Edukira joan

Amerikako Demokrazia I/IV. Kapitulua

Wikitekatik

Amerikako demokrazia I

Amerikako Demokrazia I  (1835-1840)  Alexis Tocqueville, translated by Xabier Mendiguren Bereziartu
IV. Kapitulua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

IV. Herri-subiranotasunaren printzipioa Amerikan

Gizarte amerikar osoa menperatzen du.- Amerikarrek jadanik beren iraultza aurretik printzipio honetaz egiten zuten aplikazioa.- Iraultzak eman dion garapena.- Zentsuaren murriztapen mailakatu eta geldiezina.

Estatu Batuetako lege politikoez hitz egin nahi denean, herri-subiranotasunaren dogmatik hasi behar da beti.

Herri-subiranotasunaren printzipioa, gehixeago edo gutxixeago ia giza erakunde guztien hondoan aurkitzen dena beti, normalean ezkutuan bezala egoten da hor. Obeditu egiten zaio ezagutzarik eman gabe, eta inoiz gertatuz gero une batez argitara irtetea, berehala murgilarazten da santutegiko ilunbeetan.

Nazio-borondatea da garai guztietako azpikariek eta aro guztietako despotek gehiegikeriaz erabili duten hitzetako bat. Batzuek, zenbait botere-agentek erositako botoetan ikusi dute berorren adierazpena; beste batzuek, gutxiengo interesatu edo beldurtiaren botoetan; eta badira herrien isiltasunean zeharo formulatua aurkitu dutenak, eta obedientziaren egitatetik beraien agintzeko eskubidea sortzen zela pentsatu dutenak ere. Amerikan, herri-subiranotasunaren printzipioa ez da zerbait ezkutuko edo antzua, beste zenbait naziotan bezala; onartua dago ohituretan, aldarrikatua legeetan; askatasunez hedatu eta eragozpenik gabe iristen da azken ondorioetaraino.

Herrialderen bat baldin badago munduan, non herri-subiranotasunaren dogma bere balio zuzenean preziatzea, gizarteko arazoetara aplikaturik aztertzea eta bere alde on eta arriskuak epaitzea espero daitekeen, Amerika da herrialde hori, zalantzarik gabe.

Esan dut lehen herri-subiranotasunaren printzipioa izan zela hasieratik Amerikako kolonia ingeles gehienen printzipio sortzailea.

Asko falta izan zitzaion, ordea, gizartearen gobernua menperatzeko, gaur egun egiten duen bezala.

Bi oztopok, bata kanpokoa eta bestea barrukoa, eusten zioten atzera bere aurrerabidean.

Ezin zen legeetan argi eta garbi jarri, artean koloniak metropoliari obeditu beharrean zeudelako; beraz, probintzi batzarretan, eta batez ere udalerrietan, ezkutatzera beharturik zegoen. Hauetan hedatzen zen isilean.

Orduko gizarte amerikarra ez zegoen artean prestatua printzipio hori bere ondorio guztiekin onartzeko. Aurreko kapituluan ikusarazi dudan bezala, Ingalaterra Berrian jakintzargiak eta Hudsonen hegoaldean aberastasunak luzaroan zertu zuten halako eragin aristokratiko bat, gizarte-botereen egikaritza esku gutxi batzuetan biltzera jotzen zuena. Artean asko falta zen funtzionari publiko guztiak hautatuak eta hiritar guztiak hautesle izan zitezen. Hautesle-eskubideak bere mugapenak zituen alde guztietan, eta beharrezkoa zen zentsu bat izatea. Zentsu hau oso ahula zen iparraldean, garrantzizkoagoa hegoaldean.

Iraultza lehertu zen Amerikan. Herri-subiranotasunaren dogma udalerritik irten eta gobernuaz jabetu zen; klase guztiak konprometitu ziren kausa honetan; beronen izenean izaten ziren borrokak eta garaipenak; legeen lege bilakatu zen.

Ia aurrekoa bezain aldaketa bizkorra gertatu zen gizartearen barruan. Oinordetza-legeak burutu zuen eragin lokalen suntsipena.

Legeen eta iraultzaren ondorio hau guztien aurrean agertzen hasi zenerako, garaipena era itzulezinean demokraziaren aldera makurtua zen jadanik. Izan ere, bere esku artean zeukan boterea. Berorren kontra borrokatzea ere ez zegoen onartuta. Goi-klaseak protestarik eta borrokarik gabe makurtu ziren jadanik saihestezina zen gaitz horretara. Erortzen diren botereei normalean gertatzen zaiena gertatu zitzaien: bakoitzaren berekoikeria jabetu zen beraien kideez; jadanik herriaren eskuetatik indarra kentzerik ez zegoenez, eta jende xehearenganako gorrotoa hura probokatzen ibiliz atsegina lortzeko adinakoa ez zenez, kosta ahala kosta berorren onginahia lortzea bakarrik pentsatu zen. Legerik demokratikoenak, berauengatik interesetan kalte handiena jasandakoek bozkatu zituzten setati. Honela, goi-klaseek ez zuten beren aurka herriaren amorrua suspertu, baizik eta haiek berek aurreratu zuten ordena berriaren arrakasta. Honela, gauza bitxia!, bultzada demokratikoa are geldiezinagoa izan zen aristokrazia sustraituagoa zegoen lekuetan.

Marylandeko estatua, jauntxo handiek sortua, lehena izan zen boto unibertsala65 aldarrikatzen eta formarik demokratikoenak sartu zituen bere gobernu osoan. Herri bat hauteskunde-zentsua ukitzen hasten denean, lehentxeago edo geroxeago zeharo desagertaraztea lortuko duela aurrikus daiteke. Hau da gizarteak arautzen dituen erregelarik aldagaitzenetako bat. Hautesle-eskubideen mugak atzera egiten duen neurrian, are gehiago atzerarazteko beharra sentitzen da, zeren eta, kontzesio berri bakoitzaren ondoren, demokraziaren indarrak areagotu eta eskakizunak gehitu egiten baitira bere ahalmen berriarekin. Zentsutik kanpo gelditzen direnen irrika barruan dagoen kopuru handiaren proportzioan ernegatzen da. Salbuespena arau bihurtzen da azkenean; etengabe egiten dira kontzesioak, eta sufragio unibertsalera iristean bakarrik amaitzen dira.

Gaur egun, imajina daitezkeen garapen praktiko guztiak izan ditu herri-subiranotasunak Estatu Batuetan. Beste alde batzuetan inguruan arretaz jarri dizkioten fikzio guztietatik aske dago han; kasuak behar duenaren arabera, segidan forma guztiak hartzen dituela ikusten da. Batzuetan herriak gorputz gisan egiten ditu legeak Atenasen bezala, beste batzuetan boto unibertsalak sortutako diputatuek ordezkatzen dute eta beraren izenean jarduten, baina hurbil-hurbiletik zainduta. Badira herrialdeak non botereak, nolabait ere gizarte-gorputzaz kanpokoa izan arren, beronen gain eragiten duen, bide jakin batetik joatera behartuz.

Beste batzuetan, berriz, indarra zatiturik dago, aldi berean gizartearen barruan eta kanpoan kokatua. Estatu Batuetan ez da antzerako ezer ikusten; gizarteak bere kabuz eta bere gain jarduten du han. Ez dago botererik beraren baitan izan ezik; ezin da inor aurkitu berorren bila beste norabait joan behar dela pentsatzen eta batez ere adierazten ausartuko denik. Legegileak aukeratuz esku hartzen du herriak legeen osaketan, eta botere exekutiboaren agenteak aukeratuz lege horien aplikazioan; herriak berak gobernatzen duela esan daiteke, bai ahul eta murritza delako administrazioari utzitako zatia, baita honi bere herri-jatorriak asko erasaten diolako ere eta bere sorburu duen botereari obeditzen diolako ere. Herriak agintzen du Amerikako politika-arloan, Jainkoak unibertsoan bezala. Bera da gauza guztien kausa eta helburua; harengandik sortzen da dena eta hark bereganatzen dena (H).