Edukira joan

Alderdi Komunistaren Manifestua/IV. Oposizioko alderdi ezberdinekiko komunistek duten jarrera

Wikitekatik
Alderdi Komunistaren Manifestua
IV. Oposizioko alderdi ezberdinekiko komunistek duten jarrera


IV
Oposizioko alderdi ezberdinekiko komunistek duten jarrera

II. kapituluan esandakoa eta gero, komunistek jada eraturik dauden langile alderdiekiko duten jarrera azalpen gehiago behar gabe azaltzen da, eta ondorioz baita Ingalaterrako kartistekiko eta Ipar Amerikako nekazal erreformaren alde daudenekiko jarrera ere. Komunistek langile klasearen berehalako helburu eta interesen alde egiten dute borroka; baina aldi berean, egungo mugimenduaren barnean, mugimenduaren beraren geroa ere defendatzen dute. Frantzian,

komunistak Alderdi Sozialista Demokratikora gehitzen dira burgesia kontserbadore eta erradikalaren aurka, baina beti ere tradizio iraultzaileak utzitako ilusioak eta topikoak kritikatzeko eskubideari uko egin gabe.

Suizan erradikalei babesa ematen die, baina alderdi hau elementu kontraesankorrez osaturik dagoela jakinda, hein batean estilo frantseseko sozialista demokratez, eta hein batean burges erradikalez.

Poloniarren artean, nekazal iraultza batean askapen nazionalerako baldintza ikusten duen alderdiari ematen diote babesa komunistek; hau da, 1846an Krakoviako matxinada eragin zuen alderdiari.

Alemanian, Alderdi Komunistak burgesiaren alboan egiten du borroka, azken honek, era iraultzaile batean, monarkia absolutuaren, lur jabego feudalaren eta burgesia txiki erreakzionarioaren aurka borroka egiten duen neurrian.

Baina alderdi hau ez da burgesiaren eta proletalgoaren arteko antagonismo oldarkorraren inguruko kontzientzia argiena langileei buruan sartzeaz inoiz ahazten, langile alemaniarrek burgesiaren agintea ekarriko duten baldintza sozial eta politikoak berehala burgesiaren aurkako arma bilakatzen jakin dezaten, Alemaniako klase erreakzionarioak garaituak diren bezain pronto burgesia beraren aurkako borroka has dezaten.

Komunistek Alemanian ipintzen dute euren arreta nagusia, Alemania iraultza burges baten bezperetan aurkitzen baita eta iraultza hori zibilizazio europarreko baldintza aurrerakoienekin eramango baitu aurrera orokorrean, eta XVII. mendeko Ingalaterra eta XVIII. mendeko Frantzian baino proletalgo garatuago batekin, eta ondorioz, iraultza burges alemaniarra ez da iraultza proletarioaren berehalako preludioa baino izango.

Laburbilduz, komunistek egungo erregimen sozial eta politikoaren aurkako mugimendu iraultzaile guztiak babesten dituzte.

Mugimendu hauetan guztietan, lehen lekuan, oinarrizko aspektu bezala, jabegoaren auzia jartzen dute, honek duen forma gutxi-asko garatua edozein dela ere.

Azken batean, komunistek batasunaren alde egiten dute lan alde guztietan eta alderdi demokratikoen arteko akordioaren alde herrialde guztietan.

Komunistek duingabea kontsideratzen dute euren ideiak eta asmoak ezkutatzea. Modu irekian aldarrikatzen dute euren helburuak egungo ordena sozial osoa biolentziaz garaituz soilik lor daitezkeela. Klase agintariek iraultza komunista baten aurrean kokildu daitezela. Proletarioek ez dute ezer galtzeko euren kateak salbu. Bestalde, mundu bat dute irabazteko.

HERRIALDE GUZTIETAKO PROLETARIOAK, ELKAR ZAITEZTE!

K. Marxek eta F. Engelsek 1847ko abenduaren eta 1848ko urtarrilaren bitartean idatzia. Lehen aldiz foileto bereizitu batean alemanieraz argitaratua Londresen, 1848ko otsailean. 1890eko argitalpen alemaniarrean oinarrituz itzultzen da, 1848ko, 1872ko eta 1883ko argitalpenekin errepasaturik.