Edukira joan

Amerikako panpetan

Wikitekatik

Oharra: Pedro Mari Otañoren bertso guztiak jabetza publikokoak dira, duela 80 urte baino gehiago hil zelako (1910ean). Hemengo bertsoak Alkar olerki onenak liburutik hartutakoak dira, jabetza publikoko Klasikoen gordailua bilduman dagoena.

Amerikako panpetan  (1900) 
Pedro Mari Otaño

Amerikako panpetan


1
Euskal-Erriko lur maite artan
Jayo nintzan baserriyan,
Itzal aundiko intxaur arbol bat
Dago gure atariyan:
Aren ondotik irten da noiznai
Maldako gaztañariyan.
Edo, sagarrik onenak jaten
Luberriko sagastiyan,
Arbol tartian bizitu nintzan
Gazte denbora guziyan.

2
Denak utzi ta etorri nintzan,
Lur au ikusi nai nuan!
Aritz tantayak, pago lerdenak,
Nola ez izan goguan!
Oraiñ arzantzan Ameriketan,
Arrantxo baten onduan,
Eguna pasa larrian eta
Jiratzen naizen orduan,
Nere begiyak gozatzen dira
Aldameneko ombú-an.

3
Ainbestoraño tristetutzen naiz
Eremu zabal oyetan,
Arbolak, mendi eta errekak
Falta diran zelayetan,
Non etorri ta eseritzean
Ombú-tzar onen zañetan,
Edo igo ta osto tartian
Bere adar bikañetan
Ene! Amatxo! Nik nola esan
Zenbat gozatutzen detan!

4
Txabol ondoko ombú laztana,
Maitatzen zaitut gogotik
Eta biyotza erdibitzen zait
Joatian zure ondotik,
Nere burura ekartzen dezun
Oroimen gozuagatik.
Zure itxura nai det ikusi
Ez dizut eskatzen frutik
Ni emen bizi naizen artian
Arren! egon zaite zutik!

5
Nere lagunik maitatuena
Ombú laztana, zu zera,
Argatik nator zure kolkora,
Ni malkuak isurtzera,
Iduriturik naramazula
Atariko intxaurpera...
Beti izango zaitut, goguan,
Bañan joan nai det ostera,
Euskal-lurreko arbolpe artan
Nere ezurrak uztera.