Edukira joan

Abito abadearen testamentua

Wikitekatik

Jaun inoiz garaitu eta txit garaile eta gure zaindari santu diren Romano eta Teodulori. Nik, Abito abadeak, Tobillas izeneko lekuan bizi naizenak, Romano eta Azisklo, Zipriano gotzaina eta Klemente Santuen monasterioari, zeina duela gutxi nire eskuekin altxa bainuen, nire ondasun guztiak eman eta eskaintzen dizkiot, orain ditudanak eta horrela datzanak, eta geroago ere ekar ditzakedanak, alegia: Tobillas-en urratu eta landu nituen lurrak, Placini deitu haranetik hasi eta Sabanaira-ko iturriraino, urbegi eta baso guztiekin, eta gero, handik, Tirón ibaiko San Migelen, Osmilla-n egin nituen presurak, lurrak, errotak eta ferragines direlakoak barne; eta beste lur-sail asko bestelako lekuetan; eta etxeak eta Santa Cruz de Puras eliza eta lurrak; eta Lara-n Santa Maria-ren presura egin nuen, bere sarrerekin eta bere zelaiarekin; Peredes Rubias-en Gurutze Santuaren elizaren presura egin nuen, bere sarrera eta lursailekin; sernen presura egin nuen Comunión-en, villaren aurrean, hogeita hiru lakari ereiteko zabalerakoak, alde batetik besteraino, eta beste serna bat Fonte Rege-n, eta hirugarren serna bat Santa Maria azpian, eta beste bat herritik gertu, eta Porciles eta Petra Longa-ko bideko serna. Eta etxeak eraiki nituen Valluerca-n, eta lurrak hartu han, eta Kosme eta Damian santuen eliza erdia, alegia; serna bat villaren gainean eta beste lur batzuk villaren aurrean, serna bat haranean beste ortu eta errotarekin, eta auzokoekin partea iturri eta mendietan, eta serna bat aranondo batekin atzealdean, hiru serna [beraz]; eta serna bat Villamanca-n, Petri eta Paulo santuen eliza eta hiru ferragines direlako villan, eta beste bat gehiago iturriaren gainean, eta bat bidearen azpian, eta soro bat villaren azpian, eta auzokoekin batera heredadea iturrietan eta mendietan; eta serna bat Gaztela-n, Donnica edo Dondisle ibarrean, aldenik alde, eta serna bat Losa-n, bide ondoko iturri haietan; eta bustoak okupatu nituen Fonte Azebeda-ko iturritik Martinen iturrira bitartean, eta Villalambrús-ko mehargunean bustoak presura berean bustal txikiraino [ad illa bustella], eta beste bat Valcavado-n eta busto bat Bustantigo-n eta eliza erdia San Mamestik eta erdia Comunion-etik eta [aprobetxamendu eskubidea?] iturrietan eta mendietan; eta hogeita hiru larrain [Añana-ko] gatzagan eta bertan putzua eta partzuergoa iturrietan, eta hogeita lau liburu, idi-uztarriak, ehun behi, laurogei behor, zaldiak eta mandoak hogei, artabereak bostehun, higikorra nahiz higiezina.

Horrela, bada, aipatu santuei ematen diet hori guztia, nire arimaren alde eta nire gasalianen salbamenerako, gure zaindarien argitzapenerako eta aldare horietan eta aipatu erregelan zerbitzatzen dutenen sostengurako. Eta inor ez dadila ausartu horretatik guztitik ezer hartzera, bere lepoa erregelara meneratzen duena baizik; eta inor osten saiatuko balitz, Jesukristo gure Jaunaren gorputzetik eskomikatua gera bedi, eta ez beza [berarekin] parterik eduki azken egunean; eta erregelari ehun soldata ordainduko dizkio, eta beste ehun kondeari. Eta nire ekintza honek jarrai dezala eta iraupena eduki.

Nik, Abito abadeak, testamentu-eskritura hau eginarazi nuen, izenpetu eta nire eskuz baieztatu nuen †. Paulo presbiterioak baieztatzen du. Antso abadeak baieztatzen du. Laucellus abadeak baieztatzen du. Antso lekuko. † Lacano lekuko. † Arborio lekuko. † Sebero lekuko. †-. Dohaintza-eskritura abenduko kalenden aurreko hamalaugarren egunean egina, DCCCLX. Aroan, Alfontso printzea izanik errege Oviedon. Johannes-ek idatzi zuen.


822. urteko azaroaren 17an

Lehen iturria: Larrañaga, K. (1992): Euskal Herria Antzinate Berantiarrean eta lehen Ertaroan: materiale eta agiriak, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Leioa.

Bigarren iturria: Ruiz Fernández, A. eta Agirre García, J. (2006): Euskal Herriko Erdi Aroaren Historiarako dokumentu idatzi eta grafikoen iruzkin-ereduak, UEU, Bilbo, 46-48.


Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License.