Edukira joan

Harry S. Truman-en inaugurazio hitzaldia (zatia)

Wikitekatik
Harry S. Truman-en inaugurazio hitzaldia  (1949) 
Harry S. Truman
Iturria: Martínez Rueda, F. eta Urquijo, M. (2006): Materiales para la historia del mundo actual, Istmo, Madril, I., 352-354.

Itzulpena: Martínez Rueda, F. eta Aizpuru Murua, M. (2011): Gaur egungo munduaren historia 1945-2009, UEU, Bilbo, 99.

Gure historia nazionalaren garai bakoitzak erronka bereziak izan ditu. Gaur egun aurrez aurre ditugunak iraganekoak bezain garrantzitsuak dira. Gaurko egunak, administrazio berriaren hasiera ez ezik, garai gorabeheratsu baten hasiera ere mugatzen du; beharbada garai erabakigarria izango da, bai geuretzat, bai eta munduarentzat ere.

Beharbada, gizadiaren historia luzeak izan duen aldaketarik garrantzitsuena bizitzea egokituko zaigu, eta hein handi batean, guk geuk eragingo dugu. Mende honen lehenengo erdian, inoizko erasorik handiena egin zaie giza eskubideei, eta historiako bi gerrarik latzenak gertatu dira. Elkarrekin bakean eta harmonian bizitzen ikastea da gure garaiko gizonaren premiarik larriena.

Munduko biztanleek zalantzaz beteta begiratzen diote etorkizunari; batetik, itxaropen handiz eta, bestetik, beldur handiz, erdi eta erdi. Duda-mudako garaiotan, orain arte ez bezala, Estatu Batuetarantz begiratzen dute borondate onaren bila, indar bila eta zentzuzko buruzagitzaren bila. Beraz, une egokia dugu munduaren aurrean bizi gaituen fedearen funtsezko oinarriak aldarrikatzeko, eta gure asmoak mundu guztiari ezagutarazteko.

Amerikar herriak tinko jarraitzen du nazio hau hasieratik bertatik suspertu duen fedea. Sinesten dugu gizon guztiek dutela justizia berdinerako eskubidea legearen aurrean, eta guztien ondasuna partekatzeko aukera izateko eskubidea. Sinesten dugu gizon guztiek dutela iritzi-askatasuna eta adierazpen-askatasuna izateko eskubidea. Sinesten dugu gizon guztiak berdinak sortu direla, Jainkoaren irudira sortutakoak baitira.

Amerikar herriak nahi du, eta horren alde lan egiteko prest dago, mundu bat non nazio eta herri guztiak libre izango diren beren burua gobernatzeko berek erabakitako eran, eta mundu guztiak lortuko duen bizimodu dezente eta gogarakoa. Horren guztiaren gainetik, gure herriak nahi du, eta horren alde lan egiteko prest dago, mundu guztirako bakea —bake bidezko eta iraunkorra—, berdinen artekoa, askatasunez lortutako benetako akordioan oinarritutakoa.

Asmo horiek guztiak lortzeko bidean, Estatu Batuek eta iritzi bereko beste nazio batzuek aurrez aurre eta aurka dute kontrako asmoak eta bizi-eredu erabat ezberdina dituen erregimen bat. Filosofia faltsu baten aldekoa da erregimen hori, askatasuna, segurtasuna eta aukera handiak eskaintzen dituen filosofia baten aldekoa. Filosofia horrek engainaturik, herri askok beren askatasuna sakrifikatu dute minaren truke, irabazpide bakarra iruzurra eta engainua, pobretasuna eta tirania direla ikasteko.

Harry S. Truman

Washington, 1949ko urtarrilaren 20a


Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License.