Edukira joan

Amerikako Demokrazia I/Sarrera

Wikitekatik

Amerikako demokrazia I

Amerikako Demokrazia I  (1835-1840)  Alexis Tocqueville, translated by Xabier Mendiguren Bereziartu
Sarrera
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Sarrera

Estatu Batuetan egin nuen egonaldian arreta erakarri zidaten gauza berrien artean, ezerk ez ninduen baldintza-berdintasunak baino bizikiago harritu. Erraz aurkitu nuen lehen egitate honek gizartearen garapenean duen eragin harrigarria; halako norabide bat ematen dio izpiritu publikoari, halako kutsu bat legeei, arau berriak gobernariei eta aztura bereziak gobernatuei.

Laster ohartu nintzen egitate horrek berorrek ohitura politiko eta legeak baino askoz harantzago hedatzen duela bere eragina, eta ez duela gizarte zibilean gobernuan baino aginte gutxiago: iritziak moldatzen ditu, sentimenduak sortarazten, usadioak iradoki eta berak ekoitzi gabeko guztia aldatzen.

Honela, bada, gizarte amerikarra aztertu ahala, gero eta gehiago iruditzen zitzaidan baldintza-berdintasuna zela egitate partikular bakoitza eragiten zuen egitate nagusia, eta etengabe aurkitzen nuen aurrean, puntu zentral honetara jotzen zutelarik nire behaketa guztiek.

Orduan gure hemisferiorantz zuzendu nuen pentsamena, eta Mundu Berriak erakusten zidanaren antzeko zerbait nabaritzen nuela iruditu zitzaidan. Baldintza-berdintasuna, Estatu Batuetan bezala azken mugetaraino iritsi gabe ere, gero eta hurbilago zegoela ikusi nuen; eta gizarte amerikarretan nagusi zen demokrazia bera Europan ere botererantz bizkor zihoala iruditu zitzaidan.

Une hartan bururatu zitzaidan irakurtzera zoazten liburu hau egitea.

Iraultza demokratiko handi bat ari da gure artean gauzatzen; guztiek ikusten dute, baina ez dute guztiek era berean juzgatzen. Batzuek gauza berritzat hartzen dute, eta, akzidentaltzat daukatelarik, oraindik geldiaraztea espero dute; beste batzuek, ordea, geldiezinezko irizten diote, historian ezagutzen den egitaterik jarraituen, antzinakoen eta iraunkorrena iruditzen baitzaie.

Une batez, duela zazpiehun urteko Frantziara itzuliko naiz: lurraren jabe den eta biztanleak gobernatzen dituen famili kopuru txiki baten artean banaturik aurkitzen dut; agintzeko eskubidea belaunaldiz belaunaldi eskualdatzen da ondareekin; gizakiek era bakarra dute batzuek besteen gain eragiteko, indarra; botereak ez du sorburu bakar bat baino, lurraren jabetza.

Baina halako batean kleroaren botere politikoa sortzen da eta bizkor hedatzen. Kleroak guztiei zabaltzen dizkie bere ateak, behartsu eta aberatsei, plebeio eta jauntxoei; berdintasuna Elizaren bidez hasten da gobernuaren baitan sartzen, eta betiko esklabutzan jopu izango zatekeena nobleen erdian apaiz bihurtzen da, eta erregeen gainetik kokatuko da sarritan.

Denborarekin gizartea zibilizatuago eta egonkorrago bihurtzean, gizakien arteko harreman ezberdinak korapilatu eta ugaritu egiten dira. Biziki sumatzen da lege zibilen premia. Legelariak sortzen dira orduan; auzitegietako esparru ilunetatik eta artxibategietako bazter hautseztatuetatik irteten dira, eta printzearen gortean ezarriko dira, katazuri-larruz eta burdinaz estalitako baroi feudalen ondoan.

Erregeek porrot egiten dute ekimen handietan, nobleak gerra pribatuetan akitzen dira, plebeioak merkataritzan aberasten. Estatu-arazoetan diruaren eragina hasten da sumatzen. Negozioa botereari irekitzen zaion iturri berri bat da, eta mesprezatzen eta lausengatzen den botere politiko bilakatzen dira finantzariak. Poliki-poliki, jakintzargiak hedatzen dira; literatura eta arteekiko zaletasuna pizten da; orduan arrakasta-elementu bilakatzen da izpiritua; zientzia, gobernatzeko baliabide bat da; adimena, indar sozial bat; eskolatuak arazo publikoetara iristen dira.

Hala ere, boterera iristeko bide berriak aurkitu ahala, jaiotzaren balioa gainbehera doa. XI. mendean balio paregabea zuen nobleziak; XIII.enean erosi egiten da; lehen nobleztatzea 1270ean gertatzen da, eta azkenean aristokraziaren beraren bidez sartzen da berdintasuna gobernuan.

Igaro diren azken zazpiehun urteotan, errege-agintearen kontra borrokatzeko edo lehiakideei agintea kentzeko, nobleek herriari botere politikoa eman izan diote batzuetan.

Are gehiagotan, estatuko behe-klaseek gobernuan parte har zezaten saiatu izan dira erregeak, aristokrazia beheratzeko. Frantzian, erregeak agertu izan dira berdintzailerik aktiboen eta iraunkorrenak bezala. Gutiziatsu eta indartsuak izan direnean, herria nobleen mailara altxatzeko lan egin dute; eta moderatu eta ahulak izan direnean, herria beraien gain jar dadin utzi dute. Batzuek beren talentu bidez lagundu diote demokraziari, besteek beren akatsez. Louis XI.a eta Louis XIV.a tronutik beherako dena berdintzeaz arduratu ziren, eta azkenean Louis XV.a bera hautsetaraino jaitsi zen bere gortearekin.

Hiritarrak errentamendu feudalaz bestelako bideetatik lurraren jabe izaten hasi orduko, eta aberastasun higigarria, jadanik aintzatetsia, bere aldetik indar egiten eta boterea ematen hasi orduko, ez zen arteetan batere aurkikuntzarik egin, ezta merkataritzan eta industrian batere hobekuntzarik sartu ere, gizakien arteko berdintasunerako beste horrenbeste elementu berri sortzen ez zuenik. Une hartatik aurrera, aurkitzen diren prozedura guztiak, sortzen diren behar guztiak, asetzea eskatzen duten desira guztiak, aurrerapausoak dira berdintze unibertsalerantz. Luxu-zaletasuna, gerrarako irrika, modaren nagusitasuna, giza bihotzaren grinarik axalekoen nahiz sakonenak, badirudi elkar harturik dabiltzala aberatsak pobretzeko eta behartsuak aberasteko.

Adimen-lana indar eta aberastasunaren iturri bilakatu zenetik, zientziaren garapen bakoitza, ezagupen berri bakoitza, ideia berri bakoitza, herriaren irispidean jarritako ahalmen-hazitzat hartu behar izan zen. Poesia, hitz-etorria, oroimena, izpiritu-dohainak, irudimenaren sugarra, pentsamenaren sakontasuna, zeruak ausaz banatzen dituen dohain horiek guztiak, demokraziaren probetxurako izan ziren, eta honen etsaien menpe egon zirenean ere, halaz guztiz demokraziaren kausarako izan ziren, gizakiaren berezko handitasuna agertaraziz; demokraziaren konkistak zibilizazioaren eta jakintzargienekin batera hedatu ziren, eta literatura, guztientzat irekitako armategia izan zen, ahul eta behartsuek bertara jotzen zutelarik egunero arma bila.

Gure historiako orrialdeak aztertzen direnean, azken zazpiehun urteotan ez da, nolabait esateko, gertakari handirik aurkitzen berdintasunaren onurarako izan ez denik.

Gurutzadek eta ingelesekiko gerrek triskantza handiak eragiten dituzte nobleen artean eta hauen lurrak zatitzen; udalerrien eraketak askatasun demokratikoa sarrarazten du monarkia feudalaren baitan; suzko armen aurkikuntzak bilaua eta noblea berdintzen ditu gudu-zelaian; inprimategiak aukera berdina eskaintzen die beraien adimenari; postak behartsuaren etxolako sarrerara nahiz jauregietako atera darama jakintzargia; gizaki guztiak zerurako bidea aurkitzeko egoera berean daudela esaten du protestantismoak. Amerikaren aurkikuntzak hamaika bide berri zabaltzen dio aberastasunari, eta ondasunak eta boterea ematen dizkie abenturari ilunei.

XI. mendetik aurrera Frantzian gertatzen dena berrogeita hamar urteka aztertzen baduzue, garbi ohartuko zarete denboraldi horietako bakoitzaren buruan iraultza bikoitza zertu dela gizartearen egoeran: noblea jaitsi egingo zen gizarte-mailan, plebeioa igo; batak behera egiten du, besteak gora. Mende erdi bakoitzak hurbildu egiten ditu, eta laster ukituko dute elkar.

Eta hau ez da Frantziako bereizgarria bakarrik. Noranahi begiratzen dugula ere, kristaudi osoan zertzen ari den iraultza bera nabaritzen dugu. Alde guztietan, herrien bizitzako hainbat gora-behera demokraziaren probetxurako bihurtu dela ikusi da; gizaki guztiek lagundu diote beren ahaleginaz: berorren arrakastari lagundu nahi ziotenek eta zerbitzatzeko batere asmorik ez zutenek; horren alde borroka egin dutenek eta bai berorren etsai agertu direnek ere; nahas-mahasian denei bultza egin zaie bide beretik, eta denek lan egin dute elkarrekin, batzuek gogoz kontra, besteek oharkabean, lanabes itsuak bezala Jainkoaren eskuetan.

Beraz, baldintza-berdintasunaren garapen mailakatua probidentziazko egitate bat da eta honelakoen ezaugarri nagusiak ditu: unibertsala da, iraunkorra, giza ahalmenari ihes egiten dio egunero; gertakari guztiak, gizaki guztiak bezalaxe, berdintasun horren garapenaren zerbitzura daude. Zentzuzkoa ote da pentsatzea hain aspalditik datorren gizarte-mugimendua belaunaldi baten ahaleginak eten ahal izango duela? Pentsa ote daiteke, feudalismoa suntsitu eta erregeak menperatu ondoren, demokraziak atzera egingo duela burges eta aberatsen aurrean? Gelditu egingo ote da orain, bera hain indartsu eta kontrarioak hain ahul direnean?

Norantz goaz, beraz? Ezin inork esan; dagoeneko konparazio-terminoak falta zaizkigu eta: gaur egun kristauen artean berdinagoak dira baldintzak beste edozein garaitan eta munduko beste edozein herrialdetan sekula izan direnak baino; honela, jadanik egina dagoenaren handitasunak oraindik egiteko dagoena aurrikustea eragozten du.

Irakurriko den liburu hau, nolabaiteko erlijio-ikararen zirrarapean idatzia izan da, hainbeste mendetan zehar oztopo guztien gainetik joan den eta gaur egun ere berak eragindako hondakinen erditik aurrera doan iraultza geldiezina ikusteak autorearen barnean eragindako zirrarapean, alegia.

Ez da beharrezkoa Jainkoak berak hitz egitea, guk haren borondatearen seinale ziurrak aurkitu ahal izateko; aski da naturaren ohiko martxa eta gertakarien joera iraunkorra zein den aztertzea; nik badakit, Egileak bere ahotsa ozendu gabe ere, haren hatzak marrazturiko ildotik ibiltzen direla astroak espazioan.

Behaketa luze eta hausnarketa zintzoak, gure garaiko gizakia, berdintasunaren garapen mailakatu eta progresiboa aldi berean bere historiaren iragana eta etorkizuna dela aitortzera eramango balu, aurkikuntza honek soilik ere emango lioke garapen horri Jaun subiranoaren borondatearen jite sakratua. Demokrazia geldiarazi nahi izateak Jainkoaren beraren aurka borroka egitea dela emango luke orduan, eta nazioek ez lukete Probidentziak ezartzen dien gizarte-egoerara moldatu baino egin beharko.

Kristau-herriek gaur egun ikuskizun beldurgarria eskaintzen dutela iruditzen zait; aurrean daramatzan mugimendua indartsuegia da geldiarazi ahal izateko, eta ez da oraindik gidaezina izateko bezain bizkorra. Beren esku dute beren zoria, baina laster ihes egingo die.

Demokrazia hezitzea, ahal bada beraren sineskizunak berpiztea, ohiturak araztea, mugimenduak arautzea, demokraziaren esperientzi ezaren ordez poliki-poliki arazo publikoen zientzia sartzea eta haren instintu itsuen ordez benetako interesak ezagutaraztea; beraren gobernua garai eta lekuetara moldatzea, eta zirkunstantzia eta gizakien arabera aldatzea: hau da gaur egun gizartea gidatzen dutenei ezarritako lehen eginbeharra. Zientzia politiko berria behar da zeharo berria den mundurako.

Baina ez dugu honetaz ia batere gogoetarik egiten: ibai laster baten erdian kokaturik, oraindik ertzetan begiztatzen diren hondakinen batzuetan finkatzen ditugu begiak setati, korronteak eraman eta amildegirantz bultzatzen gaituen bitartean.

Ez dago Europan herririk, non azaldu berri dudan gizarte-iraultza handi horrek gurean baino bizkorrago egin duen aurrera; baina betiere itsumustuan ibili da. Estatu-buruek sekula ez dute pentsatu aurrez ezer prestatzerik iraultza horretarako; buru horien kontra edo horiek ohartu gabe zertu da iraultza. Nazioko klaserik ahaltsuen, argien eta moralenak ez dira saiatu berorretaz jabetzen, gidatu ahal izateko. Hortaz, bere sen basatiaren menpe utzi izan da demokrazia; gurasoen zainketarik gabe, gure hirietako kaleetan beren kasa eta gizarteko bizioak eta zorigaitzak bakarrik ezagutuz hazten diren haur horiek bezala hazi da. Bazirudien izatea ere ez zitzaiola aitortu nahi, ustegabean botereaz jabetu zenean. Orduan guztiak makurtu zitzaizkion morronkeriaz desirarik txikienetara; indarraren irudi bezala gurtu zuten; gero bere gehiegikeriengatik ahuldu zenean, hezi eta zuzendu beharrean, suntsitzeko proiektu zentzugabea asmatu zuten legegileek, eta gobernatzen irakatsi nahi ez ziotenez, gobernutik botatzea besterik ez zuten pentsatu.

Ondorioz, iraultza demokratikoa gizarteko alde materialean bakarrik zertu da, baina lege, azturetan eta ohituretan ez zen gauzatu iraultza hau onuragarri bihurtzeko beharrezko aldaketa. Honela, badugu demokrazia, baina ez beronen akatsak gutxitu eta berez dituen abantailak areagotzeko behar dena; eta ekartzen dituen gaitzak ikusten baditugu ere, ez dugu ezagutzen zenbateraino on egin diezagukeen.

Errege-aginteak, aristokrazian oinarriturik, Europako herriak bake-bakean gobernatzen zituenean, gizarteak, bere zorigaitzen erdian, hainbat motatako zoriona gozatzen zuen, gaur egun nekez imajina eta prezia genezakeen zerbait.

Menpeko batzuen ahalmenak hesi gaindigaitzak eraikitzen zituen printzearen tiraniaren aurrean; eta erregeek, bestalde, jendaurrean ia jainkozko izaeraz hornituak sentitzen zirelarik, sortarazten zuten begirunetik bertatik beren botereaz ez abusatzeko borondatea ateratzen zuten.

Herriagandik oso urruti egon arren, nobleek, hala ere, artzainak bere artaldeaganako izaten duen onginahizko ardura lasai hori izaten zuten herriarenganako; eta, behartsua beren berdintzat hartu gabe ere, honen destinoaz arduratzen ziren, Probidentziak beraien esku utzitako gordailua bailitzan.

Herriak, bere gizarte-egoeraz bestelakorik sumatu ere egin gabe, bere buruzagien pareko izan zitekeela inola ere imajinatu gabe, haien on-egintzak hartzen zituen, beraien eskubiderik zalantzan jarri gabe. Maite izaten zituen bihozbera eta zuzenak zirenean, eta nekerik gabe eta beheratuta sentitu gabe makurtzen zen haien gogorkerietara, Jainkoaren eskuak bidalitako gaitz ekidinezinak balira bezala. Bestalde, usadioak eta ohiturek mugak jarriak zizkioten tiraniari, baita nolabaiteko zuzenbide bat ezarria ere indarraren erdi-erdian.

Nobleari ez zitzaion inola ere bururatzen berak legezkotzat zeuzkan pribilegioak kendu nahi zitzaizkionik; jopuak bere gutxiagotasuna naturako ordena aldaezinaren ondoriotzat hartzen zuenez, ulergarria gertatzen da hain zori ezberdineko bi klase horien artean elkarrenganako halako onginahi bat sortzea. Orduan, ikusten zen gizartean ezberdintasun eta zorigaitzik, baina arimak ez zeuden galbideratuta.

Ez da boterearen erabilera edo obeditzeko aztura gizakiak degradatzen dituena, baizik eta bidegabetzat daukaten ahalmenaren erabilera, eta usurpatua eta zapaltzailea iruditzen zaien boterearekiko obedientzia.

Batetik, ondasunak, indarra, aisia zegoen, eta berauekin luxu-nahia, gustu-finezia, izpirituaren plazerrak, arteak lantzea; bestetik, lana, zabarkeria eta ezjakintasuna.

Baina jendetza ezjakin eta zabar honen baitan grina biziak aurkitzen ziren, eskuzabaltasunezko sentimenduak, sineskizun sakonak eta bertute basatiak. Honela antolaturiko gizarte-gorputzak egonkortasuna, ahalmena eta, batez ere, aintza ukan zitzakeen.

Baina, horra hor, mailak nahastu egiten dira; gizakien artean eraikitako hesiak eraitsi egiten dira; aginterriak zatitu egiten dira, boterea banatu, jakintzargiak zabaldu, adimenak berdindu; gizarte-egoera demokratiko bihurtzen da, eta demokraziaren nagusitasuna bare-bare ezartzen da erakunde eta ohituretan.

Orduan, imajinatzen dudan gizartean guztiek maitatuko zuten legea, beren egintzatzat hartuz, eta nekerik gabe makurtuko ziren berarengana; han gobernuaren aginpidea -beharrezkotzat eta ez jainkozkotzat hartua- errespetatua izango zenez, estatu-buruaganako maitasuna ez zen batere grinatsua izango, sentimendu arrazoitu eta lasaia baizik. Bakoitzak bere eskubideak izanik, eta eskubide horiek mantenduko zituen ziurtasuna izanik, klase guztien artean konfiantza sendoa ezarriko zen, eta halako jasankortasun bat elkarrenganako, harrokeriatik bezain urrundua apalkeriatik.

Bere benetako interesen jakitun, herriak, gizarteko ondasunez baliatzeko, kargak ere hartu beharra dagoela ulertuko zuen. Hiritarren elkarketa askeak nobleen ahalmen indibiduala ordeztuko zuen orduan, eta Estatua tiraniatik eta nahikeriatik babestuta egongo zen.

Ulertzen dut honela eratutako estatu demokratiko batean gizartea ez dela mugitu gabe egongo; baina bertan gizarte-gorputzaren mugimenduak arautuak eta progresiboak izan litezke; aristokraziaren baitan baino distira txikiagoa agertzen bada, miseria gutxiago ere aurkituko da; atseginak mugatuagoak izango dira eta ongizatea orokorragoa; jakintzak ez hain handiak eta ezjakintasuna urriagoa; sentimenduak ez hain biziak eta azturak eztiagoak; bizio gehiago, baina krimen gutxiago nabarituko da.

Sineskizunetan berotasun eta sugarrik ezean, kulturak eta esperientziak batzuetan sakrifizio handiak lortuko dituzte hiritarrengandik; gizaki bakoitzak, besteak bezain ahul izanik, bere antzekoen beharrizan beretsua sentituko du; eta besteen laguntza berea emanez bakarrik lor dezakeela jakinda, bere interes partikularra interes orokorrarekin bat egiten dela ohartuko da erraz.

Nazioa, oro har, ez da hain distiratsua eta aintzatsua izango, ezta agian hain indartsua ere; baina hiritar gehienen zoria oparotsuagoa izango da, eta herria baketsu azalduko da, ez hobetzeko itxaropenik ez duelako, ongi dagoela badakielako baizik.

Horrelako egoera batean dena on eta baliagarri ez balitz ere, gizarteak behintzat bereganatua izango luke hor baliagarri eta on den guztia, eta jendeak, aristokraziak eman litzakeen gizarte-abantailak betiko baztertuz, demokraziari hartuko lizkioke honek eskaini ahal dizkion ondasun guztiak. Baina guk, geure arbasoen gizarte-egoera bertan behera uztean, beraien erakunde, ideia eta ohiturak nahas-mahasian geure atzera botatzean, zer jarri dugu hauen ordez?

Errege-agintearen ospea desagertu egin da, eta legeen handitasunak ez du hori ordeztu; gaur egun, herriak gutxietsi egiten du agintea, baina beronen beldur da, eta beldurrak, garai batean begiruneak eta maitasunak baino gehiago ateratzen dio.

Tiraniaren aurka nor bere aldetik borroka zitezkeen banako erakundeak suntsitu egin ditugula ohartzen naiz; baina ikusten dut gobernuak berak bakarrik bereganatzen dituela familia, korporazio edo gizakiei kendutako prerrogatiba guztiak: hiritar gutxi batzuen indarraren -batzuetan zapaltzaile, baina sarritan kontserbadorearen- ondoren, guztion ahulezia etorri da.

Aberastasunen zatiketak gutxitu egin du behartsua eta aberatsa banatzen zituen tartea; baina hurbiltzean, elkar gorrotatzeko arrazoi berriak aurkitu dituztela dirudi, eta, batak besteari izuz eta inbidiaz beterik begiratuz, elkar botatzen dute agintaritzatik; batarentzat nahiz bestearentzat, eskubideen ideiarik ez dago, eta indarra iruditzen zaie biei orainaren arrazoi bakarra eta geroaren berme bakarra.

Behartsuak bere gurasoen aurriritzi gehienak gorde ditu, haien sineskizunik gabe; haien ezjakintasuna, bertuterik gabe; bere ekintzen arautzat interesaren doktrina hartu du, honen zientzia ezagutu gabe, eta behartsuaren berekoikeria jakintzargirik gabea da, antzina bere sakrifizioa bezalaxe.

Gizartea lasai dago, ez bere indarraz eta ongizateaz jabetzen delako, bere burua ahul eta gaixotzat daukalako baizik; ahaleginen bat egiten badu, hilko den beldur da; guztiak ohartzen dira gaitzaz, baina inork ez du onena bilatzeko behar hainbat ausardia eta indar; badira desirak, atsekabeak, nahigabeak eta pozak, baina ez dute sortzen ez ikusteko moduko ezer, ez ezer iraunkorrik, inpotentziara baino ez doazen agure zaharren grinen antzera.

Hortaz, antzinako egoerak izan zitzakeen gauza onak baztertu ditugu, egungo egoerak eskain lezakeen onurarik geureganatu gabe; gizarte aristokratiko bat suntsitu dugu eta, antzinako eraikinaren hondakin artean poz-pozik kokatuta, badirudi hortxe gelditu nahi dugula betiko. Hori bezain tamalgarria da adimen-munduan gertatzen ari dena.

Frantziako demokraziak, bere ibilbidean oztopatua edo laguntzarik gabe bere grina desordenatuen menpe utzia, aurrean aurkituriko guztia irauli du, suntsitzen ez zuenari azpia janez. Ez da ikusi gizarteaz poliki-poliki jabetzen, bertan bake-bakean bere nagusitasuna ezartzeko; etengabe aurrera egin du desordenen eta borrokako asalduraren erdian. Borrokaren berotasunaz adoretuta, kontrarioen iritzi eta gehiegikeriengatik bere iritziaren berezko mugak gaindituz, bakoitzak bere lehia horien helburua bera galtzen du bistatik eta bere ezkutuko instintuei ez dagokien hizkera erabiltzen du. Hortik sortzen da nahasketa arraro bat, zeinen lekuko izatera beharturik gauden.

Alferrik bilatzen dut neure oroitzapenetan, ez dut ezer aurkitzen gure aurrean gertatzen dena baino mingarriago eta errukarriagorik; badirudi iritziak gustuekin eta ekintzak sineskizunekin elkartzen dituen berezko lokarria eten egin dela gaur egun; gizakien sentimendu eta ideien artean beti egon izan den kidetasunak suntsitua dirudi, eta analogia moralaren lege guztiak aboliturik daudela esan liteke.

Oraindik bada gure artean kristau sugartsurik bere arima erlijiozalea beste bizitzako egiez elikatu nahi duenik; hauek, zalantzarik gabe, animatu egingo dira giza askatasunaren alde, handitasun moral guztiaren iturri izanik hau. Kristautasunari, Jainkoaren aurrean gizaki guztiak berdindu dituenari, ez dio nazkarik emango hiritar guztiak legearen aurrean berdinak direla ikusteak. Baina momentuz, gertakari bitxi batzuen eraginez, demokraziak iraultzen dituen botereen erdian murgilduta aurkitzen da erlijioa, eta sarritan gertatzen zaio maite duen berdintasuna ukatzea, eta askatasuna arerio bezala madarikatzea, nahiz eta, eskutik eramango balu, ahaleginak santifikatu ahal izango lituzkeen.

Pertsona erlijiozale horien ondoan, zerura baino lurrera begirago dauden beste batzuk aurkitzen ditut; askatasunaren aldeko dira -ez bakarrik bertuterik bikainenen jatorria hor ikusten dutelako, baizik eta, batez ere, onik handienen iturritzat daukatelako-, eta berorren nagusitasuna ziurtatzeko eta berorren onurak gizakiei gozarazteko gogo zintzoa dute. Nik uste dut hauek laster dei egingo diotela erlijioari laguntza eske, jakin behar baitute ezin dela askatasunaren erregetza ezarri ohiturena gabe, ezta ohiturak oinarritu ere sineskizunik gabe; baina kontrarioen lerroetan begiztatu dute erlijioa eta hori aski da beraientzat: batzuek erasotu egiten dute eta besteak ez dira defendatzera ausartzen.

Iragan mendeek jende doilor eta zitala ikusi dute esklabutza goraipatzen, izpiritu independente eta bihotz oneko beste batzuk giza askatasuna salbatzeko itxaropenik gabe borrokatzen ziren bitartean. Baina gaur egun sarri aurkitzen dira berez noble eta ausartak diren pertsonak, beren iritziak eta gustuak kontrajarriak dituztenak, berek sekula ezagutu ez duten menpekotza eta apalkeria goraipatzen. Aitzitik, badira beste batzuk askatasunaz mintzo direnak, beronetan dauden santutasun eta handitasuna sentitu ahal izango balituzte bezala, eta berek beti gutxietsi dituzten eskubideak gizadiarentzat zaratatsu eskatzen dituztenak. Ikusten ditut pertsona bertutetsu eta baketsuak, beren ohitura garbi, aztura lasai, oparotasun ekonomiko eta jakintzargiei esker inguruko jendearen buru berez bihurtzen direnak. Aberriaganako maitasun zintzoz beteak, prest daude aberriagatik sakrifizio handiak egiteko. Hala ere, zibilizazioaren etsai dira sarritan; beronen gehiegikeriak eta on-egintzak nahasten dituzte, eta beraien barnean gaizkiaren eta berrikuntzaren ideiak estu-estu loturik daude. Horiengandik hurbil ikusten ditudan beste batzuek, aurrerapenaren izenean eta gizakia materializatzen ahaleginduz, erabilgarritasuna aurkitu nahi dute bidezkoaz arduratu gabe, zientzia sineskizunetatik urruti, eta ongizatea bertutetik bereizita. Hauek zibilizazio modernoaren txapeldunak omen dira, eta berorren buru jartzen dira lotsagabeki, beraiei lagatzen zaien leku bat usurpatuz, horretarako duintasunik ez dutelarik.

Non gaude, beraz?

Erlijiozaleek askatasunari erasotzen diote, eta askatasunaren adiskideek erlijioei; izpiritu bikain eta onberek esklabutza goresten dute, eta bihotz kaskar eta morrontzazaleek independentzia goraipatzen; hiritar zintzo eta ilustratuak aurrerapen guztien etsai diren bitartean, abertzaletasunik eta moralik gabekoak zibilizazioaren eta kulturaren apostolu bihurtzen dira!

Mende guztiak izan ote dira gurearen antzeko? Gizakiak beti izan ote du aurrean, gaur egun bezala, inolako kateamendurik gabeko mundua, non bertuteak ez duen jeinurik, eta jeinuak ohorerik ez; non ordenaganako maitasuna tiranoenganako zaletasunaz nahasten den, eta askatasunaren gurtzapen santua giza legeen mesprezuaz; non ezerk ez dirudien jadanik debekatua, baimendua, ohoragarri edo lotsagarria, egiazko edo faltsua?

Egileak gizakia egin zuenean, inguratzen gaituzten miseria intelektualen erdian etengabe kolokan uzteko egin zuela pentsatu behar ote dut? Ezin dut sinetsi. Jainkoak etorkizun egonkor eta lasaiagoa prestatzen die Europako gizarteei; ez dakizkit beraren asmoak, baina ez diot utziko horietan sinesteari ezin ditudalako beroriek ulertu, eta nahiago nuke neure jakintzargiak jarri zalantzan beraren zuzentasuna baino.

Bada munduan herrialde bat, non aipatzen dudan gizarte-iraultza handia iritsia den gutxi gora-behera bere berezko mugetara; era sinple eta errazean gauzatu da bertan, edo hobeto legoke esatea gure artean zertzen den iraultza demokratikoaren emaitzak ikusten dituela herrialde horrek, baina iraultza bera ukan gabe. XVII. mendearen hasieran Amerikan finkatzera joan ziren migrariek, nolabait ere, askatu egin zuten demokraziaren printzipioa Europako gizarte zaharretan etsai zituen guztiengandik, eta printzipio hori bakar-bakarrik landatu zuten Mundu Berriko itsasertzetan. Han askatasunean hazi eta, ohiturekin batera ibiliz, bake-bakean garatu ahal izan zen legeetan.

Zalantzarik ez dut lehentxeago edo geroxeago gu ere, amerikarrak bezalaxe, ia erabateko baldintza-berdintasunera iritsiko garela. Honekin ez dut esan nahi gu ere egunen batean, gizarte-egoera antzekotik, amerikarrek atera dituzten ondorio politikoak ateratzera beharturik egongo garenik. Ez dut inola ere sinesten demokraziak har lezakeen gobernu-era bakarra aurkitu dutenik beraiek; baina nahikoa da bi herrialdeetan lege eta ohituren kausa eragilea berbera izatea, bakoitzean zer eman duen jakiteko interes ikaragarria izan dezagun.

Bidezkoa litzatekeen arren, ez dut aztertu Amerika jakinmina asetzeko bakarrik; guretzako irakaspen probetxugarriak aurkitu nahi izan ditut. Hutsegite bitxia egingo luke panegiriko bat egin nahi izan dudala pentsatuko balu norbaitek; liburu hau irakurtzen duena ongi komentzituko da ez dudala inola ere asmo hori izan; gobernu-era jakin bat orokorrean goratzea ere ez da izan nire helburua, legeetan erabateko ontasunik ia inoiz ez dela egoten pentsatzen dutenetakoa bainaiz; ia geldiezina iruditzen zaidan gizarte-iraultza gizadiarentzat mesedegarri ala kaltegarri zen epaitzerik ere ez dut nahi izan; iraultza hau ia burutua edo burutzear dagoen egitate bat bezala onartu dut, eta, beren baitan zertzen ikusi duten herrien artean, iraultzak garapenik osoena eta baketsuena izan dueneko hura aukeratu dut, berorren berezko ondorioak garbi bereizteko eta, ahal bada, gizakientzat probetxugarri bihurtzeko bideak hautemateko. Amerikan Amerika bera baino gehiago ikusi dudala aitortu behar dut; han demokraziaren beraren, eta honen joera, izaera, aurriritzi eta grinen irudia bilatu dut; ezagutu egin nahi izan dut, berorrengandik zer espero edo zeren beldur izan behar dugun jakiteko besterik ez bada ere.

Obra honen lehen zatian, beraz, demokraziak, Amerikan bere joeretara utzia eta ia hesirik gabe bere grinen arabera lagata, legeei berez ematen zien norabidea, gobernuari ezartzen zion martxa eta, oro har, arazo publikoekiko lortzen zuen boterea erakusten saiatu naiz. Berak sortutako gauza on eta txarrak zeintzuk ziren jakin nahi izan dut. Demokrazia gidatzeko amerikarrek zer-nolako neurriak hartu dituzten ikertu dut, eta zeintzuk baztertu dituzten, eta gizartea gobernatzeko aukera ematen dieten kausak bereizten jardun dut.

Nire asmoa, bigarren zati batean, Amerikan baldintza-berdintasunak eta demokraziaren gobernuak gizarte zibil, aztura, ideia eta ohituretan duten eragina azaltzea zen; baina hasia naiz asmo hori betetzeko irrika gutxiago sentitzen. Neure buruari ezarritako zeregina amaitzerako, ia alferrikako bilakatuko da nire lana. Izan ere, besteren batek azaldu behar dizkie laster irakurleei izaera amerikarraren ezaugarri nagusiak eta, estalki mehe batez deskribapenen lehortasuna ezkutatuz, nik ezin eman niezaiokeen xarmaz hornituko du egia1.

Ez dakit lortu dudan Amerikan ikusi dudana ezagutaraztea, baina ziur nago horretarako asmo zintzoa izan dudala eta sekula ez diodala, jakinaren gainean, egitateak ideietara moldatu beharrari amore eman, ideiak egitateetara makurtu ordez.

Punturen bat dokumentu idatzien bidez ezar zitekeenean, jatorrizko testuetara jotzeaz arduratu naiz eta obrarik benetakoen eta estimatuenetara2. Informazio-etorbideak oharretan azaldu ditut, eta edonork egiaztatu ahal izango ditu. Iritzi, usadio politiko edo ohitura-oharpenen kasuetan, pertsonarik ilustratuenak kontsultatzen saiatu naiz. Gauza bat garrantzizkoa edo zalantzazkoa bazen, ez nintzen lekuko bakarrarekin konformatzen, baizik eta lekukotasun guztiak kontuan izanda hartzen nuen erabakia.

Hemen beharrezkoa da irakurleak nire hitza sinestea. Aurreratzen dudanaren alde, sarri aipa nitzakeen irakurleari ezagunak zaizkion, edo behintzat ezagunak izatea mereziko luketen, izen ospetsuak; baina ez dut horrelakorik egin. Ostalariaren sutondoan atzerritarrak maiz izaten du egia garrantzizkoen berri, hark adiskideari ezkutatu egingo lizkiokeenak agian; kanpotarraren ezinbesteko isiltasunagatik husten dio barrua; ez da atzerritarrak ahoa zabalduko duen beldur, pasokoa baita. Horrelako aitorpen guztiak hartu orduko idazten nituen, baina ez dira inoiz nire paper-zorrotik irtengo; nahiago dut neure kontaketen arrakastak nozitzea, hartutako abegikortasunaren truke atsekabe eta eragozpenak besterik itzultzen ez dituzten bidaiarien zerrendan neure izena sartzea baino. Badakit, neure ardura gora-behera, oso erraza izango dela liburu hau kritikatzea, norbaitek kritikatzeko asmorik izaten badu inoiz.

Zehatz-mehatz begiratu nahi dutenek, iruditzen zait aurkituko dutela obra osoan funtsezko pentsamendu bat, zati guztiak lotzen dituena, nolabait esateko. Baina aztertu behar izan ditudan arazoen aniztasuna handia da, eta norbaitek egitate isolatu bat aipatzen dudan egitate-multzoaren kontra jarri nahi badu, edo ideia bakar bat ideia-multzotik aparte, erraz lortuko du hori. Beraz, nik neure lanean izan dudan jarrera berarekin irakur nazaten nahi nuke, eta liburu hau uzten duen inpresio orokorraren arabera epai dezaten, nik neuk ere ez baititut erabakiak arrazoi jakin baten arabera hartu, guztiak kontuan izanda baizik. Ez da ahaztu behar ere ulertaraztea lortu nahi duen autoreak bere ideietako bakoitza ondorio teoriko guztiekin garatu behar duela, faltsuaren eta eginezinaren mugetaraino sarritan; zeren eta, batzuetan beharrezkoa izaten bada logikaren arauak ekintzetan baztertzea, ez baita gauza bera gertatzen argudioetan, eta gizakiari bere ekintzetan normalean kontsekuentea izatea bezain zaila zaio ia bere hitzetan inkontsekuentea izatea.

Amaitzeko, nik neuk adierazi nahi nuke irakurle askorentzat obraren akats nagusia izango dena. Liburu hau ez da espreski inoren zerbitzura jartzen; idazterakoan, ez dut inolako alderdiren alde edo kontra jardun nahi izan; ez naiz ahalegindu gauzak alderdiek ez bezala ikusten, urrutirago baizik; eta hauek biharkoaz arduratzen diren bitartean, nik etorkizunaz gogoeta egin nahi izan dut.