Ameriketako Estatu Batuetako Konstituzioa
Guk, Estatu Batuetako Herriak, Batasun hobea sortzeko, Justizia ezartzeko, barne lasaitasuna finkatzeko, Defentsa komunerako hornitzeko, ongizate orokorra sustatzeko eta geuretzat eta gure ondorengoentzat Askatasunaren onurak segurtatzeko asmoz, Amerikako Estatu Batuentzat Konstituzio hau agintzen eta ezartzen dugu.
LEHEN ARTIKULUA
Lehen Atala
Aurrean dugun Konstituzio honek emandako botere legegile guztiak Estatu Batuetako Kongresu bati dagozkio, zeina Senatuak eta Ordezkari Ganbarak osatuko baitute.
Bigarren Atala
- Ordezkari Ganbara Estatu ezberdinetako biztanleek bi urtean behin hautatutako partaideek osatuko dute, eta hautesleek Estatu bakoitzean toki-legegintzaldiko adar ugarieneko hautesleentzat eskatutako baldintzak eduki beharko dituzte.
- Ez da ordezkari izango 25 urte bete ez duen inor eta zazpi urtez Estatu Batuetako herritar izan ez dena, eta, hauteskunde garaian, izendatzen den Estatuko biztanle ez dena.
- Ordezkariak eta zerga zuzenak Batasun hau osatuko duten Estatu ezberdinen artean hainbanatuko dira bakoitzari bere biztanleriaren arabera, zeina pertsona libreen kopuru osoa batuz erabakiko den, urte-kopuru jakin batean zerbitzuak egitera behartuak daudenak barne eta zergak ordaintzera behartuak ez dauden indiarrak kenduz, gainerantzeko pertsona guztien hiru bosten. Kontaketa Estatu Batuetako Kongresuaren lehen saioaren ondorengo hiru urteen barruan burutu beharko da eta aurrerantzean 10 urtez behin, lege baten bidez kidego horrek xedatuko duen eran. Ordezkari kopurua 30.000 biztanleko bat izango da eta Estatu bakoitzak gutxienez bat izango du; eta aipatutako kontaketa egin arte, New Hamspire Estatuak hiru hautatzeko eskubidea izango du; Massachusettsek, zortzi; Rhode Islandek eta Providenceko Landaketek, bat; Connectcutek, bost; New Yorkek, sei; New Jerseyk, lau; Pennsylvaniak, zortzi; Delawarek, bat; Marylandek, sei; Virginiak, hamar; lpar Carolinak, bost; Hego Carolinak, bost, eta Georgiak, hiru.
- Edozein Estaturen ordezkaritzan hutsuneak gertatzen direnean, bertako aginte betearazleak dekretua luzatuko du, zeinetan hutsuneak betetzeko xedearekin hauteskundeak deituko diren.
- Ordezkari Ganbarak bere presidentea eta gainerantzeko funtzionarioak hautatuko ditu eta erantzukizun ofizialen kasuan zerbait egitea egokia den aitortzeko ahalmena duen bakarra izango da.
Hirugarren Atala
- Estatu Batuetako Senatua Estatu bakoitzeko bi senadorek osatuko dute, bere legegintzaldiak sei urterako hautatuak, eta senadore bakoitzak boto bat izango du.
- Hasierako hautaketaren kariaz bildu bezain laster, ahalik eta berdinenak diren hiru taldetan banatuko dira. Lehen taldeko senadoreen aktak bigarren urtearen amaieran hutsik geratuko dira; bigarren taldekoenak, laugarren urtea bukatzean; eta hirugarren taldekoenak, seigarren urtea betetzean, bi urtez behin heren bat hautatzea egingarria gerta daitekeen eran, eta hutsuneak ematen badira, uko egiteaz edo beste arrazoi batzuei esker, Estaturen baten legegintzaldiaren etenaldian zehar, honen Exekutiboak hurrengo legegintzaldi saioak eman arte behin-behineko izendapenak egin ditzake, aipatutako hutsuneak betetzeari ekinez.
- Ez da senadore izango 30 urte bete ez duen inor eta bederatzi urtez Estatu Batuetako herritar izan ez dena, eta, hauteskunde garaian, izendatua izan zen Estatuko biztanle ez dena.
- Estatu Batuetako Lehendakariordea Senatuko lehendakaria izango da, baina botorik ez du izango berdinketa kasuetan ez bada.
- Senatuak bere gainerantzeko funtzionarioak aukeratuko ditu, eta baita presidentea ere pro tempore, Presidentearen faltan edo hau Estatu Batuetako presidente karguan ari denean ordezkatuko duelarik.
- Erantzukizun ofizialei buruzko salaketa guztiak epaitzeko eskubidea Senatuak berak bakarrik izango du. Xede honekin biltzen denean, bere partaideek zina edo protesta egin beharko dute. Estatu Batuetako Presidentea epaitzen denean Epaitegi Gorenarenak izan beharko du buru. Eta ezingo da inor zigortu han diren partaideen bi herenen botoa biltzen ez bada.
- Erantzukizun ofizialen kasuetan epaia kargugabetzera eta, Estatu Batuetan, ohorezko, konfiantzazko edo ordaindutako edozein lanpostu izateko eta betetzeko gaitasungabetzera baino ez da iritsiko; baina zigortutako norbanakoa, dena den, zuzenbidearen arabera salatua, epaitua eta zigortua izatekotan geratuko da.
Laugarren Atala
- Atala. Senadoretarako eta ordezkaritarako hauteskundeak izateko modua, lekuak eta garaiak dagozkion legegintzaldiak aginduko ditu Estatu bakoitzean, baina Kongresuak lege baten bidez edozein garaitan adieraz ditzake edo alda ditzake erreferentzi arauak, senadoreak hautatzeko lekuei dagokienean izan ezik.
- Atala. Kongresua, gutxienez, urtean behin bilduko da, eta bilkura hau, legez beste egun bat finkatzen ez bada, abenduko lehen astelehenean izango da.
Bosgarren Atala
- Atala. Ganbara bakoitzak kalifikatuko ditu hauteskundeak, zenbaketei buruzko informeak eta dagozkion partaideen legezko gaitasuna, eta bakoitzaren gehiengoak osatuko du eztabaidatzeko beharrezkoa den quorum-a; baina kopuru txikiago batek egun batetik bestera saioak bertan behera utz ditzake eta, ganbara bakoitzak erabakiko duen eran eta zigorpean, baimendua egongo da agertu ez diren partaideak bertara joan daitezen behartzera.
[...]
BIGARREN ARTIKULUA
Lehen Atala
- Botere betearazlea Estatu Batuetako Presidente baten esku jarriko da. Bere zeregina lau urteko epealdian beteko du [...]
HIRUGARREN ARTIKULUA
Lehen Atala
- Estatu Batuen Botere judiziala Epaitegi Goren baten esku jarriko da, bai eta Kongresuak aurrerantzean sor eta ezar ditzan beheragoko epaitegien esku. [...]
ZAZPIGARREN ARTIKULUA
Bederatzi Estaturen konbentzioen berrespena aski izango da Konstituzio hau indarrean jartzeko berresten duten Estatuei dagokienean.
Konbentzioan emanik, bertan dauden Estatuen aho batezko onespenez, Gure Jaunaren mila zazpiehun eta laurogeita zazpiko irailaren 17an eta Amerikako Estatu Batuen Independentziaren hamabigarren urtean. Horren testigantzan gure izenak izenpetzen ditugu.
G. Washington, Presidente eta Diputatu Virginiatik.
Fede ematen dut: Willian Jackson, Idazkaria.
[ZUZENKETAK]
Iparramerikako Estatu Batuen Konstituzioari erasten zaizkion artikuluak eta berari aurkeztutako zuzenketak, Kongresuak proposatuta eta zenbait Estaturen Legegintzaldiek sendetsita, Jatorrizko Konstituzioko Bosgarren Artikuluaren arabera.
Lehenengo artikulua
Kongresuak ez du inolako legerik egingo erlijio jakin bat Estatuaren erlijio ofizialtzat hartzeko, edota askatasun osoz praktikatzea debekatzeko, edota hitz edo inprenta askatasuna, edota herriaren eskubidea bakean elkartzeko eta Gobernuari bidegabekerien konponketa eskatzea murrizten duena.
Bigarren artikulua
Estatu aske baten segurtasunerako beharrezkoa denez ondo antolatutako armada bat, armak edukitzeko eta erabiltzeko herriaren eskubidea ez da zapalduko.
Hirugarren artikulua
Bake garaian ez da militar bakar bat ere inongo etxetan hartuko jabearen baimenik gabe; ez eta gerra garaian ere, ez bada behintzat legeak preskribatzen duen eran.
Laugarren artikulua
Biztanleen eskubidea euren pertsonak, etxeak, orriak eta gainerantzeko gauzak ikerketa eta atzipen bidegabeetatik salbu egon daitezen bortxaezinezkoa izango da.
Bosgarren artikulua
Inor ez da behartuta egongo erantzutera heriotza zigorrez edota izenbelztailea den beste batez zigortutako delitu baten aurrean epaimahai handi batek ez badu salatzen edo akusatzen, itsasoko edo lehorreko indarretan eta soldadutzan gerra edo arrisku publiko handiko egoeran zerbitzu eraginkorra betetzen ari denean agertzen diren kasuak izan ezik; horretaz gain, inoiz ez da pertsona bat bizitza edo gorputzeko atalen bat bi aldiz galtzeko arriskuan jarriko delitu berarengatik; bere buruaren aurka deklaratzera ere ez da inor behartuko inongo epai kriminaletan; bizitza, askatasun eta jabetza eskubidea ere ez zaio kenduko dagokion lege-prozesurik gabe; Jabetza pribatua ere ez zaio kenduko erabilera publikorako arrazoizko kalte-ordainik gabe.
Seigarren artikulua
Kausa kriminal orotan, akusatuak eskubidea izango du berehala eta jendaurrean delitua burutu den distritu eta Estatuko epaimahai inpartzial batek epaitu dezan. Distritu hori zein den aldez aurretik legeak erabaki beharko du; era berean akusazioaren izaera eta zergatiaren berri eman beharko zaio; bere aurka deklaratzen duten lekukoekin aurrez aurre hitz egiteko aukera izan dezala, bere alde hitz egin lezaketen lekukoak agertzera behar ditzatela eta bera aldeztuko duen abokatu baten laguntza izan dezala.
Zazpigarren artikulua
Epaimahai baten aurrean ohiturazko zuzenbidearen epaiketak konpontzeko zuzenbidea, zeinetan eztabaidatzen den balioa hogei dolar baino gehiagokoa den, bermatu egingo da, eta epaimahai batek izan duen gertaera bakar bat ere ez da berriro aztergai izango Estatu Batuetako inongo auzitegitan, ohizko zuzenbidearen arauen arabera ez bada behintzat.
Zortzigarren artikulua
Ez da gehiegizko fidantzarik eskatuko, ez eta gehiegizko isunik ere, eta zigor krudel eta ezohizkorik ere ez.
Bederatzigarren artikulua
Konstituzioak zenbait eskubide banan-banan aipatzeak ez du esan nahi herriak dituen beste zenbait ukatzen edo gutxiesten dituenik.
1787-09-17 [Konstituzioa] / 1791-12-15 [zuzenketak]
Lehen iturria: ZZEE (1998): Historia testu bidez , Arabako Foru Aldundia - EHU, Gasteiz. (Itzulpenaren arduradun den Mikel Aizpururen baimenaz).
Bigarren iturria: kondaira.eus
Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License. | |