Edukira joan

Analak eta Historiak I/Bigarren liburua

Wikitekatik
Analak eta Historiak I  (115-117)  Tazito, translated by Xabier Amuriza Zarraonaindia
Bigarren liburua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Bigarren liburua

1.    Sisenna Estatilio Tauro eta Luzio Libonen kontsulaldian, Ekialdeko erreinu eta erromatar probintziak astindu ziren. Lehenik, partoen artean, Erromari erregea eskatu eta hartu ondoren, arsazidoen jatorrikoa izanik ere, arroztzat arbuiatu baitzuten. Bonones zen, Fraatesek Augustori bahitzat emana. Fraatesek, izan ere, erromatar armadak eta buruzagiak arbuiatua izan arren, Augustori begirune-erakutsi guztiak egin zizkion, adiskidetasun bermetzat, seme-alaba batzuk bidaltzeraino, ez hainbeste gure beldurrez, herkideen mesfidantzaz baizik.

2.    Barruko hilketen ondorioz, Fraates eta ondorengo erregeak amaiturik, ordezkari batzuk iritsi ziren hirira parto gorenen partez, Bonones, haren semerik zaharrena, itzularazteko eginkizunez. Zesarrek beretzat ohorea zela pentsatu eta ondasunez bete zuen. Barbaroek ere pozik hartu zuten, agintari berriekin gertatu ohi denez. Baina gero lotsatu egin ziren: partoak endakatu egin ziren; atzerrira jo zuten, etsaien ohiturek kutsaturiko errege bila; jadanik, arsazidoen tronua erromatar probintziatzat hartzen eta ematen zen. Non zen Kraso hil eta Antoniori ihes eragin ziotenen aintza hura, Zesarren esklaboak, hainbeste urtean morrontza jasan zuenak, partoei agindu behar bazien? Bononesek berak ere arbuioa areagotzen zuen, asaben ohituretatik urrunduz; apenas zen ehiztaria ere, zaldiekin gutxi arduratzen zen; hirietan zehar zihoanean, literan eramaten zuten, eta aberri erako oturuntzak arbuio zituen. Laguntzaile zerabiltzan greziarrak eta tresnarik ziztrinenetan irarritako eraztunaren zigilua ere barregarriak ziren. Ostera, hurbilgarria eta adeitasun errazekoa zen, partoentzat bertute ezezagunak; beraz, bizio berriak; euren ohituretatik aldentzen nahikoa zuen, txarra zein ona higuin zezaten.

3.    Hala, bada, arsaziden leinuko eta dahatarren artean hazitako Artabanori deitzen diote, zeina, lehen inkontruan menperaturik, indarberritzen eta erreinuaz jabetzen den. Bonones galtzaileak Armenian aurkitu zuen babesa, orduan inorena ez zen lurra, zalantzan bera, botere partoaren eta erromatarraren artean, Antonioren krimenagatik, zeinak, armeniarren errege Artabasdes adiskide itxuran erakarririk, gero katez zamatu eta, azkenik, hil baitzuen. Haren seme Artaxiasek, aitaren gomutagatik gure etsai, bere burua eta erreinua arsaziden indarrez babestu zituen. Artaxias ingurukoen traizioak hilik, Zesarrek armeniarrei Tigranes eman zien erregetzat, erregetzara Tiberio Neronek eraman zuena. Baina Tigranesen aginteak ez zuen luze iraun, ezta seme-alabenak ere, ohitura arrotzean ezkontzaz eta erreinuz elkartu baziren ere.

4.    Geroago, Augustoren aginduz ezarritako Artabasdes tronutik kendua izan zen, ez guretzat kalte gabe. Orduan, Gaio Zesar delegatu zuten, Armeniako gorabeherak konpontzeko. Hark Ariobarzanes ipini zuen armeniarren buru, jatorriz medoa eta bere gorpuzkera bikain eta nortasun distiratsuagatik ondo hartua bera. Heriotza ezusteko batek Ariobarzanes eramanik, haren ondorengorik ez zuten onartu; Erato izeneko emakume baten agintea probatu eta laster kendurik, zalantzan eta noraezean, jabe gabe areago, libre baino, Bonones iheslaria hartzen dute erregetzat. Baina, Artabanoren mehatxuz eta armeniarren babes urriz, edo, gure indarrek defendatzen bazuten, partoen aurkako gerra izango zenez, Siriako gobernadore Kretiko Silanok etorrarazi eta zaintzapean jartzen du, errege ospe eta izenari eutsiz. Bonones lotsagarrikeria hartatik ihes egiten nola saiatu zen, geroago azalduko dugu.

5.    Bestela, Tiberiori ez zitzaion hain desatsegin izan Ekialdean gauzak nahastea, aitzakia ematen baitzion Germaniko ohiko legioetatik apartatzeko eta, probintzia berrien buru jarririk, era batera engainuaren eta halabeharraren pentzudan ipintzeko. Hark, berriz, zenbat eta soldaduen estimua eta osabaren begigoa handiagoak izan, garaipena azkartzen hainbat setatiago, pentsaketan ziharduen gerra planez eta, iragoko hiru borroka urteetan, zer oker eta zer on gertatu zitzaion. Germaniarrak suntsigarri ziren formaziozko borrokan eta lur lauan; eta oihanek, zingirek, udaren laburrak eta neguaren goiztarrak laguntzen zieten; haien soldaduei ez zien hainbeste eragiten zauriek, nola ibilaldiek eta armen galtzeak; Galiak zaldi eskaintzen nekaturik zeuden; trabazko zutabe luzea enboskagai eta defendagaitz zen. Itsasoz sarturik, ostera, nagusigoa eskuan zeukaten eta etsaia ezustean atzemango zuten; lehenago hasi eta legioak eta hornidurak batera garraia zitezkeen; zaldi eta zaldun, osorik eraman ahal izango ziren Germaniaren bihotzera, ibaiahoetatik sartu eta urez gora jarraituz.

6.    Lanari heldu zion, beraz, Publio Bitelio eta Gaio Antzio Galietako zentsora bidalita. Silio, Anteio eta Zezinari flota baten eraikuntza agindu zitzaien. Mila ontzi nahikotzat jo zituzten eta egitea bizkortu: batzuk txikiak, branka-popa estu eta sabel zabalekoak, olatuei hobeto eusteko; batzuk karena laukoak ziren, errazago lehorreratzeko; gehienek lema branka-popetan zeukaten, arraun kolpea aldatzean, norabide baterantz zein besterantz jo ahal izateko. Asko gerra makinak gainean eramateko zubiz estalirik zeuden, zaldi zein lanabesen garraiorako balio izanik; belentzat on, arraunentzat azkar, soldaduen berotasunak haien itxura beldurgarria areagotzen zuen. Bataboen irlan bil zitezen erabaki zen, hango sarbideak errazak eta tropak hartu eta handik gerrara bidaltzeko egokiak zirelako. Zeren Rhin, ubide bakarra etengabe edo irlatxoak utziz joan ondoren, bataboen lurralde hasieran, ibai bitan bezala erdibitzen da eta, Germania osoan zehar, izenari eta ibilbide indartsuari eusten dio, ozeanoan galdu arte. Galiarren hegal aldera, zabalago eta bareago doa; izena aldaturik, bertakoek Vahal deitzen diote, baina gero, Mosarekin batzean, izen hori ere galdurik, ozeano berean isurtzen da, bokale eskergatik.

7.    Zesarrek, ontziak bildu bitartean, Silio legatuari tropa arin batekin katoen aurka sarraldi bat egiteko agintzen dio; berak, berriz, Lippe ibai ondoko gotorleku bat inguraturik dagoela jakitean, sei legio haraxe eraman zituen. Siliok, ustekabeko euriteagatik, harrapakin urriaz eta katoen printze Arporen emazte eta alabaz jabetzea besterik ezin izan zuen egin; setiatzaileek ere ez zioten Zesarri borrokarako aukerarik eman, haren etorreraren berri entzutean, sakabanatu egin baitziren; baina bai suntsitu zuten Baroren legioen ohorez eraiki berri zen tumulua eta Drusori eskainitako aldarea. Aldarea berriztatu zuen eta, aitaren omenez, haren aurrean, legioen buru desfilatu zen; tumulua berregitea ez zitzaion egoki iruditu. Eta Alisongo gotorlekuaren eta Rhinen arteko eremu guztia oholesi eta lubeta berriz gotorturik gelditu zen.

8.    Flota iritsia zen ordurako, eta, aurretik janariak bidali eta legioen eta aliatuen artean ontziak banatu ondoren, Druso izeneko kanaletik sartu zen, aitari erregutuz lagun ziezaiola, onbera eta bareturik, haren ekintza errepikatzera zihoanari, haren plan eta lanen etsenpluz eta gomutaz; handik, lakuetan eta ozeanoan zehar, Amisia ibaira iritsi zen, nabigazio arrakastatsuan. Ontziak ibaiaren ezkerraldean utzi zituzten eta oker egin zuten, eskuinaldeko lurretara joan beharreko tropak ibaiaz gora ez eramanda; hala, egunak behar izan zituzten zubigintzan. Zaldiek eta legioek lehen aintzirak traba gabe gurutzatu zituzten, oraindik urak ez baitziren handitzen; baina, zutabearen azkena osatzen zuten aliatuen artean, alde hartan zihoazen bataboak uretara jauzi egin eta, igerian trebeak zirela erakustearren, urak arrastatu eta batzuk ito egin ziren. Zesar kanpamentua egiten ari zela, angribarioen defekzioa iragartzen da atzealdean; berbertan, Estertinio zaldi eta tropa arinekin bidali eta desleialkeria sutan eta odoletan zigortu zuen.

9.    Bisurgi ibaia erromatarren eta keruskoen artean zihoan. Ibaiertzean, Arminio eta beste jaun gorenak aurkeztu ziren eta, ea Zesar etorria zen galdeturik, hantxe zegoela erantzun ziotenean, anaiarekin hitz egiten uzteko eskatu zuen. Hau Flabo ezizenez zegoen armadan; leialtasunagatik ezaguna zen eta, zauri bat bide, urte gutxi lehenago, begia galdu zuen, Tiberioren agindupean. Orduan, baimenarekin aurreratzean, Arminio agurtzen du, zeinak, eskolta urrundurik, gure ibaiertzean kokaturiko arkulariak erretiratzeko eskatzen duen; hauek apartaturik, aurpegiko akatsa nondik zetorkion galdetzen dio anaiari. Hark tokiaren eta gatazkaren berri emanik, zer sari jaso zuen galdetzen dio. Flabok soldata igoera, torkea eta koroa eta beste zenbait sari militar aipatzen dio. Arminiok barre egiten du esklabotza-prezio ziztrin horretaz.

10. Orduan, eztabaidan hasten dira. Batak goratuz erromatarren handitasuna, Zesarren ahala eta galtzaileei zetozkien zigor latzak, eta borondatez entregatzen zenarentzat gertu zegoen errukitasuna; haren emazte eta semeak ere ez ei dute etsai traturik hartzen. Besteak aberriarekiko eginkizun sakratua aipatzen dio, behinolako askatasuna, Germaniako betiko jainkoak, euren ama, zeina bere erregukide duen, inguruko eta ahaideen, hitz batez, bere herriaren, desertore eta traidore izatea buruzagi izatea baino nahiago izan ez dezan. Astiro-astiro, hortik irainetara pasaturik, erditik zihoan ibaiak ere ez zuen haiek borrokan trabatzerik eragotziko, Estertiniok iritsi eta armak eta zaldia eskatzen zuen Flaboren haserrea baretu ez balu. Aurrean Arminio mehatxuka eta borroka nahian ageri zen, bere gaizki-esanetan, latinezko hitz asko nahasten zuela, erromatar kanpamentuetan haien buru ibilia baitzen.

11.  Biharamunean, germaniar armada Bisurgiren beste aldean hedatu zen. Zesarrek, ez zubi, ez babes, legioak arriskuratzea ez zela buruzagiari zegokiona pentsaturik, zaldiak ibi batetik pasarazi zituen. Agintea Estertiniori eta Emilio izeneko primipilar bati eman zioten, eta hauek elkarrengandik urrun bestalderatu ziren, etsaia zatitzeko. Bataboen buruzagi Kariobalda ibaia bizkorrago zihoan aldetik oldartu zen. Keruskoek, ihes plantan, sastrakaz beteriko lautadara erakarri zuten; gero, irten eta alde guztietatik hedaturik, eustaileak atzera botatzen dituzte, erretiran doazenak jazartzen, eta biribilean batu zirenei gorputzez gorputz erasotzen, beste batzuek urrundik esesten dieten bitartean. Kariobaldak, etsaiaren eraso gogorrari luzaro eutsi ondoren, bereak adoretu zituen, masan erasoz, gainera zetozen formazioak puska zitzaten; bera trinkoenei jarkirik, azkon zaparradan erortzen da, zaldi zaurituarekin, eta inguruan hainbat batabo goren; besteak euren kemenak edo Estertinio eta Emilioren zaldien laguntzak salbatu zituen arriskutik.

12.  Zesarrek, Bisurgi gurutzaturik, iheslari baten bitartez jakin zuen Arminiok non hautatua zuen borroka zelaia; jakin zuen, halaber, beste herri batzuk ere Herkulesi eskainitako oihanean bildu zirela eta kanpamenduari gauez erasotzen saiatuko zirela. Berriemaileari sinestu egin zioten: izan ere, suak ikusten ziren eta, aurreko esploratzaileek ziotenez, zaldi irrintziak eta armada eskerga eta gaizki antolatu haren marmarra entzuten ziren. Beraz, gainean zen ekintza erabakigarri baten aurrean, soldaduak adoretu nahirik, pentsaketan ari zen nola era segurrean egin. Ohiki, tribunoek eta zenturioiek, egiaztatu zutena barik, gauza atseginen berri ematen zioten; libertoek zurikeriara eta lagunek adulaziora jotzen zuten; bilera deitzen bazuen, han ere bakan batzuek esaten hasitakoa txalotzen zuten gainerakoek. Benetan zer pentsatzen zuten otorduetan jakin zitekeen, bakarrean eta zaintza gabe, itxaropena edo beldurra adierazten zutenean.

13.  Gaututakoan, alde ezkutu eta zaintzaleentzat ezezagunetik, gizon bakarrak lagundurik eta bizkarra piztia larruz estalirik, auguraletik irten, kanpamentuko kaleetan zehar abiatu, denda ondoetan kokatu eta bere ospeaz gozatu zen: batzuek jeneralaren nobletasuna goraipatzen zuten, beste batzuek jasa, gehienek eroapena, adeia, aldarte bera gauza serioetan zein jolasean; borrokan duinki erantzun behar ei zitzaion eta, aldi berean, bakearen bortxatzaile gaizto haiek mendekura eta aintzara sakrifikatu. Hartan, latinez zekien etsaietariko batek, zaldian hesiraino hurreraturik, Arminioren izenean, euren aldera pasatzen direnei emakumeak eta lurrak eta, gerrak diraueno, egunean ehun sestertzioko soldata agintzen dizkie. Laido hark legioen haserrea sumindu egin zuen: iritsiko zen eguna, borrokatuko ziren; soldaduak germaniarren lurrez jabetuko ziren, eta emazteak kenduko zizkieten; onartzen zuten augurioa, germaniarren emazte eta diruak harrapakintzat jorik. Hirugarren gauan-edo, germaniarrak kanpamentuaren aurka oldartzen dira, baina azkonik tiratu gabe, gotorlekuak kohorte ugariz babesturik zeudela eta ezer ez zegoela ahazturik ohartutakoan.

14.  Gau hark berak Germanikori onezko ametsa ekarri zion: bere burua sakrifizioa eskaintzen ikusi zuen eta, toga pretestoa odolez lohitu zitzaiolarik, beste bat ederragoa hartzen zuen amama Augustarengandik. Presagioak kemendurik eta auspizioak bat etorririk, bilerara deitu eta bere jakinduriak borroka hurbilaz aholkatu ziona azaltzen du: erromatar soldaduentzat ez zirela lautadak bakarrik gudu-zelai onak, baizik baita, taktikaz jokatzen bazen, oihanak eta txarakak ere; barbaroen ezkututzarrak eta lantza handiegiak ezin zirela zuhaitz artean eta baso txikian maneiatu, gorputzera itsatsitako gezi eta ezpata eta armadurak bezala. Kolpeak ugaldu behar zituzten, puntarekin aurpegiak bilatu; germaniarrek ez zeramaten lorigarik, ez kaskorik, burdinaz eta larruz sendoturiko ezkuturik, baizik zumitzezko txirikordak edo kolorezko ohol arinak; bazen ere, lehen lerroak bakarrik zeukan lantzarik; besteek sutan zorrozturiko pikak edo azkon laburrak. Gainera, haien gorputza beldurgarria eta, borroka laburrerako, sendoa bazen ere, ez zeukaten zauriekiko batere euspenik; doilorkeriaz lotsatu gabe, buruzagiekiko ardura gabe ihes egiten zuten, txarrean lurjorik, eta onean, ez jainko, ez giza legerik begiratu gabe. Ibileraz eta itsasoz nekaturik, amaia nahi bazuten, borroka honetantxe lor zezaketen: Elba Rhin baino hurrago zegoen, eta harago ez zen gerrarik izango; besterik ez zien eskatzen bera, aitaren eta osabaren oinatzetan zihoana, lur beretan garaile ezar zezaten baino.

15.  Buruzagiaren mintzaldiari soldaduen berotasunak jarraitu zion eta eraso agindua eman zen. Arminiok eta gainerako germaniar gorenek ez zuten bakoitzak bereen artean argitu gabe uzten erromatar haiek Baroren armadako desertorerik bizkorrenak zirela, gerrarik ez jasatearren, sediziora jo zutenak; batzuek bizkarrak zauriz josita ei zeuzkaten, beste batzuk olatuek eta ekaitzek haustutako gorputz-adarrak jarkitzera ei zetozen, inolako arrakasta itxaropen gabe, gorrotoz beteriko etsaiei eta jainko aurkakoei; flota garraiora jo behar izan ei zuten, ozeanoko bakardadeetan zehar, inor bidean ez aurkitzearren eta ihesean erasoak izatea ekiditearren; baina gorputzez gorputzera iritsitakoan, bentzuturik, alferrik izango ei ziren haizea eta arraunak. Gogora zezatela, soilik, haien gutizia, ankerkeria, harrokeria: ba al zuten askatasunari atxikitzeaz edo esklabo izan aurretik hiltzeaz beste biderik?

16.  Halaxe suturik eta borroka eske, Idistabiso izeneko zelaira daramatzate. Bisurgi eta muino batzuen artean dago bera; ibaiertzak erretiratzen edo tontorrek mugatzen duten arabera, desberdinki malkartzen da. Bizkarrean, zuhaitz luzezko oihana eta tartean lur soila dago, eta hedatze barbaroak zelaia eta oihan ertza hartu zuen; goietan keruskoak bakarrik jarri ziren, erromatarren gainera oldartzeko, hauek borrokan zihardutela. Gure armadak honela aurrera egin zuen: aurretik, galiar eta germaniar laguntzaileak; hauen atzetik, oinezko arkulariak; jarraian, lau legio eta Zesar, pretoriar kohorte birekin eta zaldi hautatuekin; ondoren, beste hainbat legio eta tropa arinak, zaldizko arkulari eta gainerako aliatuen kohorteekin. Soldaduak adi eta gertu zeuden, martxa-zutabetik eraso-ordenara igarotzeko.

17.  Kerusko aldrak suharraren suharrez oldartuak zirela ikusirik, zaldirik indartsuenei hegaletik erasotzeko agintzen die, eta Estertiniori, gainerako eskuadroiekin inguratu eta atzetik erasotzeko, bera une egokian sartzeko zain zela. Bitartean, auguriorik ederrena, zortzi arrano oihanerantz hegatzen eta bertan sartzen ikusi zituen jeneralak. Abiatzeko hots egiten du, jarraitzeko erromatar hegaztiei, legioen numen bereziei. Bat-batean, infanteriak aurrera egiten du, aurretik bidalitako zaldieriak atzeari eta hegalei erasotzen zien bitartean. Gertaera bitxia, armada bi kontrako norabideetan lasterka: oihana zeukatenek agerirantz korritzen zuten, eta zelaian kokatuek oihanerantz. Batzuen eta besteen artean, keruskoak, muinoetatik jaurtitzen zituztenak, zeintzuen artetik gailendurik, Arminiok eskuz, ahoz, zauriz eusten baitzion borrokari. Bazihoan arkularien gainera oldartzera, handik apurtzeko, eta hara erretoen, bindelikoen eta galiarren kohorteek banderak harantz zuzentzen dituztela. Hala ere, eginahalean eta zaldiaren kemenez, pasatu egin zen, aurpegia bere odolez igurtzirik, ezagutu ez zezaten. Batzuek diote erromatar laguntzaileen artean zebiltzan kaukoek ezagutu zutela eta pasatzen utzi ziotela. Kemen edo iruzur berak utzi zion Ingiomerori ere ihes egiten. Gainerakoak erreskan hil zituzten; Bisurgi igerian bestalderatzen saiatu ziren gehienak azkonek edo uraren indarrak, baita ihesi zihoazenen samalda nahasiak eta ibaiertzetako lurjausiek ere, hondatu zituzten. Zuihaitzetara igo eta adar artean ezkutaturik, ihesbide lotsagarria bilatu zuten batzuk geziztatuak izan ziren, hartarako ekarritako arkularien isekaz; beste batzuek zuhaitzak jaustean jo zuten lurra.

18.  Garaipen handia eta ia odolgabea izan zen guretzat hura. Egunaren bosgarren ordutik gauera arte iraun zuen sarraskian eroritako etsaien hilotzek eta armek hamar milia estaltzen zituzten. Hondakinen artean, gatazkaren arrakastaz hain ziur, erromatarrentzat prest eramaniko kateak aurkitu ziren. Soldaduek, gudulekuan, Tiberio enperadorea agurtu zuten, eta, lubeta bat eginik, gainean, trofeo legez, armak ezarri zituzten, menperatutako herrien izenak azpian idatzita.

19.  Gemaniarrei zauriek, nahigabeek, triskantzek ez zieten ikuskizun hark besteko minik eta suminik eragin. Lehentxoago lurrak utzi eta Elbaz harago erretiratzekotan zirenek borrokatzea erabaki eta armei heltzen diete. Populu eta gizon goren, gazte eta zahar, bat-batean erromatar zutabearen gainera oldartzen dira, nahasmena eraginez. Azkenean, ibaiak eta oihanek inguraturiko leku bat hautatzen dute, erdian lautada meharra eta hezea zeukana. Oihanek ere zingira sakonak zeuzkaten inguruan, baina angribarioek hegaletariko bat jaso zuten, keruskoengandik bereizteko. Infanteria hantxe kokatu zen; zaldizkoak inguruko oihanetan ezkutatu ziren, legioak sartzean, haien bizkarrean egoteko.

20.  Halako ezer ez zitzaion Zesarri oharkabean joan: etsaiaren asmo, kokapen eta ekintza ageri edo izkutuak jakin zituen eta haien maltzurkeria euren galbide bihurtu nahi zuen. Zaldieria eta lautada Seio Tuberon legatuaren ardurapean jarri zituen. Infanteriaren hedapena antolatu zuen, parte bata oihanaren barrenetik sartzeko eta bestea lubetaren asaltora igotzeko moduan. Alde laua tokatu zitzaienek bidea aisa ireki zuten; lubeta asaltatu behar zutenak, murruaren oinetan lez, goitik larriki erasoak ziren. Hurbileko borroka desberdina zela ohartu zen jenerala, eta, legioak apur bat erretiraturik, habailariei eta artilleroei azkonak jaurtitzeko eta etsaia desegiteko agintzen zien; makinek pikak bota zituzten, eta, zenbat eta defendatzaileengandik hurrago, hainbat gehiago jausten ziren zauriturik. Lubetaz jabeturik, Zesar pretoriar kohorteen buru oldartu zen oihanen aurka; han gorputzez gorputz borrokatu ziren. Etsaiak atzean zingira zeukan, erromatarrek ibaia edo mendiak: batzuek eta besteek hantxe behar zuten, itxaropena kemenean, salbamena garaipenean zutela.

21.  Germaniarren gogoa ez zen txikiagoa, baina, borroka motagatik eta armengatik, gutxiago ziren, zeren jendetza eskerga hark, hain leku estuan, ezin baitzuen pika luzeegirik maneiatu, ez erretiratu, ez saltoka eraso, azkartasunaz baliatuz, borroka egonkorrera beharturik. Gure soldaduek, ostera, ezkutua paparrean itsatsirik eta eskua ezpatan tinko, barbaroen gorputz erraldoiak eta aurpegi babesgabeak zauritzen zituzten, eta bidea etsaiak hilez irekitzen zuten. Arminio jadanik geldo zebilen etengabeko arriskuz, edo oraintsu izandako zauri hark makaltzen zuelako. Formazioan hara-hona lasterka ziharduen Ingiomero ere kemenak baino zoriak gehiago abandonatzen zuen. Germanikok, hobeto ezagutua izateko, kaskoa kendua zuen eta hilketari ez uzteko eskatzen zien: prisionerorik ez egiteko; jende haren suntsipenak bakarrik buka zezakeela gerra. Eta, ilunabarrean, legio bat borrokatik ateratzen du, kanpamentua ezartzeko. Besteak etsaien odolez ase ziren, gautu arte. Zaldiek erdizkako emaitza lortu zuten.

22.  Garaileak bileran zoriondu ondoren, Zesarrek armak garaikur legez pilatu zituen, inskripzio harro batean zioela ezen, Rhin eta Elba bitarteko nazioak menperaturik, Tiberio Zesarren armadak monumentu hura Martitz, Jupiter eta Augustori eskaini ziela. Bere buruagatik ez zuen ezer gehitu, bekaitz beldurrez edo uste zuelako burututako egintzaren kontzientzia nahikoa zela. Gero, Estertiniori agintzen dio gerra angribarioen aurka eramateko, lehenago entregatzen ez badira; baina haiek, erreguka eta ezeri ezetzik esan gabe, zer guztien barkamena hartu zuten.

23.  Uda aurrera zihoanez, legio batzuk, lehorrez, negulekuetara bihurtu zituzten; gehienak Zesarrek ontzietan sartu eta, Amisia ibaian zehar, ozeanora eraman zituen. Lehenengotan, itsaso barean, mila ontziko arraunen palpala eta belen sakada bakarrik zegoen. Gero, hodei multzo beltz batetik txingorra hasi zuen, olatu eroek, nondinahiko haizeek jasorik, ikuspena itotzen eta arraunketa ezinezko egiten zuten bitartean. Soldaduek, izuturik eta itsasoko gorabeheren ezjakin, marinelei traba eginez edo laguntzen oker saiatuz, adituen ahalegina ezerezten zuten. Gero, ortzi guztia eta itsaso guztia austroaren mende gelditu ziren, zeinak, germaniar lur hezeetatik eta ibai sakonetatik harako hodei multzo izugarri baten sakadak indarturik eta ipar hotz hurbilak sumindurik, ontziak arrastatu eta itsaso zabalean barreiatu zituen, edo labar malkar edo hondar-pila ezkutuengatik arriskutsuak ziren irlen aurka jaurti. Horiek gutxigatik eta ozta saihesturik, olatuak haizeak jotzen zuen norabide bererantz aldatu zirenean, ezin zuten aingurarik bota, ez barrura sartzen zitzaien olaturik atera. Zaldiak, zamariak, ekipajeak, baita armak ere, dena botatzen dute itsasora, ureztatzen eta itsas kolpeek hondatzen ari ziren kroskoak arintzeko.

24.  Zenbat eta ozeanoa beste itsasoak baino bortitzagoa eta Germaniako klima zakarragoa izan, hainbat nabarmenagoa izan zen hondamen hura, berrian eta handian. Gainera, inguruan ez zegoen itsasertz etsaia besterik, edo hain itsaso zabala eta sakona, ezen azkena eta beste aldean lehor gabea dela uste baita. Ontzi batzuk hondatu egin ziren; gehienak irla urrunetara jaurtiak izan ziren, eta soldaduak gosez hil ziren hain leku gizakigabeetan, inguru berean jaurtitako zaldien okelak biziraun zituenak izan ezik. Germanikoren trirremeak bakarrik jo zuen kaukoen lurra; eta haietan gau eta egun guztietan labar eta ertz malkarretan zehar ibili zen, hainbeste triskantzaren errudun bera zela oihuka, lagunek nekez eragozteraino bere burua itsasora jaurti zezan. Azkenik, olatuen norabidea aldaturik eta haizeak lagundurik, ontzi soilduak itzuli ziren, arraunlari urriz eta soinekoak belatzat jasorik, batzuk sendoagoen atoian. Arin konpontzeko agindu eta irlak arakatzera bidali zituen, hala, asko salbatu zirela. Gure babespera berriki onartuak izan ziren angribarioek barrualdeko herrietan erreskataturiko asko eta asko bihurtu zituzten; batzuk Britainiaraino arrastatuak eta erregetxoek bihurtuak izan ziren. Urrunleku haietatik itzuleran, miragarriak kontatzen zituzten: ekaitz txit bortitzak eta hegazti harrigarriak, itsas munstroak, izaki gizapiztiak, ikusitako eta beldurrak ikusarazitako gauzak.

25.  Baina armada galduaren berriak hala indartu zituen germaniarrak gerra itxaropenean, nola Zesar haiei eusten. Gaio Siliori katoen aurka joateko agintzen dio, hogeita hamar mila soldadu oinezkoz eta hiru mila zaldizkoz; bera, tropa handiagoekin, marsoen aurka oldartzen da, zeintzuen buruzagi Malobendok, gure babespean berriki hartuak, adierazten dion nola oihan hurbil batean Baroren legio bateko arranoa ehortzirik dagoen, guardia urri batek zaindurik. Berbertan, etsaia frontera erakartzeko tropa bidalirik, beste batzuek, atzetik sarturik, lurra zulatzen dute. Lan biek arrakasta izan zuten. Horrek animaturik, Zesarrek barrurantz jarraitzen du. Dena deboilatzen eta arpilatzen du, etsaia aurre egiten ausartzeke, edo, eginik, berbertan atzera eraginez, gatibuengandik jakin zenez, inoiz baino beldurtuago baitzeuden. Izan ere, erromatarrak menderaezinak zirela eta haiek abailtzeko zoririk ez zegoela esaten zuten, zeren, flota hondaturik, armak galdurik, itsasertzak zaldi eta giza hilotzez estalirik, kemen berberaz, basakeria berdintsuz eta kopurua handiturik bezala eraso baitzuten.

26.  Orduan, soldaduak negulekuetara itzularazi zituzten, gogo alaiz, itsasoko ezbeharrak espedizio emankorrez kitatu zituztelako. Zesarren eskuzabaltasuna ere izan zen, bakoitzak galdu zuen guztia kalte-ordaintzen zuela. Ez zegoen dudarik etsaia gainbehera eta bake eske hasiko zela, eta, hurrengo udan jarraituz gero, gerra buka zitekeela. Baina Tiberiok, behin eta berriz, gutunez, itzultzeko ziotsan, dekretatu zitzaion garaipenerako: bazen aski arrakasta, aski zori; kanpaina onezkoak eta handiak burutua zen, baina gogoan izan behar zituen haizeek eta olatuek, buruzagiaren erru gabe, jakina, eragin zituzten oker larri eta ankerrak ere; berak, Augusto jainkozkoak bederatzi aldiz Germaniara bidaliak, indarrez baino kalkuluz gehiago egin ei zuen; hala, suganbroak babespean hartu zituen; hala, sueboak eta errege Maraboduo bakean finkatu zituen. Keruskoak eta gainerako herri matxinoak euren arteko liskarretan uztea ere ba ei zegoen, erromatarren mendekua burutua baitzen. Germanikok, bere egitekoa amaitzeko, urtebete gehiago eskatu ziolarik, gogorkiago tentatu zuen haren modestia, Erroman egonda bete beharko zuen bigarren kontsulatua emanik. Baita ziotsan ezen, oraindik gerran jarraitu behar bazen, aukeraren aintza utz ziezaiola Druso anaiari, zeinak, orduan beste etsairik ez izatean, ezingo baitzuen enperadore titulurik lortu, ez erramurik irabazi, Germanian baizik. Germanikok ez zuen zalantzan jarraitu, nahiz eta dena fikzioa zela eta lortua zuen ohorea bekaitzez kentzen ziotela jakin.

27.  Garai berean, Eskriboniotarren familiako Libon Druso berrikeriak prestatzeaz salatzen dute. Auziaren hasiera, garapena eta azkena artaz kontatuko dut, huraxe izan baitzen, hainbeste urtean zehar, errepublika azpijango zuten jokabideen lehen agerpena. Libonen lagun min Firmio Katok, gazte eskarmentugabe eta arinzale harengan, kaldear promesen, errito magikoen eta baita ametsen interpretazioaren ere zaletasuna ezarri zuen, arretarazten zuela Ponpeio aititaz, Augustoren emazte izaniko izeba-amama Eskriboniaz, lehengusu Zesarrez, irudiz beteriko etxeaz; eta luxura eta zorretara sakatzen dio, haren larkeria eta premietan lagun, gero argudio gehiagorekin inplikatzeko.

28.  Gauzen berri zekien nahikoa lekuko eta esklabo aurkitutakoan, printzearekin egotea eskatu zuen, salaketaren eta salatuaren jakitun ipini ondoren, Tiberiorekin harreman estuagoa zeukan Flako Beskulario zaldun erromatarren bitartez. Zesar, salaketarik arbuiatu ez arren, errezibitzeari uko egin zion: Flakoren beraren bitartez jarrai zezakeen informatzen. Bitartean, Libon pretoretzaz goratzen du, otordura gonbidatzen, ez aurpegirik aldatuz, ez hitzetan hunkituz, hain ezkutuan baitzeukan gorrotoa. Haren esate eta egite guztiak eragotz zitzakeen arren, jakitea nahiago zuen, harik eta Junio zelako batek, sorginkeriekin infernuko itzalak agerraraz zitzan Libonek tentatu zuenak, Fultzinio Trioni jakinarazi arte. Trion ospetsua zen salatzaileen artean, maltzurkeriagatik eta difamaziorako gutiziagatik. Berehala salatzen du, kontsulengana jotzen, senatuaren ikerketa eskatzen. Senadoreei deitzen zaie, gai larria eta izugarria izango dutela ohartarazirik.

29.  Bitartean, Libon, doluz jantzirik eta emakume gurenek lagundurik, etxerik etxe zebilen, lagunei arrenka eta arriskutik defenda zezaten erreguka; denek uko egin zioten, aitzakia ezberdinez, baina beldur berdinez. Senatuko ekitaldi egunean, beldurrak eta tristurak janda, edo, batzuek idatzi dutenez, gaixo-buru eginez, kuriako atera literan eraman zezaten egin zuen, eta, anaiak eusten ziola, eskuak eta ahots erregutzailea luzatu zizkion Tiberiori, honek aurpegiko zirkinik gabe abegituz. Gero, Zesarrek salapenak eta salatzaileak irakurtzen ditu, hobenak txikitzen, ez handitzen ari zenik ez iruditzeko modu neurtuan.

30.  Salatzaile gisan, Tritoni eta Katori Fonteio Agripa eta Gaio Bibio batu zitzaizkien, eta lehian ziharduten, nork salatuaren aurkako inputazioa egin, harik eta Bibiok, inork ez zuela amore ematen eta Libon defendatzaile gabe agertu zela ikusirik, adierazi zuen arte berak azalduko zituela salaketak banan-banan. Txosten zentzugabea aurkeztu zuen, esanez Libonek aztiei kontsultatu ziela ea Apia Etorbidetik Brundisioraino diruz estaltzeko beste aberastasun inoiz izango ote zuen. Baziren antzeko beste ergelkeria batzuk, oinarri gabeak eta, onenean ere, penagarriak. Salatzaileak, hala ere, argudiatzen zuen, dokumentu batean, Zesarren eta senatarien izenei buruzko ohar makurrak eta misteriotsuak zeudela, Libonen eskuz idatziak. Erruztatuak ukatzean, hura ezagutzen zutela aitortzen zuten esklaboak tormentu bidez itaunkatzea pentsatu zuten; eta, senatuaren antzinako dekretuaren arabera, ugazabaren burua tarteko zenean, halako ikerketa debekatua zenez, Tiberio maltzurrak, zuzenbide berria asmaturik, agente publiko bati salduak izan daitezen agintzen du, esklaboengan Libonen aurkako lekukotzak bila zitezen, senatuaren dekretua salbo utzirik. Horretan zirela, erruztatuak biharamunera arteko atzerapena eskatu zuen eta, etxera joanik, bere ahaide Publio Kiriniori printzearentzako azken erreguak bidali zizkion.

31.  Erreguok senatuan egiteko erantzun zion. Bitartean, etxea soldaduek inguratu zuten; zalaparta ere ateratzen zuten atartean, entzuteko eta ikusteko moduan. Orduan, Libonek, azken atsegintzat antolatutako oturuntzak berak oinazeturik, azken zartada eskatuz, esklaboen eskuak estutuz, ezpata harrarazi nahi die. Haiek, izuturik, ihesian, mahai gaineko argia botatzen dute eta Libonek, beretzat jadanik heriozkoa zen ilunpean, bere erraiak birritan sastatu zituen. Jausten ari zenaren auhenetara, libertoak agertu ziren, eta, heriotza ikusirik, soldaduek alde egin zuten. Senatuan, ostera, salaketak zorroztasun berberaz jo zuen aurrera, eta Tiberiok zin egin zuen, erruduntzat jorik ere, bizi zedin eskatuko zuela, hark bere gogoz heriotzera jo ez balu.

32.  Ondasunak salatzaileen artean banatzen dituzte, eta senatore maila zeukatenei pretoretza bereziak eman zitzaizkien. Orduan, Kotta Mesalinok proposatu zuen Libonen irudiak ez zezala ondorengoen hiletarik lagundu, eta Gneo Lentulok, ezein Eskriboniok ez zezala Drusoren deiturarik eraman. Ponponio Flakoren mozioz, erregu-egunak erabaki ziren, baita opariak ere Jupiter, Martitz eta Konkordiari; eta, aldi berean, irailaren hamahirua, Libonek bere burua hil zuena, jai egun izan zedila, Luzio Planko, Asinio Galo, Papio Mutilo eta Luzio Apronioren ekimenez. Haien mozioak eta zurikeriak kontatu ditut, gaitz hori errepublikan aspaldikoa dela jakin dadin. Baita izan ziren senatuaren dekretuak ere, astrologoak eta magoak Italiatik bidal zitzaten, euretariko bat, Luzio Pituanio, haitzean behera amildu zutelarik; eta Publio Martzio kontsulek eurek, Eskilina ateaz kanpoan, tronpeta jotzeko agindurik, era zaharrean hil zuten.

33.  Hurrengo ekitaldian, Kinto Halterio kontsul ohiak eta Oktabio Fronton pretore ohiak salapen gogorra egin zuten hiriko luxuaren aurka. Urre trinkozko tresnarik ez egiteko eta gizonen jantzirik zetaz ez desohoratzeko agindu zen. Frontonek, harago jorik, zilar, altzari eta esklaboen muga eskatu zuen; senatariek, izan ere, txanda zegokienean, oraindik maiz adieraz zezaketen errepublikaren alde zer uste zuten. Galo Asinio aurka mintzatu zen: inperioa handitzean, ondasun pribatuek ere gora egin zuten eta hori ez zen berria, aspaldiko ohitura baizik; ez ziren berdinak Fabriziotarren eta Eszipiondarren edukiak; eta dena errepublikari zor zitzaion: hau pobrea zenean, hiritarrak etxe estuetan hartzen zituen, eta, aberastasun maila hartara iritsitakoan, bakoitza ere handitzen zen. Esklabo, zilar eta ohiko zeretan, gutxi-askoa jabearen fortunaren gorabeheran zegoen. Senatarien eta zaldunen zentsoa ezberdina zen, ez berez ezberdinak zirelako, baizik, haiek lekuz, mailaz, duintasunez aurrerago zeuden bezala, halaxe zelako gogoaren atsedenerako edo gorputzaren osasunerako lortzen diren gauzetan; baldin, jakina, goikoek, ardura gehiagori eta arrisku handiagoei heldu behar izanik, ardurok eta arriskuok arintzeko bitartekoak behar ez bazituzten. Galoren hitz goragarrietan zetorren bizioen aitortzak aisa bereganatu zuen jende berdinez osaturiko entzuleria. Tiberiok ere gaineratu zuen ez zela zentsura garaia eta, ohiturak zerbait laxotzen baziren, ez zela nork zuzendurik faltako.

34.  Hartan, Luzio Pisonek, foroko trikimainei, justiziaren ustelmenari eta salaketa etengabez mehatxuka zebiltzan abokatuen gogorkeriari erasoz, abiatu eta hiritik alde egingo zuela adierazi zuen, baserri urrun eta ezkuturen batean bizitzera; eta, berbertan, kuriatik irten egin zen. Tiberio aztoratu zen eta, Pison hitz adeikorrez baretzen ahalegindu ondoren, bere ingurukoak mugiarazi zituen, euren autoritatez edo erreguz, bazihoana geldiaraz zezaten. Pisonek berak ez zuen, laster, gizon librearen haserre-erakutsi txikiagoa eman, Urgulania, Augustarekiko adiskidantzak legeen gainetik jaso zuena, auziperatuz. Ez Urgulaniak men egin zuen, Pison arbuiaturik, Zesarren etxera eraman zezaten eginez, ez honek atzera egin zuen, Augusta kexatu arte, bera iraintzen eta txikitzen ari zirela. Tiberiok amaren gustua egitea pretorearen auzitegira joango zela eta Urgulaniari lagunduko ziola esateraino bakarrik jo zuen zibiltzat eta jauregitik irten zen, soldaduei agindurik urrundik segi ziezaioten. Jendea hura pasatzen ikustera batzen zen, aurpegikera egokiz eta denbora eta bidea zenbait berriketaz luzatzen zuela, harik eta, Pisonen ingurukoek ezin ziotela eutsi ikusirik, Augustak eskatutako kopurua ordaintzeko agindu arte. Halaxe amaitu zen auzia, nondik Pison ez aintzagabeago, eta Tiberio ospe handiagoz irten zen. Bestela, Urgulaniaren ahala hiriaren aurrean hain gehiegizkoa zen, ez en, senatura auzi batean lekukotzat deitua izanik, agertzeari uko egin baitzion; pretorea etxera bidali behar izan zioten galdetzaile, nahiz eta antzinako ohitura izan birjina bestalei eurei ere foroan eta auzitegian entzutea, lekukotza eman behar zuten guztian.

35.  Urte hartako opor batzuez deusik ez nerrake, Gneo Pisonen eta Asinio Galoren gaiari buruzko iritzi ezberdinak jakitea on ez balitz. Pisonek, nahiz eta Zesarrek kanpoan izateko asmoa iragarria zuen, defendatzen zuen are arrazoi gehiagoz jarraitu behar zirela bilkurak, errepublikarentzat ohore izango ei baitzen senatua eta zaldunak, printzearen ausentzian, euren egitekoetan jarraitzeko gai izatea. Askatasun itxuran Pisonek aurrea hartu zionez gero, Galok zioen ez zegoela ezer aski gurenik eta erromatar herriaren duinik egiterik, Zesarren aurrean eta begietan ez bazen, eta, horregatik, Italiako osoko bilkura eta probintzietako biltzarra haren itzulerarako gorde behar zirela. Tiberiok hori guztia eta ondorengo eztabaida bizia isilik entzun zituen, baina auzia atzeratu egin zen.

36.  Galok Zesarrekiko eztabaida ere atera zuen, proposatu baitzuen magistratuen hauteskundeak bost urterako izan zitezela, legioetako legatuak, aginte militar hori pretoretzaren aurretik erabili ohi zutenak, orduxetik bertatik onartuak izan zitezela, eta printzeak urte bakoitzerako hamabi hautagai izenda zitzala. Ez zegoen dudarik proposamenak sakon jotzen zuela eta aginte asmo ezkutuak zituela. Tiberiok, ostera, bere ahala handitua bailitzan, argudiatu zuen bere modestiarentzat zama handiegia zela hainbeste hautatzea, hainbeste baztertuz. Ezin izango ei zuen urtero norbait mintzerik ekidin, hurrengoaren itxaropenak porrota leun bazezakeen ere. Zenbat handiagoa ez zen izango, bost urte geroago arte, baztertuak izan zirenen erresumina? Nola kalkula zitezkeen bakoitzaren asmo, etxe, fortuna aldatzeak, hain denbora tarte luzean? Urteroko izendapenekin ere jendea harrotzen bazen, zer gertatuko zen bost urteko ohoreak hartzen bazituzten? Gainera, horrek magistraturak bosbidertzea zekarkeen, eta legeak iraultzea, zeintzuetan ezarrita zegoen hautagaiek zenbat denbora eduki, karguetara lehiatzeko, edo jabetzeko jardunean ekiteko. Azkenean, mintzaldi itxuran etorkorrez, agintearen indarrari eutsi zion.

37.  Senatari batzuen errentak ere jaso zituen. Horregatik, harrigarriago gertatu zen nolako gailenkeriaz hartu zituen Marko Hortaloren, txirotasun argian zegoen gazte noblearen erreguak. Hortentsio oradorearen birloba zen, eta Augusto jainkozkoak, milioi bat sestertzioko eskuzabaltasunez, emaztea hartzera eta umeak sortzera behartu zuen, familia txit ospetsu hura iraungi ez zedin. Hala, orduan senatua batu zen jauregiko ate aurrean, lau seme-alabak zutik, txanda heltzean, behin oradoreenen artean zegoen Hortentsioren estatuari, behin Augustorenari begira, honela hizketan hasi zen: «Senatariok, euren adin samurra eta kopurua zeuek ikus dezakezuen haurrok ez nituen neure gogoz ekarri, printzearen aholkuz baizik, eta nire aurrekoek ere ondorengoak izatea merezi zutelako. Zeren nik, ez aberastasunik, ez entzuterik, ez gure etxearen berezko den etorririk hartzerik, ez, garaien lokatasunagatik, jiratzerik lortu ez nuen honek, baneukan nahikoa, nire ondasunen urria ez baitzen neure lotsagarri, ez besteen zamagarri. Enperadoreak agindurik, emaztea hartu nuen. Horra hor hainbeste kontsulen, hainbeste diktadoreren jatorria eta leinua! Hau guztia ez dut kontatzen bekaitza irabazteko, errukia baizik. Zure loraldian, Zesar, zeuk emaniko ohoreak hartuko dituzte. Bitartean, Kinto Hortentsioren birbilobak, izatea Augusto jainkozkoari zor diotenak, defenda itzazu miseriatik».

38.  Senatuaren etorkortasuna kinada bat izan zen, Tiberio irmoago uka zedin, honelatsu mintzatuz: «Diren pobre guztiak hona etorri eta euren umeentzat diru eske hasten badira, inoiz ez dugu bakoitza aseko, eta errepublika larri aurkituko da. Eta, noski, gure aurrekoek ez zuten inoiz baimendu, gai ordenatik irten eta norbere txandan, denen ona negozio pribatuak eta on partikularrak faboratzera daramaten mozioak aurkezterik, senatuaren edo printzeen aurkako haserreak sortuz, baiezkoa zein ezezkoa ematen dutela. Ez baita erregua, erreklamazioa baizik, ezgaraian eta ezustean bera, senatariek beste gai batzuez dihardutela, zutitu eta, norbere seme-alaben kopuruaz eta adinaz, senatuaren zentzunari sakatzea, niregan indar egin eta, nolabait esanda, erarioaren sarraila hausteko, zeina eskuzabaltasunez agortuz gero, krimenez hornitu beharko dugun. Augusto jainkozkoak dirua eman zizun, Hortalo, baina ez inork eskaturik, eta beti eman diezazuten baldintza gabe. Gainera, bakoitzaren ahalegina laxotuko eta nagikeria zabalduko litzateke, inork ez badu bere beldur edo itxaropenik bere kabuz askatzen, eta, denak lasai badaude, inoren laguntzaren zain, eurentzat alferrak eta guretzat zama lirateke». Printzeek diotena, zuzena zein okerra, goratzeko ohitura daukatenek hauek eta antzekoak baiezka entzun arren, gehienek isilean eta marmar izkutuan hartu zituzten. Tiberio ohartu zen eta, une batez isilik egon ondoren, Hortalori jadanik erantzun ziola erantsi zuen; bestela, senatariek bazeritzoten, haren ume mutilezkoei berrehun bana mila sestertzio emango zizkiela. Besteek eskerrak eman zizkioten; Hortalo isilik geratu zen, beldurrez, beharbada, edo areago, beharbada, ondasunen urrian, bere aititen nobleziaren gomuta gordetzen zuelako. Eta, aurrerantzean, Tiberio ez zen hartaz berriro errukitu, Hortentsioren etxea miseria lotsagarrian jausi bazen ere.

39.  Urte hartan bertan, zer eta esklabo baten ausarkeria, garaiz aurrea hartu ez balitzaio, errepublikari liskarrak eta gerra zibilak ekartzear egon zen. Klemente izeneko Agripa Postumoren jopu bati, Augustoren azkenaren berri jakin zenean, jopu gogoari inondik ere ez dagokion moduan, Planasia irlara iristea eta Agripa, indarrez edo iruzurrez bahiturik, Germaniako armadetara eramatea bururatu zitzaion. Saiakera hura zama ontziaren geldotasunak eragotzi zuen; bitartean, plan handiago eta eroagoaren arabera, Agriparen hilketa burutua zenez gero, errautsak ostu eta Kosa Etruriako tontorrera jo zuen, non toki ezezagunean ostendu zen, ile-bizarrak hazi arte, adinez eta gorpuzkeraz ez baitzen ugazabaren hain ezberdina. Orduan, laguntzaile egoki eta sekretukideen bitartez, Agripa bizirik dagoen gezurra zabaltzen du, lehenik isil solasetan, zer debekatuen erara, eta gero, zurrumurru lanbroz, ezjakinen belarri gertuetara, azkenik, nahasleei eta, horrexegatik, gatazkazaleei, ekiteko. Gaututakoan, bera hurbiltzen zen herrietara, baina bere burua argi ikusten utzi gabe eta leku beretan luzaroegi geratu gabe; ostera, egia argitan eta denborarekin, eta gezurrak azkartasunean eta zalantzan nagusitzen direnez, bere ospea atzetik uzten edo aurretik joan zekion saiatzen zen.

40.  Bitartean, Italian zurrumurrua zabaldu zen, Agripa, jainkoen graziaz, salbatu egin zela, eta Erroman sinestu egiten zuten. Klemente, Ostian lehorreratu zenean, jendetza izugarriak eta, jadanik hirian, isil batzarrek abegitu zuten; Tiberiok, dilema larrian, ez zekien bere esklaboa soldaduen indarrez txikitu behar zuen, ala sineskotasun hutsala denborak berak ezaba zezan utzi. Behin pentsatzen zuen ez zegoela etsai txikirik, behin, beldur-lotsen artean dilindan, ez zela denagatik ikaratu behar. Azkenik, auzia Salustio Krisporen esku uzten du, zeinak, bere menpeko bi hautaturik, –batzuek diotenez, soldaduak ei ziren–, agintzen baitie Klementerengana hurreratu eta, haren alde baileuden, dirua eskaini eta leialtasuna eta arriskatzeko gogoa promes egiteko. Agindu bezalaxe egiten dute. Gero, babes gabe zegoen gau bat hautatu eta, tropa egokia harturik, atxilotu eta bozaturik arrastatu zuten jauregira. Tiberiok galdetzean nola Agripa bilakatu zen, erantzun ei zuen: «Zeu Zesar bilakatu zinen moduan». Ez zuten lortu konplizeak sala zitzan. Tiberiok, haren zigor publikora ez ausarturik, jauregiko bazterleku batean hiltzeko eta gorpua ezkutuan ateratzeko agindu zuen. Eta, printzearen etxeko askok eta zaldunek eta senatariek diruz babestu eta aholkuz lagundu ziotela esaten bazen ere, ez zen ezer ikertu.

41.  Urtearen azkenean, Saturnoren tenpluaren ondoan, arku bat eraiki zen, Germanikoren agindupean eta itzalpean, Baroren bandera galduak berreskuratu izana ospatzeko, baita Fortis Fortunaren tenplua ere, Tiber ondoan, Zesar diktadoreak Erromako Herriari utzi zion baratzean; berdin santutegi bat Juliar familiari, eta Augusto jainkozkoaren estatua bat Bobilasen. Gaio Zelio eta Luzio Ponponio kontsulak zirela, maiatzaren hogeita seian, Germaniko Zesarrek keruskoen eta katoen eta angribarioen eta Elbaz handik bizi diren gainerako herrien aurkako garaipena ospatu zuen. Hondakinak, gatibuak eta mendi, ibai eta gerra irudiak desfilarazi zituzten; gerra, amaitzea debekatu zitzaionez gero, amaitutzat ematen zen. Ikuskizunari handitasun berezia ematen zioten haren itxura gailenak eta bost seme-alabez zamaturiko gurdiak. Baina azpian bazen beldur ezkutu bat, pentsatzen baitzen haren aita Drusori herriaren faborea ez zitzaiola emankor gertatu, eta osaba Martzelo heriotzak gazte-gazte kendu ziola populuaren berotasun sutsuari; erromatar herriaren maitasun labur eta dohakabeak.

42.  Bestela, Tiberiok populuari, Germanikoren izenean, hiruehun bana sestertzio eman zizkion, eta bere burua haren kontsulkide izendatu zuen. Horrekin ez baitzuen lortu benetan maite zuela sinestarazterik, gazteaz libratzea pentsatu zuen ohoratze itxuran, eta, hartarako, motiboak bilbatu edo zoriak eskaini zizkion beste batzuei heldu zien. Arkelao erregeak berrogeita hamar urte lehenagotik agintzen zuen Kapadozian; Tiberiok begi txarra zion, Rodasen zegoela, ez baitzuen berarekiko ohore keinurik bat ere izan. Eta Arkelaok ez zituen ohoreok harrokeriaz omititu, Augustoren zenbait intimoren aholkuz baizik, zeren, Gaio Zesar orduan onenean eta Ekialdeko gauzak administratzera bidalita zegoela, Tiberioren adiskidantza badaezpadakotzat jotzen baitzen. Zesarren leinua desagerturik, inperioa eskuratu zuenean, Arkelao erakarri zuen, amaren gutun baten bitartez, zeinean, semeaganako erresumin disimulatu gabeekin, klementzia eskaintzen baitzion, eskatzera etortzen bazen. Hura, iruzurraren ezjakitun, edo, ulertzen zuela sinesten bazuten, indarraren beldur, arin dator hirira. Printzeak mingoski hartua eta senatuan berehala salatua izanik, bizia bere kabuz edo patuz amaitu zitzaion, ez egin zizkioten salaketa faltsuengatik, baizik larritasunagatik, urteen agorduragatik, eta erregeentzat, berdintasuna ezohikoa bada, ezereztasuna askoz gehiago delako. Erreinua probintzia bihurtu zuten, eta Zesarrek, hango ondasunekin ehungarrenen zerga arin zitekeela adierazi ondoren, erdira jaitsi zuen aurrerantzarako. Garai berean, Komagenako Antioko eta Siziliako Filopator erregeak hilik, nahasteak izan ziren herri horietan, gehienek Erromako inperioa, beste batzuek erregeena nahi zutelako. Bestetik, Siria eta Judeako probintziek, gainzamaturik, zergak txikitzeko eskatzen zuten.

43.  Hala, zer guztiok eta gorago aipatu ditudan Armeniakoak senatuan azaldu zituen, eta Ekialdeko nahasteak konpontzerik ez zegoela, Germanikoren jakinduriaz ez bazen: bera adinez aurrera ei zihoan eta Druso oraindik gazteegia ei zen. Orduan, senatarien dekretuz, itsasoz handiko probintziak Germanikori utzi zizkioten, eta, noranahi zihoala, zotzez edo printzearen delegazioz lortua zutenek baino aginte handiagoa aitortu zioten. Baina Tiberiok Kretiko Silano, afinitatez Germanikorekin batua, Silanoren alaba haren semerik zaharren Neroni agindurik baitzegoen, Siriatik mugiarazi zuen, eta agintea Gneo Pisoni eman zion, izakera bortitzekoa eta onberatasuna zer den ez zekiena berau; barru basatia zeukan, Pison aitarengandik, zeinak, gerra zibilean, Afrikan sortzen ari ziren Zesarren aurkako taldeei sutsuki lagundu baitzien, Brutori eta Kasiori jarraitu baitzion, eta, itzulera eman ziotenean, karguetara jotzeari utzi egin zion, Augustok eskainitako kontsulatua onartzera konbentzitu zuten arte. Baina, aitarengandiko urguiluaz gainera, emazte Plantzinaren nobletasunak eta aberastasunak ere berotzen zuten Pison; Tiberioren aurrean nekez amore ematen zuen, eta haren semeei goitik begiratzen zien. Ez zeukan dudarik Germanikoren itxaropena moztearren hautatu zuela Siriarako. Batzuek ziotenez, Tiberioren agindu sekretuak ere hartu ei zituen. Eta Plantzina, berriz, Augustak eskolatu zuen, Agripina andrezkoen emulazioz jazar zezan. Izan ere, gortea erdibiturik eta desadosturik zegoen, Druso ala Germaniko nor-nahaiago ezkutuan. Tiberiok, bere seme odoleko izanik, Druso maite zuen; Germanikori osabaren gaitzerizkoak besteen onerizkoa ekarri zion, eta, gainera, gehiago zen, amaren jatorri gurenagoagatik, Marko Antonio aitita eta Augusto osaba-aitita baitzituen. Drusok, ostera, Ponponio Atiko izan zuen birraitita, erromatar zaldun soila, zeinaren irudiak apal ematen baitzuen Klaudiotarren artean. Germanikoren emazte Agripina ere aurrerago zen ugalkortasunez eta ospez, Drusoren emazte Libia baino. Anaiak euren artean, ostera, itzel konpontzen ziren, ingurukoen liskarretatik at.

44.  Handik laster, Druso Ilirikora bidali zuten, miliziara ohi zedin eta armadaren ederra irabaz zezan. Aldi berean, hiriko luxuan mengeltzen zihoan gaztea kanpamentuan hobeto egongo zela uste zuen Tiberiok, eta bera ere segurrago aurkituko zela seme biak legioburu zirela. Sueboek ere aitzakia ona eskaintzen zuten, keruskoen aurka laguntza eskatuz. Zeren, erromatarrak erretiratzean, kanpo beldurretik libre, euren herriko ohiturari jarrai, baita aintza emulazioz ere orduan, armak elkarren aurka bihurtu baitzituzten. Herrien indarra eta buruzagien kemena parean zeuden; baina Maroboduoren errege izena herriarentzat muzingarri bilakatu zen, Arminio, askatasunaren aldeko borrokagatik, ondo ikusia zen bitartean.

45.  Beraz, keruskoek eta aliatuek, Arminioren antzinako soldaduek, armak hartu zituzten, eta Maroboduoren erreinuko sueboak, semnoiak eta langobardok ere beragana pasatu ziren. Gehikuntza haiekin gailentzen ari zen, baina Ingiomerok bere kliente tropa batekin, Maroboduoren ondora ihes egin zuen, anaiaren seme gazteari ez obeditzeaz beste arrazoi gabe, bera osaba agurea izanik. Gudura abiatzen dira, alde bietarik itxaropen berdintsuz, eta ez, germaniarrek ohi duten bezala, inkurtsio bakan eta gerrilla aldizkakoz; izan ere, gure aurkako gerra luzeak banderak eramatera ohitu zituen, erreserba tropak segurtatzera, jeneralen aginduak obeditzera. Arminiok, zaldian noranahi zihoala, denei erakusten zien askatasun berreskuratua, legio suntsituak, erromatarrei kendutako hondakinak eta armak, askok oraindik eskuan zeramatzanak. Maroboduori iheslari deituz, gudua zer zen ere ez zekiela eta, gero, opariz eta mandatuka, bakea eskatzeko, Hertziniako oihan zuloetan babestu zela esanez, aberriaren traidoretzat eta Zesarren satelitetzat jotzen zuen, zeina Kintilio Baro akabatu zuten amorru berdinez jazarri behar baitzen. Orain, gudu ugari haiek bakarrik gogoratu behar zituzten, zeintzuen emaitzak argi erakusten zuen, azkenean, erromatarrak bidaltzeraino, gerra osoaren irabazlea nor izan zen.

46.  Maroboduo ere ez zen harrokerian eta etsaiaren aurkako laidoetan motz geratzen. Ingiomerori eskutik heldurik, aldarrikatzen zuen pertsona harexengan zegoela keruskoen aintza guztia, harexen aholkuei zor zitzaiela ekintza arrakastatsuen emaitza. Arminiok, zital eta gauzen ezjakin, inoren aintza usurpatzen ei zuen, hiru legio alderrai eta iruzurraren ezjakin zen buruzagia gaiztakeriaz atzeman baitzituen, Germaniaren galera handiz eta bere desohorez, emaztea eta semea haien esklabo zirela. Berak, ostera, Tiberio buru zuten hamabi legiori aurre egin behar izan zienean, germaniarren aintza orbain gabe gorde ei zuen, berdinezko ituna buruturik; eta ez ei zen batere damu, hartarako tropak osorik zituen erromatarren aurkako gerra ala bake odolgabea hautatu ahal izateaz. Aldarri haiekin beroturiko armadak areago kinatzen zituzten motibo partikularrek, keruskoak eta langobardoak aintzinako aintzaren edo oraintsuko askatasunaren alde borrokatzen baitziren; kontrakoek, berriz, euren nagusitasuna handitzearren ziharduten. Ez zen inoiz jendetza handiagoko inkontrurik, ez emaitza dudazkoagorik izan, alde bietan eskuin hegala desegin baitzen; beste gudu bat gainean ikusten zen, Maroboduok kanpamentua muinoetara baztertu ez balu. Hori porrot seinalea izan zen, eta, desertzioek apurka-apurka soildurik, markomanoen artean babestu eta Tiberiori mezulariak bidali zizkion, laguntza eske. Erantzun zioten ez zeukala, keruskoen aurka, erromatar armarik eskatzeko eskubiderik, berak erromatarrei ez ei baitzien inolako laguntzarik eskaini, etsai beraren aurka borrokan aritu zirenean. Hala ere, esan bezala, Druso bidali zuten, bakea bermatzera.

47.  Urte hartan, lurrikarak Asiako hamabi hiri ospetsu suntsitu zituen gauez, honela suntsipena ustekabeago eta larriagoa izanik. Gainera, halako kasuan ohi den salbamenik, landa irekira ihes eginez, ezin izan zen eratu, lur-jausiek leizeak sortzen baitzituzten. Mendi izugarriak desagertu ei ziren, lautada izanak goratzen zirela, eta hondamenean suak distiratzen ei ziren. Sardianoek jasan zuten kalte ezin ankerragoak haienganako erruki handiagoa erakarri zuen, Zesarrek hamar milioi sestertzio agindu eta altxorrera edo fiskora ordaintzen zutena bost urterako barkatzen ziela. Sipiloko magnesiarrak hortxe-hortxe ibili ziren okerrean eta erremedioan. Temno, Filadelfia, Egeas eta Apolonidekoei, eta mosteno edo mazedoniar hirkanoak deituei, baita Hierozesarea, Mirina, Zime eta Tmolokoei ere, tarte berdineko zerga barkatzea eta hondamena pertsonalki ikuskatu eta erremediatuko zuen senatari bat bidaltzea onartu zen. Pretore arteko Marko Ateio hautatu zuten, Asia kontsul baten menpean egonik, berdinen arteko lehiarik eta, hortik, eragozpenik sor ez zedin.

48.  Zesarrek publikoan zeukan eskuzabaltasun bikaina liberaltasun ez gutxiago eskertuarekin handitu zuen. Emilia Musaren, testatzeke hildako andere aberatsaren ondasunak, fiskoak erreklamatu zituenak, bere familiakoa zela zirudien Emilio Lepidori eman zizkion. Pantuleio izeneko erromatar zaldun aberatsaren jaraunspena, bera ere zati jaraunsletzat izendaturik egon arren, Marko Serbiliori utzi zion, bai baitzekien hura testamentu zaharrago eta batere ez susmagarrian izendatua zena. Bien nobleziak diruz lagundu beharrekoa zela adierazi zuen. Eta inoren jaraunspenik ez zuen onartzen, adiskidantzaz irabazia ez bazen. Besteekiko gorrotoak eraginik, printzearen izena aurretik ipintzen zuten ezezagunak arbuiatu egiten zituen. Gainerakoan, erru gabe sufritzen zutenen txirotasun ondradua arindu zuen bezala, xahutzaileak eta bizioengatik gabetu zirenak, Bibidio Barron, Mario Nepote, Apio Apiano, Kornelio Sila eta Kintilio Bitelio, senatutik kendu edo euren kabuz joaten utzi zien.

49.  Garai berean, zaharrak edo suak eraitsitako eta Augusto berreraikitzen hasitako zenbait tenplu dedikatu zuen: Liber eta Libera eta Zeresena, zirku nagusiaren ondoan, Aulo Postumio diktadorearen promesatik sortua; eta, leku berean, Luzio eta Marko Publizio edilek jasotako Florarena, baita Janoren tenplua ere, Gaio Duiliok, armada erromatarra lehenengoz arrakastaz buruzagitu eta kartagoarren aurka itsas garaipena erdietsi zuenak, lekaleen azoka ondoan eraiki zuena. Itxaropenaren tenplua Germanikok donesten du; gerra berean, Aulo Atiliok eginiko promesatik zetorren.

50.  Bien bitartean, maiestate legea indartuz zihoan. Eta, hala, Apuleia Barila, Augustoren arrebaren alabasoa, salatzaile batek maiestatez akusatzen zuen, leporatuz Augusto jainkozkoari eta Tiberiori eta honen amari iseka egin ziela esakune iraingarriekin, eta, Zesarren ahaide izanik, adulterioaren errudun zela. Adulterioari buruz, Juliar legeak zioena askitzat jo zen. Maiestate akusasioari buruz, Zesarrek bereizteko eskatu zuen: Augustoren aurka zer iraingarririk jaulki bazuen, kondenatua behar zuen; bere aurka esanik ez zuen iker zedin nahi. Kontsulak galdetu zionean ea bere amagatik txarto esanaren akusazioari zer zeritzon, isilik egon zen. Gero, senatuaren hurrengo bilkuran, amaren izenean ere eskatu zuen ez zitezela inoren errugarri izan haren aurka esandako hitzak, zirenak zirelakoak. Eta Apuleia maiestate legetik libratu zuen. Adulterioaren zigor larriagoa ez ezartzeko eskatu zuen, eta, asaben etsenpluaren arabera, ingurukoei aholku eman zien berrehun milatara desterra zezaten. Manlio maitaleari Italian eta Afrikan bizitzea debekatu zioten.

51.  Eztabaida sortu zen, heriotzak eraman zuen Bipstano Galoren ordez, nor hautatu pretore. Oraindik Erroman zeuden Germanikok eta Drusok Haterio Agriparen, Germanikoren ahaidearen, alde egin zuten, eta gehienek, aurka, defendatzen zuten hautagaien seme-alaba kopuruak erabaki zezala nor lehenen, legeak zioenez. Tiberio pozten zen, senatua bere semeen eta legearen artean dudan egoteaz. Legea gainditua izan zen, jakina, baina ez berehala, eta boto gutxiz, legeak oraindik balio zutenean gainditu ohi zirenez.

52.  Urte berean, Afrikan gerra abiatu zen, etsaien buru Takfarinate zela. Hau numidiarra zen, erromatar kanpamentuetan, tropa laguntzaileetan ibilia. Gero desertatu eta lapurretan ohitutako nomada taldeak batu zituen, harrapatzen eta arpilatzen dedikatzeko; gero, era militarrean antolatu zituen, bandera eta eskuadroiekin, eta, azkenean, ez tropa eragabe baten, baizik musulamioen herriaren buruzagi egin zen. Afrikako mortuen ondoan kokaturik, artean hirietan bizi gabeko herri indartsu hark armak hartu eta inguruko mairuak ere gerrara eraman zituen. Hauen buruzagia Mazzipa zen. Armada erdibitu egin zen: Takfarinate, diziplinan eta aginduak obeditzen ikasteko, erromatar erara hautatu eta armaturiko gizonekin, kanpamentuan geratu zen, eta Mazzipak, tropa arinez, sua eta sarraskia eta izua zabaltzen zuen. Batere nazio arbuiagarria ez ziren zinizioak ere bide berera erakarri zituzten, Furio Kamilo Afrikako prokontsulak bere legioa eta banderapean zeuden tropak batu eta etsaiaren aurka jo zuenean; indar urria berau, numidiarren eta mairuen jendetza ikusita. Baina ardura bakarra zen, beldurrez, gerrari albo egingo ote zioten; garaipen itxaropenak porrota ekarri zien. Hala, bada, legioa erdian eta kohorte arinak eta zaldi lerro biak hegaletan ezartzen dira. Takfarinatek ez zion borrokari uko egin. Numidiarrak suntsituak izan ziren eta, urte mordoa geroago, Furioren izenak berriz irabazi zuen aintza militarra. Zeren, hiriaren salbatzaile izan zenarengandik eta haren seme Kamilorengandik gerora, buruzagi gurenen ospea beste familia batzuetan egon baitzen, eta orain aipatzen dugun Furio hau ez zeukaten militar aditutzat. Horregatik, Tiberiok gartsukiago ospatu zituen haren balentriak senatuan, eta senatariek garaipen ikurrak eman zizkioten, Kamilok, bere bizitzaren modestiaz, patxadan hartu zituenak.

53.  Hurrengo urteak Tiberio hirugarrenez eta Germaniko bigarrenez izan zituen kontsul. Baina Germanikok Nikopolisen hartu zuen kargua, Akaiako hiria bera, nora Iliriako itsasertzetik iritsi zen, Dalmazian zegoen Druso anaia bisitatu ondoren. Itsasaldi gaiztoa izan zuen Adriatikoan eta, gero, Jonio itsasoan zehar. Horregatik, egun gutxi batzuk hartu zituen flota berriztatzeko; bisitatu zituen, halaber, Akzioko garaipenagatik ospetsuak ziren senaiak, Augustok donetsiriko hondakinak eta Antonioren kanpamentua, bere aurrekoen gomutaz. Zeren, esana dudanez, Augusto osaba-aitita eta Antonio aitita baitzuen, eta leku hark gertaera triste eta alaien irudi itzela eskaintzen baitzion. Handik Atenasera jo zuen eta, hiri zahar harekiko aliantzaren begirunez, liktore bakarrak lagundurik sartu zen bertan. Grekoek ohore txit hautekin hartu zuten, asaben esan-egin zaharrak aurrera ateraz, adulazioa duinago gerta zedin.

54.  Eubokara joanik, Lesbora gurutzatu zen, non Agripinak, azken erdialdian, Julia izan zuen. Gero, Asiako muturretan barnatu zen, Perinto eta Bizantzion, Traziako hirietan, gero Propontideko estuneetan eta Pontoko ahoan, ospeak goraturiko leku haiek ezagutu guran. Aldi berean, barne liskarrek eta magistratuen gehiegikeriek agorturiko probintziak biziberritzen zituen. Etorrerako bidaian, Samotraziako misterioetan egoten saiatu zen, baina ipar haize kontrakoek eragotzi zioten. Beraz, Ilio eta bertan historiaren zoriengatik eta gure jatorriagatik gurgarri direnak bisitaturik, berriro Asiara kostaz jo eta Kolofonen lehorreratu zen, Apolo Klarioren orakuluari kontsultatzeko. Han ez dago emakume bat, Delfosen bezala, familia jakin batzuen artetik hautaturiko abadea baizik, gehienetan Miletokoa, kontsultagilearen zenbakia eta izena bakarrik entzuten dituena; orduan, haitzulora jaisten da, iturri ezkututik ura edaten du eta, letretan eta poesian ezjakina izanik, erantzuna bertsoz ematen die bakoitzak pentsamenduan darabiltzan auziei. Orakuluek ohi duten lanbrotasunean, Germanikori azken goiztiarra iragarri ei zion.

55.  Baina Gneo Pison, planak lehenbailehen burutu gurarik, iskanbilan sartu zen Atenasen, hiria izutuz eta mintzaldi zakarrean akar eginez, non, zeharka, Germaniko gaitzesten zuen, Erromaren izenaren ohorearen aurka, ez hainbeste hondamenez iraungiak ziren atenastarrak, baizik nazioen hondakin haiek adeikorregi tratatu zituelako. Eurok ei ziren Mitridatesen aliatuak Silaren aurka, eta Antoniorenak, Augusto jainkozkoaren aurka. Kontu zaharrak ere aurpegiratzen zizkion, hala nola mazedoniarren aurkako porrotak, beretarren aurkako bortizkeriak; hiriaren aurka ere herraz mintzo zen, zer pertsonalengatik, Teofilo zelako bat, areopagoan faltsukeriagatik kondenatua, bere erreguz asketsi ez zutelako. Gero, Zikladetan azkar eta laburbidetik nabigatuz, Rodasen bat egin zuen Germanikorekin, zeina ez baitzegoen nolako erasoak jaurti zizkion ezjakinean; baina halako otzantasunez hartzen zuen, ezen Pisoni, leku malkarretara arrastatzeko ekaitza sortu eta etsaiaren heriotza zoriari esleitzekoa zenean, trirremeak bidali baitzizkion, euron laguntzaz arriskutik salbatu zela. Baina Pison ez zen horregatik bigundu, eta, apenas egun bateko atzerapenik jasan ezinik, Germaniko utzi eta aurrea hartu zion. Siriara eta legioen ondora iritsi zenean, behe mailako soldaduei eskuzabaltasunez eta balakuz laguntzen hasi zen; aspaldiko zenturioiak eta tribuno zorrotzak kargugabetzen eta, haien lekuan, bere klienteak eta gizonik gaiztoenak ipintzen zituen; kanpamentuak alfertzen, hiriak laxotzen, soldaduei landetan zehar noranahi eta gogara ibiltzen utzi zien, halako ustelkeria mailara heldurik, ezen, populuaren argotean, «legioen aita» deitzen baitzioten. Plantzinak ere ez zerabilen emakumeari dagokion txukuntasunik, baizik zaldiketetan eta kohorteen desfileetan parte hartzen, eta Agripinaren eta Germanikoren aurka laidoak botatzen, zenbait soldadu onek ere hari lege txarreko prestasuna erakusteraino, zurrumurru iluna zabaltzen ari baitzen egintza haiek ez zirela Zesarren gogoaren kontrakoak. Germanikok hori guztia jakin zuen, baina haren ardura, batez ere, Armeniarantz jarraitzea izan zen.

56.  Herri haren jarrera betidanik anbiguoa zen, gizakien izaeragatik eta lurren eiteagatik, zeren, gure probintziekin muga luzea izanik, barrurantz, medoetaraino hedatzen baita; inperio txit handi biren artean sarturik, armeniarrak ia beti liskarrean daude: erromatarrekin gorrotoz, partoekin bekaitzez. Aldi hartan, ez zeukaten erregerik, Bonones kargugabetua izan baitzen; baina herriaren begi ona Zenonentzat zen, Pontoko errege Polemonen semearentzat, zeren, txikitandik armeniarren ohiturak eta biziera imitatzen saiatu ondoren –ehiza, oturuntza eta barbaroen beste ospakizunak–, hala jende gorena, nola populua berdin bereganatu baitzituen. Germanikok, beraz, Artaxata hirian, gorenen onespenez eta jendetzaren aurrean, erret koroa Zenonen buruan ipini zuen. Ingurukoek hiriaren izenetik ateratako Artaxias errege gisa agurtuz gurtu zuten. Probintzia bihurturiko Kapadozian, ostera, Kinto Beranio legatu gisan hartu zuen, eta antzinako erret zerga batzuk txikitu egin ziren, erromatar inperioarekiko itxaropen pozgarriagoa izan zedin. Kinto Serbeo buru ipini zuten Komagenan, zeina pretorearen eskumenera lehenengoz igaro zen.

57.  Hala ere, nazio aliatuen auzi guztiei emandako konponbide onak ez zuen Germaniko guztiz poztu, Pisonen urguilua bide; berak, edo semearen bitartez, legioen zati bat Armeniara eramateko agindu zion, baina hark ez zuen ez bata ez bestea egin. Azkenean, Zirron batu ziren, hamargarren legioaren kanpamentuan, biak aurpegikera irmoz: Pison beldurraren aurka; Germaniko, mehatxuka ari zela ez emateko moduan, izan ere, esana dudanez, adeikorregia baitzen. Baina lagunek, egiten zizkioten laidoak maltzurki haizatuz, gezurrak pilatzen zituzten, eta bai Pison bera, bai Plantzina eta seme-alabak era askotara salatzen zituzten. Azkenik, etxeko gutxi batzuen aurrean, Zesarrek hitzari heldu zion, haserrea eta disimulua batera jaulkitzeko moduan, eta Pisonek pretentsio lotsagabez erantzun zuen; etsaigo garbian banatu ziren. Aurrerantzean, Pison nekez agertzen zen Zesarren auzitegian eta, inoiz bertan esertzen bazen, muzinti eta desadostasun agerian egiten zuen. Baita oturuntza batean ere entzun zioten esaten ezen, nabateoen erregeak Zesarri eta Agripinari urrezko koroa astunak eta Pisoni eta besteei arinagoak eman zizkienean, gonbit hura, ez errege partoaren, baizik erromatar printzearen semeari eskaintzen zitzaiola; aldi berean, koroa jaurti eta luxuaren aurkako maiseoan ekin zion. Germanikok dena jasaten zuen, mingots bazitzaion ere.

58.  Bitartean, partoen errege Artabanoren ordezkariak etorri ziren. Adiskidantza eta elkartasuna gogoratzera eta berritzeko gogoa adieraztera bidaltzen zituen, eta, Germanikoren ohorez, Eufratesen ibaiertzera hurbilduko zela iragartzera; bitartean, Bonones Sirian ez mantentzeko eskatzen zuen, eta ez uzteko, hurbiltasuna baliatuz, herriko gorenak matxinadara arrasta zitzan, mezularien bitartez. Germanikok, erromatarren eta partoen aliantzari buruz, bikainki erantzun zion, eta duinki eta apalki, erregearen etorrerari eta egiten zioten ohoreari buruz. Bonones Ponpeiopolira baztertu zuten, Ziziliako itsasertzeko hirira. Ez zen hori Artabanoren erreguak betetzeko bakarrik emana izan, Pison iraintzeko baizik, zeinarentzat Bonones oso atsegina baitzen, Plantzinaren ederra irabazteko begirune eta opari ugariak bide.

59.  Marko Silano eta Luzio Norbanoren kontsulaldian, Germaniko Egiptorantz abiatu zen, antzinaroa ezagutzeko, baina, aitzakitzat, probintziaren ardura eman zuen; siloak irekirik, uzten prezioa arindu zuen eta herriari oso atsegin izateko moduan jokatu zuen: eskolta gabe ibiltzen zen, sandalia hutsez eta grekoen antzera jantzita, Eszipion imitatuz, zeinak gauza bera egiten ei zuen, gerra punikoaren erdi-erdian. Tiberiok, haren janzkera eta portaera hitz bigunez gaitzetsi ondoren, agiraka gogorra egin zion, Augustok aginduaz bestera, Alexandrian printzearen baimen gabe sartu zelako. Zeren Augustok, agintaldiko beste misterio batzuen artean, erromatar senatari edo zaldun gorenei hara sartzea debekaturik, Egipto berezitu egin baitzuen, Italia gosez mehatxa ez zezan probintzia hartaz jabetzen zenak, non, itsas-lehorren giltzak edukirik, guarnizio koskor batekin, armada izugarriei aurre egin dakiokeen.

60.  Baina Germaniko, txango hura gaizki hartzen zenik oraindik jakiteke, Nilon gora zihoan, Kanopoko gotorlekutik abiaturik. Hau espartarrek sortu zuten, Kanopo ontzi-pilotua bertan ehortzia izan zelako, Menelao, Greziatik itzuleran, kontrako itsasora eta Libiako lurrera jaurti zutenean. Handik, hurrengo bokalera jo zuen, Herkulesi dedikatua bera, zeinagatik indigenek dioten euren artean jaio zela, izen horretako antzinakoena izan zela eta, geroan, antzeko kemena erakutsi zutenei halaxe deitu zietela, haren gomutaz. Gero, antzinako Tebasko aurri handiak bisitatu zituen. Eraikuntza itzelen gainean, egiptoar inskripizioak zeuden, antzinako opulentzia gogoratzen zutenak; abade zaharretariko bati gurasoen hizkuntza itzultzeko agindu ziotenean, esan zuen han, behinola, adin militarreko zazpiehun mila gizon bizi izan zirela eta, armada harekin, Ramses erregea Libiaz, Etiopiaz, Mediaz eta Pertsiaz eta Baktrianaz, eta Eszitiaz jabetu zela, eta siriar eta armeniar eta kapadoziar auzoak bizi ziren lurrak, Bitiniako itsasotik beste aldeko Liziaraino, bere agindupean eduki zituela. Halaber, irakurtzen ziren herriei ezarritako zergak, zilarraren eta urrearen pisua, arma eta zaldi kopurua, tenpluetan eskainitako boliak eta lurrinak, eta nazio bakoitzak ordaindu beharreko ale eta lanabes mota guztien kopuruak, orain partoen indarrak edo erromatar potentziak ezartzen dituenak bezain galantak.

61.  Germanikok beste miragarri batzuk ere hauteman zituen, batez ere, Memnonen harrizko irudia, eguzki izpiek ematean, ahots antzeko soinua igortzen duena, eta piramideak, hondar mugikorren eta mendiak bezain ibilgarri ez zirenen artean goratuak, erregeen lehia eta oparotasunaren emaitzak; eta, Niloko ur sobrak hartzeko, lurrean haitzurtutako lakuak; baita ezein esploratzailek zundatzerik lortu ez duen haitzarteak eta leize sakonak ere. Handik Elefantinara eta Sienera iritsi zen, lehenago erromatar inperioaren muga zena berau, orain Itsaso Gorriraino irekitzen dena.

62.  Germanikok uda probintzian zehar ematen zuen bitartean, Drusok ez zuen aintza makala irabazi, germaniarrak liskarrera, eta lehendik ere jota zegoen Maroboduo akabatu arte kolpatzera eramanez. Bazen, gotoien artean, Katualda izeneko gazte guren bat, lehenago Maroboduoren menpetik iheslari eta, orduan, egoera zailaz baliaturik, mendekatzea erabaki zuena. Tropa sendo batekin, markomanoen mugetatik sartzen da eta, jaun guren ustelen bitartez, erregearen egoitzaz eta ondoko gotorlekuaz jabetzen da. Hantxe aurkitu zituzten sueboek aspalditik pilaturiko harrapakina eta gure probintzietatik etorritako tabernariak eta trafikanteak, hala saleros askatasunak nola ondasunak gizentzeko gutiziak eta, hitz batez, aberriaren ahanzpenak euren herrietatik etsaiaren lurrera pasarazi zituenak.

63.  Denek bertan behera utzitako Maroboduori Zesarren errukiaz beste babesik ez zitzaion gelditu. Norikoko probintziarekin muga egiten duen Danubio bestalderatu zuen eta Tiberiori idatzi zion, ez erbesteratu edo erregutzaile gisan, aurreko fortunaren burueratik baizik: nazio asko ei zegoen, errege behinola txit ospetsuaren zain, baina Erromaren adiskidantza nahiago izan ei zuen. Zesarrek erantzun zion Italian egoitza segurra eta ohoretsua izango zuela, bertan irautekotan; baina, beste era batera komeni bazitzaion, etorritako lasaitasun berean joan zitekeela. Bestalde, senatuaren aurrean baieztu zuen, ez Filipo atenastarrentzat, ez Pirro edo Antioko erromatarrentzat, ez zirela izan hain beldurgarriak. Diskurtsoa kontserbatzen da, non nabarmendu zuen gizon haren handitasuna, haren menpeko jendearen izaera bortitza, halako etsaia Italiatik hain hur edukitzearen arriskua, eta nolako planak zeuzkan berak, hura desegiteko. Dena dela, Maroboduo Ravennan kokatu zuten eta sueboei erakusten zieten, lotsagabetzen baziren, berriro huraxe ezartzeko mehatxuz; baina ez zen Italiatik irten, gainerako hamazortzi urteetan, eta bere aintzan oso urriturik zahartu zen, gehiegizko bizi-gogoz. Katualdak azken bera izan zuen, eta babeslekurik inon ere ez. Ez asko geroago, Bibilioren agindupeko hermundoen eraginez egotzia eta gutarrek abegitua izanik, Frejusera bidali zuten, narbonar Galiako koloniara. Biei lagundu zieten barbaroak, bertan nahasturik, probintzietako bakea astin ez zezaten, Danubioz harago kokatu zituzten, Maro eta Kuso ibaien artean, kuadoen herriko Bannio erregetzat emanik.

64.  Aldi berean, Germanikok armeniarrei Artaxias erregetzat eman ziela iragarritakoan, senadoreek erabaki zuten Germaniko eta Druso, hirian sartzean, txaloz hartuak izan zitezela. Zesar guztien irudiak zeuden Martitz Mendekatzailearen tenpluaren alboetan, arkuak ere egin zituzten, eta dena Tiberioren poztasun handiagoz, bakea zuhurtziatik segurtatu zelako, gerra gudu bidez amaitu izan balitz baino. Beraz, Traziako errege Reskuporide ere zuhurtasun berarekin tratatu zuen. Nazio hura guztia Remetalzesena izan zen; hau hildakoan, Augustok traziarren zati bata haren anaia Reskuporideri eskuratu zion, bestea, Kotis semeari. Banaketa hartan, alde laboratua, hiriak eta Greziatik hurreko inguruak Kotisi egokitu zitzaizkion, eta Reskuporideri alde landugabe, basati eta etsaien mugakidea; errege bien jenioak ere halakoxeak ziren: harena, adeikorra eta bihozkorra; honena, zakarra, dena gurakoa eta gizartearekiko muzintia. Baina, lehenengotan, elkartasun itxurazkoan bizi izan ziren; gero, Reskuporide mugaz bestalderatzen eta Kotisi egokitu zitzaionaz jabetzen hasi zen, aurre egiten zionean indar eginez; hori dena zalantzaz oraindik Augustoren garaian, honi, erreinu bien banatzaile gisa ez ezik, mendekatzaile gisa ere beldurra baitzion, arbuiaturik aurkitzen bazen. Baina, printze aldakuntzaren berri jakin zueneko, bidelapurren tropak bidaltzen, gotorlekuak hondatzen eta gerra xaxatzen hasi zen.

65.  Tiberio ezerk ez zuen larritzen, bakea nahasteko beldurrak beste. Zenturioi bat bidali zuen, erregeak ez gudukatzera ekar zitzan; Kotisek berehala utzi zituen prestaturiko indar laguntzaileak. Reskuporidek, itxurazko zintzotasunez, elkarrizketa bat izatea eskatzen du: hala, euren demak hizketaz konponduko ei zituzten. Ez zen zalantza luzerik izan noiz, non eta, azken batez, nola egingo zuten, batak gogo onez, besteak iruzurrez, kontrako aldeak proposatzen zuen dena onartzen baitzuten. Reskuporidek, ituna berresteko, berak zioenez, oturuntza bat ere gehitu zuen, eta, jan-edanean, alaitasuna gaueko ordu txikietara arte luzatu zenean, Kotis inkautoa kateaz kargatu zuen, honek, iruzurraz jabeturik, erregearen izate sakratua, familia bien jainkoak eta mahaiaren abegia inbokatzen zituela. Hala, Trazia osoa bereganaturik, Tiberiori idatzi zion ezen, bere aurka azpikeriak eratu zirenez, azpijaleari aurrea hartu ziola; aldi berean, bastarnen eta eszitien aurkako erasoaren aitzakian, oinezko eta zaldizko tropa berriz sendotzera zihoala jakinarazten zion. Tiberiok hitz bigunez erantzun zion ezen, iruzurrik ez bazen, haren inozentzian fida zitekeela; bestela, ez senatuak ez berak ez zutela zuzenik eta zuzengaberik bereiziko, zergatia jakinda baizik; beraz, Kotis entregatu eta etor zedila, salaketaren izen txarra beste bati transferiturik.

66.  Gutun hori Mesiako propretore Latinio Pandusak helarazi zuen Traziara, Kotis entregatu behar zitzaien soldaduekin batera. Reskuporidek, beldurretik suminera zalantzan egon ondoren, krimen abiatuaren baino burutuaren errudungai izatea nahiago izan zuen: Kotis erahiltzeko agintzen du, bere burua hil duela esanez. Baina Zesarrek ez zituen horregatik bere gogoko metodoak aldatu, aitzitik, ordea, Reskuporidek etsaigo pertsonala ziola salatzen zuen Pandusa hildakoan, Ponponio Flako, zerbitzuan aspaldikoa eta erregearen lagun handia eta, beraz, engainatzeko egokiagoa, horrexegatik batez ere, Traziako buru ipini zuen.

67.  Flako Traziara iritsi zen eta, promesa handiekin, zalantzan eta bere krimenen kontua egiten ari zen Reskuporide erromatar guarnizioaren erdian sarrarazi zuen. Gero, ohore egiten zion plantan, erregea tropa sendoz inguratu zuen; tribunoak eta zenturioiak aholku ematen eta persuaditzen zihoazen, eta urrunago eta argiago zegoen atxilo zeramatela, harik eta, derrigorraren ohartun, Erromara arrastatu zuten arte. Kotisen emazteak senatuan akusaturik, erreinutik kanporatua izan zen. Trazia banatu egin zuten, aitaren asmoen aurka egon zela ziur zen seme Remetalzesen eta Kotisen semeen artean; eta, hauek oraindik txikiak izanik, Trebelieno Rufo pretore ohia izendatu zuten, erreinua bitartean goberna zezan, aurrekoek Marko Lepido Ptolomeoren semeen tutoretzat Egiptora bidali zuten moduan. Reskuporide Alexandriara eraman zuten, eta hantxe hil zuten ihes ahaleginean, edo gezurrezko salaketan.

68.  Aldi hartan berean, Ziliziara baztertua izan zela esana dudan Bonones, zaintzaileak usteltzea lortu ondoren, Armenian babesten saiatu zen, gero albaniarren eta heniokoen artean, eta, azkenik, esziten errege bere odolekoaren ondoan. Ehiza plantan, itsas ingurutik urrundu eta oihan ibilgaitzetan barnatu zen; gero, zaldiaren eginahalean, Piramo ibairantz hartu zuen, zeinaren zubiak bertakoek apurtu zituzten, erregearen ihesaren berri entzutean, eta ez zegoen bestalderatzeko ibirik. Beraz, zaldieriaren prefektu Bibio Frontonek ibaiertzean harrapatu zuen. Eta bertan, Remmio berrengaiatuak, erregearen zaintza-buru egonak, suminak harturik bezala, ezpataz zulatu zuen. Hortik susmoa zabaldu zen bera ez ote zen haren konplizea, eta ez ote zuen Bonones hil haren salaketa beldurrez.

69.  Baina Germanikok, Egiptotik itzuleran, hor jakiten du berak legioei eta hiriei buruz agindutako guztia ezeztatua edo alderantzitua izan zela. Hortik Pisonen aurkako errieta latzak sortu ziren eta honen Zesarren aurkako asmoak ez ziren bigunagoak. Gero, Pisonek Siriara alde egitea erabaki zuen, baina Germanikoren osasun txarrak geldiarazi zuen; osatu zela eta haren susperkuntzarako botuak betetzen ari zirela jakitean, prest zeuden biktimak, aparatu sakrifikala eta jaia ospatzen ari zen Antiokiako populua sakabanatu egin zituen, liktoreen bitartez. Gero, Seleuziara jo zuen, berriro Germanikoz jabetu zen gaixotasunaren zain. Gaitzaren indar zitala areagotu egiten zuen Pisonek pozoitua izan zen konbentzimenduak; gainera, lurrean eta hormetan zeuden giza gorpuen hondakin desehortziak, sorginkeriak eta madarikazioak, eta Germanikoren izena, berunezko xafletan irarria, hauts erdi-erreak eta odol beztuz estaliak, eta beste parte txarreko zer batzuk, zeintzuekin arimak infernuko numenei sagaratzen zaizkiela sinesten den. Aldi berean, Pisonen bidaliak salatzen zituzten, gaitzaren azken txarraren zain baleude bezala.

70.  Horrek guztiak, Germanikorengan, beldur adina sumin eragin zuen. Etxe ataria setiaturik bazuen, gogoa etsaien begi aurrean utzi behar bazuen, zer izango zen gero emazte dohakabeaz, zer seme-alaba oraindik infanteez? Pozoiak astiro zirudien; Pison azkartzen eta sakatzen ari zitzaion, probintzia eta legioak bereak bakarrik izateko. Baina Germaniko oraindik ez zegoen hain hondaturik, eta krimenaren sariak ez zion hiltzaileari iraungo. Gutun bat idazten dio, haren adiskidantza arbuiatzen duela esanez; gehienek diote probintziatik alde egiteko ere agindu ziola. Pisonek, berbertan, ontziak itsasoratu zituen, baina abioa mantsotuz, lehenbailehen itzultzeko, Germanikoren heriotzak Siria irekitzen bazion.

71.  Zesarrek, une batez itxaropentsu, gero gorputza gainbehera, azkena hur ikusi zuenean, inguruko lagunei honela hitz egin zien: «Patuaren aginduz hil banendi, bidezko nuke jainkoen aurrean ere mintzea, aita-amak, seme-alabak, aberria kendu didatelako, honen gazterik, honen heriotza goiztarrez. Orain, Pisonen eta Plantzinaren krimenak mozturik, azken erreguak zuen bularrei uzten dizkiet: esaiezue gure aitari eta anaiari nolako ankerkeriek urraturik, nolako amarruz inguraturik amaitu dudan bizitza zoritxarreko hau, heriotzarik gaiztoenaz. Norbait nire itxaropenak, norbait odolekotasunak, norbait bekaitza berak bizi nendin desiarazten bazion, negar egingo du, nola ni, behinola lorean eta hainbeste gerratatik biziraunik, emakume baten amarrupean jausi nintzen jakitean. Izango duzue senatuan kexatzeko, legeak inbokatzeko aukera. Lagunen egiteko nagusia ez da hilari alferreko erostaz laguntzea, haren nahia gogoratu eta aginduak betetzea baizik. Ezezagunek ere negar egingo diote Germanikori, zuek mendekatuko duzue, baldin ni gehiago estimatzen baninduzuen, nire zoria baino. Erakuts erromatar herriari Augusto jainkozkoaren biloba eta nire emaztea, zenbatu sei seme-alabak. Errukia salatzaileen alde jarriko da eta agindu kriminalak itxuratzen dituztenei, edo gizakiek ez diete sinestuko, edo ez diete barkatuko». Lagunek zin egiten zuten, hil-hurrenaren eskuina estuturik, bizia lehenago galduko zutela, mendekua baino.

72.  Orduan, emaztearengana bihurturik, bere gomutarren, bien seme-alabakarren, erregutu zion bazter zezala amorrua, utz zezala gogoa zori ankerraren mende eta, hirira itzultzean, ez zitzala, bere boterea emulatuz, indartsuagoak suminaraz. Hitz horiek ozenki esan zizkion, eta beste batzuk isilean, Tiberiorengandik zeren beldur izan behar zuen agertzen ziola, nonbait. Handik laster iraungi zen, probintzian eta inguruko herrietan samin handia eraginez. Nazio eta errege atzerritarrek negar egin zioten: halakoxea izan zen haren onberatasuna aliatuekin, haren barkaberatasuna etsaiekin; hura ikustea zein entzutea berdin gurgarri zen, zeren, goren zoriaren handitasun eta sendotasunari eutsirik, bekaitzetik eta harrokeriatik ihes egiten baitzuen.

73.  Hileta, irudi eta arrandia gabe, gogoangarria izan zen, haren goralben eta bertuteen gomutagatik. Eta baziren haren figura, adina, heriotza modua, baita hil zen lekuen hurbiltasuna ere, Alexandro Handiaren zoriarekin bat egin zutenak. Zeren ez bata, ez bestea, gorputz lerdeneko eta jatorri gureneko, ez baitzen hogeita hamar urtetik askorik goratu, eta euretarren amarruz hil baitziren, jende arrotzen artean. Baina hau, lagunekin adeikor, atseginetan neurriko, ezkontza bakarreko, seme-alaba legitimo hutsez, ez zen gutxiago gerlari izan, haren ausarkeriarik izan ez bazuen ere, eta hainbeste garaipenetan eraitsitako Germaniak menperatzea eragotzi bazioten ere. Eta estatuko arbitro bakarra izan balitz, errege eskumena eta titulua izan balu, Alexandrok baino hainbat lehenago erdietsiko zuen aintza militarra, nola barkakortasun, neurritasun eta gainerako dohain onetan gehiago zen. Hilotza, erre aurretik, biluztu egin zuten, haren ehorzgunetzat destinatu zen Antiokiako foroan, eta ez zen argi gelditu pozoi seinalerik bazenetz, zeren, bakoitza Germanikorengana bihozberago eta susmoa egiatzat ematenago ala Pisonen alderago zegoen neurrian, ezberdinki interpretatzen baitzuten.

74.  Gero, legatuen eta han ziren senatarien artean hitz egin zuten nor ipini Siriako buru. Gainerakoek gogo handirik ez baitzuten erakutsi, eztabaida luzean izan zen, Bibio Marso ala Gneo Sentzio; azkenean, Marsok amore eman zuen, zaharragoa zen eta gogorkiago tematu zen Sentzioren alde. Honek probintzian, pozoidurengatik, entzute txarrekoa zen eta Plantzinak oso maite zuen Martina izeneko emakumea hirira atxilo bidali zuen, Bitelio eta Beranioren, eta gaizkintza eta salaketak, errudunak jada halakotzat hartuak izan balira bezala prestatzen ari zirenen eskaeraz.

75.  Agripina, saminak joa eta gorputza gaixo izan arren, mendekua atzera zezakeen edozergatik ezinegonez, flotan ontziratu zen, Germanikoren errautsekin eta seme-alabekin. Denak errukitzen ziren emakume hartaz, leinuz lehenengoa, oraintxe arte zoragarriro ezkondua eta begirunez eta esker onez inguratua izanik, nola zihoan bat-batean, gorpuzkinak bularrean zeramatzala, mendekuaren ziurtasun gabe, bere buruaz larri, eta zoriak hainbeste aldiz zigortua, ernalkortasun dohakabea bide. Bitartean, Pison Kos irlan harrapatu zuen Germanikoren heriotzaren albisteak. Berria neurrigabeki harturik, sakrifizioak egin zituen, tenpluetara jo zuen eta ez zuen poztasunik disimulatu, eta Plantzinak lotsagabeago jokatu zuen, ahizpagatik zeraman lutua orduantxe kendu baitzuen, jaiko janzteko.

76.  Zenturioiak etortzen zitzaizkion, legioak bere agindura zeudela esanez: itzul zedila bidegabeki kendu zioten eta hutsik zegoen probintziara. Zer egin kontsultatu zionean, Marko Pison semeak lehenbailehen Erromara joan behar zuela iritzi zion: oraindik ez ei zuen ezer barkaezinik egin eta ez zegoen susmo funsgabe eta zurrumurru hutsalen beldur izan beharrik. Germanikorekin konponezinak gorrotoa ekarri zion, baina ez zigorrik; eta probintzia kentzea etsaientzat nahikoa sari zen. Hara itzultzen bazen, Sentzioren erresistentziak gerra zibila eragin ei zezakeen, eta ez zenturioiek, ez soldaduek ez ei zioten luzaro alde egingo, haiengan nagusi baitzen euren buruzagiaren oroitzapena eta Zesarrenganako maitasun sakon errotua.

77.  Domizio Zelerrek, ostera, bere adiskide minetariko batek, gertaeraz baliatu egin behar zuela ziotsan: Pison ei zen, ez Sentzio, Siriako buru zegoena; berari eman ei zizkioten azaoak eta pretore eskubideak, berari legioak. Etsaigoak sortzen baziren, nork erakutsi behar zizkien armak zuzenago, ordezkari agintea eta mandatu pertsonalak hartu zituenak baino? Gainera, zurrumurruei zahartzeko astia eman behar zitzaien: errugabeak ia beti babesgabe daude gorroto berri samarren aurrean. Baina armadari heltzen bazion, indarra handitzen bazuen, berez aurreikusi ezineko gauza asko alde jarriko ei ziren. «Presaka ibili behar al dugu, Germanikoren errautsekin batera iristeko, inork entzuten eta babesten ez zaituela, Agripinaren negarrak eta populu ezjakinak arrasta zaitzan, lehen zurrumurrua jasotzean? Baduzu Augustaren kidetasuna eta Zesarren faborea, baina isilean; eta Germaniko hil izanaz, inor ez da nabarmenago penatuko, gehien pozten direnak baino».

78.  Bortizkeria zale zen Pison ahalegin handi gabe makurtu zen iritzi horretara eta, Tiberiori bidalitako gutunean, Germaniko luxuaz eta harrokeriaz salatzen du; bera, nahasbidea zabal zedin egotzia izan zena, berriro armadaz kargutu zen, lehenago agindu zuen zintzotasun berarekin. Aldi berean, Domiziori trirremean itsasoratzeko agintzen dio eta, itsasertzak eta irlak saihestuz, Siriara jotzeko, itsaso zabalez. Batzen zihoazen desertoreak manipuluka antolatzen ditu, kantinariak armatzen, eta, ontziekin kontinentera pasaturik, Siriara zihoan errekluta bandera bat gelditzen du; Ziziliako erregetxoei tropa laguntzaileekin laguntzeko idazten die, eta Pison gazteak eginahalean laguntzen dio gerra egitura prestatzen, nahiz eta aurretik gerrara jotzearen aurka agertu.

79. Lizia eta Panfiliako itsasertzean zehar zihoazela, Agripina zeramaten ontziekin topo egin zuten eta, lehenengotan, alde biek armak erasorako prestatu zituzten; gero, elkarren beldurrez, ez ziren biraoetatik haragotu, eta Marso Bibiok Pisoni Erromara etortzeko dei egin zion, bere auzia defendatzera. Hark, isekaz, erantzun zion pozoitzeez arduratzen zen pretoreak errudunari eta salatzaileei eguna ipintzen zienean joango zela. Bitartean, Domizio Siriako hiri Laodizeara iritsi zen, eta, nahaskeriarako egokitzat jotzen zuen seigarren legioaren kanpamenturantz zihoala, Pakubio legatuak aurrea hartua zion. Sentziok horren berri gutunez idazten dio Pisoni eta ohartarazten kanpamendurik ez endredatzeko eta probintziaren aurkako gerrarik ez ateratzeko. Germaniko gogoan zeukatela edo haren etsaien aurkakoak zirela bazekien denak biltzen ditu, enperadorearen handitasuna behin eta berriro gomutatuz eta armekin errepublikari erasotzen zaiola esanez; eta gerrarako prestaturiko tropa sendoaren buru abiatzen da.

80.  Pisonek, lehen ekintzak oker bazetozkion ere, ez zituen unerako neurririk segurrenak baztertu, eta Zelenderis izeneko Ziliiako gaztelu gotor samarra okupatzen du; zeren, desertoreak, berriki harrapaturiko erreklutak eta hauen eta Plantzinaren esklaboak erregetxoek bidalitako errefortzuekin nahasirik, legio baten kopurua osatu baitzuen. Kexu zen bera, Zesarren legatua, esleitu zioten probintziatik apartatzen zutelako, eta ez legioen eraginez, eurok deituta baitzetorren, Sentziorenez baizik, zeinak gorroto pertsonala gezurrezko salaketaz estaltzen zuen. Gudurako jartzen bazituen, soldaduak ez ei ziren borrokatuko, lehenago aita deitua zioten Pison ikustean, eta, eskubide kontua bazen, berak handiagoa izanik, indarrik ere ez ei zuen falta, armetara jo behar bazen. Orduan, manipuluak hedatu zituen gazteluaren defentsen aurrean, tontor garai eta malkar batean, gainerakoa itsasoak inguratzen baitu. Aurrean, beteranoak jarri ziren, ordena itxian eta errefortzuekin: batetik, soldaduen gogortasuna, bestetik, lekuarena zen, baina gogo gabe, itxaropen gabe, armarik ere gabe, baserriko lanabesak edo premia larrian asmaturiko tresnak izan ezik. Elkar joka hasirik, jada ez zegoen dudarik, erromatar kohorteak tontorrera igo zirenean, lautada harrapatuz: ziliziarrak bizkar eman eta gazteluan itxi ziren.

81.  Bitartean, Pison alferrik saiatu zen handik ez urrun ainguraturik zegoen flotari erasotzen; itzuli eta murru gainetik, behin samina agertuz, behin bakoitzari izenetik deituz, eta sariak aginduz, sedizioa xaxatu nahi zuen; eta hainbestean hunkitu zituen, ezen seigarren legioko zutohialduna berarengana pasatu baitzen, zutoihal eta guzti. Orduan, Sentziok adarrak eta tubak jotzeko, lubetari eraso eta eskailerak jasotzeko agindu zuen; gertuenak igo zitezela eta besteek pikak, harriak eta zuziak bota zitzatela. Azkenik, seta menderaturik, Pisonek eskatu zuen ezen, armak entregatutakoan, utz zekiola gazteluan egoten, Zesarri Siria noren esku uzten zuen kontsultatu arte. Ez zen baldintzarik onartu eta ontziak eta Erromarako ibil-baimena bakarrik eman zizkioten.

82.  Baina Erroman, Germanikoren gaitzaren berriak ugaldu eta, urruntasuna bide, dena okerrerantz handitzen zenetik, samina eta haserrea nagusitzen eta auhenak lehertzen ziren. Horretarakoxe baztertu ei zuten munduaren azkenera; horretarakoxe gomendatu ei zioten probintzia Pisoni; horrexetaz izan ei ziren Augusta eta Plantzinaren arteko isil hitzak. Zaharrek egia esan ei zuten Drusoz: agintariei gaitzi zaie semeen izaera irekia. Druso eta Germaniko moztuak izan ei ziren euren ibilbidean, erromatar herria, askatasuna itzulirik, eskubideen berdintasunean antolatu nahi zutelako bakarrik. Populuaren solas giro hori, heriotzaren berriarekin, hain sutu zen, ezen, magistratuen ediktu eta senatuaren aginduaren aurretik, foroak hustu eta etxeak itxi egin baitziren. Nonahi isiltasuna eta negarra, inolako arrandia plantoso gabe; eta, dolu erakutsiei uzten ez bazien ere, gogoen samina sakonagoa zen. Germaniko bizi zela, Siriatik abiaturiko merkatari batzuek haren osasunaren berri onak eman zituzten. Bertan sinestu, bertan zabaldu zituzten; batak bestea aurkitu ahala, entzundakoa bereizmen gabe kontatzen zion, eta honek hurrengoei, pozez handiturik. Hirian zehar lasterka, tenplu ateak bortxatzen dituzte; gauak sineskortasuna areagotzen du eta, ilunetan, baiespenak biribilagoak dira. Tiberiok ez zuen gezurrezko berririk moztu, denborak eta distantziak ezaba zitzan utzirik; eta herria, bigarrenez kendurik bezala, garrazkiago samindu zen.

83.  Germanikorenganako maitasuna eta bakoitzaren asmamena nolakoak izan, halako ohoreak bilatu eta agindu ziren: haren izena salioen kantuan kanta zedila; abade augustalen lekuan, aulki kurulak jar zitezela eta, hauen gainean, artezko koroak; haren bolizko irudia aurretik joan zedila, zirku jokoetan, eta inor ez zezatela, Germanikoren lekuan, flamen edo augure izenda, Julia sendikoa ez bazen. Arkuak gehitu ziren Erroman, Rhin ertzean eta Siriako Amano mendian, haren balentriak kontatzen zituen inskripzio batekin, eta nola errepublikaren zerbitzuan hil zen; hilobi bat ere bai, errea izan zen Antiokian, eta tribunal bat Epidafnen, bizia amaitu zitzaion lekuan. Zenbat estatua eta zenbat tokitan gurtzen zuten kalkulatzea ez litzateke erraza. Elokuentziaren maisuen artean ipintzeko, urrezko ezkutu izugarri handi bat egin nahi izan zutenean, Tiberiok erabaki zuen berak eskainiko ziola bat, ohikoa eta besteen berdina, elokuentzia ez ei baitzen zoritik epaitzen, eta nahikoa ospe ei baitzen antzinako idazleen artean sartzea. Zaldun ordenak gazteen mailadia izenekoari Germanikoren izena ipini zion, eta, uztailaren hamabosteko kabalkadan, haren irudia aurrelari joan zedila erabaki zuen. Ohore gehienok badiraute; batzuk berehala utzi edo denborak ezabatu zituen.

84.  Bestela, oraindik tristura gertaberrian, Germanikoren arreba Libiak, Drusorekin ezkonduak, biki mutilak izan zituen. Gertaera ezohiko eta etxe apalentzat ere alai honek hainbesteko poza eman zion printzeari, ezen ez baitzuen senatuan harrotasuna ezkutatu, maila hartako ezein erromatar gizonezkok lehenago inoiz ez zuelako ondorengo bikoitzik izan; dena, zer kasualak ere, bere aintzara moldatzen baitzituen. Baina, aldi hartan, horrexek ere herriaren samina eragin zuen, ematen baitzuen Druso, seme ugariz, Germanikoren etxeari gailentzen zitzaiola.

85.  Urte berean, senatuaren agindu zorrotzekin, emakumeen lizunkeria moztu zen eta erabaki zen gorputz komertziorik ezin zutela egin aitita, aita edo senarra zaldun erromatarra zutenek. Zeren Bistiliak, pretore sendian jaioak, edilen aurrean, prostituzio baimena aldarrikatu baitzuen, antzinakoen artean onarturiko ohitura baten arabera, non irizten baitzioten lizunek bazutela aski zigor euren lotsagarrikeriaren aitortzan. Bistiliaren senar Titidio Labeoni ere kargu hartu zioten ea zergatik omititu zuen legearen mendekua, emazte ageriki hobendunaren aurka. Hark aitzakia eman zuenez kontsultarako emaniko hirurogei egunak oraindik ez zirela igaro, Bistiliari buruzko neurriak bakarrik hartzea nahikoa iruditu zitzaien, eta Serifo irlara baztertu zuten. Egiptoar eta juduen kultuak ere debekatzea onartu zen, eta senatuaren dekretu bat idatzi zen, halako sineskeriaz kutsaturiko lau mila liberto, adin egokian zeudenak, Sardinia irlara eramateko aginduz, han lapurreria zanpatzeko; klimaren gogorrez hiltzen baziren, gaitz txikia; gainerakoek Italiatik hanka egin behar zuten, egun jakin baten aurretik errito profanoei jaregiten ez bazieten.

86.  Gero, Zesarrek birjina bat izendatzea proposatu zuen Okziaren ordez, zeina, berrogeita hamazazpi urtean, Bestaren kultuen buru izan baitzen, santutasun gorenez. Fonteio Agripari eta Domizio Polioni eskerrak eman zizkien, alabak eskainiz, errepublikaren zerbitzuan leihatzen zirelako. Polionen alaba hobetsi zuten, ez beste ezergatik, amak ezkontza berean jarraitzen zuelako baino; zeren Agripak, dibortzioa bide, etxea apaldu baitzuen. Zesarrek milioi bat sestertzioko dotez kontsolatu zuen baztertutako neska.

87.  Herria janarien urriaz kexu zenez, gariarentzat, erostunak ordaintzeko prezioa ezarri zuen, eta saltzaileei modioko sertertzio biko laguntza agindu zien. Baina ez zuen, horregatik, lehenago eskaini zitzaion Aberriaren Aita titulua onartu, eta agiraka gogorra egin zien bere ardurak jainkozkoak zirela esan zutenei eta jauna deitu zietenei. Hortik zetorren oratoria zaila eta labaina izatea, askatasunaren beldur zen eta adulazioa gorroto zuen printze haren menpean.

88. Garai bereko historialarien eta senatarien artean ikusten dut katoen printze Adgandestrioren gutuna irakurri zela senatuan, non Arminioren heriotza promesten zuen, egintza burutzeko edena bidaltzen bazioten, eta erantzun zitzaiola erromatar herriak etsaiak zigortzen zituela, ez iruzurrez eta azpika, agerian eta armak eskuan zituela baizik. Honela, Tiberiok antzinako buruzagien aintza berdintzen zuen, zeintzuek Pirro edendu nahi izan zuenari debekatu eta salatu egin baitzuten. Gainerakoan, Arminiok, erromatarrak erretiraturik eta Maroboduo kanporaturik, agindu egin nahi zuen, baina herriaren askatasun gogoa trabes jarri zitzaion; armaz erasoa izanik, zori ezberdinez borrokatu zen, azkenean, ingurukoen traizioz jausteko. Dudarik gabe, Germaniaren askatzailea izan zen, eta, beste errege eta buruzagi batzuek bezala, ez zion erromatar herriari lehenengoan eraso, bere agintearen gorenean baizik; guduetan zorte anbiguoz, gerran ez zuten menperatu. Hogeita hamazazpi urteko bizia eta zazpiko agintea izanik, oraindik kantatua da barbaroen artean, eurena bakarrik miresten duten grekoen analetan ezezagun, eta ez lar ospetsu ere, antzinakoa goratzearren, oraintsuko gertaerez axolagabetzen garen erromatarron artean.