Edukira joan

Amerikako Demokrazia I/II. Kapitulua (bigarren zatia)

Wikitekatik

Amerikako demokrazia I

Amerikako Demokrazia I  (1835-1840)  Alexis Tocqueville, translated by Xabier Mendiguren Bereziartu
II. Kapitulua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

II. Estatu Batuetako alderdiak

Bereizketa handi bat egin behar da alderdien artean.- Beren artean aurkako nazioak bezalako diren alderdiak.- Zehatz esanda alderdi direnak.- Alderdi handien eta txikien arteko ezberdintasuna.- Zein garaitan sortzen diren.- Beraien izaera ezberdinak.- Alderdi handiak izan ditu Amerikak.- Jadanik ez du horrelakorik.- Federalistak.- Errepublikarrak.- Federalisten porrota.- Estatu Batuetan alderdiak sortzeko zailtasuna.- Zer egiten den hori lortzeko.- Alderdi guztietan aurkitzen den izaera aristokratiko edo demokratikoa.- Jackson jeneralaren borroka bankaren kontra.


Lehenik bereizketa handi bat egin behar dut alderdien artean. Herrialde batzuk hain zabalak direnez, horien baitako herri ezberdinek, subiranotasun beraren menpe bildurik egon arren, interes kontraesankorrak izaten dituzte, eta hortik etengabeko aurkakotasuna sortzen da beraien artean. Herri bat beraren zati ezberdinek ez dituzte orduan, zehatz esanda, alderdiak eratzen, nazio ezberdinak baizik, eta, gerra zibila sortzen bada, aurkako herrien arteko gatazka izaten da, fakzioen artekoa baino gehiago.

Baina herrialdeko zati guztiei berdin interesatzen zaizkien puntuei buruz -gobernurako printzipio orokorrei buruz, adibidez- hiritarren artean ezberdintasuna sortzen bada, benetan alderdi deituko ditudanak sortzen dira orduan.

Alderdiak gobernu askeei dagokien gaitz bat dira; baina ez dute aldi guztietan izaera bera, ezta joera berberak ere.

Garai batzuetan nazioei, hain gaitz handiek atsekabetzen dituztenez, beren eraketa politikoan erabateko aldaketa egitea bururatzen zaie. Beste batzuetan are sakonagoa izaten da gaitza, eta gizarte-egoera bera egoten da arriskuan. Iraultza handien eta alderdi handien garaia izaten da.

Desordena eta zorigaitzeko mende hauen artean, badira beste batzuk zeinetan ematen duen gizarteak baretu egiten direla eta giza endak arnasa berriro hartzen duela. Baina, hala ere, egia esateko, itxura baino ez da; denborak ez du bere martxa gelditzen ez herrientzat, ez gizakientzat; batzuek nahiz besteek aurrera egiten dute egunero, ezagutzen ez duten etorkizun baterantz; eta geldi daudela iruditzen zaigunean, horien mugimenduak ikusten ez ditugulako da. Ibili dabilen jendea da, nahiz eta geldi daudela iruditu lasterka doazenei.

Nolanahi ere, herrien eraketa politikoan eta gizarte-egoeran garai batzuetan gauzatzen diren aldaketak hain motel eta sentiezinak izaten direnez, azken egoerara iritsi direla pentsatzen du jendeak; orduan, oinarri batzuen gain tinko kokaturik dagoela uste izaten du giza izpirituak, eta ez du halako muga batez harantzago begiratzen.

Azpijokoen eta alderdi txikien garaia izaten da.

Nik alderdi politiko handiak deitzen ditudanak, printzipioei berauen ondorioei baino gehiago atxikitzen zaizkienak dira, orokortasunei eta ez kasu partikularrei, ideiei eta ez gizakiei. Oro har, alderdi hauek besteek baino ezaugarri bikainagoak dituzte, grina eskuzabalagoak, uste sendoagoak, jokabide zintzoago eta ausartagoak. Interes partikularra, grina politikoetan beti paper nagusia izaten duena, trebetasun handiz ezkutatzen da orduan interes publikoaren estalkipean;

berak bultzatzen eta jardunarazten dituenen bistatik desagertzeraino ere iristen da batzuetan.

Alderdi txikiek, aldiz, ez dute normalean fede politikorik. Helburu handiek eraiki eta eusten dietenik sentitzen ez dutenez, ekintza bakoitzean nabarmen agertzen den berekoikeriaz blai dute beren izaera. Txikikeriengatik berotzen dira; hizkera bortitza dute, baina ibilera herabe eta ziurtasunik gabea. Erabiltzen dituzten baliabideak kaskarrak dira, duten xedea bera bezalakoxea. Hortik dator, iraultza bortitz baten ondoren barealdia iristen denean, badirudi bat-batean gizaki handiak desagertu egiten direla eta arimak beren baitan ixten.

Alderdi handiek irauli egiten dute gizartea, txikiek astindu; haiek urratu egiten dute eta besteok galbideratu; lehenengoek asaldaraziz salbatu egiten dute batzuetan, bigarrenek onurarik gabe nahasten dute beti.

Amerikak alderdi handiak izan ditu; gaur egun jada ez du horrelakorik. Honekin asko irabazi du zoriontasunean, baina ez moraltasunean.

Independentzi gerra amaitu eta gobernu berriaren oinarriak ezartzeko momentua iristean, bi iritziren artean banaturik aurkitu zen nazioa. Iritzi hauek mundua bezain zaharrak ziren, eta gizarte aske guztietan aurkitzen dira forma ezberdinen azpian eta izen ezberdinekin. Batak murriztu egin nahi zuen herriaren boterea, besteak mugarik gabe zabaldu.

Bi iritzi hauen arteko borrokak ez zuen inoiz amerikarren artean beste leku batzuetan sarri izan duen izaera bortitzik izan. Amerikan bi alderdiak bat zetozen punturik funtsezkoenetan. Garaipena lortzeko, ez batak eta ez besteak ez zeukaten ordena zaharrik suntsitu beharrik, ezta gizarte-egoera oso bat irauli beharrik ere. Ondorioz, ez batak eta ez besteak ez zeukaten beren printzipioen arrakastaren menpean jende askoren existentzia indibidualak jarri beharrik. Baina lehen mailako interes inmaterialak ukitzen zituzten, berdintasunaren eta independentziaren maitasuna, adibidez. Hori aski zen grina bortitzak sortarazteko.

Herri-boterea murriztu nahi zuen alderdiak Batasuneko Konstituzioan egin nahi izan zuen, batez ere, bere doktrinen aplikazioa, eta federal izena eman zioten horrela.

Besteak, askatasunaren aldeko bakarra omen zenak, errepublikar titulua hartu zuen.

Amerika demokraziaren lurraldea da. Federalistak beti gutxiengoa izan ziren, beraz; baina Independentzi gerrak sortarazitako gizon handi ia guztiak beren artean zeuzkaten, eta haien indar morala oso hedatua zegoen. Bestalde, zirkunstantziak ere beren aldeko izan zituzten. Lehen konfederazioaren porrotak anarkian erortzeko beldurra sentiarazi zion herriari, eta sentipen iragankor honetaz baliatu ziren federalistak. Hamar edo hamabi urtez, beraiek gidatu zituzten arazo publikoak eta, beren printzipio guztiak ez bada ere, batzuk behintzat aplikatu ahal izan zituzten, zeren eta kontrako korrontea egunetik egunera bortitzagoa baitzen, beraren kontra borrokatzera ausartzeko.

1801ean, azkenean errepublikarrak jabetu ziren gobernuaz. Thomas Jefferson izendatu zuten lehendakari; izen ospetsuaren, talentu handiaren eta egundoko herri-onarpenaren laguntza eman zien errepublikarrei.

Federalistak bitarteko artifizial eta momentuko baliabidez bakarrik mantendu ziren beti; buruzagien bertute edo talentuek, baita aldeko zirkunstantziek ere, bultzatu zituzten agintera. Errepublikarren txanda iritsi zenean, kontrako alderdia bat-bateko uholdearen erdian harrapatua bezala gelditu zen. Gehiengo handi bat beraren aurka azaldu zen, eta, hain gutxiengo txikia zela ohartzean, berehala etsi zuen bere buruaz. Orduz geroztik, alderdi errepublikar edo demokratikoa konkistaz konkista ibili da eta gizarte osoaz jabetu da.

Federalistak, menperaturik, baliabiderik gabe eta nazioaren erdian isolaturik sentitzean, zatitu egin ziren; batzuk garaileekin elkartu ziren; beste batzuek beren bandera utzi eta izena aldatu zuten. Dagoeneko urte asko dira alderdi izateari erabat utzi ziotela.

Federalistak agintean egotea izan zen, nire iritziz, batasun amerikar handiaren sorrerako gertakaririk zoriontsuenetakoa. Federalistak beren mende eta herrialdeko joera geldiezinaren aurka borrokatzen ziren. Zeinahi izanik ere haien teorien ontasun edo gaitza, akats bat zuten: beren osotasunean aplikaezinak ziren gidatu nahi zuten gizarte hartan; Jeffersonekin gertatu zena, beraz, gertatu beharrekoa zen lehentxeago edo geroxeago. Baina haien gobernuak, gutxienez, finkatzeko astia utzi zion errepublika berriari, eta, ondoren, beraiek erasotako doktrinen garapen bizkorra eragozpenik gabe laguntzeko aukera eman zion. Bestalde, haien printzipioetariko asko kontrarioen programan sartu ziren azkenerako; eta Konstituzio federala, oraindik ere gaur egun irauten duena, haien abertzaletasunaren eta jakinduriaren oroitarri iraunkorra da.

Honela, bada, gaur egun ez da Estatu Batuetan alderdi politiko handirik aurkitzen. Alderdi asko daude Batasunaren etorkizuna mehatxatzen dutenak; baina ez dirudi egungo gobernu-erari eta gizartearen martxa orokorrari erasotzen dienik dagoenik. Batasuna mehatxatzen duten alderdiak ez dira printzipioetan oinarritzen, interes materialetan baizik. Interes hauek, hain aginterri zabaleko probintzia ezberdinetan, gehiago eratzen dituzte aurkako nazioak alderdiak baino. Azken aldi honetan horregatik agertu da Iparraldea merkatal debekuen sistemaren alde, eta Hegoaldeak armak hartu ditu merkatal askatasunaren alde; honetarako izan den arrazoi bakarra Iparraldea manufakturatzaile eta Hegoaldea kultibatzaile izatea da, eta sistema murriztaileak bataren onurarako eta bestearen kalterako diharduela.

Alderdi handirik ez dagoenez, txikiak inurriak baino ugariago dira Estatu Batuetan, eta iritzi publikoa amaigabe zatitzen da xehetasunetan. Imajinaezina da zelako lana hartzen den alderdiak sortzen; ez da gauza erraza gure garaian. Estatu Batuetan ez dago erlijiozko gorrotorik, erlijioari guztiek baitiote begirunea eta ez dago sekta bat nagusi dena; ez dago klase-gorrotorik ere, herria baita dena, eta oraindik inor ez da beronen kontra borrokatzera ausartzen; azkenik, ez dago aprobetxa daitekeen ezbehar publikorik ere, herrialdeko egoera materialak egundoko aukera eskaintzen baitu industriarako, gizakiari bere kasa uztea nahikoa izanik honek gauza miragarriak egin ditzan. Hala ere, beharrezkoa da gutizia alderdiak sortzera iristea, zaila baita boterea daukana iraultzea, beraren lekua hartu nahi izateagatik bakarrik. Politikarien abilezia guztia alderdiak eratzean datza, beraz. Estatu Batuetan politikariak bere interesa bereizi nahi izaten du lehenik, eta berearen inguruan bildu litezkeen antzeko interesak zeintzuk diren ikusi; ondoren, ea kasualitatez elkarte berriaren buruan egokiro ezar daitekeen doktrina edo printzipioren bat munduan ba ote den aurkitzeari ekiten dio, argitara atera eta aske ibiltzeko eskubidea eman ahal izateko. Nolabait esateko, erregearen pribilegioa bezala da, antzina gure arbasoek beren obretako lehen orrialdean inprimatu eta liburuan sartzen zutena, nahiz eta ez izan honen osagai.

Hori eginda, politikaren arloan sartzen da botere berria.

Atzerritarrari amerikarren barne-liskar ia guztiak ulergaitzak edo umekeriak iruditzen zaizkio lehen begiratuan, eta ez du jakiten txikikeria horietaz serioski arduratzen den herriaz errukitu egin behar duen, ala horietaz arduratu ahal izateko zorionagatik inbidia izan behar dion.

Baina Amerikan fakzioak gobernatzen dituzten ezkutuko instintuak arretaz aztertzen direnean, erraz aurkitzen da horietako gehienak gizarte askeak daudenetik gizakiak banatzen dituzten bi alderdi handietako batarekin edo bestearekin loturik daudela gehixeago edo gutxixeago. Alderdi hauen pentsaeraren muinean zenbat eta sakonago sartu, batzuek botere publikoaren erabilera murrizteko lan egiten dutela ikusten da, besteek hedatzeko.

Nik ez dut esaten alderdi amerikarren xede nabarmena, ezta ezkutukoa ere, herrialdean aristokrazia edo demokrazia nagusiaraztea denik beti; diodana da grina aristokratiko edo demokratikoak erraz aurkitzen direla alderdi guztien barren-barrenean; eta, bistan ez egon arren, horiek alderdien puntu sentikor eta arima bezala direla.

Duela gutxiko adibide bat aipatuko dut: lehendakariak Estatu Batuetako bankari erasotzen dio; herrialdea asaldatu eta zatitu egiten da; klase ilustratuak, oro har, bankaren alde jartzen dira, herria lehendakariaren alde. Uste duzue herriak jakin duela bere iritziaren arrazoiak bereizten hain zaila den arazo baten kikimakoen artean, non adituak direnak ere zalantzan egoten baitira? Inola ere ez. Baina banka establezimendu handi bat da, bere izate independentea duena; herriak, botere guztiak suntsitzen edo goratzen dituenak, ezin du ezer egin horren kontra, eta honek harritu egiten du. Gizarteko mugimendu unibertsalaren erdian, puntu mugigaitz horrekin topo egiten du herriaren begiradak, eta gainerakoa bezalaxe mugiaraztea lortuko ote duen ikusi nahi du.

Alderdi aristokratikoaren hondarrak Estatu Batuetan

[aldatu]

Aberatsek demokraziarekiko duten aurkakotasun ezkutua.- Bizitza pribatura erretiratzen dira.- Plazer esklusibo eta luxurako duten zaletasuna beren egoitzen barnean.- Beraien sinpletasuna kanpoan.- Herriarekiko duten eramanpen afektatua.

Iritzietan banaturiko herri batean, alderdien arteko oreka apurtzean, bietako batek nagusitasun jarkiezina lortzen duela gertatzen da batzuetan. Oztopo guztiak apurtzen ditu, kontrarioa zapaltzen du eta gizarte osoa ustiatzen du bere probetxurako. Garaituak, arrakasta izateko itxaropenik gabe, ezkutatu edo isildu egiten dira. Gelditasun eta isiltasun orokorra sortzen da. Nazioak pentsamendu bat beraren inguruan ematen du bildua. Alderdi garaileak altxatu eta esaten du: "Nik ekarri diot bakea herrialde honi eta esker ona zor zait".

Baina ageriko iritzi-batasun honen azpian zatiketa sakonak eta benetako aurkakotasuna ezkutatzen dira, hala ere.

Hau da Amerikan gertatu zena: alderdi demokratikoak nagusitasuna lortu zuenean, arazo publikoen zuzendaritza esklusiboaz jabetu zen. Geroztik bere nahierara moldatu izan ditu etengabe ohiturak eta legeak.

Gaur egun Estatu Batuetan gizarteko klase aberatsak arazo politikoetatik ia erabat kanpo daudela esan daiteke, eta han aberastasuna, eskubide bat izan ordez, benetan kaltegarri eta oztopo bat dela agintera iristeko.

Aberatsek nahiago dute, beraz, lehiatik irtetea, beren herrikiderik behartsuenen kontra sarri berdintasunik gabeko borrokan jardutea baino. Bizitza pribatuan bezalako mailarik bizitza publikoan lortu ezin dutenez, bertan behera uzten dute azken hau eta lehenengoan murgiltzen dira. Estatuaren erdian gizarte berezi bat bezala osatzen dute, aparteko zaletasun eta gozamenak dituena.

Ekidinezinezko gaitza bezala onartzen du aberatsak gauzen egoera hau; gogaikarria zaiola azaltzea ere arreta handiz saihesten du; gobernu errepublikarraren gozotasunak eta forma demokratikoen abantailak goresten ditu publikoan. Zeren eta, etsaiak gorrotatu ondoren, ba al da gizakiarentzat gauza naturalagorik beroriek lausengatzea baino?

Ikusten duzu hiritar oparo hau? Ez al du ematen bere aberastasuna agertzeko beldur den Erdi Aroko judu bat? Itxura xumea du, ibilera apala; bere egoitzako lau hormen artean gurtu egiten da luxua; ez dio inori santutegi horretan sartzen uzten, lotsagabe bere mailakide deitzen dituen gonbidatu hautatu batzuei izan ezik. Europan ez dago noblerik bere plazerretan hau baino esklusiboago agertzen denik, ezta egoera pribilegiatuak ziurtatzen dituen abantailarik txikienen irrika handiagoz dagoenik ere. Baina, horra hor, etxetik irten eta hiriaren eta negozioen erdian duen zoko hautseztatu batera doa lanera, non edozeinek jo dezakeen berarengana. Bide erdian bere zapatariarekin topo egiten du; gelditu eta hizketan hasten dira biak. Zer esan diezaiokete elkarri? Bi hiritar horiek estatuko arazoez ari dira, eta ez dira bananduko elkarri bostekoa eman gabe.

Konbentziozko gogoberotasun horren barruan eta nagusi den botereaganako manera atsegin horien erdian, erraz sumatzen da aberatsengan beren herrialdeko erakunde demokratikoekiko destaina handia. Beldurra eta mesprezua sortarazten dien boterea da herria. Egunen batean demokraziaren gobernu txarrak krisi politikoa ekarriko balu, Estatu Batuetan noizbait monarkia ahalgarri azalduko balitz, laster frogatuko litzateke hemen aurreratu dudanaren egiatasuna.

Arrakasta lortzeko alderdiek erabiltzen dituzten bi arma handiak egunkariak eta elkarteak dira.