Edukira joan

Amerikako Demokrazia I/V. Kapitulua (bigarren zatia)

Wikitekatik

Amerikako demokrazia I

Amerikako Demokrazia I  (1835-1840)  Alexis Tocqueville, translated by Xabier Mendiguren Bereziartu
V. Kapitulua: Demokraziaren gobernua Amerikan
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

V. Demokraziaren gobernua Amerikan

Badakit leku arriskutsuan sartzen naizela hemen. Kapitulu honetako hitz bakoitzak punturen batean mindu egingo ditu nire herrialdea zatitzen duten alderdiak. Hala ere, ez dut ezkutatuko nire pentsaera osoa.

Europan zailtasunak ditugu demokraziaren benetako izaera eta joera iraunkorrak epaitzeko, Europan borroka baitago aurkako bi printzipioren artean eta ez da zehazki jakiten zer parte egotzi behar zaien printzipioei berei, edo zer parte borrokak sortarazitako grinei.

Amerikan ez da gauza bera gertatzen. Han herria nagusi da oztoporik gabe; ez dago beldurra sortarazteko arriskurik, ezta mendekatu beharreko irainik ere.

Amerikan, beraz, demokrazia bere joeretara utzia dago. Bere ibilerak naturalak dira eta mugimendu guztiak askeak. Han epaitu behar da. Eta norentzat litzateke azterketa hau interesgarri eta probetxuzko, guretzat ez bada, alegia, mugimendu geldiezin batek egunero arrastaka eramanda itsu-itsuan agian despotismorantz, agian errepublikarantz, baina zalantzarik gabe gizarte-egoera demokratikorantz goazenontzat ez bada?

Boto unibertsala

[aldatu]

Esan dut lehen Batasuneko estatu guztiek onartu zutela boto unibertsala. Gizarte-eskalako maila ezberdinetan kokaturik dauden herrietan aurkitzen da. Berorren efektuak leku ezberdinetan eta beren hizkuntza, erlijio edo ohiturengatik elkarren artean ia arrotz diren giza enden artean ikusteko aukera izan dut, Louisianan nahiz Ingalaterra Berrian, Georgian nahiz Kanadan. Adierazi dut guk Europan espero ditugun on guztiak eta gaitz guztiak sortaraztetik urruti zegoela boto unibertsala Amerikan, eta beronen efektuak oro har espero ez bezalakoak zirela.

Herriaren aukeraketak eta demokrazia amerikarren joeran bere aukeraketetan

[aldatu]

Estatu Batuetan pertsonarik bikainenak nekez deitzen dituzte arazo publikoen zuzendaritzara.- Fenomeno honen zergatiak.- Frantziako behe-klaseek goikoen kontra sentitzen duten bekaizkeria ez da sentimendu frantsesa, demokratikoa baizik.- Zergatik Amerikan gizon garrantzizkoek sarri aldentzen dituzten beren buruak karrera politikotik.

Europan jende askok sinesten du esan gabe, edo esaten du sinetsi gabe, boto unibertsalaren abantaila handietako bat hau dela: konfiantza publikoa merezi duten pertsonak deitzea arazoen zuzendaritzara. Esaten da herriak ez lukeela bere burua gobernatzen jakingo, baina benetan Estatuaren ongia nahi duela beti, eta nahi hori berori dutenak eta boterea beren esku izateko gaitasun gehien dutenak izendatzerakoan senak nekez huts egiten diola.

Nire aldetik, esan beharrean nago Amerikan ikusi dudanak ez didala hori horrela denik pentsarazten. Estatu Batuetara iristean, harriturik gelditu nintzen ohartzean meritua zein hedatua zegoen gobernatuen artean, eta zein urria zen gobernarien artean. Gaur egun etengabe errepikatzen den gauza da pertsonarik bikainenak nekez deitzen dituztela eginkizun publikoetara, eta onartu beharra dago demokraziak bere antzinako muga guztiak gainditu dituen neurrian izan dela hori horrela. Nabaria da estatu-gizon amerikarren askazia bereziki kaskartu dela azken mende erdi honetan.

Fenomeno honen hainbat kausa adieraz daitezke.

Eginak egin, ezinezkoa da herriaren jakintzargiak halako maila batetik gora jasotzea. Giza ezagupenetara iristea erraztu arren, irakas-metodoak hobetu eta zientzia merketu arren, sekula ez da lortuko jendeak eskolatu eta bere adimena garatzerik horretara denborarik eman gabe.

Lanik egin gabe bizitzeko herriak izan dezakeen erraztasun handiago edo txikiagoak ezartzen du bere aurrerapen intelektualen derrigorrezko muga. Muga hau urrutirago dago zenbait herrialdetan, hurbilago beste batzuetan, baina mugarik ez izateko, herriak ez luke bizitzako beharrizan materialez arduratu beharrik izan behar, hau da, jadanik ez luke herria izan beharko. Beraz, hiritar guztiak aberats dituen estatu bat imajinatzea bezain zaila da pertsona guztiak oso ilustratu dituen gizarte bat imajinatzea; bi zailtasun koerlatibo dira horiek. Eragozpenik gabe onartuko dut hiritargoak bene-benetan nahi duela herrialdearen ongia; are urrutirago joanez, esango dut, nire ustez, desira horretan gizarteko behe-klaseek beren interes pertsonaleko gauza gutxiago nahasten dituztela, goi-klaseek baino; baina beti falta zaiena, gehixeago edo gutxixeago, baliabideak aztertzeko artea da, helburua benetan nahi izan arren. Zein azterketa luzea, zenbat ezagupen ezberdin behar den pertsona bakar baten izaerari buruzko ideia zehatza eratzeko! Jeinurik handienak desbideratu egiten dira horretan, eta jendetzak asmatuko du! Herriak sekula ez du lan honetarako astirik eta bitartekorik aurkitzen. Presaka erabaki behar izaten du beti, eta gauzarik nabarienari atxiki behar. Hortik dator mota guztietako berritsuek hain ongi jakitea herriari atsegin emateko sekretua, honetan benetako adiskideek gehienetan porrot egiten duten bitartean.

Gainerantzean, merituko pertsonak aukeratzeko, demokraziari ez zaio beti gaitasuna falta izaten, nahia eta gustua baizik.

Ez da ezkutatu behar erakunde demokratikoek goi-mailaraino garatzen dutela inbidiaren sentimendua giza bihotzetan. Ez da hainbeste bakoitzari besteekin parekatzeko bitartekoak eskaintzen dizkiotelako, baizik eta bitarteko hauek etengabe huts egiten dietelako erabiltzen dituztenei. Erakunde demokratikoek berdintasunaren grina suspertzen eta lausengatzen dute, guztiz asebete ahal izan gabe sekula. Erabateko berdintasun honek egunero ihes egiten dio herriari eskuetatik lortzen ari dela uste duen unean; eta ihes egiten dio, Pascalek dioen bezala, betiko ihesaldian; eta herria berotu egiten da ondasun honen bilaketan, are preziatuagoa delarik ezagutu ahal izateko nahikoa hurbil dagoelako eta ezin gozatu izateko nahikoa urruti. Lortzeko aukerak bultza egiten dio, arrakastaren ziurtasunik ezak amorrarazi; asaldatu egiten da, gogaitu, garraztu. Edozein aldetatik gain hartzen dion guztia bere nahietarako oztopo iruditzen zaio orduan, eta ez dago nagusitasunik, oso legitimoa izan arren, ikusteak nekatzen ez duenik.

Jende askok uste du gure artean behe-klaseek duten ezkutuko joera hori -alegia, goi-klaseak arazo publikoen zuzendaritzatik ahalik eta gehien aldenaraztekoa- Frantzian bakarrik aurkitzen dela; ez da egia: aipatzen ari naizen joera hau ez da frantsesa, demokratikoa baizik; agian halako garraztasun berezi bat emango zioten zirkunstantzia politikoek, baina hauek ez dute sortarazi.

Estatu Batuetan herriak ez die gorrotorik gizarteko goi-klaseei, baina berauenganako onginahi gutxi sentitzen du eta kontu handiz edukitzen ditu agintetik kanpo; herria ez da talentu handien beldur, baina gutxi gustatzen zaizkio. Oro har, herriaren laguntzarik gabe gora egiten duen guztiak beraren faborea nekez lortzen duela ikusten da.

Demokraziaren berezko joerak herria jende argia boteretik aldenaraztera daraman bitartean, batere ahulagoa ez den joerak daramatza beste hauek karrera politikotik urruntzera, honetan oso zaila baitzaie diren bezalakoak izaten jarraitzea eta doilortu gabe jokatzea. Hauxe da xalotasun handiz Kent kantzilerrak adierazitako pentsamendua. Autore ospetsu honek, epaileen izendapena botere exekutiboari ematen dion konstituzio-zatiaren gorespen handiak egin ondoren, eransten du: "Hain zuzen ere, litekeena da postu hauek betetzeko pertsonarik egokienek erreparu gehiegi izatea beren maneratan eta zorroztasun gehiegi printzipioetan boto unibertsalean oinarrituriko hauteskundeetan sufragioen gehiengoa inoiz bildu ahal izateko". (Kent’s Commentaries, I. bol., 272. or.). Hona hemen, inork kontrakorik esan gabe, 1830. urtean inprimatzen zena Amerikan.

Komentziturik nago boto unibertsala aukeraketen ontasunaren garantiatzat hartzen dutenak erabateko ameskerian daudela. Boto unibertsalak beste abantaila batzuk ditu, baina ez hori.

Neurri batean demokraziaren joera horien zuzentzaile izan daitezkeen kausak

[aldatu]

Arrisku handiek herri nahiz gizakiengan eragiten dituzten kontrako efektuak.- Duela berrogeita hamar urte Amerikak zergatik izan zuen hainbeste jende bikain arazo publikoen buruzagitzan.- Jakintzargiek eta ohiturek herriaren aukeraketetan duten eragina.- Ingalaterra Berriko adibidea.- Hego-mendebaldeko estatuak.- Lege batzuek nola eragiten duten herriaren aukeraketetan.- Hautapena bi mailatan.- Beronen efektuak Senatuaren osaketan.

Estatua arrisku handiek mehatxatzen dutenean, onik ateratzeko pertsonarik egokienak zuzen aukeratzen ikusten da sarri herria.

Ikusi da arrisku larrian dagoen pertsonak nekez irauten duela ohiko mailan; askoz gorago igotzen da, edo azpitik erortzen. Gauza bera gertatzen zaie herriei ere. Arriskurik handienek, nazioa gorarazi ordez, lur joarazten diote batzuetan; grinak suspertzen dizkiote gidatu gabe, eta adimena nahastarazten, argitu ordez. Juduek, Tenpluaren hondakin erraustuen artean ere, beren buruak lepo egiten zituzten. Baina normalagoa izaten da, nazio nahiz pertsonen artean, aparteko bertuteak arriskuen hurbiltasunetik bertatik sortzen ikustea. Orduan agertzen dira nabarmen izaera handikoak, gaueko iluntasunak ezkutatzen zituen eta sutearen argitasunak bat-batean agertarazten dituen monumentuak bezala. Jeinuak ez du destainatzen bere burua aurkeztea, eta herriak, bere arriskuengatik izuturik, aldi batez ahaztu egiten ditu bere grina bekaiztiak. Orduan ez da arraroa izaten hautesontzitik izen ospetsuak irteten ikustea. Esan dut gorago Amerikan gaur egun dauden estatu-gizonek duela berrogeita hamar urte arazo publikoen buru izan zirenek baino askoz kaskarragoak ematen dutela. Hau legeengatik ezezik, zirkunstantziengatik ere bada. Amerika kausarik bidezkoenagatik borrokatzen zenean -beste herri baten uztarpetik ihes egiteagatik, alegia-, munduan nazio berri bat sarrarazi behar zenean, arima guztiak goratzen ziren beren ahaleginen xedearen mailara iristeko. Asaldura orokor hartan, pertsonaia gorenak herriaren aurrean joaten ziren lasterka, eta herriak, besoetan harturik, buruzagitzan jartzen zituen. Baina horrelako gertakariak urriak dira; gauzen ohiko ibilera arrunta da epaitu behar dena.

Batzuetan gertakari iragankorrek demokraziaren grinei erasotzea lortzen badute, jakintzargiek -eta, batez ere, ohiturek- ez eragin ahulagoa baizik eta iraunkorragoa zertzen dute joera horietan. Hau garbi ikusten da Estatu Batuetan.

Ingalaterra Berrian -non hezkuntza eta askatasuna moralaren eta erlijioaren alaba diren, non gizarteak, jada antzinakoa eta aspaldidanik ezarria, bere maxima eta azturak eratu ahal izan dituen-, herria, aberastasunak eta jaiotzak gizakien artean beti sortarazi izan dituzten nagusitasunetatik ihes egiten duen aldi berean, nagusitasun intelektual eta moralak errespetatzen eta hauetara atseginez makurtzen ohitu da. Honela, Ingalaterra Berrian demokraziak beste inon baino aukeraketa hobeak egiten dituela ikusten da.

Hegoaldera jaitsi ahala, ordea, gizarte-lotura hain antzinakoa eta hain indartsua ez den estatuetan -non irakaskuntza ez dagoen hain hedatua, eta non moralaren, erlijioaren eta askatasunaren printzipioak ez dauden hain era egokian konbinatuak- gobernarien artean talentuak eta bertuteak gero eta urriagoak direla ikusten da.

Azkenik, hego-mendebaldeko estatu berrietan sartzean -non gizarte-gorputza, atzo bertan eratua, oraindik ez den abenturazale eta espekulatzaile-multzo bat baizik-, txunditzekoa da aginte publikoa zein eskutan dagoen ikustea, eta nork bere buruari galdetzen dio legeria eta gizakiengandik independente den zein indarrengatik haz daitekeen han Estatua, eta aurreratu gizartea.

Badira lege batzuk izaera demokratikoa dutenak eta, hala ere, demokraziaren joera arriskutsu horiek zuzentzea lortzen dutenak, neurri batean behintzat.

Washingtonen, Ordezkarien Ganbarara sartzen zarenean, harriturik gelditzen zara batzar handi haren itxura arruntaz. Sarritan alferrik ibiliko zara han barruan pertsona ospetsuren baten bila. Batzarkide gehienak pertsonaia ilunak dira, haien izenak ez duelarik inolako irudirik ekartzen gogora. Haietako gehienak herrietako abokatuak dira, merkatariak edota klaserik apalenetako pertsonak. Irakaskuntza ia unibertsalki hedatua dagoen herrialde hartan, herri-ordezkariek ez omen dakite beti zuzen idazten.

Handik oso hurbil Senatuaren egoitza dago, esparru estu hartan dagoelarik Amerikako pertsona ospetsuetako asko. Ia ez da inortxo ere ikusten berriki ilustratua ematen ez duenik. Mintzo ederreko abokatuak dira, jeneral argiak, magistratu iaioak edo estatu-gizon ezagunak. Batzar honetatik irteten diren hitz guztiek ohoratu egingo lituzkete Europako eztabaida parlamentariorik handienak.

Nondik dator kontraste bitxi hau? Nazioko elitea, zergatik aurkitzen da areto honetan bestean baino gehiago? Zergatik biltzen da lehenengoan hainbeste elementu arrunt, bigarrenak talentu eta jakintzargien monopolioa duela dirudien bitartean? Edonola ere, herriagandik sortzen dira bata zein bestea, sufragio unibertsalaren emaitza dira biak, eta orain arte Amerikan inork ez du esan Senatua herri-interesen etsai denik. Nondik dator, beraz, horren alde handia? Nire ustez, egitate bakarra dago hori azaltzen duena: Ordezkarien Ganbara sortarazten duen hautapena zuzenekoa da; Senatua sortarazten duena, berriz, bi graduren menpe dago. Hiritar guztiek izendatzen dute estatu bakoitzeko legislatiboa, eta Konstituzio federalak, legislatibo horietako bakoitza gorputz hautesle bihurtzean, berorietatik ateratzen ditu Senatuko kideak. Beraz, senadoreek adierazten dute, zeharka bederen, boto unibertsalaren emaitza; zeren eta legislatiboa, senadoreak izendatzen dituena, ez baita gorputz aristokratiko edo pribilegiatu bat, hautesle-eskubidea bere baitatik ateratzen duena; legislatiboa hiritarren unibertsaltasunaren menpe dago funtsean; oro har, urtero hautatzen dute hauek, eta beti bidera ditzakete beren aukeraketak kide berriz osatuz. Baina nahikoa da herri-borondatea batzar aukeratu honetan zehar igarotzea, nolabait ere bertatik eraldatua eta forma bikain eta ederragoz gainjantzia irteteko. Honela aukeraturikoek, beraz, beti zehatz-mehatz ordezkatzen dute gobernari den nazio-gehiengoa; baina haiek honen baitan dabiltzan pentsamendu jasoak bakarrik ordezkatzen dituzte, eragiten dioten instintu eskuzabalak, eta ez sarri asaldatzen duten grina txikiak eta desohoratzen duten bizioak.

Erraza da aurrikustea etorkizunean momenturen batean errepublika amerikarrak beharturik aurkituko direla bi gradu horiek ugaltzera beren hauteskunde-sisteman, bestela zoritxarrez galbideratu egingo baitira demokraziaren oztopoen artean.

Ez dut eragozpenik aitortzeko: hauteskunde-gradu bikoitzean ikusten dut askatasun politikoaren erabilera herriko klase guztien irispidean jartzeko bide bakarra. Baliabide hau alderdi baten arma esklusibo bihurtu nahi dutenak, eta berorren beldur direnak, hutsegite berean jausten direla iruditzen zait.

Demokrazia amerikarrak hauteskunde-legeetan izan duen eragina

[aldatu]

Hauteskundeen urritasunak krisialdi handien menpe jartzen du Estatua.- Maiztasunak etengabeko asaldura sutsuan edukitzen du.- Gaitz hauetariko bigarrena aukeratu dute amerikarrek.- Legearen aldakortasuna.- Hamilton, Madison eta Jefferson-en iritziak gai honetaz.

Hauteskundeen artean tarte luzeak igarotzen direnean, hauteskunde bakoitzean astinaldi baten arriskua izaten du Estatuak.

Orduan, alderdiek ikaragarrizko ahaleginak egiten dituzte beren irispidean hain nekez pasatzen den aukeraz jabetzeko; eta porrot egiten duten hautagaientzat gaitza ia sendaezina denez, haiek etsipeneraino eramandako gutiziak edozer gauzaren beldur izatera garamatza. Aitzitik, borroka legala laster berriztatzekoa bada, menderatuek pazientziaz itxaroten dute.

Hauteskundeak sarri egiten badira, maiztasun horrek asaldura sutsuan mantentzen du gizartea, eta arazo publikoak aldakortasun-egoera iraunkorrean edukitzen ditu.

Honela, alde batetik, ondoezaren aukera dago Estatuarentzat; bestetik, iraultzarako aukera. Lehen sistemak gobernuaren ontasunari egiten dio kalte, bigarrenak berorren izatea mehatxatzen du.

Amerikarrek nahiago izan dute lehenengo gaitzaren arriskua bigarrenarena baino. Horretan senak gehiago gidatu ditu arrazoimenak baino; barietate-zaletasuna grina bihurtu du demokraziak. Hortik aldakortasun berezia sortzen da legerian.

Amerikar askorentzat bere legeen ezegonkortasuna efektu orokor onuragarriak dituen sistema baten beharrezko ondorioa da. Baina uste dut Estatu Batuetan ez dagoela inor ezegonkortasun horren izatea ukatzen duenik edo gaitz handitzat hartzen ez duenik.

Hamiltonek, lege txarren aldarrikapena eragotzi edo gutxienez atzera lezakeen botere baten onura frogatu ondoren, eransten du:  "Lege txarrak prebenitzeko botereak onak prebenitzekoa ere inplikatzen duela erantzungo zait agian. Objekzio honek ezin ditu konforme utzi legearen iraupengabetasun eta aldakortasunetik datozkigun gaitz guztiak aztertzera iritsi direnak. Legegintzako ezegonkortasuna gure erakundeetan aurki daitekeen mantxarik handiena da". Form the greatest blemish in the character and genius of our government (Federalist, 73. zk.).

"Legeak aldatzeko dagoen erraztasuna, dio Madisonek, eta botere legegileaz egin daitekeen gehiegikeria iruditzen zaizkit gure gobernuak izan ditzakeen gaitzik arriskutsuenak" (Federalist, 62. zk.).

Jeffersonek berak, demokrazia amerikarraren baitatik orain arte irten den demokratarik handienak, arrisku berberak seinalatu ditu.

"Gure legeen ezegonkortasuna oso eragozpen larria da benetan, dio berak. Uste dut hori konpondua izan beharko genukeela legearen aurkezpenaren eta behin-betiko botoaren artean beti urtebeteko tartea behar dela erabakiz. Ondoren eztabaidatu eta bozkatu egingo litzateke, ezingo litzaiokeelarik hitz bakar bat ere aldatu, eta zirkunstantziek konponbide arinagoa eskatuko balute, proposamena ezingo litzateke gehiengo soilez onartu, baizik eta bi hereneko gehiengoz ganbara batean nahiz bestean"167.

Funtzionari publikoak demokrazia amerikarraren agintepean

[aldatu]

Funtzionari amerikarren sinpletasuna.- Uniformerik eza.- Funtzionari guztiak, ordainduak.- Egitate honen ondorio politikoak.- Amerikan ez dago karrera publikorik.- Honen ondorioak.

Estatu Batuetan funtzionari publikoak nahasian daude hiritar guztien artean; ez dute jauregirik, ez goardiarik, ez uniforme arranditsurik. Gobernarien sinpletasun hau ez zaio izpiritu amerikarraren jite berezi bati bakarrik egotzi behar, gizartearen funtsezko printzipioei baizik.

Demokraziaren ikuspegitik, gobernua ez da gauza on bat, beharrezko gauza txar bat baizik. Nolabaiteko boterea eman beharra dago funtzionariei, zeren eta, botere hau gabe, zertarako balioko lukete? Baina boterearen kanpo-itxurak ez dira ezinbestekoak arazo publikoen bilakaerarako; alfer-alferrik mintzen dute publikoaren bista.

Funtzionariek berek ongi asko sumatzen dute, besteen gainetik jartzeko eskubidea lortu badute beren botereagatik, beren maneretan guztien mailara jaisteko baldintzarekin izan dela.

Ezin dut imajinatu bere jardueran bakunagorik, guztientzako eskurakoiagorik, eskaerekiko aditasun gehiagokorik eta bere erantzunetan gizalegezkoagorik Estatu Batuetako gizon publikoa baino.

Gogoko dut demokraziaren gobernuaren ibilera natural hori; funtzioari baino gehiago funtzionariari, boterearen kanpo-zeinuei baino gehiago gizakiari atxikitzen zaion barne-indar honetan, miresten dudan gizontasunezko zerbait hautematen dut.

Uniformeek zertu dezaketen eraginari buruz, uste dut asko exageratzen dela beroriek izan beharreko garrantzia gurea bezalako mende batean. Amerikan nik ez dut ikusi funtzionaria, bere botereaz baliatzean, begirune eta errespetu gutxiagoz hartzen dutenik bere meritura bakarrik mugatua egoteagatik.

Bestalde, zalantza handia dut jantzi berezi batek eramango dituenik pertsona publikoak beren burua errespetatzera, ez baldin badute horretarako berezko joerarik; ezin baitut sinetsi beren jantziari begirune gehiago izango diotenik beren buruari baino.

Gure arteko zenbait magistratu, auzitan dabiltzan alderdiak zakar tratatzen edo beroriei hitz politak zuzentzen, defentsaren argudioen aurrean bizkarra goratzen eta akusazioen zerrendaketan atseginez irribarre egiten ikusten ditudanean, toga kentzen saiatzea nahi nuke, ea hiritar arruntak bezala jantzirik egoteak giza espeziearen berezko duintasuna gogorarazten dien.

Estatu Batuetako funtzionari publikoetako inork ez du uniformerik, baina denek hartzen dute lansaria.

Aurrekoa baino ere naturaltasun handiagoz ondorioztatzen da hau printzipio demokratikoetatik. Demokrazia batek ponperia handiz ingura ditzake bere magistratuak, eta zetaz eta urrez estali, zuzenean eraso gabe bere izatearen printzipioari. Horrelako pribilegioak iragankorrak dira; postuari dagozkio, eta ez pertsonari. Baina doaneko funtzioak ezartzea, funtzionari aberats eta independenteen klase bat sortzea da, aristokrazia baten gunea eratzea da. Oraindik ere herriak gordetzen badu aukeratzeko eskubidea, eskubide honen erabilerak baditu beharrezko mugapenak.

Errepublika demokratiko batek funtzio ordainduak doan bihurtzen dituenean, uste dut esan daitekeela monarkiarantz doala. Eta monarkia bat doaneko funtzioak ordaintzen hasten denean, garbi dago estatu despotiko edo estatu errepublikarrerantz abiatu dela.

Doaneko funtzioen ordez ordaindutakoak ezartzea, hori berori bakarrik ere benetako iraultza dela iruditzen zait.

Amerikan demokraziak duen aginte absolutuaren seinalerik nabarienetakotzat jotzen dut doaneko funtziorik batere ez egotea. Publikoari ematen zaizkion zerbitzuak, nolanahikoak direla ere, ordaindu egiten dira. Horregatik, mundu guztiak du han, eskubidea ezezik, baita zerbitzu horiek emateko aukera ere.

Estatu demokratikoetan karguak hiritar guztiek lor baditzakete ere, guztiek ez dute horretan saiatzeko tentaziorik izaten. Ez kandidaturaren baldintzak, baizik eta hautagaien kopurua eta gaitasuna izaten dira sarri hautesleen aukera mugatzen dutenak.

Hautapen-printzipioa gauza guztietara hedatzen den herrietan ez dago, zehatz esanda, karrera publikorik. Nolabait ere, pertsonak kasualitatez iristen dira funtzioetara, eta ez dute horietan irauteko inolako ziurtasunik. Hau hauteskundeak urterokoak direnean izaten da, batez ere, egia. Ondorioz, barealdietan, funtzio publikoek erakarpen gutxi eskaintzen diote gutiziari. Estatu Batuetan, beren desiretan neurritsuak direnak murgiltzen dira politikaren kikimakoetan. Talentu handiak eta grina handiak orokorki aldendu egiten dira boteretik, aberastu ahal izateko; eta sarri gertatzen da beren arazo propioak zuzentzeko gai sentitzen ez direnean bakarrik arduratzen direla estatuaren aberastasuna gidatzeaz.

Kausa hauei egotzi behar zaie, demokraziaren aukeraketa txarrei adina, hainbeste pertsona arrunt egotea funtzio publikoak betetzen. Ez dakit Estatu Batuetan herriak aukeratuko lituzkeen ala ez pertsonarik bikainenak hauek botoa eskatuz gero, baina egia da hauek eskatu ere ez dietela egiten.

Magistratuen168 arbitrariotasuna demokrazia amerikarren agintepean

Magistratuen arbitrariotasuna zergatik den handiagoa monarkia absolutuen eta errepublika demokratikoen menpean monarkia moderatuetan baino.- Magistratuen arbitrariotasuna Ingalaterra Berrian.

Bi gobernu-motaren menpe arbitrariotasun asko nahasten da magistratuen jardueran: horrela gertatzen da pertsona bakar baten gobernu absolutuaren menpean eta demokraziaren gobernupean.

Efektu hau berau kausa ia analogoetatik dator.

Estatu despotikoetan ez dago ziurtatua inoren zoria, ez funtzionari publikoena, ezta partikular soilena ere. Subiranoak, berak enplegatzen dituen pertsonen bizia, ondasunak eta batzuetan ohorea beti bere esku dituenez, pentsatzen du ez duela zertan menpeko horien beldur izan, eta ekintza-askatasun handia uzten die, seguru sentitzen baita ez dutela inoiz askatasun horretaz abusatuko beraren aurka.

Estatu despotikoetan, subiranoak bere boterea hain maite duenez, bere arau propioen gogaikarritasunaren beldur izaten da; eta bere agenteak gutxi gora-behera ausaz ibil daitezela gustatzen zaio, ziur egoteko ez duela horiengan inoiz aurkituko bere nahien aurkako joerarik.

Demokrazietan ere, gehiengoak, urtero ken diezaiekeenez agintea aurrez eman dienei, ez du bere aurka abusatuko den beldurrik izaten. Une oroz bere nahiak gobernariei jakinarazteko ahalmena duenez, nahiago izaten du beren ahaleginak egin ditzaten uztea erregela aldaezin bati lotzea baino, honek, agintariei mugak jartzean, nolabait ere bera mugatuko bailuke.

Hurbiletik behatuz gero, demokraziaren agintepean magistratuaren arbitrariotasunak estatu despotikoetakoa baino ere handiagoa izan behar duela ikusten da.

Estatu despotikoetan, subiranoak une batean zigor ditzake ikusten dituen hutsegite guztiak; baina ezin da harrotu zigortu beharko lituzkeen hutsegite guztiak ikusteaz. Demokrazietan, aitzitik, subiranoa, ahalguztiduna den aldi berean, alde guztietan dago batera. Honela, ikusten da funtzionari amerikarrak askoz askeago direla legeak ezarri dien ekintza-esparruan Europako edozein funtzionari baino. Sarritan zein helmugatarantz jo behar duten erakustera mugatzen da, bitartekoak aukeratzeko askatasun osoa utziz.

Ingalaterra Berrian, adibidez, udalerri bakoitzeko selectmen-ei dagokie epaimahaietako zerrenda osatzeko ardura; ezartzen zaien erregela bakarra hau da: hauteskunde-eskubideak dituzten eta izen ona duten hiritarren artetik aukeratu behar dituzte epaimahaikoak169.

Frantzian, jendearen bizia eta askatasuna arriskuan daudela pentsatuko genuke, hain eskubide beldurgarriaren egikaritza funtzionari baten esku utziz gero, nornahi izanik berau.

Ingalaterra Berrian, magistratu horiek beroriek tabernetan jarraraz ditzakete jendaurrean mozkorren izenak eta isunaren mehatxupean ardorik ematea debekatu biztanleei170.

Horrelako zentsura-ahalmenak herria altxaraziko luke monarkiarik absolutuenean; han, ordea, eragozpenik gabe onartzen da.

Legeak inon ez dio aukera zabalagorik utzi arbitrariotasunari errepublika demokratikoetan baino, hauetan arbitrariotasunak ez baitu beldurgarria denik ematen. Are gehiago, esan daiteke magistratua askeago bilakatzen dela hauteskunde-eskubidea beherago iristen den eta magistraturaren denboraldia laburragoa den neurrian.

Hortik dator hain zaila izatea errepublika demokratiko bat monarki egoerara pasaraztea. Magistratuak, hautapenezkoa izateari uztean, normalean gorde egiten ditu eskubideak eta magistratu hautatuaren usadioak kontserbatzen. Despotismora iristen da orduan.

Monarkia moderatuetan bakarrik arduratzen da legea, funtzionari publikoen inguruan ekintza-esparrua mugatzeaz gain, hauek urrats bakoitzean gidatzeaz ere. Honen zergatia erraza da adierazten.

Monarkia moderatuetan, herriaren eta printzearen artean zatiturik aurkitzen da boterea. Batari nahiz besteari interesatzen zaio magistratuaren egoera egonkorra izatea.

Printzeak ez du funtzionarien zoria herriaren eskuetan utzi nahi, hauek beraren autoritatea traizionatuko ez ote duten beldur; herria, bere aldetik, beldur da magistratuek, erabat printzearen menpe jarrita, ez ote duten askatasuna zapaltzeko balio izango; beraz, ez zaie nolabait ere inoren menpe egonarazten.

Printzea eta herria funtzionaria independente bihurtzera eramaten dituen kausa berak eramaten ditu honen independentziaren abusuen aurkako garantiak bilatzera, bataren autoritatearen edo bestearen askatasunaren kontra erabil ez dezan. Beraz, biak datoz bat funtzionari publikoari aurrez jokabide bat ezarri beharraz, eta beren intereseko iruditzen zaie funtzionariari baztertu ezingo dituen arauak ezartzea.

Ezegonkortasun administratiboa Estatu Batuetan

[aldatu]

Amerikan gizartearen egintzek arrasto gutxiago uzten dute sarri familia baten ekintzek baino.- Egunkariak, oroigarri historiko bakarrak.- Gehiegizko ezegonkortasun administratiboak nola kalte egiten dion gobernatzeko arteari.

Pertsonek boterean lipar bat bakarrik irauten dutenez, gero egunero aurpegiz aldatzen den jendetzaren baitan galtzen direlarik berehala, gizartearen egintzek Amerikan sarri arrasto gutxiago uzten dute, familia soil baten ekintzek baino. Administrazio publikoa, nolabait ere, ahozkoa eta tradizionala da han. Ez da ezer idazten, edota idatzita dagoena haizerik txikienak eramaten du, Sibilaren orriak bezala, eta itzultzerik gabe desagertzen da.

Estatu Batuetako oroigarri historiko bakarrak egunkariak dira. Zenbakiren bat falta izaten bada, denboraren katea apurtu bezala egiten da. Oraina eta iragana ez dira elkartzen. Ez dut zalantzarik berrogeita hamar urte barru zailagoa izango dela egungo amerikarren gizarte-bizitzako xehetasunei buruzko benetako dokumentuak biltzea, Erdi Aroko frantsesen administrazioari buruzkoak baino; eta barbaroen inbasio batek harrapatuko balitu Estatu Batuak, berauetan bizi den herriari buruzko zerbait jakiteko, beste nazio batzuen historiara jo beharko litzateke.

Ezegonkortasun administratiboa azturetan sartzen hasi zen; ia esan nezake gaur egun mundu guztiak gustu hartu diola azkenerako. Inor ez da kezkatzen bere aurretik egindakoaz. Ez da metodoz batere jokatzen, ez da bildumarik egiten, ez da dokumenturik biltzen, nahiz eta erraza izango litzatekeen egitea. Kasualitatez badaudenean, ia ez dira preziatzen. Baditut neure paperen artean jatorrizko agiri batzuk, nire galderetako batzuei erantzuteko administrazio publikoetan eman zitzaizkidanak. Amerikan gizarteak egunean egunekoa bizi duela ematen du, gerran ari den armadak bezala. Hala ere, administratzeko artea zientzia bat da, dudarik gabe; eta zientzia guztiek, aurrera egiteko, belaunaldi ezberdinen aurkikuntzak elkarlotu egin behar izaten dituzte, gertatu ahala. Pertsona bat, bere bizialdi laburrean, egitate batez ohartzen da, beste bati ideia bat bururatzen zaio, honako honek bitarteko bat asmatzen du, eta beste hark formula bat aurkitzen; gizadiak, pasatzean, esperientzia indibidualaren fruitu ezberdin horiek biltzen ditu, eta zientziak eratzen. Oso zaila da administratzaile amerikarrek ezer ikastea elkarrengandik. Honela, beren baitan barreiaturik aurkitzen dituzten jakintzargiak ematen dizkiote gizartearen jokabideari, baina ez bere-bereak dituzten ezagupenak. Bere azken mugetaraino eramanez gero, demokraziak kalte egiten dio gobernatzeko artearen aurrerapenari. Alde honetatik, hobeto dagokio bere heziketa administratiboa burutua duen herri bati, arazo publikoekiko eskarmentu gutxi duen herri bati baino.

Hau, gainera, ez dagokio bakarrik administrazio-zientziari. Gobernu demokratikoak, hain ideia sinple eta naturalean oinarritzen dena, beti eskatzen du oso gizarte zibilizatu eta jakintsu bat izatea171. Lehenik, munduko lehen aroen garaikide dela usteko litzateke; hurbiletik begiratuz gero, erraz ikusten da azkena etorria behar duela izan.

Karga publikoak demokrazia amerikarraren agintepean

[aldatu]

Gizarte guztietan, hiritarrak hainbat klasetan banatzen dira.- Klase hauetako bakoitzak estatuko finantzen zuzendaritzara ekartzen duen joera.- Gastu publikoek zergatik izan behar duten hazteko joera herriak gobernatzen duenean.- Zerk eragiten duen demokraziaren gehiegikeriak hain beldurgarriak ez izatea Amerikan.- Diru publikoen erabilera demokraziaren menpean.

Ekonomikoa ote da demokraziaren gobernua? Zerekin alderatu nahi dugun jakin behar da lehenik.

Galderari erantzutea erraza izango litzateke errepublika demokratikoaren eta monarkia absolutuaren artean paralelotasuna ezarri nahi balitz. Gastu publikoak lehenengoan bigarrenean baino dezente handiagoak direla ikusiko litzateke. Baina gauza bera gertatzen da estatu aske guztietan, ez direnekin alderatuz gero. Egia da despotismoak ekoizpena eragotziz eragiten diola porrot jendeari, ekoizpenaren fruituak kenduz baino gehiago; aberastasunen iturria agortzen du, eta lorturiko aberastasuna errespetatu egiten sarri. Askatasunak, aitzitik, suntsitzen dituen ondasunak baino mila aldiz gehiago sortarazten du, eta, ezagutzen duten nazioetan, herriaren baliabideak zergak baino askoz arinago hazten dira.

Une honetan axola zaidana herri askeak beren artean konparatzea da, eta azken hauen artean demokraziak estatuaren finantzetan zer eragin duen aztertzea.

Gizarteek, gorputz antolatuek bezalaxe, halako arau finko batzuk jarraitzen dituzte beren eraketan, saihestezinak beraientzat. Alde guztietan eta garai guztietan aurkitzen diren zenbait elementuz osaturik daude.

Betiere erraza izango da herri bakoitza ideialki hiru klasetan banatzea.

Lehen klasea aberatsek osatuko dute. Bigarrenean, aberatsak izan gabe, bizimodu erosoa dutenak sartuko dira. Hirugarrenean ezeren edo gauza gutxiren jabe direnak sartuko dira, eta bizi, batez ere, beste biek ematen dieten lanetik bizi direnak.

Kategoria ezberdin horietan sarturikoak gehiago edo gutxiago izan litezke gizarte-egoeraren arabera; baina ezinezkoa da horrelako kategoriarik ez egotea.

Garbi dago klase horietako bakoitzak bere-bereak dituen zenbait joera ezarriko dituela estatuko finantzen mantenuan.

Demagun lehenak bakarrik egiten dituela legeak. Ziur aski gutxi arduratuko da diru publikoak aurrezteaz, zeren eta aberastasun handi samar bat kargatzen duen zergak gainezkoa bakarrik kentzen baitu eta ez du efektu handiegirik eragiten.

Aitzitik, onar dezagun klase ertainak bakarrik izatea legea egingo dutenak. Pentsa daiteke ez dituztela zergak ugalduko, ez baitago ezer kaltegarriagorik aberastasun txiki baten gainera tasa handia botatzea baino.

Gobernu askeen artean, klase ertainen gobernua iruditzen zait izango dela, ez dut esango ilustratuena, ezta batez ere eskuzabalena, baina bai ekonomikoena.

Demagun orain azken klasea, bera bakarrik, arduratzen dela legea egiteaz; karga publikoak gutxitu ordez gehitzeko aukera dagoela iruditzen zait, eta hau bi arrazoirengatik:

Orduan legea bozkatzen duten gehienei, jabetza zergagarririk batere ez dutenez, gizartearen intereserako gastatzen den diru guztia onuragarri gertatuko zaiela ematen du, sekula kaltegarri izan gabe; eta jabetza txikiren bat dutenek erraz aurkitzen dute zerga ezartzeko bidea, aberatsei bakarrik ordainarazi eta behartsuak bakarrik probetxatzeko moduan, aberatsek beren aldetik egin ezin duten gauza gobernuaren jabe direnean.

Legea egiteaz behartsuak172 bakarrik arduratzen diren herrialdeetan ezin da espero, beraz, gastu publikoetan asko aurrezterik. Gastu hauek aski handiak izango dira beti, bai zergak ezin direlako iritsi bozkatzen dituztenengana, bai ez iristeko moduan ezarrita daudelako. Beste era batera esanda, demokraziaren gobernua da bakarra, non zerga bozkatzen duenak ihes egin diezaiokeen ordaindu beharrari.

Alferrik esango da herriaren interesa, ongi ulertua, aberatsen ondasunak zaintzean datzala, bestela hark ere laster nozitu beharko bailuke berak sortarazitako gabezia. Baina erregeen interesa ere ez al datza beren menpekoak zoriontsu bihurtzean? Eta nobleena, beren lerroak egoki zabaltzen jakitean? Geroko interesa momentuko grina eta beharren gainetik nagusitu ahal balitz, sekula ez zatekeen subirano tiranikorik izango, ezta aristokrazia esklusiborik ere.

Hala ere, geldituko naute esanez: Nori bururatu zaio inoiz legea egiteko ardura behartsuei bakarrik ematea? Nori? Boto unibertsala ezarri dutenei. Gehiengoa ala gutxiengoa da legea egiten duena? Gehiengoa, dudarik gabe; eta gehiengoa beti behartsuek osatzen dutela frogatzen badut, ez al dut arrazoi izango, bozkatzera deitzen dituzten herrialdeetan, legeak behartsuek bakarrik egiten dituztela gaineratzean?

Nolanahi ere, egia da gaur arte munduko nazio guztietan kopururik handiena jabetzarik gabekoek osatu izan dutela, edota lanik egin gabe eroso bizi ahal izateko adina jabetza ez zutenek. Boto unibertsalak, beraz, benetan behartsuei ematen die gizartearen gobernua.

Batzuetan herri-aginteak estatuko finantzetan izan lezakeen eragin tamalgarria antzinako zenbait errepublika demokratikotan ikusi ahal izan zen garbi, non altxor publikoa hiritar behartsuei laguntzen edota herriari joko eta ikuskizunak ematen xahutzen baitzen.

Egia da ordezkapen-sistema ia ez zela ezagutzen antzinatean. Gaur egun, herri-grinak nekezago sortzen dira arazo publikoetan; pentsa daiteke, hala ere, luzarora agintaria bere komitenteen izpiritura moldatuko dela beti eta hauen joerak nahiz interesak nagusiaraziko dituela azkenerako.

Gainerantzean, herria ondasunen jabe bihurtzen den neurrian, demokraziaren gehiegikerien beldur gutxiago izan behar da, zeren eta orduan, batetik, aberatsen diruaren behar gutxiago baitu herriak, eta, bestetik, zerga ezartzean zailagoa gertatzen baitzaio bere buruari kalterik ez egitea. Ikuspegi honetatik, boto unibertsala arrisku txikiagokoa litzateke Frantzian Ingalaterran baino, azken honetan jabetza zergagarri guztia esku gutxi batzuetan baitago. Amerika, non hiritar gehienak baitira ondasunen jabe, egoera hobean dago Frantzia baino.

Badira oraindik beste kausa batzuk gastu publikoen kopurua igoaraz dezaketenak demokrazietan.

Aristokraziak gobernatzen duenean, estatuko arazoak gidatzen dituztenek premia guztietatik ihes egiten dute beren egoeragatik beragatik; beren zoriaz pozik, batez ere boterea eta aintza eskatzen dizkiote gizarteari; eta, hiritarren multzo ilunaren gain kokatuta, beti ez dute garbi ikusten ongizate orokorrak nola eragingo duen beraien handitasunean ere. Kontua ez da errukirik gabe ikusten dituztela behartsuaren atsekabeak; baina ezin dituzte ezbehar horiek berek konpartituko balituzte bezala sentitu; herria bere zoriaz konformatzen dela ematen duen neurrian, pozik gelditzen dira eta ez dute gobernuagandik ezer gehiago espero. Aristokraziak gehiago pentsatzen du dagoenari eustea hobetzea baino.

Aitzitik, botere publikoa herriaren esku dagoenean, subiranoak onena bilatzen du alde guztietan, gaizki sentitzen baita bera.

Hobekuntza-izpiritua mila gauzatara hedatzen da orduan; xehetasun mugagabeetara iristen da eta, batez ere, ordainduz bakarrik lor litezkeen hobekuntza horietara aplikatzen da; zeren eta kontua bere buruari lagundu ezin dion behartsuaren egoera hobetzea baita.

Gizarte demokratikoetan bada gainera helburu zehatzik gabeko asaldura bat; halako sukar-mota iraunkor bat izaten da nagusi, edozelako berrikuntzen nahia sortzen duena, eta berrikuntzak kostu handikoak izaten dira ia beti.

Monarkia eta aristokrazietan, subiranoa ospe eta botererantz eramaten duen zaletasun naturala lausengatzen dute gutiziatsuek, eta honela gastu handietara bultzatzen dute sarri.

Demokrazietan, non subiranoa behartsu baita, nekez lor daiteke haren onginahia beraren ongizatea areagotuz baizik; eta hau diruaz bakarrik egin daiteke ia beti.

Are gehiago, herria bere egoera hausnartzen hasten denean, hasieran sumatu gabeko premia-multzo handia sortzen zaio, estatuaren baliabideetara jo gabe asebete ezin dena. Horregatik ematen du karga publikoak orokorki zibilizazioarekin gehitu egiten direla, eta jakintzargiak zabaltzen diren neurrian zergak igo.

Bada azken kausa bat gobernu demokratikoa bestelakoak baino garestiago bihurtzen duena sarri. Batzuetan demokraziak ekonomizatu egin nahi izaten du bere gastuetan, baina ezin izaten du lortu, ez daukalako ekonomikoa izateko arterik.

Sarri aldatzen duenez iritziz eta are sarriagotan agentez, bere egitekoak gaizki zuzenduta egoten dira, edo burutu gabe gelditzen. Lehen kasuan, Estatuak, lortu nahi duen helburuaren handitasunarekiko proportziorik gabeko gastuak egiten ditu; bigarrenean, emankorrak ez diren gastuak.

Demokrazia amerikarraren joerak funtzionarien soldata finkatzerakoan

[aldatu]

Demokrazietan, soldata handiak ezartzen dituztenek ez dute berorietaz aprobetxatzeko aukerarik izaten.- Demokrazia amerikarraren joera bigarren mailako funtzionarien soldata igotzeko eta lehen mailakoena murrizteko.- Zergatik den hori horrela.- Estatu Batuetako eta Frantziako funtzionari publikoen soldaten konparazio-taula.

Bada arrazoi handi bat normalean demokraziak funtzionari publikoen soldatetan ekonomizatzera eramaten dituena.

Demokrazietan, soldatak ezartzen dituztenak asko izaten direnez, aukera gutxi dute inoiz horiek ukitzera iristeko.

Aristokrazietan, aitzitik, soldata handiak ezartzen dituztenek izaten dute nolabaiteko itxaropenik horietaz aprobetxatzeko. Beren buruarentzat sortzen dituzten kapitalak dira, edota gutxienez beren seme-alabentzat prestaturiko baliabideak.

Aitortu beharra dago, hala ere, demokraziak bere agente nagusienekiko bakarrik jokatzen duela zuhurtasunez.

Amerikan, bigarren mailako funtzionariei beste alde batzuetan baino gehiago ordaintzen zaie, baina goi-mailako funtzionariei askoz gutxiago.

Kausa berberak eragiten ditu kontrako efektu horiek; bi kasuetan herriak finkatzen du funtzionari publikoen soldata; bere beharretan pentsatzen du, eta konparazio honek argi egiten dio. Bera oso eroso bizi denez, naturala iruditzen zaio beraren zerbitzura daudenek ere horretan parte izatea173. Baina estatuko ofizial handien zoria erabaki behar duenean, arau horrek huts egiten dio eta ausaz jokatzen du orduan.

Pobreak ez du gizarteko goi-klaseek izan ditzaketen beharren ideia garbirik zertzen. Aberatsari neurrizko kopurua iruditzen zaiona, besteari ikaragarrizkoa iruditzen zaio, behar-beharrezkoaz konformatzen baita; eta estatuko gobernaria, bi mila ezkutuz hornitua, zoriontsu eta inbidia sortarazteko moduan dagoela pentsatzen du174.

Nazio handi baten ordezkariak atzerritarren aurrean halako distira batez azaldu behar duela ulertarazten saiatzen bazarete, berehala ulertuko dizue; baina bere egoitza xumeaz eta bere lan neketsuaren emaitza apalez oroitzen denean, zuei gutxiegi iruditutako alokairu horrekin berak egin ahal izango lukeen guztian pentsatuko du, eta harriturik eta izuturik bezala geldituko da hainbeste aberastasunen aurrean.

Erantsi horri bigarren mailako funtzionaria herriaren mailan dagoela ia, besteak menpean daukan bitartean. Lehenak, beraz, oraindik ere interesa susper diezaioke, baina bestea inbidia sortarazten hasten da.

Hau oso garbi ikusten da Estatu Batuetan, non badirudien alokairuak neurri batean gutxitu egiten direla funtzionarien boterea handiagoa den neurrian175.

Aristokraziaren agintepean kontrakoa gertatzen da. Goi-funtzionariek lansari handiak hartzen dituzte, txikiek sarri zerez bizi ez daukaten bitartean. Honen zergatia erraz aurkitzen da gorago aipatu ditudan kausen antzekoetan.

Demokraziak ezin baditu ulertu aberatsaren plazerrak edota inbidia sortzen badiote, aristokraziak bere aldetik ez ditu behartsuaren zorigaitzak ulertzen edota ez die jaramonik egiten. Behartsua ez da, zehatz esanda, aberatsaren antzekoa; beste mota batekoa da. Aristokrazia, beraz, oso gutxi arduratzen da bere menpeko agenteen zoriaz. Prezio urriegian zerbitzatzeari uko egitean bakarrik igotzen dizkie alokairuak.

Demokraziak funtzionari nagusienekiko duen zuhurtasunak egotzarazi dizkio berari berak ez dauzkan joera ekonomiko handiak.

Egia da demokraziak ozta-ozta ematen dizkiela bere gobernariei itxuraz bizitzeko baliabideak, baina egundoko dirutzak gastatzen ditu herriaren beharrak betetzen edo atseginbideak errazten176. Horra hor zergaren emaitzaren erabilera hobea, baina ez ekonomikoa den zerbait.

Oro har, demokraziak gutxi ematen die gobernariei eta asko gobernatuei. Kontrakoa aristokrazietan ikusten da, haietan estatuaren dirua batez ere arazo publikoak zuzentzen dituen klasearentzat izaten baita onuragarri.

Gobernu amerikarra ekonomizatzera bultzatzen duten kausak bereizteko zailtasuna

[aldatu]

Gizadiaren zorian legeek zertzen duten benetako eragina egitateetan ikertzen duena hutsegite handien arriskupean dago, ez baitago ezer baloragaitzagorik egitate bat baino.

Herri bat, berez, kaskarin eta buruberoa da; beste bat hausnartzaile eta kalkulatzailea. Hau bakoitzaren eraketa fisikoaren edota nik ez dakizkidan urrutiko kausen ondorio da.

Herri batzuek nabarmentzea, zarata eta alaitasuna izaten dituzte gogoko, eta ez dira damutzen ketan milioi bat gastatzeaz. Beste batzuek bakarkako plazerrak bakarrik baloratzen dituzte eta pozik agertzeaz lotsatu egiten direla ematen du.

Zenbait herrialdetan balio handia ematen zaio eraikinen edertasunari. Beste batzuetan ez zaie inolako baliorik ematen arte-objektuei, eta gutxietsi egiten da emankor ez dena. Azkenik, batzuetan ospea izaten dute gogoko, eta beste batzuetan dirua gauza guztien aurretik.

Legeez aparte, kausa hauek guztiek eragin handia izaten dute estatuko finantzen portaeran.

Amerikarrei sekula ez bazaie bururatzen herriaren dirua festa publikoetan gastatzea, ez da bakarrik haien artean herriak bozkatzen duelako zerga, baita herriak ez duelako dibertitzea atsegin ere.

Beren arkitekturan apaingarriak errefusatu eta abantaila material eta positiboak bakarrik baloratzen badituzte, ez da bakarrik nazio demokratiko bat direlako, baita merkatal herri direlako ere.

Bizitza pribatuko azturek bizitza publikoan izan dute jarraipena; eta haien artean ongi bereizi beharra dago erakundeen menpeko ekonomiak, eta aztura eta ohituren ondoriozko direnak.

Konpara al daitezke Estatu Batuetako gastu publikoak Frantziakoekin?

Karga publikoen hedadura baloratzeko ezarri beharreko bi puntu: aberastasun nazionala eta zerga.- Ez dira zehatz-mehatz ezagutzen Frantziako aberastasuna eta kargak.- Zergatik ezin daitekeen espero Batasuneko aberastasuna eta kargak ezagutzea.- Autorearen ikerketak Pennsylvaniako zergen zenbatekoa jakiteko.- Herri bateko kargen hedadura ezagutzeko bidea ematen duten zeinu orokorrak.- Azterketa honen emaitza Batasunari dagokionez.

Azken aldi hauetan ahalegin handia egin da Estatu Batuetako gastu publikoak gureekin alderatzeko. Lan hauek guztiek ez dute emaitzarik izan, eta, nire ustez, hitz gutxi batzuk aski izango dira hori normala dela frogatzeko.

Karga publikoek herri batean duten hedadura baloratu ahal izateko, bi eragiketa egin behar dira: herri horren aberastasuna zein den jakin behar da lehenik, eta ondoren aberastasun horretatik zenbat bideratzen duen estatuko gastuetara. Norbaitek zergen zenbatekoa ikertzeari ekingo balio, zerga horiek hornitu behar dituzten baliabideen hedadura ezagutu gabe, alferrikako lana egingo luke, ez baita gastua, baizik eta gastuak errentarekin duen erlazioa, jakingarri dena.

Zergadun aberatsak erraz jasaten duen zerga berak miseria gorrian utz dezake behartsua.

Herrien aberastasunak hainbat osagai ditu: fondo higiezinek osatzen dute lehena, ondasun higigarriek bigarrena.

Ez da erraza jakitea nazio batek dauzkan lur kultibagarrien hedadura, eta berauen balio berezko edo erantsia. Are zailagoa da herri batek dauzkan ondasun higigarri guztiak baloratzea. Hauek, beren aniztasun eta kopuruagatik, ia azterketa-ahalegin guztiei ihes egiten diete.

Halaber, ikusten dugu Europan lehenengo zibilizatu ziren nazioek, administrazioa zentralizaturik duten horiek beroriek, ez dutela orain arte zehatz-mehatz neurtu bere aberastasunaren egoera.

Amerikan bururatu ere ez zaie egin horretan saiatzerik. Eta nola harropuztu hori lortzeaz herrialde berri batean, bertan gizartea ez bada oraindik lasai eta behin-betiko finkatu; edo gobernu nazionalak ez badu, gureak bezala, agente-pilo bat bere esku, hauen ahaleginak aldi berean kontrolatu eta gidatzeko moduan; edo estatistikarik ere ez bada lantzen, ez dagoelako inor dokumentuak biltzeko ahalmena edota aztertzeko astia duenik?

Honela, bada, ezin lortu gure kalkulua osatuko luketen elementuak. Ez dakigu zein den Frantzia eta Batasuneko aberastasun erlatiboa. Bataren aberastasuna oraindik ez da ezagutzen, eta bestearena kalkulatzeko biderik ez dago.

Baina une batez onartu egingo dut konparaketarako beharrezko den termino hori alde batera uztea; uko egingo diot zergaren eta errentaren arteko erlazioa zein den jakiteari, eta zergaren zenbatekoa ezartzen saiatzera mugatuko naiz.

Irakurlea ohartuko da ikerketen esparrua murriztuz ere ez dudala neure eginkizuna erraztu.

Ez dut zalantzarik Frantziako administrazio zentrala, bere esku dituen funtzionari guztien laguntzaz, irits daitekeela hiritarrek zuzenean edo zeharka ordaindu beharreko zergen zenbatekoa zehazki jakitera. Baina lan hauek, partikular batek egin ezinezkoak, gobernu frantsesak berak ere ez ditu oraindik burutu, edo behintzat ez ditu emaitzak jakinarazi. Badakigu zeintzuk diren estatuaren kargak; departamentu-gastuen guztizkoa ere ezagutzen dugu; ez dakigu udalerrietan zer gertatzen den. Inork ezin esan, beraz, une honetan zenbatekoak diren Frantziako gastu publikoak.

Orain Amerikara itzultzen banaiz, zailtasunak ugariagoak eta gaindigaitzagoak direla ohartzen naiz. Batasunak zehatz-mehatz jakinarazten dit bere kargen zenbatekoa; berori osatzen duten hogeita lau estatuetako aurrekontu partikularrak eskura ditzaket; baina nork esango dit hiritarrek zer gastatzen duten konderri eta udalerrien administrazioan177?

Agintaritza federalak ezin ditu gobernu probintzialak behartu puntu honetan argitasunak ematera; eta gobernu hauek beren laguntza batera emateko prest baleude ere, zalantza dut hori egiteko egoeran egongo ote liratekeen. Egiteko honen berezko zailtasunaz gain, herrialdearen antolamendu politikoa ere ahalegin horien arrakastaren kontra legoke. Udalerriko eta konderriko magistratuak ez dituzte estatuko administratzaileek izendatzen, eta ez daude hauen menpe. Pentsa daiteke, beraz, beharrezkoa zaigun informazioa lortu nahi izanez gero estatuak, oztopo handiak aurkituko lituzkeela derrigorrez erabili beharreko behe-funtzionarien axolagabezian178.

Bestalde, alferrikakoa da amerikarrek gai honetan egin ahal izango luketena ikertzea, garbi baitago orain arte ez dutela ezer egin.

Beraz, gaur ez dago Amerikan edo Europan pertsona bakar bat ere esan diezagukeena Batasuneko hiritar bakoitzak urtean zer ordaintzen duen gizarteko kargei eusteko179.

Ondoriozta dezagun amerikarren gizarte-gastuak gureekin arrakastaz alderatzea bezain zaila dela Batasuneko aberastasuna Frantziakoarekin konparatzea. Horretan saiatzea ere arriskutsua litzatekeela gehituko dut. Estatistikak, egia-egiazko kalkuluetan oinarritzen ez denean, okerbideratu egiten du zuzendu ordez. Estatistikak bere desbiderapenetan ere gordetzen duen zehaztasun-itxura faltsuak erraz liluratzen du izpiritua, eta hau kezkarik gabe oinarritzen da erroreetan ere, egiaren forma matematikoak baitituzte haren ikuspegitik.

Utz ditzagun zifrak, eta saia gaitezen gure frogak beste nonbait aurkitzen.

Demagun herrialde batek oparotasun materialaren itxura duela; Estatuari ordaindu ondoren, behartsuak oraindik baliabideak dauzka han, eta aberatsak gainezkoa; batak eta besteak pozik dirudite beren zoriaz, eta oraindik ere hobetzen saiatzen dira egunero, horrela industriari sekula ez zaiolarik kapitalik falta, eta bere aldetik industriak ere ez die kapitalei huts egiten: hauek dira, dokumentu positiborik ezean, bila daitezkeen zeinuak herriaren gain dauden karga publikoak bere aberastasunarekiko proportziozkoak diren ala ez jakiteko.

Behatzaileak, lekukotasun hauetan oinarrituko balitz, zalantzarik gabe pentsatuko luke Estatu Batuetako amerikarrak bere errentaren zati aski txikiagoa ematen diola Estatuari frantsesak baino.

Baina, nola pentsa bestela izan daitekeenik?

Frantziako zorraren zati bat bi inbasioren ondorio da. Batasuna ez da horrelakoen beldur. Gure kokalekuak armada ugari bat beti prest izatera behartzen gaitu; Batasunaren isolamenduak 6.000 soldadu bakarrik izateko aukera ematen dio. Guk ia 300 itsasuntzi mantendu behar ditugu; amerikarrek 52 bakarrik178. Batasuneko biztanleak nola ordaindu beharko dio, bada, Estatuari, Frantziakoak beste?

Hortaz, ez dago paralelotasunik ezartzerik hain kokaleku ezberdina duten herrialdeetako finantzen artean.

Batasunean gertatzen dena aztertuz, eta ez Batasuna Frantziarekin alderatuz, erabaki ahal izango dugu demokrazia amerikarra benetan ekonomikoa den ala ez.

Konfederazioa osatzen duten errepubliketako bakoitzari begiratzen badiot, ikusten dut bertako gobernuak sarri ez duela bere egitasmoetan iraunkortasunik, eta ez dituela etengabe zaintzen bere enplegatuak. Berehala ondorioztatzen dut hortik sarri askotan alfer-alferrik gastatu behar duela zergadunen dirua, edota behar baino gehiago dedikatu bere egitekoetara.

Bere herri-jatorriarekiko zintzotasunez, gizarteko behe-klaseen beharrak betetzen ahalegin handiak egiten dituela ikusten dut, baita aginterako bideak irekitzen eta beraren baitan ongizatea eta jakintzargiak zabaltzen ere. Behartsuak mantentzen ditu, urtero milioiak banatzen ditu eskoletan, zerbitzu guztiak pagatu eta eskuzabaltasunez ordaintzen die bere agenterik txikienei. Gobernatzeko era hau onuragarri eta zentzuzkoa dela iruditzen bazait ere, aitortu beharrean nago garestia dela.

Behartsua arazo publikoak zuzentzen eta baliabide nazionalak erabiltzen ikusten dut; eta derrigorrez pentsatu behar, estatuko gastuez aprobetxatzean, sarri askotan Estatua gastu berrietara herrestatzen duela.

Konklusio gisa, beraz, zifra osagabeetara jo gabe eta ausazko konparazioak egin nahi gabe, esan dezaket amerikarren gobernu demokratikoa ez dela, batzuetan uste izaten den bezala, merkea; eta beldurrik gabe iragartzen dut, egunen batean Estatu Batuetako herrietara urrialdi handia iritsiz gero, Europako aristokrazia edo monarkia gehienetan beste igoko liratekeela zergak haien artean ere.

Gobernarien ustelkeria eta demokrazian; honen ondorioak moraltasun publikoan

Aristokrazietan, batzuetan besteak usteltzen saiatzen dira gobernariak.- Demokrazietan, sarri beraiek agertzen dira ustelduta.- Lehenengoetan, bizioek zuzenean erasotzen diote herriaren moraltasunari.- Bigarrenetan, zeharkako eragina dute herriarengan, are beldurgarriagoa dena.

Aristokraziak eta demokraziak elkarri aurpegiratzen diote ustelkeria erraztearen errua. Bereizi beharra dago:

Gobernu aristokratikoetan, arazo publikoetara iristen direnak aberatsak izaten dira, boterea baino ez dutenak nahi. Demokrazietan, estatu-pertsonak behartsuak izaten dira eta oraindik ez dute aberastasunik.

Horrela, bada, estatu aristokratikoetan gobernariek ez dute ustelkeriarako joerarik eta diru-zaletasun oso urria izaten dute, kontrakoa gertatzen delarik herri demokratikoetan.

Baina aristokrazietan, arazo publikoen buruzagitzara iritsi nahi dutenek aberastasun handiak izaten dituztenez, eta bertara iristaraz ditzaketenen kopurua sarri mugatua denez, gobernua, nolabait ere, enkantean aurkitzen da. Demokrazietan, aitzitik, agintea lortu nahi dutenak ia sekula ez dira aberatsak, eta agintea lortzen laguntzen dietenen kopurua oso handia izaten da. Beharbada demokrazietan ez da pertsona gutxiago salgai egoten, baina ia eroslerik ere ez; eta, bestalde, aldi berean jende gehiegi erosi beharko litzateke helburua lortu ahal izateko.

Azken berrogei urteotan Frantzian agintea izan dutenen artean, hainbat akusatu dituzte estatuaren eta aliatuen gastuen kontura aberastu izanaz, oso gutxitan aurpegiratu zitzaien gauza antzinako monarkiako pertsona publikoei. Baina Frantzian ia inoiz ez da gertatzen hautesle baten botoa diruz erostea, Ingalaterran agerian eta jendaurrean egiten den gauza.

Sekula ez dut entzun Estatu Batuetan aberastasunak erabili direnik gobernatuak erosteko; baina sarritan ikusi dut funtzionari publikoen jatortasuna zalantzan jarria. Are gehiagotan entzun dut beraien arrakasta satorlan txatxu edota azpikeria hobendunei egozten dietela.

Aristokraziak gidatzen dituztenak besteak usteltzen saiatzen badira batzuetan, demokrazien buruak berak agertu ohi dira ustelduta. Batzuen kasuan zuzenean erasotzen zaio herriaren moraltasunari; besteen kasuan, zeharkako eragina zertzen da kontzientzia publikoan, are beldur handiagoa izan behar zaion zerbait.

Herri demokratikoetan, estatuaren buruek, ia beti direnez susmo txarren helburu, nolabait ere gobernuaren babesa ematen diete beraiei aurpegiratzen zaizkien krimenei. Honela, jarraibide arriskutsuak eskaintzen dizkiote oraindik borrokatzen den bertuteari; eta konparazio aintzatsuak, ezkutatzen den bizioari.

Alferrik esango da grina desonestuak maila guztietan daudela, sarritan jaiotza-eskubidez iristen direla tronura eta pertsona oso mesprezagarriak nazio aristokratikoen buruzagitzan nahiz demokrazien baitan aurki daitezkeela.

Erantzun honek ez nau betetzen. Agintera ustegabean iristen direnen ustelkerian, jendetzarentzat kutsakor bihurtzen duen gordinkeria eta arrunkeriazko zerbait aurkitzen da; jaun handien galdukerian, berriz, halako sofistikazio aristokratiko bat izaten da nagusi, handitasun-kutsu bat, askotan besterengana komunikatzea ere eragozten duena.

Herria ez da inoiz gorte-izpirituaren labirinto ilunean sartuko; nekez aurkituko du inoiz maneren dotoreziaren, gustu-bilaketaren eta hizkuntz pollikerien azpian ezkutatzen den apalkeria. Baina altxor publikoa lapurtzea edo estatuaren mesedeak diruaren truke saltzea, edozein dohakabek ere ulertzen du hori eta bere aldetik beste horrenbeste egiteaz harro daiteke.

Bestalde, handien inmoraltasunaren ikuspena baino beldurgarriagoa handitasunera daraman inmoraltasuna da. Demokrazian, hiritar xeheek pertsona bat beren artetik irten eta urte gutxiren buruan aberastasuna eta boterea eskuratzera iristen dela ikusten dute; ikuskizun honek harridura eta bekaizkeria sortzen dizkie; eta ikertu egiten dute atzo mailakide zutenak nola ote duen gaur beraiek zuzentzeko eskubidea. Igoera hori beraren talentu edo bertuteei egoztea ez da erosoa, zeren eta beraiek bestea bezain bertutetsu eta iaio ez direla aitortzea baita. Orduan, kausa nagusia beraren bizioetakoren batean jartzen dute, eta sarri arrazoi dute horretan. Honela, nik jakin ezineko nahasketa higuingarria zertzen da apalkeria eta boterea, ezduintasun eta arrakasta, onuragarritasun eta desohorea bezalako ideien artean.

Zer-nolako ahaleginak egiteko gai den demokrazia

[aldatu]

Batasuna behin bakarrik borrokatu da bere izatearen alde.- Gogoberotasuna gerraren hasieran.- Hoztasuna bukaeran.- Amerikan itsas erreklutamendu edo inskripzioa egiteko zailtasuna.- Herri demokratikoak zergatik duen beste batek baino gaitasun txikiagoa etengabeko ahalegin handiak egiteko.

Herriaren benetako nahiei jarraitzen dien gobernuaz ari naizela hemen ohartarazten dut irakurlea, eta ez herriaren izenean agintzera bakarrik mugatzen den gobernuaz.

Ez da ezer jarkiezinezkoagorik herriaren izenean agintzen duen botere tiranikoa baino, zeren eta, gehiengoaren borondateari dagokion aginpide moralaz horniturik, aldi berean pertsona bakar batek bezain kementsu, bizkor eta setati jokatzen baitu.

Nahikoa zaila da esatea gobernu demokratiko bat zenbaterainoko ahalegina egiteko gai den nazioaren krisi-garaian.

Orain arte ez da inoiz ikusi errepublika demokratiko handirik. Errepublikak iraintzea izango litzateke 1793an Frantzian agindu zuen oligarkiari izen hori ematea. Estatu Batuetan bakarrik ikus daiteke egoera berri hau.

Nolanahi ere, Batasuna sortu zenetik igarotako mende erdi honetan, behin bakarrik egon da koloka berorren izatea, Independentzi gerran, alegia. Gerra luze haren hasieran, aberriaren zerbitzurako aparteko gogo sutsua nabaritu zen179. Baina borroka luzatu ahala, norberekeria azaldu zen berriro. Altxortegi publikora ez zen dirurik iristen, armadara ez zen jenderik agertzen; artean herriak nahi zuen independentzia, baina hori lortzeko bitartekoen aurrean atzera egiten zuen.  "Alferrik ugaldu ditugu zergak eta biltzeko metodo berriak saiatu, dio Hamiltonek Federalist-en (12. zk.); igurikimen publikoari huts eragin diote beti, eta estatuetako altxortegia hutsik gelditu da. Administrazioaren forma demokratikoek -gure gobernuaren izaera demokratikoari berezko zaizkionak-, gure merkataritzaren ahulezi egoerak sortzen zuen diru-urritasunarekin elkartzean, alferrikako bihurtu dituzte dirutza handi samarrak biltzeko ahalegin guztiak. Legislatibo ezberdinek azkenean ulertu dute ahalegin horien zentzugabekeria".

Orduz geroztik, Estatu Batuek ez dute beste gerra serio samarrik izan.

Demokraziak beren buruari zer-nolako sakrifizioak ezartzeko gai diren epaitzeko, itxaron egin beharko da nazio amerikarra bere ondasun-errentaren erdia gobernuaren esku utzi beharrean aurkitu arte, Ingalaterra bezala, edo aldi berean bere biztanleen hogeitik bat gudu-zelaira bidali beharrean aurkitu arte, Frantziak egin duen bezala.

Amerikan, konskripzioa ez da ezagutzen; diruaren truke erreklutatzen dira pertsonak. Derrigorrezko erreklutamendua Estatu Batuetako herriaren ideien hain aurkakoa eta azturekiko hain arrotza izanik, ez dut uste legeetan sartzera inoiz ausartuko direnik. Frantzian konskripzioa deitzen den hori gure zergetako astunena izango da ziur aski; baina, konskripziorik gabe, nola egin ahal izango genuke gerra kontinental handirik?

Itsasorako ere amerikarrek ez dute beren artean ingelesen bilketa-sistemarik onartu. Gure itsas inskripzioaren antzekorik ere ez dute. Estatuko flota, merkatal flota bezalaxe, borondatezko zerrendaketaren bidez biltzen da.

Nolanahi ere, ez da erraza pentsatzea herri batek itsas gerra handirik egin dezakeenik gorago aipatu bi bide horietako batez baliatu gabe. Honela, Batasunak, dagoeneko itsasoan loriaz borrokatu denak, ez du hala ere inoiz flota ugaririk izan, eta bere untzi-kopuru txikiaren armamentua oso garesti kostatu izan zaio beti.

Estatu-gizon amerikarrak entzun ditut aitortzen Batasunak arazoak izango dituela itsasoan bere mailari eusteko, ez bada behintzat itsas bilketa edo inskripzioaz baliatzen; baina zaila da herria, gobernatzen duena izanik, itsas bilketa edo inskripzioa jasatera behartzea.

Ukaezina da herri askeek normalean askoz ere kementsuago jokatzen dutela arriskualdietan, aske ez direnek baino; esango nuke, ordea, hori elementu aristokratikoa nagusi duten herri askeetan dela egia, batez ere.

Demokrazia askoz egokiagoa iruditzen zait bakean dagoen gizarte bat zuzentzeko edo, behar izanez gero, bat-bateko ahalegin indartsu bat egiteko, herrien politika-bizitzako ekaitzaldi handiei luzaroan aurre egiteko baino. Honen zergatia sinplea da: jendea gogo-berotasunez jartzen da arriskuak eta gabeziak jasateko prest, baina hausnarketaren ondorioz bakarrik jasaten dituzte horrelakoak luzaroan. Instintuzko kuraia delako horretan berorretan, uste baino kalkulu gehiago egoten da; eta lehen ahaleginak oro har grinek bakarrik eragiten dituzten arren, emaitza ikustean segitzen da horiekin aurrera. Kuttun zaigunaren zati bat arriskatzen da gainerakoa salbatzeko.

Nolanahi ere, etorkizunaren pertzepzio garbi hau da, jakintzargietan eta esperientzian oinarritua, demokraziari sarritan falta izaten zaiona. Herriak sentitu egiten du arrazoitu baino gehiago; eta egungo gaitzak handiak badira, beldur izatekoa da derrota-kasuan ez ote dituen ahaztuko agian etor lekizkiokeen gaitz handiagoak.

Bada oraindik beste kausa bat gobernu demokratiko baten ahaleginak aristokraziarenak bezain iraunkor ez izatea eragiten duena.

Herriak ez du goi-klaseek bezain argi ikusten etorkizunetik zer espero dezakeen edo zeren beldur izan behar duen, eta gainera oso bestela pairatzen ditu egungo gaitzak. Nobleak, bere burua arriskatzean, arriskurako adina aukera izaten du aintzarako. Bere errenten zatirik handiena Estatuari ematean, aberastasunaren plazerretako batzuei uko egiten die momentuz; baina, behartsuarentzat heriotzak ez du prestigiorik, eta aberatsa gogaitzen duen zerga horrek sarri bizi-iturriei erasotzen die behartsuaren kasuan.

Krisialdietan errepublika demokratikoek duten ahulezia erlatibo hau da agian oztoporik handiena Europan horrelako errepublika bat sor dadin. Europako herri batean errepublika demokratikoak eragozpenik gabe irauteko, beharrezkoa izango litzateke aldi berean beste guztietan ere ezartzea.

Demokraziaren gobernuak, luzarora, gizartearen benetako indarrak areagotu egin behar dituela uste dut; baina ezingo du aldi berean, puntu batean eta denbora jakin batean bildu gobernu aristokratiko edo monarkia absolutu batek adina indar. Herrialde demokratiko bat mende batez gobernu errepublikarraren menpe egongo balitz, pentsa daiteke mende horren buruan inguruko estatu despotikoak baino aberatsagoa, jendeztatuagoa eta aurreratuagoa izango litzatekeela; baina mende horretan zehar, hainbat aldiz jasan beharko luke auzoko horiek konkista dezaten arriskua.

Oro har demokrazia amerikarrak bere gain zertzen duen boterea

Herri amerikarrak luzarora bakarrik onirizten dio, eta batzuetan uko egiten dio, bere ongizaterako komeni zaiona egiteari.- Amerikarrek duten gaitasuna hutsegite konpongarriak egiteko.

Grinak menperatzeko eta etorkizunera begira momentuko beharrak isilarazteko demokraziak duen zailtasun hau gauzarik txikienetan ohartzen da Estatu Batuetan.

Herriak, lausengariz inguratua, nekez lortzen du bere gain arrakasta izatea. Gabetasun edo gauza gogaikarriren bat onar dezan lortu nahi den bakoitzean, nahiz eta beraren arrazoimenak onartzen duen helburu bat izan, hori errefusatuz hasten da ia beti. Arrazoiz goraipatzen da amerikarrek legeekiko duten obedientzia. Erantsi beharra dago Amerikan herriak eta herriarentzat egina izaten dela legeria. Estatu Batuetan, legea beren alde dute beste edonon legea hausteko interesik handiena dutenek. Honela, pentsa daiteke lege gogaikarri bat, gehiengoak ez badio momentuz onurarik ikusten, ez dutela onartu edo obedituko.

Estatu Batuetan ez dago legeriarik maulazko bankarrota-kasuetarako. Ez ote dago, bada, bankarrotarik? Bai horixe; hain zuzen ere, asko daudelako da. Porrot-egile bezala pertsegitua izateko beldurra, bankarrotan behea jota gelditzeko beldurra baino handiagoa da gehiengoaren barnean; eta kontzientzia publikoan halako tolerantzia hobendun bat sortzen da bakoitzak banaka gaitzesten duen delituarekiko.

Hego-mendebaldeko estatu berrietan, ia beti hiritarrek egiten dute justizia beren artean, eta hilketak etengabe gertatzen dira han. Egoera hau herriaren azturak zakarregiak izatetik dator, eta jakintzargiak ez daude behar beste zabalduta basa eremu haietan, legeari indar ematea onuragarri dela ohartzeko. Oraindik nahiago dituzte dueluak prozesuak baino.

Behin Filadelfian norbaitek esan zidan Amerikako krimen gehientsuenak edari biziek eraginak zirela, herri xeheak nahierara edaten baitzituen, oso merke saltzen zitzaizkiolako.  "Zergatik, galdetu nion, ez diozue tasarik jartzen pattarrari?". "Gure legegileek sarri pentsatu dute hori, erantzun zidan, baina zaila da eginkizuna. Altxamenduaren beldurra dago; eta, bestalde, lege horren aldeko botoa eman lezaketenek ziur dakite ez liratekeela berrautatuak izango".  "Hortaz, esan nion berriro, edaleak gehiengoa dira zuen artean, eta herriak ez du neurritasuna gogoko".

Gauza hauek estatu-gizonei adierazten diezunean, zera erantzutera mugatzen dira: utzi denborari bere bidea egiten, gaizkiaren sentipenak argi egingo dio herriari eta bere beharrak erakutsiko. Hau egia da sarri askotan: demokraziak, errege batek edo nobleziak baino aukera gehiago baldin badu tronpatzeko, behin argia hartu ondoren egiara itzultzeko ere aukera gehiago du, beraren baitan ez baitago normalean gehiengoaren kontrako interesik, eta arrazoiaren aurka borrokatzen denik. Baina demokraziak esperientziatik bakarrik atera dezake egia, eta herri askok ezingo lituzkete, hondatu gabe, beren erroreen emaitzak itxaron.

Beraz, amerikarren pribilegio handia ez da bakarrik beste batzuk baino ilustratuagoa izatea, hutsegite konpongarriak egiteko ahalmena izatea baizik.

Erantsi behar da, iraganeko esperientziatik probetxua erraz atera ahal izateko, beharrezkoa dela demokrazia halako zibilizazio eta jakintzargien maila batera iritsia izatea.

Herri batzuetan lehen heziketa hain akastuna izan denez, eta beraien izaeran grina, ezjakintasun eta gauza guztiei buruzko nozio okerren hain nahasketa arraroa dagoenez, herri horiek beren kabuz ez lukete asmatuko beren zorigaitzen kausa bereizten. Ezagutzen ez dituzten gaitzen azpian erortzen dira.

Eskualde zabaletan zehar ibilia naiz, dagoeneko existitzen ez diren nazio indiar ahaltsuen bizileku izandakoetan antzina; dagoeneko murrizturik dauden tribuetan bizi izan naiz, egunez egun ikusten dutelarik beren kopurua urritzen eta beren ospe basatiaren distira itzaltzen; indio hauei berauei entzun diet beren arrazarentzat erreserbaturiko azken patua iragartzen. Hala ere, ez dago europarrik zoritxarreko herri horiek ezinbesteko hondamenditik onik ateratzeko zer egin beharko litzatekeen konturatzen ez denik. Baina haiek ez dute ikusten; sentitzen dituzte urtero beraien gain metatzen diren gaitzak, baina azkenekoraino galduko dira erremedioa errefusatuz. Indarra erabili beharko litzateke bizitzera behartzeko.

Azken mende laurden honetan, harrigarria gertatzen da Hego Amerikako nazio berriak asaldaturik ikustea etengabe birsortzen diren iraultzen erdian, eta egunero espero da beraien egoera naturala deritzan horretara itzultzen ikustea. Baina nork esan dezake iraultza ez dela, gaur egun, Hego Amerikako espainolen egoerarik naturalena? Herrialde horretan gizartea leizearen barrenean dabil borroka, bere ahaleginez ezin delarik hortik irten.

Hemisferio baten erdi eder horretan bizi den herriak setati emana dirudi bere erraiak urratzera; ezerk ezin dio hori eragotzi. Nekeak atseden hartzera behartzen du pixka batean, eta atsedenak sugar berriak pizten dizkio berehala. Zorigaitz nahiz krimen artean dagoela kontuan hartzen dudanean, berarentzat despotismoa onuragarri litzatekeela pentsatzeko tentazioa izaten dut.

Baina bi hitz hauek ez dira inoiz nire pentsamenean baturik aurkituko.

Demokrazia amerikarrak nola gidatzen dituen estatuko kanpo-arazoak

[aldatu]

Estatu Batuetako kanpo-politikari Washington eta Jeffersonek emandako norabidea.- Demokraziaren berezko akats gehienak kanpo-arazoen zuzendaritzan sentiarazten dira, eta beraren kualitateak gutxi nabaritzen dira hor.

Konstituzio federalak nazioaren kanpo-interesen zuzendaritza iraunkorra lehendakariaren eta Senatuaren180 esku uzten duela ikusi dugu, eta honek Batasuneko politika orokorra herriaren zuzeneko eta eguneroko eraginetik kanpo jartzen du neurri bateraino. Hortaz, ezin da esan era absolutuan, Amerikan demokrazia dela estatuko kanpo-arazoak gidatzen dituena.

Badira bi gizon amerikarren politikari gaur egun oraindik ere irauten duen norabidea ezarri diotenak; lehena Washington da, eta Jefferson bigarrena.

Washingtonek, bere herrikideei zuzenduriko gutun miresgarri honetan -gizon handi honen testamentu politikoa bezala har daiteke- zera zioen:

"Atzerriekin ditugun merkatal harremanak zabaltzea, eta beraien eta gure artean ahalik eta lotura politiko gutxien ezartzea, hori izango da gure politikaren araua. Leialtasunez bete behar ditugu jadanik harturiko konpromezuak, baina ez dugu besterik hartu behar.

"Europak badu zenbait interes propio, gure interesekin erlaziorik ez dutenak edo oso zeharkakoa bestela; hortaz, sarri askotan aurkituko da guri berez arrotz zaizkigun liskarretan sartuta; haren politikaren gora-beherei lotura artifizialez atxikitzea, haren adiskidetasun eta gorrotoen konbinazio ezberdinetan sartzea eta ondoriozko borroketan esku hartzea zuhurtziarik gabe jokatzea izango litzateke.

"Berarekiko isolamenduak eta urruntasunak kontrako bidetik joatera gonbidatzen gaituzte, eta hortik jarraitzeko aukera ematen digute. Nazio bakarra, gobernu indartsu batek zuzendua, osatzen jarraitzen badugu, ez dago urruti inoren beldur izan beharko ez dugun garaia. Orduan geure neutraltasuna errespetaraziko duen jarrera hartu ahal izango dugu; nazio borrokazaleak, gugandik ezer ezin dutela lortu ohartzean, motiborik gabe probokatzeko beldur izango dira; eta bakea edo gerra aukeratzeko egoeran izango gara, geure ekintzetarako beste gidarik hartu gabe geure interesa eta justizia izan ezik.

"Zergatik utziko ditugu alde batera hain egoera onuragarritik atera ditzakegun abantailak? Zergatik irten geure-geurea dugun terrenotik, arrotz zaigun beste batean sartzera joateko? Azkenik, gure destinoa Europako edozein zatirenarekin lotuz, zergatik arriskatu geure bakea eta oparotasuna han bizi diren herrien gutizia, lehia, interes edo nahikerien menpe?

"Gure benetako politika nazio arrotzekin aliantza iraunkorrik ez egitea da; are gutxiago oraindik ez egiteko askatasuna dugun bitartean, inola ere ez baitut nahi aurretikako konpromezuetan huts egiterik. Zintzotasuna da beti politikarik onena; goiburu hau nazio-arazoei bezain aplikagarria iruditzen zait gizabanakoenei. Hortaz, beren hedadura osoan bete behar direla uste dut jadanik hartuak ditugun konpromezuak; baina alferrikakoa eta zuhurgabea iruditzen zait besterik hartzea. Jar gaitezen beti geure jarrera errespetarazteko moduan, eta aldi baterako aliantzak aski izango zaizkigu arrisku guztiei aurre egin ahal izateko".

Aurrez, Washingtonek adierazia zuen ideia eder eta zuzen hau:  "Beste nazio batenganako maitasun edo gorrotozko sentimenduak dituen nazioa nolabait ere esklabu bihurtzen da normalean. Bere gorrotoaren edo maitasunaren esklabu izaten da".

Washingtonen jokabide politikoa bere maximen araberakoa izan zen beti. Munduaren gainerakoa gerran ari zen bitartean, bere herrialdea bakean edukitzea lortu zuen, eta amerikarren interesa, ongi ulertua, Europako barne-liskarretan sekula esku ez hartzea zela ezarri zuen doktrinatzat.

Are urrutirago joan zen Jefferson, eta Batasunaren politikan beste maxima hau sartu zuen: "Amerikarrek ez zietela inoiz pribilegiorik eskatu behar atzerriko nazioei, gero ematera beharturik ere ez egoteko".

Bi printzipio hauek, beren zuzentasun nabariagatik jendeak erraz ulertzeko modukoak, ikaragarri sinplifikatu dute Estatu Batuen kanpo-politika.

Batasunak, Europako arazoetan nahastu ez denez, ez du, nolabait esateko, kanpo-interesik eztabaidagai, oraindik ez baitu auzoko ahaltsurik Amerikan. Bere kokalekuz nahiz bere borondatez Mundu Zaharreko grinetatik kanpo, ez dauka ez horietatik gorde, ez horiekin ezkondu beharrik. Eta Mundu Berrikoei dagokienez, oraindik ezkutuan dauzka etorkizunak.

Batasuna aske dago aurretiko konpromezuetatik; Europako herri zaharren eskarmentuaz baliatzen da, baina beharturik egon gabe, haiek bezala, iragana kontuan hartu eta orainaldira egokitzera; ez dago behartua, haiek bezala, arbasoek utziriko ondare zabala onartzera: aintza eta zorigaitzen, adiskidetasun eta gorroto nazionalen nahasketa. Estatu Batuen kanpo-politika aiduru egotea da, batez ere; gehiago datza abstenitzean zerbait egitean baino.

Orainari dagokionez, oso zaila da jakitea zer-nolako iaiotasuna izango duen demokrazia amerikarrak estatuko kanpo-arazoen gidaritzan. Puntu honetan, haren etsaiek nahiz lagunek bertan behera utzi behar dute beren epaiketa.

Neuri dagokidanez, ez dut eragozpenik esateko: gobernu demokratikoak gizartearen kanpo-interesen zuzendaritzan iruditzen zaizkit garbi besteak baino kaskarragoak. Eskarmentuak, ohiturek eta irakaskuntzak azkenerako ia beti sortzen dute demokrazian eguneroko jakinduria praktiko hori eta bizitzako gora-behera txikien zientzia hori, zentzutasuna deritzana. Zentzutasuna aski da gizartearen ohiko ibilerarako; eta heziketa egina duen herri batean, askatasun demokratikoak, estatuko barne-arazoei aplikatuta, gauza on gehiago sortzen du gobernu demokratikoaren erroreek eragin litzaketen gaitzak baino. Herrien arteko harremanetan, ordea, ez da beti horrela gertatzen.

Kanpo-politikak ez du demokraziak bere-bere dituen kualitateez baliatzea eskatzen, eta, aitzitik, falta zaizkion gehientsuenak erabiltzea eskatzen du. Demokraziak estatuko barne-baliabideen hazkundea bultzatzen du, ongizatea zabaltzen, izpiritu publikoa garatzen eta legearekiko begirunea sendotzen du gizarteko klase ezberdinetan: gauza hauek guztiek zeharkako eragina bakarrik dute herri batek beste batenganako duen jarreran. Baina demokraziak nekez koordina ditzake eginkizun handi baten xehetasunak, edo egitasmo bat zehaztu eta gero nekez jarrai diezaioke setati oztopoen gainetik. Gaitasun urria du ezkutuko neurriak hartzeko eta horien emaitzaren zain egonarriz egoteko. Hauek, batez ere, pertsona bakar bati edota aristokraziari dagozkion kualitateak dira. Nolanahi ere, kualitate hauek dira, hain zuzen, herri bat, banako bezala, luzarora nagusi izatera eramaten dutenak.

Aitzitik, aristokraziaren berezko akatsei arreta jarriz gero, ohartuko zarete sor lezaketen ondorioa ia ez dela nabaritzen estatuko kanpo-arazoen zuzendaritzan. Aristokraziari egozten zaion akats nagusia beretzat bakarrik lan egitea da, eta ez herri-multzoarentzat. Kanpo-politikan nekez gertatzen da aristokraziak herriak ez bezalako interesak izatea.

Demokrazia, politikan, arrazonamenduei obeditu ordez sentimenduei obeditzera eta momentuko grina bat asetzeko luzaroan umoturiko plana baztertzera eramaten duen joera garbi ikusi ahal izan zen Amerikan Iraultza Frantsesa lehertu zenean. Arrazoiaren argitasun sinpleenak aski ziren orduan, gaur egun bezalaxe, amerikarrei ulertarazteko beren interesa ez zetzala Europa odolduko zuen borrokan konprometitzean, borroka hartatik Estatu Batuei ez baitzitzaien inolako kalterik etorriko.

Hala ere, herriaren jarrera Frantziaren alde hain bortizki agertu zenez, Washingtonen izaera tinkoa eta beraren ospe ikaragarria behar izan ziren Ingalaterraren kontra gerran ez hasteko. Eta hala ere, gizon bikain honen adimen zorrotzak bere herrikideen grina eskuzabalen, baina hausnargabeen, kontra borrokatzeko egin zituen ahaleginek ia-ia kendu egin zioten beretzat nahi izan zuen sari bakarra: herriaren maitasuna. Gehiengoa haren politikaren kontra agertu zen; gaur egun herri osoak onesten du181.

Konstituzioak eta herriaren babesak ez baliote Washingtoni estatuko kanpo-arazoen zuzendaritza eman, gauza ziurra da nazioak gaur egun gaitzesten duen hori berori egingo zukeela orduan.

Munduan indartsu jokatu duten herri gehientsuenak, egitasmo handiak asmatu, jarraitu eta gauzatu dituztenak, erromatarrengandik ingelesenganaino, aristokraziak zuzendurik zeuden, eta nola harritu horretaz?

Bere ikuspegietan tinkoena dena munduan aristokrazia da. Herritarren multzoa seduzi daiteke bere ezjakintasun edo grinengatik; errege baten izpiritua har liteke ustekabean, beraren proiektuak koloka jarraraziz, eta gainera erregea ez da hilezkorra. Baina gorputz aristokratiko bat ugariegia da inork bereganatu ahal izateko, eta urriegia grina hausnargabeen mozkorraldiari erraz amore emateko. Gorputz aristokratiko bat pertsona irmo eta ilustratua da, inoiz hiltzen ez dena.