Abarrak/Zerutar bat

Wikitekatik
Jump to navigation Jump to search

ZERUTAR BAT

Nik orain gomuta eztodan etxaguntza baten bixi ei-zan bigarrenez eskonduriko emakume bat, buru-barruba utsik edo beiñik-bein ondo beterik ezeukana bera, irakurliak igarriko daun lez.

Agertu yakon bein ate-onduan eskeko bat, bere soñekuak zarren-zarrez danak triskilduta, alde gustijetatik zulatuta, oñetakuak abua zabalik barreka, buruko txapela be koipez beterik, erdi-erdijan leyo biribil bat ebala, bertatik ule pillo bat agiri yakola. Bere arpegi, ule, bixar ta makillarañoko gustijak, danak ziran soñeko, oñetako ta txapelaren antzekuak; arlote andijagorik, amesetan be, iñok eleuke sortuko irudimenian. Arriturik ikusi ebaneko, itandu eutson emakume arek:

— Ene! Nundik urten zara era orretan? Nundik zatoz?

— Zeutatik, andrea —erantzun eban Arlote'k.

— Zeruetatik zatozala? Zeruetatik esan dozu?

— Bai andrea, andixek nator.

— Aitearen da Semearen!!... Ondiño alakorik! Orduan, biarba, ezautu ixango dozu Juane guria.

Auxe zan bere lenengo senarraren ixena. Espetxe nagositik etorran azeri zarrak laster igarri eban zelako lelantoni eukan aurrian, eta, badaezpadan, jarraitu eutson onen oker-aditziari.

— Ezautu ez ostera! Bai ta... aizkide andijak gara.

— Ene ba! Ta zelan dabil bera? Ondo bixi da?

— Gitxi gora-bera neu lez. An ezta oi beste bixikerarik. Danak arlote, danak zorriz, ardiz, soñeko zarrez ta nekez beterik.

— Ai ene Jaungoikua! Juane koitadue! Nok uste ixan biar olakorik? Bigurtuko zara bertara barriro?

— Bai, aldi andirik ezta igaroko ni ara juan orduko, uste dot beintzat.

— Orduban eruan biar dautsozuz gauzatxoen batzuk, nire bijotzeko Juane ain txarto bixi ez dadin.

— Bai, bai, pozik be; ataraizuz, ataraizuz gauzok.

Atara ta emon eutsozan ba, diruben batzuk, soñeko barrijak toloztuta maletatxo baten, eta ganera gorantzi andi ta ugarijak Juane koitaduarentzat.

Zerutarrak alde-eginda gerotxuago, agertu zan nundik-edo-andik emakume aren bigarren senarra. Emaztiak esan eutson:

— Bakixu? Juanen izparrak gaur euki dodaz.

— Arranua! Nundik artu dozuz ba?

— Oraintxe emen egon dan gixon bategandik; izpar txarrak ekarri dauz.

Azaldu eutson gero senarraki zelan emon eutsozan Juanentzako, esan diran gauzak. Au entzun orduko itandu eban gixonak:

— Norantza artu dau izpardun orrek?

— Andixe bidetik; zer zuaz egiten?

— Ba... Juanen barri jakin gura dot neuk be ta, juan biar dot izpardunagaz itz-egiten.

Atera eban kortatik zalditxo polit bat, ganera igon, eta tximistea baxen arin aldendu zan.

Baña Zeuta'ko espetxetarrak arima zarra euki, ta otu yakon, baten-bat urten litxakela bere atzian; eskutau eban maletatxua sasi-arte baten eta jezarri zan bidezabaletik urteten zan bide zidor baten asijeran.

Zaldidunak, eldu zanian, itandu eutson arlotiari:

— Aizkidia, ikusi al dozu bide onetan maletadun gixon bat?

— Bai, bide zidor onetatik artu dau, baso sarratu erditik gorantz. Oñak bizkor daruaz berak, eta bere billa ba'zuaz, errezki arin ibilliko zara.

Basua etzan zaldiz ibiltekua, ta bere esturan senarrak emon eutson bestiari aberia, esanaz:

— Mesedez, zaldi au eukiko daustazu apur baten?

— Bai, zuaz ardura barik emen itxarongo dautzut.

Alde-egin eban leluak; atara eban Arlote'k maletea ta zaldijari igonda, ariñari emon eutson pozarren.

Bestiak barriz bota biar zituan gibelak abotik mendi artako baster gustijak arakatu biarrez, batera ta bestera, atzera ta aurrera, gora ta bera; azkenian arnas-estuka, nekatuta, ixerdituta, bigurtu zan zaldijaren eske, ta arrizkua lez geratu zan iñor ikusi ezebanian.

Ulertu eban gustija, artu eban eruapena, ta juan zan etxera lotsatuta.

Emaztiak eldu zanian:

— Da, ikusi dozu?

— Bai.

— Eta zaldijari zer egin yako?

— Emon egin dautsot Juaneri eruateko, biarbada guk baño aren biar-ixan geyago euki lei ta.

— Ai zu lango gixonik eztago ludi gustijan. Zorionekua zugaz eskondu nintzan ordua!