Edukira joan

Amerikako Demokrazia II/Oharra

Wikitekatik

Amerikako demokrazia II

Amerikako Demokrazia II  (1835-1840)  Alexis Tocqueville, translated by Xabier Mendiguren Bereziartu
Oharra
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Oharra

Amerikarrek duten gizarte-egoera demokratikoak zenbait lege eta zenbait ohitura politiko iradoki dizkie berez.

Gizarte-egoera honek beronek, gainera, sentimendu eta iritzi asko sortarazi ditu haien artean, Europako gizarte aristokratiko zaharretan ezezagun zirenak. Antzina zeuden harremanak suntsitu edo aldarazi ditu, eta berriak ezarri. Gizarte zibilaren itxura ez da politika-munduaren fisionomia baino gutxiago aldatu.

Lehen gaia duela bost urte argitara eman nuen obran jorratu nuen, demokrazia amerikarrari buruzkoan. Bigarrena liburu honen gaia da. Bi zati hauek elkar osatzen dute eta obra bat bakarra eratzen.

Berehala ohartarazi behar dut irakurlea oso kaltegarri gertatuko litzaidakeen errakuntza baten kontra.

Berdintasunari honenbeste ondorio ezberdin egozten diodala ikustean, baliteke irakurleak ondorioztatzea nik berdintasuna jotzen dudala gaur egun gertatzen den guztiaren kausa bakartzat. Oso ikuspegi estua dudala uste izatea litzateke hori.

Gure garaiotan iritzi, sentimendu eta joera asko dago, berdintasunarekin zerikusirik ez duten edota beraren aurkako diren egitateek sortaraziak. Honela, adibidetzat Estatu Batuak hartuz gero, erraz frogatuko dut herrialdeko naturak, biztanleen jatorriak, lehen fundatzaileen erlijioak, haiek lortutako jakintzargiek eta aurretik zituzten azturek, demokraziaz aparte, ikaragarrizko eragina zertu dutela, eta zertzen dutela oraindik, beraien pentsaeran eta sentitzeko eran. Europan kausa ezberdinak, baina halaber berdintasunaren egitatetik independenteak, aurkituko lirateke, eta bertan gertatzen denaren zati handi bat esplikatuko.

Aitortzen dut kausa ezberdin hauen guztien existentzia eta indarra, baina nire helburua ez da hauetaz hitz egitea. Ez dut gure joera eta ideia guztien arrazoia azaltzeko asmorik; batzuk eta besteak berdintasunak zenbateraino aldatu dituen ikusarazi nahi dut bakarrik.

Ikusten ari garen iraultza demokratikoa egitate jarkiezina dela eta berorren kontra borrokatzea ez dela ez desiragarria, ez zentzuzkoa, sendo uste dudan arren, harrigarria gertatuko da agian liburu honetan sarri hitz gogorrak erabiltzea iraultza horrek sortu dituen gizarte demokratikoen aurka.

Zera bakarrik esango dut: hain zuzen ere, demokraziaren etsai ez naizelako nahi izan dudala berorrekiko zintzo izan.

Jendeak ez du egia bere arerioengandik hartzen, eta adiskideek ere nekez eskaintzen diote; horregatik azaldu dut nik.

Pentsatu dut asko arduratuko direla berdintasunak jendeari agintzen dizkion ondasun berriak iragartzeaz, baina gutxi ausartuko direla zer-nolako arriskuez mehatxu egiten dien urrutitik seinalatzera. Beraz, arrisku hauetarantz zuzendu dut, batez ere, nire begirada, eta argi eta garbi aurkitu ditudalakoan nagoenez, ez naiz isiltzeko bezain koldarra izan.

Bigarren obra honetan ere lehenengoan ohartu bide den inpartzialtasuna aurkituko dela espero dut. Banatzen gaituzten iritzi kontraesankorren erdian kokatua, horietako bakoitzak sortzen dizkidan aldeko sinpatiak edo kontrako jarrerak neure bihotzean suntsitzen saiatu naiz momentuz behintzat. Nire liburua irakurtzen dutenek esaldi bakar bat aurkitzen badute gure herrialdea astindu duten alderdi handietakoren bat edota gaur egun oztopoak jartzen dizkion eta ahultzen duten fakzio txikietakoren bat lausengatzeko helburua duena, irakurle horiek ozen hitz egin eta salatu nazatela.

Jorratu nahi izan dudan gaia ikaragarri zabala da, zeren eta munduaren egoera berriak sortarazten dituen sentimendu eta ideia gehienak hartzen baititu bere barne. Honelako gai batek ziur aski gainditu egiten ditu nire indarrak; saiatu naizelarik, ez naiz asebeteta gelditu.

Baina nahi nuen helburua ezin izan badut erabat lortu ere, irakurleek onartuko didate, behintzat, duintasunez lortzeko moduan planteatu eta garatu dudala neure zeregina.