←1 Timoteori | Biblia 2 Timoteori |
Titori→ |
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea |
TIMOTEORI BIGARREN GUTUNA
Agurra
1. atala
[aldatu]1 Nik, Paulok, Jainkoak hala nahirik, Kristo Jesusen bidez agindu zaigun bizia iragartzeko Jesu Kristoren apostolu naizen honek,
2 zuri idazten dizut, ene seme maite Timoteo. Jainko Aitak eta Kristo Jesus gure Jaunak eman biezazkizute grazia, errukia eta bakea.
Jainkoari eskerrak
3 Eskerrak ematen dizkiot, arbasoen irakatsiei jarraituz bihotz garbiz zerbitzatzen dudan Jainkoari, eta gogoan zaitut etengabe, gau eta egun, neure otoitzetan.
4 Zure malkoez oroitzean, zu ikusteko irrikaz nago, pozez bete nadin.
5 Izan ere, gogoan dut zuk duzun zinezko fedea, lehenik Loide zure amonak eta Eunize zure amak izan zuten fede bera; ziur nago zuk ere baduzula.
Ebanjelioarekiko leial
6 Horregatik gogorarazten dizut indarberri dezazula nik eskuak ezartzean Jainkoak eman zizun dohaina,
7 Jainkoak ez baitigu beldurti egiten gaituen espiritua eman, indarra eta maitasuna ematen eta geure buruaren jabe egiten gaituen espiritua baizik.
8 Ez izan, bada, gure Jauna aitortzeko lotsarik; ez lotsatu nitaz ere, harengatik kartzelan dagoen honetaz; bestela baizik, Jainkoaren indarraz fidaturik, sufri ezazu nirekin batera berrionaren alde.
9 Jainkoak salbatu gintuen eta bere herri santu izatera dei egin zigun, ez gure egintzengatik, berak hala erabakia zuelako baizik, eta mende guztiak baino lehen Kristo Jesusengan onginahiz maite izan gaituelako.
10 Onginahi hau orain agertu da, Kristo Jesus gure Salbatzailea munduan agertzean; honek heriotza ezereztu du eta biziaren eta hilezkortasunaren argia zabaldu, berrionaren bidez.
11 Berrion horren oihulari, apostolu eta irakasle egin nau Jainkoak.
12 Hori da nire sufrimenduen arrazoia; baina ez naiz lotsatzen, badakit-eta nortaz fidatu naizen, eta ziur nago baduela hark indarrik nire esku utzi duen fede-gordailua azken egunera arte zaintzeko.
13 Har itzazu jarraibidetzat, Kristo Jesusengan oinarritzen diren sinesmen eta maitasunari buruz niregandik entzun dituzun hitz osasungarriak.
14 Zaindu gordailu eder hau, guregan bizi den Espiritu Santuaren indarraz.
15 Badakizu, Asiako probintziako guztiek utzi egin nindutela, hauen artean Figelok eta Hermogenesek.
16 Errukiz har ditzala Jaunak Onesiforo eta beronen etxekoak, askotan indaberritu bainau honek eta ez da nire kateez lotsatu;
17 bestela baizik, Erroman izan zenean, nire bila ibili zen arretaz, aurkitu ninduen arte.
18 Eman biezaio Jaunak auzi-egunean bere errukia iristea. Eta inork baino hobeto dakizu zenbateko laguntza eman zidan Efeson ere.
Jesu Kristoren soldadu ona
2. atala
[aldatu]1 Zu, beraz, ene seme, sendo zaitez Kristo Jesusengandik hartutako dohainaz.
2 Testigu askoren aurrean niri entzun zenidana, aholkatu zeuk, besteei ere irakasteko gai izango diren gizon fidagarriei.
3 Hartzazu parte nirekin sufrimenduetan, Kristo Jesusen soldadu onari dagokionez.
4 Soldadutzan dagoena ez da bizitza zibileko gorabeheratan nahasten, soldadutzara deitu duenari atsegin eman nahi badio.
5 Atletari ere ez diote saririk ematen, jokoaren legeen arabera lehiatzen ez bada.
6 Lanean ahalegindu den nekazariak behar du izan lehena uzta-biltzean.
7 Hartu gogoan esaten dizudana: Jaunak ulertaraziko dizu guztia.
8 Gogoan izan Jesu Kristo, Daviden jatorritik sortua, hilen artetik piztua. Hau da nik irakasten dudan berriona,
9 eta honengatik nago neketan, gaizkile bezala katez lotua; baina Jainkoaren hitza ez dago katez lotua.
10 Horregatik, dena jasaten dut Jainkoak aukeratu dituenen onerako, horiek ere guk Kristo Jesusengan dugun salbamena eta betiko aintza irits ditzaten.
11 Sinesgarria da doktrina hau:
Harekin hiltzen bagara,
harekin biziko gara;
12 harekin sufritzen badugu,
harekin izango gara errege;
ukatzen badugu,
hark ere ukatu egingo gaitu;
13 gu leialak ez bagara ere,
hark leial dirau,
ez baitezake bere burua uka.
Langile frogatua
14 Gogora iezaiezu hau eta eskatu, arren, Jainkoaren izenean, ez daitezela hitzei buruzko eztabaidatan nahas, hori ez baita on ezertarako, entzuten dituztenen hondamendirako baino.
15 Saia zaitez Jainkoaren aurrean onesgarri agertzen, zertan lotsaturik ez duen langilea bezala, egiaren mezua zuzen irakasten duena bezala.
16 Utz itzazu berriketa hutsalak, horietara emanak gero eta gehiago aldentzen baitira benetako erlijiotik.
17 Horrelakoen irakatsia minbizia bezala hedatzen da; horietakoak dira Himeneo eta Fileto.
18 Egiatik okertu egin dira, piztuera jadanik gertatu dela baitiote, horrela batzuen sinesmena galbidean jarriz.
19 Hala ere, Jainkoak ezarritako oinarri sendoak tinko dirau eta idazkun hau darama: Ezagutzen ditu Jaunak bereak dituenak, eta, «Ihes egin beza gaiztakeriatik Jainkoaren izenari dei egiten dionak».
20 Etxe handi batean ez dira izaten urrezko eta zilarrezko ontziak bakarrik, bai eta zurezkoak eta buztinezkoak ere; batzuk baliotsuak dira, beste batzuk, berriz, arruntak.
21 Beraz, bere burua esandako gauzetatik garbi gordetzen duena ontzi baliotsua izango da, Jainkoarentzat sagaratua, Jaunarentzat baliagarria eta edozein eginkizun onetarako aproposa.
22 Egin ihes gaztaroko grinetatik, eta saia zaitez justizian, sinesmenean, maitasunean eta bakean, Jaunari bihotz garbiz dei egiten diotenekin batera.
23 Alde egizu eztabaida zoro eta zentzugabeetatik, badakizu-eta horiek sesioak sortzen dituztela.
24 Jaunaren zerbitzariak, ordea, ez du sesiotan ibili behar, baizik eta bihozbera izan guztientzat, irakasteko trebe, jasankor,
25 aurka jartzen direnak gozotasunez zentzatzen dakiena. Nork daki Jainkoak ez ote dien bihozberritzea emango, egia ezagut dezaten,
26 eta ez ote duten ihes egingo bere nahira makurtuak dituen deabruaren sareetatik?
Azken egunetako jendea nolakoa
3. atala
[aldatu]1 Jakin behar duzu, azken egunetan une latzak izango direla.
2 Izan ere, gizakiak berekoi, diruzale, harro eta handiputz izango dira; biraolari, gurasoentzat errebelde, esker txarreko eta erlijioaren aurkako;
3 bihotz-gogor, anker, gaizki-esale, lizun, basati eta onaren etsai;
4 traidore, ausartegi eta itsu, Jainkoaren baino atseginen maitaleago.
5 Itxuraz erlijiozale agertuko dira, baina ukatu egingo dute erlijioaren benetako indarra. Alde egizu horrelakoengandik!
6-7 Horien artean badira batzuk, etxeetan sarturik, bekatuz beteak eta era askotako grina txarren menpe dauden emakume kaxkarinak liluratzen dituztenak; emakume horiek jakin-minez daude beti, baina ez dira inoiz egiaren ezagutzara iristeko gauza.
8 Janes eta Jambres aztiak Moisesen aurka jarri ziren bezalaxe, liluratzaile hauek ere, buru usteleko jendea eta sinesmenean porrot egina baita, egiaren aurka jartzen dira.
9 Baina ez dira urrutira helduko, argi ikusiko baitute denek horien zentzugabekeria, antzinako aztiekin gertatu zen bezala.
Tinko iraun
10 Zuk, ordea, hurbiletik jarraitu diezu nire irakaspen eta bizierari; zeure egin dituzu nire asmo, sinesmen eta pazientzia, nire maitasun eta eramanpena,
11 Antiokian, Ikonion eta Listran jasan behar izan nituen bezalako erasoaldi eta sufrimenduak. Nolako erasoaldiak jasan ditudan, eta guztietatik atera nau Jaunak!
12 Era berean, Kristo Jesusen jarraitzaile zintzo bezala bizi nahi duten guztiek ere izango dituzte, bai, erasoaldiak.
13 Gizaki gaizto eta gezurtiak, berriz, gero eta okerrago ibiliko dira, besteak eta beren buruak engainatuz.
14 Zuk, ordea, iraun ezazu tinko ikasi eta egiatzat onartu duzun guztian; hartu gogoan norengandik ikasia duzun
15 eta Liburu Santuak umetandik ezagunak dituzula. Liburu Santuek emango dizute Kristo Jesusenganako sinesmenaren bidez salbamenera daraman jakinduria.
16 Liburu Santuetan idatzirik dagoen guztia Jainkoak inspiratua da, eta irakasteko, arrazoiak emateko, okerrak zuzentzeko eta biziera zuzenean hezteko baliagarria;
17 horrela, Jainkoaren gizona guztiz hornitua gertatzen da, edozein eginbehar onetarako prest.
Berriona zabaltzeari ekin
4. atala
[aldatu]1 Jainkoaren aurrean eta, errege bezala agertuz, biziak eta hilak epaitzera etorriko den Kristo Jesusen aurrean erregutzen dizut:
2 hots egin Jaunaren hitza, ekin garaia denean eta ez denean, eman arrazoiak, zentzarazi eta eman adore, zeure pazientzia guztia eta irakasteko gaitasuna erabiliz.
3 Etorriko baita gizon-emakumeek irakaspen osasungarria jasango ez duten garaia: beren grinen eraginpean, maisuz inguratuko dira, berauei entzuteko irrikaz;
4 egiatik saihestuko dituzte belarriak eta ipuinetara bihurtuko.
5 Zu, ordea, izan neurritsu gauza guztietan, eraman sufrimenduak, ekin berriona zabaltzeari, bete ongi zeure zerbitzua.
Paulo hiltzeko zorian
6 Ni neu, neure bizia opari eskaintzeko zorian nago; gainean dut mundu honetatik abiatzeko ordua.
7 Borroka ona egin dut, bukatu dut lasterketa, gorde dut sinesmena.
8 Dagoeneko zain daukat garaipenaren koroa, Jaunak, epaile zuzenak, azken egunean emango didana; eta ez niri bakarrik, bai eta haren aintzazko etorrera maitasunez itxaro duten guztiei ere.
Timoteorentzako aginduak
9 Zatozkit lehenbailehen,
10 Demasek utzi egin bainau: nahiago izan ditu mundu honetako gauzak, eta Tesalonikara joan da; Kreszente, berriz, Galaziara joan da eta Tito Dalmaziara.
11 Lukas bakarrik dago nirekin. Har ezazu Markos eta ekarri zeurekin, lanerako oso ona baitut.
12 Tikiko Efesora bidali dut.
13 Hona etortzean, ekar ezazu Troaden, Karporen etxean, utzi nuen soingainekoa, bai eta liburuak ere, batez ere pergaminoak.
14 Alexandro errementariak kalte handia egin dit; Jaunak ordainduko dio bere jokabidearen arabera.
15 Kontu izan zuk ere horrekin, gogor jarri baitzen gure irakatsien kontra.
16 Nire auziko lehenengo defentsan ez zen inor atera nire alde; bakarrik utzi ninduten denek; Jainkoak ez diezaiela kontuan har.
17 Baina Jauna neurekin izan nuen eta indartu egin ninduen, nire bidez mezua oso-osorik iragarria izan zedin eta jentil guztiek entzun zezaten; berak atera ninduen lehoiaren ahotik.
18 Jaunak aterako nau gaitz guztietatik eta salbamena emango bere zeruko erreinuan. Berari aintza menderen mendetan. Amen.
Azken agurra
19 Agurtu Priska eta Akila, bai eta Onesifororen etxekoak ere.
20 Erasto Korinton gelditu zen; Trofimo gaixorik utzi nuen Mileton.
21 Saia zaitez negua baino lehen etortzen.
Eubulok, Pudentek, Linok, Klaudiak eta senide guztiek agurtzen zaituzte.
22 Jauna zurekin. Jainkoaren grazia zuekin.
\z