Garoa/Joanes artzaia
←Irakurleari | I. Joanes artzaia |
II. Baserria→ |
pages 1-13 |
I.
JOANES ARTZAIA
¡Ura zan gizona, ura!
Zazpi oin ta erdi bai luze, makal zugatzaren irudira zuzen, pagorik lodiena baizen zabal, arte gogorra bezela trinko, gorosti ezearen antzera zimel.
Orrela zan Joanes nik ezagutu nuanean.
Sendoak zeuden oraindik artzai zarraren beso zaintsuak, txit azkarrak bere oñak, zindoak bere bular-auspoak.
Irurogeta amabi aldiz ikusi zuan, Aloña mendiko ariztietan, ostro berdea berriz jaiotzen; baña etzion eramango emeretzi urteko mutil batek ez aizkora jolasean, ez burni astuna jaurtitzen, ez mendietan gora edo ibarretan zear laisterka.
Kaiko andi bat esne goizean jan, azpantarrez izterrak estaldu ta makilla bat eskuan artu ezkero, prest zegoan egun osoan, zein ariñago bezela, beorren atzetik ibiltzeko edo, neke askorik gabe, ardi galdu gaixoaren billa gau guztia igarotzeko.
Argiak ziran Joanesen begi gozoak. Oitua zegoan Joanes zerura ta lurrera, gabaz ta egunez, arreta andiz begiratzen; ta iñok baño lenago ikusiko zuan, goi aldetik, odei tarteko arranoaren ibillera apaña edo ia gizon danentzat estaldurik zegoan izarraren kiñua, ta lur aldean, lokatz bigunetako abere oñatza, bide ondotik joan ziran eperren aztarna, sasi mardularen ertzeko erbi-oi zapala, arkaitz zuloetako egazti arraparien kabia, ta an bebeian agiri zan urlia erriko orduari[1] zar ta illun samarra.
Ernaiak ziran Joanesen belarriak. Oso egiña zegoan Joanes mendi-oiarzun guztietara. Milla aldiz bai entzun zituan, bakartasunaren erdian jarrita zegoala, urrutiko trumoiaren orrua, ekaitz aizearen durundia, artzaiaren deadar luzea, egurgillearen aizkorakada neurtua; basaurdearen arnasotsa, otsoaren alaraua, azeriaren zaunka, beorren irritzia, mozoloaren oiua, basauntz bildurtiaren zalaparta; abere arranen dulun-duluna, ardien bee negartia, suge zarraren txistua, belien garraxi latza, sosoatren txortxorra, txori kantari askoten txiotxo alaia, errekastoen poll-polla, zugatz ostroen pir-pir biguna, eltxo gogaikarrien zunburruntxoa... itz gutxitan esateko, izakiak berez dituan ta mendi basoetan diran abere, pizti ta sortutako gauza guztien amaigabeko soñu txiki ta andi, ixil ta bizi, garratz ta gozo, mingarri ta eztitsu, pozkor ta ikaragarrizko danak. Berialaxe antzematen zion Joanesek nondik zetorren soñua, ta baita ere esango zukean garbiro ta zuzen zer zan ta non zegoan soñu bakoitzaren jatorri ezkutua.
Etzan Joanes jakituri andikoa, baña bai asko ikusia, ta asko ikusi duan gizonak beti daki zerbait, eta sarri jakintsu usteko askok baño geiago.
Bazekian non ta noiz jaiotzen ziran gibelurdiñik gozoenak eta zein tokitan zeuden kamamilla, belatxeta, karraskilla ta beste orrelako belar mota gizonarentzat osasungarriak.
Bazekian non idoroko zituan artaldearentzat bear ziran janaririk on ta egokienak.
Bazekian nola sendatu bear ziran beor, bei ta ardien zauri ta gaixotasun ezagutuenak.
Bazekizkian baso guztietako laster bideak eta bost ordu bide inguruko arkaitz zulo ta aterpe denak.
Bazekizkian zer leku zeuzkaten goi urdiñean izarrik nagusienak eta artizarrak batez ere. Eguzkian bertan ikusten zituan, geienbat, egunaren orduak; illargiaren jiran, aizeak zeraman bidean ta laño ta odeien egoetan irakurtzen zuan urrengo egunerako girona edo giro txarra.
Bazekian, gañera, ta au zeukan gauzarik onentzat, guraso zarrak erakutsi zioten Eleizaren legea ta Jesu-Kristok lurrean erabilli zuan bizitza samurra, ta lege ta bizitza oiezaz bakartadean gogoraturik, ikasi zuan, dana Jaungoikoari zor zion gizonak txit apala bear zukeala izan, bere nekietan patxada andikoa ta lagun urkoaren naigabietan egiazko onginaiz betea.
Kristoren legea zan Joanesen argia ta argi orretan ikusten zituan, kupidaz, gizonen argaltasun ta ibilpide okerrak.
Oroitzen naiz nola ezagutu nuan nik Joanes artzaia ta nere jakinai bizian zenbat galdera egin nizkion.
Bagiñazen bein mendian gora lagun batzuek, orain urte asko dala, udako bero galdatan, izerditsu, arnasestuka, oso nekaturik, Aitzgorriko goi gallurrera igotzeko asmoetan, ta Urbiako zelai ederra igarota laster, aurrez aurre billatu genduan gure artzai zintzoa, kerizpean, zugatz andi baten sustraian jarrita, artillezko galtzerdia egiñaz ta an aurrean zebiltzan ardiai begira.
Aldamenean zeukan zakurrak, sumatu genduzanean, ongi-etorri gaiztoa emateko itxurak artu zituan.
—Ona, Txuri, —deitu zion artzai zarrak— geldi emen. Jum!
—Egun on —oles egin giñon Joanesi— egun on, adiskidea.
—Baita zueri ere, —erantzun zigun, gozoro irribarrez.
—Jarleku ona billatu dezu.
—Beste asko dauzkat basoan, ta danak ezagutzen naute igaroko urtietan.
—Urteak dira noski emen zabiltzala?
—Berrogetamarretik gora onezkero.
—¿Ta beti mendian zaude, bakarrik?
—Bakarrik ez, nere Jaungoikoarckiñ. ¿Nun biziko naiz paketsuago ta obeto?
—Ain ondo bizi alzera?
— Bai, ta nola ez? Nai detan aña jaten det, nai detan aña edan, ta nai detana agindu. Nere ustea da —jarraitu zuan parre antzean— nere ustea da emengo legea, ta nere aginduaren aurrean eztu iñork ezetzik erantzuten. Inguruetako jabe ta jaun bezela bizi naiz.
—Ezta gaizki, ez; baña esan zaiguzu, galdera okerra ezpada gurea. Zer jaten dezu?
—Taloa ta gaztaia batzuetan, taloa ta esnea geienean ta ongarritxoren bat astia izan ezkero, gaur bezela.
—¿Zer ongarri?
—Baba beltz ederra, urdai apur batekin.
—¿Ta edan?
—Arkaitz iturriko ur garbi garbia.
—¿Baña eztezu emendik iñora ertetzen?
—Bai, bai; udea da emen igarotzen detana, nere baserrian lan andirik ezpadago, Epailletik asi ta Azaroraño. Ala ere, morroia badatorkit, larunbatetan jaixten naiz Zabaletara, nere emazte, seme, illoba ta bazterrak ikusiaz, barruko jantzi garbiak ipiñi ta tabakorri piskabat artzera; ta igandetan igotzen naiz berriz, Aranzazuko eleizan Meza entzun da gero. Morroia larunbatean ezpadator, jai egunean bertan joaten naiz Aranzazura, ta an izaten da ordurako etxekoren bat tabakorri ta jantzi garbiarekin.
—¿Zortzian bein ikusten dituzu beraz etxekoak?
—Basetxean lan askorik ezpada bai; baña gure Zabaleta orretan eginbear estuak badaude, eguzki goiztarra baño goiztxoago jaiki, beti bezela, ardi guztiak jetxi ta zelaira eraman, esne ontziak lepoan artu ta an izaten naiz laster, zazpiretako bai. Bertan dago Zabaleta, or Gogordo azpian: ordu biko bidea geienez emendik ara.
—¿Ta lanera joaten altzera?
—Zetara ba? Atxurrera edo laietara edo bear danera, eguzkia gorde artean beintzat. Eta illunabarrean, aldapari arpegia eman da, goruntz ostera, kankarroak lepoan ditutala.
—Eztezu lotarako gogoa makala ekarriko.
—Zerbait bai; baña eznaiz beti berealakoan lotara joaten. Ardiak batu bear izaten dira eskortaldera lenbizi, ta pozik bat edo beste galdu ezpazait Orduan izaten dira istilluak, arren billa gaberdiraño edo bear dan artean...
—¡Ori bizitza daramazu, gizona, dauzkazun urteakin!
—Ona nik, Jaungoikoari eskerrak. Nere semeak esaten dirate, zarra naizalata, jetxi nedilla Zabaletara betiko, berak edo morroiak egingo dituela emengo eginkizunak, baño eztet nai. Danok baño geiago naiz mendiko gauzetan, ta ezta arrotasuna egia baizik. Aiek eztaude ni añan oituak.
—¿Eta ezaldezu ostaturik emen urrean?
—Zertarako ostatua? Ara or non daukatan nere jauregia, atozte zein polita dan ikustera. Atozte, emango dizutet esne pixka bat egarria kentzeko.
Joan giñan artzaiaren atzetik eta ikusi genduan Joanesen txabola.
Jauregi ura jasotzeko, arri batzuek alkarren gañean tolestatu ta aien buruan aga bat, lau ostro ta lasta pilla batzuek tellatutzat jartzea baño beste lanik etzuten egin. Etzan txabola zazpi oin zabal, amar ez luze, gorutz etzituan zortzi. A! Baño bazuan ate zar bat eta gauza anditzat erakutsi zigun artzaiak.
Lurrean, alde batera, txillarra ta garoa zeuden zapaldurik; ura zan Joanesen oia.
Beste aldean, egur batzuk sutan, ta egurren erdian baba-eltzetxoa gargar; ura zan Joanesen sukaldea ta asti egunetako janari ona.
Su ondoan, artiriñaren zorrotxoa, lurrezko katillu andia ta zurezko kollarea agiri ziran.
Etzegoan beste gauzarik: ez mairik, ez jarlekurik, ez beste osterantzeko etxe-tresnarik.
—Eztezu gauza asko bear bizi izateko —esan giñon artzaiari.
—Beste edozeñek aña bear det, —erantzun zigun— baña gutxitan artzen det bear baño geiago.
—¿Emen jaten dezu?
—Emen jatekoa egin; zelaian jan, girona bada.
—¿Ta emen lo?
—Ederki.
—Sartuko zaitzu aizea galanki irriñarte oietatik.
—Aizea ona da, udaldean batez ere.
—Ta etzera bildurtzen gabaz, bakarrik?
—Zeren bildur izan bear det Jaungoikoarekiñ ondo banago? Gañera, eztator ona iñor, zuek bezelakoren batzuk ezpadira, ta etzerate zuek artzaia mendian ikaratzeko gizonak. Gaiztoak or bealdean bizi dira, diotenez; zenbat eta berago, gaiztoagoak; zenbat eta erri andiago, okerragoak eta ugariagoak. Eztakit nik nola dan, baña gizon txarrak gutxitan oidira mendizale.
Arren egin giñon Joanesi lagun zaigula Aitzgorri gañeraño, astirik bazuan, ta lagundu zigun.
—Ura gizona! esan bear det berriz ere. Beti aurretik zijoan, izerdi tantorik gabe, geti parre antzean, jolasean bezela, ta guk, ogei urteko mutillak, izerditan urtutzen ta biriak aotik boteaz, ezin giñon jarraitu.
Atzean ez gelditzeagatik egiñalak egin genduzan, baña alperrik. Azkenerako, Joanesek, gure neke ta larria ikusi zuanean, errukituta, kendu zizkigun berotasuna baizen besterik ematen etziguten geure jakak eta goian zerbait artzeko geramakigun janari-otarratxoa. Lotsatzekoa zan, baña ezkiñan lotsatu: arritu egin giñan.
Aitzgorriko bizkarretik ikusten dana ezta beste iñondik gure Euskalerrian ikusten. Mendiak, mendi anaiak lenbizi: Ernio
ta Izarraitz, Aralar ta Gorbea, Arno ta Atxu, Oiz ta Anboto, Mendoegi, Etxalar, Oiluz ta beste asko, egundaño ikusi eztiran gisan, lur ta errien gañetik beren buruak jasoaz alkarri begira, uri andi bateko eleiz-torreak alkarri begiratzen dioten antzera; baso andi zugatzez beteak gero: Usturre, Otsabio, San Adrian, Elgea, Zaraia, Sollube, Bizkargi, Andia, Belate ta nik eztakit zenbat geiago, denak ostro berde berriak zeruruntz jasoaz, Jaungoikoari eskeintzen zitzaizkion lorontzi[2] eder batzuk ziruditela; belardiak eta soro landuak urrengo, zatika zatika, aldapa ta ibartxoetan zabaldurik zeuden zapi lodi mardul batzuen itxuran; euskal uri jakiñak oso beian, geure oñetan batzuek, Kantauri ertzean beste batzuk, lur-barruan askotxo, denak koxkor ta kaxkar, andienak ere urri ta txiki, gizonen kabiak alkarri erantsita zeukazkitela eta kabi oien burualdeak gorri gorri, zeru goi urdifiaren anditasun ta apainduriak ikustean txit lotsaturik baleude bezela; ibai ta erreka garbiak nonai, mendi naroak urietara biraltzen dituen opari onak, baso tartean bera murmurrean ta ibarretan zear dizdizka, ispillu bizi ibilkorren irudira; bideak, alde askotan, indarraren indarrez gizonak uri batetik bestera egin dituan bideak, or gorde ta emen agertu, an oker ta arutzago zuzen, beti estu estu, danean zuri zuri, norbaiti arilletik erori zaion ari albañu luze baten taiuan; ta azkenez, gizonaren jakituri ta alizatearen erakutsirik andienetakoa, suburdi beltza bere burni lerrotik barruan laisterka, txistuka ta zarraparrean, arrotasunaren agerpena bezela ke mataza lodi zikin bat kopeta gañean arro arro daramala.
Guk ikusi genduan suburdiak bere atzetik utzi zuan keia, apurtxo batean goietan egonda bereala, zabaldu zan, makaldu zan, urratu zan, gutxitu zan, utseratu zan, gizonik andienen izen ta entzutea laster asko utsera etortzen dan era berean.
¡Benetan! Aitzgorri gañetik begiratu ezkero, be aldeko gauza guztiak ume jolasak dirudite.
Mendiak bakarrik dirade andi, mendiak eta beren Egille Jaungoiko altsua.
Ta ala ere an zegoan, Aitzgorri gañeko elizatxoan, Jesus Jaungoikoaren irudi maitagarria, kurutzean josirik eta apal, oso apal, gizon arroai apaltasuna erakutsi naian.
Baseliz artara eraman genduzan Joanesek, antxen erakutsi zigun bere anima ederreko siñismen bero ta itxaropen eztia, antxen irabazi zidan osoro nere biotza.
Etzait geiago aztu, nere bizitza guztian, Joanes artzaia.