Edukira joan

Alderdi Komunistaren Manifestua/II. Proletarioak eta komunistak

Wikitekatik

II
PROLETARIOAK ETA KOMUNISTAK

Zein erlazio dute komunistek proletarioekin orokorrean?

Komunistek ez dute alderdi bereizitu bat osatzen, beste langile alderdiei kontrajarria.

Ez dute proletalgoaren interes orokorretatik bereizten den interes propiorik.

Ez dute langile mugimendua beraiek nahi luketen printzipio berezi batzuetara modelatzeko printzipiorik aldarrikatzen.

Komunistak langile klasearen beste alderdietatik bereizten dituena zera da, batetik, proletarioen borroka nazional ezberdinetan, behin eta berriz lehen lekuan proletalgo osoaren interes komunak jartzen dituztela, beraien nazionalitatea edozein dela ere; eta bestetik, proletalgoaren eta burgesiaren arteko borrokak igaro behar dituen garapen fase ezberdinetan, beti eta edonon mugimenduak osotasunean dituen interesak ordezkatzen dituztela. Ekintzaren unean, beraz, komunistak herrialde guztietako langile alderdietako sektorerik ausartena dira, beste

guztiak aurrera bultzatzen dituen sektorea da; aspektu teorikoan, mugimendu proletarioaren baldintzen, ibilbidearen eta emaitza orokorren ikuspegi argi bat izatearen abantaila dute gainerako proletalgoaren gainean.

Komunisten berehalako helburua gainerako langile alderdi guztiek duten bera da: proletarioak klase gisa eratzea, aginte burgesaren eraistea, proletalgoak botere politikoa konkistatzea.

Komunisten tesi teorikoak ez dira munduaren erreformatzaileren batek asmaturiko ideia edota printzipioetan oinarritzen inondik ere. Existitzen den klase borroka baten baldintza errealen osotasunaren adierazpena dira ez besterik, gure begien aurrean garatzen ari den mugimendu historiko baten baldintzen adierazpena alegia.

Aurretik existitzen diren jabetza erlazioen abolizioa ez da komunismoaren ezaugarri propio bat. Jabetza erlazio guztiek aldaketa historiko etengabeak jasan dituzte, itxuraldaketa historiko jarraiak. Iraultza frantsesak, esaterako, jabetza feudala abolitu zuen jabetza burgesaren mesedetan.

Komunismoaren ezaugarri bereizgarria ez da jabetzaren abolizioa orokorrean, jabetza burgesaren abolizioa baizik. Baina jabego pribatu burges modernoa klase antagonismoetan, hau da, besterengatiko batzuen esplotazioan, oinarrituriko ekoizpen eta ekoitzitakoaren jabetzeko moduen azken espresioa da ordea. Zentzu honetan, komunistek euren teoria formula bakar honetan laburtu dezakete: jabego pribatuaren abolizioa. Komunistoi pertsonalki eskuratutako jabegoa abolitu nahi izatea aurpegiratu zaigu, lan propiotik datorren fruitu hori, gizabanakoaren askatasun, aktibitate eta independentzia osoaren oinarria osatzen duen jabetza hori!

Eskuratutako jabetza, lanaren fruitua, esfortzu pertsonalarena! Burges txikiaren, nekazari txikiaren jabegoari buruz ari al zarete beharbada, jabego burgesaren aurrekoa izan den jabego forma horretaz? Ez dugu abolitu beharrik: industriaren garapenak abolitu du eta abolitzen ari da egunero.

Edo agian jabego pribatu burges modernoari buruz ari zarete?

Soldatapeko lanak, proletarioaren lanak, proletarioarentzat jabetzarik sortzen al du bada? Ezta inondik ere. Sortzen duena kapitala da, hau da, soldatapeko lana esplotatzen duen jabegoa, eta soldatapeko lan berri bat ekoitzi gabe hazi ezin dena, hau berriro ere esplotatzeko. Egungo forman, jabetza kapitalaren eta soldatapeko lanaren arteko antagonismoan mugitzen da. Azter ditzagun antagonismo honetako bi kontzeptuak.

Kapitalista izateak ez du ekoizpenean posizio pertsonal huts bat betetzea soilik esan nahi, baita posizio sozial bat mantentzea ere. Kapitala produktu kolektibo bat da; ezin da mugimenduan ipini gizarteko kide askoren elkarrarteko aktibitate bat gabe, eta azken instantzian, gizarteko kide guztien elkarrarteko aktibitate bat gabe.

Kapitala, beraz, ez da indar pertsonal bat; indar sozial bat da.

Ondorioz, kapitala jabego kolektibo bilakatzen bada, gizarteko kide guztiei dagokiena, jabego soziala bilakatzen dena ez da jabego pertsonala. Jabegoaren izaera soziala soilik eraldatzen da. Honek bere klase izaera galtzen du.

Azter dezagun soldatapeko lana.

Soldatapeko lanaren bataz besteko prezioa soldataren minimoa da, hau da, langileak bere bizitza langile bezala kontserbatzeko behar dituen biziraupen baliabideen batuketa. Horregatik, soldatapeko langileak bere aktibitatetik bereganatzen duena justu-justu bere bizitzaren erreprodukziorako behar duena da. Ez dugu inolaz ere lanaren emaitza den jabetze pertsonal hau abolitu nahi, giza bizitzaren erreprodukziorako nahitaezkoa dena (beste lan baten gaineko boterea ezartzeko ere irabazi likidorik uzten ez duen jabetzea, bestalde). Ezabatu nahi duguna jabetze horren izaera miserablea da, langilea kapitala handitzeko ez besterik bizi dadin egiten duena, eta soilik klase agintariaren interesek langilea bizi dadila exijitzen duten neurrian.

Gizarte burgesean, lan bizia ez da lan metatua handitzeko bide bat baino. Gizarte komunistan, lan metatua ez da langileen bizitza handitzeko, aberasteko eta errazago egiteko bide bat baino.

Modu honetan, gizarte burgesean oraina iraganaren menpe dago; gizarte komunistan oraina da iragana menperatzen duena. Gizarte burgesean kapitala independientea da eta pertsonalitatea du, lan egiten duen gizabanakoa independentziarik gabe eta despertsonalizaturik dagoen bitartean. Eta burgesiak halako egoeraren abolizioa pertsonalitatearen eta askatasunaren abolizioa dela dio! Eta arrazoi guztiarekin. Izan ere, pertsonalitate burgesaren, independentzia burgesaren eta askatasun burgesaren abolizioa baita.

Ekoizpen burgesaren egungo baldintzetan, merkataritza askatasuna, erosteko eta saltzeko askatasuna, ulertzen da askatasun gisa. Salerosketa desagertuta, salerosketa askatasuna ere desagertuko da. Salerosketa askatasunari buruzko deklamazioek, gure burgesiaren gainerako harrokeriazko mehatxu liberalek bezala, Erdi Aroko salerosketa kateatuaren eta burges oinperatuaren testuinguruan aplikaturik bakarrik dute zentzua: baina ez ekoizpen burgesaren erlazioen barneko salerosketaren eta burgesia beraren abolizio komunistaren aurrean.

Guk jabego pribatua abolitu nahi izateak izuikaratu egiten zaituzte. Baina, egungo zuen gizartean, jabego pribatua aboliturik dago bertako kideen bederatzi hamarrenentzat; bederatzi hamarren horientzat existitu ere ez delako egiten hain justu. Gizartearen gehiengo handi batek jabetzarik ez izatea bere existentziarako baldintzatzat duen jabego forma bat abolitu nahi izatea aurpegiratzen diguzue, beraz.

Hitz batean, zuen jabegoa abolitu nahi izateaz salatzen gaituzue.

Hain zuzen ere, horixe da nahi duguna.

Zuentzat, lana kapital, diru, lur errenta, hitz batean, monopolizagarria izan daitekeen botere sozial bilakatu ezin daitekeen momentutik; hau da, jabetza pertsonala jabetza burges bilakatu ezin daitekeen une beretik, mementu horretatik pertsonalitatea ezerezturik gelditzen da.

Onartzen duzue, beraz, pertsonalitate bezala soilik burgesa ulertzen duzuela, jabe burgesa. Eta pertsonalitate honek ezereztua izan behar du hain zuzen. Komunismoak ez dio inori produktu sozialetaz jabetzeko gaitasuna kentzen; jabetze modu honen bitartez besteren lana menderatzeko boterea kentzen du bakarrik.

Jabetza pribatuaren abolizioarekin aktibitate oro geldituko lizatekeela eta alferkeria orokortu bat etorriko litzatekeela egotzi da.

Horrela balitz, duela denbora askotik egongo zen gizarte burgesa utzikeriaren eskuetan jausita, izan ere lan egiten dutenek ez dute ezer bereganatzen eta bereganatzen dutenek ez dute lanik egiten. Objekzio guztia tautologia honetara murrizten da: ez dago soldatapeko lanik kapitalik ez dagoen lekuan.

Ondasun materialen jabetze eta ekoizpen modu komunistaren aurka zuzendutako objekzio guztiak lan intelektualaren produktuen jabetze eta ekoizpenera ere zabaltzen dira era berean. Burgesarentzat klaseko jabetzaren desagerpenak ekoizpen osoaren desagerpena adierazten duen bezala, klaseko kulturaren desagerpenak ere kultura ororen desagerpena adierazten du.

Kultura hau, zeinaren galera burgesiak deitoratzen duen, gizakien gehiengo handiarentzat ez da gizaki hauek makina bilakatzen dituen heziketa besterik.

Baina ez ezazue gurekin eztabaidatu jabego burgesaren abolizioari zuen askatasun, kultura, zuzenbide,... nozio burgesen irizpideak aplikatzen dizkiozuen bitartean. Zuen ideiak ere ekoizpen eta jabego burgesaren erlazioen produktu dira, zuen zuzenbidea zuen klasearen borondatea lege bihurturik den bezalaxe; borondate honen edukia zuen klasearen esistentziaren baldintza materialek determinatzen dutelarik.

Zuen ekoizpen eta jabego moduetatik eratorritako erlazio sozialak -ekoizpenaren joanean sortzen eta desagertzen diren erlazio historikoak-, Naturaren eta Arrazoiaren betiereko lege bilakatzera eraman zaituzten kontzeptzio interesatua, egun desagerturik dauden aurreko klase agintari guztiekin elkarbanatzen duzue. Aintzinako jabetzarentzat irudikatzen duzuena, jabetza feudalarentzat irudikatzen duzuena, ez zarete jabetza burgesarentzat onartzera ausartzen.

Familia abolitu nahi izatea! Erradikalenak ere sumintzen dira komunisten xede doilor honen aurrean.

Baina zein oinarriren gainean sostengatzen da egungo familia, familia burgesa? Kapitalaren gainean, lukru pribatuaren gainean. Erabat garatutako familia burgesiarentzat bakarrik existitzen da; baina bere konplementua aurkitzen du proletalgoarentzat familia oro indarrez ezerezten duenean eta prostituzio publikoan.

Familia burgesa, beraz, desagertu egiten da osagarri honek existitzeari uzten dionean, eta biak desagertu egiten dira kapitala desagertzen denean.

Gurasoen semeenganako esplotazioa abolitu nahi izatea aurpegiratzen diguzue? Krimen hori aitortzen dugu.

Baina lokarri estuenak suntsitzen ditugula esaten duzue, hezkuntza etxetiarra hezkuntza sozialagatik ordezkatuz.

Eta zuen hezkuntza, ez al dago ba, baita ere, gizarteak determinaturik, zuen semeak hezten dituzuen gizarteko baldintza sozialengatik, eskolaren bitartez ematen den gizartearen esku -hartze zuzen edo zeharkakoagatik, etab? Komunistek ez dute hezkuntzan gizarteak duen mutur-sartze hau asmatu; bere izaera aldatu eta hezkuntza klase agintariaren eraginetatik askatu besterik ez dute egiten.

Familiari eta hezkuntzari buruzko deklamazio burgesak, gurasoak seme-alabekin batzen dituzten lokarri gozoei buruzkoak, nazkagarriagoak bilakatzen dira industria handiak proletarioarentzako familia lokarri oro suntsitzen dituen heinean eta haurrak merkatal-gai sinple bilakatzen dituenean, lan instrumentu sinple.

Baina zuek, komunistek, emakumeen komunitatea ezarri nahi duzue!- oihukatzen digu burgesia osoak koroan.

Burgesarentzat, bere emaztea ez da ekoizpen instrumentu bat baino. Ekoizpen instrumentuek erabilera komunekoak izan behar dutela entzuten du, eta, noski, emakumeek ere sozializazioarekin zori berbera izango dutela besterik ezin du pentsatu.

Ez du susmatzen emakumeak ekoizpen instrumentu sinple bezala duen egoera horrekin amaitzeaz ari garela hain zuzen ere.

Ez dago ezer irrigarriagorik, bestalde, gure burgesei, komunistei egozten zaien ustezko emakumeen komunitate ofizial horrek, eragiten dien izuikara ultramoral hori baino. Komunistek ez dute emakumeen komunitate bat ezartzeko beharrik: ia beti existitu izan da.

Gure burgesek, euren langileen emazteak eta alabak, prostituzio ofiziala ahaztu gabe, euren esanera izatearekin gustora ez eta plazer berezi bat aurkitzen dute elkarren artean emazteak limurtuz.

Ezkonkidetza burgesa, errealitatean, emazteen komunitatea da. Gehienez ere, komunistak hipokritaki disimulatutako emakumeen komunitate bat komunitate zintzo eta ofizial batengatik ordezkatu nahi izateaz salatu daitezke. Begibistakoa da, halaber, egungo ekoizpen erlazioen abolizioarekin hontatik eratortzen den emakumeen komunitatea desagertuko dela, hau da, prostituzio ofiziala eta ez ofiziala.

Komunistak aberria, nazionalitatea, abolitu nahi izateaz ere salatuak dira. Langileek ez dute aberririk. Ezin zaie kendu ez dutena. Baina proletalgoa, lehen lekuan botere politikoa eskuratu behar duen heinean, klase nazionalaren kondiziora igo, nazio bezala eratu, oraindik nazionala da, baina ez inondik ere zentzu burgesean.

Isolamendu nazionala eta herrien arteko antagonismoak egunetik egunera desagertuz doaz burgesiaren, merkataritza askatasunaren eta nazioarteko merkatuaren garapenarekin, ekoizpen industrialaren eta honi dagokien bizi baldintzen uniformetasunarekin.

Proletalgoaren aginteak oraindik eta azkartasun handiagoz desagertaraziko ditu. Ekimen amankomuna, herrialde zibilizatuena behinik behin, euren askapenerako lehen baldintza da.

Indibiduo baten besterengatiko esplotazioa abolitzen den neurri berean abolituko da nazio baten besterengatiko esplotazioa.

Nazioen barnean klase antagonismoa desagertzen den aldi berean desagertuko da nazioen arteko etsaigoa.

Komunismoaren aurka jaurtiki diren salaketek, orokorrean erlijioaren, filosofiaren eta ideologiaren ikuspuntutik abiatuta, ez dute detailezko azterketarik merezi.

Izan ere jakituria handia izan behar al da bizi baldintzen, erlazio sozialen, existentzia sozialaren aldaketa ororekin ideiak, nozioak eta ikusmoldeak, hitz batean, gizakiaren kontzientzia ere aldatzen dela ulertzeko?

Zer erakusten du ideien historiak ekoizpen intelektuala ekoizpen materialarekin eraldatzen dela baino? Edozein arotan gailendu diren ideiak klase agintariarenak izan dira beti.

Gizarte oso bat asaldatzen duten ideiei buruz hitz egiten denean, gizarte zaharraren barnean berri baterako elementuak eratu direla adierazten da soilik, eta ideia zaharren desagerpena bizi baldintza zaharren desagerpenarekin batera doa.

Antzinako munduaren gainbeheran, erlijio zaharrak kristau erlijioak garaituak izan ziren. XVIII. mendean Ilustrazioaren ideiek ideia kristauak garaitu zituztenean, gizarte feudala hil arteko borroka bat ari zen burutzen burgesiaren aurka, orduan iraultzailea zena. Erlijio askatasunaren eta kontzientzia askatasunaren ideiek ez zuten jakintzaren eremuko lehia askearen erreinua besterik islatu.

"Zalantzarik gabe -esango digute- ideia erlijiosoak, moralak, filosofikoak, politikoak, juridikoak, etab. aldatuz joan dira garapen historikoaren ibilbidean. Baina erlijioa, morala, filosofia, politika, zuzenbidea beti mantendu izan dira eraldaketa horien bitartez. Gainera, betiereko egiak daude, askatasuna, justizia, etab. bezalakoak, amankomunak direnak gizartearen egoera orotarako. Baina komunismoak betiereko egia hauek abolitu nahi ditu, erlijioa eta morala abolitu nahi ditu, forma berri bat eman beharrean, eta horregatik sartzen da kontraesanean aurreko garapen historiko osoarekin".

Zertara murrizten da salaketa hau? Gaur egun arte existitu diren gizarte guztien historia klaseen arteko kontraesanen artean garatzen da, garai ezberdinetan forma anitzak hartzen dituzten kontraesanen artean.

Baina kontraesan hauek izan duten forma edozein izan dela ere, gizartearen zati baten besteagatiko esplotazioa gertakari amankomun bat izan da aurreko mende guztietan. Ondorioz, mende hauetako kontzientzia soziala, bere aldaerekin eta aniztasunarekin, beti forma amankomun batzuen artean mugitu izana ez da harritzekoa, klase antagonismoen erabateko desagerpenarekin guztiz desagertuko diren forma batzuen -kontzientzia formen- artean alegia.

Iraultza komunista jabetza erlazio tradizionalekiko hausturarik erradikalena da; ez da arraroa bere garapenaren ibilbidean ideia tradizionalekin haustea modurik erradikalenean. Baina hemen uzten ditugu burgesiak komunismoari egin dizkion objekzioak. Gorago ikusi dugun bezala, langile iraultzarako lehen pausua proletalgoa klase agintari bezala zutitzea da, demokraziaren konkista.

Proletalgoa bere aginte politikoaz baliatuko da burgesiari gradualki kapital guztia erausteko, ekoizpen instrumentu guztiak Estatuaren, hau da, klase agintari bezala antolatutako proletalgoaren eskuetan zentralizatzeko, eta ekoizpen indarren kopurua ahal bezain azkar handitzeko.

Hau, noski, hasera batean ezingo da jabetza eskubide eta erlazio burgesen bortxaketa despotikorik gabe burutu, hau da, ekonomiaren ikuspuntutik urriegiak eta sostengaezinak emango duten neurriak onartu gabe,

zeinak mugimenduaren ibilbidean euren burua gaindituko duten eta ezinbestekoak izango diren ekoizpen modu osoa erradikalki eraldatzeko baliabide gisa.

Neurri hauek, jakina, desberdinak izango dira herrialde bakoitzean.

Hala ere, herrialde aurreratuenetan ondorengo neurri hauek ia leku guztietan ipin daitezke praktikan:

1. Lur jabegoaren desjabetzea eta lur errentaren erabilera Estatuaren gastuetarako.

2. Zerga progresibo indartsua.

3. Herentzia eskubidearen abolizioa.

4. Emigratu eta matxinatu guztien jabetzen konfiskazioa.

5. Kredituaren zentralizazioa Estatuaren eskuetan Estatuaren kapitala eta monopolio erregimena dituen Banku nazional baten bitartez.

6. Garraiobide guztien zentralizazioa Estatuaren eskuetan.

7. Estatuaren jabetzako fabrika-enpresen, eta ekoizpen instrumentuen biderkaketa, lur landugabeen goldatzea eta lurren hobetzea, plan orokor baten arabera.

8. Lana egiteko denen betebeharra; ejertzito industrialen antolaketa, batez ere nekazaritzarako.

9. Nekazaritzaren eta industriaren konbinazioa; gradualki hiriaren eta landaren arteko diferentziak desagertzera eramango dituzten neurriak.42

10. Haur guztien hezkuntza publiko eta doako bat; lantegietako umeen lanaren abolizioa egun ezagutzen dugun bezala; ekoizpen materialarekin konbinaturiko hezkuntza erregimena, etab.

Behin garapenaren ibilbidean klase desberdintasunak desagertzen direnean eta ekoizpen guztia gizabanako erkidetuen eskuetan kontzentratzen denean, botere publikoak bere izaera politikoa galduko du. Botere politikoa, zehazki hitz eginez, biolentzia antolatu bat da klase batek bestea zapaltzeko. Burgesiaren aurkako borrokan proletalgoa garaitua izan gabe klase moduan osatzen bada, iraultzaren bitartez klase agintari bilakatzen bada, eta klase agintari bezala, indarrez ekoizpen erlazio zaharrak ezereztatzen baditu, ekoizpen erlazio hauekin batera aldi berean klase antagonismoaren eta orokorrean klaseen existentziarako baldintzak ezabatzen ditu, eta beraz, baita bere klaseko agintea ere.

Gizarte burges zaharra, bere klaseekin eta klase antagonismoekin, ordezkatuz norbanakoaren garapen askea guztien garapen askearen baldintza izango duen elkarte bat sortuko da.