Alternatiba Demokratikoa
EUSKAL HERRIARENTZAKO ALTERNATIBA DEMOKRATIKOA
Negoziazio politikoari begira "KAS Alternatiba" gaurkotzearen ondorioz sortzen den oinarrizko proposamena --Euskal Herriarentzako Alternatiba Demokratikoa, alegia-- bi negoziazio-markotan gorputz daiteke: bata, ETA eta Estatu espainolaren artekoa; bestea, berriz, euskal herritar guztioi dagokiguna, aukera guztien artean hautatu ahal izatea jasoko lukeen mugarik gabeko prozesu demokratikoa betez.
ETA eta Estatu espainolaren arteko negoziazioaren helburua Euskal Herria aintzakotzat aitortzea da, hauxe baita ezinbestez bete beharreko baldintza, prozesua erabat demokratikoa izango bada. Azken erabakiak, alta, euskal gizarteak hartu beharko ditu, inongo ordezkaritzarik izateke.
Euskal Herria eta Estatu espainolaren arteko istiluaren egungo izaera gainditzeko ETAk aurkezten duen negoziazio politikorako proposamen hau euskal gizarte osoak dauka eskueran.
Bestelako baldintzak eta bitarteko demokratikoak sortzen diren heinean, gatazkaren izaera berriari egokituko dio ETAk bere jarduera, azken helburu politikoei utzi gabe, hau da: Euskal Herriaren independentzia eta justizia soziala oinarri izango duen gizartea erdiesteko borroka.
Proposamen hau ituntzen eta garatzen den neurrian gainditu ahal izango da Euskal Herria eta Estatu espainolaren arteko istilu armatua.
ETA eta Estatu espainolaren artean itundu beharrekoa:
[aldatu]- Euskal Herrian prozesu demokratikoari hasera emateko, aurkezturiko kontuak Estatu espainolak onartzen baditu, ETAk su-etena iragarriko du.
- Euskal Herria aintzakotzat hartzea. Autodeterminazio eskubidea lurraldeen batasuna aintzakotzat hartzea.
- Autodeterminazio eskubia ez da jarrera politikorik, herri garen aldetik zor zaigun eskubide demokratikoa baizik. Eskubide hau noiz, nola eta zertarako gauzatzen den euskal herritar guztioi dagokigun arren, eskubidea halakotzat hartua izango dela segurtatu beharra dago. Euskal Herriak askatasun osoz bere etorkizuna erabaki behar duelako ezinbestean.
- Euskal Herria aintzakotzat hartua izan dadin egungo lurraldeen zatiketa gainditu beharra dago, lurraldeen batasuna onartu eta egungo muga instituzionalak suntsituz. Lurraldeen batasun nola gauzatu, Euskal Herria nola eratu eta antzekoak, Euskal Herriaren subirautzazko erabakiak adieraziko du.
- Euskal Herrian irekiko den prozesu demokratikoaren emaitza errespetatzeaz.
- Herriaren hitzari ezin mugarik jarri. Horrenbestez, prozesu demokratiko honen garapena eta emaitzak --direnak direla-- errespetatuko dituela segurtatu behar du Estatu espainolak.
- Prozesu demokratiko hau bideratzeko gutxieneko baldintza da herritar guztiek bertan parte hartu ahal izatea, inongo presiorik jasan gabe. Beraz, prozesu demokratikoa gorputz dadin ezinbestekoa izango da amnistia orokorra erdiestea, preso guztiak kalera irten eta ihesi joandako guztiak ostera itzulita.
Era berean, ezinbestez neurriak hartu behar dira indar armatu espainolek prozesuan esku har ez dezaten.
Euskal herritarren artean eztabaidatu eta itundu beharrekoa:
[aldatu]- Euskal herritarrei bakarrik dagozkien arazoak erabaki ahal izateko hasi behar den prozesu demokratikoan, sindikatuek, elkarteek, mugimendu sozialek, alderdi politikoek, instituzioek eta, hitz batez, gizarte osoak hartu behar du parte, aukerak eta eztabaidarako marko egokiak zehaztuz.
- Prozesu honetan zehar, gutxien-gutxienez gai hauek zehaztu beharko dira: autodeterminazio eskubidearen garapena (formulazioa, metodologia, aukerak, epeak, e.a.); lurraldeen batasunaren eraikuntza eta formulazioa; Euskal Herri guztien arteko harremanak; itundu behar den erakunde instituzionalaren eskuduntzak, aldez aurretik erabakitako inongo mugarik izan gabe; Euskal Herria euskalduntzeko plagintza; plagintza eta eredu sozio-ekonomikoa; Euskal Herriaren desmilitarizazioa (Armaden betekizuna, suntsiketa eta polizi indarren osaketa eta izaera); hezkuntza alorreko eskubideak; askatasun demokratikoak...
Agiria Euskal Herriari