Edukira joan

Garoa/Erri ta erbestean

Wikitekatik
(Garoa - Erri ta erbestean(e)tik birzuzenduta)

VI. Erri ta erbestean
pages 109-137

VI.

ERRI TA ERBESTEAN


Juan Andres, atzerrira joan zan ezkero, bein bakarrik etorri zan Zabaletara. Urteak igarota bein bakarrik, eta egun gutxirako.
Lenengoetan, jaiotetxetik urruti, Gaztelerriko lur legor beroen erdian, erdaldunen artean, erderaz mintzatu bearrean, adiskide gutxirekin, gurasoen maitetasun gabe, sorterriko mendi berdeak ikusteko gogo aundia piztu zitzaion, euskeraz itz egiteko ta Gogordo azpiko erreketan ur garbi otza edateko leia bizia; baña gero adiskide batzuek geiago egin zituan, Gaztelako izkuntza ta oitura berrietan zearo sartu zan, zeregin batzuek amaitzean beste batzuek agertu zitzaizkion, ta pitinka edo atalka, makaldu ta il ziran Juan Andresen biotzean euskal-mendiak ikusteko leia, euskeraz itz egiteko gogoa ta Gogordoko ur garbiak edateko egarria.
Baño, esan det, etorri zan bein San Migeletan gurasoen dei bigunari noizbaiten erantzunaz, etxekoai ezer lenago jakin erazi gabe.
Agorrillaren arratsalde batean jetxi zan, Oñatiko udaletxearen ondoan, zalpurditik.
Etzuan iñor itxaroten, etzuan iñon olesik egin azkar ibilli bearrez, ta etzuten ezagutu oñatiarrak Zabaletako arri zulatzalle ospetsua.
Nolatan ezagutu? Etzan errez ezagutzea. Iltzedun oinzorro lodiak zeuzkan oñetan, panillazko jantzi berria zekarren soñean, euritako andi ederra ezkerreko galtzarpean, pardeltxo bat eskuiko eskuan ta zillarrezko kate luzea, ainbeste lerrotan, txilborretik bera esekita. Trinkoa zetorren, lodikotea, baño beltzerana, eguzkiak errea, arrotz itxurakoa.
Zalpurditik jetxi ta bereala, pardeltxoa euritakoan sartu, sorbalda gañean ipiñi, ta oinkadarik sendoenaren oiarzuna atari ixil zabalen aurrean utziaz, izpi baten igaro zituan Oñatiko kaleariak.
Emakumeak, gauza guztiak jakin nairik bizi diran irudimen azkarreko emakume urduri batzuk, bata besteari galdezka gelditu ziran:
—Zein ete zan gizon ori?
—Eztakigu ba.
—Goibela beintzat.
—Guztiz.
—Erdalduna gañera.
—Baleiteke.
—Arpegi txarrekoa.
—Osoro.
—Irantzalleren bat.
—Irantzallea? Jun! Gantzak ateratzen dituana ezpada...
—Ene! Alaxe izango da. Zer zeukan zer joan or barrura olako gizon arrotzak? Baserritar gaixoak! Jesus, Jesus! Ta gure umiak? Nun ete dira gure umiak?
Jaungoikoak daki noraño elduko zan emakume bildurtien irudimena ta zer iskanbilla sortuko zuten Arantzazutik bera erritar zaldun bat azaldu ezpalitz.
—Don Bizente —esan zioten ikaraz— ikusi aldu or gizaseme apain bat?
—Bai.
—Ta zer deritzo?
—Zatartu egin dala.
—E? Zatartu? Baialdaki zein dan?
—Jakingo eztot ba?
—Zein, zein?
—Joanesen semea.
—Zabaletakoa? Trosuetan ebillena?
—Berbera.
—Jas! Ta onek gantz ataratzallea izango dala.
—Nik eta zuek, guztiok; ez emen norbere errurik iñori bota.
—Danok be, utsetik gezurtegiraño joateko etzara txarrak zuek.
Zabaletako seme gazteak etzeraman batere Oñatikoen gogamenik. Etxerago ta azkarrago, alderdi guztietara begira, nolako arrera egingo zioten amesetan, Uribarriko auzotegira aurreratu zanean, gurdi bidetik lenengo, ta gero, iru arri malla igonda, soro ertzeko bide zigorretik, ezkerretaruntz asi zan baserri aldera zoli zoli.
Ain zuzen orduantxe zegoan Pedro Anton zarra belarra ebakitzen muno baten egian.
—Jaungoiko maitea! —esan zuan, betondoan eskua zabalik ipiñita, bidaztiari begiratuaz—. Gizon orren ibillerea... Egingo nuke geure Juan Andres dala... Bera data! bera data!
Aguratxoak, itai, belar ta otarra utzirik, izugarrizko antxitxiketan erten zion bidera Juan Andresi, ta estutu batzuk eman ondoren, oiuka ta losinka, eutsika ta bultzaka, lagundu zion mutillari etxeraño, aspaldian ikusi gabeko nagusiari zakur leialak egin oidioten antzera.
Laster jakin zan Uribarri guztian mutil orren etorrera. Gau artan ta urrengo egunetan, andreak eta gizonak, gazteak eta zarrak, lagunak eta auzokoak, denak joan bear izan zuten Juan Andres ikustera ta berak esaten zituanak entzutera. Izan zuan nork entzuna ugari.
«Pankorbo zeritzaion erri zakar batean egon zan bera lenbizi, gero Santa Olallan. Alderdi artako erriak baldar ta txiroak ziran geienak; ango lurrak, agor, lau, zabal ta berdiñak, zugaitz ta belardi gabeak; baño batere itxurarik etzutela, ar koskor artean bada ere, garia ematen zuten galanki. Lur aietan etzan artorik; dena garia, edo garagarra, edo oloa, edo zekalea, itxasoa beste luzerako salletan. Gizadiak ostera txikiak, igarrak, beltzak eta nolabaitekoak iruditu zitzaizkon Bai, prantzezak, gaztelarrak eta euskaldunak nastean ibilli ziran burnibideak egiten; baño etzuan billatu arrobian, argintzan edo lurra jasotzen euskalduna bezelako gizonik. Euskaldunak egin zituzten, anitz lekutan, lur azpiko bide luzeak; euskaldunak zabaldu ta jantzi zituzten Atapuerta, Karraskal, ta Astorkillaskoak. Erri asko ikusi zituan berak, Juan Andresek, batzuk andi ta gizatsuak, Bribieska ta, Burgos ta. Burgos! Ura bai zala uria! Ango elizak, ango katedrala! ... Katedrala zer zan? Eliz andi eder bat, Oñatikoa baño ere askozaz andiagoa ta ederragoa. Katedraleko apaizak kanonigoak ziran, beste apaizak baño gradu geiagokoak, eta eliz artako buru Artzobispoa zegoan, Aita Santuaren urrengo gizona. A ze urrezko txapela erabilli zuan arrek Dagonilleko Andre Mariaren egunean! Urrezkoa, bai, urrezkoa, baita beatzean zeraman eraztun lodia ere... Urrutietara joan ezkero edozenbat gauza ikusten ta ikasten zan. Ara, berak, etxetik erten zuanean, tutik etzikian erderaz; baña orain edozeñekin mintzatzeko beste bazekian. Gaztelarrak burnibideari perrokarrill esaten zioten, ta prantzezak ostera txemendeper Ondo esan bear zan baña: txemén-de-perrr!»
Ondamuz zeuden Juan Andresen inguruko lagun ta aditzalleak. Bai ba; ederki jantzita zetorren, ainbeste gauzen berriak ematen zituan, erderaz ere bazekian, bazan diru pixka baten jabe, ziotenez: zer geiago eskatu zezakean gizonak? Bateri baño geiagori erne zitzaion bularbarruan prantzez ikastera joateko gogoa, diru apur bat egiñaz ta Artzobispoa ikusiaz.
Manueltxok, ordurako indartua zegoan ta, bere naia ezin gorderik:
—Aita, —esan zion Jose Ramoni— nik ere osabarekin joan bear det.
—Osabarekin? Eure gazteria lur azpian igarotzera? Ez, bertan daukagu emen zer jana ta non lan egiña, iñora joan gabe. Lurpean baño obe dek lur azalean arlotu, eguzkiaren argitan auala ta zeruaren edertasuna dakuskala.
Malentxo, neska zizkortu zoragarriak:
—Ama, ni anditzean, Artzobispo egingo alnau?
—Bai, nere kutuna, nik egingo zaitut zu Artzobispo ta Katedral ta Burgos guztia baño andiagoa ta ederragoa; eliz barruan, Aita San Iñazioren ondoan jartzeko euskaldun donerik politena egingo zaitut.
Etorberriaren gurasoak mutillaren esanakin etziran batere lausotu. Txit abegi ona egin zioten lenbizi, oso atsegiñez artu zuten beren besoetan; baña semearen erdal soñekoak begiratu, epeltasuna ikusi, euskera nastua entzun ta maitetasunik eza igarri ziotenean; ta batez ere, mutillaren erbestera berriz joateko asmoa jakin ta gero, pozaren ordez, naigabe minkaitza jaiki zitzaien erraien erdian.
Ara emen aitak Juan Andresi, bakarrik arrapatu zuanean, esan zizkon itzak:
—Ez aiz mendikoa, eztidurik gutarra, joan zaizkik emengo garo usaiak.
—Zergatik? Erderaz dakitelako?
—Erderaz jakitea ona dek, euskeraren kaltean ezpada.
—Gaztelerrian adiskideak dauzkatalako?
—Kristauak edonun bear ditu adiskideak, obeto esango det, edonun dauzka bere anaiak.
—Zergatik, bada?
—Eure baserrira, eure gurasoakana, gogorik gabe etorri aizalako Igartzen diat: ez ago i ondo emen; eure etxe barruan atzerritarra dirudik, jazkera ta izkeragatik baño buru ta gogoagatik geiago, bada ire buru ta gogoa erdalerriko irabazian dauzkak.
—Nork eztauzka? Baño nik alderdi guztietan goratu det Euskalerria.
—Eure burua goratzeagatik, apika. Ik eta beste askok, aoan Euskalerria, Euskalerria; biotzean norbera, norbera! Ta norbera esatean, dirua esaten diat iri. Ezagutze aut: gaztelar ta prantzezak beratzeko gaizki esaten dek, baño aien diruagatik eure sorterria salduko eukalata nago.
—Aita!
—Bai. Ta i bezelako euskaldunak badira makiña bat.
—Ezbeza orrelakorik esan, Aita.
—Ez adi orrelakoa izan, seme.
Ana Josepak ostera, betondoa zimurtuta, betiko aserre itxuran:
—Mutil, gauza batekin natxiok arrituta. Zer ekarri dek or, ezpain gañean?
—Orixen da galdera. Bibotea.
—Bibotea? Kendu izak bizar oiek ainbat lasterren, gurean eztek orrelako zikinkeririk beñere izan ta.
—Bai zera kendu! (Beatzez igortziaz). Ondo egoki dauzkat.
—Egoki? Zertarako egoki? Sudurreko urentzat malatua egiteko? Kendu bearko dituk laster, edo ta bestela...
Semeak etzituan kendu, baño Ana Josepak egin zion egitekoa. Juan Andres lotan zegoan txolartean, guraiza zorrotzez, trist, trast, moztu zizkion goi-ezpañeko bizarrak. Ze demontre! Fuera bizarrez! Zabaletan etzan bear biboterik.
Gertaera parregarria zan ura, ta parre andiak egin zizkioten orduan lagunak gure mutillari, baño berak etzuan batere parrerik egin. Zapuztuta, minberatuta, muturtuta, igaro zituan egun batzuek etxean; baño laster, amak egin zionagatik, edo aitak esan ziona egia zalako, edo eztakit zergatik, benik bein aspertu zan Oñati aldean, gogait eragin zion bere baserrriak, eta gurasoen damuzko itz ta egiazko maitetasunaren eskariak entzun nai ezik, artu zuan berriro erdalerrirako bidea. Gertatua da.
Etzuan orratik beste zartara bat eramangabe Gipuzkoako lurra utzi. Zumarragara ia eldu zanean, zaldizko batek, Patxiko sendatzalleak, soro tartetik:
—Jeup! deitu zion.
—Ola, Don Prantzisko!
—Astia detanean, prantzez mintzatu bear diagu.
—Ezta ba onezkero errez izango.
—Zer ba?
—Kanpora nua.
—Nora?
—Trosuetara.
—Ez altziok atxurrik Zabaletan? Baño beste leku batean dauzkat nik nere lanak.
—Papa moskas il aldek?
—Beti unore onian berori.
—Ez, alajaña. Ziñez galdetu diat. Papa Moskas il badek eskatu zak arren tokia iretzat. Berebizikoa aiz. Ez aserratu egia esan diatalako. Agur, astokillo, ikusi arte.
Bidaztiak etzuan ezer erantzun. Kopeta goibeldurik eta ezpañak dardar zituala, lepoa eman zion sendakiñari.
—Petral, zikin, urde arraioa! Mooño! ... —esan zuan bere artean.
Ta Patxikok, zaldia zigorrez joaz:
—Je, je! Igesi dijoan zakurrari buztanean su eman diot.
Andik aurrera Juan Andresen albiste gutxi izaten zuten Zabaletakoak. Orratik ere, noiz edo noiz etorri oi zan eskutitz bat edo beste, etxekoak egindakoenaren erantzueran, gaur Billadiegotik, biar Palenziatik, orain Medinatik, gero Zamoratik, bein Orensetik eta Braganzatik urrengoan: baño beti elkor ta laburra, zeregin asko ta gogo gutxiko gizonak egin oiduten bezela. «Ondo nabil», «Astudillora goaz», «Katapaz jarri naiz». «Ogetamar gizonen burutzat nago», «Lau illabeteko lana daukagu emen», «Poliki irabazten degu», ta orrela urte askotan; arau batean ta murrizki.
—Ez aldu ezer geiago ipintzen? —galdetu oizuan amak—. Noiz etorri bear duanik ere ez? Ainbeste illabetean zai egonda... Orixen bai dala itzak zenbatuta bialtzea, ontzurreak balira bezela. Gaitzerdi poliki irabazten badu. Ara, Joanes, poliki, baserritarren mintzoeran, asko esatea beste da, ta asko irabaziko du gure mutillak Ikusiko dezu, aberastuta etorriko zaigu semea.
Urruneko eltzea urrez, etxerat orduko lurrez.
—Bai beste batena, baño Juan Andresena? Ez siñistu. Arrek eztu dirurik eralgiko, lengoa bada. Txanpon bat bakarra etziran eman errira etorri zanean ere! Non gordetzen ote ditu diruak?
—Zure sakelean ez beintzat. Orregatik dio: etxera orduko lurrez.
—Non leuzkake obeto? Ta badauzka nonbaiten, bai, nai ta nai ez iduki bear.
—Zenbat daukan baño naiago nuke jakin nolako bizikera darabillen.
—Zuzena izango alda mutilla, geurea data. Andia da orratik ezer ez geiago adieraztea!
Bere gurasoak etzekiten, baño nik badakit nolako bizitza zeraman Gaztelerrian Zabaletako semeak: beste ango adiskidien bizitza berbera, zeken zikoitz diruzalien bizitza. Alderdi askotako gizonak zebiltzan alkarrekin; baño, zerbaiten agintea zutenak beintzat, berdin samarrak ziran, kristau otzak, asmo ta gogamen bakarrekoak: nondik eta nortara lortu zitezkean txanponak errezago ta oparoago Aien artean etzegoan ez Jaungoikoaren agindurik, ez otoitz, ez oitura onik, ez izkuntza garbirik. Iñork etzuan gurutze bat kopetan egiten edo Aita gure bat esaten, kristau oroipenik etzualako edo lagunen bildurrez; denak utzitzen zuten jai egunetako Meza, elizetatik urruti zeudelako edo alkarren lotsaz; denak egiten zuten lanik gogor ta neketsuena, igandietan ere, nagusiekikoa idukitzeagatik edo besteak baño gutxiago ez irabazteagatik.
Denak esan ezkero esana dago, Juan Andresek ere bai. bizikera orrek, egia da, min ematen zion lenbizi biotzean ta osoro illuntzen zion anima; baño laster ito ta estaldu zituan biotzeko arrak eta animaren kezkak. Lagunak bezela ez izatea etzan itxurazkoa, bere ustez; iñork ez aña indar ta gaitasun iduki ta besteak baño geiago ez irabaztea etzegoan ongi. Parre ere egingo zioten. Parre! Naiago zukean ukabilkada bat artu, bere burua gizonen parregarritzat erabilli baño. Ez, jakin zezatela zenbaterañokoa zan menditarra. Izketan ta berriketan eramango zioten, baño ez lanean, ez orixe.
Iritzi oker aien zirikadak lañotu zioten adimena Juan Andresi, gogortu zioten errai-barrua ezin geiagoan, ta aztu zitzaizkon euskal mendiak, euskal oiturak, aideak, gurasoak, sinisteak, oroipenak eta baita ere Jaungoiko Altsu Donearen aginduak.
—«Ba! —jardun oizion bere buruari, zerbaitez gogoratzean— Zer dijoakit Euskalerrira biurtzeaz edo ez biurtzeaz? Utsa. Eztit ajola emen edo an bizi, euskeraz edo gaztelarrez itz egin, arto lizuna edo ogi legorra jan, baburrunez edo barbantzuz ase, ardo beltza edo sagardo gorria edan. Ardoa obea baño ezta indarra emateko... Zer ateratzen det otoitz egiñaz ta Mezatara joanaz? Ezer ez. Lan orduak eta txanponak galdu. Ezkaude gaur orretarako. Gero ere, zartzaroan, izango det bai astia naikoa Mezak entzuteko ta otoitzak egiteko. Irabazi, irabazi: ori da gizonak gazte dagoan bitartean egin bear duana. Ta ementxe, Gaztelerrian daukat irabazbidea, geroago ta ugariago, geroago ta areago, bada langilleai agintzea ta arretaz begiratzea da nere zeregiñik andiena Irabazbidea ta gizon andien adiskidetasuna gañera. Burni bideko nagusi ta agintariak beti zarabilzkit nere atzetik deiezka: "Juan, etzaite emendik aldendu, ta ikusi ezkerraldeko langille oiek zer egiten duten". "Juan, ia gurdi auek azkartxo biraltzen dituzun". "Juan, zeuk asi bearko dezu orko edo ango arrobia". "Juan, emengo lanak bukatzean, gurekin etorri bearko dezu onelako edo alako errira". Astokillo esan ziran neri Don Prantzisko sendatzailleak, baña ez nauka ni emen iñork astokillotzat. Bera da ura astokillo, berritsu, ergel, ziztriña. Irri egin bear iñori, urtean amar milla erreal doi doi irabazten dituan gizonak».
Ezin ukatu genezake Juan Andresek arlo andiak zeuzkala zegoan tokian; berez ta jatorriz trebe, zintzo ta langille ona zalako, nagusiak ongi begiratzen ziotela, gogoz aitortzen degu; baño, balarrondora ta erdi lotsaz bada ere, beste ipuitxo bat agertu bearrean gaude.
Bazebillen an norbait, burutik okozperako zapiduna, gona motz ori lodiz jazten zana, bularrean gurutzeturiko oial zirpiltzuz lotua, gerri zabal, mokor astun, ibilbaldarreko emakumea; bazebillen gau ta egun, goiz ta arratsalde, euskaldun gizasemeaz amesetan, morrosko sendoa non ikusiko, bere barruko itxaropen ta bildurrak mutillari nolatan esango. Dionisia Gomez Jundeiro zeritzaion, langillien arteko galizitar erari saltzallea zan, Antonio Gomez Moreno katapazaren alaba. Arretxek zekizkian ondo Juan Andresen albisteak, bera zan geienbat gure menditarrak Gaztelerrian egoteko zeukan zioa, bera Zabaletako gaztearen lika ta lakio, jabe ta etxekoandre. Bai, Zabaletakoak pozik emango zizkon begi biak Dionisiari, onek eskatu ezkero, bere biotza oso osorik emanda zeukan bezela. Alkarrekin ezkontzeko zeuden neska mutillak!
A! Ta galizitar emakumea etzan ez eder, ez garbi, ez aberats. Naikeriak edertzen ditu gauza itxusiak. Gezurra dirudi, baño gezur irudiko egi asko gertatzen dira ezkontzako gauzetan. Irakurleak badaki.
Noizbaiten bada ere, aditzen eman zion zer asmo zerabillen Juan Andresek aitari. Ai onen samiña orduan! Ai Ana Joseparen zotiñak! oroi zezala antxiñakoen esakera jakintsua: urrutira dijoana ezkontzera, edo da engañatua edo dijoa engañatzera. Alperrik... Esan zioten, Jaungoikoaren izenean! etor zedilla etxeruntz ainbat lasterren, bazirala Euskalerrian neskatxa onak, ezkonsaria ero ero emango ziotela. Alperrik... Esan zioten ezin zitezkela gurasoak urrutietara joan; etzan itxura, erbestean, edozeñekin! aide ta guraso gabe, sasiko baten irudian senartzea. Alperrik... Esan zioten negarrez zeudela aitamak, anaiak, illobatxoak. Alper alperrik: sua itzaltzeko, labe gori gartsuan isurtzea malko batzuek bezela.
Juan Andres emaztegaiaz itxutua zegoan: Dionisiak, paparrean ezartzen zaigun musker baten antzera eutsi zion senargaiari, ta etzion utziko zazpi errietako kanpaiak jota ere.[1]
Euskaldun basetxetarra ezkondu zan Gaztelerrian ta gaztelarren taiuan. ¡Zer egingo zaio! Bakoitza bere zoroak bizi du. Utzi daiogun pakean, ta goazen beste Zabaletakoak nola zebiltzan jakitera...
.....................................................................
Iñazio Marik luzaroan jarraitu zion bere kolkorako seta gaiztoari. Egun batean galdu ta bestean irabazi, orain gañeko ta geroxeago galtzalle, Jose Domingorekin gora bera andiak erabillita, Abadiñotarra menderatu zuanetik aurrera, urtietan iduki zuan Euskalerriko aizkolarien nagusitza; baña nola betiko illargi beterik eztagoan, Beizamatar gazte indartsu batek azpiratu zuan bein, geiago ez nagusitzara jaikitzeko adu txarrean, ta beste batzuek baztertu zuten ostera azkenengo aizkolarien zingo ta mugetaraño.
Ala ere, iñok ezin zuan bere jokoetatik atzeratu. Alde batetik, lenagoetan entzundako txalo soñuen oroimenak deitzen zion lagun artera; eta beste aldetik ondo zeritzon, nunbait, jokotik dirua errez irabazteari, erdi lanean edo alperreri osoan bizitzeari; bada, Gipuzkoako azoka ta dema geienetan, etxekoen ixillik edo denak zekitela, saltzalle asmoan edo erosle ustean, jokatu naian edo erakutsi bearrean, auzoko ariarekin edo etxeko ollarrarekin, bei zarra eramateagatik edo txal berria ekartzeagatik, aizkorak edo palankak autatzea zala, narrarria ikustea edo zuaitz neurketa zala, ta besterik ezean atxurrak eta laiak zorroztzeko garaia zala, aitzaki maitzaki, gezur ta abar, non da nere gogoa an da nere zankoa, Iñazio Mari azalduko zan azoka zelaian, arro arro, aterako zan dema zalien ondoan, gizonik oituena, aukerakoena, premiazkoena bezela.
Ta jakiña; urte oietan Azkarragak etzuan batere aurrerapenik izan. Alogerekoen eskuetan dabillen lurrak irabazi gutxi ematen du, nagusia begira ezpadauka, ta beti zebillen alogerekoen eskuetan Azkarragako bazterra, nagusi zar indargeak ezin begiratu ziotelako ta nagusi gazte buru-ariñak jolas-demetan zaukalako ainbat zeregin.
Ezagun zuan baserriak. Euri lanbro bat erori orduko, istilla zeriokeon alderdi guztietatik tanga tanga; tellatuaren ixurki bat abe ustelduen gañean larregi etzinda zeukan; etxe-arpegi zabala, aspaldietan zuritu etzalako, narras ta loia agiri zan; sukalde ta geletako ormak puskatuak zeuden, asabak tolestutako arrimuturrak kare urratuaren tartetik erakutsiaz; ganbarako aleak eta ukulluko eleak urtean baño urtean geiago urritu ziran, ta soroetan, soro-bidietan, zelaietan, munoetan, baserriko lur landuen ertz, egal ta inguru danetan gardo ta belar gaiztoak, iak eta txillarrak, sasiak eta elorrak, masustak eta baxakanak elemenian ugaldu. Ezagun zuan etxe artako nagusi gazteak ere. Etzan guk Mondragoiko enparantzan ezagutu genduan ura: argala ta larrakitua zegoan, ille banaka batzuek txuritu zitzaizkion, len baño soñeko maiztuagoak jazten zituan.
Seme alaba bi zeuzkan, Paula ta Martin; au, illabete gutxi-geiago, Malentxoren idekoa; ura, urte ta erdi gazteagoa. Auetakoren bat eskutik zuala joaten zan noizean bein Zabaletara, Joanes etxean izan ezik. Etzuan nai bere burua aitaren aurrean agertu, onen jardunak min ta lotsa ematen ziotelako; baña artzai zarrarekin iñoiz arkitzen bazan, apalkiro entzun oizituan semeak gurasoaren patxadazko erakuste zuzen ta ongarriak Baita itza eman ere, benetan gero, etzala iñongo jokotan berriz sartuko, ta lanari eutsiaz biziko zala bere baserria jasotzen; baña urrengo beta zetorkionean agur agindu onak, agur asmo ederrak! beingoa ezer etzala ta, berriz ere berera ta lenera. Animaren etsaiak, bakoitzean bein baño eztu eskatzen. Arrek jakin bein askok egiten duala beti.
Amaren esanakgatik, zorrotz ta garratzagoak izanta ere, etzuan ainbeste ajola izaten Iñazio Marik.
—Ai, tankarra, tankar nagia —asten zitzaion ura— baator i orain ere zerbaiten billa. Ez altziok aposturik iñun? Ala jokorako dirurik ezaldaukak? Gurean etziok ba. Joanari Peru Odolkigana, arrek emango dik kauka. Amaika bidar jan dik ire umien ogia, eskallu, sakel, txotxolo, arloteak alakoak. Ire ondoren ikusten detanean, ara, barru guztia irakiten jartzen zait... Maxkar billatze aut. Gaixorik alago? Ez, ez uste izan; ire kupidarik eztaukat, ire ume ta emaztearen erruki nauk. Ezkenduan guk prenda txarra Azkarragara bialdu!
—Ama, erre beit lukainka muturtxo bat, sermoia baño goxoagoa data.
—Lotsagabe lotsagaldukoa, obeto egingo uke nere itzaldiak ondo entzun ta elizakoetara sarriago joango baintz. (Labana eskuetan zuala lukainka ebakiaz). Martintxorentzat erreko diat, ez iretzat... Paulatxo nola ekarri eztek? Amarekin gelditu alda? Ik añako ikasbideak emango dizka. Mikalla gaixoa! Esaiok asti aldi batean etorri dedilla onuntz, urdai zati bat eta lukainka batzuk eramatera... Bai aldezute baburrunik aurten? Ez ba, erein ezik... Asto, baldan, alper, ondatzalle... Buruan jotzeko gogoa ematen diak, orra.
Jose Ramonen ziskotik atera oizuan Iñazio Marik diru apurren bat, estualdietan.
—Ermano, bost duroko bat eman bear diak.
—E? Bost durokoa? Zer dalata?
—Gizarteko gauzak. Lengo igandean, Moxolo ta ni asi gaituk, zaragia esku bakarrez jaso baietz ta ezetz, ta galdu eginian. Ezertako ez nauk ia, Jose Ramon.
—Baño zertan sartze aiz i orrelako istilluetan?
—Egia diok, egi andia; ez nuke nik sartu bear, ta ez nauk geiago sartuko. Ondo garbatuta niok, ondotxo alare. Tira, emaidak oraingoagatik, gaur eramatekotan gelditu nintzan ta. Aurki biurtuko diat.
—Bai, aizerik eztan urtean.
—Biar edo etzi...
—Edo etzidamu: Jaungoikoa zartu baño len.
Joanesen mendekoak, bitartean, beren ardurazko bizitzari jarraitzen zioten ederki.
Manueltxo etzan Manueltxo, Manuel baizik. Asko indartu zan, aukerazko baserri-mutil argi, bikain ta osasuntsua zegoan, ta soro-mendietako arloetan txit langille ta zentzunez betea zebillen. Ikasiak zeuzkan lurrean azia botatzeko aro ta giroak, bazekizkian artogariak biltzeko, baratz landareak aldatzeko ta sagar-udareak txertatzeko era ta garaiak; gutxik eramango zion atxurrean edo laietan; gutxik beiak ongi uztartzen, bide oker estu koskatsuetan gurdia zuzen eramaten, gaztañak jeisten, aritzak iñausitzen, edo Gogordo gañeko garo mardula ebakitzen: ta, Joanesen ondorengo bati zegokion bezela, beste edozeñen artean, millaka izanta ere, banan banan ta ziur ziur ezagutzen zituan etxe artaldeko ardi ta arkumeak edo norbere beortegian jaiotako zaldi-moxalak.
Jose umezurtza, Iturraldetik ekarri izanarren, Zabaletako semetzat zeukaten mutil gaztea, goiztarra, ernai, biozbera ta eskerduna, beti zegoan parre antzean, agintzen zizkioten gauza danak egiteko gertu, naiz urian naiz etxean, nola soroan ala mendian, orobat egunaz ta berdin gabaz. Arrentzat etzegoan ez ordu txarrik, ez lan gogorrik, ez gauza astunik, ez akiakularik. Berak egiten zituan besteak nai ezta utzitako zeregiñak; bera zegoan neke gabea besteak nekatuta zeuden orduetan; bera jaikiko zan gaberdian, truxuaren zaparrada entzun ezkero, euri-osiñak arekatik zear bialtzera; bera joango zan sarri Aloñara, aitonaren ordez, pagadietako bide itzaletan gora, baso piztien bildurtzake, Jaungoikoaren bildur ta maitetasuna lagun zaramazkialako. Euskalerriko gaztientzat eredu andia zan Iturraldeko Jose.
Pedro Anton ta Joanes, urtez bete beteak, zerbait erori ta ajeatuak zeuden, morroia nagusia baño indarge ta mekoago. Ana Josepa egundañorik pixkorrena zebillen. Emakume zimelagorik!
Egiaz: morroi zarra etzan gauza anditarako. Artoak zuritu, abarkak josi, artillezko sokak egin, belar pixkabat ekarri, arbastak kimatu, beiai jaten eman, esnea bitu, ta beste orrelako arazoren batzuk izaten ziran bereak; baño Joanesek etzien oraindik betiko egin zunai utzi. Gerriko min apur bat euki edo ez euki, etzuan gizonak lanetik aldendu bear. Alaz guziz ere, len baño maiztxoago ta apeta geiagoz etortzen zan Aloñatik etxera, ez bakartadeak izutzen zualako, baizik illobatxoa ikusteko pozak zekarrelako.
Illobatxoa! Malentxo! Arretxek irabazi zuala bai galanki! Uraxen bai zegoala benetan maitagarria. Asi, zabaldu, bete, ta guritu zan, baño ez geiegi. Malentxok etzeukan geiegizko gauzarik, ez gorputzean, ez animan. Esakeran tolesgabea, ibilkeran adjutua, begirunean samurra; esnea bezin zuria, olioa bezin leuna, eztia bezin gozoa; garbia, txukuna liraña, burutsua, ona ta ederra beste on ta ederrik iñon bazan, aingeru bat zirudian ta aingerutzat zeukaten, etxekoak, ezagunak eta erritarrak.
Gaitz bat zuan Malentxok, aldi batzuetako amonaren esanak siñistu nai badira: esku zabalegia izatea. Eltzekondoa bazan, esne beroa bazan, ogi puska edo geeli zatia, bere atorra edo amaren gonea, berealaxe jan edo jantzi eragingo zion Malenek atarira zetorren beartsuari. Zabaletakoak lortu alzuten guztia emango zukean, utzi ezkero. Neskatxa purtzil nabarmena! Bere buruari ezer opa ez, ta eskalientzat dana bear: San Blasetan piper-opilla ta Ostegun Donean garapaio[2] ederra amandreak ekarri, ta Abe Mariaka zetorren landerrak iruntsi Malenen piper-opil ta garapaioa! Maitetasuna galtzeko ere bazan illobaren eskergabekeria.
Ana Joseparen esanak eztira siñistu bear gai orretan, bada mingaña ta biotza etzebilzkon batera. Ez, etzitzaien Zabaletakoai Malentxoganako maitetasuna galtzen. Egunean baño egunean geiago maitatzen zuten; eroturik egoten ziran Katalin ta Jose Ramon alabatxoaren ganora ta maraztasuna ikustean, txoratzen aiton-amonak illobatxoaren mendu ta zerzeladak nai añan ezin jasoaz, ta amona bera izaten zan, beste eraldietako esateak aztuta, Malentxoren goramenik atsegiñenak antolatzen zituana. Garapaio. Amabitxik besoetakoai eman oidien arrautzaz apaindutako opilla.
Baño, batez ere, Joanes ta Malentxo ziran alkar artuak eta bata bestearen maitale andiak. Malenek ertetzen zion aitonari larrañera, ura menditik zetorrenean; Malenek kentzen zizkion sorbaldetako zorro ta esne ontziak, Malenek abarka mantar legorrak atera, Malenek barruko jantzi zuri garbiak oe gañean ipiñi; Malenek, arto me zeetuz, esne zukurik gogozkoenak egosi; Malenek, artzaia Urbian zebillela soroetan egindako lanak esan ta uritik etxera ekarritako tresna, oial ta jakiak erakutsi. Joanes, lorea billatu duan erlea bezela, edo neguko eguzki epela artzen dagon aguratxoaren gisa gelditu oizan Malentxoren ondoan.
—Jaungoikoak sortu zinduzan —esan oizion bakarrik idorotzean— Jaungoikoak sortu zinduzan nere azken egunak alaitzeko. Zuk aztu erazten dizkidatzu nere nekeak, nere samiñak, nere beaztunak. Zuk urtzen didazu nere animako izotza, zuk ematen didazu indar ta osasun berria, zuk gaztetzen nazu, enetxoa Zu bezelako illobak ames egin ditut nik nere ondorengotzat, Euskalerriaren onerako, Jaungoikoari eskeintzeko.





  1. Oraindik bada gure artean ume siniste tsoro au: muskerrak gizonari eltzen dionean, piztiak gizonari utzitzeko ¡zazpi erritako Kanpaiak jo bear dirala!
  2. Garapaio. Amabitsik besoetakoai eman oidien arrautzaz apaindutako opilla.