Edukira joan

Altonaga: "UEU sendotu egin da"

Wikitekatik
Altonaga: "UEU sendotu egin da"  (1995) 
Irene Arrizurieta, edited by Euskaldunon Egunkaria
Jatorria

Altonaga: «UEU sendotu egin da»
Udako Euskal Unibertsitateak bere gain daukan zor ekonomikoa gainditu beharko du

Udako Euskal Unibertsitateko Iruñeko XXIII .Udako Ikastaroak atzo bukatu ziren Larraona ikastetxean. Kepa Altonaga UEUko zuzendariak orohar balorazio positiboa egin zuen: «UEU sendotu egin da eta komunitate intelektual eta zientifiko euskaldunaren gune bizia da». Hala ere, egonkortasun ekonomiko iristeko dago ikastarok bost milioi pezetatik gorako zorrarekin bukatu baitira.

Irene Arrizurieta. Iruñea.

Udako Euskal Unibertsitateko balantzea egitean, Altonagaren arabera «aurreko urteetan izan den progresio prozesua momentu honetan kontsolidatu egin da. Aurtengo esperientziatik hori ondoriozta dezakegu». Hau oinarritzeko hausnarketa ildo bi aipatu zituen Altonagak. Batetik, alde akademikoa aintzat hartuta, UEUko antolatzaileak «programa zabal baina aldi berean sakonak eskaintzen» saiatu dira, «eta horiek ardatz monografikoen inguruan gauzatu ditugu». Aipatzekoa da 45 ikastaro eskaini dituela UEUk, 26 sailetan antolatuak. Orotara, 750 klase ordu eman dira,eskola orduetan,praktiketan,mintegietan eta irteeretan banatuak. Altonagaren arabera «alde akademikoa ondo bete da». Iruñean azken hamabost egun hauetan egin diren UEUko ikastaroak 650 partaidetik gora bildu ditu. UEUko zuzendariaren iritziz, «gure ekintza erakargarria ere bada. Badago testuinguru bat hori kokatzeko. Pentsatu behar dugu Euskal Herri euskalduneko gune unibertsitario atxikia dela, momentu honetan euskaraz aritzen den ikasle-irakasle mordoa kontuan hartuta nekez ailegatuko ginateke 4.000 lagunera. Hemen 650etik gora biltzea arrakastaren beste froga bat litzateke».

Baina alde akademikoaz gain sona handiko jendea hurbildu izana ere aipatu zuen Altonagak, UEU ikastaroez aparte topagune eta foro irekia dela frogatuz. Bere ustez, «mundu akademikoan zeresan handirik ez daukan jendea eta gizarte mailan oihartzun zabala duena etorri da, Euskal Herriko espektro osoa estalirik. Euskal Herrian zeozer esateko daukan euskaldun orok UEUn lekua dauka eta aurten hemendik pasatu da».

Baina Altonagak esan zuen bezala,«zeru distiratsu honetan badaukagu itzalen bat ere», UEUk 23 urteko historian ez baitu lortu erakunde ofizialetan artikulatzea. Artikulazio falta horretatik datozkio bestelako gabeziak; batik bat gabezia ekonomikoak, zuzendariak uste baitu UEUri eskaini zaion euskarri ekonomikoa «eskas geratu dela», Iruñeko ikastaroak 5.800.000 pezetako —232.000 libera-— defizitarekin amaitu baitira. Iturri ekonomikoen urritasuna dela-eta, Altonagaren ustetan «UEUren egonkortasuna askotan kolokan dago ezin dugulako epe luzeko programaziorik tajutu». Azken bost urteotan UEUk hainbat erakundetatik diru laguntza berbera lortu du, eta gastuak, aldiz, gora doaz. Nafarroako Gobemuarekin bakarrik du akordio egonkorra eta hau dela-eta UEU hitzarmen iraunkorren bila dabil, bestela epe luzeko programaketarik ezin baitu egin.