Edukira joan

Agortze zantzuak

Wikitekatik
Agortze zantzuak  (2021) 
Pello Otxandiano
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean.

Agortze zantzuak

Aste honetako datuen argitara pandemiaren laugarren olatu betean gaude. Osasun larrialdiaren kudeaketa, oro har, akatsez eta kontraesanez betea izan bada, azken olatu honen bueltakoak muga guztiak gainditu ditu: txertaketa hilabete gutxitan asko azkartuko zela jakinda barkaezina iruditzen zait Aste Santuko oporrekin egin dena. Esperientzia luzea baitaukagu honezkero, udako oporraldiak hauspotzeak ekarri zuena eta gabon ondoko hirugarren olatua bizi izan ditugu. Ulergarria da gobernuek iritzi publikoa aintzat hartzea, eta gizartean dagoen nekea arintze aldera osasun neurriak lasaitzeko tentazioa izatea. Horraino uler dezaket, nahiz zalantzarik ez dudan gobernu ona bere ardurak hartzen dituena dela, erantzukizunak betetzeak zer kostu politiko dakarkion erreparatu gabe. Baina, aizu, zer mundutan bizi garen ikusita, Urkullu eta Revillaren arteko hura, egia esate aldera, ez dago batez bestekotik oso behera.

Alabaina, hilabete gutxitan txertaketa azeleratuko zela aurreikusita eta gehiengoak Aste Santuko oporrak galdutzat eman eta burua uda garaian jarri zuela ikusita, osasun neurriak arintzea sekulako astakeria izan da. Eta hauexek dira ondorioak.

Administrazioaren rol aktibo eta ekintzailea azpimarratzen duten diskurtsoek indarra hartu dute azken garaiotan. Badirudi ortodoxia neoliberala pitzatu egin dela, eta parez pare ditugun gizarte erronkei heltzeko orduan estatuaren funtzioa birbaloratzen ari dela. Zeregin erregulatzaile eta birbanatzailetik askoz harago doan administrazio eredu baten ezinbestekotasuna aldarrikatzen dute planteamendu horiek. Orain arteko hegemonia neoliberala dogma faltsuetan oinarritu dela esaten da, eta porrot egin duen eredu sozioekonomiko bat ekarri duela. Soluziobidea administrazioaren lidergoa berreskuratzetik etorriko litzateke, garapen ekonomikoari eta berrikuntzari norabidea emango liokeena. Harreman publiko-pribatua birdefinitzea eskatzen du horrek: estatua ez dago errentagarria ez dena finantzatzeko errentagarria bihurtzen denean esku pribatuetan uzteko, inbertsio publikoak egonkorra izan behar du, esan bezala, berrikuntzari norabidea emateko, baina baita ere jarduera ekonomikoak sortzen duen itzulkinaren zati bat administraziora bueltatu eta berrikuntza prozesu berrietan berrinbertitu dadin. Halako administrazio eredu batek arriskuak hartu eta esperimentatzeko ausardia eskatzen du, agertoki berriak irudikatuz eta porrot egiteko aukerak izan ditzaketen bideak entseatuz.

Pandemiaren kudeaketan euskal erakundeak adierazten ari diren gaitasun faltak erakusten du zeinen urrun gauden irekitzen ari den ziklo ekonomiko berri honek behar duen lidergo politikotik. Ezin da dena berdindu, badira aldeak Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren jardueraren artean, eta badira diferentziak Eusko Jaurlaritzako sailen artean ere. Prozesu asko harilkatuko dira neke instituzional honen atzean, baina bada bat nahikoa argi ikusten hasten dena: EAJk agortze zantzuak erakusten ditu. Esango nuke, lehen aldiz, EAJk zailtasunak dituela indarra hartzen ari diren bektore ekonomikoekin lerratzeko. Aste honetan bertan, Europako Kontseiluak klimaren legea onartu du. Bidenek Roosvelt-en garaitik ikusten ez zen estimulu programa bat jarri du martxan. Berlinek austeritate politikekin mehatxu egin du baina azken urteetan entzun ez diren kritikak jaso ditu ekonomialari aleman ortodoxoen partetik ere. Ziklo ekonomiko berri bat ireki delako zantzuak dira, eraldaketa handi baten aurrean gaudela iragartzen digutenak.

Bitartean, mundu paralelo batean, Arantxa Tapiak hau esan du Euskaltelen harira: «No vivimos en un país comunista»