Edukira joan

Garoa/Lasai ta larri

Wikitekatik
(Garoa - Lasai ta larri(e)tik birzuzenduta)

XVII. Lasai ta larri
pages 314-330

XVII.

LASAI TA LARRI


—Ezalden entzun?
—Bai, andrea.
—Ta zertan zeunden etxe barruan?
—Aitonari begira, ezer sumatuko ete zuan bildurrez.
—Iñoren etxera etorrita... Potrollo sabel andi! ... Bienke Moxolo.
—Errukitu egin zait.
—Eztauka berak gure errukirik. Onak jarri gaitu! Malen, gauzak bereala erabaki bear dira. Eurean alago?
—Ni bai.
—Bada, orduan, ainbat lasterren. Gautxoriok uxatu ditzagun. I baua, Moxolorik ezten agertuko. Begietatik urruti, ezta biotza negarti. Zakurra kendu ezkero, amorrurik ez.
Au, gutxi gora bera, esan zion Maleni amonak, zelaitik sukaldera sartu zanean.
Arratsalderako, zeregin berriak zetorzkiola nabaiturik, arlo berrietan sartzeko leiaz, goizean iduki zituan naigabeak aztu zitzaizkon ia.
Orixe zan bere jakirik onena: artu-emanetan, eutsi ta ekatzu ibiltzea; etxeko joan-etorri goraberetan, burutsu bezela, gauza guztiak antolatzen jardutea.
Ezin zan geldirik eta ixillik egon, ta egun berean asi zuan arloa. «Bidaurretara beraz. Ederrak eman dizkigu! Ezkenduan asko uste... Nai duanean joan dedilla, bejondaiola, Jaungoikoak gorde gaitzala... Mojak ikusi bear nik orain. Euskaldunak aldira? Nondik egiten zaiete itz? Azkenengo zein sartu zan? Errekatxoko Josepa? Zenbat eraman ote zuan? ... Ogei milla gutxitxo, ogelau naikoa, ortik aurrera geiegi, badago zertan zabaldu... Gelarako gurutzea, sartuerako jantzia, bururako lore-ustaia, eskurako argizaria... Nola ekarri litezke? Onenak non ote daude? Apañak jarri bearko... Txit ederki egongo da, aukerakoa neskatxa, artarakoa umea, errian ez politagorik, zerupean ez oberik... Elizan nortzuk bituko gera? Zenbateraño bazkaritan? Zeintzuri esango diegu?... Urlia auzori eztakit, onelako aideri bai, alako adiskideri ez; ezer eztiogu zor; berak ere, alaba ezkondu zanean, etzigun iñori deitu...». Jaunak eta ura emakumearen itz jario ta arautu bearra!
Senar, seme ta illobak beregain utzi zioten: nai zuana esan ta egin zezala. Utzi Kataliñek, izketarako gogorik etzeukalako; utzi Joanesek, orrelako arazoetan ezer etzekilako; utzi Jose Ramonek, Manuelek, Malenek, amonari poz ematearren ta bera baño antolatzalle oberik iñun etzegoalako.
Ana Josepa, samin itxura gabe, eztaietan ibilli zan, jo ta ausi, aruntz ta onuntz, etxerik etxe, mojetara ta apaizetara, paperen eske ta soñeko billa, dirua ortik eta oiala emetik, ori nai nuke ta ezta merkea, etorri zaite ta lagun zadazu; aistian ozpiña baño garratzago edozeñi agiraka; aistian olio ta eztia baño leunago ta gozoago neskatxa onaren azkartasunak esaten; beingoan zimur, txanponik atera nai ezta; beingoan jori, bere illobarentzat dana gutxi zalata; beti buruko illeak jasotzeko astirik artu ezinda, alderdi guztietan Malentxoren sarrerako albistea parra parra zabaltzen.
Ara nolako jardunaz.
Eliz-etxera aurkezturik:
¡Are mai puixima!
—Zein da?
—Neu, jauna.
—Zer degu, Ana Josepa?
Batismoa bear det.
—Bataiatu gabea zaude?
—Ez, jauna, ez; bataio gabekorik ezta gurean. Nere illobak berorrek bataiatu zituan, nere semeak ostera Gerriko zanak, eta ni Gerriko baño lenagokoak, antziñatxo. Berori ere ezta makala, baña Gerriko bikarioa gizon argia zan, otsandiko abadea, ta ni bataiatu ninduana berriz...
—Badakit, badakit. Zer nai zenduke?
—Agiria ba, mojetarako agiria. Nere illoba orrek moja joan bear omen du ta...
—Malenek?
—Bai, jauna.
—Ori ondo.
—Ondo edo txarto, arrek berea.
—Zeuk ere zeurea egin zenduan.
—Bai, alaxen da. Obeto zan joma sartu banitz. Ainbeste buruko min eznuan erabilliko. Egia, ni eznaiz beñere barru-zale izan. Barruko itzalak eta barrukoen bizitzak ikara ematen dirate neri Ia ba, oraintxe arte mojarik eztet egundaño ezagutu. Gaur ikusi ditut, jauna. Bidaurretatik nator. Jas! ta patxadakoak eta korrientiak dira. Eznuan nik ala uste. Naikua gauza esan degu. Nik aiek baño geiago. Aora begira egon zaizkit, parrez parrez...
Bueno, bueno, agur; biar ipiñiko det agiria.
—Azkar egin beza.
—Biar bertan, agur.
—Ondo geldi bedi.
Lukasenean:
—Ia oial batzuk.
—Zuriak ala, beltzak ala...?
—Zeñentzat dituzu?
—Malenentzat.
—Ezkontzen alda?
—Bai zera ezkondu. Bidaurretara dijoa.
—Eeene! Alako neska ederra!
—Bakoitzak bere usteak.
—Ezertxo eznekian.
—Geuk ere ez, atzo arte.
—Ta ain laster?
—Zertan egon bear du? Bein erabaki ezkero... Tira, au zenbatean?
—Eun biguna aukeratu dezu.
—Zenbatekoa da?
—Errekatxokoak orixe bera eraman zuan.
—Gu ezkera gutxiago.
—Ez ba, ez ba... ori, lau ta erdian jarri nezake.
—Lau ta erdi kanako? Nagoan ixillik.
—Asko alda?
—Asko ez, geiegi. guk baño errezago irabazten dezue; bai anbat.
—Zaude: beste bat aterako dizut.
—Zer beste gero? auxe bear det, baño lauan ematen ezpadirazu, ni banua. Ain zuzen, nun erosia badago.
—Errekatxokoak lau ta erdian eraman zuan ba...
Enparantzearen erdian, aideren bati:
—Aizu, Brijilla, Malentxoren eliz-jaira etorriko zera.
—Noiz degu?
—Eztakit. Ni banabil, baña gurean ankarik jaso ere ez iñork, eta mutik ere ez, gañera.
—Naigabez daudeta.
—Ze naigabe ta naigabe oste. Naigabea denok daukagu. Ezertarako izan ez; guztia neuk egin bear, orra.
—Zeñek obeto?
—Mojetan bi aldiz egon naiz, bikarioari paperak eskatu dizkat, arrioa josten aidira, A. Pillipe sermoia gertatzen dago, bazkaria nola eman erabaki det, Bitoriatik jantzia badator, gero Mezatarako izango dan jantzi aberatsa, urre lore ta guzti... Berebiziko jaia tajutuko degu.
—Esango dirazue noiz.
—Bai, onezkero laster izango da; zortzi egun barru bai. Aitzen emango zaitzu.
Iñori aitortu ezarren, bereala antz eman zion Ana Josepak etzala zeregin zalletakoa Malentxo Bidaurretan ipintzea: ez, bideak erekita zeuden, ateak zabalduta idoro zituan. «Neskatxa satorra! Azpitik lana eginda euki arrek, azpitik eta lenagotik. Latiñak eta guztiak ikasita zeuzkan ba ta. Umea bai argia!»
Malentxoren asmoa Joseri ere jakin erazi zioten. Non zegoan baño bera? Ekaitzaren indarrak, zorigaitzaren zartadeak noraño baztertu zuan? Umezurtz errukaria non zebillen? Mondragoitik laster Bergara baño lenxeago, Deba izeneko ibai ertzean, Barrena deritzaion arrobian.
Baserritik atera zan egun berean, non sartuko, zer egingo, zeri eutsiko gogamenduaz, alderdi guztietara begira ordu larriak igarota gero, arratsalde beranduan, jaiki zanetik ur pitin bat edan gabe, baño beazunez zearo elikatua, etxi etxian norabaitera bidezko zijoala, arri-zulatzallien burni-otsa sumaturik, aiekana urreratu zan gizagaixoa, gau illuneko ibiltari galdua argi bakarrera joan oidan itxuretan.
—Arratsalde on —esan zien.
—Bai zuri ere.
—Zeregiñik bai alda edo...
—Aigera beñipein.
—Beste iñorentzat ote daukazuen diot.
—Bai: or, ibaian ur malatuak egiteko ta, Bergaran lantegia jasotzeko ta, arri asko bear degu. Aurtengo lain badago.
—Nik ere ba ogibide apur bat nai nuke.
—Emen?
—Lan gogorra da gero au.
—Oitua nago.
—Nongoa zera?
—Oñatiarra.
—Zein etxetakoa?
—Eztaukat etxerik eta gurasorik.
—Sasikoa beraz?
—Or nunbait.
—Ainbat okerrago. Ia ba, zeuk badeitzozu...
Josek etzuan iñola ere Zabaletaren aitamenik egin nai. Zertako? Zer dezu ta nola zatoz aztarna billa asi zitezen, galdezka? Bere anima barrura zeñek sartu bear zuan? Joseren naigabeak zeñi ajola emango zion? Gañera, Barrenako arrobian etzan bera luzaroan egongo. Ez, diru pixka bat eskuratu artean bakarrik: gero, Jaungoikoak laguntzen bazion, urrutira joango zan, oso urrutira, Oñatiren ta Zabaletakoen izenik entzungo etzan lurretaraño. Baña, orduan ere, gauza bat zeukan oker ta izua: ai! biotza ezin jaurtigi, norberarekin eraman bear, beñere ixiltzake, beti espaz, miñez, eri ta negarti.
—Non geldituko naiz?
—Ortxe zerbait aurrerago daukazu Lokatza.
—Baserriren bat?
—Ez, ostatua edo...
Etzan baserria ta etzan ostatua. Baserria ez: gure baserriak, etxe zabal patxadakoak, soro zelaien erdian, baso itzalen inguruan, bidaztien ardura gabe, lurrak eta abelgorriak ematen duenetik bizi oidira, ta norbaitek iñoiz baserriko eskaratzean aterperik bear edo nai badu, nekazarien bazkari edo aparia etxerako dagoan eltzetik ematen zaio Etzan ostatua: gure ostatuak, txukun ta garbiak, tresna erosoz ta gela ederrez jantziak, ardo ta edari onez beteak, arrautz, aragi, arrai ta egaztiz ornituak, beti daukate zer jana ta zer edana, ta sarri gogoak eskatzen duan guztia.
Joseren ostatua (nolabait esan bearko) etxe txikia, etxe medarra, mendipe añubean, sailtxo elkorrean, ibiltari arlotien txanponak bildu nairik, bidearen albora ertenda zegoan. Makiña bat bizikera bada! Ez soro ta ez zelai, ez arto ta ez belar, ez bei ta ez txerri, arkaitza batetik, oiana bestetik, larreko auntzak esnea labur, ogei oñeko baratzatxoak sei baratzuri ta lau tipula ziztrin, etxe artakoen janaria non lortu zitekean etzan iñola ikusten.
Baña Lokatzako nagusiak, Joakin Arraio ta Antoni Txistu, senar emazteak, gazte samarrak, bata otarragillea ta bestea zirt edo zart egitekoa, borroka ere bai bear izan ezkero, etziran ain estu bizi. Oñezkoa zala edo zaldizkoa zala, gurdiduna edo madazaña, zerbaiten irabazia egunero sortu oizan.
Zer zeukaten baña etxe barruan? Laster azaldu geinke. Mai luze zikin bat aulki biren erdian; piper batzuek apalean, ozpiñetako piper berdeak gordiñik jateko ta gorri-beltz zimelduak zukua berotzeko; sardin zarrak, intxaurrak, azukre illuna, bakallao buztana ta urdai tatoa iltzean bera, gaztai erdika ori gogorra, ogi zatar andi legorra, amar librako olio ontzia, lau arroako zaragitxoa, ur irazekidun bonbilla motza... ta euliak, euliak erruz araza, mai, orma ta janari guztien gañean, batez ere or-emen eroritako salda pitin ta gozo apurretan mardokiro pillaturik.
Nori deizkio gauza gutxi? Etzan geiago bear, astegun buruzurian beintzat. Jaietarako Bergaratik erakarri oizuten ogi ta aragi berria oso ugari, jaietarako ta azoka egunetarako; bada egun oietan etxetxo ura aruntz-onuntzkoen geldi-leku jakiña izaten zan, edalien iturri egunaz, txori askoren kaiola gabaz, jokalari maltzurren leize-zulo ta nekazari geldoen ondamendi edonoiz. Amaika bidar gau beranduan uritik bota zituen nekazariak asi oiziran Lokatzan, beranduago, enbidoka ta ordagoka! ¡Zijoala bere lekura, edonun gelditu zedilla, nai zuana egin zezala, or konpon.
Jose Lokatzan sartu zanean, orma gorrian ikatzez eginda oar lakarra ikusi zuan:

Oy no ce pia, manana zi.

Albiste polita arditik gabe zegoanarentzat! Eta nork erantzunik ez gañera!
Etxekoandrea burutik oñetaraño begira gelditu zitzaion. Andre ura, andre-gizona, soa[1] ta itz gogorreko emakumea, bidaztien sakelari usai egiten ederki oitua zegoan. Bere aurrean igaro ziran, milla ta geiago aldiz, baserritarrak eta uritarrak, eutsiak eta banatzalleak, apalak eta arroxkoak; bere mai zakarrean jan zuten gogoz, onetik edo merketik, aragi zerra edo ogi zatia, bakallao errea edo tipula gordiña, auzoetako gizonak eta urriñetako neska-mutillak, alkondare zuridunak eta atorra gabekoak, zerbait zeukatenak eta gizadi beartsuak, beartsuak batez ere, ijito, pasiego, barkillero, eskale, perzgille, aulkigin ta abar Etzituan alperrik, kopaka basoka, ainbeste bonbilla ta zaragi ustu. Edozein bidezkori laster igarriko zion dirurik bazuan ala ez, jantzian, esakeran, ibilkeran, begietan, edonun.
Ain ixil ta geza ikusirik:
—Zer dakartzu? —galdetu zion Joseri.
—Lanera nator.
—Nora gero?
—Alboko arrobira.
—gurean egoteko?
—Bai.
—Aurrez ordaindu bear dezu egoerea ta jana.
—Aurrez?
—Bai.
—Orain eztaukat ba.
—Ala uste nuan. Agertu zeraneko, peku txarrean jarri naiz. Askotxo ikasia nago ni. Pardel gabe ta, lanera...
—Gaurko beñipein, sapaian bada ere...
—Emen eztago sapairik.
—Soñekoa baituko[2] dizut.
—A! Orretara bada bai, orretara eztet galduko.
Ta kopeta beltza batere argitu gabe, milla petralkeri geiago esanaz, gertatu zitzaion mutillari badaezpadako aparitxoa, eman zioten nalabaiteko etzatokia.
Baño alako gazte sendoa zurbil, buruz bera ta lotsakor nabaiturik, senar-emazteak iñola ezin artetu ziran. «Jaungoikoak badaki zein dan» —dio batak. «Alprojaren bat galanta» —besteak. Jose lotara ostendu zanean, susmuka ta zelataka gelditzen dira biak, eta gure umezurtz gizagaixoa belauniko, Aitaren egiñaz, negarrez ikusten dute. Orduan, «eztirudi gaiztoetakoa» —azaltzen du Joakiñek—. Eta emazteak: «Izan ta irudi berdiñak eztira. Ernai egon. Bear eztanen bat egin du orrek; bai, damutu bazaio ere, zerbait egin du. Ta urrekoa da, urrekoa non edo nongoa...»
Orain badakigu Jose non gelditu zan: Lokatza ezagutzen degu. Zabaletatik erten ezkero, Lokatzan jaten zuan gosea kentzeko aña baburrun ta ogi zuku, zorretan dagoan gizon lotsatiak aldezakean bezela, neurriz, arretaz, begirune andiz. Antxen epeldu oizuan oe purtzil bat gabero gabero, baño gau beltza gogo illunean igarota, goizean, gorputza ezer gozatzake ta anima gaixoa oerakoan baño larri ta gaziago zuala jaiki oizan. «Ai! Etxe otza dek au, ostatu legorra dek au —zion berekiko—. Urdallarentzat zerbait baziok, baña biotzak eztezala ezer eskatu. Neketan ago i, Jose, baño ire nekien ajolarik etzeukak iñork. Ta Euskalerrian ori gertatzen bazaik, erdalerrietan zer izango da izaz?...». Etorkizunari begira jarrita, bere burua urruti aldean ikusten zuala zeritzon, bidazti arrotza gure lurretan oibezela, jan edo lan billa, oñez, bakar, itzal, minbera, loi ta zirpiltsu, kemenge ta motel, zama zakarra ezin jasorik, goseak eta egarriak galtzeko zorian, non zebillen etzekiala, ezkerrera edo eskubira ekiteko zalantzan, alderdi guztietan irria ta iraña idoroko zuan bildurrez... «Iturraldeko semetxoa —zion berriro— naigabe zelai andiak igaro bear dituk. Laztasuneko bidearen asieran abil; geroago ta garraztasun andiagoak datorzkik. Erbesteko aiz emen ta erbesteko izango aiz edozein tokitan; arrotz izango aiz edonun, arrotz iguingarri».
Erbesteko izate au berezkoa da gizonentzat, edonun ezpada, lekurik geienetan Erbestekoa da, ez bakarrik alemana Españian edo Zamorakoa Euskalerrian, baita ere donostiarra Bilbon, getariarra Zarautzen, karrika batekoa bestean, auzokoa gurean ta maizegi —ezin ukatu— etxe barrukoa gure biotzean. Askoren iritziz, erritar izatea norbere ustea ta gogokoa izatea baño ezta. O zenbat arrotz alkarren ondoan, berak eztakitela!
Josek bazekian bera etzala iñungo, bera etzala iñoren biotzeko, ta ortik animaren samiña.
Orratik ere, gizon ta erri guztien Aitak, txorien ajola duan Jaungoikoak, gozamen apur bat biraldu zion.
Zabaletakoen aginduz ta Paularen erakutsiz Joseren billa zebiltzan adiskide onak, gure gaztea idorotzean, osatu ez, baño zerbait zabaldu zioten bere barrua.
Albiste onak zekarzkiten: «Martin etzala Zabaletarako». Ez ba, ezin ba. Gizatxar alper andia langille zintzoen artean, nola egokitu? Euskal oituren iraintzalle gaiztoa nola izan Zabaletako seme on? Jaungoikoaren etsaia ta Jesusen maitalea, nola ondo alkartu? Eskerrak, ala ere, garaiz oartu ziranean... «Moxolo zakurrak ia jan zuala». Bai, zakurrak aixa ezagutzen duten zein nolakoa dan, gizonak baño aixago noski. Sen geiago dute ta esker obea. Gizonak egin ziotena eziokean Txurik egingo, ez alegia... «Malentxo moja zijoala». Moja! Nori oroitu? Nori baña? Berari, Joseri, maitetasunak itxuturik euki ezpalu. Aingeruak beti dira zerukoi. Orduantxe zekuzan garbiro Malentxoren izakera, zaletasuna ta gogo eder beroa. O! Jaungoikoarentzat izan ezpalitz, neskatxa zoragarri ura beretzat, Joserentzat izango zan. Siñiste alai! Gogamen atsegingarria! Eztiz intzaturiko gogamena! Eztiz ta beazunez. Ezingo zuan iritxi! Zer da gizon zirzilla, erregetzarik andiena idukita ere, zer da Jaunaren ondoan? Jesus, Jesus! Malentxo naian Jose nabarben ibilli bada, ez jakiñean ibilla da... «Aitona deiez zegokola». Bai, samurra zalako, samur ta zuzena, Euskalerrian besterik iñor bazan. Damu zuan mutillak aitonari min ematea, agurrik egin eza. Aurki joango zitzaion parka eske, alogerak artutakoan, urrengo astean...


  1. Mirada.
  2. Baitu: Poner ó dejar en prenda.