Garoa - Auleria

Wikitekatik
Jump to navigation Jump to search

X. Auleria
pages 200-214

X.

AULERIA


Urkiolan ikusi genduanetik urrengo neguan guztiz aunatua idorotzen zan gure Joanes. Orduan bai zarra gizagaixoa, orduan bai aula!
Burua, Abenduan Aralar gaña bezela zuri, zillarrezko ari albañu luzez jantzia ikusten zitzaion; kopet andi zabala, itxas ertzeko ondarraren antzera, lerroz ta zimurrez betea agiri zuan; besoak txito adoregabeak zeuzkan; ankak zerbait indarge ta sorrak; belarriak naikua gor ta motelak; soin guztia makilla baten gañean eroria zerabillen. Nekez ta laburrak ziran Joanesen oinkadak, gutxi entzuten zuan, ia etzuan ezer ikusten. Pipiak jotako abea zirudian, zedenak jandako zura. Bai, urtien pipiak eta lanaren zedenak jango eztuan gauzarik ezta jaio.
Elurte baten galdu zan geiena. Azaroaren erdi aldera, uste baño lenago agertu zan negua, ta Zabaleta baserrikoak, done Zizilli goizean, Oñati alde guztia elurrez txotildurik arkitu zuten Lurrik etzan iñon agiri: bide lerroak, bete betean ostenduak zeuden; zelaiak, koska ta utsune gabe, aspaldikorik laban, guri ta bikañenak: soroak, naiz ta beren jantzi garbia txotx, printza, mallasto buruz or ta emen urratua iduki, gutxitan bezela lau ta txukunak; sasidi ta otariak, estalki lodi azpian zearo gordeak; urki, gorosti, txillar ta isatsak, geiegizko zamapean nai ta naiez auspezturik, eta pago, arte, aritz, gaztañak, zein baño zein naroago, adar bakoitzean, kima bakoitzean, elur zerrenda samur kizkurrez arro arro apainduak. Dana zegoan zuri, eder, leun ta limuri, bada eder ta leuntzallea da beti elurra: etxeaurreko osintxoa, soro-arteko luebakia ta errekastoen aria bakarrik ikusten ziran illun ta itxusi, iñoiz baño beltzago ta itxusiago.
Ta elur erortzea etzan bukatu. Oinbete lodi bazegoan, ta mara mara zetorren zeru goibeletik bera, aldeka, okerka ta astiro, mitxeletazko euri bigun ikusgarriaren itxuretan.
Aizan elurra galanki, gelditu gabe aizan, ta mendian zeuden oraindik ardiak eta moxalak, Joseren agindupean.
—Ene badata! Zer egingo du orain gure Josek? Emen onenbesteko elurra danean, Urbian gerrirañokoa bada —zioten emakume izutuak.
—Manuel, deituiok osabari: Jose Ramon, bituitzak lagun batzuk eta azkar danok Urbiara, azkar baña —agindu zuan Joanesek.
—Zazpirak aldean erten zuten gizonak Urbiaruntz. Zabaletako nagusiak etxeko larrañetik ikusi zituan nola zijoazen errenkadan, bein bat aurretik eta gero bestea, besoen indarrez bideak idikiaz, ta nola ezkutatu ziran basoan gora, elur malotan barruna.
—Gauza ez ni oien burutzat joateko —esan zuan.
Ta Pedro Antonek:
—Guk ere beste orrenbeste bagenkian egiten lenago. Gaur gaztien txandea da.
—Jaungoikoak lagundu daiotela.
Andreak arrenetan abiatu ziran, ta Joanesek etzekian zer esan, zer egin ta zer nori agindu. Luze joan zitzaizkon egunaren orduak Orain ukulluan sartu, orain sukaldean aurkeztu, beti ere Santa Maria ezpañetan zuala atarira erten, beti ere alde batetik edo bestetik zeru beltza ikusi, artega ta kuperea ibilli zan luzaro.
Jo zuten amarrak, jo zuten amabiak, jo zuten ordubiak, eta etzan mendikoen berririk.
Irurak aldean, artzai zarra, auzora balijoa bezela, atera zan mendiruntz iñori ezer esan gabe. Bai zori txarrean. Gogo aña kemen izan balu, laster elduko zan lagunakana: baño lengo kemenik etzuan errukarriak, eta elur marduletan drist eta draust, or txirrist eta emen larrapast, bisutsetan ia itxuturik, zurrunbilloan arnasarik artu ezinda, laster unatu zuan nekeak, bereala etsi zuan aitonak eta ezker-eskui, aurrera ta atzera begiratu larri bat egiñaz, bide bazterrean eseri zan eriotzearen zai... Lauterdietan idoro zuten menditik bera zetozenak, otzituta idoro zuten, gogortuta, itzik ere gabe, ta arratsalde artan etzan il Zabaletako jauna eskerrak bere semien igortziai, eskerrak oe bigunari, ur goriari, erari on irakiñari, etxeko guztien arreta zindoari. Baño berotasun andiak igaro zituan, gaixorik iduki zuten, ta oetik jaikita gero ere, alegin guztiak eginda ere, Joanes etzan geiago lengoa izan Ordutik auleria.
Baño gorputza lotua ta abaildua gelditu bazitzaion, ez orratik bere anima: anima beñere baño argiago, biziago ta azkarragoa zeukan. Joanesen oroimenak iñoiz ez bezela gogoratzen zituan bere gaztetako urte alaiak, Joanesen adimenak egundaño ez bezela ezagutzen zituan Jaunaren betiko egi sakonak, Joanesen biotzak beñere baño samurrago ta zintzoago maitatzen zuan Jaungoiko Egille Altsua...
Sutondoko zizaillu zarrean jarrita, arbasten gar biziari edo enporra miazkatzen zuan urrezko su-mingañari begira, bakarrik gelditzen zanean, o nolako samin gozoz oroitzen zitzaizkon bere bizitzako gertaera guztiak, ume koskorra izan zanetik agure mekoa zan arteraño! Lendabiziko giza-jantzia, lendabiziko errira jeistea, lendabiziko mendira igotzea, arako mutil-jolasak, urte askotako San Migelak, ezkontza aurreko egun eztiak, bere semien jaiotorduak, illobatxoen etorrera pozgarria... dena zirudian atzo goizekoa, dena zeukan bere ondoan, dena zekarkion irudimenak bertara, ekaitz aurreko egoaizeak urrutiko lur ta mendiak guganatzen dituan gisara Izan ere atzo ta gaur, uda ta negua, gaztetasuna ta zartzaroa eztaude alkarren urruti; gizonaren goiz ta illuntzea dirala esan geinke, txanpon baten arpegi biak bezela zerizkion Joanesi.
O zein garbiro erakusten zion adimenak gizonaren ezereza Jaungoikoaren betikotasuna gogoratzean! Bera, Joanes, sortu baño len, askozaz lenago, Jaungoikoa bazan, eder, andi, altsu, zorioneko, gauza guztien egille ta zaintzalle; bera, Joanes, eriotzara urreratu zanean, Jaungoikoa lengo lengoa gelditzen zan, altsu, andi, eder, zorioneko. Ta era berean billatuko zuten Joanesen ondorengoak eta era berean utziko zuten, bada orrela zan ta izango zan, beti altsu, beti berdin; asierarik gabe asiera guztien iturri; azkenik etzeukala, azken guztien bukaera ta goen.
Zein maitagarria azaltzen zitzaion Joanesen biotzari Jesus Jaungoikoaren irudia! Jesus gizonen Artzaia zan, ardi galduakgatik bizitza eman zuan Artzai Ona ta Zabaletako etxejaunaren adiskide andia. Sarri egon zan au, Aitzgorri gañeko elizatxoan, Gurutzean josiari eskariak egiñaz; sarritan agertu zizkion, paduko bakartadean, animaren naigabe ta ipui ezkutuak; etzan egundaño adiskide bien maitetasuna urratu, etzan beñere Jesusen irudia Joanesen biotzetik aldendu, ta askotan, txist askotan esan zion mendian, zelaian, elizan ta etxean: «Urbiako artzaien Artzaia, gorde gaitzazu; zaintzu zadazu nere etxea, zaindu zazu, arren, gure Euskalerria».
Adiskide andi ura ainbat lasterren arpegiz arpegi ikusteko leia erne zitzaion, ta orretarako gertatua zegoan, oso gertatua.
Orratik ere gauza bat nai zukean lenago, Jaunaren oldea bazan: bere seme ta illoba guztiakin Gabonak igarotzea. Azkarragakoak nola zeuden bazekian: ondatuta. Iñazio Mari etzan ezeren jabe, ta bere mutilla, Martin, Somorrostrora biraldu zuan zerbait irabaztera: Somorrostrora mutilla ta bazterrak erabiltzeko naikoa indarrik ez etxean! Gaztelerrikoen albisteak ere bazituan, albiste onak. Aberastuta bizi omen ziran, seme bat zuten, azi samarra, argia, pizkorra, sendakintzarako ikasten aizana. Oso jakintsua, gurasoak ziotenez. Baño Zabaletako aiton-amandreak etzuten oraindik illoba ura ezagutu, etzuten oraindik ezagutu erraña ere, ta orretarako gogo andia zeukaten Batez ere illobatxoa ikusteko, berari laztan gozo batzuk emateko, ta bere jakiturizko itzak entzunaz aspertu artean egoteko.
—Ara —esan oizion Ana Josepak senarrari— zeure illobak sendatuko zaitualata nago. Emengo sendakin guztiak baño geiago jakingo du, ta gañera iñork eztizu illobak beste arretaz begiratuko.
Orra zergatik Joanesek eskutitz bat eragin zion Maleni osabarentzat, Gabonak urrean ziralata, aitonarentzat baldin azkenengoak izango ziralata, bere ondorengo guztiakin bein bada ere egon nai zukealata, jaietarako danak etorri zitezala, arren bai arren eskatuaz.
Bitartean, eri gelditu zanetik aurrera oizuanez, sukaldean bizi zan geienbat Zabaletako nagusia, sukaldera zijoazkion baserriko seme ta illobak zer egin bear zuten galdetzera, antxen ematen zituan Joanesek bere agindu ta erabakiak, antxen inguratzen zuten etxeko danak gabero gabero, bertan egiten zituzten bere otoitzak, bertan irakurri Testamentu zar ta berriko egi ederrak eta azkenean, oera orduko, beti zerbait esan bear izaten zien aitonak, bere burutik.
«Agertuko dizutet ba —zion bein— Urbiako zelaian nik aspalditxoan egindako amesa. Egun auetan gogoratu zait».
«Bazkal ostean, aritz tantai baten zañetan jarrita, piztu nuan nere pipakadea».
«Errozabal, gerri lodi, lepoker, buru orritsu, gorengo abarrak ia zeruetan zituana zan aritza. Sustraiak, sendo sendoak, inguru danean lurretik ertenda zeuzkan; azala, zartatuta, lertuta ikusi nion, gerrialdeko mamin errea oso agirian, agure batzuen paparra bezela, ta kopet ondoan zulo andi gorri-beltza erakusten zuan, aspaldiko zauri sendakaitzaren irudira. —Zarra aiz ba —oartu zitzaitan, pipako ke-laño artetik aritzari begiratuaz.
«Gabean lo gutxitxo egiña nengoan, ta igarri gabe, pipa gordetzeko astitzake, itxi zitzaizkidan begiak, loak artu ninduan».
«Ta loak artu bezin laster asi nintzan amesetan».
—Zarra naizala? —esaten ziran zuaitzak. Egia da, bai; neuk ere eztakit zenbat urte dauzkatan. Nik eztakit urteak zer ta zertarako diran, baño ezta gizon batzuek ere... Noiz izandu naiz ni txiki? Noizbaiten bai, noizbaiten nere adar gain ertzean dauzkatan ezkurretako bat aña izandu naiz. Nork siñistu? ... Lurpean sartu ninduen edo sartu nintzan, ori eztet ondo ikasi, gauza txiki guztiak lurpean egon oidirata; baño nere bizinaian, astiro astiro, apurka apurka, atera nuan burua lurpetik azalera, ikusi nuan zeruko argia, lortu nuan indar pitin bat, erro edo ankak alegiñean bera boteaz jaso nituan geroago ta gorago nere besoak, eta egunak zabaldu ta egunak itxi, urteak joan ta urteak etorri, uda berrian osto berdez jantzirik eta negu beltzean ezur utsetan bezela, eguzki galda beroen azpian ta euri zaparrada galantak luzaro igaroaz, andi, sendo ta mardul egin nintzan, inguruko zuaitz lagun guztiak baño andiago, sendoago ta mardulago».
«Asko ikusia naiz, geroztik, nere bizitza luzean. Ekaitzak neri egin dizkitan iraintasunak ezin zenbatetu ditezke. Sarri artu bear izan det nere gañean kaskabarraren zartada zitala, sarri jo ta zauritu nau odeietatik biziro jetxi dan arri trinko zoliak, milla ta geiago aldiz bai aize indartsuaz burruka gogorrean gau osoak igaro ditut, eta garaietan, guda beltzaren erdian adarrik onenak urratu zaizkit Sustrai sendoari eskerrak, eztet nere bizitza osoa galdu. Sustraia, sustraia bear da mardula izateko ta ekaitzari arpegi emateko: batetik bestera aldatzen dituzten zuaitzak, lirañak, sustrai gabeak, or erortzen dira buruz bera ta parregarri ekaitzaren aurrean».
«Ainbat goialdeko ipui eta lurpeko gertaera badakizkit, urteak erakutsita. Nere zain luzien bitartez neurtu det mendi onetako lurrak norañoko loditasuna daukan, jakin det zenbat ezkotasun ta koipe dituan, arri ta arkaitzak non dauden, beti gordeta egon oidiran samorro txiki askoren biziera ixilla nolakoa dan. Nere kopetaz goialdera begira ikasi det zenbat argi gozo agertzen diran gabaz zeru urdiñean. Anitzez gau zoragarriak igaro ditut, illunabarretik goizalderaño, bakar bakarrik, pake pakean, or goiko izar garbi maitagarriai begira. O zein ederrak diran zeruko izarrak! O zer atsegiña dan gau ixil ixillean, erretxiñolaren soñu eztiak adituaz, ozkarbiko edertasunak nabaitzen egotea!»
«Baita ere badakizkit gizonen uste ta itxaropen batzuek. Maiz etortzen da nere ondora Urbiako artzai gaztea ta emen atera oiditu, oiulari, bere biotzeko maitetasun zintzo zintzoak. Mutil orren eresiak poz ematen dute, intza bezela jetxiten dira animaren erdi erdian... Iñoiz bein jarri oida nere oñetan, zu orain zauden antzera, uri gizon igar bat, eta bakarrik dagolakoan, aitortzen ditu, aopean, bere ondamuak, bere dollorkeriak, lagun urkoarentzat gordeta dauzkan gorroto gordiñak. Gorrotoak eztute pozik ematen. Ezin ulertu det zergatik gizonak gorrotatzen duten alkar: guk eztaukagu bata bestearen gorrotorik, zuaitzak izanda ere».
«Nik ez beintzat. Ni izandu naiz egazti mota guztien jantoki, aterpe ta logela; nere gañean esan dituzte txoriak, gau ta egun, beren txirripititxiorik pozgarrienak; nere beso tartean egin dituzte beren kabi ta bizilekuak; ni naiz karnaba, okil, txintxort, lepitxuli ta txirriskilloen sorterri; kuko, eskillaso ta pagousuen jarleku; mika, miru ta zapelaitzen zelat-etxe bezela. Aldetan aña on egin diot edozeñi: nere orri ta ezkurrak, urtero, aberien oe ta janaritzat eman ditut; nere adar guztiak aga, kerten, makilla ta esolatzat edo gizonen berogarritzat kendu dizkate. ¿Alneike geiago?»
"Emen nago ni azken orduaren zai. Oraindik iraungo det, zuaitzak beti irauten degu gizakumeak baño geiago, baña etorriko zait nere azkena. Bai, or sukalde bazterren baten, basoetako tantaietan ekaitza txistuka dabillen orduan, ta basetxetarrak, nere ajolarik gabe, kondaira zarren batzuk aditzen daudela, txinpartak boteaz, agur egingo diot nere izateari, suzko malko goriak ixuriaz... auts biurtuko naiz."
Esnatu nintzan. Aritza bere tokian zegoan, geldi geldi. Arrek etzuan itzik esan.
—Banengoan ba, zuaitzak orrelako gauzak esatea...
—Ez, etzuan itzik egin, Ana Josepa. Nere irudimena ibillia zan orduan langille.
—Ta nondik dakartzu gaur ames ori?
—Nere auleriak erakarri dit burura.
—Nolatan baña? Zuaitzak eta zuk, nondik daukazute alkarren antzik?
—Biok gera mendikoak, biok lagun zarrak, biok asko ikusiak, biok aldegun aña on egin degunak, arrek, ori bai, zer egin duan eztakiala, nik jakiñaren gañean. Alkarren itxurak baditugu, zarrak geralako; baño, egia, ezkera gauza guztietan berdiñak, ezta urrik eman ere Zuaitzak eztu errurik izan ta nik bai, erruak eta utsuneak; zuaitzak, egurrezko anima dauka, eztu egiazko malkorik ixuri ta nik bai; zuaitzak sariaren itxaropenik eztauka ta nik bai; zuaitza betiko amaitzen da ta ni betikotasunaren atarian nago. Zorionekoa ni ate onetik sartzen banaiz.
—Pralle izan baziña a ze nolako sermolaria zu!
—Pralle, pralle... gaur goizean izandu naiz pralle.
—Zer diozu gizona?
—Je je! Zuek soroan zabiltzatela, Pedro Antonek atera dit meztidura[1] ta soñean jarri det apur baten.
—Aitaren Semearen...!
—Aitona!
—Bai, jarri det, eta luzetxo daukat. Edo neu laburtu naiz, edo luzetxo egin ziazun, emazte. Malenek laburtuko dit.
—Jesus, Maria ta Jose!
—Bego ixillik, bego ixillik!
—Bai, ixilduko naiz, lotara joan bear deguta. Baño beste itz bat, Malentxo: Gaztelakoak eztute oraindik erantzun, ta berriro esan bear zaiete aurten nere ondoan nai nituzkeala. Aditzen emaien.
—Bai, jauna, biar goizean.
Malentxo begiak igortzitzen ta Ana Josepa ezpañak estu estu eginda sartu ziran geletara, ta Kataliñek, bakarrik gelditu zanean, sutako autsa bituaz, illetiak astinduaz, enporrak joaz, onela zion:
—Au gauza guztien amaitu bearra! Badijoakigu, laster dijoakigu. Etxea beteko gizona! Jeesus!

Garoa (1912) (page 223 crop).jpg
  1. Iljantzia. Antziñetako itura zan, Euskalerrian, iljantzia, bear zanerako, etsean gordeta idkitzea.