: Legamigabeko Ogien Jaian, Zazpi Asteen Jaian eta Etxola Jaian. 14 Bere aita Daviden aginduari jarraituz, Salomonek apaiz-taldeei beren eginkizunak ezarri zizkien; lebitarrei, Jaunaren gorespenak kantatu eta apaizei eguneroko kultuan laguntzekoa. Atezain-taldeei tenpluko ateak zaintzeko eginkizuna eman zien, Davidek, Jainkoaren gizonak, agindu bezala. 15 David erregeak apaizei eta lebitarrei buruz emaniko agindu guztiak bete zituzten denek, bai eta altxorrei buruzkoak ere.

16 Horrela burutu zuen Salomonek bere asmoa, lehen harria ezarri zutenetik Jaunaren etxea bukatu arte. Erabat burutua zen, beraz, tenplua.

17 Ondoren, Etzion-Geber eta Elatera joan zen Salomon. Hiri hauek Itsaso Gorriaren ertzean daude, Edom lurraldean. 18 Tiroko errege Huramek, funtzionario batzuen bidez, itsasontziak eta itsasgizon trebeak bidali zizkion Salomoni, eta haiek, Salomonen zerbitzariekin batera, Ofir-era joan eta hamabost tonelada inguru urre ekarri zioten Salomon erregeari.

Sabako erregina Salomon ikustera


9. atala

[aldatu]

1 Salomonek nolako izena zuen aditurik, Sabako erregina etorri zitzaion, asmakariak ipiniz probatzera. Lagun-talde handia berekin zuela, usaingarriz, urre ugariz eta harribitxiz zamaturiko gameluak zekartzala heldu zen Jerusalemera. Salomonengana joanik, buruan zituen arazo guztiez mintzatu zitzaion. 2 Salomonek denei eman zien erantzuna; ez zen izan erregeak erantzunezineko galdera ilunik. 3 Ikusi zuen Sabako erreginak Salomonen jakinduria nolakoa zen, nolakoa hark eraikitako jauregia, 4 nolako janariak zeuden haren mahaian, nolako biziera dotorea zeramaten haren funtzionarioek, zeinen lirain eta ongi jantziak zeuden haren mahai-zerbitzariak eta edari-emaileak, bai eta nolako erre-opariak eskaini ohi zituen Jaunaren etxean ere, eta harri eta zur gelditu zen. 5 Eta esan zion erregeari: «Egia zen, bai, neure herrian zure egintzez eta jakinduriaz aditua nuena. 6 Ez nuen sinesten, harik eta neu etorri eta neure begiz ikusi dudan arte. Alafede! Erdia ere ez zidaten esan zure jakinduriaren handiaz! Aditua nuena baino askoz handiagoa da zure ospea. 7 Dohatsua zure jendea, dohatsuak zure jakinduria entzunez beti zure aurrean dauden zerbitzariak! 8 Bedeinkatua Jauna, zure Jainkoa, bere errege-aulkian ezarri nahi izan baitzaitu bera zerbitza dezazun! Betierean iraunaraziko du zure Jainkoak Israel, maite duelako, eta zu egin zaitu errege, zuzenbidez eta zuzentasunez goberna dezazun».

9 Gero, Sabako erreginak lau mila kilo urre baino gehiago eta, gainera, egundoko usaingarri- eta harribitxi-multzo handia eman zion erregeari. Ez zen behin ere izan Sabako erreginak Salomon erregeari eman ziona bezalako usaingarririk.

10 Bestalde, Huram erregearen itsasgizonek, Salomonekin batera, Ofirko urreaz gainera, zur bikaina eta harribitxiak ere ekarri zituzten. 11 Erregeak sandalo-zurez Jaunaren etxea eta bere jauregia jantzi eta kantarientzat zitarak eta harpak egin zituen. Ordurarte ez zen ikusi halakorik Juda lurraldean.

12 Salomon erregeak ere Sabako erreginak nahi izan eta eskatu zion guztia eman zion, Sabakoak Salomoni erregalatua ziona baino gehiago. Ondoren, erregina bere herrialdera itzuli zen bere zerbitzariekin.

Salomonen aberastasunak


13 Urte oroz Salomoni hogeita bi mila kilo inguru urre etorri ohi zitzaion, 14 eta hori, bidaiariek eta merkatariek, Arabiako errege guztiek eta Israel lurraldeko gobernariek ordaintzen zizkioten urre-zilarrak zenbatu gabe.

15 Salomon erregeak berrehun babeski handi egin zituen urre garbiz, babeski bakoitza egiteko ia zazpi kilo urre behar izan zelarik. 16 Beste hirurehun babeski txiki ere egin zituen urre garbiz, babeski bakoitza egiteko hiru kilo eta erdi urre behar izan zelarik. Eta «Libanoko Oihana» zeritzan jauregian ipini zituen. 17 Marfilezko errege-aulki bikain bat ere eginarazi zuen erregeak, eta urre hutsez jantzi. 18 Sei maila zituen errege-aulkiak eta, berari atxikiak, oinaulkia eta jarlekuaren alde banatan, besoak. Besoen ondoan bi lehoi zeuden zutik, 19 eta beste hamabi lehoi sei mailen alde banatan. Ez zen inongo erresumatan sekula halakorik egin. 20 Salomon erregearen edalontziak oro urrezkoak ziren, eta «Libanoko Oihana» zeritzan jauregiko ontzi guztiak ere urre hutsezkoak. Zilarra ez zuten aintzakotzat hartzen Salomonen garaian. 21 Izan ere, bazituen erregeak, Huram erregearen itsasontziekin batera, Tarsisera joan ohi ziren merkataritza-ontziak; hiru urtez behin, ur handietako merkataritza-ontzi haiek urrez, zilarrez, marfilez, tximinoz eta indioilarrez beteak itzuli ohi ziren.

22 Salomon erregea lurreko beste errege guztiak baino aberatsago eta jakintsuago izan zen. 23 Denek nahi zuten Salomon ikusi, Jainkoak eman zion jakinduriaren berri izateko. 24 Etortzen zirenek nork bere eskuerakutsia ekarri ohi zion: zilarrezko nahiz urrezko gauzak, janzkiak, armak, usainkiak, zaldiak, mandoak. Eta horrelaxe urte oroz.

25 Salomonek lau mila zalditegi zituen, gudu-gurdiak eta zaldiak gordetzeko, bai eta hamabi mila zaldun ere; hirietako gudari-tokietan eta bere ondoan, Jerusalemen, bildu zituen. 26 Eufrates ibaitik filistearren lurralderaino eta Egiptoko mugetaraino errege guztiak menpeko zituen. 27 Salomon erregeak zilarra harriak bezain ugari bildu zuen Jerusalemerako, eta zedroak ere Xefela itsas hegian hazten diren basapikuak bezainbat. 28 Egiptotik eta herrialde guztietatik ekartzen zituen Salomonek zaldiak.

29 Salomonen gainerako jardunak, lehenengotik azkenera, liburuotan daude idatziak: «Natan Profetaren Kronika», «Xiloko Ahiasen Profezia» eta Nebaten seme Jeroboami buruz «Ido Ikusleak Izaniko Ikuskariak» izeneko liburuetan. 30 Berrogei urtez izan zen Salomon Israel osoko errege Jerusalemen. 31 Hil zenean, beraren aita Daviden Hirian ehortzi zuten. Ondorengo erregea haren seme Roboam izan zen.



10. atala

[aldatu]

1 Roboam Sikemera joan zen, Sikemen batzartua baitzegoen Israel osoa, hura errege izendatzeko. 2 Nebaten seme Jeroboam Egipton zen, Salomon erregeagandik ihesi joana. Sikemgoa jakin zuenean, etorri egin zen Egiptotik.

3 Dei egin zioten Jeroboami, eta, israeldar guztiekin, Roboamengana joan zen, esatera:

4 -Zuen aitak uztarri astuna ezarri zigun. Arindu, bada, zuen aitak ezarri zigun morrontza gogorra eta uztarri astuna, eta zerbitzari izanen gaituzu.

5 Roboamek erantzun zien:

-Zatozkidate berriro hiru egun barru.

Eta herriak alde egin zuen.

6 Roboam erregeak, beraren aita Salomon bizi zelarik, haren zerbitzari izaniko kontseilariei galdetu zien:

-Zer aholkatzen didazue? Zer erantzun behar diot herriari?

7 Kontseilariek erantzun zioten:

-Onez hartu, amore eman eta hitz onez erantzuten badiezu, zerbitzari izanen dituzu beti.

8 Roboamek, ordea, ez zuen aintzat hartu kontseilarien aholkua; baizik eta berarekin batera hazi eta bere zerbitzura zituen gazteei galdegin zien:

9 -Zer aholkatzen didazue? Zer erantzun behar diot gure aitak ezarri zion uztarria arintzeko eskatu didan herriari?

10 Erregearen kideko ziren gazteek erantzun zioten:

-Hona zer erantzun behar diozun zure aitak ezarri zion uztarria arintzeko eskatu dizun herri horri: «Nire atzamar txikia lodiagoa da gure aitaren gerria baino. 11 Gure aitak uztarri astuna ezarri zizuela? Astunagoa ezarriko dizuet nik! Gure aitak larruzko zartailuz zigorkatzen zintuztela? Burdinazko muturdunez zigorkatuko zaituztet nik!»

12 Hiru egunen buruan etorri ziren Jeroboam eta herri osoa Roboamengana, itzultzeko esana zien egunean. 13 Roboam erregeak oso zakar erantzun zien, kontseilariek emana zioten aholkua aintzat hartu gabe 14 eta gazteek emanaren arabera: «Gure aitak uztarri astuna ezarri zizuela? Astunagoa ezarriko dizuet nik! Gure aitak larruzko zartailuz zigorkatzen zintuztela? Burdinazko muturdunez zigorkatuko zaituztet nik!»

15 Erregeak, beraz, ez zion entzun herriari. Eta horretaz baliatu zen Jainkoa, Xiloko Ahias profetaren bidez Jaunak Nebaten seme Jeroboami esana betetzeko.

Erreinua erdibitua


16 Israel herriak, erregeak kasurik ere ez ziola egiten oharturik, ihardetsi zion:

«Ez dugu deus ere nahi Davidekin! Ez dugu parterik nahi Jeseren semearekin! Zeuen etxoletara, israeldarrok! Zaindu zeuk zeure etxea, David!»


Horrela, bada, israeldarrak beren etxoletara joan ziren. 17 Hala ere, Judako hirietan bizi ziren israeldarrek Roboam izan zuten errege.

18 Lanera behartutakoen arduradun zen Adoram bidali zuen Roboamek, baina israeldar guztiek harrika eman eta hil egin zuten. Orduan, Roboam erregea bere gudu-gurdira bizkor igo eta Jerusalemera joan zen ihesi. 19 Honela banandu zen Israel Daviden errege-etxetik gaurdaino.


11. atala

[aldatu]

1 Jerusalemera heltzean, Juda eta Benjaminen leinuetako jende guztia bildu zuen Roboamek: aukerako ehun eta laurogei mila gizon, gudurako gai. Israeldarren aurka borrokatzeko asmoa zuten eta erreinua Roboamentzat berreskuratzekoa. 2 Jaunak, ordea, honela hitz egin zion Jainkoaren gizon zen Xemaiasi: 3 «Esaiezu Salomonen seme eta Judako errege Roboami eta Juda nahiz Benjaminen lurraldean bizi diren israeldar guztiei: 4 <Hau dio Jaunak: Ez joan zeuen senide dituzuen israeldarren kontra borrokatzera. Itzul bedi nor bere etxera, nire erabakiz gertatu baita gertatu dena> ».

Jaunaren hitza aditu eta bertan behera utzi zuten Jeroboamen kontra borrokatzeko asmoa.

Roboamek zenbait hiri gotortu


5 Roboamek, Jerusalemen kokatu zenean, Judako zenbait hiri gotortu egin zuen. 6 Hona hemen gotortu zituen hiriak: Belen, Etam, Tekoa, 7 Bet-Tzur, Soko, Adulam, 8 Gat, Marexa, Zif, 9 Adoraim, Lakix, Azeka, 10 Tzora, Aialon eta Hebron. Hiri gotortu hauek Juda eta Benjamimen lurraldeetan zeuden.

11 Gotorlekuak sendotu ondoren, arduradunak ezarri zituen bertan, eta janariz, olioz eta ardoz hornitu zituen, 12 bai eta babeski eta lantzaz ere, hiri bakoitza erabat gotortua utziz. Judako eta Benjamingo jendea bere menpe zuen Roboamek.

Iparraldeko apaiz eta lebitarrak Juda erreinuan babestu


13 Iparraldeko Israel erreinu osotik apaizak eta lebitarrak, beren lurraldeak utzirik, Roboamen aldera igaro ziren. 14 Lebitarrak, beren larre eta lurrak utzirik, Juda eta Jerusalemera etorri ziren, Jeroboamek eta beronen semeek galarazi egin baitzieten Jaunarekiko apaiz-eginkizuna betetzea. 15 Izan ere, Jeroboamek, bere kabuz, beste apaiz batzuk ezarri zituen muinoetako kultu-lekuetan, berak eginiko aker nahiz zekor-irudiei kultu eman ziezaieten. 16 Eta lebitarren ondoren, Jauna, Israelen Jainkoa, benetan gurtu nahi zuten guztiak ere Jerusalemera etorri ziren Israelgo leinu guztietatik, Jaunari, beren arbasoen Jainkoari, opariak eskaintzera. 17 Horrela, Juda erreinua indartu zuten eta Salomonen seme Roboami eusten lagundu. Hala izan zen hiru urtez, Daviden eta Salomonen bidean ibili baitziren hiru urte haietan.

Roboamen senitartea


18 Roboamek Mahalat hartu zuen emazte; Jerimoten alaba zen, Daviden eta Abihailen semearen alaba. Abihailen aita, Jeseren seme Eliab izan zen. 19 Mahalatek hiru seme ekarri zizkion: Jeux, Xemarias eta Zaham. 20 Gerora, Absalomen alaba Maaka ere hartu zuen emazte, eta honek Abias, Atai, Ziza eta Xelomit ekarri zizkion. 21 Absalomen alaba Maaka izan zuen Roboamek maiteena bere emazte eta ohaide guztien artean. Orotara hemezortzi emazte, hirurogei ohaide, hogeita zortzi seme eta hirurogei alaba izan zituen.

22 Maakaren seme Abias ezarri zuen Roboamek anaien buru, bere ondorengo errege egin nahi baitzuen. 23 Zentzu onez, sakabanatu egin zituen Roboamek bere seme guztiak Juda eta Benjaminen lurraldeetako gotorlekuetan barrena, janari ugari emanez eta emakume asko eskuratuz.

Egiptoko errege Xixak Juda erreinuaz jabetu


12. atala

[aldatu]

1 Roboamek, bere erregetza sendotu eta indartzean, utzi egin zuen Jaunaren legea, eta israeldar guztiek ere horixe bera egin zuten. 2 Jaunarentzat leial izan ez zirelako, Roboamen erregealdiaren bosgarren urtean, Egiptoko errege Xixak Jerusalemi erasotzera etorri zen 3 Egiptotik, mila eta berrehun gudu-gurdi, hirurogei mila zaldizko eta zenbatezin ahalako libiar, sukiar eta etiopiarrez osoturiko gudari-multzoarekin. 4 Judako hiri gotortuez jabetu ondoren, Jerusalemeraino heldu zen.

5 Xixak hurbiltzean, Roboam eta Judako buruzagiak Jerusalemen bilduak zeuden. Xemaias profetak joan eta esan zien:

-Hau dio Jaunak: «Zuek utzi egin nauzue; ba, nik ere utzi egiten zaituztet Xixaken esku».

6 Israelgo buruzagiek eta erregeak, apaldurik, aitortu zuten:

-Arrazoia du Jaunak.

7 Apalik beren errua aitortu zutela ikustean, esan zion Jaunak Xemaiasi: «Apaldu direlako, ez ditut hondatuko. Laster askatuko ditut, eta ez naiz Xixakez baliatuko Jerusalemi neure haserrea agertzeko. 8 Hala ere, Xixaken menpeko izanen dira eta horrela ikusiko dute nolako aldea dagoen ni zerbitzatzearen eta lur honetako erregeak zerbitzatzearen artean».

9 Egiptoko errege Xixak, beraz, Jerusalem hiriari eraso eta Jaunaren etxeko eta jauregiko altxorrez jabetu zen. Dena harrapatu zuen, bai eta Salomonek eginiko urrezko babeskiak ere. 10 Eta hauen ordez, Roboam erregeak brontzezko babeskiak egin eta jauregiko sarrera zaintzen zuen taldearen buru zirenei utzi zizkien. 11 Erregea Jaunaren etxera joaten zen aldi bakoitzeko, zaintzaile-taldeak babeskiak hartu ohi zituen eta gero, berriro, zaintzaile-gelara ekartzen.

12 Roboamek apalik bere errua aitortu zuelako, Jaunari baretu egin zitzaion haren kontrako haserrea eta ez zuen zeharo hondatu, gauza onik ere bai baitzen Judan.

Roboamen erregealdiaren bukaera


13 Roboamek sendotu egin zuen bere erregetza Jerusalemen eta errege izaten jarraitu zuen. Berrogeita bat urte zituen errege izaten hastean, eta hamazazpi urtez izan zen errege Jerusalemen, Jaunak Israelgo leinu guztien artetik bere egoitza jartzeko hautatu zuen hirian. Roboamen amak Naama zuen izena eta amondarra zen. 14 Gaizki jokatu zuen Roboamek, ez baitzen saiatu Jaunaren nahia bihotzez betetzen.

15 Roboamen jardunak, lehenengotik azkenekora, eta haren jatorria liburuotan daude idatziak: «Xemaias Profetaren Kronika» eta «Ido Ikuslearen Kronika» izeneko liburuetan. Roboam eta Jeroboamen artean etengabeko borroka izan zen.

16 Hil zenean, Daviden Hirian ehortzi zuten Roboam. Ondorengo erregea beraren seme Abias izan zen.

Judako errege Abiasreta Israelgo errege Jeroboamen arteko gerra


13. atala

[aldatu]

1 Jeroboamen erregealdiko hemezortzigarren urtean hasi zen Abias Judako errege izaten. 2 Hiru urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Mikaia zuen izena, eta Gibako Urielen alaba zen.

Gerran ziren elkarren kontra Abias eta Jeroboam. 3 Abias laurehun mila gudari aukeratu eta adoretsurekin abiatu zen borrokara; Jeroboamek, berriz, zortziehun mila gudari ausartekin egin zion aurre.

4 Orduan, Efraimgo mendialdean dagoen Tzemaraim gailurrera igo eta honela egin zien oihu Abiasek Jeroboami eta Israel erreinuko gudariei: «Entzudazue! 5 Ez al zarete oroitzen Jaunak, Israelen Jainkoak, aldaezineko ituna egin zuela, Davidi eta beronen ondorengoei Israelgo erregetza betiko emanez. 6 Jeroboam, ordea, Daviden seme Salomonen zerbitzari zen Nebaten semea, bere nagusiaren aurka errebelatu da. 7 Jende alfer eta maltzur-gaiztoa elkartu zitzaion, eta menpean hartu zuten Salomonen seme Roboam; gaztea eta izakera ahulekoa baitzen hau halakoei aurre egiteko. 8 Eta orain zuek aurre egin nahi diozue, Jaunak Daviden ondorengoen esku utzi zuen erregetzari, gudaroste handia zaretelako eta Jeroboamek jainkotzat egin zizkizuen urrezko zekorrak zeuekin dituzuelako! 9 Bota egin dituzue Jaunaren egiazko apaizak, Aaronen ondorengoak, bai eta lebitarrak ere, eta, herri arrotzek bezala, zeuen apaizak izendatu. Norbait apaiz izan nahian, bere abere-taldeko zekor bat eta zazpi ahari dakartzala etortzen bazaizue, berehala egiten duzue gezurrezko jainko horien apaiz. 10 Guk, aldiz, Jauna dugu geure Jainkoa, eta ez dugu baztertu. Jaunaren zerbitzura ditugun apaizak Aaronen ondorengoak dira, eta kultua betetzen duten lebitarrak. 11 Goizero eta arratsaldero erre-opariak eskaintzen dituzte eta intsentsua erretzen Jaunarentzat; eskainiriko ogiak mahai sakratuan jartzen dituzte, eta arratsaldero pizten urrezko argimutila eta beronen kriseiluak. Betetzen ditugu guk Jaunaren, geure Jainkoaren, oharrak; zuek, ordea, baztertu egin duzue Jauna. 12 Begira, Jainkoa dugu geure buruzagi, eta geurekin ditugu haren apaizak, bai eta turuta ozenak ere zuen kontra jotzeko. Israeldarrok, ez borrokatu Jaunaren, zeuen arbasoen Jainkoaren kontra, ez baituzue garaipenik izango».

13 Bitartean, Jeroboamek gudari-talde bat bidali zuen, itzulingurua eginez, Judakoak atzetik harrapa zitzan. Judakoak inguratuak gertatu ziren, israeldar gudarostea aurretik eta gudari-talde hura atzetik zituztela. 14 Borroka aurretik eta atzetik zutela ohartzean, deiadar egin zioten Judakoek Jaunari. Apaizek turutak jo zituzten, 15 eta Judako gizonek gudu-deiadarra bota. Deiadarra bota orduko, Jainkoak lur joarazi zien Jeroboami eta Israel osoari, Abiasen eta Judaren aurrean. 16 Israeldarrak ihesi abiatu ziren Judakoen aurretik, baina Jainkoak hauen esku utzi zituen. 17 Abiasek eta beronen gudarosteak izugarrizko sarraskia egin zuten israeldarren artean: bostehun mila gudari aukerako erori ziren hilik. 18 Egun hartan israeldarrak apal-apal gelditu ziren; Judakoak, berriz, garaile, Jauna, beren arbasoen Jainkoa, izan zutelako eusle. 19 Abiasek, Jeroboamen atzetik joan eta zenbait hiri kendu zizkion: Betel, Jexana, Efron eta hauen inguruak.

20 Jeroboam indargabeturik gelditu zen, Abias bizi izan zen artean. Azkenik, Jaunak jo eta hil egin zen Jeroboam; 21 Abias, berriz, indartu. Hamalau emazte izan zituen honek, hogeita bi seme eta hamasei alaba.

22 Abiasen gainerako jardunak, ibilerak eta egintzak «Ido Profetaren Azalpenak» izeneko liburuan daude idatziak. 23 Hil zenean, Daviden Hirian ehortzi zuten Abias. Ondorengo erregea haren seme Asa izan zen.

Asaren erregealdiaren hasiera


Asaren erregealdian hamar urtez bakea izan zen lurralde hartan.


14. atala

[aldatu]

1 Asak Jaunaren, bere Jainkoaren, begietan on eta zuzen dena egin zuen. 2 Sasikultuetako aldareak eta muinoetako kultu-lekuak kendu zituen, zutarri sakratuak hautsi eta zutoin sakratuak ebaki. 3 Jaunarengana, beren arbasoen Jainkoarengana, jotzera eta haren irakaspenak eta aginduak betetzera eragin zien Judakoei. 4 Era berean, Judako hiri guztietan ziren kultu-lekuak eta intsentsua erretzeko aldareak kendu egin zituen. Haren erregealdia baketsua izan zen. 5 Lurralde hartan lasaitasuna izan zen, urte haietan ez baitzen haren kontra inolako gerrarik izan, Jaunak bakea eman zionez. Horretaz baliaturik, gotortu egin zuen Judako zenbait hiri. 6 Erregeak esan zion Judako jendeari: «Jaunarengana, geure Jainkoarengana, jo dugunez, berak bakea eman digu alde guztietatik. Lurralde hau geure esku dugun bitartean, gotor ditzagun hiri hauek, harresiz, dorrez, atez eta morroiloz hornituz».

Eta halaxe, ongi burutu zituzten eraikin guztiak.

7 Judako hirurehun mila gizonek, babeski handiz eta lantzaz armaturik, eta Benjamingo berrehun eta laurogei mila gizonek, babeski txikiz eta arkuz armaturik, osotzen zuten Asaren gudarostea. Denak gudari ausartak ziren.

Etiopiarren erasoa


8 Behinola, Zerah etiopiarra Asaren kontra abiatu zen, milioi bat gudari eta hirurehun gudu-gurdirekin, eta Marexaraino heldu zen. 9 Hari aurre egitera atera zen Asa, eta Tzefata haranean, Marexatik hurbil, jarri ziren gudurako lerrotan. 10 Dei egin zion Asak Jaunari, bere Jainkoari, esanez: «Jauna, zuk bakarrik lagun diezaiokezu ahulari indartsuaren aurrean. Lagun iezaguzu, beraz, gure Jainko Jaun horrek, zu baitzaitugu eusle bakarra, eta zure izenean etorri gara gudaroste izugarri horri aurre egitera. Jauna, zu zaitugu geure Jainkoa. Ez bekizu gizona nagusi».

11 Orduan, Jaunak hondatu egin zituen etiopiarrak Asaren eta Judakoen aitzinean, eta etiopiarrek ihes egin zuten. 12 Asak eta beronen gudarosteak aurrean eraman zituzten Gerar-eraino. Ez zen bizirik bat ere gelditu; denak erori ziren eta hondatu Jaunaren eta beronen gudarostearen aurrean. Asaren gizonek harrapakin asko eskuratu zuten. 13 Gerar inguruko herrixkei ere eraso zieten, haietako jendea arrunt izutua baitzegoen Jaunaren beldurrez, eta harrapakin ugari eskuratu zuten, bai baitzegoen herrixka haietan zer harrapaturik. 14 Abere-bordetan ere sartu ziren, ardi eta gamelu ugari lapurtuz. Ondoren, Jerusalemera itzuli ziren.

Asak kultua berriztatu


15. atala

[aldatu]

1 Odeden seme Azariasek, Jainkoaren espirituaren eraginez, 2 Asa erregeagana joan eta esan zion: «Entzudazue, Asa eta Judako eta Benjamingo jendeok. Zuek Jaunarekin bat eginik bazaudete, bera ere zeuekin izango duzue. Beraren bila ibiltzen bazarete, aurkitu ahal izango duzue. Baztertzen baduzue, berak ere baztertu egingo zaituzte.

3 «Luzaro egon ziren israeldarrak egiazko Jainkoa gabe, irakatsiko zieten apaizik gabe eta legerik gabe. 4 Baina beren larrialdian Jaunarengana, Israelen Jainkoarengana, jo eta beraren bila ibili zirenean, aurkitu ahal izan zuten. 5 Aldi hartan ez zen bake segururik batetik bestera ibiltzeko, lurralde haietako jende artean nahasmendu handiak baitziren. 6 Nazioek eta hiriek elkar hondatzen zuten, Jainkoak era guztietako ezbeharrez jo zituelako. 7 Zuek, aldiz, izan sendo, ez ahuldu, zuen ahaleginak izango baitu saria».

8 Oded profetaren hitzok entzutean, suspertu egin zen Asa, eta Juda eta Benjaminen lurraldeetan eta Efraimgo mendialdean eskuratutako herrixketan zeuden idolo higuingarriak suntsitu egin zituen, eta tenpluko atalondo aurrean zegoen aldarea berriztatu.

9 Asak biltzarrera deitu zituen Juda eta Benjamingo bizilagunak; bai eta Efraim, Manases eta Simeonen lurraldeetatik etorriak zirenak ere. Izan ere, Israelgo jende asko Asaren erreinura igaroa zen, Jauna, Asaren Jainkoa, berarekin zela ikustean. 10 Asaren erregealdiko hamabosgarren urteko hirugarren hilabetean egin zen Jerusalemgo biltzar hura. 11 Egun hartan, etsaiei kendutako harrapakinetarik, zazpiehun idi eta zazpi mila ardi eskaini zizkioten Jaunari. 12 Jaunarengana, beren arbasoen Jainkoarengana, bihotz-bihotzez eta gogo guztiz joko zutela hitz eman zuten, 13 eta norbaitek, txiki nahiz handi, gizaseme nahiz emakume, Jaunarengana, Israelen Jainkoarengana, jotzen ez bazuen, hil egingo zutela. 14 Eta zin egin zioten Jaunari, ozenki eta oihuka, turutak eta adarrak joz. 15 Judako jende guztia pozik zegoen zin eginarengatik, bihotz-bihotzez egin baitzuten. Eta Jaunaren bila gogo osoz ibili zirenez, aurkitu ahal izan zuten eta hark bakea eman zien alde guztietatik.

16 Asa erregeak kendu egin zion bere ama Maakari ama-erreginari zegokion duintasuna, Axera jainkosaren omenez irudi higuingarria egina zuelako. Asak irudi higuingarri hura hautsi, xehe-xehe egin eta Zedron errekan erre zuen. 17 Baina kultu-lekuak ez ziren desagertu Israelen; hala ere, Asak zintzo jokatu zuen bere bizitza osoan. 18 Jainkoaren etxera eraman zituen bere aitak eta berak eginiko eskaintzak: zilarra, urrea eta ontziak.

19 Ez zen aurrerantzean gerrarik izan Asaren erregealdiko hogeita hamabosgarren urtera arte.

Israelgo errege Baxaren kontrako gerra


16. atala

[aldatu]

1 Judako Asaren erregealdiko hogeita hamaseigarren urtean, Israelgo errege Baxa Judaren kontra borrokatzera abiatu zen. Rama hiria gotortu egin zuen, Asaren joan-etorriak eragozteko. 2 Orduan, Asak Jaunaren etxeko eta bere jauregiko altxortegietan zeuden urre-zilarrak hartu eta Damaskon bizi zen Siriako errege Ben-Hadadi bidali zizkion, esanez: 3 «Egin dezagun ituna bion artean, zuen aitak eta gure aitak beren artean egin zuten bezala. Hona, zilarra eta urrea igortzen dizkizut. Hauts ezazu Israelgo errege Baxarekin egina duzun ituna; horrela, utzi egin beharko dio nire aurkako borrokari».

4 Onartu zuen Ben-Hadadek Asa erregeak esana, eta bere gudarosteko ofizialak Israelgo hiriei erasotzera bidali zituen; Iion, Dan, Abel-Maim eta Neftali eskualdeko biltegi ziren hiri guztiak hondatu zituzten. 5 Hau jakin zuenean, Baxa erregeak Rama gotortzeari utzi eta eten egin zituen lanak. 6 Orduan, Asak Judako bizilagun guztiei dei egin eta Rama gotortzeko Baxak erabili zituen harri eta oholak eraman egin zituen, Geba eta Mitzpa gotortzeko.

Asa erregea eta Hanani profeta


7 Aldi hartan, Hanani profeta Judako errege Asarengana joan eta honela mintzatu zitzaion: «Zergatik hartu duzu lagun Siriako erregea, Jauna, zeure Jainkoa, hartu beharrean? Horregatik egin dizu eskutik ihes Siriako erregearen gudarosteak. 8 Etiopiar eta libiar gudarostea ere izugarria zen, beren gudu-gurdi eta zalditeria handiarekin, eta Jaunak, bera hartu zenuelako lagun, eskuetara eman zizkizun. 9 Izan ere, Jaunak lur osoa arakatzen du bere begiz, zintzo direnak adoretzeko. Oraingo honetan, ordea, burugabe jokatu duzu; horregatik, aurrerantzean gerrak izango dira zure aurka».

10 Asa haserretu egin zen profetarekin eta giltzapean sarrarazi zuen, hain sumindua baitzegoen harekin. Asak herriko beste zenbait ere zigortu zuen aldi hartan.

Asaren erregealdiaren bukaera


11 Asaren egintzak, lehenengotik azkenekora, «Juda eta Israelgo Erregeen Liburuan» daude idatziak.

12 Bere erregealdiko hogeita hemeretzigarren urtean oinetan zuen gaitz handi batez gaixotua zegoen Asa; baina gaixoaldian ere ez zuen Jaunarengana jo, sendagileengana baizik. 13 Bere erregealdiko berrogeita batgarren urtean hil zen, eta 14 Daviden Hirian beretzat eginarazia zuen hilobian ehortzi zuten. Lurrin eta usain gozoak nahasiz eginiko ukenduz betetako etzalekuan ezarri ondoren, su handia egin zuten haren ohorez.

Josafat, Judako errege


17. atala

[aldatu]

1 Asaren ondorengo erregea beraren seme Josafat izan zen. Josafat sendotu egin zen Israelen kontra. 2 Gudari-taldeak ezarri zituen Judako hiri-gotor guztietan eta gobernariak Judako lurraldean; orobat, bere aita Asak Efraimgo lurraldean eskuratuak zituen hirietan. 3 Bere alde izan zuen Jauna Josafatek, bere arbaso Daviden lehenengo jokaera bera izan zuelako, Baalen idoloetara jo gabe.

4 Bere aitaren Jainkoarengana jo zuen eta beronen aginduak bete. Ez zuen jokatu iparraldeko israeldarren antzera. 5 Jaunak sendotu egin zion erregetza. Judako jende guztiak eskuerakutsiak egiten zizkion Josafati; horregatik, oso aberats eta ospetsu bilakatu zen. 6 Bere gogorik handiena Jaunaren bideetan aurrera egitea izan zuenez, Judako kultu-lekuak eta zutoin sakratuak desagerrarazi zituen.

7 Bere erregealdiko hirugarren urtean, Ben-Hail, Obadias, Zakarias, Netanel eta Mikeas funtzionarioak bidali zituen, Judako herri guztietan irakastera. 8 Haiekin batera Xemaias, Netanias, Zebadias, Asahel, Xemiramot, Jonatan, Adonias, Tobias eta Tob-Adonias lebitarrak eta Elixama eta Joram apaizak ere bidali zituen. 9 Jaunaren lege-liburua berekin harturik, herriz herri ibili ziren Judako lurraldean herriari irakasten.

Josafaten indar militarra


10 Jaunak beldurra sartu zien Judaren inguruetako erresuma guztiei, eta ez zuten gerrarik egin Josafaten aurka. 11 Gainera, filistear batzuek eskuerakutsiak eta zergatzat zilarra ekartzen zizkioten Josafati; arabiarrek, berriz, abereak ematen zizkioten: zazpi mila eta zazpiehun ahari eta beste horrenbeste aker.

12 Josafat gero eta indartsuago egiten ari zen. Gotorlekuak eta janari-biltegi izateko hiriak eraiki zituen Judan. 13 Ondasun ugari zuen Judako hirietan eta gudari ausartak Jerusalemen, 14 senitarteka banatuak. Hona hemen Judako gudarien buruzagi nagusiak: gudalburua Adna, hirurehun mila gudari ausart bere menpe zituela; 15 honen menpean Johanan, berrehun eta laurogei mila gudariren buru; 16 honen menpean Zikriren seme Amasias, Jaunaren zerbitzuan bere borondatez ari zena, berrehun mila gudari ausarten buru. 17 Benjamingoen buruzagia gudari ausart bat zen, Elias, arku eta babeskiz armaturiko berrehun mila gizonen buru; 18 honen menpean Jozabad, ehun eta laurogei mila gizon armaturen buru. 19 Hauek guztiak erregearen esanetara zeuden; bai eta erregeak Juda osoko hiri gotortuetan ezarri zituenak ere.

Josafat, Israelgo errege Akabekin elkartu


18. atala

[aldatu]

1 Josafat oso aberats eta ospetsu izan zen eta, bere semearen ezkontzaz, Israelgo errege Akaben ahaide egin zen. 2 Zenbait urteren buruan Samariara jaitsi zen, Akab ikustatzera. Akabek ardi eta idi ugari hil zuen Josafatentzat eta beronekin zetorren jendearentzat. Gero, Galaadeko Ramoti erasotzeko zirikatu zuen 3 Israelgo errege Akabek Judako errege Josafat, esanez:

-Nahi al duzu nirekin etorri Galaadeko Ramoti erasotzera?

Josafatek erantzun:

-Biok bat gara, nire gudarostea eta zurea ere bai. Zurekin joango gara gudura.

4 Eta erantsi zuen:

-Begira lehenik zer dioen Jaunak.

Erregearen adiskide ziren profetek garaipena iragarri


5 Bildu zituen Israelgo erregeak profetak, laurehun lagun, eta galdegin zien:

-Joango al gara Galaadeko Ramoti erasotzera, bai ala ez?

Haiek erantzun zioten:

-Eraso! Zeure eskuetara emango dizu Jaunak.

6 Josafatek, ordea, galdetu zuen:

-Ez al da hemen Jaunaren beste profetarik, beraren bidez Jaunari kontsulta egiteko?

7 Israelgo erregeak erantzun zion Josafati.

-Bai, bada beste gizon bat: Mikeas, Imlaren semea. Galdegin diezaiokegu Jaunari horren bidez; baina nik gorroto dut, gauza txarrak bakarrik iragartzen baitizkit, onak iragarri beharrean.

Josafatek esan zion:

-Ez zaitez horrela mintza, errege jauna.

8 Israelgo erregeak funtzionario bati dei egin eta agindu zion:

-Bizkor, etorrarazi Mikeas, Imlaren semea!

9 Israelgo erregea eta Judako Josafat, errege-jantzitan, aulki banatan zeuden, Samariako sarrera aurreko zabalunean. Haien aitzinean, han ari ziren profeta guztiak profeta-jardunean.

10 Haietarik batek, Kenaanaren seme Tzidkias deituak, eginak zituen burdinazko adar batzuk eta honela zioen: «Hau dio Jaunak: <Adar hauez adarkatuko dituzu aramearrak, desegin arte> ».

11 Halaxe zioten gainerako profeta guztiek ere: «Eraso Galaadeko Ramoti! Onik aterako zara. Eskura emango dizu Jaunak hiria!»

Mikeas profetak hondamendia iragarri


12 Bitartean, Mikeasen bila joana zen mezulariak esan zion profetari:

-Hara, profeta guztiak aho batez zori ona iragartzen ari zaizkio erregeari. Zure hitza ere betor bat haienarekin. Iragar ezazu zori ona zuk ere.

13 Mikeasek erantzun:

-Ala Jauna! Ene Jainkoak esango didana iragarriko dut.

14 Mikeas heldu zenean, esan zion erregeak:

-Mikeas, joan al gaitezke Galaadeko Ramoti erasotzera, bai ala ez?

Mikeasek erantzun:

-Bai, bai, eraso! On egingo dizue! Eskura emanen dizue Jaunak.

15 Erregeak, orduan:

-Zenbat aldiz zin eragin behar dizut egia baizik ez esateko Jaunaren izenean?

16 Mikeasek erantzun:

«Mendietan barreiatua ikusi dut Israel osoa, artzainik gabeko ardiak bezala. Hona zer dioen Jaunak: <Ez du jaberik jende horrek; itzul bedi nor bere etxera bakean> ».


17 Orduan, Israelgo erregeak esan zion Josafati:

-Ez al dizut esan ez didala horrek ezer onik iragartzen, txarra baizik?

18 Mikeasek, berriz, honela jarraitu zuen:

-Entzun, bada, Jaunaren hitza. Bere aulkian jarria ikusi dut Jauna, zeruko bere zerbitzari guztiak ezker-eskuin zutik zituela. 19 Honela zioen Jaunak: «Nork komentzituko ote luke Israelgo errege Akab Galaadeko Ramoti erasotzeko, eror dadin?» Batek gauza bat zioen eta bestek bestea. 20 Orduan, espirituetariko batek aurreratu, Jaunaren aitzinean gelditu eta esan zuen: «Neuk komentzituko dut». Jaunak galdetu zion: «Nola?» 21 Hark erantzun: «Erregearen profeta guztiei gezurra esanaraziko diet». Jaunak, orduan: «Komentzituko duzu, bai. Baduzu horretarako ahalmena. Zoaz eta egizu horrela». 22 Beraz, Jaunak, zure profeta hauen guztien ahoan gezur-espiritua ezarri duenez, garbi dago, erabakia duela zure hondamena.

23 Orduan, Kenaanaren seme Tzidkiasek masailakoa eman zion Mikeasi, esanez:

-Nondik atera zait niri Jaunaren espiritua, zuri mintzatzeko?

24 Mikeasek erantzun:

-Zeuk ikusiko duzu, gelaz gela gordeka joan beharko duzun egunean.

25 Orduan, Israelgo erregeak agindu zuen:

-Heldu Mikeasi! Eraman hiriko gobernari Amonengana eta Joax printzearengana. 26 Eta esan hau agintzen dudala: Giltzapean sartu eta emateko ogia eta ura neurtua, harik eta ni borrokatik garaile itzuli arte.

27 Mikeasek esan zuen:

-Benetan, zu garaile itzultzen bazara, Jaunak ez du nire ahoz hitz egin.

Israelgo errege Akab guduan hil


28 Israelgo erregea eta Judako errege Josafat igo ziren, bada, Galaadeko Ramoti erasotzera. 29 Israelgo erregea honela mintzatu zitzaion Josafati:

-Nik jantziak aldatuko ditut borroka hasteko; zuk jarraitu zeure errege-jantziekin.

Hala, Israelgo erregea jantziz aldatu zenean, borrokara abiatu ziren. 30 Siriako erregeak agindu hau emana zien bere gudu-gurditeriaren arduradunei: «Ez eraso inori, ez txiki, ez handiri, Israelgo erregeari baizik».

31 Horrela, bada, gudu-gurditeriaren arduradunek, Josafat ikustean, esan zuten:

-Horra Israelgo erregea!

Eta inguratu egin zuten, erasotzeko asmoz. Baina Josafat deiadarka hasi zen, eta Jaunak lagundu egin zion: atzera eginarazi zien Jainkoak erasotzaileei, 32 eta gudu-gurdien arduradunek, Israelgo erregea ez zela oharturik, atzera egin zuten. 33 Baina gudari batek gezia itsu-itsuan jaurtiki eta Israelgo erregea zauritu zuen bular-oskolaren juntura artetik.

Orduan, erregeak esan zion gurdigidariari:

-Itzuli eta atera nazazu gudu-zelaitik. Zauritu egin naute.

34 Egun hartan oso gogorra izan zen gudua; Israelgo erregeak bere gudu-gurdian zutik egon behar izan zuen arratserarte, siriarrei aurre eginez. Eguzkia sartzean, hil egin zen.


19. atala

[aldatu]

1 Judako errege Josafat onik itzuli zen Jerusalemgo bere jauregira. 2 Hananiasen seme Jehu profetak, ordea, bidera irten eta esan zion: «Gaiztoari laguntzen eta Jaunaren etsaia adiskidetzat hartzen, ala? Hori egin duzulako, haserre duzu Jauna. 3 Hala ere, baduzu gauza onik: gure lurraldean zeuden zutoin sakratuak erre eta Jaunarengana jotzen saiatu izana».

Josafaten berrikuntzak


4 Josafatek, aldi batez Jerusalemen egon ondoren, lurralde osoa ikuskatu zuen, Beer-Xebatik Efraimgo mendialderaino, jendea Jaunarengana, beren arbasoen Jainkoarengana, erakarriz; 5 Juda lurraldeko hiri gotortu bakoitzean epaileak ezarri zituen, 6 esanez: «Begira ongi zer egiten duzuen; ez epaitu giza ahalmenez, Jaunaren izenean baizik. Zeuekin izanen duzue bera, epaia ematerakoan. 7 Izan, beraz, begirune Jaunari. Gorde eta bete zuzen dena, Jaunak, zuen Jainkoak, ez baitu bidegabekeriarik, ez norkeriarik egiten, ez eta eskupekorik onartzen».

8 Josafatek Jerusalemen zenbait lebitar, apaiz eta israeldar familiaburu izendatu zituen, Jaunaren izenean epaiak eman eta Jerusalemgo bizilagunen arteko auziak erabaki zitzaten. 9 Josafatek aginduok eman zizkien: «Jaunarekiko begirunez, leial eta jator jardun behar duzue. 10 Zuen herrikideek, auziren bat, hilketa- nahiz lege-arazoren bat, agindu, arau nahiz erabakiei buruzko arazoren bat ekarriz edozein herritatik zuengana jotzean, irakats iezaiezue zer egin, Jaunaren aurrean errudun izan ez daitezen. Bestela, beraien eta zuen kontra izango da Jaunaren haserrea. Jokatu horrela eta ez zarete errudun izango. 11 Erlijio-auzietan Amarias apaiz nagusia izanen duzue buru, eta auzi zibiletan Ixmaelen seme Zebadias, Judaren leinuaren burua. Lebitarrak idazkari izanen dituzue. Izan adore eta ekin! Izan bedi Jauna ongi diharduenarekin!»

Josafatek laguntza eskatu Jaunari etsaien kontra


20. atala

[aldatu]

1 Aldi baten buruan, moabdar eta amondarrak, zenbait meundar lagun zituztela, Josafaten kontra borrokatzera etorri ziren. 2 Eraso horren berri eman zioten Josafati, esanez: «Itsaso Hilaz bestaldetik, Edom lurraldetik, etsai-talde ugaria datorkizu, eta dagoeneko Hatzatzon-Tamarren, hau da, En-Gedin dituzu».

3 Josafatek, izuturik, Jaunarengana jotzea erabaki zuen eta Juda osoan barau egiteko agindu. 4 Judako hiri guztietatik bildu ziren Jaunari otoitz egiteko. 5 Juda eta Jerusalemgo jendea Jaunaren etxeko atari berriaren aurrean bildurik, Josafatek, batzarraren erdian zutik, 6 otoitz hau egin zuen: «Jauna, gure arbasoen Jainkoa, zu zara Jainko bakarra zeruetan. Zeure menpe dituzu lurreko erresuma guztiak, zeure esku ahalmena eta indarra. Ezin dizu inork ere aurre egin. 7 Zuk, gure Jainko horrek, bota zenituen lurralde honetako herriak zure herri Israel sartu ahala, eta zeure adiskide Abrahamen ondorengoei eman zenien betiko. 8 Hauek bertan kokatu eta santutegia eraiki zizuten, esanez: 9 <Zoritxarren bat, gerra nahiz zigorra, izurritea nahiz gosetea, gertatzean, zu zaudeneko tenplu honetara zure aitzinera etorri eta geure atsekabean zuri oihu eginez gero, zuk entzun eta salbatu egingo gaituzu>. 10 Hona non datozkigun erasoan orain amondarrak, moabdarrak eta Seir mendietakoak. Gure arbasoei, Egiptotik etortzean, ez zenien haien lurraldeetan sartzen utzi; israeldarrek itzulingurua egin zuten eta ez zituzten hondatu. 11 Begira nola ordaintzen diguten orain: zeuk jabetzan eman zenigun lurraldetik gu botatzera datoz. 12 Oi gure Jainko, ez ote diezu emango merezi dutena? Ez dugu indarrik jendetza izugarri horri aurre egiteko, eta ez dakigu zer egin. Baina zuregana zuzentzen ditugu begiak».

13 Judako herri osoa, emakume, seme-alaba eta haurtxoak ere bai, Jaunaren aurrean zegoen zutik.

Jaunak garaipena eman Josafati


14 Batzarra bildurik zegoela, Jaunaren espirituak Asafen taldeko lebitar bat, Jahaziel, hartu zuen; Jahaziel Zakariasen semea zen, hau Benaiasena, hau Jeielena eta hau Mataniasena. 15 Lebitarrak esan zuen: «Entzun ongi zuek, Juda eta Jerusalemgo jendeok, eta zuk, Josafat errege horrek! Hau diotsue Jaunak: <Ez izutu, ez izan beldur jendetza izugarri horren aurrean. Ez duzue zuek borrokatuko, Jainkoak berak baizik. 16 Bihar Tzitz aldapan gora abiatuko dira; jaitsi zuek beraien kontra; Jeruel basamortuaren aurrean dagoen haitzarte-zokoan aurkituko dituzue. 17 Oraingoan, borroka ez duzue zuek egingo. Egon bertan geldi, eta ikusiko duzue nola salbatzen zaituzten Jaunak. Juda eta Jerusalemgo jendea, ez izutu, ez izan beldur! Irten bihar horien kontra eta zeuekin izanen duzue Jauna> ».

18 Orduan, Josafat lurreraino ahozpeztu zen; Judako eta Jerusalemgo jende guztia ere makurtu egin zen Jauna gurtzeko. 19 Kehat eta Koreren taldeetako lebitarrek, jaiki eta ahots handiz goretsi zuten Jauna, Israelen Jainkoa.

20 Biharamun goizean Tekoako basamorturantz abiatu ziren. Ateratzean, Josafat zutitu eta honela mintzatu zitzaien: «Entzun, Juda eta Jerusalemgo gizonok. Izan uste on Jaunarengan, zeuen Jainkoarengan, eta seguru izango zarete. Izan konfiantza beraren profetengan, eta garaile aterako zarete!»

21 Gudarostearekin hizketatu ondoren, gudarien aurretik kantari-talde bat ipini zuen, jantzi sakratuak soinean, Jauna goretsiz joan zitezen eta hau kantatuz:

«Goretsi Jauna, haren maitasuna betikoa baita».


22 Gorespen-kantuak hasi orduko, Jaunak liskarrak sortarazi zituen Judari erasotzera zetozen amondar, moabdar eta Seir mendialdekoen artean, eta beraien artean borrokatu ziren. 23 Amondarrek eta moabdarrek, Seirko mendialdekoen kontra oldarturik, hil eta suntsitu egin zituzten denak. Seirko mendialdekoak hondatu zituztenean, besteek elkar triskatu zuten.

24 Judakoek, basamortua ikusten den gailurreraino heldu eta etsaien gudarostea non ote zen begiratzean, lurra gorpuz betea besterik ez zuten ikusi. Ez zen bat ere gelditu bizirik. 25 Josafat, bere gudarostearekin, harrapakinak hartzera joan zen. Zamari asko, janariak, janzkiak eta gauza ederrak aurkitu zituzten, eta eraman zezaketena baino gehiago hartu. Hiru egunez jardun zuten harrapakinak hartzen, hain baitziren ugari. 26 Laugarren egunean Beraka haranean, hau da, «Bedeinkapen-haranean» bildu eta Jauna bedeinkatu zuten; horregatik du toki horrek izen hori gaurdaino. 27 Azkenean, Juda eta Jerusalemgo gizon guztiak, Josafat aurretik zutela, Jerusalemera itzuli ziren bozkarioz beterik, Jaunak poztu egin baitzituen beraien etsaiengandik libratuz. 28 Harpak, zitarak eta turutak joz sartu ziren Jerusalemen Jaunaren etxeraino.

29 Jauna Israelen etsaien kontra borrokatu zela jakitean, beste erreinuetakoak Jaunaren beldurrez izuturik gelditu ziren. 30 Josafaten erregealdia lasaia izan zen, eta Jainkoak bakea eman zion alde guztietatik.

Josafaten erregealdiaren bukaera


31 Hogeita hamabost urte zituen Josafatek Judako errege izaten hastean, eta hogeita bost urtez izan zen errege Jerusalemen. Beraren amak Azuba zuen izena eta Xilhiren alaba zen.

32 Bere aita Asaren jokabidea hartu zuen, ezertan ere okertu gabe. Jaunaren begietan zuzen dena egin zuen. 33 Hala ere, ez ziren desagertu muinoetako kultu-lekuak, artean herria ez baitzen erabat leial bere arbasoen Jainkoarekiko. 34 Josafaten gainerako jardunak, lehenengotik azkenera, «Hananiren Seme Jehuren Egintzak» izeneko agirian daude idatziak; agiri hori, berriz, «Israelgo Erregeen Liburuan» dator.

35 Judako errege Josafat, behinola, Israelgo errege Akaziasekin, errege maltzur harekin, elkartu zen, 36 ur handietako itsasontziak egiteko. Etzion-Geber zeritzan hirian egin zituzten ontziak. 37 Baina Marexako Dodabaren seme Eliezer profetak honako hau profetizatu zuen Josafaten aurka: «Akaziasekin elkartu zarelako, Jaunak porrot eragingo die zure lanei». Eta halaxe, deseginak gertatu ziren ontziak, ur handietarantz abiatu baino lehen.

Joramen erregealdia


21. atala

[aldatu]

1 Josafat hil zenean, bere arbasoen ondoan ehortzi zuten Daviden Hirian. Ondorengo erregea haren seme Joram izan zen. 2 Israelgo errege Josafaten beste semeak, Joramen anaiak, honako hauek izan ziren: Azarias, Jehiel, Zakarias, Azeriahu, Mikael eta Xefatias.

3 Beraien aitak zilar, urre eta gauza eder asko emana zien, bai eta Judako zenbait hiri gotortu ere; erregetza, ordea, bere lehen-seme Jorami eman zion.

4 Joramek, bere aitaren erregetza hartu eta sendotu zuenean, ezpataz hil zituen bere anaia guztiak, bai eta Israelgo zenbait buruzagi ere. 5 Hogeita hamabi urte zituen errege izaten hastean eta zortzi urtez izan zen errege Jerusalemen. 6 Israelgo erregeen jokaera bera izan zuen, Akaben senitartekoen antzekoa, emaztea Akaben alaba baitzuen. Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen arren, 7 Jaunak ez zuen Daviden errege-etxea hondatu nahi izan, Davidekin egina zuen itunarengatik, hitz emana baitzion beraren ondorengoak izanen zirela beti errege Jerusalemen.

8 Joramen erregealdian Judaren agintearen aurka jaiki ziren edomdarrak, berentzat erregea izendatuz. 9 Joramek mugaz bestaldera jo zuen bere buruzagiekin eta gudu-gurdi guztiekin. Gauez jaiki eta garaitu egin zituen setiatua zeukaten edomdarrak eta hauen gudu-gurdien buruzagiak. 10 Hala ere, libratu egin ziren edomdarrak Judaren agintepetik, gaur arte. Libna hiria ere aldi berean libratu zen.

Izan ere, zapuztua zuen Joramek Jauna, bere arbasoen Jainkoa.

11 Joramek berak eraiki zituen Judako muinoetan kultu-lekuak, Jerusalemgo jendea sasijainkoak gurtzera bultzatuz eta Juda okerbideratuz. 12 Elias profetak idatzi hau bidali zion: «Hau dio Jaunak, zure arbaso Daviden Jainkoak: <Ez diozu jarraitu zeure aita Josafaten eta Judako errege Asaren jokabideari, 13 Israelgo erregeen jokabideari baizik: Juda eta Jerusalemgo jendeari sasijainkoak gurtzera eragin diozu, Akaben senitartekoek bezala. Gainera, zu baino hobeak ziren zeure anaiak, zeure aitaren etxekoak, hilarazi dituzu. 14 Horregatik, Jaunak zigor ikaragarria bidaliko die, bai zure herriari, bai zure seme-alaba, emazte eta ondasun guztiei. 15 Zeuri ere gaixotasun asko bidaliko dizu, batez ere hesteetako minbizia; egunean baino egunean okerrago joango zara, eritasunaz hesteak kanpora atera arte> ».

16 Orduan, Jaunak Joramen kontra xaxatu zituen filistearrak eta etiopiarren auzoko diren arabiarrak. 17 Eraso zioten Judari, sartu eta jauregian aurkitutako ondasun guztiak eraman zituzten, bai eta erregearen seme-alaba eta emazteak ere. Ez zioten utzi seme txikiena baizik, Joakaz. 18 Ondoren, Jaunak erraietako gaixotasun sendaezinaz jo zuen Joram. 19 Eguna joan eta eguna etorri, bi urteren buruan, eritasunaren eraginez, hesteak atera zitzaizkion eta izugarrizko oinaze artean hil zen. Herriak ez zuen surik egin Joramen omenez, beraren arbasoen omenez egin izan zuen bezala.

20 Hogeita hamabi urte zituen Joramek errege izaten hastean eta zortzi urtez izan zen errege Jerusalemen. Hil zenean, ez zion inork ere negarrik egin. Daviden Hirian ehortzi zuten, baina ez erregeen hilobian.

Akaziasen erregealdia


22. atala

[aldatu]

1 Jerusalemgo bizilagunek, Joramen ondoren, beronen seme gazteena, Akazias, izendatu zuten errege, seme zaharrago guztiak hil egin baitzituen arabiarrekin batera kanpalekura sartu zen basati-talde hark. Horrela, beraz, Judako errege Joramen seme Akazias gertatu zen errege. 2 Hogeita bi urte zituen errege izaten hastean eta urte betez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Atalia zuen izena eta Omriren alaba zen.

3 Akaben senitartekoen jokabide bera hartu zuen Akaziasek, bere amak okerrerako aholkuak ematen baitzizkion. 4 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, Akaben senitartekoen antzera; izan ere, bere hondamenerako, bere ahaide haiek hartu zituen aholkulari, bere aita hil ondoren. 5 Hauen aholkuz joan zen Akazias, Akaben seme Joram Israelgo erregearekin batera, Galaadeko Ramot hirian Siriako errege Hazaelen kontra borrokatzera. Baina siriarrek zauritu egin zuten Joram. 6 Hau Izreelera itzuli zen, Siriako errege Hazaelen kontrako borrokan Raman egin zizkioten zauriak sendatzera. Joramen seme eta Judako errege Akazias Akaben seme Joram ikustatzera joan zen Izreelera, zauritua baitzegoen hura. 7 Jorami egindako ikustaldi hartaz baliatu zen Jauna Akazias hondatzeko. Izan ere, Joramekin zegoen bitartean, Nimxiren seme Jehuri aurre egitera irten behar izan zuen. Jaunak errege aukeratua zuen Jehu, Akaben errege-etxea suntsitzeko. 8 Jainkoak Akaben errege-etxearekiko zuen epaia betetzean, Judako buruzagiak eta Akaziasek bere zerbitzura zituen ahaideak ere aurkitu eta hil egin zituen Jehuk, eta 9 gero Akaziasen bila joan zen. Akazias Samarian gorde zen; baina harrapatu eta Jehurengana eraman zuten eta honek hil egin zuen hura ere. Lur eman zioten, Jaunarengana bihotzez jo zuen Josafaten semea zela kontuan izanik. Akaziasen senitartean ez zegoen inor ere errege izateko gai zenik.

Atalia Jerusalemgo aginteaz jabetu


10 Akazias zenaren ama Ataliak, semea hila zuela jakitean, Judako errege-etxeko senitarte osoa hiltzea erabaki zuen. 11 Baina Joram errege zenaren alabak, Akaziasen arreba eta Joiada apaizaren emazte Joxabatek, Akaziasen seme Joax hartu, hil behar zituzten errege-senitartekoen artetik atera eta, inudearekin batera, tenpluko logela batean sartu zuen. Horrela atera zuen Ataliaren atzaparretatik, eta ez zuten hil. 12 Sei urtez egon zen Joax bi emakumeekin Jainkoaren etxean gorderik, Atalia lurralde hartan erregina izan zen bitarte guztian.

Joax, errege izateko gantzutua


23. atala

[aldatu]

1 Zazpigarren urtean, Joiadak, ausardiaz beterik, bost ehuntariri deitu eta beraiekin hitzarmena egin zuen. Honako hauek ziren: Jerohamen seme Azarias, Johananen seme Ixmael, Obeden seme Azarias, Adaiasen seme Maaseias eta Zikriren seme Elixafat.

2 Haiek, Juda lurralde osoan barrena ibilirik, hiri guztietan lebitarrak eta Israelgo familiaburuak bildu eta Jerusalemera itzuli ziren. 3 Jainkoaren etxean batzarturik, hitzarmena egin zuten erregearekin.

Joiadak esan zien: «Hona erregearen semea. Beronek izan behar du errege, Jaunak Daviden ondorengoei buruz esana gogoan hartzen badugu. 4 Hona zer egin behar duzuen: Egin zeuen artean hiru talde; talde batekook, zerbitzaldia larunbatez duzuen apaiz eta lebitarron taldekook, tenpluko sarrerak zainduko dituzue; 5 beste taldeak jauregia, eta hirugarren taldeak Jesodeko atea. Jende guztia egon dadila Jaunaren etxeko atarietan. 6 Ez bedi inor sar Jaunaren etxean, zerbitzaldia duten apaiz eta lebitarrak izan ezik; horiek sar daitezke, sagaratuak baitira. Baina gainerako jendeak bete dezala Jaunaren agindua. 7 Lebitarrak, armak eskuetan, erregearen inguruan jarriko dira. Norbaitek tenpluan sartu nahi izango balu, hil dezatela. Zuek egin lagun erregeari toki guztietara».

8 Lebitarrek eta Judako guztiek zehatz bete zuten Joiada apaizak agindua. Zerbitzua larunbatez hasten nahiz bukatzen zuten gizonak denak batera hartu zituzten; izan ere, Joiadak ez zien alde egiteko baimenik eman txanda bukatzen zutenei. 9 Orduan, lantzak eta Jaunaren etxean zeuden David erregearen era guztietako babeskiak eman zizkien Joiada apaizak ehuntariei. 10 Gero, jende hura guztia, armak eskuetan, tenpluaren eskuinaldetik ezkerraldera ezarri zuen, aldare eta tenpluaren tartean, erregea inguratzeko. 11 Orduan, erregearen semea aterarazi, koroa ezarri eta itunaren agiria eman zioten, errege izendatuz. Joiadak eta beronen semeek gantzutu egin zuten, oihukatuz: «Gora erregea!»

12 Lasterka eta erregeari oihuka zebilen jendearen zarata-hotsa entzutean, Atalia Jaunaren etxera zuzendu zen, jendearengana. 13 Eta begiratzean, erregea ikusi zuen oholtzaren gainean zutik, tenpluaren sarreran. Buruzagiak eta turuta-joleak erregearen ondoan zeuden; herriko jendea, berriz, pozez beterik zebilen, turutaren soinura. Kantariek, beren musika-tresnak joz, gorespen-kantuak zuzentzen zituzten. Orduan, Ataliak, bere soinekoak urratuz, garrasi egin zuen:

-Traizioa! Traizioa!

14 Orduan, Joiada apaizak, ez baitzuen nahi Atalia Jaunaren etxean hil zezaten, agindu zien gudarostearen buruzagi ziren ehuntariei:

-Atera ezazue tenplutik, zeuen artetik. Norbaitek jarraitzen badio, hil ezpataz.

15 Atzeman zuten, bada, Atalia eta jauregira, zaldien atera, heldu zenean, bertan hil zuten.

Joiadaren berrikuntzak


16 Joiadak ituna egin zuen erregearekin eta herri osoarekin, Jaunaren herri izateko. 17 Ondoren, jendeak joan eta lurrera bota zuen Baalen jauretxea; xehe-xehe egin zituen hango aldare eta irudiak, eta Baalen apaiz Matan hil egin zuten aldare aitzinean. 18 Joiadak apaiz lebitarren esku utzi zuen Jaunaren etxea zaintzeko ardura. Antzina, Davidek zenbait taldetan sailkatuak zituen apaiz lebitarrak, tenpluan Jaunari erre-opariak eskaintzeko, Moisesen lege-liburuan idatzia dagoenaren arabera, eta kantu alaiez lagundurik, Davidek agindu bezala. 19 Atezainak ere ezarriak zituen ateetan, kutsatua zegokeen inor inola ere sar ez zedin. 20 Gero, ehuntariak, aitoren semeak, herriko agintariak eta jende guztia harturik, Jaunaren etxetik jauregira jaitsarazi zuen Joiadak erregea eta, goiko atetik sarturik, errege-aulkian ezarri zuten. 21 Jende guztia bozkarioz bete zen eta hiria baretu, Atalia ezpataz hila zelako.

Joaxek tenplua konponarazi


24. atala

[aldatu]

1 Zazpi urte zituen Joaxek errege izaten hastean, eta berrogei urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Tzibia zuen izena eta Beer-Xebakoa zen. 2 Jaunari atsegin zaiona egin zuen Joaxek, Joiada apaiza bizi izan zen bitartean. 3 Joiadak bi emazterekin ezkonarazi zuen, eta hauek seme-alabak eman zizkioten.

4 Aldi hartan, Joaxek Jaunaren etxea konpontzeko erabakia hartu zuen. 5 Apaizak eta lebitarrak bildu eta esan zien: «Zoazte Judako hiri guztietara eta bildu israeldar guztien artean zeuen Jainkoaren etxea urtero konpontzeko behar den dirua. Ibili bizkor!»

Lebitarrak, ordea, ez ziren bizkor ibili. 6 Orduan, erregeak Joiada apaiz nagusiari dei egin eta esan zion: «Zergatik ez zara ahalegindu lebitarrek Judan eta Jerusalemen zerga bil zezaten? Jaunaren zerbitzari Moisesek eta israeldarren biltzar osoak ezarri zuten zerga hori, Jaunaren itun-agiria gordetzen zen oihal-etxolarako. 7 Badakizu Ataliak, emakume maltzur hark, eta beraren kidekoek Jainkoaren etxea hondatzen utzi zutela eta, gainera, Baalen kulturako erabili ohi zituztela tenpluko gauza sakratu guztiak».

8 Orduan, erregeak atabaka bat eginarazi eta kanpoan, Jaunaren etxeko atean, ipintzeko agindu zuen. 9 Gero, Judan eta Jerusalemen jakinarazi zuten Jainkoaren zerbitzari Moisesek basamortuan Israeli ezarritako zerga ekarri behar zitzaiola Jaunari. 10 Agintariek eta herri osoak, pozez beterik, beren dirua ekarri eta atabaka betetzeraino eman zuten.

11 Noizean behin lebitarrek erregeari eraman ohi zioten atabaka, iker zezan, eta, diru asko zegoela ikustean, erregearen idazkariak eta apaiz nagusiaren ordezkariak etorri eta hustu egiten zuten atabaka, gero berriro bere tokian ipintzeko. Halaxe egin ohi zuten egunero, eta diru asko bildu zuten.

12 Erregeak eta Joiadak Jaunaren etxean egiten ari ziren lanen arduradunei ematen zieten dirua, eta hauek Jaunaren etxea konpontzen ari ziren hargin eta zurginei ordaintzen zieten, bai eta tenplurako burdingintza eta brontzegintzan ari zirenei ere.

13 Langileek gogoz ekin zioten konponketari eta haien ahaleginaz aurrera zihoan lana. Horrela, bere lehengo itxura eman zioten Jainkoaren etxeari eta sendotu. 14 Lanak bukatzean, gainerako dirua erregeari eta Joiadari eraman zieten, eta hauek tenpluko kulturako eta erre-oparietarako behar ziren tresnak, urrezko eta zilarrezko ontzi eta gauzak eginarazi zituzten.

Joax Jainkoarengandik aldendu


Joiada apaiza bizi izan zen bitartean, hutsik egin gabe, egunero eskaini ohi ziren erre-opariak Jaunaren etxean.

15 Baina, zahartzaro luzearen ondoren, ehun eta hogeita hamar urte zituelarik hil zen. 16 Daviden Hirian lur eman zioten, erregeen ondoan, on handia egin baitzuen Israelen, Jainkoaren eta tenpluaren alde.

17 Joiada hiltzean, Judako buruzagiak erregea agurtzera etorri ziren, eta erregeak entzun egin zien. 18 Jaunaren, beren arbasoen Jainkoaren, tenplua utzirik, zutoin sakratuei eta idoloei kultua ematen hasi ziren. Halako bekatuak Jaunaren haserrea piztu zuen Juda eta Jerusalemen aurka. 19 Jaunak profetak bidali zizkien beregana itzularazteko; baina, profetek burubide onak eman arren, ez zieten entzun.

20 Jainkoaren espirituak harturik, Joiada apaizaren seme Zakariasek, jendeari aurre eginez, esan zuen: «Hau dio Jainkoak: <Zergatik hautsi dituzue Jaunaren aginduak? Gaizki bukatu behar duzue. Zuek ni baztertu nauzuelako, nik ere baztertu egiten zaituztet> ».

21 Zakariasen kontra jaiki eta, erregearen aginduz, harrika eman zioten denek Jaunaren etxeko atarian. 22 Horrela, Zakariasen aita Joiadak erregearekiko izan zuen onginahia ahazturik, haren semea hilarazi zuen Joax erregeak. Baina hiltzeko zorian zegoela, Zakariasek esan zuen: «Ikus beza hau Jaunak eta eska biezazkizu kontuak».

Joaxen erregealdiaren bukaera


23 Hurrengo urtean, siriar gudarosteak eraso egin zion Joaxi. Juda eta Jerusalemen sartu, herriko agintariak hil eta harrapakin guztiak Damaskoko erregeari igorri zizkioten. 24 Siriar gudarosteak ez zuen gizon askorik, baina Jaunak eskura eman zion Judako gudaroste handia, hauek baztertu zutelako Jauna, beren arbasoen Jainkoa. Horrela eman zioten merezia Joaxi.

25 Alde egitean, siriarrek larriki zauritua utzi zuten Joax. Orduan, ministrariek, Joiada apaizaren semea hilaraztea mendekakatzeko, bere ohean hil zuten erregea.

Daviden Hirian lur eman zioten Joaxi; baina ez erregeen hilobian. 26 Hona hemen erregearen kontra jaiki ziren ministrari haien izenak: Ximeat amondarraren seme Zabad eta Ximrit zeritzan emakume moabdarraren seme Jozabad.

27 Joaxen seme-alaben zerrenda, haren kontrako profezia ugariak eta Jainkoaren etxearen berrikuntza «Erregeen Liburuaren Azalpenak» delakoan daude idatziak. Hurrengo erregea haren seme Amatzias izan zen.

Amatziasen erregealdia



25. atala

[aldatu]

1 Hogeita bost urte zituen Amatziasek errege izaten hastean, eta hogeita bederatzi urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Joadan zuen izena eta Jerusalemgoa zen. 2 Jaunari atsegin zaiona egin zuen Amatziasek; ez, ordea, bihotz osoz. 3 Bere erregetzan sendotu zenean, hilarazi egin zituen Amatziasek bere aita Joax hil zuten ministrariak. 4 Hala ere, ez zituen hilarazi hiltzaile haien semeak, Moisesen legean Jaunaren agindu hau baitago idatzia: «Ez hil gurasoak seme-alaben erruengatik, ez eta seme-alabak ere gurasoen erruengatik. Nor bere erruengatik hilko da».

Amatzias edomdarren aurka


5 Amatziasek bildu eta senitarteka antolatu zituen Juda eta Benjaminen leinuetako gizonak, mila gizonen eta ehun gizonen buruzagiak ezarriz. Hogei urtez gorakoak zenbaturik, hirurehun mila gizon aukerako aurkitu zituen, gudaritzarako gai eta lantza eta babeskia erabiltzeko gauza. 6 Gainera, israeldarren artetik beste ehun mila gudari ausart hartu zituen soldatapean, hiru mila eta bostehun kilo zilarren truke. 7 Baina Jainkoaren gizon batek etorri eta esan zion:

-Errege jauna, ez eraman zeurekin Israelgo gizon horiek, Jauna ez baitago israeldarrekin, Efraimen ondorengo horiekin. 8 Eramaten badituzu, zeu borrokatu eta ahalegindu arren, Jainkoak estropezu eginaraziko dizu etsaien aurrean; lagun baitezake Jainkoak, baina hondatu ere bai.

9 Amatziasek galdetu zion Jainkoaren gizonari:

-Eta israeldar gudariei eman diedan zilar hori guztia, zer?

Jainkoaren gizonak erantzun zion:

-Jaunak askoz gehiago eman diezazuke.

10 Orduan, Efraimdik etorritako gudariak etxera bidali zituen Amatziasek. Itzuli ziren haiek beren etxeetara, baina oso haserre Judakoen kontra.

11 Ondoren, Amatziasek, zeharo adoreturik, Gesaltza haranera gidatu zuen bere gudarostea eta han hamar mila gizon seirtar hil zituen. 12 Judakoek beste hamar mila gizon bizirik harrapatu zituzten eta, harkaitz-tontorrera igoarazirik, amildu egin zituzten handik.

13 Bien bitartean, Amatziasek berekin gudura eraman ordez etxera bidali zuen gudari-taldea Judako hirietan barrena ibili zen, Samariatik Bet-Horoneraino, hiru mila pertsona hilez eta harrapakin ugari ostuz.

Amatzias Israel erreinuaren kontra borrokan


14 Edomdarrak garaitu eta itzultzean, berekin ekarri zituen Amatziasek Seir-en ondorengo ziren haien idoloak, eta, bere jainkotzat harturik, haien aurrean ahozpeztu eta intsentsua erre zien. 15 Haserretu zitzaion Jauna Amatziasi eta profeta bat bidali zion, esatera:

-Zergatik jo duzu sasijainko horiengana, beren herria zure eskuetatik ezin izan dute libratu eta?

16 Bukatzen utzi gabe, erregeak ihardetsi zion:

-Erregearen aholkulari izendatu al haugu? Aski duk! Hiltzea nahi al duk?

Profetak hau besterik ez zuen gehitu:

-Badakit Jainkoak zu suntsitzea erabaki duela, horrela jokatu eta nire aholkua entzun ez duzulako.

17 Orduan, Judako errege Amatziasek, aholkua eskaturik, mezulariak igorri zizkion Israelgo errege Joaxi, Joakazen seme eta Jehuren bilobari, esatera: «Zatoz, neurt ditzagun indarrak!» 18 Israelgo errege Joaxek, aldiz, beste erantzun hau bidali zion Judako errege Amatziasi: «Behin batez garduak esan omen zion Libanoko zedroari: <Emaiok alaba nire semeari emaztetzat>. Baina Libanoko basabere batek hankazpian hartu zuen gardua. 19 Egia da edomdarrak garaitu dituzula eta harro zaudela horregatik. Izan zaitez harro zeure ospeaz, baina egon geldi zeure etxean. Zergatik nahi duzu zoritxarreko borroka hasi? Zeure burua eta zeurekin batera Juda hondatzeko?»

20 Amatziasek, ordea, ez zuen entzun nahi izan; erabakia baitzuen Jainkoak Amatzias Joaxen eskuetara ematea, Edomgo sasijainkoengana jo zuelako.

21 Orduan, Israelgo errege Joax igo eta Judako errege Amatziasek eta biek indarrak neurtu zituzten Judako hiri Bet-Xemexen. 22 Israel nagusitu zitzaion Judari eta gudariek ihes egin zuten nork bere etxolara. 23 Israelgo errege Joaxek preso hartu zuen Bet-Xemex hirian Judako errege Amatzias, Joaxen seme eta Akaziasen biloba, eta Jerusalemera eraman. Hango harresietan berrehun metroko zuloa eginarazi zuen, Efraimen atetik Kantoiko ateraino. 24 Gero, Jainkoaren etxean Obed-Edomen ardurapean zeuden urre, zilar eta tresna guztiak, jauregiko altxortegiko ondasunak eta gatibuak bahituran harturik, Samariara itzuli zen.

Amatziasen erregealdiaren bukaera


25 Israelgo errege Joax, Joakazen semea, hil eta gero, beste hamabost urtez bizi izan zen Judako errege Amatzias, Joaxen semea. 26 Amatziasen gainerako jardunak, lehenengotik azkenera, «Juda eta Israelgo Erregeen Liburuan» daude idatziak.

27 Amatzias Jaunarengandik urrundu eta gero, azpilana egin zuten batzuek beraren aurka Jerusalemen. Orduan, erregeak Lakixera egin zuen ihes. Baina haren ondoren jendea Lakixeraino bidali eta bertan hil zuten. 28 Gero, zaldi gainean eraman eta bere arbasoen ondoan, Judako hiri batean, ehortzi zuten.

Uziasen erregealdia


26. atala

[aldatu]

1 Judako herri osoak Uzias, hamasei urteko gaztea, errege izendatu zuen, bere aita Amatziasen ordez. 2 Hau hil zenean, Elat hiria berreskuratu eta berreraiki zuen Uziasek. 3 Hamasei urte zituen errege izaten hastean, eta berrogeita bi urtez izan zen errege Jerusalemen. Amak Jekolias zuen izena eta Jerusalemgoa zen. 4 Jaunari atsegin zaiona egin zuen, beraren aita Amatziasek bezalaxe. 5 Zakarias bizi izan zen bitartean, Uziasek Jaunarengana jo zuen beti, Jainkoari begirune izaten erakutsi baitzion hark. Eta Jaunarekiko zintzo izan zen bitartean, Jainkoak lagundu egin zion.

6 Filistearren kontra abiaturik, Gat, Jabne eta Axdodeko harresiak eraitsi zituen, eta gero hiriak eraiki Axdod eskualdean eta filistearren lurraldean. 7 Jainkoak lagundu zion filistearrak, Gur-Baalen bizi ziren arabiarrak eta meundarrak garaitzen. 8 Meundarrok zerga ordaindu zioten Uziasi.

Honen izena Egiptoko mugetaraino zabaldu zen, oso indartsu izatera heldu baitzen. 9 Dorreak eraiki zituen Jerusalemen, Kantoiko ate gainean, Haranekoaren gainean eta Izkinan, eta sendotu egin zituen. 10 Basamortuan ere eraiki zituen dorreak, putzu ugari zulatu zuen, abere-talde asko baitzuen Xefela lautadan eta goi-lautadan; bai eta nekazariak eta mahastilariak ere mendietan eta alorretan, lurlangintza gogoko baitzuen.

11 Guduari ekiteko beti prest zuen Uziasek gudarostea, Jeiel idazkariak eta Maaseias funtzionarioak egina zuten izenartzearen arabera gudari-taldetan antolatua. Hananias, erregearen buruzagietako bat, zuten gudalburu nagusi. 12 Gudari ausart haien ofizialak bi mila eta seiehun familiaburu ziren. 13 Haien menpe, hirurehun eta zazpi mila eta bostehun gudari indartsu eta ausart zeuden, erregea etsaien aurka defendatzeko. 14 Uziasek babeskiz, lantzaz, buru-oskolez, bular-oskolez, arkuz eta habailetarako harriz hornitu zuen gudarostea. 15 Gizon trebe batek asmaturiko tramankuluak eginarazi zituen Jerusalemen, dorre eta kantoietan ezarriz, gezi eta harri handiak jaurtikitzeko. Jainkoaren laguntza miragarriaz indartsu egin zen eta haren izena urrutiraino zabaldu zen.

Uzias zigortua bere harrokeriagatik


16 Bere burua hain indartsu ikusirik, harrotu egin zen zeharo, eta horrela galdu. Oker jokatu zuen Jaunaren, bere Jainkoaren, aurrean: behin batez, tenpluko sala handira sartu zen, intsentsu-aldarean intsentsua erretzeko asmoz. 17 Azarias apaiza haren atzetik sartu zen Jaunaren beste laurogei apaiz ausartekin eta, 18 Uzias erregeari aurre eginez, esan zioten: «Uzias, ez dagokizu zuri Jaunaren ohorez intsentsua erretzea, Aaronen jatorriko apaizei baizik; horretarako baitaude sagaratuak. Irten toki santu honetatik! Oker jokatu duzu; horrek ez zaitu ospetsu egingo Jainko Jaunaren aurrean».

19 Uzias, intsentsua erretzeko intsentsu-ontzia eskuan zuela, haserretu egin zen apaizen kontra. Baina une hartantxe, apaizen aurrean, Jaunaren etxean bertan, intsentsu-aldarearen ondoan zegoela, legena atera zitzaion bekokian. 20 Azarias apaiz nagusiak eta beste apaiz guztiek, bekokian legena zuela ikustean, bizkor irtenarazi zuten handik, eta bera ere arrapaladan joan zen, Jaunak joa zegoelako.

Uziasen erregealdiaren bukaera


21 Uzias erregea legendun egon zen hil arte; horregatik, etxe berezi batean bizi behar izan zuen. Eta Jaunaren etxera ere ezin zen sartu. Bitartean, beraren seme Jotamek, jauregiko buru zenak, gobernatu zuen herriko jendea.

22 Uziasen gainerako jardunak, lehenetik azkenera, Amotzen seme Isaias profetak idatzi zituen.

23 Hil zenean, bere arbasoen ondoan ehortzi zuten Uzias, erregeen hilobien inguruan, legenduna zela ziotelako. Ondorengo erregea haren seme Jotam izan zen.

Jotamen erregealdia


27. atala

[aldatu]

1 Hogeita bost urte zituen Jotamek errege izaten hastean, eta hamasei urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Jeruxa zuen izena eta Tzadoken alaba zen. 2 Jaunari atsegin zaiona egin zuen, beraren aita Uziasek bezala, baina ez zen tenpluan sartu. Hala ere, herria okerbideratua zebilen.

3 Jotamek egin zuen Jaunaren etxeko ate garaia, eta beste lan asko ere bai Ofel zeritzan auzategiko harresian. 4 Hiriak eraiki zituen Judako mendialdean, gotorleku eta dorreak ere bai oihanetan.

5 Amondarren erregeari eraso eta nagusitu egin zitzaion; urte hartan eta hurrengo bietan amondarrek zerga handia ordaindu behar izan zioten: hiru tonelada zilar, hiru mila tonelada gari eta beste horrenbeste garagar. 6 Jotam indartsu egin zen, Jaunaren, bere Jainkoaren, aurrean jokabide zuzena zeramalako.

7 Jotamen gainerako jardunak, egin zituen gerrak eta beste egintzak «Juda eta Israelgo Erregeen Liburuan» daude idatziak. 8 Hogeita bost urte zituen errege izaten hastean, eta hamasei urtez izan zen errege Jerusalemen.

9 Hil zenean, Daviden Hirian ehortzi zuten Jotam. Ondorengo erregea haren seme Akaz izan zen.

Akazen erregealdia


28. atala

[aldatu]

1 Hogei urte zituen Akazek errege izaten hastean, eta hamasei urtez izan zen errege Jerusalemen. Ez zuen Jaunari atsegin zaiona egin, bere arbaso Davidek ez bezala jokatuz. 2 Israelgo erregeen jokabidea hartu zuen, Baal sasijainkoak ohoratzeko idoloak egiteraino. 3 Eta Ben-Hinom haranean intsentsua erretzeaz gainera, bere semeak oparitzat erre zituen, Jaunak israeldarren aurretik egotziak zituen atzerritarren ohitura higuingarriei jarraituz. 4 Kultu-lekuetan, muinoetan eta edozein zuhaitz handiren azpian opariak eskaini eta intsentsua erre ohi zuen.

Akaz menperatua


5 Jaunak, bere Jainkoak, siriarren erregearen esku utzi zuen Akaz; haiek menperatu egin zuten eta, beste gatibu askorekin batera, Damaskora eraman zuten. Israelgo erregearen esku ere utzi zuen, eta honek ere hondamen ikaragarria egin zion. 6 Israelgo errege hark, Remaliasen seme Pekahek, Judako ehun eta hogei mila gudari ausart hil zituen egun berean, Judakoek Jauna, beren arbasoen Jainkoa, baztertua zutelako. 7 Zikrik, gudari efraimdar adoretsu hark, erregearen ofiziala zen Maaseias hil zuen, bai eta Azrikam jauregizaina eta Elkana ministrari nagusia ere. 8 Emakume, mutiko eta neskato, guztira berrehun mila lagun hartu zizkieten gatibu israeldarrek Judakoei, bai eta harrapakin ugari ere, eta Samariara eraman zituzten denak.

Iparraldeko israeldarrek gatibuei jaregin


9 Bazen Samarian Jaunaren profeta bat, Oded izenekoa. Samariara itzulian zetorren gudarosteari bidera atera eta esan zien: «Jaunak, gure arbasoen Jainkoak, zuen esku utzi ditu Judakoak, berauen kontra haserre zegoelako. Baina zuek halako amorruz hil dituzue, ezen zeruraino heldu baita zuen egintzaren oihartzuna. 10 Gainera, zeuen morroi eta neskame egin nahi dituzue Juda eta Jerusalemgo gizon-emakumeok. Horrela, ez ote zarete zeuek ere errudun bihurtuko Jaunaren, zeuen Jainkoaren, aurrean? 11 Entzudazue, beraz, eta jaregiezue preso hartu dituzuen zeuen senide horiei; bestela, zuen kontra ere biziki haserretuko da Jauna».

12 Efraimdarren buruzagi batzuk, Johananen seme Azariasek, Mexilemoten seme Berekiasek, Xalumen seme Hizkiasek eta Hadlairen seme Amasak gudatik zetozenei aurre egin zieten, 13 esanez: «Ez ekarri hona preso horiek, Jaunaren aurrean bekatu egingo baikenuke. Bekatu eta oker gehiago egin nahi al duzue, gure errua aski handia ez delakoan eta Jauna Israelen kontra aski haserre eta sumindua ez dagoelakoan?»

14 Orduan, gudariek buruzagien eta batzarraren esku utzi zituzten presoak eta harrapakinak. 15 Gizon batzuk izendatu zituzten presoez ardura zitezen; harrapakinetarik hartu eta jantziak eman zizkieten larrugorritan zeudenei, bai eta oinetakoak eta janari-edariak ere, eta ukenduz sendatu zituzten. Ondoren, elbarriturik zeudenak asto gainean ezarri eta Jerikora, Palmondoen hirira, eraman zituzten, beraien herritarrengana. Gero, Samariara itzuli ziren.

Akaz asiriarrei laguntza eske


16 Aldi hartan, Akaz erregeak mezulariak bidali zizkion Asiriako erregeari laguntza eske. 17 Izan ere, edondarrek berriro erasotua zuten Juda, eta preso asko hartuak zituzten. 18 Filistearrek ere erasoak eginak zizkieten Xefela lautadan eta Judako hegoaldean zeuden hiriei, eta, Bet-Xemex, Aialon, Gederot, Soko eta honen inguruak, Timna, Gimzo eta hauen inguruak harturik, beraietan kokatuak ziren. 19 Jaunak, horrela, apaldua zuen Judako erreinua, Akaz erregea zela eta; Judari zabarkeriara eragina baitzion Akazek eta Jauna baztertua.

20 Etorri zen, beraz, Asiriako errege Tilglat-Pilneser; baina lagundu ordez, setiatu egin zuen Akaz. 21 Akazek Jaunaren etxeko, jauregiko eta buruzagien ondasunak hartu eta Asiriako erregeari eman zizkion arren, dena alferrik izan zen.

Akazen errua


22 Asiriako erregea setiatzen ari zitzaion bitartean ere, Akaz erregeak Jaunaren kontra bekatu egiten jarraitu zuen: 23 Damaskoko sasijainkoei opariak eskaini zizkien, jainko haiek bera menperatua zuten arren. Hau zioen bere baitan: «Jainko horiei, siriarrei laguntzen dietenez, nik ere opariak eskainiko dizkiet, lagun diezadaten». Baina horrexek ekarri zion hondamena bai erregeari, bai Israel osoari.

24 Gero, Akazek Jainkoaren etxeko gauza sakratuak hartu, xehe-xehe egin, hiriko ateak itxi eta aldareak eraiki zituen Jerusalemgo izkin guztietan. 25 Judako hirixka guztietan ere kultu-lekuak eraiki zituen, beraietan jainko arrotzei intsentsua erretzeko. Horrela sutu zuen Jaunaren, bere arbasoen Jainkoaren, haserrea.

26 Akazen gainerako jardunak eta egintzak, lehenengotik azkenekora, «Juda eta Israelgo Erregeen Liburuan» daude idatziak. 27 Hil zenean, Jerusalem hirian lur eman zioten, ez ordea Israelgo erregeen hilobietan. Ondorengo erregea haren seme Ezekias izan zen.

Ezekiasen erregealdia


29. atala

[aldatu]

1 Hogeita bost urte zituen Ezekiasek errege izaten hastean, eta hogeita bederatzi urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Abia zuen izena eta Zakariasen alaba zen. 2 Jaunari atsegin zaiona egin zuen, bere arbaso Davidek bezalaxe.

Ezekiasek tenplua garbitu eta konpondu


3 Bere erregealdiko lehen urteko lehen hilabetean Ezekiasek tenpluko ateak ireki zituen eta konpondu. 4 Gero, apaizak eta lebitarrak ekialdeko plazan bildurik, 5 honela mintzatu zitzaien: «Entzun, lebitarrok, egin zeuen buruen garbikuntzak eta garbi ezazue Jaunaren, zeuen arbasoen Jainkoaren, etxea ere, eta atera bertatik kutsatua den guztia. 6 Izan ere, gure gurasoak desleialak izan ziren, Jaunari, gure Jainkoari, atsegin ez zaiona eginez; zapuztu egin zuten eta Jaunaren bizilekutik alde egin, berari bizkarra emanik. 7 Atalondoko ateak itxi zituzten eta argiak itzali; ez zuten intsentsurik erre, ez erre-oparirik eskaini Israelen Jainkoaren tenpluan. 8 Horregatik, haserretu egin zen Jainkoa Juda eta Jerusalemen kontra, eta era beldurgarri, harrigarri eta barregarrian utzi zituen, zeuen begiz ikus dezakezuenez. 9 Horra zergatik hil zituzten ezpataz gure gurasoak, eta zergatik dauden gatibu gure seme-alaba eta emazteak. 10 Orain, Jaunarekin ituna egiteko asmoa dut, bere haserrea guregandik urrun dezan. 11 Beraz, ene semeok, ahalegin zaitezte, zuek hautatu baitzaituzte Jaunak, beraren aurrean zerbitzua egin, kultua eman eta intsentsua erre dezazuen».

12 Hona hemen beren buruak eskaini zituzten lebitarrak: Kehaten ondorengoetarik Amasairen seme Mahat eta Azariasen seme Joel; Merariren ondorengoetarik Abdiren seme Kix eta Jehalelelen seme Azarias; Gerxonen ondorengoetarik Zimaren seme Joah eta Joahen seme Eden; 13 Elitzafanen ondorengoetarik Ximri eta Jeiel; Asafen ondorengoetarik Zakarias eta Matanias: 14 Hemanen ondorengoetarik Jehiel eta Ximei; Jedutunen ondorengoetarik Xemaias eta Uziel.

15 Hauek, beren kidekoak bildu eta beren buruaren garbikuntza egin ondoren, Jaunaren etxearen garbikuntza egitera joan ziren, erregeak agindu eta Jaunak esan bezala. 16 Apaizek Jaunaren etxe barruaren garbikuntza egitera sartu eta kanpora atera zituzten, tenpluko atarira, barruan aurkitutako gauza kutsatu guztiak. Gero, lebitarrek hartu eta Zedron errekara bota zituzten. 17 Lehen hilaren lehen egunean hasi zuten garbikuntza-lana eta zortzigarren egunean heldu ziren tenpluko atalondora. Hurrengo zortzi egunak ere Jaunaren etxearen garbikuntzak egiten eman zituzten. Lehen hilaren hamaseigarren egunean bukatu zuten lana.

18 Apaizek, orduan, Ezekias erregeagana joan eta esan zioten: «Egin dugu Jaunaren etxe osoaren garbikuntza, bai eta erre-oparietarako aldarearena, eskainiriko ogien mahaiarena eta berauetako tresna guztiena ere. 19 Eta Akaz erregeak, bere erregealdiko maltzurkeriak zirela-eta, baztertu zituen gauza guztiak ere atera ditugu, garbitu eta Jaunaren aldare aurrean ezarri».

Ezekiasek tenpluko kultua birrantolatu


20 Biharamunean goizean goiz, hiriko agintariak bildu eta Jaunaren etxera igo zen Ezekias erregea. 21 Zazpi zezen, zazpi ahari, zazpi bildots eta barkamen-oparitarako zazpi aker ekarri zituzten, errege-etxearen, santutegiaren eta Judaren alde eskaintzeko. Jaunaren aldarean eskaintzeko agindu zien erregeak Aaronen ondorengo apaizei. 22 Hauek, orduan, zezenak hil eta odola harturik, aldarea zirtatu zuten; era berean, ahariak eta, azkenik, bildotsak ere hil ondoren, haien odolaz aldarea zirtatu zuten. 23 Ondoren, barkamena eskatzeko hil behar zituzten akerrak erregearen eta biltzarraren aurrera eramanik, denek eskuak luzatu zituzten haien gainera. 24 Gero, apaizek akerrak hil eta aldare gainera isuri zuten odola, Israel osoaren bekatuen barkamena eskatuz. Izan ere, erre-opari eta barkamen-opari haiek Israel osoaren alde eskaintzeko agindua zuen erregeak.

25 Honek, bestalde, Jaunaren etxean ezarri zituen lebitarrak beren txilin, harpa eta kitarekin, Davidek eta honen profeta Gadek eta Natan profetak agindua zuten eran. Agindu hura Jaunak berak emana zuen bere profeten bidez. 26 Lebitarrak, beraz, beren tokietan jarri ziren Davidek eginiko musika-tresnekin, eta apaizak turutekin. 27 Eta Ezekiasek aginduriko erre-oparia aldarean eskaintzen hasi ziren une berean hasi zuten haiek Jauna goresteko kantua ere, turutez eta Israelgo errege Davidek eginiko musika-tresnez lagundurik. 28 Erre-oparien eskaintza bukatu arte jardun zuten kantatzen eta turutak jotzen; bitartean biltzar osoa ahozpezturik egon zen. 29 Eta erre-oparia bukatzean, erregea eta beronekin ziren guztiak ahozpeztu egin ziren. 30 Ezekias erregeak eta buruzagiek Jauna goresteko esan zieten lebitarrei, Davidek eta Asaf profetak eginiko kantuz. Bozkarioz beterik goretsi zuten lebitarrek Jauna; ondoren, makurturik, gurtu egin zuten. 31 Gero, Ezekiasek esan zion biltzarrari: «Zuek ere Jaunarentzako eskua bete eskaintza dakarzue. Aurreratu eta ekarri Jaunaren etxera zeuen oparigaiak eta gorespen-eskaintzak». Orduan, jendeak gorespen-eskaintzak egin zituen. Eskuzabalenek erre-opariak ere egin zituzten. 32 Jaunarentzako erre-oparitzat hirurogeita hamar zezen, ehun ahari eta berrehun bildots eskaini zituzten. 33 Beste eratako eskaintzak egiteko seiehun zezen eta hiru mila ardi ekarri zituzten. 34 Eta erre-oparitako hainbeste abere larrutzeko aski apaiz ez zegoenez, beren lankide lebitarrek lagundu behar izan zieten lan guztia bukatzen, beste apaiz batzuk beren buruaren garbikuntza egin arte. Izan ere, lebitarrak gogotsuago izan ziren apaizak baino beren garbikuntza egiterakoan. 35 Gainera, erre-opariekin batera egin ohi ziren isur-opari eta elkartasun-oparietako abereen gantzak ere erre behar izan zituzten.

Honela birrantolatu zen kultua Jaunaren etxean.

36 Ezekias eta jende guztia pozik zegoen, Jainkoak herri osoari horrela eragin ziolako; dena bat-batean eratua baitzuten.

Ezekiasek Pazko-ospakuntza prestatu


30. atala

[aldatu]

1 Ezekiasek dei egin zien Israel eta Judako guztiei, eta Efraim eta Manasesen lurraldeetakoei ere dei-gutunak bidali zizkien, Jerusalemera, Jaunaren etxera, etor zitezen, Jaunaren, Israelen Jainkoaren, Pazko Jaia ospatzera.

2 Izan ere, erregeak, buruzagiek eta Jerusalemgo jendeak, batzarturik, Pazkoa bigarren hilabetean ospatzea erabakia zuten. 3 Ezin izan zuten bere garaian ospatu, garbikuntzak eginiko apaizak aski ez zirelako eta jenderik ere bildu ez zelako Jerusalemen. 4 Ongi iruditu zitzaien hori bai erregeari, bai biltzar osoari. 5 Beer-Xebatik hasi eta Danerainoko israeldar guztiei deia zabaltzea erabaki zuten, Jaunaren, Israelen Jainkoaren, Pazko Jaia Jerusalemen ospatzera etor zitezen, gehienek ez baitzuten ospatu agindua dagoen eran.

6 Mezulariak, erregearen eta buruzagien gutunak harturik, Israel eta Juda osoan barrena ibili ziren, erregearen aginduz mezu hau emanez: «Israeldarrok, itzul zaitezte Jaunarengana, Abrahamen, Isaaken eta Israelen Jainkoarengana. Bera ere itzuliko da, Asiriako erregearen eskuetatik ihes egin eta bizirik gelditu zaretenongana. 7 Ez izan zeuen guraso eta senideen antzeko, baztertu egin baitzuten Jauna, beren arbasoen Jainkoa. Horregatik, era izugarrian hondatu zituen, zeuen begiz ikus dezakezuenez. 8 Ez izan, beraz, burugogor, zeuen gurasoen antzera. Hurbil zaitezte Jaunarengana, eta zatozte berak betiko sagaratu duen santutegira. Obeditu Jaunari, zeuen Jainkoari, eta berak aldenduko du zuengandik bere haserre-sumina. 9 Zuek Jaunarengana itzultzen bazarete, errukituko zaizkie zuen senide eta seme-alabei beraiek erbesteratu zituztenak, eta etorri ahal izanen dira aberrira. Izan ere, bihozbera eta errukiorra da Jauna, zuen Jainkoa, eta ez zaituzte baztertuko, zuek berarengana itzultzen bazarete».

10 Mezulariak hiriz hiri ibili ziren Efraim eta Manasesen lurraldeetan zehar, eta Zabulon lurralderaino ere heldu ziren; baina burla eta barre egin zieten. 11 Hala ere, Axer, Manases eta Zabulonen lurraldeetan batzuk amore eman eta etorri ziren Jerusalemera. 12 Juda lurraldean ere, Jainkoaren eraginez, denek bat egin zuten erregearen eta buruzagien agindua betetzeko, Jaunak esanaren arabera.

Herriak Pazkoa ospatu


13 Jendetza izugarria bildu zen Jerusalemen Legamigabeko Ogien Jaia bigarren hilabetean ospatzera. Biltzarra oso-oso handia izan zen.

14 Jerusalemen ziren sasikultuko aldare guztiak, bai eta intsentsua erretzeko aldareak ere, kendu eta Zedron errekara jaurtiki zituzten. 15 Bigarren hilaren hamalauan Pazko-bildotsa hil zuten. Apaizek eta lebitarrek, garbikuntza egin ezaz lotsaturik, garbikuntza egin eta erre-opariak eskaini zituzten Jaunaren etxean. 16 Jainkoaren gizon izan zen Moisesen legeak dioenez eta beraien arautegiak agintzen duenez, apaizak eta lebitarrak nor bere tokian ari ziren: lebitarrek odola eman eta apaizek isuri. 17 Izan ere, batzar hartan garbikuntza egin gabeko jende asko zegoenez, lebitarrek Pazko-bildotsak hiltzen ziharduten, Jaunaren ohorezko ekintza sakratu hura egiteko garbi ez zeudenen ordez. 18 Jende askok, Efraim, Manases, Isakar eta Zabulongoek batik bat, garbikuntza egin gabe jan zuten Pazko-bildotsa, idatzia dagoenaren kontra. Ezekiasek, ordea, otoitz egin zuen haien alde, esanez: «Jaun onak barka biezaie 19 Jainko Jaunarengana, beren arbasoen Jainkoarengana, jo duten hauei guztiei, gauza santuak egiteko behar den garbitasunik ez badute ere».

20 Jaunak Ezekiasi entzun eta barkatu egin zion herriari.

21 Jerusalemen ziren israeldarrek poz handiz egin zuten zazpi egunez Legamigabeko Ogien Jaia. Lebitarrek eta apaizek egunero goretsi ohi zuten Jauna, musika-tresna ozenen laguntzaz, haren ohoretan kantatuz. 22 Ezekiasek zorionik beroenak eman zizkien lebitarrei, Jaunaren zerbitzuan gogotsu ari izan zirelako. Horrela, zazpi egunez jarraitu zuten jaia, elkartasun-opariak eskainiz eta Jauna, beren arbasoen Jainkoa, goretsiz.

Jaia bigarrenez ospatu


23 Jaia beste zazpi egunez luzatzea erabaki zuen biltzar osoak, eta beste zazpi egun haiek ere oso alaiak izan ziren. 24 Judako errege Ezekiasek mila zezen eta zazpi mila ardi eman zizkion batzarrari, eta buruzagiek ere mila zezen eta hamar mila ardi eman zizkioten. Apaiz askok eta askok, beren aldetik, garbikuntza egin zuten. 25 Judakoen biltzar osoa guztiz alai zegoen, bai eta apaizak eta lebitarrak ere, eta orobat Israeldik etorritako jende guztia, nahiz pelegrinazioan etorriak nahiz Judan bertan bizi zirenak. 26 Beraz, alaitasun handia izan zen Jerusalemen. Daviden seme eta Israelgo errege Salomonen garaiaz gero, ez zen halakorik izan Jerusalemen. 27 Azkenean, apaiz lebitarrek bedeinkatu egin zuten herria: Jainkoak entzun zuen haien deia, eta haien otoitza zeruko bizileku santuraino heldu zen.

Ezekiasek erlijio-bizitza birrantolatu


31. atala

[aldatu]

1 Jai haiek bukaturik, bertan izaniko israeldarrak Judako hirietan barrena ibili ziren zutarri sakratuak hausten, zutoin sakratuak ebaki eta kultu-leku eta aldareak desegiten, denak suntsitu arte. Eta hori bera egin zuten Benjamin, Efraim eta Manasesen lurraldeetan ere. Ondoren, israeldar guztiak nor bere hiri eta etxera itzuli ziren.

2 Ezekiasek birrantolatu egin zituen apaiz- eta lebitar-taldeak, bakoitza bere sailaren arabera. Talde bakoitzaren eginkizuna eratu zuen, bai erre-opari eta elkartasun-opariak eskaintzeko, bai kultuaren zerbitzurako, bai gorespenak eta gorazarreak kantatzeko Jaunaren tenplu barruan. 3 Erregeak bere ondasunetatik zati bat eman zuen, goiz eta arratsaldeko erre-opariak, larunbat, ilberri-jai eta jai nagusietako erre-opariak eskaintzeko, Jaunaren legean idatzia dagoenaren arabera; 4 gainera, apaizei eta lebitarrei zegokien partea emateko agindu zien Jerusalemgo bizilagunei, Jaunaren legea betetzen sendo iraun zezaten. 5 Agindua zabaldu zelarik, israeldarrek ugari eman zituzten gari, ardo, olio, ezti eta alorretako emaitza guztien hasikinak; bai eta horien guztien hamarrenak ere, oparo. 6 Judako beste hirietakoek, bai eta haietan bizi ziren israeldarrek ere, beren behi, ardi eta beren Jainko Jaunari sagaraturiko beste eskaintzen hamarrenak eman zituzten. Horrela, ondasun-multzo handiak egin ziren. 7 Hirugarren hilabetean hasi ziren multzoak egiten, eta zazpigarrenean bukatu zuten. 8 Ezekiasek eta agintariek, hainbeste multzo ikustean, Jauna eta beronen herri Israel bedeinkatu zituzten. 9 Ezekiasek argitasunak eskatu zizkien apaizei eta lebitarrei multzo haietaz. 10 Tzadoken ondorengoa zen Azarias apaiz nagusiak eman zion erantzuna: «Jaunaren etxera emaitzak ekartzen hasi zirenez geroztik, asetzeko adina janari izan dugu, eta asko utzi dugu sobera. Izan ere, bedeinkatu egin du Jaunak bere herria. Hona hemen zenbat gelditu den sobera».

11 Ezekiasen aginduz, biltegi-gelak prestatu zituzten tenpluan, 12 eta bertara eraman zituzten xuxen emaitzak, hamarrenak eta eskaintza sakratuak. Gauza haien arduradun nagusia Konanias lebitarra zen, eta laguntzailea beraren anaia Ximei. 13 Eta bi hauen ardurapean Jehiel, Azazias, Nahat, Asahel, Jerimot, Jozabad, Eliel, Ismakias, Mahat eta Benaias ziren begirale, Ezekias erregearen eta tenpluko arduradun Azariasen aginduz. 14 Imnaren seme Kore lebitarrak, ekialdeko atea zaintzen zuenak, nork bere borondatez Jainkoari eginiko eskaintzen ardura zuen, eta Jaunarentzako emaitzak eta gauza sakratuak banatzekoa. 15 Koreren ardurapean, Edenek, Miniaminek, Jexuak, Xemaiasek, Amariasek eta Xekaniasek beren apaiz-lagunen artean xuxen banatu behar zituzten emaitzak apaizak bizi ziren hirietan, bakoitzari, handi nahiz txiki, bere mailaren arabera. 16 Emaitza, Jaunaren etxean egunero zerbitzua nork bere talde eta eginkizunaren arabera betetzen zutenei ez ezik, hiru urte zituztenez geroztik erroldan sartuak ziren apaiz-senitarteko gizasemeei ere egin behar zieten. 17 Apaizak senitarteka sartu ohi zituzten erroldan; lebitarrak, berriz, hogei urtez goikoak, beren eginkizun eta mailen arabera. 18 Apaiz lebitarren familia osoak sartu behar zuen erroldan: emazte eta seme-alabekin, hots, senitarte osoak; izan ere, etengabe arduratu behar zuten beren eginkizun sakratuaz.

19 Hiri inguruetako auzategietan bizi ziren Aaronen ondorengo apaizei eta erroldan zeuden lebitarrei zegokiena emateko, gizon batzuk zeuden izendatuak hiri bakoitzean.

20 Horrela egin zuen Ezekiasek Juda osoan; ongi, zuzen eta leial jokatu zuen Jaunaren, bere Jainkoaren aurrean. 21 Jainkoaren etxeko zerbitzurako eta legeari nahiz aginduei buruz egin zuen guztia bere Jainkoaren nahia bihotzez betetzen saiatuz egin zuen, eta dena ongi burutu ahal izan zuen.

Asiriarrek Jerusalemi eraso


32. atala

[aldatu]

1 Gertaera hauen ondoren eta Ezekiasek hain leial jokatu arren, Asiriako errege Senakeribek Judan sartu eta hiri-gotor guztiak setiatu zituen, beraietaz jabetzeko agindua emanez. 2 Senakerib Jerusalemi erasotzeko asmoz zetorrela ikustean, Ezekiasek, 3 bere ministrari eta ofizialekin bildurik, hiriaz kanpo zeuden ur-putzuak estaltzeko asmoa agertu zuen. Onartu zioten 4 eta, jendetza handia bildurik, putzu guztiak eta lurpean zihoan erreka ere estali egin zituzten; horrela, Asiriako erregeek, etortzean, ez zuten urik aurkituko. 5 Oldar handiz, Ezekiasek berreraiki zuen eroria zegoen harresia, haren gainean dorreak eraiki eta beste harresi bat ere egin zuen kanpoaldetik; Daviden Hiriko lubeta, Milo izenekoa, sendotu egin zuen, eta gezi eta babeski ugari eginarazi.

6 Eta buruzagiak gudarostearen gidari ezarri ondoren, jendea hiri-sarrerako plazan bilarazi eta sutsu hitz egin zien, esanez: 7 «Izan sendo eta adoretsu! Ez izutu, ez beldurtu halako gudaroste handiarekin datorren Asiriako errege horren aurrean, gurekin dagoena indartsuago baita horrekin dagoena baino. 8 Giza indarra baizik ez du horrek; guk, ordea, Jauna, geure Jainkoa, dugu geurekin, laguntzeko eta gurekin borrokatzeko».

Judako errege Ezekiasen hitz hauek bizkortu egin zuten herria.

Asiriako erregea Jerusalemgo bizilagunei mintzo


9 Aldi baten buruan, bere gudarostearekin Lakixen zegoen Senakeribek, Asiriako erregeak, bere ordezkariak bidali zituen Jerusalemera, Judako errege Ezekiasi eta herri osoari honako hau esatera: 10 «Hau dio Asiriako errege Senakeribek: <Zertan duzue halako uste ona, Jerusalemen, hiri setiatuan, jarraitzeko? 11 Zuek engainatzen ari da Ezekias, goseak eta egarriak hil zaitezten; horregatik esan dizue, Asiriako erregearen eskuetatik Jaunak, zeuen Jainkoak, libratuko zaituztela. 12 Baina ez al ditu, bada, Ezekiasek berak kendu Jainko horren kultu-lekuak eta aldareak, Judako eta Jerusalemgo jendeari aldare bakar baten aurrean ahozpeztu eta intsentsua aldare horretan eskaintzeko aginduz? 13 Ez al dakizue zer egin diegun nik eta nire aurrekoek hainbat lurraldetako herriei? Lurralde horietako jendeen jainkoek libratu ahal izan ote zuten beren nazioa nire eskuetatik? 14 Nire aurrekoek hondatu zituzten nazio horietako jainkoetarik batek ere libratu ahal izan ote du bere herria nire eskuetatik? Eta zeuen Jainkoak libratuko zaituztela nire eskuetan erortzetik? 15 Ez zaitzatela engaina Ezekiasek; ez diezazuela iruzurrik egin. Ez sinetsi! Inongo jainkok bere nazioa nahiz erreinua ezin izan badu ez nire, ez nire aurrekoen eskuetatik libratu, are gutxiago libratuko zaituzte zeuen Jainkoak> ».

Asiriako errege Senakeribek Jauna iraindu


16 Beste gauza asko ere esan zuten ordezkari haiek Jainko Jaunaren eta honen zerbitzari Ezekiasen kontra. 17 Senakeribek gutuna idatzi zuen Jauna, Israelen Jainkoa, irainduz eta beronen kontra honako hau esanez: «Beste lurraldeetako jendeen jainkoek ezin izan dituzte beren herriak nire eskuetatik libratu. Ezekiasen Jainkoak ere ezin izango du salbatu bere herria nire eskuetatik».

18 Ordezkari haiek ahots handiz eta hebreeraz mintzo zitzaizkion Jerusalemgo harresi gainean zegoen jendeari, ikara eta beldur zedin, horrela hiriaz jabetu ahal izateko. 19 Atzerritarrek giza eskuz eginak dituzten sasijainkoetako bat bailitzan mintzatu ziren Jerusalemgo Jainkoaz.

Asiriarrak ihesi. Senakeriben heriotza


20 Egoera horretan, Ezekias erregeak eta Amotzen seme Isaias profetak otoitz egin zuten, zerura deituz.

21 Orduan, Jaunak aingerua bidali zuen eta aingeruak Asiriako erregearen gudarosteko gudari adoretsu guztiak, buruzagiak eta ofizialak hondatu egin zituen.

Senakeribek, lotsaz beterik, bere herrira itzuli behar izan zuen. Eta bere jainkoen jauretxera sartu zenean, bere semeek hil zuten ezpataz. 22 Honela salbatu zituen Jaunak Ezekias eta Jerusalemgo bizilagunak Asiriako errege Senakeriben eta gainerako etsaien eskuetan erortzetik. Eta bakea eman zien alde guztietan. 23 Askok, orduan, eskaintzak eraman zizkioten Jaunari Jerusalemera, bai eta eskuerakutsiak ere Judako errege Ezekiasi. Gertakari honen ondoren, Ezekiasek ospe handia izan zuen nazio guztien aurrean.

Ezekiasen erregealdiaren bukaera


24 Egun batez, larriki gaixotu zen Ezekias. Jaunari otoitz egin eta Jaunak miraria eginez erantzun zion. 25 Ezekiasek, aldiz, ez zuen erantzun hartutako mesedeari zegokionez, harrotu egin baitzen. Horregatik, Jaunaren haserrea piztu zen haren kontra eta Juda eta Jerusalemen kontra. 26 Baina bai Ezekias bera, bai Jerusalemgo bizilagunak, beren harrokeria aitorturik, apaldu egin ziren, eta Jaunak ez zituen zigortu Jerusalemgo bizilagunak Ezekias bizi izan zen artean.

27 Aberastasun eta ospe handiak izan zituen Ezekiasek. Zilar, urre, harribitxi, usainki, babeski eta era askotako gauza baliotsu ugari bildu zuen. 28 Mandioak egin zituen, gari, ardo eta olio-uztak gordetzeko, bai eta ikuiluak ere era guztietako abereentzat, eta eskortak artaldeentzat; 29 abere nahiz artalde ugari baitzuen, Jainkoak ondasun asko eman zionez. Hiriak ere eraiki zituen.

30 Ezekiasek Gihon errekaren goiko irteera estali eta lur azpitik eraman zuen Daviden Hiriaren mendebalderantz.

Ezekiasek ongi burutu zituen bere egintza guztiak.

31 Alabaina, Juda erreinuan izana zen gertakari harrigarriaren berri jakitera, Babiloniako agintariek mandatariak bidali zizkiotenean, Jainkoak Ezekias eskutik utzi bazuen, probatzeko izan zen: nolako asmoak zituen ikusteko.

32 Ezekiasen gainerako jardunak eta egintza errukitsuak «Amotzen Seme Isaiasen Liburuan» eta «Judako eta Israelgo Erregeen Liburuan» daude idatziak.

33 Hil zenean, Daviden ondorengoen hilobietarako aldapa ondoan ehortzi zuten Ezekias. Juda osoko eta Jerusalemgo jendeak hileta ederrak egin zizkion.

Ondorengo erregea haren seme Manases izan zen.

Manasesen erregealdia


33. atala

[aldatu]

1 Hamabi urte zituen Manasesek errege izaten hastean, eta berrogeita hamabost urtez izan zen errege Jerusalemen. 2 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, Jaunak israeldarren aurretik bota zituen herrien ohitura higuingarrien arabera jokatuz. 3 Bere aita Ezekiasek deseginak zituen muinoetako kultu-lekuak berreraiki zituen eta aldareak egin Baalen kulturako; zutoin sakratuak ere egin zituen eta izar guztien aurrean ahozpeztu zen, kultu emanez. 4 Aldareak ezarri zituen Jaunaren etxean, tenplu hartaz Jaunak hau esana zuen arren: «Jerusalem dut neure egoitza betiko». 5 Izar guztien omenez aldareak eraiki zituen Jaunaren etxeko bi atarietan. 6 Bere semeak oparitzat eskaini zituen Ben-Hinom haranean, sutan errez. Igarketa, aztikeria eta sorginkeriatan ibili zen; jarduteko aukera eman zien hilazti eta igarleei. Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen etengabe, Jauna haserrearaziz. 7 Gainera, berak eginiko idoloaren irudia ezarri zuen Jainkoaren etxean, Jainkoak tenpluari buruz Davidi eta beronen seme Salomoni hau esana zien arren: «Tenplu hau eta Israelgo leinu guztien artean aukeratu dudan Jerusalem hiria izanen ditut betierean neure egoitza. 8 Ez dut Israel bere arbasoei eman nien lurraldetik urrun ibilaraziko, baldin eta Moisesen bidez agindu dizkiedan irakaspen, arau eta erabaki guztiak betetzen badituzte». 9 Manasesek, aldiz, okerbideratu egin zituen Judako eta Jerusalemgo bizilagunak, eta antzina Jaunak israeldarren aurretik suntsitu zituen herriek baino askoz okerrago jokarazi zien.

Manases damutua


10 Ohartarazi zituen Jaunak Manases eta bere herria, baina ez zioten aditu. 11 Orduan, Jaunak Asiriako erregearen gudalburuak etorrarazi zituen haien kontra, eta gudalburuek Manases burdinazko gakoz harrapatu, brontzezko bi katez lotu eta Babiloniara eraman zuten. 12 Bere burua halako larrialdian ikusirik, Jauna, bere Jainkoa, baretzen saiatu zen Manases, bere arbasoen Jainkoaren aurrean apal-apal eginez 13 eta berari otoitza zuzenduz. Jaunak onez aditu eta entzun zion eskaria, eta Jerusalemera, bere erreinura, itzularazi zuen. Orduan, Jauna egiazko Jainkoa dela aitortu zuen Manasesek.

14 Jerusalemera itzulirik, altuera handiko harresia eginarazi zuen Daviden Hiriaren kanpoaldetik: Gihon iturriaren mendebaldetik hasi eta, Zedron haranean zehar, Arrain ateraino, Ofel auzategia inguratuz. Eta Judako hiri-gotor guztietan buruzagiak ezarri zituen. 15 Kendu zituen Jaunaren etxetik jainko arrotzak eta idoloa, eta hiritik kanpora bota zituen tenplua zegoeneko mendixkan eta Jerusalemen berak lehen eraikitako aldareak. 16 Eta Jaunaren aldarea berriztaturik, elkartasun- eta esker onezko opariak eskaini zituen bertan, eta Jauna, Israelen Jainkoa, gurtzeko agindu zion Judari. 17 Hala ere, herriak muinoetako kultu-lekuetan opariak eskaintzen jarraitzen zuen, baina Jaunari, bere Jainkoari, bakarrik.

18 Manasesen gainerako egintzak, bere Jainkoari egin zion otoitza eta profetek Jaunaren, Israelen Jainkoaren, izenean eman zizkioten mezuak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. 19 Hark eginiko otoitza eta Jaunak nola entzun zion, nolako bekatu eta makurkeriak egin zituen eta, damutu aurretik, kultu-lekuak, zutoin sakratu eta idoloak zein tokitan eraiki zituen «Ikusleen Kronika» deritzan liburuan daude idatziak.

20 Hil zenean, bere etxe ondoan lur eman zioten Manasesi. Ondorengo erregea haren seme Amon izan zen.

Amonen erregealdia


21 Hogeita bi urte zituen Amonek errege izaten hastean, eta bi urtez izan zen errege Jerusalemen. 22 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, beraren aita Manasesek bezala, eta hark eginiko idolo guztiei opariak eskaini eta kultu eman zien Amonek. 23 Gainera, beraren aita Manases bezala Jaunaren aurrean apaldu ordez, geroz eta okerkeria gehiago egin zuen. 24 Ofizialek, beraren kontra azpilana eginik, hil egin zuten Amon jauregian bertan. 25 Baina herriko jendeak hil egin zituen erregearen aurka jaiki ziren guztiak, eta haren seme Josias izendatu zuen errege, aitaren ordez.

Josiasen erregealdia


34. atala

[aldatu]

1 Zortzi urte zituen Josiasek errege izaten hastean, eta hogeita hamaika urtez izan zen errege Jerusalemen. 2 Jaunari atsegin zaiona egin zuen, bere arbaso Daviden jokabideari denetan jarraituz, ezertan ere okertu gabe.

3 Bere erregealdiko zortzigarren urtean, oraino gazte zelarik, bere arbaso Daviden Jainkoarengana jo zuen. Eta hamabigarren urtean Juda eta Jerusalemdik kultu-lekuak, zutoin sakratuak eta zurezko nahiz metalezko idoloak kentzen hasi zen. 4 Bere begi-bistan botarazi zituen Baalen aldareak, berauen gainean zeuden intsentsu-ontziak hautsiz; zutoin sakratu eta zurezko nahiz metalezko idoloak xehatu eta puskak halakoei sakrifizioak eskaintzen zizkietenen hilobi gainean barreiatu zituen. 5 Sasiapaizen hezurrak, berriz, beraien aldareetan beretan errearazi zituen. Horrela egin zuen Juda eta Jerusalemen garbikuntza. 6 Eta Manases, Efraim, Simeon eta Neftalirainoko herrixketan eta inguruetako lurraldeetan ere 7 aldareak eta zutoin sakratuak bota, idoloak xehe-xehe egin eta intsentsua erretzeko aldareak desegin zituen, eta halaxe Israel lurralde osoan. Ondoren, Jerusalemera itzuli zen.

Josiasek lege-liburua aurkitu


8 Bere erregealdiko hemezortzigarren urtean, lurraldearen eta tenpluaren garbikuntza egin ondoren, Atzaliasen seme Xafani, hiriko gobernari zen Maaseiasi eta Joakazen seme Joah idazkariari Jaunaren, bere Jainkoaren, etxea konpontzeko mandatua eman zien erregeak. 9 Hauek Hilkias apaiz nagusiagana joan eta Jainkoaren etxean bildutako dirua eman zioten. Diru hura Manases, Efraim eta Israelgo beste lurraldeetako jendeak, Juda, Benjamin osoko eta Jerusalemgo jendeak emana zen, eta atezain zeuden lebitarrek jasoa. 10 Jaunaren etxeko konponketen arduradunei eman zieten dirua; hauek, berriz, tenplua konpontzen eta berritzen ari ziren langileei. 11 Zurginei eta igeltseroei ere eman zieten, harlanduak eta zura eros zitzaten, habeak egiteko eta Judako erregeek hondatzen utzi zituzten eraikuntzen hormak eta habeak berritzeko.

12 Zintzo ari ziren langile haiek lanean. Merariren ondorengoetako Jahat eta Obadias, eta Kehaten ondorengoetako Zakarias eta Mexulam lebitarrak ziren lan haiek zuzentzeko arduradunak. Musika-tresnak jotzen zekitenez, lebitarrek 13 gidatzen zituzten eramaileak eta zuzentzen gainerako langileak. Beste lebitar batzuk idazkari ziren, begirale nahiz atezain.

14 Behinola, Jaunaren etxerako emana zen dirua ateratzen ari zirelarik, Jaunak Moisesi emaniko lege-liburua aurkitu zuen Hilkias apaizak. 15 Hilkiasek esan zion Xafan idazkariari: «Lege-liburua aurkitu dut Jaunaren etxean». Eta Xafani eman zion Hilkiasek liburua. 16 Xafanek, liburua erregeari eramanez, lanen berri eman zion, esanez:

-Ari dira egiten zure zerbitzariak agindu zaien guztia. 17 Atera dute Jaunaren etxean zegoen dirua eta eman diete lan-arduradunei eta langileei.

18 Ondoren, esan zion Xafan idazkariak erregeari:

-Hilkias apaizak liburu hau eman dit.

Eta Xafanek irakurri egin zuen liburua erregearen aitzinean.

Josiasek Hulda profetesari kontsulta


19 Lege-liburuak zioena aditzean, bere jantziak urratu eta 20 agindu hau eman zien Hilkiasi, Xafanen seme Ahikami, Mikaren seme Abdoni, Xafan idazkariari eta erregearen ministrari zen Asaiasi:

21-3524 azte eta kontsulta egin Jaunari nire izenean, Israelen bizirik gelditutakoen eta Judakoen izenean, aurkitu duten liburu honek dioenaz. Izan ere, haserre bizitan egon behar du Jaunak gurekin, gure arbasoek Jaunaren hitzari kasurik egin ez diotelako eta liburu honetan idatzia bete ez dutelako.

22 Orduan, Hulda profetesagana joan ziren Hilkias eta erregeak izendatutako besteak. Profetesa hura Jerusalemgo auzategi berrian bizi zen. Haren senar Xalum, Tokhaten seme eta Hasraren biloba, tenpluko jantzien arduraduna zen. Adierazi zioten arazoa Huldari, 23 eta honek erantzun zien:

-Hau dio Jaunak: «Esaiozue bidali zaituztenari 24 hau diodala nik, Jaunak, Israelen Jainkoak: <Judako erregearen aurrean irakurri duten liburuko hitzek adierazitako madarikazio guztiak betez, hondamendia bidaliko dut toki honetara eta bertan bizi direnen gainera. 25 Baztertu nautelako, jainko arrotzei intsentsua erre dietelako eta idoloak eginez iraindu nautelako, sutu egin zait haserrea toki honen kontra, eta ez zait itzaliko>. 26 Baina Jaunari kontsulta egitera bidali zaituzten Judako erregeari esaiozue hau diodala nik, Jaunak, Israelen Jainkoak, entzun dituzun hitzei buruz: 27 Entzun duzu nik toki honetan bizi direnen kontra esan dudana. Horregatik, zure bihotza bigundu egin da eta apaldu egin zara nire aurrean. Nire aurrean apaldu zarelako, zeure jantziak urratu eta negar egin duzulako, nik ere entzun dizut. Hala diot nik, Jaunak. 28 Beraz, toki honetara bidaliko dudan hondamen hori ikusi baino lehen zeure arbasoengana bilduko zaitut, eta bakean ehortziko zaituzte zeure hilobian».

Hala, mandatariek erregeari eraman zioten erantzun hori.

Josiasek eta herriak ituna egin Jainkoarekin


29 Orduan, Judako eta Jerusalemgo arduradun guztiak bil zitezen agindu zuen erregeak. 30 Gero, bera Jaunaren etxera igo zen, Judako eta Jerusalemgo bizilagun guztiak berekin zituela: apaizak, lebitarrak eta jende guztia, handi nahiz txiki. Eta Jaunaren etxean aurkituriko itun-liburuak dioen guztia irakurri zien erregeak ahots handian. 31 Ondoren, oholtzaren gainean zutik, erregeak Jaunarekiko ituna berritu zuen: jarraituko ziotela Jaunari eta beteko zituztela bihotz-bihotzez eta gogo handiz haren agindu, burubide eta arauak, eta beteko zituztela liburu hartan idatziak zeuden itun-arau guztiak. 32 Jerusalemen zeuden guztiei, bai eta Benjamingoei ere, onartarazi egin zien itun hura. Ordudanik, Jerusalemgo bizilagunek Jainkoarekin, beren arbasoen Jainkoarekin, egina zuten itunaren arabera jokatu zuten.

33 Ondoren, israeldarren lurraldean zeuden idolo higuingarri guztiak desagerrarazi zituen Josiasek, eta Israelen bizi zirenek Jauna, beren Jainkoa, gurtu zezaten ahalegindu zen. Josias bizi izan zen bitartean ez ziren urrundu Jaunarengandik, beren arbasoen Jainkoarengandik.

Josiasek Pazkoa ospatu


35. atala

[aldatu]

1 Josiasek Pazkoa ospatu zuen Jerusalemen, Jaunaren ohoretan. Lehen hilabeteko hamalauan Pazko-bildotsa hil zuten. 2 Apaizak beren eginkizuna betetzera bultzatu zituen Josiasek, eta Jaunaren etxean zerbitzua egin zezaten suspertu. 3 Eta Israel osoari irakatsi ohi zioten, eta Jaunarentzat sagaratuak zeuden lebitarrei esan zien Josiasek: «Zerbitza ezazue Jauna, zeuen Jainkoa, eta Israel herria. Aurrerantzean ez duzue kutxa sakratua bizkarrean eraman beharrik izango, zeren eta Israelgo errege eta Daviden seme izan zen Salomonek eraikitako tenpluan ezarria baitago jadanik. 4 Antola zaitezte senitarteka zeuen eginkizunen arabera, Israelgo errege Daviden eta beronen seme Salomonen idatzietan agindua dagoenez. 5 Jar zaitezte tenpluan zeuen senide dituzuen herritar guztien zerbitzura. Lebitarron senitarte bakoitzak lagun diezaiola herriko senitarte-talde bati 6 Pazko-bildotsa hiltzen. Egin ezazue zeuen buruaren garbikuntza, eta lagundu zeuen senide israeldarrei Pazkoa ospatzen, Moisesen bidez Jaunak agindutakoaren arabera».

7 Josias erregeak, bere ondasunetatik, hogeita hamar mila bildots eta antxume eman zizkien han ziren herritar guztiei, Pazko-opariak eskain zitzaten, eta beste hiru mila idi ere bai. 8 Erregearen ministrariek ere abere ugari eman zieten bai jendeari, bai apaiz eta lebitarrei ere. Jainkoaren etxeko arduradun ziren Hilkiasek, Zakariasek eta Jehielek ere bi mila eta seiehun Pazko-bildots eta hirurehun idi eman zizkieten apaizei Pazko-oparitarako. 9 Lebitarburu ziren Konaniasek eta beronen senide Xemaiasek eta Netanelek, bai eta Haxabiasek, Jeielek eta Jozabadek ere bost mila bildots eta bostehun idi eman zizkieten lebitarrei Pazko-oparitarako.

10 Pazko-ospakuntza honela eratu zuten: apaizak beren tokietan jarri ziren, bai eta lebitarrak ere beren mailen arabera, erregeak agindu bezala. 11 Pazko-bildotsak hil ondoren, apaizek, lebitarren eskuetatik hartutako odola zirtatu egiten zuten; bitartean, lebitarrek larrutu egiten zituzten eskainitako abereak. 12 Senitarteka harturik, zegokien zatia herritarrei eman ondoren, aparte jartzen zuten Jaunari erre-oparitzat eskaini beharrekoa, Moisesen liburuan idatzia dagoen bezala, eta hori bera egiten zuten idiekin. 13 Gero, erre zuten Pazko-bildotsa, agindua dagoen bezala, eta gaineratiko eskaintzak eltze, pertz eta lapikoetan egosi eta herritarren artean banatu zituzten arretaz. 14 Ondoren, berentzat eta apaizentzat prestatu zuten lebitarrek Pazko-afaria; izan ere, Aaronen ondorengo ziren apaizek arratsera arte jardun zuten opariak eta gantzak erretzen. 15 Asafen ondorengo ziren kantariek beren lanean jardun zuten, Davidek, Asafek, Hemanek eta erregearen profeta zen Jedutunek agindutakoaren arabera. Atezainak ere beren tokietan egon ziren. Ez zuten beren zerbitzua utzi beharrik izan, beraien kideko ziren lebitarrek prestatu baitzieten haiei ere Pazko-afaria.

16 Horrelaxe eratu zen egun hartan Jaunaren zerbitzua Pazkoa ospatzeko eta Jaunaren aldarean erre-opariak eskaintzeko, Josias erregeak agindu bezala. 17 Egun hartan, han ziren israeldarrek Pazko Jaia ospatu zuten eta, gainera, Legamigabeko Ogien Jaia zazpi egunez. 18 Ez zen Israelen halako Pazko Jairik inoiz ospatu izan Samuel profetaren egunez geroztik. Israelgo errege batek ere ez zuen ospatu izan Josiasek ospatu zuena bezalako Pazko Jairik, apaizak, lebitarrak, Juda eta Israel osoko eta Jerusalemgo bizilagunak bertan zirelarik. 19 Bere erregealdiko hemezortzigarren urtean ospatu zuen Josiasek Pazko Jai hura.

Josiasen erregealdiaren bukaera


20 Honen guztiaren ondoren, Josiasek tenplua berriztatua zuelarik, Egiptoko Neko erregea Eufrates ibai ondoan zegoen Karkemix hiriari erasotzera etorri zen. Josiasek aurre egin zion, 21 baina Nekok mezulariak bidali zizkion esatera: «Ez dugu deus ere elkarren kontra, Judako errege. Ez nator zure kontra, gerra egiten ari zaidan beste errege-etxe baten kontra baizik. Bizkor ibiltzeko esan dit Jainkoak. Ez jarri zuk eragozpenik Jainkoari, neure alde baitut; bestela, hondatu egingo zaitu».

22 Josiasek, ordea, ez zuen atzera egin, egiptoarraren kontra borrokatzeko egokieraren bila baitzebilen. Jainkoaren eraginez, Nekok eman zion oharra aditu gabe, Megidoko lautadan guduari ekin zion Josiasek. 23 Arkulariek geziak jaurtiki eta zauritu egin zuten Josias. Orduan, esan zien erregeak bere zerbitzariei: «Atera nazazue hemendik, larriki zauritua nago eta». 24 Zerbitzariek erregea bere gudu-gurditik hartu, beste gudu-gurdi batera igo eta, Jerusalemera eraman zuten. Han hil zen, eta bere arbasoen hilobian ehortzi zuten. Juda eta Jerusalem osoak egin zuen dolu Josiasengatik. 25 Jeremias profetak negar-kanta bat egin zuen Josiasi buruz. Gizon-emakume kantari guztiek aipatzen dute gaurdaino Josias beren negar-kantuetan. Ohitura bihurtu da hori Israelen. «Negar-Kantak» izeneko liburuan daude idatzirik.

26 Josiasen gainerako jardunak, Jaunaren legea betetzeko izan zuen leialtasuna 27 eta beste egintzak, lehenengotik azkenekora, «Israel eta Judako Erregeen Liburuan» daude idatziak.

Josiasen ondorengo erregeak


36. atala

[aldatu]

1 Herriko jendeak Josiasen seme Joakaz izendatu zuen errege, aitaren ordez. 2 Hogeita hiru urte zituen Joakazek errege izaten hastean, eta hiru hilabetez izan zen errege Jerusalemen. 3 Egiptoko Neko erregeak Jerusalemgo errege izatea Joakazi kendu eta zerga ezarri zion herriari: hiru mila kilo zilar eta hogeita hamabost kilo urre ordaindu behar zuten. 4 Egiptoko erregeak Joakazen anaia Eliakim ezarri zuen Judako eta Jerusalemgo errege; baina izena aldatu zion, Joiakim deituz. Joakaz, berriz, Egiptora eraman zuen preso.

5 Hogeita bost urte zituen Joiakimek errege izaten hastean, eta hamaika urtez izan zen errege Jerusalemen. Jaunari, bere Jainkoari, atsegin ez zaiona egin zuen. 6 Babiloniako Nabukodonosor erregeak eraso eta, brontzezko bi katez loturik, Babiloniara eraman zuen. 7 Jaunaren etxeko zenbait ontzi ere eraman zuen Nabukodonosorrek Babiloniara, eta bertan zuen jauregian ezarri. 8 Joiakimen gainerako jardunak, egin zituen gauza higuingarriak eta gertatu zitzaiona «Israel eta Judako Erregeen Liburuan» daude idatziak. Hurrengo erregea haren seme Joiakin izan zen.

9 Zortzi urte zituen Joiakinek errege izaten hastean, eta hiru hilabete eta hamar egunez izan zen errege Jerusalemen. Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen. 10 Hurrengo urtean, Nabukodonosorrek talde bat bidali zuen, Joiakin preso hartu eta, Jaunaren etxeko zenbait ontzi ederrekin batera, Babiloniara eraman zezaten. Joakinen ordez, beraren osaba Sedekias ezarri zuen Nabukodonosorrek Judako eta Jerusalemgo errege.

Jerusalemen hondamena


11 Hogeita bat urte zituen Sedekiasek errege izaten hastean, eta hamaika urtez izan zen errege Jerusalemen. 12 Jaunari, bere Jainkoari atsegin ez zaiona egin zuen. Eta Jeremias profetak Jaunaren izenean hitz egin zion arren, Sedekias ez zen apaldu. 13 Gainera, Nabukodonosor erregearen kontra jaiki zen, leial izango zitzaiola Jainkoaren izenean zin egina zion arren. Setatsu izan zen eta ez zuen inola ere Jaunarengana, Israelen Jainkoarengana, itzuli nahi izan. 14 Apaizburuek eta herriak ere okerkeria okerkeriaren gainean egiten zuten, arrotzen ohitura higuingarriak hartuz. Jaunak Jerusalemen beretzat sagaratua zuen tenplua ere kutsatu egin zuten. 15 Jaunak, beren arbasoen Jainkoak, etengabe egin zizkien oharrak bere mezularien bidez; izan ere, errukia baitzien bere herriari eta bere egoitzari. 16 Baina haiek Jainkoaren mezulariei iseka egin, beraien esanak gutxietsi eta barre egiten zieten profetei. Jaunak bere herriaren kontra zuen haserrea gainez egiteraino handitu zen eta ez zen salbabiderik izan. 17 Orduan, Jainkoak etorrarazi zuen Babiloniako erregea jende haren kontra, eta hark hango gazteak ezpataz hil zituen tenpluan bertan; ez zien barkatu ez mutilei, ez neskei, ez zaharrei, ez agureei: Jainkoak dena haren esku utzi zuen. 18 Jainkoaren etxeko tresnak, handiak nahiz txikiak, tenpluko eta jauregiko altxorrak, bai eta buruzagienak ere, Babiloniara eraman zituen denak. 19 Gero, Jainkoaren etxea erre, Jerusalemgo harresia bota eta su eman zien jauregiei eta bertako gauza ederrei, dena hondatuz.

20 Bizirik geldituak Babiloniara erbesteratu zituen. Han erregearen eta beronen ondorengoen esklabo izan ziren, harik eta pertsiarren erregealdia etorri zen arte. 21 Horrela bete zen Jaunak Jeremias profetaren ahoz esana: «Hirurogeita hamar urtez egongo da utzia lurralde hau, hondamenaldi osoan zehar, Jaunari ukatu zizkioten atseden-urteak bete arte».

22 Pertsiako errege Ziroren lehen urtean, Jeremias profetaren ahoz iragarria bete zuen Jaunak. Eta berak eraginda, Pertsiako errege Zirok, hitzez eta idatziz, bere erreinu osoan agindu hau zabaldu zuen: 23 «Hau agintzen du Pertsiako errege Zirok: Lurreko erreinu guztiak eman dizkit Jaunak, zeruetako Jainkoak, eta Judako Jerusalemen berari tenplua eraikitzeko agindu dit. Beraz, zuen artean haren herriko diren guztiak igo bitez hara, beren Jainkoa lagun dutela!»