Edukira joan

1982ko Nafarroako Foru Erkidegoko Estatutua

Wikitekatik

Espainiako Erresumako 13/1982 Lege Organikoa

13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzkoa

Testu bateratua.

Jatorrizkoa 1982ko irailaren 3an argitaratua. Akats zuzenketa: 1982-08-26ko Espainiako Aldizkari Ofiziala.

Aldaketak: 1/2001 Lege Organikoa; 7/2010 Lege Organikoa


Sarrera

[aldatu]

Nafarroak, Espainiako nazio-batasuna eratzeko prozesuarekin bat egin zuenean ere, bere erresuma izaera gorde zuen, baita horri atxikirik bizi ere, beste herri batzuekin batean, Espainiaren ekinaldi handia.

XIX. mendea aurrera zihoala, Nafarroak erresuma izaera galdu zuen, baina 1839ko urriaren 25eko Legeak haren foruak berretsi zituen, batasun konstituzionala deusetan ukatu gabe, eta xedatu ere zen ezen, Nafarroaren partaidetzaz, batasun horren interesak eskatzen zituen nahitaezko aldaketak sartuko zirela foru horietan, Nazioaren eta Monarkiaren Konstituzioaren interes orokorrekin bat.

Xede hori zutela lotu ziren negoziazioei Nazioko Gobernua eta Nafarroako Diputazioa, eta hondarrean erdietsi zuten akordioan du sorburua Espainiako Monarkiaren Gorteek onetsi zuten 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itunduak.

Bere jatorrizko eskubide historikoetatik heldu ziren lege horien gerizapean, Nafarroak bere foru araubidea gorde zuen, baita ezari-ezarian garatuz joan ere, beharrezkoa izan denean Estatuko Administrazioarekin hitzartuz ahalmen eta eskumenen egokitzapena, elkarlanerako komenigarritzat jotzen ziren bideak adostuz eta betiere gizartearen beharrak begiratuz.

Aurrekari horiek zuzentasunez aintzat harturik, Konstituzioak, printzipio demokratiko, pluralista eta autonomikoen baiesle, gogoan dauka foru araubidearen existentzia eta, horrenbestez, bere lehen xedapen gehigarriko lehenbiziko lerroaldean Nafarroaren eskubide historikoak babesten eta errespetatzen ditu eta, bere xedapen indargabetzailearen bigarren idatz-zatian, berriz, 1839ko urriaren 25eko Legearen indarra bere horretan uzten. Horra, beraz, Konstituzioak indarra hartu berritan, Foru Diputazioarekin akordioa egin ondotik, 1979ko urtarrilaren 26ko Errege Dekretua aldarrikatzeko arrazoia, Nafarroako foru araubidea berrezarri eta hobetzeko bideari hasiera eman baitzion.

Hartara, Nafarroako foru araubidearen berezko ezaugarria da, Konstituzioak gerizatua, Estatuko Administrazioaren ordezkariek eta Nafarroako Foru Diputazioarenek araubide horren erreforma eta eguneratzea adostea, Gorte Nagusiek, espainiar herriaren subiranotasun banaezina haragitzen duen Estatuko organo diren aldetik, erabaki aitzin. Bi ordezkaritzen artean adostutako hobekuntzaren izaera eta garrantzia kontuan harturik, Konstituzioaren ikuspegitik beharrezkoa da Gobernuak, bere legegintza-ekimenaz baliatuz, lege organikoaren proiektuaren maila eta izaera eman diezazkion itunari, eta Gorte Nagusietara igor dezan, haiek, hala erabakiz gero, Espainiako ordenamendu juridikoan sar dezaten lege organiko gisa.

Atariko titulua: xedapen orokorrak

[aldatu]

1. artikulua

Nafarroa foru erkidego bat da, araubide, autonomia eta erakunde berekiak dituena, banaezina, Espainiako Nazioaren barnean sartua eta solidarioa haren herri guztiekin.

2. artikulua

1. Botere publikoek Nafarroako Foru Komunitatearen jatorrizko eskubide historikoak errespetatu eta babestuko dituzte, 1839ko urriaren 25eko Legeari, 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itunduari eta bere xedapen osagarriei, lege organiko honi eta Konstituzioari jarraikiz, haren lehen xedapen gehigarriko lehenbiziko lerroaldean aurreikusitakoaren arabera.

2. Aitzineko idatz-zatian xedatutakoak ez ditu ukituko Estatuaren erakunde, ahalmen eta eskumenak, batasun konstituzionalari badatxezkio.

3. artikulua

Nafarroako foru araubidearen izaerarekin bat etorriz, haren Hobekuntzak, lege organiko honetan ezartzen den gisan, helburu hauek ditu:

1. Batasun konstituzionalarekin bateragarriak diren ahalmen eta eskumen guztiak Nafarroako foru araubidearen barnean sartzea.

2. Nafarroako foru erakundeak demokratikoki antolatzea.

3. Nafarroako foru araubidearen ahalmen eta eskumen bereki guztiak bermatzea.

4. artikulua

Lege hau aldarrikatzen den unean Iruña, Lizarra, Tutera, Zangoza eta Erriberriko merindade historikoen barnean dauden udalerriek osatzen dute Nafarroako Foru Komunitateko lurraldea.

5. artikulua

1. Lege organiko honi doakionean, Estatuko lege orokorrei jarraikiz auzotasun administratiboa Nafarroako edozein udalerritan duten espainiarrek dute nafartasun politikoa.

2. Atzerrian bizi eta beren azken auzotasun administratiboa Nafarroan izan duten espainiarrek, Nafarroan bizi direnek dituzten eskubide politiko berberak izanen dituzte. Halaber, haien ondokoek ere eskubide horiek izanen dituzte, espainiar gisa izena emanda badaude eta horrela eskatzen badute Estatuko legeriak zehazten duen gisan.

3. Foru zuzenbide zibilaren araberako nafartasuna eskuratu, gorde, galdu eta berreskuratzeko Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazio edo Foru Berrian ezarritakoari jarraikiko zaio.

6. artikulua

Nafarrek gainerako espainiarrek dituzten oinarrizko eskubide, askatasun eta betebehar berberak dituzte.

7. artikulua

1. Nafarroako armarria osaturik dago hondo gorriaren gainean paraturiko urrezko kateez, kate-mailazko zortzi besoen elkargunean esmeralda bat dutela, eta ororen gainean, berriz, errege koroa, antzinako Nafarroako Erresumaren sinboloa.

2. Nafarroako bandera gorria da, erdian armarria duela.

8. artikulua

Nafarroako hiriburua Iruñeko hiria da.

9. artikulua

1. Gaztelania da Nafarroako hizkuntza ofiziala.

2. Euskarak ere hizkuntza ofizialaren maila izanen du Nafarroako eskualde euskaldunetan.

Foru lege batek eskualde horiek zehaztu, euskararen erabilera ofiziala arautu eta, Estatuko legeria orokorra abiapuntutzat harturik, hizkuntza horren irakaskuntza antolatuko du.

I. titulua: Nafarroako foru erakundeak

[aldatu]

I. KAPITULUA. Erakundeak

10. artikulua

Nafarroako foru erakundeak hauek dira:

a) Parlamentua edo Nafarroako Gorteak.

b) Nafarroako Gobernua edo Foru Diputazioa.

c) Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria.

II. KAPITULUA. Parlamentua edo Nafarroako Gorteak

11. artikulua

Parlamentuak Nafarroako herria ordezkatzen du, legegintzarako ahalmena erabiltzen, Nafarroako aurrekontuak eta kontuak onesten, Foru Diputazioaren jarduera bultzatzen eta kontrolatzen, eta ordenamendu juridikoak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak betetzen.

12. artikulua

Parlamentuaren eskumena da Nafarroari foru erkidego den aldetik legozkiokeen senatariak hautatzea.

13. artikulua

1. Nafarroako Parlamentua bortxaezina da.

2. Foru parlamentariak, baita agintaldia bukatu eta gero ere, ukiezinak izanen dira Parlamentuko egintzetan adierazitako iritziei eta beren karguan jardutean emandako botoei dagokienez.

14. artikulua

1. Delitu goria ez bada, foru parlamentariak beren agintaldian ezin izanen dira atzeman ez atxilotu Nafarroako lurraldearen barnean egindako delitu-egintzen kariaz; haiei errua egozteko erabakia, eta haiek espetxeratu, auziperatu eta epaitzekoa Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari dagokio betiere.

2. Nafarroako lurraldetik kanpora, erantzukizun penala Auzitegi Goreneko behar den salan exijituko da, gisa berean exijitu ere.

15. artikulua

1. Parlamentua bozketa unibertsal, libre, berdin, zuzen eta isilpekoaren bidez hautatuko da, lau urterako.

2. Parlamentuko kideen kopurua ez da berrogei baino gutxiago izanen, ez eta hirurogei baino gehiago ere.

Foru lege batek finkatuko du parlamentarien kopuru zehatza eta haien hautapena arautuko, ordezkaritza proportzionalaren irizpideei jaramon eginez, baita haien hautaezintasun eta bateraezintasun kasuak ere, hori guztia hauteskunde-legeria orokorrari jarraikiz.

16. artikulua

1. Parlamentuak bere Erregelamendua ezarri eta bere aurrekontuak onetsiko ditu.

2. Erregelamendua onesteko eta erreformatzeko, Parlamentuko kideen gehiengo osoaren aldeko botoa beharko da, proiektu osoaren gaineko azken bozketa batean.

17. artikulua

1. Parlamentuaren jarduna osoko bilkuretan eta batzordeetan gauzatuko da, eta bere kideen artetik lehendakari bat, mahai bat eta batzorde iraunkor bat hautatuko ditu.

2. Parlamentuak, bilkura arruntak egiteko, urtean bi bilkuraldi izanen ditu; horiek Erregelamenduan ezarriko dira.

3. Bilkura bereziak ere egin ahalko dira. Bilkura bereziak lehendakariak deituta eginen dira, Batzorde Iraunkorrak, parlamentarien bostenek edo Erregelamenduak ezartzen duen parlamentu-talde kopuruak eskatzen dutenean, edota Foru Diputazioak eskatuta, gai zerrenda aldez aurretik zehaztuta betiere.

4. Legebiltzarreko Erregelamenduak artikulu honen lehenbiziko idatz-zatian adierazitako organoen hautaketa, osaera, eskudantziak eta jardunbidea arautuko ditu.

18. artikulua

Diputazioari dagokio Nafarroako Aurrekontu Orokorrak prestatzea eta Kontuak formalizatzea Parlamentuan aurkezteko, horrek eztabaidatu, zuzenketak egin eta, hala erabakiz gero, onets ditzan, hori guztia foru legeek zehazten dutenari jarraikiz. Halaberean, Diputazioak bere jarduera ekonomikoaren berri emanen dio Nafarroako Parlamentuari, hura kontrolatu ahal izateko.

18. bis artikulua

1. Foru araubidearen indarrez, Comptos Ganbera da Nafarroako Foru Komunitateko sektore publikoaren, toki erakundeen eta Nafarroako sektore publikoaren gainerakoaren kudeaketa ekonomikoa eta finantzarioa fiskalizatzen dituen kanpo-organoa.

2. Comptos Ganbera organikoki Nafarroako Parlamentuaren mende dago, eta bere jarduna arautzen duen foru legeari jarraikiz betetzen ditu bere eginkizunak.

Parlamentuak Foru Komunitatearen eta haren mendeko sektore publikoaren kontuen berri izan eta horiek onetsi aurretik, Comptos Ganberak haien azterketa eta zentsura eginen ditu, eta Nafarroako Parlamentuarendako irizpena luzatuko.

Halaber, Nafarroako toki erakundeen eta haien mendeko sektore publikoaren kontuen eta kudeaketa ekonomikoaren berri emanen du, bere jarduna arautzen duen foru legeak eta Toki Administrazioari buruzko Foru Legeak ezartzen dutenari jarraikiz.

3. Aitzineko idatz-zatietan xedatutakoa deusetan galarazi gabe, Comptos Ganberak bere jarduketak igorriko dizkio Kontu Auzitegiari. Kontu Auzitegiaren irizpena, bere espedientea eta guzti, Nafarroako Parlamentuari bidaliko zaio, bidezkoak diren neurriak har ditzan, hala erabakiz gero.

4. Kontu Auzitegiari dagokio epaitzea erantzukizunik ba ote duten, kontabilitate aldetik, Nafarroan diru edo efektu publikoen erabilera beren esku izan eta, egitez edo ez-egitez, legearen aurka jota, diru-efektu horien urritzea dakarten pertsonek.

Bere eginkizun fiskalizatzailean aritzean, Comptos Ganbera ohartuz gero inon erantzukizun zantzurik badela kontabilitate aldetik, behar diren jarduketak Kontu Auzitegiaren esku utziko ditu.

18. ter artikulua

1. Nafarroako Arartekoak Nafarroako Parlamentuaren mendeko organo gisa jardungo du eta, Gorte Nagusiek izendatutako Arartekoaren eskumena galarazi gabe, Konstituzioak eta lege organiko honek gerizatutako eskubideak eta askatasunak defendatu eta babesteko eginkizuna izanen du, Foru Komunitatearen eskumen eremuan. Horretarako, Nafarroako administrazio publikoen jarduna gainbegiratu ahal izanen du, eta horren berri emanen dio Parlamentuari.

2. Foru lege batek arautuko ditu Nafarroako Arartekoaren hautaketa, eskudantziak, araubide juridikoa eta funtzionamendua.

19. artikulua

1. Legegintza-ekimena ondoko hauei dagokie:

a) Foru Diputazioari, Parlamentuari lege proiektuak aurkeztuz.

b) Foru parlamentariei, Legebiltzarreko Erregelamenduak erabakitzen duen gisan.

c) Udalei, beraiei dagokien merindadeko udalerri kopuruaren herena eta bertako zuzenbidezko biztanleriaren ehuneko berrogeita hamar ordezkatzen dutenean. Ekimen horren erabilera foru lege bidez arautuko da.

2. Foru lege batek ezarriko du herriaren legegintza-ekimena, kasuko lege organikoak xedatzen duenari jarraikiz.

3. Lege honen 20.2 artikuluaren arabera foru legez arautu beharreko gaietan, legegintza-ekimena Foru Diputazioari eta parlamentariei baizik ez dagokie.

20. artikulua

1. Nafarroako Parlamentuak emandako arauek foru lege hartuko dute izena, eta gehiengo soilez onetsiko dira.

2. Lege organiko honetan espresuki aipatutako foru legeek eta administrazio eta lurralde antolamenduaz Legebiltzarreko Erregelamenduak erabakitzen dituen beste guztiek gehiengo osoa beharko dute onetsiak izateko, proiektu osoaren gaineko azken bozketa batean.

21. artikulua

1. Parlamentuak Foru Diputazioari eskuordetu ahal dio legegintza-ekimenaren erabilpena. Eskuordetze hori ez da bidezkoa izanen, aurreko artikuluari jarraikiz, foru legeak onesteko gehiengo osoa behar den kasuetan.

2. Eskuordetzeari buruzko legeek finkatuko dituzte legegintzako ahalmen eskuordetua erabiltzean begiratu beharreko oinarriak. Foru legeak lege-testuak bategiteko baimena ere eman diezaioke Diputazioari, bategitearen norainokoa eta hartan jarraitu beharreko irizpideak ezarrita.

3. Legegintzarako eskuordetzea espresuki eman beharko zaio Diputazioari, gai jakin baterako eta erabilpen epea finkatuta.

21. bis artikulua

1. Kasu berezi eta oso presakoetan, Nafarroako Gobernuak behin-behineko legezko xedapenak eman ahal izanen ditu, foru lege-dekretu forma hartuko dutenak. Ezin izanen dira foru lege-dekretuaren xede izan honakoak: Foru Komunitateko erakundeen eta nafarren eskubideen, betebeharren eta askatasunen garapen zuzena, lege organiko honetan arautuak daudenena; lege organiko honen erreforma, eta lege hau garatzeko emandako foru legeena, legean bertan espresuki aipatzen direnena, hain zuzen; hauteskunde-araubidea; eta Nafarroako Aurrekontu Orokorrak.

2. Foru lege-dekretuak indarrik gabe utziko dira, ez baditu Nafarroako Parlamentuak espresuki baliozkotu horiek aldarrikatu eta biharamunetik hasita 30 eguneko epe luzaezinean. Horretarako, foru lege-dekretuaren osoko eztabaida eta bozketa eginen dira.

Idatz-zati honetan ezarritako epean, Parlamentuak foru lege-dekretuak foru lege proiektu gisa tramitatu ahal izanen ditu, presako prozeduraren bidez.

22. artikulua

Foru Diputazioko lehendakariak aldarrikatuko ditu foru legeak Erregeren izenean, eta berak xedatuko du argitara daitezen “Nafarroako Aldizkari Ofizialean”, Parlamentuak onetsi ondoko hamabost egunetan, eta “Estatuko Aldizkari Ofizialean”. Indarra hartzeari doakionean, “Nafarroako Aldizkari Ofizialean” argitaratzen direneko data izanen da baliozkoa.

III. KAPITULUA. Nafarroako Gobernua edo Foru Diputazioa

23. artikulua

1. Nafarroako Gobernu edo Foru Diputazioari ondoko hauek dagozkio:

a) Eginkizun exekutiboa, erregelamenduak egitekoa eta administratiboa barne direla.

b) Berraztertzeko ahalmena gai administratibo eta ekonomiko-administratiboetan, bide judizialaren aitzin.

c) Lege organiko honek esleitzen dizkion eskumenak eta dagozkiokeenak bestelako legeen arabera.

2. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak ematen dituen xedapen orokorrak lehendakariaren foru dekretu izanen dira; foru dekretu, Nafarroako Gobernuak ematen dituenak, eta foru agindu, berriz, haren kontseilariek ematen dituztenak.

24. artikulua

Diputazioak ardura berezia hartuko du Nafarroako foru araubidearen osotasuna defendatzeko, eta Parlamentuari eman behar dio gerta litekeen edozein kontraforuren berri.

25. artikulua

Foru lege batek arautuko du Diputazioaren osaera, eskudantziak, araubide juridikoa eta jardunbidea, hala nola haren kideen estatutua.

26. artikulua

Foru Diputazioak Parlamentuaren aldez aurreko baimena beharko du honako hauetarako:

a) Zor publikoa jaulki, abal eta bermeak eratu eta kredituak egiteko.

b) Estatuarekin eta autonomia-erkidegoekin hitzarmenak formalizatzeko, baldin eta horrek foru legeren bat aldatu edo indargabetzea edota horiek betetzeko legegintzako neurriak hartu behar izatea badakar.

c) Lege organiko honen 39.2. artikuluak aipatzen duen ekimena erabiltzeko.

27. artikulua

Lehendakariaren eta Foru Diputazioko gainerako kideen erantzukizun kriminala Auzitegi Goreneko behar den salan exijituko da, behar izanez gero.

28. artikulua

1. Foru Diputazioak kargua utziko du Parlamenturako hauteskundeak egindakoan, Legebiltzarrak bere konfiantza ukatu edo zentsura-mozio bat onesten duenean, edota lehendakariaren dimisioagatik edo heriotzagatik.

2. Kargua uzten duen Diputazioak jarduneko erakunde gisa jarraituko du, Diputazio berria karguaz jabetu artean.

28. bis artikulua

1. Nafarroako Gobernuaren zuzendaritzapean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak objektibotasunez erantzuten die interes orokorrei, betiere Konstituzioari, lege organiko honi eta gainerako ordenamendu juridikoari men eginez.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak administrazio arruntaren izaera du bere eskumenak gauzatzean, eta bere jarduera bat dator, besteak beste, eraginkortasunaren, eragimenaren, arrazionalizazioaren, gardentasunaren, administrazio egokiaren eta herritarrentzako zerbitzu eraginkorraren irizpideekin.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, bere eskumenak gauzatzean, ordenamendu juridikoak Estatuko Administrazio Orokorrari aitortzen dizkion eskumen, ahalmen eta eskubideak izanen ditu.

28. ter artikulua

1. Nafarroako Kontseilua Nafarroako Foru Komunitateko organo aholkuemaile nagusia da; bere objektibotasuna eta independentzia bermatzeko, bere eginkizunak autonomia organikoarekin eta funtzionalarekin betetzen ditu.

2. Foru lege batek arautuko ditu Nafarroako Kontseiluaren osaera, hautaketa, eskudantziak, araubide juridikoa eta funtzionamendua.

IV. KAPITULUA. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria

29. artikulua

1. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria Parlamentuak hautatuko du bere kideen artetik eta Erregek izendatuko.

2. Parlamentuko lehendakariak Nafarroako Foru Komunitateko lehendakari izateko hautagai bat proposatuko du, Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi edo talde politikoek izendatutako eledunekin aldez aurretik kontsulta eginda.

3. Hautagaiak bere programa aurkeztuko dio Parlamentuari. Hautatua izateko, hautagaiak, lehenbiziko bozketan, gehiengo osoa lortu beharko du. Lortu ezean, beste bozketa bati ekinen zaio hogeita lau orduren buruan, eta hautagaiari konfiantza eman zaiola ulertuko da bigarren bozketan gehiengo soila lortzen badu.

Gehiengo hori ere lortzen ez bada, hautagaia arbuiatutzat hartu eta hurrenez hurreneko hautagai proposamenak izapidetuko dira arestian aurreikusitako era berean.

4. Nafarroako Parlamentuko hauteskundeetatik hiru hilabete iragan eta hautagai bakar bat ere aurkezten ez bada, edo aurkeztu direnetarik bakar bat ere hautatu ez bada, Parlamentua deseginen da eta berehala hauteskundeak deituko dira. Hauteskunde dei horretatik sortzen den Parlamentu berriak lau urteko agintaldi osoa izanen du.

30. artikulua

1. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak Foru Komunitatearen ordezkaritza gorena du, eta Estatuaren ordezkaritza arrunta Nafarroan.

2. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria Nafarroako Gobernu edo Foru Diputazioko lehendakaria da. Hori horrela, lehendakariak foru diputatuak edo kontseilariak hautatu eta kargugabetzen ditu, Gobernu edo Foru Diputazioaren ekintza zuzentzen du eta foru lege batean zehaztuko diren gainerako eginkizunak betetzen ditu.

3. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak, bera erantzule bakar dela eta aurrez Nafarroako Gobernu edo Foru Diputazioak hala deliberatu duela, zilegi izanen du Parlamentua desegiteko erabakia hartu eta hauteskundeetarako deia egitea, legegintzaldiaren berezko amaiera baino lehen.

Lehendakariak ez du zilegi izanen Parlamentua desegiteko erabakia hartzea lehenbiziko bilkuraldian, ez eta legegintzaldia bukatzeko urtebete baino gutxiago gelditzen bada, ez eta zentsura-mozio bat tramitatzen ari deino, ez Estatuko hauteskunde prozesu bat deiturik dagoeino, ez eta orain hurrena Parlamentua prozedura horren bidez desegin zenetik gutxienez urtebete iragan arte.

Hartara, hauteskunde dei horretatik sortzen den Parlamentu berriak legegintzaldi osoa izanen du, lau urtekoa, artikulu honen aurreko idatz-zatietan ezarritakoa galarazi gabe.

V. KAPITULUA. Diputazioaren eta Nafarroako Parlamentuaren arteko harremanak

31. artikulua

Lehendakaria eta foru diputatuak beren kudeaketa politikoaren erantzule solidarioak dira Parlamentuaren aitzinean, beren kudeaketan duten erantzukizun zuzena deusetan ukatu gabe.

32. artikulua

1. Parlamentuak, bere lehendakariaren bitartez, bere eginkizunak aurrera eramateko beharrezkotzat jotzen duen informazioa eskatu ahal dio Diputazioari, bai eta haren kideen agerpena ere.

2. Foru parlamentariek Diputazioari eskaera, galdera eta jabeldurak egin diezazkiokete, baita mozioak aurkeztu ere, hori guztia Legebiltzarreko Erregelamenduak adierazten duen gisan.

33. artikulua

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak eta kontseilari edo foru diputatuek eskubidea dute Parlamentuko osoko bilkuretara eta batzordeen bilkuretara agertzeko eta hantxe entzunak izateko.

34. artikulua

1. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak bere jarduketa-programari buruzko konfiantza-eskea egin ahal izanen du Parlamentuaren aitzinean, Legebiltzarreko Erregelamenduan xedatzen den gisan. Konfiantza eman zaiola ulertuko da baldin eta foru parlamentarien gehiengo soilak haren aldeko botoa ematen badu.

2. Parlamentuak bere konfiantza ukatzen badio Foru Komunitateko lehendakariari, hark berehala aurkeztuko du dimisioa, eta ondotik beste lehendakari bat hautatuko da.

35. artikulua

1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuaren erantzukizun politikoa exijitu ahal du, gehiengo osoz zentsura-mozioa onetsiz.

2. Zentsura-mozioek nahitaez Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakaritzarako hautagai baten proposamena ekarri behar dute berekin, eta Parlamentuko Erregelamenduak xedatzen duen gisan aurkeztu eta izapidetuko dira. Nolanahi dela ere, zentsura-mozioa Parlamentuko kideen bostenek proposatu beharko dute gutxienez. Zentsura-mozioa onesten ez bada, haren sinatzaileek ezin izanen dute besterik aurkeztu bilkuraldi berean.

3. Parlamentuak Diputazioaren kontrako zentsura-mozioa onesten badu, haren lehendakariak berehala aurkeztuko du dimisioa, eta onetsitako mozioan proposaturiko hautagaia izendatuko da Nafarroako Foru Komunitateko lehendakari.

VI. KAPITULUA. Gatazken eta errekurtsoen araubidea

36. artikulua

Parlamentuak eta Diputazioak ahalmena izanen dute eskumen-gatazkak eta konstituziokontrakotasun-errekurtsoak aurkezteko, legeetan ezarritako eran eta kasuetan.

37. artikulua

Foru legeen gaineko kontrol bakarra, Konstituzioarekin bat heldu ote diren, Konstituzio Auzitegiak eginen du.

38. artikulua

Nafarroako organo exekutiboek eta administratiboek emandako xedapen eta egintzen aurka egiteko, administrazioarekiko auzien jurisdikziora jo ahal izanen da, behin Foru Komunitateko Administrazioaren bidea amaituz gero.

II. titulua: Nafarroaren ahalmenak eta eskumenak

[aldatu]

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

39. artikulua

1. Lege organiko honen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroari ondoko hauek dagozkio:

a) Gaur egun erabiltzen dituen ahalmen eta eskumen guztiak, 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itunduan eta bere xedapen osagarrietan ezarritakoaren babespean.

b) Lege organiko honen bidez espresuki gaineratzen zaizkion ahalmen eta eskumen guztiak.

c) Estatuko legeriak, izaera orokorrez, autonomia erkidegoei edo probintziei esleitu, eskualdatu edo eskuordetzen dizkien ahalmen eta eskumen guztiak.

2. Halaber, Nafarroari dagozkio aitzineko idatz-zatian ez dauden eta, Foru Diputazioaren ekimenez, lege honek indarra hartu ondoan Estatuak esleitu, eskualdatu edo eskuordetzen dizkion ahalmen eta eskumen guztiak.

40. artikulua

1. Nafarroak eskumen osoa duen gaietan, Foru Komunitateari ondoko ahalmen hauek dagozkio:

a) Legegintzakoa.

b) Erregelamenduak egitekoa.

c) Administraziokoa, ikuskatze ahalmena barne dela.

d) Berraztertzekoa, administrazio bidean.

2. Ahalmen horiek, lege honetan eta bertan aipatzen den Estatuko legerian aurreikusitako eran erabili beharko dira.

3. Nafarroako zuzenbidea lehentasunez aplikatuko da Foru Komunitatearen eskumen osoko gaietan eta aurreko idatz-zatietan aurreikusitako eran.

Zuzenbide berekirik ezean, Estatuko zuzenbidea aplikatuko da haren osagarri.

4. Foru zuzenbide zibilaren arloan, lege organiko honen 48. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

41. artikulua

1. Lege organiko honen 57. artikuluak aipatzen dituen gaietan eta beste artikulu batzuetan gisa berean arautzen direnetan, ahalmen hauek dagozkio Foru Komunitateari:

a) Legeria garatzekoa.

b) Erregelamenduak egitekoa.

c) Administraziokoa, ikuskatze ahalmena barne dela.

d) Berraztertzekoa, administrazio bidean.

2. Aitzineko idatz-zatiko a) letrak legeria garatzeko aipatzen duen ahalmena, zernahi dela ere, Estatuak ematen dituen oinarrizko arauei jarraikiz erabili beharko da.

42. artikulua

1. Lege organiko honen 58. artikuluak aipatzen dituen gaietan eta beste artikulu batzuetan gisa berean arautzen direnetan, ahalmen hauek dagozkio Foru Komunitateari:

a) Erregelamenduak egitekoa, bere zerbitzuen antolaketarako.

b) Administraziokoa, ikuskatze ahalmena barne dela.

c) Berraztertzekoa, administrazio bidean.

2. Foru Komunitateak aitzineko idatz-zatian aipatzen diren ahalmenak erabiliko ditu, Estatuak bere legeria garatzeko izaera orokorrez ematen dituen xedapenei jarraikiz.

43. artikulua

Nafarroari dagozkion ahalmen eta eskumen guztiak bere lurraldeari dagozkiola ulertzen da, nahiz eta foru erakundeek ematen dituzten arauek eragin pertsonala izan dezaketen, Nafarroaren eta Estatuaren artean zerga gaietarako sinatutako hitzarmenetan edota Estatuko legerian hala aurreikusten denean.

II. KAPITULUA. Ahalmen eta eskumenen zehaztapena

44. artikulua

Nafarroak eskumen osoa du ondoko gai hauen gainean:

1. Lurraldearen antolamendua, hirigintza eta etxebizitza.

2. Herri lanak, legez Estatuaren interes orokorrekoak ez badira, edo haiek egiteko Estatuko beste lurralderik ukitzen ez bada.

3. Interes orokorrekoak ez diren aireportuak; heliportuak.

4. Meteorologia zerbitzua, gai honetan Estatuari dagozkion ahalmenak ukatu gabe.

5. Ur-aprobetxamenduak, ubideak eta ureztaketak, urak osoki Nafarroan barna iragaten badira eta haien aprobetxamenduak Estatuko beste lurralderik ukitzen ez badu.

6. Energia ekoiztu, banatu eta garraiatzeko instalazioak, garraioa Nafarroako lurraldetik kanpora ateratzen ez bada eta haren aprobetxamenduak Estatuko beste lurralderik ukitzen ez badu, ur mineralak, termalak eta lurpekoak, hori guztia Estatuaren oinarrizko legeria deusetan ukatu gabe meatzaritzaren eta energiaren araubideaz den bezainbatean.

7. Ikerkuntza zientifikoa eta teknikoa, Estatuari sustapen eta koordinazio orokorrerako dagozkion ahalmenak deusetan ukatu gabe.

8. Kultura, Estatuarekin koordinaturik.

9. Historia, arte, monumentu, arkitektura, arkeologia eta zientzia ondarea, betiere ondare hori esportazioaren eta espoliazioaren aurka defendatzeko Estatuak dituen ahalmenak deusetan ukatu gabe.

10. Estatuaren titulartasunekoak ez diren artxiboak, liburutegiak, museoak, hemerotekak eta kultura-gordailurako gainerako zentroak.

11. Arte Ederren sustapenarekin eta irakaskuntzarekin zerikusia duten erakundeak.

12. Eskulangintza.

13. Turismoaren sustapena eta antolamendua.

14. Kirolen eta aisiaren erabilera egokiaren sustapena.

15. Ikuskizunak.

16. Kasinoak, jokoak eta apustuak, Kirol eta Ongintzako Elkarrekiko Apustuak salbu.

17. Gizarte laguntza.

18. Garapen komunitarioa; berdintasunerako politikak; haur, gazte eta hirugarren adinekoen aldeko politika.

19. Irakaskuntza, kultura, arte, ongintza, laguntza eta gisako izaera duten elkarteak, baldin eta beren eginkizunak nagusiki Nafarroan betetzen badituzte.

20. Nafarroako foru zuzenbidearen arauei jarraikiz eratutako fundazioak.

21. Nafarroarentzat interesa duen estatistika.

22. Barne azokak eta merkatuak.

23. Adin txikikoen babes eta tutoretzarako eta gizarteratzeko erakunde eta establezimendu publikoak, Estatuko legeria orokorraren arabera.

24. Nekazaritza ganberak eta merkataritza eta industria ganberak, legeria orokorraren funtsezko oinarrien arabera eta kanpo merkataritzaren arloan Estatuak dituen eskumenak deusetan ukatu gabe.

25. Jatorrizko deituraren eta publizitatearen arauketa, Estatuarekin lankidetzan.

26. Lanbide elkargoak eta lanbide tituludunen jarduera, legeria orokorrari jarraikiz.

27. Kooperatibak, Gizarte Segurantzan sartu gabeko mutualitateak eta positoak, gai horretan legeria orokorrak dioenaren arabera.

28. Merkataritzako burtsak eta salgaiak nahiz baloreak kontratatzeko gainerako zentroak ezarri eta arautzea, merkataritzako legeriaren arabera.

45. artikulua

1. Bere foru araubidearen arabera, Nafarroako zerga eta finantza jarduera hitzarmen ekonomikoaren tradiziozko sistemaren bidez arautuko da.

2. Hitzarmen ekonomikoetan Nafarroak Estatuaren karga orokorretarako egin beharreko ekarpenak, eta horrez gainera adieraziko dira horien zenbatekoa eta gaurkotzeko prozedura, bai eta bere zerga-araubidea Estatuaren araubide orokorrarekin harmonizatzeko irizpideak ere.

3. Nafarroak bere zerga-araubideari eusteko eta hura ezarri eta arautzeko ahalmena du, kasuko hitzarmen ekonomikoan xedatzen dena deusetan ukatu gabe. Hitzarmen horrek errespetatu beharko ditu 1969ko Hitzarmen Ekonomikoaren Atariko Tituluaren barnean dauden printzipioak eta lege organiko honen 1. artikuluak aipatzen duen elkartasun printzipioa.

4. Hitzarmen ekonomikoen izaera itundua dela eta, behin Nazioko Gobernuak eta Diputazioak sinatu ondoan, Foru Parlamentuari eta Gorte Nagusiei igorriko zaizkie lege arruntaren bitartez onets ditzaten.

5. Nafarroaren zor publikoa eta balio berarekin Foru Komunitateak jaulkitzen dituen titulu-baloreak funts publikotzat joko dira ondorio guztietarako. Jaulkipenen zenbatekoa eta ezaugarriak Estatuarekin koordinaturik ezarriko dira, Foruaren Hobekuntza honen 67. artikuluak zehazten duenari jarraikiz.

6. Foru lege batek arautuko ditu Nafarroaren ondarea nahiz haren administrazioa, defentsa eta zainketa.

46. artikulua

1. Toki Administrazioaren arloan, Nafarroari honako hauek dagozkio:

a) Gaur egun dituen ahalmen eta eskumenak, 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itunduan, 1925eko azaroaren 4ko Errege Lege Dekretu Itunduan eta bere xedapen osagarrietan erabakitakoaren babesean.

b) Aurrekoekin bateragarriak izan eta Estatuko oinarrizko legeriaren arabera autonomia erkidegoei edo probintziei dagozkiekeenak.

2. Foru Diputazioak, justizia auzitegien jurisdikzioa deusetan ukatu gabe, Nafarroako udal, kontzeju eta toki entitateen jarduketen legezkotasunaren eta interes orokorraren kontrola eramanen du, foru lege batek xedatzen duenari jarraikiz.

3. Nafarroako udalek, gutxienez, Nazioko gainerako udalei izaera orokorrez onartzen zaien autonomia izanen dute.

47. artikulua

Nafarroak eskumen osoa du irakaskuntzaren arauketa eta administrazioan, bere zabalera, maila eta gradu, mota nahiz espezialitate guztietan, honakoak deusetan ukatu gabe: gai honi buruzko manu konstituzionaletan eta horiek garatzen dituzten lege organikoetan ezarritakoa; ikasketa nahiz lanbide tituluak eskuratu, eman eta baliokidetzeko baldintzak arautzeari dagokionez Estatuak dituen eskumenak; eta Estatuaren goi-ikuskapena baldintza horiek bete eta bermatzeko.

48. artikulua

1. Nafarroak eskumen osoa du foru zuzenbide zibilaren arloan.

2. Indarra duen Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazio edo Foru Berriaren zainketa, aldaketa eta garapena foru lege bidez eginen dira, behar izanez gero.

49. artikulua

1. Bere foru araubidearen kariaz, Nafarroari dagokio ondoko gai hauen gaineko eskumen osoa:

a) Foru erakundeen osaera, eskudantziak, antolakuntza, jardunbidea eta araubide juridikoa arautzea, hala nola haien kideen hautaketa, hori guztia lege organiko honen lehenbiziko tituluan erabakitako eran.

b) Foru Komunitateko funtzionario publikoen estatutu araubidea, Estatuko oinarrizko legeriak funtzionario publikoei onartzen dizkien funtsezko eskubide eta betebeharrak errespetatuz.

c) Administrazio prozeduraren arauak eta, halakorik bada, prozedura ekonomiko-administratiboarenak, zuzenbide substantiboaren edo antolakuntzaren arloan Nafarroak bere dituen berezitasunetatik heldu direnak.

d) Administrazio kontratu eta kontzesioak, gai honetan Estatuak duen oinarrizko legeriaren funtsezko printzipioak errespetatuz.

e) Foru Diputazioaren, beraren Administrazioaren eta haren menpeko ente publikoen araubide juridikoa, administrazio publikoen aitzinean administratuen trataera berdina bermatuz.

f) Beren ibilbidea osoki foru lurraldean duten trenbide, errepide eta bideak, eta, era berean, horietaz baliatuz egiten den garraioa, bai eta ibaietakoa eta kable bitartez egiten dena ere.

g) Garraioaren arloan, kontratazio-zentroak eta zamalanetarako terminalak.

h) Abelbideak.

2. Halaberean, Nafarroari dagokio Estatuko legeria betearaztea salgai eta bidaiarien garraioa antolatzeko gaietan, abiapuntua eta helmuga foru lurraldean badituzte, deusetan ukatu gabe Estatuak beretzat gorde dezakeela zuzenean betearazteko ahalmena.

3. Nolanahi ere, aurreko idatz-zatiek aipatzen dituzten gaietan nahiz trafikoari eta zirkulazioari dagokien guztian, Nafarroak gaur egun dituen ahalmen eta eskumenak osoki atxikiko ditu.

50. artikulua

1. Nafarroak, bere foru araubidearen kariaz, eskumen osoa du ondoko gai hauen gainean:

a) Nekazaritza eta abeltzaintza, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat.

b) Ehiza; ibai eta aintziretako arrantza; akuikultura.

c) Larre, belar eta uztondoak.

d) Naturgune babestuak eta mendialdeen tratamendu berezia, Estatuko oinarrizko legeriarekin bat.

e) Nafarroako Foru Komunitatearen edota udal, kontzeju eta gainerako administrazio entitateen tituIartasunekoak diren mendiak.

2. Orobat, partikularren jabetzako mendien arloan ere, Nafarroari dagokio Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatzea eta betearaztea.

51. artikulua

1. Foruzaingoaren araubidearen arauketa Nafarroari dagokio. Hark gaur egun dituen eginkizunak betetzen segituko du Foru Diputazioaren agintaritza gorenaren pean.

Halaberean, Nafarroako udaltzaingoen koordinazioa ere Foru Komunitateari dagokio, bakoitzaren udal edo kontzejuko agintariekiko menpekotasuna deusetan ukatu gabe.

2. Nafarroak Foruzaingoaren helburu eta zerbitzuak zabal ditzake, gaiari buruzko lege organikoan ezartzen denaren barnean.

Foruzaingoaren eta Estatuko segurtasun kidego eta indarren jarduketa koordinatzeko, segurtasun batzorde bat eratuko da, Foru Diputazioaren eta Nazioko Gobernuaren ordezkari kopuru berdinez osatua.

52. artikulua

Nafarroako Gobernuari dagokio Nafarroan zerbitzua eman behar duten notarioak eta jabetza eta merkataritza erregistratzaileak izendatzeko eskumena. Izendapena Estatuko legeen arabera eginen da eta horretarako Nafarroako foru zuzenbidea jakitea bereziki baloratuko da, baina jatorria edo auzotasuna dela eta ezin izanen da inolako salbuespenik ezarri.

Notario-barrutiak eta jabetza eta merkataritza erregistroei dagozkienak finkatzerakoan, Nafarroako Gobernuak parte hartuko du lege organiko honen 60.2 artikuluan ezarritakoari egokitzeko asmoz. Halaberean parte hartuko du, Estatuko legeetan aurreikusitakoari jarraikiz, beren eginkizuna Nafarroan bete behar duten notarioen kopurua erabakitzerakoan.

53. artikulua

1. Barne osasunaren eta higienearen arloetan, gaur egun dituen ahalmenak eta eskumenak dagozkio Nafarroari eta, gainera, Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatzea eta betearaztea.

2. Bere lurraldearen barnean, Nafarroak aitzineko idatz-zatiak aipatzen duen gaiari dagozkion zerbitzu guztiak antolatu eta administratu ahal ditu, eta haiekin zerikusia duten erakunde, entitate eta fundazio guztien tutoretza eginen du.

3. Aitzineko idatz-zatietan erabakitakoa deusetan ukatu gabe, Estatuari dagokio artikulu honetako ahalmen eta eskumenak betetzera bideratutako koordinazioa eta goi-ikuskapena.

54. artikulua

1. Gizarte segurantzaren arloan, Nafarroari honakoak dagozkio:

a) Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatzea eta betearaztea, Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa egituratzen duten arauak izan ezik.

b) Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa.

2. Bere lurraldearen barnean, Nafarroak aitzineko idatz-zatiak aipatzen dituen gaiei dagozkien zerbitzu guztiak antolatu eta administratu ahal ditu, eta haiekin zerikusia duten erakunde, entitate eta fundazio guztien tutoretza eginen du.

3. Estatuari dagokio artikulu honetako ahalmen eta eskumenak betetzera bideratutako goi-ikuskapena.

55. artikulua

1. Nafarroari dagokio irratiaren eta telebistaren araubidea lege bidez garatzea, baita hura betearaztea ere, irrati eta telebistaren estatutu juridikoa arautzen duen legean ezartzen den moduan eta kasuetan.

2. Orobat, berari dagokio prentsaren araubideaz Estatuak dituen oinarrizko arauak eta, oro har, hedabide guztiei buruzkoak, lege bidez garatzea eta betearaztea.

3. Aitzineko idatz-zatietan erabakitakoaren arabera, Nafarroak arautu, sortu eta mantendu ahal izanen ditu bere prentsa, irratia eta telebista, eta, oro har, bere helburuak erdiesteko behar dituen hedabide guztiak.

56. artikulua

1. Jarduera ekonomiko orokorraren oinarri eta antolamenduarekin bat, eta moneta, kreditu, banku eta aseguruen arloan Estatuak duen politikarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateak eskumen osoa izanen du, Konstituzioak arlo hauetako manuetan dioena betez, ondoko gai hauen gainean:

a) Jarduera ekonomikoaren plangintza eta garapen ekonomikoaren sustapena Nafarroaren barnean.

b) Industria, deusetan ukatu gabe Estatuko arauek segurtasun, osasun edota interes militarreko arrazoiak direla eta erabakitzen dutena, ezta meategi, hidrokarburo eta energia nuklearrari buruzko legeriaren mende dauden industriekin zerikusia duten arauek ezartzen dutena ere. Aldiz, atzerriko teknologia eskualdatzeko baimena Estatuaren esku gelditzen da, horretan eskumen osoa baitu.

c) Industria sektoreen birmoldaketarako Estatuak ezarritako planak Nafarroan garatu eta betearaztea, haietan ezarritakoari jarraikiz.

d) Barne merkataritza eta kontsumitzailearen nahiz erabiltzailearen defentsa, deusetan ukatu gabe prezioen politika orokorra, ondasunen zirkulazio librea lurralde nazionalean eta lehiaren defentsari buruzko legeria.

e) Kreditu-erakunde korporatiboak, publikoak eta lurraldekoak.

f) Aurrezki kutxak, gai honi buruzko hitzarmenen araubide berezia deusetan ukatu gabe.

g) Nafarroako sektore publiko ekonomikoa, lege organiko honen beste manu batzuetan jasotzen ez den heinean.

2. Aitzineko idatz-zatian Nafarroaren eskumen osoa aipatzen denean, merkatu-ekonomiaren barnean enpresa-askatasunari zor zaion errespetua ez dela ukatzen ulertuko da.

3. Nafarroak, halaber, Estatuaren sektore publiko ekonomikoaren kudeaketan parte hartuko du bidezko kasu eta jardueretan, eta, Estatuko legeek ezartzen dutenaren arabera, bere ordezkariak izendatuko ditu Estatuaren erakunde ekonomiko, finantza-erakunde eta enpresa publikoetan, horien eskumenak Nafarroako lurraldea ere hartzen badu eta duten izaeragatik ezin badira eskualdatu.

57. artikulua

Estatuko oinarrizko legeriaren barnean, Nafarroari dagokio honako gai hauek legez garatu eta betearaztea:

a) Nafarroako administrazio publikoen erantzukizun sistema.

b) Nahitaezko desjabetzea, bere eskumenen eremuaren barnean.

c) Ingurumena eta ekologia.

d) Funtsezko baliabide eta zerbitzuak sektore publikoarentzako gordetzea, monopolio kasuan bereziki; enpresetan esku hartzea, interes orokorrak hala eskatzen badu.

e) Kreditu, banku eta aseguruen antolamendua.

f) Meatzaritzaren eta energiaren araubidea; baliabide geotermikoak.

58. artikulua

1. Nafarroari dagokio Estatuko legeria betearaztea ondoko gai hauetan:

a) Espetxeak.

b) Lan arloa, lan-harremanei dagokienez Estatuak gaur egun dituen betearazte ahalmen, eskumen eta zerbitzuak bere gain hartuta, deusetan ukatu gabe Estatuaren goi-ikuskapena.

Estatuaren esku geratuko dira barne eta kanpo migrazioei buruzko eskumen guztiak, bai eta nazio eremuko funtsei eta enplegu-funtsei buruzkoak ere.

c) Jabetza intelektuala eta industriala.

d) Pisuak eta neurriak. Metalen kontrastea.

e) Nafarroan egiten diren nazioarteko azokak.

f) Interes orokorreko aireportuak, Estatuak haien zuzeneko kudeaketa bere esku gordetzen ez duenean.

g) Farmaziak eta botikak.

h) Isurketa industrialak eta kutsakorrak.

i) Estatuaren titulartasuneko artxibo, liburutegi, museo eta gisako gainerako zentroak, horiena betearaztea Estatuak bere esku gordetzen ez badu.

2. Foru Komunitateari dagokio, halaber, nazioarteko itun eta hitzarmenak bere lurraldean betearaztea, Nafarroaren eskumeneko gaiak ukitzen dituztenean.

III. KAPITULUA. Justizia Administrazioa Nafarroan

59. artikulua

1. Nafarroan Justizia Auzitegi Nagusia eratuko da, Foru Komunitatearen lurralde eremuko antolamendu judizialari buru emanen diona, eta hartan amaituko dira hurrenez hurreneko prozesu-auzialdi guztiak, Auzitegi Gorenari dagokion jurisdikzioa deusetan ukatu gabe.

2. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bere lehendakaria izanen du buru, eta bera izanen da Botere Judizialaren ordezkaria Nafarroako Foru Komunitatean. Lehendakaria lege organiko honen 62.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz izendatuko da. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko fiskal nagusia Fiskaltzaren ordezkaria da Nafarroan. Haren estatutu organikoaren arabera izendatuko da eta bertan ezarritako eginkizunak izanen ditu. Batak zein besteak dagozkien urteko memoriak Nafarroako Parlamentuan aurkeztu ahal izanen dituzte.

60. artikulua

Justizia Administrazioari dagokionez, jurisdikzio militarra salbuetsita, Nafarroari hau dagokio:

1. Botere Judizialari eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari buruzko lege organikoek Estatuko Gobernuari aitortzen edo esleitzen dizkioten ahalmen guztiak erabiltzea.

2. Beren eginkizunak Nafarroan betetzen dituzten organo jurisdikzionalen lurralde barrutiak mugatzean eta barruti-buruak non izan behar duten erabakitzean parte hartzea.

61. artikulua

1. Nafarroan kokaturiko organo jurisdikzionalen eskumen dira honakoak:

a) Arlo zibilean, auzialdi eta gradu guztiak, Nafarroako foru zuzenbide zibilaren gaietan kasazio eta berrikuspen errekurtsoak barne direla.

b) Lan eta zigor arloetan, auzialdi eta gradu guztiak, kasazio eta berrikuspen errekurtsoak salbu.

c) Administrazioarekiko auzien arloan, auzialdi eta gradu guztiak, Foru Administrazioak emandako egintzak direnean. Estatuaren Administrazioak Nafarroan emandako egintzak badira, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko Legeak xedatutakoari jarraituko zaio.

d) Nafarroan kokaturiko organo judizialen arteko eskumen-auziak.

e) Nafarroako foru zuzenbidearekin zerikusia izan eta jabetza erregistroetan sarrera izan behar duten agirien kalifikazioari buruzko errekurtsoak.

2. Gainerako gaietan, Estatuko legeen arabera bidezko diren errekurtsoak Auzitegi Gorenean aurkeztu ahal dira.

62. artikulua

1. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko lehendakaria Erregek izendatuko du, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak proposatuta.

2. Beren zerbitzua Nafarroan eman behar duten magistratu, epaile eta idazkarien izendapena Botere Judizialari eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari buruzko lege organikoetan aurreikusitako eran eginen da.

3. Justizia Administrazioaren zerbitzuko gainerako langileei dagokienez, Nafarroan zerbitzua eman behar dutenak Estatuko legeria orokorrean aurreikusitako eran izendatuko dira.

63. artikulua

1. Diputazioaren eskariz, organo eskudunak beharrezko diren lehiaketa eta oposizioetarako deia eginen du, Botere Judizialari buruzko Lege Organikoak xedatzen duenaren arabera, Nafarroan zerbitzua eman behar duten magistratu, epaile, idazkari eta Justizia Administrazioaren zerbitzuko gainerako langileen lanpostu hutsak betetzeko.

2. Hautapen proba horietan Nafarroako foru zuzenbideko espezializazioa berariaz baloratuko da, baina jatorria edo auzotasuna dela eta ezin izanen da inolako salbuespenik ezarri.

IV. KAPITULUA. Estatuko Administrazioarekiko harremanak

64. artikulua

Konstituzioaren lehenbiziko xedapen gehigarriaren lehenbiziko lerroaldean eta lege honen bigarren artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Estatuko Administrazioaren eta Foru Komunitatearen arteko harremanak, beren ahalmen eta eskumenei doakienean, foru araubidearen izaeraren arabera ezarriko dira eta dagokion mailako xedapen baten bidez formalizatu beharko dira.

65. artikulua

Estatuko Administrazioak eta Foru Administrazioak lankidetza-hitzarmenak sina ditzakete, alderdi bien intereseko lan eta zerbitzuak kudeatu eta egiteko.

66. artikulua

Nazioko Gobernuak izendatutako ordezkari batek zuzenduko du Estatuaren Administrazioa Nafarroan eta, bidezko denean, Foru Administrazioarekin koordinatuko.

67. artikulua

Estatuko Administrazioa eta Foru Diputazioa elkarlanean ariko dira, beren ahalmen eta eskumenak modu ordenatuan kudeatzeko, eta horretarako behar den informazioa emanen diote elkarri.

68. artikulua

1. Nafarroako Foru Komunitateak Europar Batasunarekin zerikusia duten gaietan parte hartuko du, gai horiek Nafarroaren eskumenak edo interesak ukitzen badituzte. Parte–hartze hori Konstituzioak, lege organiko honek eta Estatuko legeriak ezarri moduan gauzatuko da.

2. Espainiako Gobernuak ondokoen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari: Europar Batasunaren itunak berrikusteko ekimenak eta ondorengo sinatze eta berreste prozesuak. Halaber, Europar Batasunaren aurrean aurkeztutako ekimen eta proposamenen berri emanen dio Espainiako Gobernuak, modu osatu eta eguneratuan. Bi kasuetan, Nafarroako Gobernuak Espainiako Gobernuari eta Gorte Nagusiei zuzendu ahal izanen dizkie egoki irizten dituen oharrak.

3. Nafarroako Foru Komunitateak parte hartzen du Estatuak Europar Batasunean, eta, batez ere, Ministroen Kontseiluan izan beharreko jarrerak finkatzerakoan, Nafarroaren eskumenetan edo interesetan eragina duten gaiei dagokienez, eta, betiere, lege organiko honetan eta arlo honi buruzko Estatuaren legerian ezarritakoaren arabera. Foru Komunitateak adierazten duen jarrerak erabakigarria izan behar du Espainiaren jarrera finkatzeko orduan, bere eskumen osoetan eragina duten gaiak badira, eta Europako proposamen edo ekimen horiek finantza edo administrazio aldetik garrantzi handiko ondorioak ekar badiezazkiokete Nafarroari. Lankidetza Batzordearen aurrean arrazoitu beharko da Estatuaren azken jarrera, harenetik aldentzen bada. Estatuak, gainerako kasuetan, entzun egin beharko du jarrera hori.

4. Nafarroako Foru Komunitateak Europar Batasuneko zuzenbidea aplikatu, betearazi eta garatzen du bere eskumenen esparruan. Europako araudia izateak ez du aldatzen Konstituzioak eta lege organiko honek ezarritako eskumenen barne antolaketa.

5. Nafarroako Gobernuak Espainiak Europar Batasunean dituen ordezkaritzetan parte hartzen du, Foru Komunitatearen legegintza-eskumenekoak diren gaietan eta, bereziki, Ministroen Kontseiluan eta Kontseiluaren eta Batzordearen organo aholku-emaile eta prestakuntzakoetan. Nafarroaren eskumen osoko gaiak direnean eta aldez aurretik adostuta, parte-hartze horrek bidea emanen du organo horien ordezkaritza eta lehendakaritza izateko, aplikatzekoa den araudiarekin bat. Nafarroako Foru Komunitateak, Estatuarekin bat, Estatua Europar Batasunean modu iraunkorrean ordezkatuko duten ordezkariak hautatzeko prozesuan parte hartzen du.

6. Europar Batasuneko zuzenbideak Europako lege-proposamenei dagokienez ezarritako subsidiariotasun eta heinekotasun printzipioak kontrolatzeko prozeduretan hartuko du parte Nafarroako Parlamentuak, proposamen horiek Foru Komunitatearen eskumenei eragiten dietenean.

7. Nafarroako Foru Komunitateak Europar Batasuneko Justizia Auzitegira jo dezake Europako araudian ezarritako eran. Nafarroako Gobernuak Espainiako Gobernuari eskaera egin diezaioke, akzioak abiaraz ditzan Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren aurrean Foru Komunitatearen interes eta eskumen zilegiak aldezteko. Nafarroako Gobernuak parte hartzen du defentsa juridikoan. Espainiako Gobernuak eskatutako akzioak erabiltzeari uko egitekotan, erabaki horrek arrazoitua izan behar du, eta Nafarroako Gobernuari jakinarazi behar zaio berehala.

68. bis artikulua

1. Nafarroako Foru Komunitateak Nafarroaren kanpo-proiekzioa bultzatuko du, eta esparru horretan dituen interesak sustatuko ditu. Horretarako, bulegoak ezarri ahal izanen ditu kanpoan, betiere, Estatuak kanpo-harremanen arloan duen eskumena errespetatuta.

2. Estatuko legeriarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari nazioarteko itun eta hitzarmenen berri emanen zaio horiek prestatu aurretik, bere eskumenekoak eta berariazko interesekoak diren gaiei buruzkoak badira. Horrelako kasuetan, Nafarroako Gobernuak egokitzat jotzen dituen ohar guztiak egin ahal izanen dizkio Espainiako Gobernuari. Halaber, eskatu ahal izanen dio negoziaziorako ordezkarien artean Foru Komunitateko ordezkariak sar daitezen.

3. Nafarroako Gobernuak Espainiako Gobernuari eskatu ahal izanen dio Foru Komunitatearentzat interesekoak diren gaietan nazioarteko itunak edo hitzarmenak sina ditzan, bai eta ondorengo negoziaziorako ordezkarien artean Foru Komunitateko ordezkariak sar ditzan ere.

4. Nafarroako Gobernuak beharrezko neurriak hartuko ditu bere lurraldean bete daitezen nazioarteko itunak eta nazioarteko erakundeen egintza arauemaileak, Foru Komunitatearen eskumeneko gaiei eragiten dieten orotan.

5. Eskualdeen arteko lankidetzari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateak lankidetza sustatuko du berarekin interes komunak partekatzen dituzten lurraldeekin, bereziki Nafarroarekin muga egiten dutenekin. Horiekin lankidetza-hitzarmenak sinatu ahal izanen ditu bere eskumenen esparruan.

69. artikulua

1. Lege organiko hau aplikatu eta ulertzerakoan Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean sortzen diren desadostasunak Foru Diputazioaren eta Estatuko Administrazioaren ordezkari kopuru berdinez osaturiko lankidetza batzorde batek jorratuko ditu, baita ebatziko ere, Konstituzio Auzitegiaren eta Justizia Administrazioaren legeria berekia deusetan ukatu gabe.

2. Halaber, Lankidetza Batzordean planteatu ahal izanen dira Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean sortzen diren bestelako desadostasunak, han ebatz daitezen.

3. Gainera, Lankidetza Batzordea da Nafarroako Foru Komunitatearen eta Estatuaren arteko harremanetarako tresna nagusia, lankidetzako beste organo zehatz batzuei edo beste arlo sektorial batzuetan eskudun diren organoei esleitutako eginkizunak galarazi gabe. Lankidetza Batzordeak ekintza eta plan bateratuen sustapena lehenetsiko du, politika komunak garatzeko eta bi administrazioen interesek bat egiten duten arlo sektorialetan lankidetzarako mekanismoak diseinatzeko.

V. KAPITULUA. Hitzarmen eta lankidetza akordioak autonomia erkidegoekin

70. artikulua

1. Nafarroak autonomia erkidegoekin hitzarmenak egin ditzake, bere eskumen osoko gaiei dagozkien zerbitzu berekiak kudeatu eta eskaintzeko.

Aipatu hitzarmenek Gorte Nagusiei jakinarazi eta hogeita hamar egunen buruan hartuko dute indarra, non eta haiek epe horretan ez duten erabakitzen kasuko hitzarmenak hirugarren idatz-zatian lankidetza akordioetarako aurreikusitako izapideari jarraitu behar diola, bere edukia dela eta.

2. Nafarroak Euskal Autonomia Erkidegoarekin eta gainerako autonomia erkidego mugakideekin hitzarmenak egin ditzake, bere eskumeneko gaiei dagozkien zerbitzu berekiak kudeatu eta eskaintzeko. Hitzarmen horiek Gorte Nagusiei jakinarazi eta hogei egunen buruan hartuko dute indarra.

3. Gorte Nagusiek aldez aurretik baimena emanda, Nafarroak Euskal Autonomia Erkidegoarekin eta beste autonomia erkidego batzuekin lankidetza akordioak egin ditzake.

III. titulua: erreforma

[aldatu]

71. artikulua

1. Foru araubidearen izaera juridikoa dela eta, lege organiko honek aipatzen duen Foruaren Hobekuntza aldaezina da alde bakarrak erabakita.

2. Nolanahi dela ere, Hobekuntzaren erreforma prozedura honi lotuko zaio:

a) Ekimena Foru Diputazioari edo Nazioko Gobernuari dagokio.

b) Behar diren negoziazioak egin ondotik, Foru Diputazioak eta Espainiako Gobernuak, bat etorriz, erreformarako proposamena aurkeztuko dute, eta hura Nafarroako Parlamentura eta Gorte Nagusietara eramanen, onets dezaten, lege organiko hau onesteko erabili den prozedura berari jarraikiz.

3. Erreformarako proposamena onesten ez bada, hura aurkeztu aitzin indarra zuen araubide juridikoak segituko du indarrean.

Lehen xedapen gehigarria

[aldatu]

Lege organiko honetan ezarritako araubidea onartzeak ez dakar Nafarroari dagozkiokeen beste eskubide jatorrizko eta historikoei uko egiterik. Horiek ordenamendu juridikoan sartzeko, 71. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

Bigarren xedapen gehigarria

[aldatu]

Parlamentua foru organo eskuduna izanen da honetarako:

a) Konstituzioaren laugarren xedapen iragankorrak aipatzen duen ekimena erabiltzeko.

b) Nafarroa beste autonomia erkidego batean sartu bada, hartatik bereizteko ekimena erabiltzeko.

Hirugarren xedapen gehigarria

[aldatu]

Nafarroako Foru Komunitatea oraingo Foru Diputazioaren eskubide eta betebehar orotan subrogatuko da, toki korporazioa den aldetik.

Errespetatu eginen dira Diputazioko eta haren mendeko erakundeetako funtzionarioek eta langileek dituzten edozein maila eta motatako eskubide guztiak.

Lehen xedapen iragankorra (indargabetua)

[aldatu]

Bigarren xedapen iragankorra (indargabetua)

[aldatu]

Hirugarren xedapen iragankorra

[aldatu]

Gorte Nagusiek edota Nafarroako Parlamentuak lege organiko honek aipatzen dituen xedapenak onesten ez dituzten bitartean, indarra izanen dute haien xede diren gaiak arautzen dituzten Estatuko lege eta xedapenek, Nafarroari dagozkion ahalmen eta eskumenak deusetan ukatu gabe.

Laugarren xedapen iragankorra

[aldatu]

Lege organiko honen arabera Nafarroari dagozkion ahalmen eta eskumenen ondoriozko zerbitzuak oinarri hauei jarraikiz eskualdatuko zaizkio:

1. Aldez aurretik Foru Diputazioarekin akordioa eginda, Nazioko Gobernuak gauzatuko ditu transferentziak eta errege dekretu bidez aldarrikatuko dira. Dekretua Estatuko eta Nafarroako Aldizkari Ofizialetan aldi berean argitaratuko da.

2. Akordio horien indarrez, Nafarroari eskualdatuko zaizkio berorietan jasotzen diren ahalmen eta eskumenak osoki eta egiazki betetzeko behar diren giza baliabide eta baliabide materialak.

3. Eskualdatzen diren zerbitzuei atxikirik egon eta Foru Komunitatearen esku gelditzen diren Estatuko Administrazio edota beste administrazio publikoetako funtzionarioei errespetatu eginen zaizkie transferentzia egiten den unean dagozkien eskubideak, baita dagokion administrazioak deitzen dituen lekualdatze lehiaketetan parte hartzekoa ere, beren kidego edo eskalako gainerako kideen baldintza beretan.

4. Foru Komunitateari ondasun edo eskubideak eskualdatzea zerga-karga mota guztietatik salbuetsirik egonen da.

Eskualdatzen diren zerbitzuen bulego publikoei dagokienez, lokalen errentamendu kontratuetako titulartasuna aldatzeak ez dio errentatzaileari kontratua iraungi edo berritzeko eskubiderik emanen.

5. Nafarroari eskualdatzen zaizkion zerbitzuen finantzaketa egokia izan dadin, haien balorazioa eginen da Estatuko xedapen orokorrei jarraikiz, zuzeneko nahiz zeharkako kostuak eta inbertsio-gastuak kontuan hartuz, Hitzarmen Ekonomikoak aurreikusitako ondorioak izan ditzan Foru Komunitateak Estatuaren karga orokorrei egin beharreko ekarpen ekonomikoaren gainean.

6. Xedapen iragankor honek aipatzen dituen transferentziak gertatzen ez diren bitartean, Estatuko Administrazioak segituko du haiei dagozkien zerbitzu publikoak eskaintzen, baina horrek ez du ekarriko Nafarroak berari dagozkion ahalmen eta eskumenen titulartasunari uko egiterik.

7. Baimena ematen zaio Gobernuari Estatuaren titulartasuneko mendiak Nafarroari eskualdatzeko, haien administrazioa eta kudeaketa Foru Diputazioari badagozkio gaur egun, horretarako egiten den hitzarmenean finkatzen diren moduan eta baldintzetan.

Bosgarren xedapen iragankorra (indargabetua)

[aldatu]

Seigarren xedapen iragankorra (indargabetua)

[aldatu]

Zazpigarren xedapen iragankorra

[aldatu]

Telebistari dagokionez, lege organiko honen 55. artikuluaren 3. idatz-zatia aplikatzearen ondorioz, Estatuak Foru Komunitateari kontzesio araubidean emanen dio Estatuaren titulartasuneko hirugarren kanal baten erabilpena. Hura Nafarroako lurraldean emititzeko sortu beharko da, aipatu kontzesioan aurreikusten diren baldintzetan.

Hirugarren kanal hori benetan abiarazi arte, Espainiako Irrati Telebistak (RTVE) araubide iragankorra eratuko du Foru Komunitatearen lurraldean duen antolakuntzaren bidez, Bigarren Katean (UHF) hemengo programazio berezia emititzeko. Xedapen iragankor honek aipatzen duen kanal berriaren jarduneko lehenengo bi urteetan Foru Komunitateari diru-laguntzarik ematekotan, programazio horren kostua hartuko da oinarritzat haren zenbatekoa zehazteko.

Azken xedapen bakarra

[aldatu]

1. Indarra izaten jarraituko dute 1839ko urriaren 25eko Legeak, 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itunduak eta bere xedapen osagarriek, lege organiko honetan ezarritakoari aurka egiten ez dioten guztian.

2. Lege organiko honek Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iturria

[aldatu]

«13/1982 Lege Organikoa», Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuaren webgunean.